80/2003 FORU DEKRETUA, APIRILAREN 14KOA, NAFARROAKO KIROL ERAKUNDEAK ETA NAFARROAKO KIROL ERAKUNDEEN ERREGISTROA ARAUTZEN DITUENA.
BON N.º 70 - 04/06/2003
I. TITULUA. KIROL KLUBEZ ETA KIROLA SUSTATZEKO ERAKUNDEEZ
I. KAPITULUA. ARAU OROKORRAK
II. KAPITULUA. KIROL KLUBAK
III. KAPITULUA. KIROLA SUSTATZEKO ERAKUNDEAK
II. TITULUA. KIROL KLUB FILIALEZ
III. TITULUA. NAFARROAKO KIROL FEDERAZIOEZ
I. KAPITULUA. ARAU OROKORRAK
II. KAPITULUA. ERAKETA, ETA ONARPENA KENTZEA
III. KAPITULUA. ESTATUTUAK
IV. KAPITULUA. GOBERNU ORGANOAK
V. KAPITULUA. EKONOMIA ARAUBIDEA, DOKUMENTUENA ETA ERANTZUKIZUNARENA
VI. KAPITULUA. ZAINTZA
IV. TITULUA. NAFARROAKO KIROL ERAKUNDEEN ERREGISTROAZ
Nafarroako Foru Komunitateak eskumen osoak ditu kirola sustatu eta aisia behar bezala erabiltzeko gaietan, halaxe agintzen baitu Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.14 artikuluak.
Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legea onetsi zuen, Nafarroan kirola arautu, antolatu, sustatu eta koordinatzen duena. Horretarako, goian aipatu eskumenak erabili zituen eta bai Foru Komunitatearen beste eskumen batzuk ere; bereziki, foru dekretu honek arautzen duen gaiari dagokionez, gehienbat Nafarroan aritzen diren irakaskuntza, kultura, arte, ongintza eta laguntza elkarteak eta antzekoak arautzeko eskumena.
Kirolari buruzko Foru Legeak araudia ezarri zuen kirol klubentzat eta kirola sustatzeko erakundeentzat, hala nola, gehienbat Nafarroan aritzen diren kirol elkarteak eta klub filialak eta helbidea Nafarroan duten kirol elkarte anonimoak. Araudi hori erregelamendu bidez garatu behar da.
Elkarte-eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak arautu eta zehaztu egiten ditu Konstituzioaren 22. artikuluan onartutako elkarte-eskubide oinarrizkoaren edukiaren elementu nagusiak.
Lege horrek oinarrizko eta funtsezko marko juridikoa ezartzen du, Estatu osoan aplika dadin, azken xedapenetako lehenbizikoan bere aginduen izaerari buruz ematen dituen zehaztasunen arabera. Hori guztia egiten du lege organikoa den aldetik, eta gainera Estatuak eskumena duelako espainiar guztiek beren eskubideak berdin erabili ahal izatea bermatuko duten oinarrizko baldintzak arautzeko, eta eskumena duelako, orobat, prozesuari buruzko legeria onesteko, Konstituzioaren 149. artikuluko lehen eta seigarren idatz-zatiek xedatzen dutenez.
Foru dekretu honek Nafarroako Kirol Erakundeen araubidea eta Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroarena garatzen ditu, kirol klubak eta kirola sustatzeko erakundeak, hots, Nafarroan kirolaren arloan aritzen diren elkarteak, ukitzen dituzten gaietan. Foru dekretu honek ondotik aipatzen diren arauetan ezarritakoa errespetatzen du:
a) Martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoa, Elkarte-eskubidea arautzen duena.
b) Uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legea, Nafarroako Kirolari buruzkoa.
Halaber, testu batean biltzen ditu, prozesua laburtu beharrez, kirol elkarteen araubidea, kirol klub filialena, kirol federazioena eta Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroarena, hori guztia Foru Komunitatearen eremuan.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak dio Nafarroako kirol federazioak legez eratutako elkarte pribatuak direla eta zenbait funtzio publiko betetzeko ardura har dezaketela. Lege berezia den aldetik, federazioen eraketaren, onarpenaren eta jardunbidearen nondik norakoak arautzen ditu juridikoki. Kirol federazioak legez eratutako elkarteak izatearena, Konstituzioaren 22. artikuluan jasotako elkarte-eskubidea alde batera utzita, ezbairik gabeko kontua da, doktrinak eta jurisprudentziak behin eta berriz onartua eta gure antolamendu juridikoan finkatu dena, bai Estatu mailan eta bai autonomia erkidegoetako kirol arloko araudietan ere. Nafarroako Kirolari buruzko Legeak Nafarroako kirol federazioentzat ezarritako konfigurazioak eta araubide juridikoak lotura juridiko ezin egokiagoa dute elkarte-eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan ezarritako erregulazioarekin. Izan ere, Lege Organikoaren 1. artikuluko bigarren idatz-zatiak espreski xedatzen duenez, beste batzuen artean kirol federazioak beren legeria zehatzaren bitartez arautu behar dira.
Azkenik, goian aipatu foru legeak Kirol Erakundeen Erregistroa ezartzen du eta horren egitura, sarrera-araubidea eta jarduera-araubidea erregelamendu bidez finkatu beharrekoak direla ohartarazten du.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen IV. titulua, Nafarroako zenbait kirol erakunderi dagokienez, honako foru dekretu honetan garatzen da, lau titulutan hain zuzen: I. titulua (Kirol klubez eta kirola sustatzeko erakundeez), II. titulua (Kirol klub filialez), III. titulua (Nafarroako kirol federazioez) eta IV. titulua (Nafarroako kirol erakundeen erregistroaz).
I. tituluak hiru kapitulu ditu eta haietan garatzen dira Kirolari buruzko Foru Legean aintzat hartutako kirol elkarte motei buruzko arau orokorrak eta arau bereziak: kirol klubei buruzko arauak eta kirola sustatzeko erakundeei buruzkoak.
II. tituluak kirol klub filialen araubidea erregulatzen du.
III. tituluak sei kapitulu ditu. Horietan Nafarroako kirol federazioen araubide zehatza erregulatzen da, ondokoak jorratuz: federazio guztiei dagozkien alderdi orokorrak; federazioak eratu eta onartzeko araubidea, Nafarroako kirol arloko araudiaren ondorioetarako; haien estatutuen edukia eta araubidea; haien gobernu organoak, diziplina araubidea, araubide ekonomikoa, dokumentala eta erantzukizunarena, eta azkenik, eskuordetzearen bitartez kirol federazioak funtzio publikoetan aritzen direnez, Foru Komunitateko kirol administrazioak federazioen gain izan behar dituen babes ahalmenak.
IV. tituluak Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan sartzeko baldintzak ezartzen ditu, baita Erregistroan bilduko diren egintzen eta agirien multzoa ere.
Azpimarratzekoak dira kirol kluben eta kirola sustatzeko erakundeen erregistroan izena emateak dakartzan ondorioak: elkarte direnez gero, kirol erakunde gisa ofizialki onartuak izatea, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen ondorioetarako; eta publizitaterako inskribatuak izatea, Elkarte-eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren arabera.
Nafarroako Kontseiluak, 2003ko otsailaren 3an egin bilkuran, adostasun txostena eman du foru dekretu honi buruz, antolamendu juridikoarekin bat datorrelakoan.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen azken xedapenetako hirugarrenak Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen dio aipatu foru legea garatzeko behar diren xedapenak emateko.
Hori horrela, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko apirilaren hamalauan egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
I. TITULUA. KIROL KLUBEZ ETA KIROLA SUSTATZEKO ERAKUNDEEZ
I. KAPITULUA. ARAU OROKORRAK
Titulu honen xedea da kirol kluben eta kirola sustatzeko erakundeen araubidea erregulatzea, Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legearen ondorioetarako.
