(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

342/1997 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 17KOA, TURISMO SEKTOREA SUSTATZEKO KOORDINAZIO BATZORDEA SORTZEN DUENA.

BON N.º 145 - 03/12/1997



Atariko

Toki entitateen eta irabazteko asmorik gabeko elkarteen artean, eskualde desberdinetako turismoaren garapena sustatzeko xedez, Turismo Partzuergoak eratu direnetik, entitate hauek, Foru Komunitateko Administrazioarekin batera, turismoa garatzeko jarduerak aurrera eramaten dituzte.

Departamentu eskudunaren eta Partzuergoen artean lankidetza estua gauzatu da lehenbiziko momentutik, sustapen ekintza guztiak koordinatzeko. Hala eta guztiz ere, une honetan beharrezkotzat jotzen da organo iraunkor bat eratzea, elkar topatu, lagundu eta koordinatzeko gunea, alegia, bertan sarturik Nafarroan turismoaren garapenaz arduratzen diren ente guztiak.

Turismo Partzuergoek beren aldetik adierazia dute interesaturik daudela eta bultzatuko luketela koordinazio organo baten sorrera.

Horiek horrela, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko azaroaren hamazazpian egin bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT

1. artikulua

Turismo Sektorea Sustatzeko Koordinazio Batzordea eratzen da, Foru Komunitateko Administrazioaren eta Turismo Partzuergoen arteko lankidetza eta koordinazio organo gisa, entitate bakoitzak bere dituen eskumenak deusetan galarazi gabe.

2. artikulua

Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Gomendio egitea turismoaren sustapenerako jarduketak koordinatzeko neurriak har daitezen.

b) Txosten egitea, turismoko gaietan iritzia emateko Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak eskatzen dien guztiari buruz.

c) Ematea Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari turismo arloan bidezko diren proposamenak.

3. artikulua

1. Batzordeak kide hauek izanen ditu:

a) Lehendakaria: Merkataritza eta Turismo zuzendari nagusia.

b) Lehendakariordea: Turismo Zerbitzuko zuzendaria, lehendakaria ordezkatuko duena kargua hutsik gelditzen denean edo hura falta, eri edo aldi baterako ezindua dagoenean.

c) Bertizko Turismo Partzuergoaren ordezkari bat.

d) Plazaola Turismo Partzuergoaren ordezkari bat.

e) Erdi eta Ekialdeko Pirinioetako Turismo Partzuergoaren ordezkari bat.

f) Lizarraldeko Turismo Partzuergoaren ordezkari bat.

g) Erdialdearen Garapenerako Partzuergoaren ordezkari bat.

h) Nafarroako Erriberaren Garapenerako Estrategietarako Partzuergoaren ordezkari bat.

i) Idazkaria: Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak Departamentuko teknikarien artean hautatzen duen bat.

2. Batzordeak, bere lehendakariaren bidez, bileretara etortzera gonbidatzen ahalko du jende aditua, gaiari buruz daukaten jakinduria dela-eta interesgarritzat jotzen dena.

4. artikulua . Batzordearen funtzionamendua.

1. Lehendakaria izanen da Batzordearen ordezkari, eta bileretarako dei egin eta gaien zerrenda zehaztuko du, berak hala erabakita edo gainerako kideek eskatuta, beti ere eskaera behar den denborarekin aldez aurretik eginda.

2. Batzordearen eraketak balioa izan dezan, beharrezkoa izanen da lehendakaria eta idazkaria bertan izatea, edo haien ordezkoak bestela, bai eta kideen erdiak ere, gutxienez.

3. Batzordeak eztabaidatzen ahalko du gaien zerrendan sarturiko gai guztiei buruz. Gaien zerrendan ez dauden gaiei buruz, bakarrik eztabaidatzen ahalko du kide guztiak bertan egon eta gehiengoz erabakitzen dutenean.

4. Gomendioak egiteko eta txostenak nahiz proposamenak prestatzeko, bileran dauden kideen adostasuna beharko da.

Azken Xedapenak Lehenbizikoa

Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak dikta ditzan.

Azken Xedapenak Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko azaroaren hamazazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Ramón Bultó Llevat.

Iragarkiaren kodea: A9710328

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web