(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

22/2012 FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 9KOA, NAFARROAKO BERDINTASUNERAKO KONTSEILUAREN EGINKIZUNAK, OSAERA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA Nota de Vigencia Nota de Vigencia

BON N.º 95 - 21/05/2012



Atariko

Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuak emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea du xede, Nafarroako bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialeko esparru guztietan. Horixe ezartzen du abuztuaren 24ko 138/2011 Foru Dekretuaren bidez onetsitako estatutuen 3. artikuluak.

Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua kide anitzeko organo aholku-emaile bat da, aipatu erakundeari atxikia, eta bere osaera eta funtzionamendua Lehendakaritzako kontseilariaren martxoaren 8ko 351/1996 Foru Aginduan, orain indargabetzen den horretan, araututa daude.

2006tik 2010era bitarteko Nafarroako Foru Komunitateko Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako I. Planaren 8. Arloak, "Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartze sozial eta politikoa" izenekoak, 8.3 Helburu gisa ezartzen du Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren egitura eta antolaketa berrikustea. Helburu hori lortzeko proposatutako ekintzen artean, Kontseiluaren antolaketa eta eginkizunak berrikustea dago, horrela haren ordezkaritza, autonomia eta eginkizunen betetze egokia errazteko hobekuntzak sartuz.

Helburu horrekin, Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuak, uste baitu berdintasunerako politika publikoen diseinua, plangintza eta ebaluazioa egitean emakume elkarteen parte-hartzea izatea eta haiekin hitz egitea demokratizazio sozialeko eta emakumeen erabateko herritartasuna garatzeko neurria dela, Nafarroako emakume elkarteen arteko parte-hartzea eta kontsulta prozesua bultzatu du, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluarekin batera. Kontsulta prozesu horren emaitza oinarri izan da Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren arau garapen berria ezartzeko, genero berdintasunaren arloko araudi berriarekin bat, eta Nafarroako emakumeen elkarte mugimenduaren behar eta errealitateei erantzunez.

Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren erregulazio honen bidez eguneratu egin nahi da haren osaera, lehen ordezkatuak ez zeuden taldeak sartuz eta, halaber, Kontseiluaren antolaketa eta funtzionamendua zehatzago arautuz.

Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutua erakunde autonomoari atxikita dago, eskuduna baita emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politiken arloan.

Kontseiluaren araubide juridikoa honako hauez osatuta dago: foru dekretu hau, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

Horiek horrela, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2012ko maiatzaren 9an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren eginkizunak, osaera eta funtzionamendua arautzea da.

2. artikulua . Izaera eta atxikipena.

Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua kide anitzeko organo aholku-emaile bat da, eta Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuari atxikita dago.

Organo horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionamenduan Nafarroako emakumeen elkarteek duten parte-hartzea bideratzen du, eta lankidetza hori zehazten da emakumeen eta gizonen berdintasunerako politika publikoen plangintza, gauzatze, jarraipen eta ebaluazioaren bitartez.

3. artikulua . Eginkizunak.

1. Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluak eginkizun hauek ditu:

a) Emakumeen eta gizonen berdintasunarekin lotura zuzena duten arau, plan eta programei buruzko irizpenak edo txostenak ematea. Txosten horiek aginduzkoak izanen dira baldin eta prozedurak tramitatzean Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutua organo arduradun izendatu bada, eta aukerakoak gainerako kasuetan. Edonola ere, ez dira lotesleak izanen.

b) Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuak urteroko deialdiaren bidez ematen dituen diru-laguntzei buruzko informazioa jasotzea.

c) Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuaren kudeaketari eta funtzionamenduari buruzko urteroko memoriaren gaineko informazioa jasotzea.

d) Komenigarriak iruditzen zaizkion neurriak proposatzea genero berdintasuna eta emakumeek bizitza politiko, kultural, ekonomiko eta sozialean izan beharreko parte-hartzea sustatzeko.

e) Emakumeen eta gizonen arteko bereizkeria egoeren edo tratu eta aukera berdintasunaren printzipioa hausten dutenen berri izanez gero, horiek organo eskudunei helaraztea.