2. artikulua . Onarpen ofiziala.
1. Kapitulu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten elkarteak Nafarroan ofizialki onartuak izanen dira kirol klub gisa edo kirola sustatzeko erakunde gisa, Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatutakoan.
2. Kirol klubak eta kirola sustatzeko erakundeak publizitatearen ondorioetarako inskribatuko dira Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan, elkarte-eskubidea arautzen duen araudi orokorrari jarraikiz. Horrez gain, inskripzioak Nafarroako eremuan kirol entitate gisa ofizialki onartuak izatea ekarriko die.
3. artikulua . Araubide juridikoa.
1. Kirol klubak eta kirola sustatzeko erakundeak, beren eraketa, onarpen ofiziala, desegitea, antolamendua eta funtzionamendua direla-eta, Elkarte-eskubidea arautzen duen Lege Organikoari, Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legeari, honako foru dekretu honi, beren estatutuei eta barne-araubideko erregelamenduei eta beren gobernu eta ordezkaritza organoek modu baliozkoan hartzen dituzten erabakiei lotuko zaizkie.
Foru Komunitateko hezkuntza administrazioak erregelamendu bidez zehaztuko du ikastetxeetako kirol klubak eratzeko araubidea. Horrelako kirol klubak goiko idatz-zatian aipatzen diren araudi eta xedapenei lotuko zaizkie, beren izaeraren arabera.
2. Kirol klubak edo kirola sustatzeko erakundeak Nafarroako kirol federazioetan sartzeak berez dakar federazioetako estatutu eta araudiei aitormena eman eta men egitea.
1. Kirol klubei eta kirola sustatzeko erakundeei izena jartzean ez da erabiliko haien identitatea edo elkartearen mota edo izaera oker ulertzeko edo nahasteko bidea eman dezakeen termino edo esamolderik. Batez ere, baztertu eginen dira kirol federazioek edo beste pertsona juridiko batzuek, elkarteak izan edo ez, berezkoak dituzten hitz, kontzeptu edo ikur, akronimo eta antzeko adierazpideak.
2. Ez dira zilegi izanen beren edukiagatik edo esanahiagatik indarkeriara bultza dezaketen ikurrak eta izenak, legeen aurkakoak direnak eta pertsonen oinarrizko eskubideak urratzen dituztenak.
3. Kirol klubak eta kirola sustatzeko erakundeak izenean ezin dira bat etorri, ezta nahasbidea eman dezakeen antzik izan ere, Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatutako beste ezein kirol erakunderekin, ezein pertsona publiko edo pribaturekin, lehendik diren erakundeekin eta pertsona fisikoekin, salbu eta interesatuak edo haren ondorengoek berariaz baimena ematen badiete; ezta marka erregistratu nabarmenekin ere, salbu eta markaren titularrak hala eskatu edo baimena ematen badie.
5. artikulua . Bazkideen eskubideak.
Kirol klubetako eta kirola sustatzeko erakundeetako bazkideek eskubide hauek izanen dituzte, gutxienez:
a) Elkarteko bizitzan parte hartzea eta nork bere iritzia askatasunez azaltzeko bide arautuak izatea.
b) Kirol klubeko edo kirola sustatzeko erakundeko jardueretan eta gobernu eta ordezkaritza organoetan parte hartzea, boto eskubidea erabili ahal izatea, eta batzar orokorrean parte hartzea, estatutuetan ezarritakoari jarraikiz.
c) Nahi dutenean kirol klubetik edo kirola sustatzeko erakundetik bereizi ahal izatea.
d) Elkarteko organoak nortzuek osatzen dituzten jakitea.
e) Jardueren nondik norakoaren, akta liburuen, estatutuen eta kontuen egoeraren berri jakitea.
f) Diziplina neurriak jasan aurretik mintzatu ahal izatea eta halako neurriak zergatik ezartzen zaizkien jakitea. Zehapena ezartzen bazaie, erabakiaren arrazoiak azaldu behar zaizkie, hori guztia diziplinazko barne-araubideari jarraikiz.
g) Elkarteko organoen erabakiak inpugnatu ahal izatea, legearen edo estatutuen aurkakoak direla uste badute.
6. artikulua . Bazkideen betebeharrak.
Kirol klubetako eta kirola sustatzeko erakundeetako bazkideek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Kirol klubaren edo kirola sustatzeko erakundearen helburuak onartu eta horiek lortzen laguntzea.
b) Kuotak, derramak eta estatutuen arabera eskatzen ahal zaizkien bestelako ekarpenak ordaintzea.
c) Estatutu eta erregelamenduetako xedapenetatik ondorioztatzen diren betebeharrak betetzea.
d) Kirol klubeko edo kirola sustatzeko erakundeko gobernu organoek modu baliozkoan hartzen dituzten erabakiei men egitea eta haiek betetzea.
7. artikulua . Gobernu eta ordezkaritza organoak.
Kirol klubetan eta kirola sustatzeko erakundeetan batzar orokorra eta lehendakaria dira nahitaezko gobernu eta ordezkaritza organoak.
Gobernu organoetako kideek karguan aritzeagatik ordainsaririk hartzen ahal badute, hala agerrarazi behar da estatutuetan eta batzar orokorrak onetsitako urteko kontuetan.
8. artikulua . Batzar orokorra.
1. Batzar orokorra elkartearen gobernu organo gorena da eta bazkideek osatzen dute. Estatutuetan aintzat hartu ahal izanen da batzar orokorra bazkide konpromisarioek osatzeko aukera, boto eskubidea duten bazkide guztiek hautaturik. Estatutuetan besterik adierazi ezik, bazkideak 1.000 baino gutxiago direnean denek hartuko dute parte zuzenean batzar orokorrean, eta 1.000 baino gehiago direnean, gutxienez 100 konpromisario hautatu beharko dira 1.000 bazkideko edo zatikiko.
2. Urtean behin bilera egin behar du, urte bereko jardueren programa eta aurrekontua eta aurreko urteko jardueren memoria, aurrekontuaren likidazioa eta kontuak onesteko.
3. Batzar orokorrerako deia nahitaez egin behar da ondoko ekintzak onesteko: estatutuak aldatzea, maileguak hartzea, zor-tituluak edo hainbanako ondare zatiko tituluak jaulkitzea, ondasun higiezinak eskuratzea, ondasun higiezinak xedatu edo besterentzea, lehendakaria kargutik kentzea zentsura mozioaren bitartez, eta kirol kluba edo kirola sustatzeko erakundea desegitea.
4. Lehendakariari dagokio batzar orokorrerako deia egitea, edo bestela estatutuetan izendatutako organoari edo organoei, hurrengo paragrafoan ezarritakoa ezertan galarazi gabe.
Estatutuetan besterik xedatu ezik, lehendakariak batzar orokor berezirako deia eginen du baldin eta bazkideen ehuneko hamarrek, gutxienez, hala eskatzen badute. Batzarra egin nahi dutenek eskaera aurkeztu behar dute, eztabaidatu eta onesteko proposatzen dituzten gaien azalpenarekin batera. Proposatutako gaiak nahitaez sartu behar dira batzar orokorraren bilera bereziaren gai zerrendan.
5. Batzar orokorrerako deia, estatutuetan besterik xedatu ezik, bilera eguna baino hamabost egun lehenago egin beharko da beranduenera, eta gutxienez bilera egiteko tokia, eguna, ordua eta gaien zerrenda sartuko dira deialdian. Estatutuetan aurreikusi ahal izanen da batzar orokorraren bilera berezirako deia presaz egitea, bileraren eguna baino zazpi egun lehenago, beranduenera.
