(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

127/2012 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 12KOA, NAFARROAKO MENDEKOTASUNERAKO AGENTZIAREN IZENA ALDATZEN DUENA.

BON N.º 245 - 18/12/2012



Atariko

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuari dagokio departamentu bakoitzaren egitura organikoa onestea.

Uztailaren 2ko 35/2012 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Politiketako Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezarri zen.

Gero, uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuaren bidez, departamentu horren egitura organikoa garatu zen.

Bi foru dekretuetan Nafarroako Mendekotasunerako Agentzia izeneko erakunde autonomo bat dagoela xedatzen da, Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiaren mende. Erakunde autonomo horren estatutuak uztailaren 25eko 74/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren.

Aipatu izena 2007. urtean eman zitzaion erakunde autonomo horri, honako bi lege hauek abian jarri eta berehala: Autonomia pertsonala sustatzeko eta Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonei kasu egiteko abenduaren 14ko 39/2006 Legea eta Gizarte Zerbitzuei buruzko 15/2006 Foru Legea. Izenak erakundearen xedea islatzen zuen, mendekotasuna, desgaitasuna, adineko pertsonak eta buru-nahaste larriaren arloetako gizarte prestazioak kudeatzeko organoa baitzen.

Hala ere, aipatu arauak abian jarri zirenetik igarotako denborak agerian utzi du mendekotasuna duten pertsonentzako arretarako politiken ikuspuntua eta xedea aldatu behar direla, ardatz berri honekin: pertsona horiek autonomia pertsonala lortzea.

Horixe da orain arte Nafarroako Mendekotasunerako Agentzia izena izan duen erakundearen eginkizun nagusia eta erakunde horrek gaur egun bultzatzen dituen gizarte politiken helburua. Horregatik, komenigarritzat jo da horren izena aldatzea, aipatu errealitatera egokitzeko eta, aldi berean, erakundearen adierazpide nagusia izateko.

Helburu horrekin, erakundearen izena aldatzen duen foru dekretua onetsi behar da.

Hori horrela, Gizarte Politiketako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2012ko abenduaren 12an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.- Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren izena aldatzea.

Gizarte Politiketako Departamentuko Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Mendekotasunerako Agentzia erakunde autonomoaren izena aldatu da, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentzia deituko baita.

Xedapen gehigarri bakarra .Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren aipamenak.

Foru dekretu honek indarra hartzen duenetik aurrera, ulertuko da edozein arautan Nafarroako Mendekotasunerako Agentziari buruz egiten diren aipamen guztiak Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziari buruzkoak izanen direla.

Azken xedapenetan lehena.- Garatzeko ahalmenak.

Gizarte Politiketako kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena.- Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2012ko abenduaren 12. Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo. Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1217305

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web