f) Emakumeek gobernu organoetan eta erabaki guneetan, hala publikoetan nola pribatuetan, geroz eta parte-hartze handiago duten begiratzea.

g) Beste administrazio publiko batzuetan antzeko helburuak dituzten entitate eta organoekin komunikazioa, harremanak eta trukea sustatzea.

h) Kontseiluan ordezkaritzarik ez duten baina haren eskumenen esparruarekin zerikusia duten pertsonek eta antolakundeek igorritako ekimenak direla-eta, horiek aztertu eta, hala behar denean, bidezkoak diren neurriak sustatzea.

i) Legeek edo Nafarroako Gobernuak arlo horretan esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

2. Kontseiluak, bere eginkizunak betetzeko, beharrezkoa den informazioa eskatzen ahalko dio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari.

4. artikulua . Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren osaera Nota de Vigencia.

1. Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluak kide hauek izanen ditu: kontseiluko burua, bi buruorde, kontseilukideak eta idazkaria.

Kontseilukideen izendapena proposatzeko ahalmena duten entitateek haien ordezkoak ere proposatu beharko dituzte.

2. Kontseiluko burua emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eskuduna den departamentuko titularra izanen da, eta hark Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 31. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen ditu.

Haren postua hutsik dagoenean, kanpoan edo eri dagoenean eta bestelako kasu justifikatuetan, lehenbiziko kontseiluburuordea ariko da haren ordez, edo, hori ere falta bada, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko kide izanik Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluko kideen artean hierarkian goren dagoena, edo antzinatasun edo adin handienekoa dena. Kideek kontseiluan duten hierarkiaz edo antzinatasunaz ari gara betiere.

3. Kontseiluko lehenbiziko buruordetza Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak beteko du, eta, hura ez dagoenean, aipatu erakundearen ordezkari direnen artetik hark hautatzen duen pertsonak. Bigarren kontseiluburuordea emakumeen elkarteen ordezkari diren kideek hautatuko dute beren artetik, baita ordezkoa ere. Kontseiluko buruordeek kontseiluko burua ordeztuko dute legeak ezarritako kasuetan, finkatu den hurrenkeraren arabera.

4. Honako hauek izanen dira kide:

a) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren hiru ordezkari, institutuak proposatuak.

b) Nafarroako emakumeen elkarteak ordezkatzen dituzten bederatzi emakume, “Nafarroa 2000” zonifikazioan zehaztutako zazpi eskualdeetakoak, bat eskualde bakoitzeko, Iruñerria izan ezik, Iruñerriak hiru ordezkari izanen baititu.

Eskualde bakoitzeko elkarteek, Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen elkarteen zentsuan izena emanak betiere –Nafarroako Berdintasunerako Institutuari atxikitako zentsuan–, titularra eta haren ordezkoa hautatuko dituzte aurkezten diren hautagaien artetik.

c) Emakume bat emakume adintsuen ordezkari, Nafarroako Adinekoen Kontseiluak proposaturik aktibo dauden adinekoen elkarte nafarren artetik.

d) Emakume bat emakume gazteen ordezkari, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak proposaturik aktibo dauden gazteen elkarte nafarren artetik.

e) Emakume bat emakume migranteen ordezkari, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak proposaturik aktibo dauden migranteen elkarte nafarren artetik.

f) Emakume bat desgaitasunen bat duten emakumeen ordezkari, Nafarroako Desgaitasunaren Kontseiluak proposaturik desgaitasun mota desberdinak biltzen dituzten elkarte eta erakunde nafarren artetik.

g) Emakume bat emakume ijitoen ordezkari, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak proposaturik aktibo dauden ijitoen elkarte nafarren artetik.

h) Emakume bat landa eremuko emakumeen ordezkari, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak proposaturik landa eremuko emakumeen elkarteen artetik (aktibo dauden eta ordezkaritza handiena duten elkarteen artetik).

i) Emakume bat LGTBI taldeko emakumeen ordezkari, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak proposaturik.