Estatutuetan araurik ez badago, bazkideek berek egin ahal izanen dute batzar orokorrerako deia, deialdi arrunta egiten den modu berean eta hartarako ezarritako baldintzak betez, baldin eta batzar orokorrerako deirik egiten ez bada hogeita hamar egun naturaleko epean, bazkideek baliozko moduan eginiko eskaera, aurreko idatz-zatian ezarritakoarekin bat, organo egokian sartzen denetik hasita.
6. Estatutuetan besterik xedatu ezik, batzar orokorra baliozko moduan eratzeko, lehenbiziko deialdian bazkideen herena bildu behar da (bazkideak berak nahiz ordezkariak), eta bigarren deialdian, bildutakoen kopurua gorabehera batzarra baliozko moduan eratuko da.
7. Estatutuetan besterik xedatu ezik, batzar orokorraren erabakiak bildutako bazkide edo ordezkarien gehiengo soilaz hartuko dira, hau da, aski izanen da baiezko botoak ezezkoak baino gehiago izatea. Erabakiaren gaia elkartearen desegitea, estatutuetako aldaketa, ondasunak xedatu edo besterentzea edo gobernu organoetako kideen ordainsaria izanez gero, bildutako bazkide edo ordezkarien gehiengo kualifikatua beharko da, alegia, emandako boto baliodunen erdiek baino gehiagok baiezkoak izan beharko dute.
Lehendakaria eta, horrelakorik izanez gero, zuzendaritza batzordea zentsura mozioaren bidez kargutik kentzeko, beharrezkoa izanen da estatutuetan ezarritako gehiengo kualifikatuaren onespena. Estatutuetan besterik adierazi ezik, bildutako bazkide edo ordezkarien gehiengo kualifikatua beharko da, hau da, emandako boto baliodunen erdiek baino gehiagok baiezkoak izan beharko dute.
9. artikulua . Lehendakaria.
1. Lehendakaria organo betearazlea da eta kirol klubaren edo kirola sustatzeko erakundearen ordezkaria; batzar orokorrerako deia egiten du eta bertan hartu erabakiak betearazten ditu.
2. Bazkideek edo, hala egokitzen bada, bazkide konpromisarioek hautatuko dute lehendakaria, estatutuetan ezarritakoari jarraikiz. Elkartearen estatutuek lehendakariaren agintaldiaren iraupena zehaztu beharko dute.
3. Lehendakaria eta, halakorik egonez gero, zuzendaritza batzordea batzar orokorrean onetsitako zentsura mozioaren bidez kargutik kentzeko aukera izanen da eta estatutuek arautu beharko dute. Zentsura mozioa egiten denean, lehendakari berria hautatzeko proposamena erantsi beharko da. Lehendakari berriak lehengo lehendakariaren agintaldia amaitu arte eutsiko dio aginteari.
4. Kirol klubeko edo kirola sustatzeko erakundeko lehendakariak ezin izanen da aldi berean lehendakari izan beste kirol klub edo kirola sustatzeko erakunde batean, ezta bere kluba edo kirola sustatzeko erakundea sartua dagoen federazioan ere.
10. artikulua . Zuzendaritza batzordea.
1. Elkartearen estatutuek aurreikusi ahal izanen dute kirol klubaren edo kirola sustatzeko erakundearen kudeaketa ekonomiko eta administratiborako kide anitzeko organo bat izatea, zuzendaritza batzordea izeneko organoa hain zuzen ere.
2. Elkartearen estatutuek, zuzendaritza batzordea izatea aurreikusten badute, beraren osaera, jardunbidea, kideak izendatu edo hautatzeko modua eta kideen kargu-uztea arautu beharko dituzte.
3. Zuzendaritza batzordearen erabakiak, estatutuetan besterik xedatu ezik, gehiengo soilaz hartuko dira, alegia, baiezko botoak ezezkoak baino gehiago direnean, eta haren bileren berri jasoko da akta liburuan.
11. artikulua . Batzorde kudeatzailea.
Lehendakariak zentsura mozioa ez beste edozein arrazoirengatik kargua uzten badu, hauteskunde prozesurako deia eginen da, lehendakaria hautatzeko. Estatutuek besterik xedatu ezik, zuzendaritza batzordeko gainerako kideek batzorde kudeatzailea eratuko dute, edo bazkideen arteko zozketa eginen da batzorde kudeatzailea izendatzeko. Batzorde kudeatzailea arituko da kirol klubaren edo kirola sustatzeko erakundearen ordezkaritza eta administrazio eginkizun arruntetan.
Batzorde kudeatzaileak, halakorik izatea aurreikusten bada, lehendakaritzarako hauteskundeetarako deia eginen du, estatutuetan edo erregelamendu bidez ezarritakoari jarraikiz. Estatutuetan edo erregelamendu bidez besterik ezarri ezean, batzorde kudeatzaileak 15 egun balioduneko epean egin beharko du hauteskundeetarako deia, izendatzen dutenetik aitzina.
12. artikulua . Hauteskunde araubidea.
Elkartearen estatutu edo erregelamenduek erregulatu behar dituzte lehendakaria hautatzeko araubidea eta, hala egokitzen denean, batzar orokorreko konpromisarioak edo zuzendaritza batzordeko kideak hautatzekoa. Gutxienez ondoko alderdiak zehaztuko dituzte:
a) Hauteskunde prozesua sustatu eta behar bezala egin dadin zaindu behar duten organoak.
b) Hautesleen errolda.
c) Hautagaiak aurkezteko prozedura eta betekizunak.
d) Bozketak behar bezala egin daitezen zaindu, hautesleen identitatea egiaztatu eta botoak zenbatzeko ardura duen organoa.
e) Lehendakariaren eta, hala egokituz gero, batzar orokorreko konpromisarioen edo zuzendaritza batzordeko kideen aldarrikapena.
f) Hauteskunde prozesuko egintzen aurkako erreklamazio eta errekurtsoen araubidea.
13. artikulua . Barneko diziplina araubidea.
1. Kirol klubek eta kirola sustatzeko erakundeek beren estatutu edo erregelamenduetan zehaztu eta erregulatu behar dute zer nolako diziplina araubidea aplikatuko zaien beren bazkideei.
2. Barneko diziplina araubideak arau-hausteak eta zehapenak bilduko ditu, eta bai diziplina esparru orokorra ere, kirol erakundeetako kideen arteko eta bai kide horien eta erakundearen arteko harreman, eskubide eta betebeharren ondorioz sortua.
3. Nafarroako kirol federazio batean sartutako kirol klub edo kirola sustatzeko erakundeek zilegi izanen dute estatutuetan aukera ematea beren barneko diziplina araubidea aplikatuz ezarritako zehapenen kontra federazioko diziplina organoetan errekurtsoa egiteko, baldin kasuko kirol federazioaren estatutuek aukera hori aintzat hartzen badute.
4. Ez da zilegi izanen Nafarroako Kirol Justiziako Batzordean administrazio bideko errekurtsoa jartzea barneko diziplina araubidea aplikatuz ezarritako zehapenen kontra.
14. artikulua . Dokumentuen araubidea eta kontabilitatearena.
1. Kirol klubek eta kirola sustatzeko erakundeek honako agiriak izan behar dituzte, gutxienez:
a) Bazkideen zerrenda eguneratua, bazkideen liburua deituko dena. Bertan bazkidearen izena eta bi deiturak jarriko dira, pertsona fisikoa bada, edo izena, pertsona juridikoa bada; bazkide egin den eguna, bazkide izateari utzi dion eguna, bazkide zenbakia; karguak, halakorik badu, karguan hasi den eguna, kargua utzi duen eguna eta kargua uztearen arrazoia.
b) Kirol klubeko edo kirola sustatzeko erakundeko gobernu eta ordezkaritza organoetan ari diren kideen izenen zerrenda eguneratua.
c) Akta liburua izeneko agiria, gobernu eta ordezkaritza organoen bileretako aktak biltzen dituena, lehendakariak eta elkartearen egintzak ziurtatzeko ahalmena duen pertsonak edo kargudunak behar bezala sinatuak, eta gutxienez ondoko zehaztasunak dituztenak: bileraren eguna, ordua eta tokia, bildu direnen zerrenda, hartu diren erabakiak, bozketen emaitzak, eta erabakiei buruzko boto bereziak, halakorik izan bada.
d) Kontabilitate agiria, aplikatu behar zaizkion arau zehatzei jarraituz egina. Kontabilitate liburua deituko zaio, eta bertan jasoko diren datuek bide emanen dute kirol klubaren edo kirola sustatzeko erakundearen ondarearen, emaitzen, finantza-egoeraren eta jardueren berri zehatza jakiteko eta haren ondasunen inbentarioa egiteko.
