(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

166/2004 FORU DEKRETUA, APIRILAREN 5EKOA, NAFARROAKO LURRALDE POLITIKARAKO GIZARTE KONTSEILUA ARAUTZEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 49 - 23/04/2004



Atariko

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 13. eta 15. artikuluetan Nafarroako Lurralde Politikarako Gizarte Kontseilua sortu eta haren izaera eta eginkizunak zehazten dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoa baita, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan diharduena eta bertan parte hartu eta gaiak eztabaidatzekoa dena. Legeak, 15. artikuluan berean, gero ematekoa zen foru dekretu batera igortzen zuen Kontseiluaren osaerarako: "eragile sozial eta ekonomiko, toki entitate, lanbide elkargo eta arloan izen handia duten adituen parte-hartzea bermatu beharko du".

Foru dekretu honek legezko betebehar hori betearazten du, Kontseiluaren osaera arautu eta egituratzen baitu, bere eginkizunak betetzeko prestaziorik hoberenak lortzearren. Eginkizun horiek erabili behar dira hain zuen ere lurraldearen antolamenduaren eginkizun publikoak, 35/2002 Foru Legeko orotariko irizpideen arabera, Nafarroako lurraldearen garapen iraunkor eta osaturako izan daitezen, gizarteari, kulturari, ekonomiari eta ingurumenari dagokienez.

Kontseiluaren osaerak nabarmentzen du izaera politiko eta sozialaren garrantzia, legeak halaxe sortu baitu. Lehenbiziko ezaugarria Nafarroako foru erakundeak ordezkatzen dituzten kideek duten eragingarritasun nabaria da. Aipatzea merezi duen beste ezaugarri bat organo hau erabakiak hartu eta aholkuak ematekoa dela, askatasunez eta eragingarritasunez, horixe nahi baita Kontseiluarendako: 26 kideetarik 17k eragile ekonomiko, sozial, tokian toki eta lanbideetakoak ordezkatzen dituzte, foru legeak behartzen baitu haien parte-hartzea bermatzera. Europako Batasunak lurraldearen garapenaren arloko arduradunei proposatzen dizkien oinarrizko hiru helburu politikoak hauexek dira: lehiakortasun orekatuagoa, kohesio ekonomiko eta soziala eta natur eta kultur ondarearen kudeaketa adimentsua. Hirurek lurraldearen ikuspegi berri batera daramate, askotariko ikuspuntua baita, ekonomia, gizarte eta ondareko kontuak biltzen dituena. Ikuspegi hau, bere aldetik, Kontseiluaren osaeran gauzatu da. Izan ere, garapen iraunkorraren triangeluko erpin guztiak orekaz ordezkaturik daude eta.

Eraginkortasun, arintasun eta hobean hobetzeko irizpideak dira arau Kontseiluaren egituran. Aukera bat zegoen egitura burokratiko berri eta garesti bat sortzeko, organikoki Kontseiluaren menpe. Horren aurka, baina, nahiago izan da haren jarduera funtzionalki sostengatzea, Nafarroako Lurralde Behatokia deritzon unitate teknikoaren bidez.

Kontseiluari eman nahi izan zaio funtzionamendu eragile, erraz eta arina. Haren Batzorde Iraunkorrak, organo bereziki teknikoa baita, non gehienbat adituek baitihardute, ditu ohiko harremanak Lurralde Behatokiarekin, horrexek ematen baitio sostengu teknikoa Kontseiluaren jarduerari. Gai batzuk aztertzeko Berariazko Batzordeak sortzen ahal dira. Aurreikusirik ez dagoen guztian, Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko legeetan organo kolegiatuei buruz ematen diren arauek dute indarra. Hala ere, Kontseiluari onartzen zaio bere kasa antolatzeko ahalmena, geroko edozein egoeratarako egokitzeko behar den malgutasuna izanen badu.

Hori horrela, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta lauko apirilaren bostean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea Nafarroako Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluaren osaera, eginkizunak eta araubidea arautzea da, Foru Komunitateko organoa baita, bertan parte hartu eta gaiak eztabaidatzekoa, Nafarroako lurraldeari loturiko arloetan.