j) Nafarroako Foru Komunitatean ordezkari gehien dituzten 4 sindikatuen ordezkari bana. Horretarako, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean, langileen ordezkarien, enpresa batzordeetako kideen edo Administrazio Publikoetako organoetako kideen gutxienez % 10 izan behar dute.

k) Emakume bat Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duten emakume enpresaburuen Nafarroako elkarteen ordezkari, haiexek proposatua.

l) Unibertsitateetako bi ordezkari, bata Nafarroako Unibertsitate Publikokoa eta bestea Nafarroako Unibertsitatekoa, haiexek proposatuak.

m) Nafarroako hezkuntza sistemaren ordezkari bat, Nafarroako Eskola Kontseiluak proposaturik unibertsitatez besteko irakasleen, ikasleen eta guraso-elkarteen ordezkari direnen artetik.

n) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat, federazio horrek proposaturik.

ñ) Nafarroan eratutako Berdintasuneko Agenteen lanbide elkarteen ordezkari bat, elkarteek proposaturik.

5. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren ordezkari bat izanen da idazkaria, Kontseiluko buruak izendaturik. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen ditu, eta, kanpoan dagoenean, artikulu horretan xedatutakoaren arabera ordeztuko da.

6. Kontseilukide beren karguagatik ez direnen izendapena eta kargu-uztea, baita ordezkoena ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eskuduna den departamentuko titularrak eginen ditu.

5. artikulua . Antolaketaren eta funtzionamenduaren araubidea Nota de Vigencia.

1. Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluak urtean bitan eginen du bilkura arrunta, eta bilkura berezia, berriz, kontseiluburuak horretarako deia egiten duenean, bere ekimenez edo ordezkaritza duten kideen heren batek gutxienez eskaturik. Kasu horretan, kideen eskaera Idazkaritzara bidaliko da, bilkurarako aurreikusitako data baino zazpi egun lehenago gutxienez, beharrezko dokumentazioa prestatzeko.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoarekin bat, Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua aurrez aurre zein urrutitik eratu daiteke, eta berdin-berdin bilkuretarako deia egin, bilerak berak egin, erabakiak hartu eta aktak eginNota de Vigencia.

2. Gutxienez urteko bi bilkura arruntetako bat –bertaratuz egiten den bilkura bada– txandaka eginen da “Nafarroa 2000” zonifikazioan zehaztutako eskualdeetako batean.

3. Bilkurak egin, eztabaidatu eta erabakiak hartzearen ondorioei dagokienez kontseiluaren eraketa baliozkoa izan dadin, beharrezkoa izanen da buruak, bi buruordeetako batek eta idazkariak edo haien ordezkoek parte hartzea, bertaratuz edo urrutitik, baita kontseiluan ordezkaritza duten kideen erdiek ere.

4. Kontseiluaren bilkuretako eguneko gai zerrendan landu beharreko gaiak sartzeko, ordezkaritza duten kideen herenaren proposamena beharko da gutxienez. Eskaera idazkariari bidaliko zaio.

5. Erabakiak gehiengo soilez hartuko dira, eta berdinketak kontseiluburuaren botoarekin ebatziko dira. Urrutitik parte hartzen denean, erabakiak kide anitzeko organoaren egoitzan hartutzat joko dira, eta, halakorik ezean, Kontseiluko burua dagoen tokian hartutzat.

Kontseiluak ematen dituen irizpen eta txostenak aginduzkoak izanen dira, eta juridikoki ez lotesleak.

6. Kontseiluko buruak eskaera egin dezake eguneko gai zerrendan sartutako gaietan adituak diren pertsonek parte har dezaten bilkuretan. Horiek hitza izanen dute, baina ez botorik.

7. Kontseiluak bere dituen eginkizunak betetzeko, lan batzordeak sor litezke gai jakin batzuk aztertzeko. Haietan parte hartzeko gonbidapena egin dakieke adituei edo giltzarri izan daitezkeen zenbait eragileri. Kontseiluburuak, horretarako, lan batzorde bat sortzeko proposamena eginen die kideei. Bere ekimenez egin dezake, edo gutxienez kontseiluko kideen herenak eskaturik. Haien helburua, egitura eta osaera, dena dela, sortzen direnean erabakiko dira, helburuak bete daitezen bermatu nahian betiere.

