(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

6/2013 FORU DEKRETUA, URTARRILAREN 23KOA, NAFARROAKO GOBERNUKO KIDEEN ETA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOKO GOI-KARGUDUNEN ORDAINSARIEN, JARDUEREN ETA ONDASUNEN AITORPENA ETA ARGITALPENA ARAUTZEN DITUENA.

BON N.º 27 - 08/02/2013



Atariko

Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 13. artikuluan, jakitera eman beharreko informazioaz ari dela, Nafarroako Gobernuko kideen eta Administrazio Publikoko goi-kargudunen ordainsariak, jarduerak eta ondasunak aipatzen dira, baita karguak utzi ondoren jasotzen dituzten ordainsariak ere. Era berean, foru lege horren 63. eta 64. artikuluetan berriz aipatzen da goi-kargudunek datu horiek jakitera eman behar dituztela, eta hori Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi-kargudunen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legean ezarri bezala egin behar dela.

Ekainaren 21eko 12/2012 Foru Legeak 6. idatz-zatia eransten dio Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi-kargudunen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen 3 bis artikuluari. Idatz-zati horretan ezartzen da Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian argitaratuko direla, erregelamenduz ezartzen den moduan, Nafarroako Gobernuko kide ohiek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zuzendari nagusi ohiek edo haren menpeko erakunde publikoetako zuzendari kudeatzaile ohiek jasotako prestazio ekonomikoak, artikulu horren 2. idatz-zatiarekin bat. Era berean, 9.3 artikuluan xedatzen da ezen Nafarroako Gobernuko kideek eta Administrazio Publikoko goi kargudunek, bateragarriak diren jardueretan aritzeagatik, jasotzen dituzten ordainsariei eta bestelako diru-kopuruei buruzko erregistro datuak, eta agintaldiaren edo kargu publikoko aldiaren hasieran, bitartean eta bukaeran dituzten ondare ondasun eta eskubideei buruzkoak, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian argitaratuko direla, erregelamenduz ezartzen den moduan. Horren ondorioetarako, ondasun eta ondare-eskubideei buruzko datuak argitaratuko dira haien balioaren eta eskuratzeko moduaren berri emateko, baina, haien kokapena saihestuko da eta titularren pribatutasuna eta segurtasuna begiratuko dira.

Legezko arau horietan xedatutakoa betetzeko, bidezkoa da foru dekretu bat onestea, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi-kargudunen ordainsariak, jarduerak eta ondasunak aitortu eta argitaratzeko irizpideak zehazten dituena.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2013ko urtarrilaren 23ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru dekretu honen helburua da Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi-kargudunen ordainsarien, jardueren eta ondasunen aitorpena eta argitalpena arautzea.

2. Foru dekretu hau Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi-kargudunen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen arabera goi-karguduntzat hartzen diren guztiei aplikatuko zaie.

2. artikulua . Aitorpenak egiteko epea.

1. Goi-kargudunek kargua hartu edo kargutik kendu eta hurrengo bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute beren jardueren, ondasunen eta eskubideen aitorpena.

2. Kargutik kendu ondoren, aitorpena aurkezteko epearen barrenean, goi-kargu gisa hartuta dagoen beste lanpostu bat betetzeko izendatzen badute, izendapenari dagokion aitorpena baino ez du aurkeztu beharko.

3. Kargua hartzeari eta kargutik kentzeari dagozkion aitorpenez gainera, goi-kargudunek urtero aurkeztu beharko dute horrelako aitorpen bat, ekainean hain zuzen.

4. Kargutik kendu eta hurrengo bi urteetan, goi-karguren bat bete duten pertsonek Jardueren eta Interesen Erregistroari jakinarazi beharko diote zein jardueratan aritu behar duen, jarduten hasi baino lehen betiere, haien gaineko informazio zehatza emanez.

3. artikulua . Aitorpenetan bete beharrekoak.

1. Jardueren, ondasunen eta eskubideen aitorpenak Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian aurkeztuko dituzte goi-kargudunek, zuzendaritzak zehazten dituen baldintzetan eta moduan.