2. Aurreko idatz-zatian aipatzen den dokumentazioa formatu digitalean egin ahal izanen da.
3. Bazkideek eskura izanen dituzte artikulu honetako lehen idatz-zatian aipatzen diren agiri guztiak, ordezkaritza organoen bitartez, eta datu pertsonalen babesari buruzko araudi orokorrean ezarritako moduan.
15. artikulua . Araubide ekonomikoa.
1. Kirol klubek eta kirola sustatzeko erakundeek aurrekontu propioa eta bakarra izanen dute. Batzar orokorrak urtero onetsi beharko du aurrekontua, eta bai haren likidazioa ere.
2. Kirol klubak edo kirola sustatzeko erakundeak jarduera ekonomikoetatik ateratzen dituen mozkinak bere xedeak betetzeko erabiliko ditu soil-soilik. Inoiz ere ez du zilegi izanen mozkinik banatzea bazkideei, bazkideen ezkontideei, ezkontzaren antzeko lotura duten bizikideei edo ahaideei, edo doan lagatzea irabazteko xedea duten pertsona fisiko eta juridikoei.
16. artikulua . Erantzukizuna.
1. Kirol klubek eta kirola sustatzeko erakundeek oraingo eta geroko beren ondasun guztiekin erantzunen diete beren betebeharrei.
2. Kirol klubetako eta kirola sustatzeko erakundeetako kideak banaka hartuta ez dira haien zorren erantzule izanen.
3. Gobernu eta ordezkaritza organoetako kide edo titularrak, eta kirol kluben edo kirola sustatzeko erakundeen izenean aritzen diren gainerako pertsonak, doluzko, erruzko edo axolagabekeriazko ekintzen ondorioz sortutako kalteen eta zorren erantzuleak izanen dira elkartearen, elkarteko kideen eta hirugarrenen aitzinean.
4. Goiko idatz-zatian aipatzen diren pertsonak beren eginkizunetan ari direnean egiten dituzten egintza eta omisioen eta bozkatzen dituzten erabakien erantzuleak izanen dira kirol klub edo kirola sustatzeko erakundearen, bazkideen eta hirugarrenen aitzinean.
5. Gobernu edo ordezkaritza organoetako kide edo titularren bati erantzukizuna bakarka egozterik ez badago, denak izanen dira artikulu honetako 3 eta 4. idatz-zatietan aipatutako egintza eta omisioen erantzule solidarioak, salbu eta onespen eta betearazpenean parte hartu ez zutela edota espreski egintzaren edo erabakiaren aurka egin zutela frogatzen dutenak.
6. Erantzukizun penalari dagokionez, lege penaletan ezarritakoa beteko da.
II. KAPITULUA. KIROL KLUBAK
17. artikulua . Kirol klubak.
1. Kirol klubak irabazteko asmorik gabeko elkarte pribatuak dira. Nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun osoa dituzte, helbidea Nafarroan dute, eta haien xedea kirol jarduerak sustatu eta egitea da.
Ikastetxeen esparruan, Foru Komunitateko hezkuntza administrazioak erregelamendu bidez onesten dituen arauak betez eta ikasleen artean kirola sustatu eta garatzeko xedearekin eratzen diren kirol klubei, berriz, ikastetxeetako kirol klub deituko zaie.
2. Kirol kluben jarduerek errespetatu egin behar dituzte eta ez dituzte inola ere eragotzi behar kirolaren arloko araudiak kirol federazioei ematen dizkien eginkizunak.
Kirol federazioei dagozkien eginkizunetan nahastea aski arrazoi izanen da hori egin duen kirol kluba Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistrotik kentzeko. Aurretik entzunaldia emanen zaie interesatuari eta kirol federazioari, eta zilegi izanen da erantzukizuna eskatzea, antolamendu juridikoari jarraikiz.
18. artikulua . Kirol kluben eraketa eta onarpen ofiziala.
1. Kirol klub bat eratzean honako baldintzak bete beharko dira kirolaren arloko Foru Komunitateko araudiak agintzen duenaren arabera onarpen ofiziala emanen bazaio:
a) Sorrerako akta izatea, agiri publiko edo pribatuz formalizatua, hiru pertsona fisiko edo juridikok edo gehiagok sinatua Erregistroan aurkeztu baino hilabete lehenago, gutxienez.
b) Bazkide sortzaileek klubaren estatutuak onestea, foru dekretu honen 19. artikuluan jaso diren alderdiak arautzeko.
2. Sorrerako aktak ondoko hauek bilduko ditu:
a) Kirol klubaren sustatzaileen izen-deiturak, pertsona fisikoak badira, eta izenak edo sozietate-izenak, pertsona juridikoak badira, eta guztien nazionalitateak eta helbideak.
b) Sustatzaileen borondatearen azalpena, zeinean kirola sustatu eta egiteko elkartea eratu nahi dutela eta kirol arloko araudiari men egiten diotela adierazten baitute, eta egin dituzten itunen azalpena, halakorik egonez gero, eta elkartearen izena.
c) Onetsitako estatutuak.
d) Akta egiletsi den tokia eta eguna, eta sustatzaileen sinadurak, edo, pertsona juridikoak badira, ordezkarienak.
e) Behin-behineko gobernu organoetako kideen izendapena.
3. Kirol klubei onarpen ofiziala emanen zaie Nafarroako kirol erakunde gisa, Kirolari buruzko Foru Legean ezarritako ondorioak izan ditzan, Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatutakoan.
19. artikulua . Kirol kluben estatutuak.
1. Kirol kluben estatutuek ondoko alderdi hauek arautu beharko dituzte, titulu honetan ezarritakoarekin bat:
a) Kirol klubaren izena.
b) Helbide soziala, eta jarduera-eremu nagusia, hau da, Nafarroako lurraldea.
c) Iraupen epea, kirol kluba denbora mugarik gabe eratzen ez bada.
d) Sozietatearen xedea, Foru Komunitateko kirol arloko araudian ezarritakoaren arabera. Xedearen azalpenean zehatz adierazi behar da elkarteak zein helburu dituen, zertan arituko den eta, kasua bada, zein federaziotan sartuko den.
e) Bazkideak onartzeko, baja emateko, zehatzeko eta klubetik bereizteko baldintzak eta modalitateak, eta bazkide kategoriak, horrelakorik badago. Kuotak ez ordaintzearen ondorioak ere atal honetan sartzen ahal dira.
f) Bazkideen eskubideak eta betebeharrak, eta bazkide kategoria bakoitzari dagozkionak, halakorik badago.
g) Aurrerantzean elkartean sar litekeen edozeinen sarrera araubidea, eskubideak eta betebeharrak.
h) Kirol klubaren jardunbide demokratikoa bermatuko duten irizpideak.
i) Gobernu eta ordezkaritza organoak, haien osaera, kideak hautatu eta ordezteko arau eta prozedurak, eskumenak, karguen iraupena, kargutik kentzeko arrazoiak, erabakiak eztabaidatu, hartu eta betearazteko modua, erabakiak ziurtatzeko ahalmena duten pertsonak edo karguak, organo horiek modu baliozkoan eratzeko baldintzak, eta zenbat kide behar diren organoen bilkuretarako deiak egin ahal izateko edo bilkurako zerrendarako gaiak proposatzeko.
j) Kideei eta, oro har, elkartean sartzen diren pertsonei aplikatu behar zaien barneko diziplina araubidea.
k) Hasierako ondarea eta erabili ahalko diren baliabide ekonomikoak.
l) Estatutuak aldatzeko prozedura.
m) Administrazio, kontabilitate eta dokumentazio araubidea, gutxienez bazkideen erregistro liburuak, akten liburuak eta kontabilitate liburuek osatua, eta sozietatearen ekitaldia ixten den eguna.
n) Zuzendarien eta bazkideen erantzukizunaren araubidea.
