(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

27/2012 FORU LEGEA, abenduaren 28koa, zeinaren bidez Nafarroako Foru Komunitatean neurriak hartzen baitira aurrekontu-oreka bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko

BON N.º 1 - 02/01/2013



ZIOEN AZALPENA

Uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren bidez, Nazioko Gobernuak zenbait neurri hartu ditu aurrekontu-oreka bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko. Neurriok ezarri dira, Errege Lege Dekretuan adierazten den moduan, oinarri hartuta Konstituzioaren 149.1.13 eta 156.1 artikuluak, zeinek Estatuaren esku uzten baitute, batetik, eskumen osoa ekonomiaren plangintza orokorrerako oinarriak eta koordinazioa ezartzeko, eta, bestetik, Estatuko eta autonomia erkidegoetako ogasunen arteko koordinazioa eta espainiar guztien arteko elkartasuna.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1.b) artikuluaren arabera, Nafarroari dagokio, bere foru araubidearen kariaz, Nafarroako Foru Komunitateko funtzionario publikoen estatutu araubidea, Estatuko oinarrizko legeriak sektore publikoko langileei onartzen dizkien funtsezko eskubideak eta betebeharrak errespetatuz. Horretaz baliatuta, Nafarroak araubide berariazkoa du, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei buruzko foru legeetan jasotakoa.

Nafarroako Foru Komunitatean aurreikusten da aurrekontu-orekaren helburuak betetzea eta, gainera, bere estatus politikotik eta eskumen berekietatik eratorritako sustapen-neurriak ezartzea, lehiakortasunerako eta garapenerako; horrenbestez, defizitaren kontrolari, lehiakortasunari eta garapenari dagozkien baldintza horiek betetzen baldin badira, Nafarroako langile publikoekiko harremanetatik sortzen diren betebeharrak betetzeko modua badago.

1. artikulua.

Foru lege honetan xedatutakoa honakoei aplikatuko zaie:

a) Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei, zein den ere haien araubide juridikoa.

b) Nafarroako Administrazio Publikoetako goi kargudunei eta gainerako behin-behineko langileei, bai eta kargua utzi ondorerako ezarritako prestazioa jasotzen ari diren goi kargudun ohiei ere.

c) Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileei.

d) Sozietate eta fundazio publikoen zerbitzuko langileei, bai eta Nafarroako Administrazio Publikoekin lotura duten edo haien menpe dauden gainerako enteetakoei ere, zuzendaritzako langileak barne.

2. artikulua.

Nafarroako Administrazio Publikoek, 2013ko ekitaldian aplikatzekoak diren aurrekontuen kargura, zilegi izanen dute 2013ko urtarrileko lehenbiziko egunetan paga bat ordaintzeko aurreko artikuluak aipatzen dituen langileei, zeinaren zenbatekoa izanen baita langileak ekitaldi horretarako ezarrita dituen ordainsariei dagokien aparteko paga baten adinakoa. Horrek ez du berarekin ekarriko ordainsarien handitze bat, eta ez ditu aldatuko, halaber, Nafarroako Foru Komunitatean 2013rako aurreikusitako helburuak defizit publikoari eta aurrekontu egonkortasunari dagokienez.

Xedapen gehigarri bakarra.

1. Administrazio Publikoek eta Nafarroako sektore publikoaren gainerako organismo eta enteek urtarrileko eta uztaileko lehenbiziko egunetara aurreratzen ahal dute langileei dagokien aparteko pagaren ordainketa.

2. Aparteko pagen ordainketa aurreratua langile finkoei nahiz aldi baterako langileei eginen zaie, betiere zerbitzu harremana paga aurreratzen denetik sei hilabete gutxienez luzatuko dela aurreikusten bada.

3. Aparteko pagaren ordainketa aurreratua egin ondoren, zerbitzu harremana aurreikusitako epean baino lehenago bertan behera gelditzen bada, ukitutako langileei kasuan kasuko likidazioa eginen zaie, jasotako gehiegizko zenbatekoa itzultzeko eskatuz, beharrezkoa denean.

Azken xedapen bakarra .

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2012ko abenduaren 28an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1218026

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web