2. Horren ondorioetarako, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak goi-kargudunen eskura jarriko ditu aitorpena aurkezteko inprimakien ereduak. Eredu horiek azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legean eta foru dekretu honetan ezarritako irizpideen eta informazioaren arabera beteko dira.

4. artikulua . Jarduera bateragarriengatik goikargudunek jasotako ordainsariak.

1. Nafarroako Gobernuko kideak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi-kargudunak behartuak daude daukaten postuarekin bateragarriak diren jardueretan aritzeagatik jasotzen dituzten ordainsariak eta bestelako diru-sarrerak aitortzera. Hori guztia Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian argitaratuko da.

2. Honako datu hauek argitaratuko dira:

a) Goi-kargudunaren eta betetzen ari den postuaren identifikazioa.

b) Dagokion kargua dela eta egiten dituen jarduerak, horren ondorioz edonolako ordainsari jasotzen badu, dietak barne.

c) Goi-kargudunak egiten dituen jarduera pribatuak, ordainduak eta ordaindu gabeak, horren ondorioz jasotzen dituen ordainsari guztiak aipatuz, dietak barne.

5. artikulua . Goikargudunen ondareeskubideak eta ondasunak.

1. Nafarroako Gobernuko kideak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi-kargudunak behartuak daude dauzkaten ondasunak eta ondare-eskubideak aitortzera, agintaldiaren edo kargu publikoaren hasieran, bitartean eta bukaeran. Informazio hori Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian argitaratuko da.

2. Honako datu hauek argitaratuko dira:

a) Goi-kargudunaren ondasun higiezinak, hirikoak zein landakoak.

b) Kontu korronteetan, aurrezki kontuetan edo finantza kontuetan dituen gordailuak, eta mota guztietako diru-ezarpenak.

c) Bestelako ondasun eta eskubideak.

d) Ondare-obligazioak eta zorrak.

3. Aurreko atalean aipatutako ondasun eta eskubideak irizpide hauei jarraikiz aitortu eta argitaratuko dira:

a) Ondasun higiezinei dagokienez, eskuratzeko modua eta eguna adieraziko dira, baina kokapenari buruzko daturik ez da emanen. Aitorpena aurkezten den egunean duen katastro-balioa idatziko da, eta salerosketa bidez eskuratutako ondasunei dagokienez, eskurapenaren balioa ere bai.

b) Merkatu antolatuetan negoziatutako ondasun eta eskubideen kasuan, aitorpena aurkezten den egunean duten kotizazio-balioa adieraziko da; kotizatzen ez direnen kasuan, akzioen edo partaidetzen balioa adieraziko da, aitorpena aurkeztu aurreko urteko balantzearen arabera; horrelakorik ez badago, kontabilitate-balio teorikoa.

c) Bankuetako gordailuei eta beste ondasun eta eskubideei eta zor eta obligazioei dagokienez, aitorpena aurkezten denean dagoen saldoa edo une horretan duen balioa aitortuko da.

6. artikulua . Kargua utzi ondoren, zenbait goikargudun ohik jasotzen dituzten prestazio ekonomikoak.

1. Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi-kargudunen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legean xedatutakoarekin bat, Gobernuak Interneten duen atarian argitaratuko dira Nafarroako Gobernuko kide ohiek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zuzendari nagusi ohiek edo haren menpeko erakunde publikoetako zuzendari kudeatzaile ohiek jasotako prestazio ekonomikoak.

2. Honako datu hauek argitaratuko dira:

a) Goi-kargudunaren eta betetzen duen karguaren identifikazioa.

b) Prestazio ekonomikoaren zenbatekoa.

c) Noiz hasi zen prestazioa jasotzen, eta noiz bukatuko duen.

Xedapen indargabetzaile bakarra .Indargabetzen diren arauak.

Indarrik gabe gelditzen da 2/1997 Foru Dekretua, urtarrilaren 7koa, Nafarroako Gobernuko eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko goi-kargudunen Jardueren eta Interesen Erregistroaren jardunbidea arautzen duena, eta foru dekretu honetan xedaturikoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.- Foru dekretu hau garatu eta aplikatzea.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari foru dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2013ko urtarrilaren 23an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1301090

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web