ñ) Kirol kluba desegiteko arrazoiak, eta deseginez gero ondarea zertarako erabiliko litzatekeen, betiere irabazteko xederik gabe, erakundearen izaerari dagokionez.
2. Estatutuetan, aurrekoez gain, zilegi diren xedapen eta baldintza guztiak sartu ahalko dira, non eta legeek agintzen dutenari kontra egin edo elkartearen sorrerako printzipioak ukatzen ez dituzten.
3. Estatutuen edukia ezin izanen da antolamendu juridikoaren aurkakoa izan.
III. KAPITULUA. KIROLA SUSTATZEKO ERAKUNDEAK
20. artikulua . Kirola sustatzeko erakundeak.
1. Kirola sustatzeko erakundeak irabazteko asmorik gabeko elkarte pribatuak dira, nortasun juridiko eta jarduteko gaitasun osoa dutenak, helbidea Nafarroan dutenak, Nafarroako kirol erakundeez osatuak. Haien xedea da Nafarroako Komunitatean kirol modalitate gisa onarturik ez dauden kirol jarduerak oro har sustatzea eta kirol lehiaketak antolatzea.
2. Kirola sustatzeko erakundeen jarduerek errespetatu egin behar dituzte eta ez dituzte inola ere eragotzi behar kirolaren arloko araudiak kirol federazioei ematen dizkien eginkizunak.
Nafarroako kirol federazioek arautzen dituzten modalitateetako kirol lehiaketak antolatzen dituztenean, kirola sustatzeko erakundeek informazioa eman behar diote kasuan kasuko kirol federazioari lehiaketa antolatu aurretik, gutxienez hamabost egun baliodun lehenago.
Kirol federazioei dagozkien eginkizunetan nahastea aski arrazoi izanen da kirola sustatzeko erakundea Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistrotik kentzeko. Aurretik entzunaldia emanen zaie interesatuari eta kirol federazioari, eta zilegi izanen da erantzukizuna eskatzea, antolamendu juridikoari jarraikiz.
21. artikulua . Kirola sustatzeko erakundeen eraketa eta onarpen ofiziala.
1. Kirola sustatzeko erakunde bat eratzean honako baldintzak bete beharko dira kirolaren arloko Nafarroako araudiak agintzen duenaren arabera onarpen ofiziala emanen bazaio:
a) Sorrerako akta izatea, agiri publiko edo pribatuz formalizatua, Nafarroako bost kirol erakundek edo gehiagok sinatua, Erregistroan aurkeztu baino hilabete lehenago, gutxienez. Kirol erakunde sustatzaile horietako bakoitzak gutxienez berrogeita hamar bazkide dituela frogatu beharko du.
b) Kirol erakunde sortzaileek kirola sustatzeko erakundearen estatutuak onestea, foru dekretu honen 23. artikuluan jaso diren alderdiak arautzeko.
2. Sorrerako aktak ondoko hauek bilduko ditu:
a) Kirola sustatzeko erakundea sortu duten Nafarroako kirol erakundeen izen edo sozietate-izenak eta helbideak.
b) Sustatzaileen borondatearen azalpena, zeinean adieraziko baitute elkartea eratu nahi dutela Nafarroan kirol modalitate gisa onarturik ez dauden kirol jarduerak oro har sustatzeko, edo Nafarroako lurraldean, nagusiki, kirol lehiaketak antolatzeko, eta kirol arloko araudiari men egiten diotela; eta egin dituzten itunen azalpena, halakorik egonez gero, eta erakundearen izena.
c) Onetsitako estatutuak.
d) Akta egiletsi den tokia eta eguna, eta kirol erakunde sustatzaileen ordezkarien sinadurak.
e) Behin-behineko gobernu organoetako kideen izendapena.
3. Kirola sustatzeko erakundeei onarpen ofiziala emanen zaie Nafarroako kirol erakunde gisa, Kirolari buruzko Foru Legean ezarritako ondorioak izan ditzan, Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatutakoan.
Kirola sustatzeko erakundeetako bazkideak Nafarroako kirol erakundeak izanen dira.
23. artikulua . Kirola sustatzeko erakundeen estatutuak.
1. Kirola sustatzeko erakundeen estatutuek ondoko alderdi hauek arautu beharko dituzte, titulu honetan ezarritakoarekin bat:
a) Kirola sustatzeko erakundearen izena.
b) Helbide soziala, eta jarduera eremu nagusia, hau da, Nafarroako lurraldea.
c) Iraupen epea, kirola sustatzeko erakundea denbora mugarik gabe eratzen ez bada.
d) Sozietatearen xedea, Foru Komunitateko kirol arloko araudian ezarritakoaren arabera. Xedearen azalpenean zehazki adierazi behar da elkarteak zein helburu dituen, zertan arituko den eta, kasua bada, zein federaziotan sartuko den.
e) Bazkideak onartzeko, baja emateko, zehatzeko eta erakundetik bereizteko baldintzak eta modalitateak. Bazkideei kuotak ez ordaintzeak ekarriko dizkien ondorioak ere sartzen ahal dira.
f) Bazkideen eskubideak eta betebeharrak.
g) Kirola sustatzeko erakundearen jardunbide demokratikoa bermatuko duten irizpideak.
h) Gobernu eta ordezkaritza organoak, haien osaera, kideak hautatu eta ordezteko arau eta prozedurak, eskumenak, karguen iraupena, kargutik kentzeko arrazoiak, erabakiak eztabaidatu, hartu eta betearazteko modua, erabakiak ziurtatzeko ahalmena duten pertsonak edo karguak, organo horiek modu baliozkoan eratzeko baldintzak, eta zenbat kide behar diren organoen bilkuretarako deiak egin ahal izateko edo bilkurako zerrendarako gaiak proposatzeko.
i) Kideei aplikatu behar zaien barneko diziplina araubidea.
j) Hasierako ondarea eta erabili ahalko diren baliabide ekonomikoak.
k) Estatutuak aldatzeko prozedura.
l) Administrazio, kontabilitate eta dokumentazio araubidea, gutxienez bazkideen erregistro liburuak, akten liburuak eta kontabilitate liburuek osatua, eta sozietatearen ekitaldia ixten den eguna.
m) Zuzendarien eta bazkideen erantzukizunaren araubidea.
n) Kirola sustatzeko erakundea desegiteko arrazoiak, eta deseginez gero ondarea zertarako erabiliko litzatekeen, betiere irabazteko xederik gabe, erakundearen izaerari dagokionez.
2. Estatutuetan, aurrekoez gain, zilegi diren xedapen eta baldintza guztiak sartu ahalko dira, non eta legeek agintzen dutenari kontra egin edo elkartearen sorrerako printzipioak ukatzen ez dituzten.
3. Estatutuen edukia ezin izanen da antolamendu juridikoaren aurkakoa izan.
II. TITULUA. KIROL KLUB FILIALEZ
Titulu honen xedea da kirol klub filialen araubidea erregulatzea, Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legearen ondorioetarako.
25. artikulua . Kirol klub filialak.
Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan kirol klub filial gisa sartu ahal izanen dira nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun osoa dituzten erakunde publiko edo pribatuak, baldin eta kirol jarduerak sustatzeko xedea badute, besteak beste, edo pertsona fisikoentzat kirol jarduerak antolatzen eta zuzentzen badituzte.
26. artikulua . Kirol klub filialen araubide juridikoa.
Kirol klub filial deiturarekin kirol erakunde gisa onartuak izan nahi duten erakundeek, beren onarpen ofiziala, beraietan sartutako kirolarien antolamendua eta funtzionamendu-arauak eta beren kirol jarduerak direla-eta, ondokoak bete behar dituzte: Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legea, honako foru dekretu hau, beren estatutu edo barne-araubideko erregelamenduak, eta onartutako erakundearen eta hartan sartutako kirolarien gobernu edo zuzendaritza organo eskudunek modu baliozkoan hartzen dituzten erabakiak.
27. artikulua . Kirol klub filialen onarpen ofiziala.
1. Aipatu erakundeak Nafarroako kirol erakundetzat hartuko dira, Kirolari buruzko Foru Legearen ondorioetarako, Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatutakoan.
2. Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan klub filial gisa inskribatu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Erakundeko gobernu edo zuzendaritza organo eskudunak sinatutako erabakia aurkeztea. Bertan jaso behar da erakundeak Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatu nahi duela kirol arloko Nafarroako araudian ezarritako ondorioetarako, eta men egiten diola araudi horri, berak garatzen duen kirol jarduerari aplikatu behar zaion heinean.
b) Erakundeko gobernu edo zuzendaritza organo eskudunak kirol jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoen ordezkaritza eta gobernu organoei emandako onespena, eta azken organo horiek bete beharko dituzten funtzionamendu arauak.
Kirol jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoen taldeak berez, hau da, kirola sustatzen edo kirol jarduerari babesa ematen dion erakundearengandik bereizita, ez du nortasun juridikorik izanen.
3. Erakunde horiek "kirol klub filiala" deiturarekin sartuko dira Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan, ondotik erakundearen izen orokorra datorrela.
III. TITULUA. NAFARROAKO KIROL FEDERAZIOEZ
I. KAPITULUA. ARAU OROKORRAK
28. artikulua . Xedea, kontzeptua eta jarduteko eremua.
1. Titulu honen xedea da kirol federazioen araubidea erregulatzea, Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legearen ondorioetarako.
2. Kirol federazioak elkarte gisako eta irabazteko asmorik gabeko erakunde pribatuak dira, helburu nagusitzat Foru Komunitateko lurraldean onarpena duten kirol modalitateak sustatu eta garatzea dutenak.
3. Kirol federazioak Nafarroan arituko dira, eta Nafarroan izanen dute helbide soziala.
4. Kirol federazioetan biltzen dira kirol klubak, kirol klub filialak, ikastetxeetako kirol klubak, kirol sozietate anonimoak (denak ere, helbide soziala Nafarroan dutenak), kirolariak, teknikariak, juezak edo jokozainak eta, hala bide denean, kasuko kirol modalitateak bultzatu, egin edo garatzen laguntzen duten beste talde guztiak.
5. Kirol federazioek nortasun juridiko propioa dute, eta beren helburuak iristeko ahalmen osoa.
6. Kirol federazioek, trafiko juridiko pribatuaren arloan dituzten eginkizunez gain, administrazio eiteko eginkizun publikoak ere hartzen dituzte delegazioz, eta kasu horretan Foru Komunitateko Administrazioaren lankide aritzen.
7. Foru Komunitatearen esparruan, foru dekretu honetan agintzen denaren arabera eratutako elkarteei baizik ez zaie emanen Nafarroako kirol federazioaren izena.
8. Kirol federazioak onura publikoko entitateak dira. Ordenamendu juridikoan halako erakundeei ematen zaizkien abantailak izanen dituzte eta fundazioen eta babes jardueren zerga araubideari buruzko araudian ezarritako zerga araubidea aplikatuko zaie.
29. artikulua . Kirol federazioen araubidea.
1. Kirol federazioak Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legeari, honako foru dekretu honi, Foru Komunitateko Administrazioak ematen dituen xedapenei, behar bezala onetsitako beren estatutu eta erregelamendu zehatzei eta beren gobernu organoek modu baliozkoan hartzen dituzten erabakiei lotuko zaizkie.
2. Foru Komunitateko kirolaren arloko araudian aurreikusi gabeko gai orotan, modu osagarrian aplikatuko da Estatuan gai horietan indarra duen legeria edo araudia.
30. artikulua . Kirol modalitateak.
1. Kirol federazio bat eratzeko baimena emateak haren kirol modalitatea edo modalitateak Nafarroan onartzea dakar berekin.
2. Kirol modalitate bakoitza kirol federazio bakar batek antolatu eta arautuko du. Hala ere, kirol federazio arruntez gain, kirol anitzeko federazioak sortu ahal izanen dira, ezintasun fisiko, psikiko, zentzumenezko edo mistoak izan eta kirol modalitate desberdinetan aritzen diren kirolariak biltzeko.
3. Foru Komunitateko kirol administrazioak, interes orokorra dela eta, antzeko kirol federazio bi edo gehiago batuz federazio berriak sor daitezen sustatu ahal izanen du.
31. artikulua . Federazioko lizentziak.
1. Pertsona fisiko edo juridikoek federazioko lizentzia eskuratu beharko dute kirol federazioetan sartzeko.
2. Nafarroako kirol lehiaketa ofizial ez profesionaletan parte hartu ahal izateko, lehiaketarako lizentzia edo gaitasun agiria lortu beharko da, kasuan kasuko federazioak bere kirol modalitateko lehiaketak antolatzeko ezarritako araubideari jarraikiz.
3. Federazioko lizentziak eman eta berritzea modu arautuan eginen da, lege, estatutu eta erregelamenduetan ezarritako baldintzak betez.
4. Federazioko lizentziak hilabeteko epean eman eta berrituko dira, eskaera aurkezten denetik hasita. Epe hori iraganik, federazioak eskatu zaion lizentzia eman ez badu, edo modu arrazoituan ukatu ez badu, lizentzia eman duela ulertuko da.
5. Federazioko lizentziak emateko baldintzak, lizentzien motak eta kategoriak eta lizentzia mota bakoitzari dagozkion eskubide eta betebeharrak federazioaren estatutu edo erregelamenduetan jasoko dira.
6. Federazioko lizentzia dutenei, istripuetarako aseguru egokia eginez, kalte-ordaina izatea ziurtatu behar zaie, kirol jarduera federatuaren ondorioz hil edo galera anatomiko nahiz funtzionalik izaten badute. Era berean, Foru Komunitatetik kanpo kirol jarduera federatua egiten dutenean osasun laguntza jaso ahal izatea ziurtatu behar zaie.
7. Foru Komunitateko kirol administrazioak zilegi izanen du kirol lizentzia jaso aurretik nahitaezko osasun azterketa egin beharra ezartzea, kirol jarduera bakoitzaren ezaugarriak edo lizentzia eskatzen duten kirolarien berezitasunak kontuan izanik.
32. artikulua . Kirol federazioen eginkizunak.
1. Trafiko juridiko pribatuaren arloan honako hauek dira Nafarroako kirol federazioen eginkizunak:
a) Kasuko kirol modalitatea sustatzea oro har, bai lehia-kirolari dagokionez eta bai guztientzako kirolari dagokionez.
b) Kasuko kirol modalitatea teknikoki arautu eta antolatzea.
c) Eginkizun hori kirol federazioei dagokie soilik, Nafarroako beste kirol erakundeen alderako.
d) Federazioko lizentzia ematea kirol federazioan sartzeko.
e) Erregelamendu bidez ezartzen zaion beste edozein eginkizun.
