(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

9/2013 FORU DEKRETUA, URTARRILAREN 30EKOA, NAFARROAKO LAN AUTONOMOAREN KONTSEILUA SORTU ETA OSAERA, ANTOLAMENDUA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA.

BON N.º 32 - 15/02/2013



Atariko

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.1.b) artikuluaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateak, lan arloan dituen eskumen exekutiboen eremuan, laguntza eman behar dio lan autonomoari, ekonomia dinamizatzeko elementu garrantzitsua baita, eta gai baita Nafarroako gizartean eta ekonomian enplegua eta aberastasuna sortzeko.

Lan Autonomoaren Estatutuari buruzko uztailaren 11ko 20/2007 Legearen V. titulua lan autonomoa sustatzeari eta bultzatzeari buruzkoa da, eta ezartzen du botere publikoek, nork bere eskumenen barnean, lan autonomoa sustatzeko politikak gauzatuko dituztela, norberaren konturako ekimen ekonomikoak eta profesionalak ezartzeko eta garatzeko helburuarekin.

Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak, departamentuen bidez, laguntza handia ematen dio lan autonomoari. 2008ko apirilaren 21eko erabakiaren bidez "Nafarroa Autonomoa" plana onartu zen, langile autonomoei sostengua emateko neurriak dituena. Hartan, sistematikoki jaso ziren lan autonomoa sustatzeko eta babesteko neurriak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak inplementaturik. Neurri horien artean, nabarmentzekoa da honako hau: ekintzailearen espiritua eta kultura bultzatzea, lan autonomoaren elkartegintza sustatzearen bidez, dagokion ordezkaritza eta parte-hartzea emanez Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluan.

Era berean, Nafarroako Enplegurako IV. Planean aurreikusi zen, arlo honetako lehentasunezko helburu gisa, Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseilua eratzeko laguntza ematea.

Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren maiatzaren 21eko 239/2009 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Langile Autonomoen Lanbide Elkarteen Erregistroa sortu zen. Horretaz gain, egitura eta funtzionamendu-arauak ezarri ziren eta honako hauek arautu ziren: zer lanbide-erakunde sar daitezkeen hartan, inskribatzen ahal diren egintzak eta erregistro-publizitatea.

Horrenbestez, uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 22.7 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, foru dekretu honen helburua da Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseilua sortzea, foro gisa, non elkartuko baitira langile autonomoen lanbide elkarteak eta Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duten enpresaburuen erakundeak eta sindikatuak, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ere. Kontsulta eginkizunak izanen ditu lan autonomoaren gizarte, ekonomia eta lanbide arloetan.

Azaldutakoarekin bat, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren irizpenarekin ados, eta Nafarroako Gobernuak 2013ko urtarrilaren 30eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Eraketa eta atxikipena.

Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseilua sortzen da. Kide anitzeko organoa da, parte hartzeko eta erakundeen arteko eztabaida izateko honako hauen artean: langile autonomoen lanbide elkarteak, sindikatuak, enpresaburuen erakundeak eta Nafarroako Gobernua. Lan Autonomoaren Estatutuari buruzko uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 22.7 artikuluan aurreikusitakoarekin bat sortzen da, eta haren bidez gizarte eztabaida bideratuko da lan autonomoak berezkoak dituen arloetan.

Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseilua, foru dekretu honetan ezartzen den osaerarekin eta egiturarekin, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren barnean egonen da, lan arloan eskumena duen departamentuari atxikirik.

2. artikulua . Eginkizunak.

Hauexek izanen dira Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluaren eginkizunak:

a) Lan autonomoaren lanbide arloan proposamenak egiteko eta aholkuak emateko organo gisa aritzea.

b) Lan autonomoa ukitzen duen orotarako, gizarte eztabaida sustatzea Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duten langile autonomoen lanbide elkarteen, enpresaburuen erakundeen, eta sindikatuen artean.

c) Lan autonomoaren lanbide arloan eragina izanen duten arau-xedapenetarako proposamenak ezagutzea, Nafarroako Gobernuak horiek onetsi baino lehen.