2. artikulua . Izaera juridikoa.

Nafarroako Lurralde Politikarako Gizarte Kontseilua aholkuak eman eta parte hartzeko organo gisa osatzen da, erakundeetako, gizarteko, ekonomiako eta ingurumeneko eragileak elkarlanean aritu ahal daitezen Nafarroako lurraldearen garapenaren jarraipenean eta sustapenean, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legeko 2. eta 27. artikuluetan xedatu bezala.

3. artikulua . Egoitza.

Nafarroako Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluak Iruñeko hirian izanen du egoitza. Hala ere, bidezko izanen du bilkuretarako dei egitea Nafarroako Foru Komunitateko edozein tokitan.

4. artikulua . Eginkizunak.

Nafarroako Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluak eginkizun hauek izanen ditu:

Lurralde politikaren arloan jarduteko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ildoak ezagutzea.

Txostenak prestatzea (nahitaezkoak izanen dira, baina ez lotesleak), lurraldearen antolamendua arautzen duten orotariko xedapenez, Nafarroako lurralde estrategiaz, lurralde antolamendurako planez eta lurralde ekintzako plan zuzentzaileez.

Nafarroako Gobernuari, toki entitateei eta ekonomiako, gizarteko eta erakundeetako eragileei proposamenak aurkeztea lurraldeari loturiko arloez.

Lurraldeari loturiko kontuei buruz txostenak egitea, galdetuz gero.

Gizarte, ekonomia edo ingurumeneko kontuei buruz azterlan eta txostenak prestatzea, Nafarroako lurraldea garatzeko interesa dutenak.

Gizarteko eragileen arteko elkarrizketa eta bilerarako tokia izatea, guztioi dagozkigun arazoei aurka egiteko kontsentsua eta adostasuna bilatuz.

5. artikulua . Osaera.

Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluak kide hauek izanen ditu:

1. Nafarroako Gobernuko lehendakariordea, Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluan lehendakari lanetan arituko dena.

2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluan lehendakariorde lanetan arituko dena.

3. Kideak:

a) Parlamentuko Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen Batzordeak izendaturiko bi kide.

b) Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria.

c) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria,

d) Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilaria.

e) Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusia.

f) Estatuko Administrazioaren ordezkari bat.

g) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren lehendakaria.

h) Nafarroako hiriburuko alkatea.

i) Nafarroako eskualdeak garatzeko partzuergo eta elkarteen lau ordezkari, entitate horiek izendatuak. Bertan parte hartzen duten udalek administraturiko mugapeen barruan bizilagun gehien dituzten lauetarik ordezkari bana.

j) Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioko lehendakaria.

k) Sindikatuen bi ordezkari, Nafarroako ordezkaritza handiena duten bietarik bana.

l) Lanbide elkargoen bi ordezkari, entitate horiek proposaturiko hautagaien artetik Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak izendatuak.

m) Nafarroako Ingurumen Kontseiluak izendaturiko kide bat, natura babestu, zaindu eta ikertzeko erakunde edo elkarteak ordezkatzen dituzten kideen artetik hautatua.

n) Nafarroako Kultura Kontseiluak izendaturiko kide bat, Administrazio Publiko bat ere ordezkatzen ez duten kideen artetik hautatu eta ondare historiko, artistiko, arkeologiko eta etnografikoan espezializatua.

ñ) Nafarroako Turismo Kontseiluak izendaturiko kide bat, Administrazio Publiko bat ere ordezkatzen ez duten kideen artetik hautatua.

o) Nafarroako Unibertsitate Publikoak izendaturiko kide bat, lurraldearen antolamenduaren arloan espezializatua.

p) Nafarroako Unibertsitateak izendaturiko kide bat, lurraldearen antolamenduaren arloan espezializatua.

q) Kontseiluak bere dituen arloetan entzute handia duten bi aditu, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak izendatuak.

r) Mahaikide-idazkaria, hizpidearekin bai baina botorik gabe: Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuko zuzendariaNota de Vigencia.

4. Erakundeak edo entitateak ordezkatzen dituzten kideen izendapenak eta, halakorik bada, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren proposamenak prozedura horietako arauei jarraituz eginen dira. Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluari jakinarazi eta biharamunean hartuko dute indarra.