2. Nafarroako kirol federazioek, berezko eginkizunez gain, administrazio eiteko eginkizun publiko hauek ere eginen dituzte, Foru Komunitateko kirol administrazioak delegaturik, hura koordinatzaile eta begirale dutela, eta hortaz administrazio publikoaren lankide direla:
a) Zeinek bere kirol modalitatearen esparru orokorra antolatzea eta Nafarroako lehiaketa ofizial ez profesionalei baimena ematea.
b) Nafarroako lehiaketa ofizial ez profesionaletan parte hartzeko baimenak edo gaitasun agiriak ematea.
c) Bakoitzak bere modalitatean, erabakitzea zein teknikarik eta kirolarik osatuko dituzten Nafarroako kirol selekzioak.
d) Nafarroako kirol selekzioek kirol jarduera edo lehiaketetan parte har dezatela erabakitzea.
e) Kirolaren arloko diziplina ahalmena erabiltzea, bakoitzak bere kirol modalitatearen esparruan.
f) Nafarroako Kirol Justiziako Batzordearen erabakiak betearaztea eta bete daitezen begiratzea.
g) Foru Komunitateko kirol administrazioaren lankide aritzea kiroleko dopajea galarazi, kontrolatu eta zehatzen eta kiroleko indarkeria galarazi eta kontrolatzen.
h) Foru Komunitateko kirol administrazioaren lankide aritzea federazioetako kide diren pertsona fisiko edo juridikoei ematen zaizkien dirulaguntza ofizialak kontrolatzen.
i) Federazioetako hauteskundeak kontrolatzea.
j) Gizonezko eta emakumezkoen arteko berdintasuna sustatzea, Nafarroako administrazio publikoekin bat, sexuetako batek besteak baino ordezkaritza gutxiago duen kiroletan.
k) Delegazioz egozten zaizkien beste eginkizun guztiak.
3. Ez da zilegi izanen Nafarroako kirol federazioek eginkizun publikorik besteri delegatzea Foru Komunitateko administrazioaren baimenik izan gabe.
4. Zilegi diren beste errekurtsoak galarazi gabe, Nafarroako kirol federazioek delegazioz funtzio publikoetan ari direnean erabakitzen dituzten egintzen kontra zilegi izanen da administrazio bideko errekurtsoa jartzea Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeari zuzenduta.
5. Nafarroako kirol federazioek trafiko juridiko pribatuaren arloan beren eginkizun propioetan ari direla erabakitzen dituzten egintzen inguruko auziak, Botere Judizialari buruzko Lege Organikoan ezarritakoarekin bat, auzi zibilen jurisdikzioaren eskumenekoak izanen dira.
33. artikulua . Federazioen arteko hitzarmenak.
Nafarroako kirol federazioek zilegi izanen dute lankidetzarako hitzarmenak ezartzea beste lurralde batzuetako kirol federazioekin, autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizialak antolatzeko, aurrez Foru Komunitateko kirol administrazioaren baimena eskuraturik eta bestelako baimenak eskatu beharra galarazi gabe.
II. KAPITULUA. ERAKETA, ETA ONARPENA KENTZEA
34. artikulua . Eratzeko baimena.
1. Nafarroako kirol federazio bat eratzeko aurrez Foru Komunitateko kirol administrazioaren baimena beharko da.
2. Nafarroako kirol federazio bat osatzearen helburua kirol modalitate berria izan daiteke edo Foru Komunitatearen lurraldean lehendik onarpena zuen kirol modalitatea.
3. Foru Komunitateko kirol administrazioak zilegi izanen du kirol jarduerak edo kirol modalitateak bultzatzea lehendik eratutako Nafarroako kirol federazio batean integratzera.
35. artikulua . Eratzeko baimenaren eskaera.
Nafarroako kirol federazio bat eratzeko, beharrezkoa izanen da sustatzaileek eratzeko baimena eskatzea. Eskabideari agiri hauek erantsi behar zaizkio:
a) Sorrerako bileraren akta, agiri publiko edo pribatuz formalizatua, Nafarroako bost kirol klubek edo gehiagok sinatua, zeinean beren modalitateko kirol federazioa eratu nahi dutela eta Nafarroako Komunitateko kirol arloko araudiari borondatez men egiten diotela adierazten baitute, eta federazio berria Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzeko eskaera. Aktak Erregistroan aurkezten den eguna baino hilabete lehenagokoko data izanen du, gehienez ere.
Aktan jasoko dira erakunde sustatzaileen izen edo sozietate-izenak eta helbideak.
Aktari erantsita, kirol klub sustatzaileen batzar orokorrek baliozko moduan hartutako erabakien ziurtagiriak aurkeztuko dira. Erabaki horien bitartez kirol klubek adierazi behar dute kirol federazioa osatu eta hartan parte hartu nahi dutela, eta ordezkatuko duten pertsona fisikoa izendatu.
b) Klub sustatzaileetako bakoitzak bere kirol modalitatean Nafarroan aritzen diren kirolariek eskuratutako hogeita bost kirol lizentzia gutxienez bildu dituela egiaztatzeko agiriak. Hori dela eta, lizentziatzat joko dira kasuan kasuko modalitateko Espainiako federazioak edo lurralde federazioak emandakoak. Salbuespenez, kirol jardueraren ezaugarri bereziak kontuan izanik, kirolariak bere kirol modalitatean aritzen dela agiri bidez frogatzea nahikoa izanen da kirolari lizentziaduntzat hartzeko.
c) Klub sustatzaileek aurrez eginiko kirol jardueren memoria, kasuan kasuko kirol jarduera egiten gutxienez bi urte daramatzatela frogatzeko agiriak barne direla.
d) Kirol federazio berriaren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa frogatzeko memoria, kirol federazio berriaren antolamenduaren eta administrazio eta kirol kudeaketaren proiektua barne dela.
e) Federazio berriaren behin-behineko estatutuak, foru dekretu honen 39. artikuluan jasotako alderdiak barne direla.
f) Delako kirol jarduerak Foru Komunitateko lurraldean onarpena duten kirol modalitateen aldean identitate berezia duela frogatzeko memoria.
Hori dela eta, kirol administrazioak txostena eskatuko die antzeko modalitateetan Nafarroan diren kirol federazioei. Txostena ez da loteslea izanen.
g) Kirol jarduerari buruzko arau teknikoak.
h) Lehiaketa ofizialetan eta kirol jardueretan erabiliko diren sistemak, ebazpen edo kalifikazio moduak, antolamendua eta nondik norakoa azaltzen dituen txostena.
36. artikulua . Baimena eta behinbehineko onarpena ematea.
1. Foru Komunitateko kirol administrazioak sei hilabeteko epean ebatziko du kirol federazioa sortzeko baimenaren eskaera, aurkezten denetik aitzina. Epe horretan ebazpenik ematen ez badu, eskaerari ezetza eman diola ulertuko da.
2. Aurkeztutako dokumentazioak konpon daitezkeen akatsak edo hutsuneak dituela ikusten bada, Foru Komunitateko kirol administrazioak epea eman ahal izanen du akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak eta bestelako datuak aurkezteko.
3. Kirol federazioa eratzeko baimena ematen duen ebazpenak ondokoak onetsiko ditu:
a) Federazioaren eraketa.
b) Federazioaren estatutuak.
c) Hasierako hauteskunde prozesua, kirol federazioetako hauteskunde prozesuei buruzko Foru Komunitateko araudiari lotua, oro har. Prozesua amaitu arte, kide sustatzaileek gobernu eta ordezkaritza organoak osatuko dituzte edo organo horietako kideak izendatuko dituzte.
d) Federazioa Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan behin-behinean inskribatzea, bi urterako.
e) Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan onartzea kirol modalitatea edo modalitateak, hala egokitzen bada, eta biltzen dituzten espezialitatek, hala egokitzen bada.
4. Kirol federazioa eratzeko baimena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.
37. artikulua . Kirol federazioen behin betiko onarpen ofiziala.