d) Bere iritzia ematea, aukera gisa, autonomia erkidegoaren mailan lan autonomoaren arloan politika publikoak diseinatzerakoan.

e) Lan autonomoaren arloko jarduketa ildoei dagokienez, proposamenak eta/edo txostenak egitea, generoko ikuspegia erantsiz.

f) Estatuko Lan Autonomoaren Kontseiluan (Lan Autonomoaren Estatutuari buruzko uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 22. artikuluan arautua) parte hartzea, kontseiluburuaren bidez edo horretarako delegatzen den kide baten bidez, betiere Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren ordezkari izateko izendatzen direnen artetik.

g) Barne funtzionamenduko erregelamendua egitea eta onestea.

h) Legez eta erregelamendu bidez agintzen zaizkion beste eginkizun guztiak.

3. artikulua . Osaera.

1. Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluak hamahiru kide ditu, honako banaketa honekin:

a) Kontseiluburua; lan arloan eskumena duen kontseilaria izanen da.

b) Hamabi kontseilukide; horietatik:

Lau izendatuko dira Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren ordezkari, kontseiluburuak proposaturik.

Lau izendatuko dira langile autonomoen lanbide elkarteen artetik, foru dekretu honen 5. artikuluan ezartzen den moduan.

Bi izendatuko dira Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duten enpresaburuen erakundeen ordezkari.

Bi izendatuko dira Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duten sindikatuen ordezkari.

2. Izendatu dituen kontseilukide adina ordezko izenda ditzake erakunde parte-hartzaile bakoitzak.

3. Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluaren osaera bat etorriko da osaera orekatuaren printzipioarekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren arabera.

4. Idazkaria edo haren ordezkoa -kargua hutsik dagoenean edo kanpoan edo gaixo dagoenean, edo legezko beste arrazoi bat dagoenean-, Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseilua atxikirik dagoen departamentuko funtzionarioen artetik izendatuko du departamentuaren titularrak.

4. artikulua . Izendapena eta agintaldia.

1. Kontseiluburua izan ezik, kargu hori postuak berak baitakar berarekin, Nafarroako Gobernuaren erabakiaren bidez izendatuko dira kontseilukideak, aurreko artikuluan aurreikusitakoarekin bat, baita ordezkoak ere.

2. Kontseilukideen agintaldia lau urtekoa izanen da, galarazi gabe agintaldia berritu ahal izatea. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hasiko da kontatzen epe hori. Epe hori iraganik, kontseilua erabat berrituko da. 3.1 artikuluko lau taldeetako edozeinetan dauden erakundeek noiznahi proposa dezakete beren ordezkariak eta horien ordezkoak ordeztea, eta kargua beste baten ordez betetzen dutenak behar den denboraz egonen dira, lau urteko epea bukatu arte. Nolanahi ere, ezarritako lau urteak iraganik, kontseilukideek beren eginkizunak betetzen segituko dute, kide berriak izendatu arte.

5. artikulua . Langile autonomoen lanbide elkarteek kontseiluan parte hartzeko baldintzak eta prozedura.

1. Honako hauek parte har dezakete Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluan: langile autonomoen lanbide elkarteak, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean dutenak jarduketa eremua, sektoreartekoak, eta berariaz hala adierazten dutenak, horretarako egiten den deialdi publikoan parte hartuz.

2. Langile autonomoen lanbide elkarteek Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluan parte hartzeko eskaera egiteko, deialdi publikoa eginen da lau urtetik behin.

3. Lan arloan eskumena duen kontseilariaren foru agindu bidez eginen da deialdia.

4. Deialdi horretan parte hartzen duten lanbide elkarte guztien artetik, gehienez ere lau ordezkari izendatuko dira Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluan kontseilukide gisa parte har dezaten.

5. Deialdian parte hartu ahal izateko, langile autonomoen lanbide elkarteek frogatuko dute honako beharkizun hauek betetzen dituztela:

a) Nafarroako Langile Autonomoen Lanbide Elkarteen Erregistroan izena emanik egotea.

b) Dagokion elkarteko organo eskudunak ziurtagiria emanik, frogatzea zenbat langile autonomo diren kideak, helbidea Nafarroako Foru Komunitatean dutela eta Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide berezian alta emana dutela.

c) Elkarte bakar bat ere ez dadila egon aldi berean Nafarroako Langile Autonomoen Lanbide Elkarteen Erregistroan izena emandako elkarte batean baino gehiagotan, Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluan ordezkaritza zenbatzearen ondorioetarako.