5. Gizarte Kontseiluko lehendakaritza hutsik badago, lehendakaria ez badago edo gaixo bada, lehendakariordeak ordeztuko du.

6. artikulua . Organoak.

1. Hauxe izanen da Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluaren egitura organikoa:

a) Osoko bilkura.

b) Batzorde Iraunkorra.

c) Berariazko Batzordeak, halakorik bada.

d) Lehendakaria.

e) Lehendakariordea.

f) Idazkaria.

2. Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluak 11. artikuluan aipatzen den unitate teknikoaren sostengua izanen du. Unitate horren eginkizunak haren menpe egonen dira. Organikoki Nafarroako Gobernuaren tresna-entitate bat osatuko dute.

3. Osoko Bilkuran, Batzorde Iraunkorrean eta Berariazko Batzordeetan lan taldeak osatzen ahalko dira. Haietara aztergai diren lurralde edo sektorerako politiken arduradunak gonbidatuko dira, baita beren eginkizunetan hobeki aritzeko beharrezkotzat jotzen diren funtzionarioak eta sektore pribatuaren ordezkariak ere.

7. artikulua . Osoko Bilkura.

1. Osoko BIlkura Kontseiluaren borondatea betearazteko goi organoa da. Haren kide guztiek osatuko dute.

2. Osoko Bilkuraren eginkizunak:

Kontseiluak bere duen irizpide, jarrera edo borondatea adieraztea, Batzorde Iraunkorrari dagozkion eskumenak deusetan galarai gabe.

Urtero programa eta jardueren memoria onestea.

Halakorik bada, Berariazko Batzordeen osaera eta eginkizunak finkatzea.

8. artikulua . Batzorde Iraunkorra.

1. Batzorde Iraunkorra Kontseiluaren jardueraren iraupena bermatzen duen organoa da. Kide hauek izanen ditu:

Kontseiluko lehendakariordea, Batzordean lehendakari lanetan arituko dena.

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusia.

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren lehendakaria.

Unibertsitateek izendaturiko kideak.

Entzute handiko adituak izateagatik izendaturiko kideak.

Sindikatuek izendaturiko kideak.

Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioko lehendakaria.

Kontseiluko idazkaria, hizpidea izanen duena, baina botorik ez.

2. Batzorde Iraunkorraren eginkizunak:

Foru dekretu honetako 11. artikuluan arautzen den unitate teknikoari jarraibide, zuzentarau eta mandatuak agintzea.

Foru dekretu honetako 11. artikuluan arautzen den unitate teknikoak prestaturiko datu, ikerlan eta txostenen ondorioak ebaluatu, aztertu eta Osoko Bilkuran aurkeztea.

Jakinarazten zaizkion kontuei buruz bere iritzia, jarrera edo asmoa adieraztea, baita Kontseiluak berak duen irizpidea ere, honek eginkizun hau haren esku uzten duenean.

Espresuki Kontseiluko beste organo batzuei esleitzen ez zaizkien eginkizun guztiak.

9. artikulua . Berariazko Batzordeak.

Aztergaiaren izaeragatik hala komeni bada, Berariazko Batzordeak sortzen ahalko dira. Osoko Bilkurak zehaztuko ditu haren eginkizunak eta haren osaera eta askatasuna izanen du Nafarroako Gobernuko departamentuen eta aztergai denari bereziki loturik dauden beste erakunde batzuen ordezkariak batzordeko kide izendatzeko.

10. artikulua . Kontseiluaren funtzionamenduaren araubidea.

1. Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluko kideen karguak ez dira pagatuko, Foru Komunitateko Administraziokoak ez diren kideei dagozkien ordainak galarazi gabe.

2. Kudeaketa, kontabilitatea, gastuen baimena eta kontratatzeko jarduerak, Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluaren funtzionamendurako beharrezkoak direnak, 11. artikuluan aipatzen den unitate teknikoaren esku egonen dira, eta hori zeren tresna-entitateren menpe dagoen, hari dagokion arautegiari lotuko zaio.