8. Foru dekretu honetan ezarri ez den orotarako, Kontseiluaren antolaketaren eta funtzionamenduaren araubidea kide anitzeko organoentzat honako arau hauetan ezarritakoa izanen da: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea, eta, osagarri gisa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.

9. Kontseiluko kideren batek bilkuretara joateko bizileku duen herritik atera behar badu, joan-etorri horrek sortzen dizkion gastuen ordaina jasoko du, kontzeptu horretarako Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario publikoentzat ezarritako zenbatekoen araberakoa. Behar bezala justifikatutako gastuak itzuliko dira, Kontseiluaren deialdietara joateagatik sortutakoak: kilometrajea, indarrean dauden tarifen arabera, edo garraio publikoaren egiaztagiriak.Nota de Vigencia

6. artikulua . Kontseilukide karguaren iraupena.

1. Kontseiluko burua eta lehenbiziko buruordea izendatu zireneko kargua duten bitartean izanen dira buru eta buruorde.

2. Bigarren buruordea eta kontseilukideak lau urterako hautatuko dira, hurrengo artikuluan xedatutakoa galarazi gabe, eta epe bererako hautatzen ahal dira berriro.

7. artikulua . Kontseilukideak.

1. Kontseilukideek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 32.1 artikuluak kide anitzeko organoetako kideei ematen dizkien ahalmenak eta eginkizunak izanen dituzte.

2. Kontseilukide kargua betetzen duten pertsonen kargu-uztea honako kasu hauetan gertatuko da:

a) Heriotza edo sortutako desgaitasuna.

b) Agintaldia bukatzea.

c) Ordezkatzen duten erakundeak eta entitateak proposatzea.

d) Uko egitea eta kontseiluburuak onartzea.

e) Kontseiluburuak erabakitzea, Kontseiluko kideen gehiengoak proposaturik, elkarren segidako bi bilkuratara arrazoirik gabe ez agertzeagatik edo karguaren eginkizunak ez betetzeagatik.

f) Hautatua izan zen unean partaide zen elkarte, entitate edo erakundeko kide izateari utzi izana Nota de Vigencia.

g) Hautatua izan zen unean partaide zen elkarte, entitate edo erakundea desegin izana Nota de Vigencia.

h) Partaide zen elkarteak baja eman izana Nafarroako Foru Komunitateko Emakumeen Elkarteen Zentsuan Nota de Vigencia.

i) Sindikatuak Nafarroako Foru Komunitatean ordezkari gehien dituzten 4 sindikatuetako bat izateari utzi izana Nota de Vigencia.

3. Kargualdia bukatzeaz gaineko arrazoiren batengatik sortzen diren hutsuneak ordezkoak beteko ditu eta hark kargualdia bukatuko du gainerako kideek bezala.

Lehenbiziko Xedapen Gehigarria. Kontseiluaren eraketa.

Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua foru dekretu honetan xedatutakoari egokituko zaio, eta horren arabera eratuko da, bidezkoak diren proposamenak egin eta kideak izendatu ondoren, foru dekretu honek indarra hartu eta bi hilabeteko epean.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Emakumeen elkarteen partehartzea.

Nafarroako emakumeen elkarteak emakumeen parte-hartze organo gisa eratzen direnean, Nafarroako emakumeen elkarteen parte-hartze, elkarrizketa eta ordezkaritza organo izateko, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluan elkarte horiek ordezkatzen dituzten bederatzi kontseilukideak aipatu organoak proposaturik izendatu edo berretsiko dira, baldin eta organo horrek Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuan inskribatutako emakume elkarte guztien bi heren gutxienez biltzen baditu.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapenak eta, zehazki, Lehendakaritzako kontseilariaren martxoaren 8ko 351/1996 Foru Agindua, Nafarroako Emakumearen Kontseiluaren osaera eta funtzionamendua zehaztu zituena.

Azken Xedapenetan Lehena. Arauak emateko gaitasuna.

Baimena ematen zaio Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 9an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, María Elena Torres Miranda.

Iragarkiaren kodea: F1207081

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web