6. artikulua . Finantziazioa.

Lanbide elkarteek, sindikatuek eta enpresaburuen erakundeek kontseiluan parte hartzeak ez du inola ere ekarriko beren ordezkariek diru-laguntza, laguntza nahiz konpentsazio ekonomiko bat jasotzeko eskubidea izanen dutenik, bertaratzeagatik, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura.

7. artikulua . Egitura eta funtzionamendua.

1. Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluak osoko bilkurak eginen ditu. Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluko kide guztiek osatuko dute osoko bilkura, idazkariak lagundurik.

2. Osoko bilkurak urtean gutxienez bitan eginen ditu bilkura arruntak, eta, bilkura bereziak, eginkizunak betetzeko behar den guztietan, kontseiluburuaren ekimenez edo kideen gutxienez heren baten ekimenez.

Bi kasuetan, kontseiluburuak eginen du deialdia, bost egun baliodun lehenago gutxienez, dagozkion dokumentuak estudiatzeko eta aztertzeko. Deialdian eguneko gaien zerrenda ezarriko da.

3. Bilkurak egiteko, deliberatzeko eta erabakiak hartzeko osoko bilkura baliozko moduan eratu dadin, beharrezkoa izanen da lehenbiziko deialdian idazkaria egotea eta, gutxienez, kideen erdiak gehi bat, besteak beste kontseiluburua, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren bi ordezkari, langile autonomoen lanbide elkarteetako bi ordezkari, enpresaburuen erakundeen ordezkari bat eta sindikatuen ordezkari bat, kontseiluan ordezkatuta daudenen artetik.

Bigarren deialdian beharrezkoa izanen da honako hauek egotea: idazkaria, kontseiluburua edo horien ordezkoak eta, gutxienez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren ordezkari bat, langile autonomoen lanbide elkarteetako ordezkari bat eta enpresaburuen erakundeen edo sindikatuen ordezkari bat, kontseiluan ordezkatuta daudenen artetik.

4. Bertaratutakoen gehiengoz hartuko ditu erabakiak osoko bilkurak.

8. artikulua . Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluko kideen ahalmenak eta eginkizunak.

Kontseiluburuari, kontseilukideei eta idazkariari Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluko ahalmenak eta eginkizunak dagozkie.

9. artikulua . Osoko bilkuraren eskumenak.

Foru dekretu honen 2. artikuluan zehazten diren eskumenak ditu osoko bilkurak.

10. artikulua . Lan taldeak.

Kontseiluak lan taldeak era ditzake, iraunkorki edo arazo zehatzengatik. Talde horien osaeran, kide diren taldeen proportzionaltasuna eta presentzia errespetatuko dira. Talde horien buru, kontseiluburuak izendatutako kontseilukide bat egonen da. Kontseiluko osoko bilkurak berretsi beharko ditu lan taldeek egindako dokumentuak.

11. artikulua . Bertaratzea eta ordainsariak.

Bileretara joateak, bai osoko bilkuretara bai sor daitezkeen lan taldeen bileretara, ez du berarekin ekarriko ordainsaririk, eta bertaratutakoen erakundeen edo entitateen kargura izanen dira gastuak.

12. artikulua . Araubide juridikoa.

Ondoko arauen menpe egonen da Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseilua: foru dekretu hau, foru dekretu honen 2.g artikuluak aipatutako antolaketa eta funtzionamendu erregelamendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapitulua eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapitulua.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Eratzeko epea.

Foru dekretu honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean eratuko da Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseilua.

Azken Xedapenetako Lehena. Arauen garapena.

Ahalmena ematen zaio lan arloan eskumenak dituen departamentuko titularrari foru dekretu hau aplikatzeko eta garatzeko behar diren erregelamenduzko xedapenak oro eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web