3. Gizarte Kontseiluak bere burua antolatzeko ahalmena erabiliz eman ditzakeen berariazko xedapenak aski ez badira, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko II. Tituluko II. Kapituluan organo kolegiatuen antolamenduaz eta funtzionamenduaz ematen diren aurreikuspenak izanen dira aplikatzekoak.

11. artikulua . Nafarroako Lurralde Behatokia.

1. Unitate tekniko bat sortzen da, Nafarroako Lurralde Behatokia deritzona, eginkizunei dagokienez Gizarte Kontseiluaren menpe arituko dena, sostengua emateko zerbitzu gisa. Organikoki unitate tekniko hori Nafarroako Lurralde Behatokia deritzon tresna-entitate berri baten menpe egoten ahalko da edo bestela azken hori badagoen beste tresna-entitate baten barruan sortuko da.

2. Kudeaketaz, kontabilitateaz, gastuen baimenaz eta kontratatzeko jarduerez gain, foru dekretu honetako 10. artikuluko 2. idatz-zatian aurreikusten baitira, Gizarte Kontseiluak bere eginkizunetan aritzen laguntzeko esleitzen dizkion eginkizun guztiak kudeatuko ditu unitate teknikoak. Horretarako,

Foru Komunitateko Administrazioko organoen eta haren tresna-entitateen sostengua eskatzen ahalko du.

Foru Komunitateko Administrazioak eta haren tresna-entitateek dituzten argibide eta guztiak eskuratzen ahalko ditu, datuak babesteko legeak deusetan galarazi gabe, pertsonen intimitatea eta gorako interes publikoak ukitzen badituzte.

3. Kontseiluak berariaz esleitzen dizkion eginkizunez gain (horiek lehentasuna izanen baitute), Nafarroako Lurralde Behatokiak esparru hauek landuko ditu:

Foru legeen proiektuei, foru dekretuen proiektuei eta, Nafarroan eragina badute, Estatuko eta Europako Batasuneko arau, plan eta proiektuei buruz Kontseiluak bere jarrera adierazi baino lehenagoko txosten eta irizpenak.

Indarra duten legeekin bat esleitzen zaizkien azterlan eta ikerlanak, baita prestakuntza eta hedapenerako ekintzak ere, lurraldearen antolamenduari eta lurralde politikari loturiko arloetan.

Europako Batasuneko lankidetza sare eta proiektuetan parte hartzea.

Nafarroako Lurralde Estrategia eta hari dagokionez lurraldearen egoera eten gabe ebaluatzea, bereziki honela: haren zuzentarau, helburu eta neurriak lehenetsiz eta haien jarraipena eginez, Nafarroako Gobernuko departamentuekin, toki entitateekin eta bestelako eragileekin elkarlanean; haren adierazleak gaurkotuz; politikak, planak eta proiektuak Lurralde Estrategiara nola egokitu diren baloratuz; eta gertaera garrantzitsuek estrategian izaniko eragina aztertuz.

Nafarroako Lurralde Estrategia aldatzeko proposamenak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena

Foru dekretu honen ondorioetarako, Nafarroako ordezkaritza handieneko sindikatuak hauexek izanen dira: aurreko hauteskunde sindikaletako datuen arabera horrela agertzen direnak, Nafarroako Gobernuan arlo horretan eskumena duen departamentuak ofizialki onartu ondoren.

Bigarrena

Foru dekretu honen ondorioetarako, partzuergoak edo antzeko elkarteak joko dira tresna-entitatetzat, Nafarroako Gobernuak edo honen tresna-entitateek haien gorbernuko organoetan boz gehienak badituzte.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Lurralde Politikarako Gizarte Kontseilua gehienez ere hilabeteko epean osatuko da, foru dekretu honek indarra hartu eta biharamunetik hasita. Epe horretan organo guztiek bere kide edo ordezkariak izendatu beharko dituzte. Epe horretan kide guztiak izenda ez badaitez, Kontseilua garaiz izendatzen ez diren kideak bertan egon gabe osatzen ahalko da, baldin eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legeko 26. artikuluan xedaturikoaren arabera posible bada.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa

Esku ematen zaio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak agindu ditzan.

Bigarrena

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web