Bi urteko epea iragan ondoren, Foru Komunitateko kirol administrazioak behin betiko onarpena eman ahal izanen dio federazioari, edo bestela onarpena kendu ahal izanen dio, federazioa sortzeko arrazoiak ezabatu badira edo haren xedeak betetzen ez badira..
38. artikulua . Kirol federazioei onarpen ofiziala kentzea.
1. Federazioa sortzeko kontuan hartu ziren baldintzak ezabatzen badira, edo federazioaren sorrerako xedeak betetzen ez badira, Foru Komunitateko kirol administrazioak zilegi izanen du kirol federazioari onarpena kentzea. Arrazoiak azaldu beharko ditu, eta aurrez prozedura egokia instruitu eta federazioari entzunaldia emanen dio.
2. Nafarroako kirol federazio bati onarpena kentzearen ondorioz:
a) Indargabetuko zaio, ofizioz, Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroko inskripzioa.
b) Nafarroako Kirolari buruzko Legeak ematen zizkion eskubide eta eginkizun guztiak galduko ditu.
c) Desegin beharra izanen du eta bere ondasun eta eskubide guztiak estatutuetan aurreikusita dituen xedeetarako erabili beharko ditu.
III. KAPITULUA. ESTATUTUAK
39. artikulua . Federazioen estatutuen edukia.
Kirol federazioen estatutuek ondoko alderdi hauek arautu beharko dituzte, titulu honetan ezarritakoarekin bat:
a) Izena.
b) Xedea, eginkizunak, kirol modalitatea edo modalitateak, eta horietan biltzen diren espezialitateak.
c) Federazioaren helbidea, eta jarduera-eremua, hau da, Nafarroako lurraldea, eta beraren lokalak eta instalazioak, halakorik baldin badu.
d) Batzar orokorra eta lehendakaria izanen dira gutxieneko ordezkaritza, gobernu eta administrazio organoak. Zehaztu beharko dira haien osaera, kideak hautatu eta ordezteko arau eta prozedurak, kargutik kentzeko arrazoiak, jardunbidea, eskumenak, erabakiak eztabaidatu, hartu eta betearazteko modua, eta erabakiak ziurtatzeko ahalmena duten pertsonak edo karguak.
e) Kideak, hala pertsona fisikoak nola juridikoak, onartzeko, baja emateko eta federaziotik bereizteko baldintzak eta prozedura. Kideen motak, eskubideak eta betebeharrak arautu beharko dira.
f) Federazioaren administrazio, ekonomia eta finantza, ondare eta dokumentazio araubidea. Barnean hartuko ditu hasierako ondarea eta erabili ahalko diren baliabide ekonomikoak.
g) Zuzendarien eta kideen erantzukizunaren araubidea.
h) Kirolaren arloko diziplina araubidearen esparru orokorra eta kirolaren arloko diziplina ahalmena erabiliko duten organoak, Foru Komunitateko kirolaren arloko araudian gai horri buruz ezarritakoarekin bat.
i) Arbitrajearen araubidea, auziak judizioz kanpo konpondu ahal izateko. Aukera emanen da Nafarroako Kirol Justiziako Batzordera jotzeko, berak eginen baititu epaile lanak eremu honetan.
j) Estatutuak aldatzeko eta federazioaren erregelamenduak onesteko araubidea.
k) Federazioa desegiteko arrazoiak, eta deseginez gero ondarea zertarako erabiliko litzatekeen, betiere irabazteko xederik gabe, erakundearen izaerari dagokionez.
40. artikulua . Estatutuetako aldaketak eta federazioen erregelamenduak.
1. Estatutuetako aldaketak eta federazioen erregelamenduak, delegazioz hartutako eginkizun publikoekin zerikusirik badute, Foru Komunitateko kirol administrazioak onetsi beharko ditu.
2. Foru Komunitateko kirol administrazioak zilegi izanen du aldaketak proposatzea, aipatu estatutu aldaketei eta erregelamenduei dagokienez, uste izaten badu federazioko kideen eskubideak eta bermeak ez direla behar adina ziurtatzen, edo, oro har, ez direla errespetatzen Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legean, honako foru dekretu honetan edo hura garatu eta betearazteko helburuarekin Foru Komunitateko Administrazioak ematen dituen xedapenetan ezarritako printzipioak.
3. Foru Komunitateko kirol administrazioak sei hilabeteko epean ebatziko du federazioek delegazioz hartutako eginkizun publikoak ukitzen dituzten estatutu aldaketak edo erregelamenduak onesteko eskaera. Epe horretan ebazpenik ematen ez badu, eskaerari ezetza eman diola ulertuko da.
Foru Komunitateko kirol administrazioak federazioen estatutu aldaketa edo erregelamendu horiek onetsiz gero, ofizioz inskribatuko dira Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan.
4. Delegazioz hartutako eginkizun publikoak ukitzen dituzten estatutu aldaketek eta erregelamenduek Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzen direnetik aitzina izanen dituzte ondorioak federazioetako kideentzat eta hirugarrenentzat.
5. Estatutuetako aldaketak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko dira, eta federazioak haien onespenaren iragarkia jarri beharko du Foru Komunitateko bi egunkaritan, gutxienez.
6. Nafarroako kirol federazioek beren estatutu edo federazio erregelamenduen kopia eman beharko diete hura eskatzen duten kide guztiei, pertsona fisiko nahiz juridiko izan.
IV. KAPITULUA. GOBERNU ORGANOAK
41. artikulua . Kirol federazioen egitura organikoa eta funtzionamendu araubidea.
1. Kirol federazioek beren estatutu eta erregelamenduetan arautuko dituzte beren egitura organikoa eta funtzionamendu araubidea, Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legean, foru dekretu honetan eta Foru Komunitateko Administrazioaren xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.
2. Nafarroako kirol federazioen egitura organikoa eta funtzionamendu araubidea betiere ordezkaritza eta parte-hartze demokratikoaren araberakoak izanen dira.
3. Kirol federazioetako kideek eskubide hauek izanen dituzte gutxienez:
a) Elkarteko bizitzan parte hartzea eta nork bere iritzia askatasunez azaltzeko bide arautuak izatea, estatutu edo erregelamendu bidez zehaztutako moduan.
b) Federazioko jardueretan eta gobernu eta ordezkaritza organoetan parte hartzea, boto eskubidea erabili ahal izatea, eta batzar orokorrean parte hartzea, hori guztia federazioaren estatutuetan edo erregelamenduetan ezarritakoaren arabera.
c) Nahi dutenean federaziotik bereiztea.
d) Federazioko organoak nortzuek osatzen dituzten jakin ahal izatea.
e) Jardueren nondik norakoaren, akta liburuen, estatutuen eta kontuen egoeraren berri jakitea, federazioaren estatutuetan edo erregelamenduetan ezarritako bideei eta prozedurari jarraikiz.
f) Federazioko organoen erabakiak inpugnatu ahal izatea, legearen edo estatutuen aurkakoak direla uste badute.
4. Kirol federazioetako kideek betebehar hauek izanen dituzte gutxienez:
a) Kirol federazioaren helburuak onartu eta horiek lortzen laguntzea.
b) Kuotak, derramak eta estatutuen arabera eskatzen ahal zaizkien bestelako ekarpenak ordaintzea.
c) Estatutu eta erregelamenduetako xedapenetatik ondorioztatzen diren betebeharrak betetzea.
d) Kirol federazioko gobernu eta ordezkaritza organoek modu baliozkoan hartzen dituzten erabakiei men egitea eta haiek betetzea.
42. artikulua . Kirol federazioetako gobernu eta ordezkaritza organoak.
1. Kirol federazioetan, batzar orokorra eta lehendakaria dira nahitaezko gobernu eta ordezkaritza organoak, hautespen bidez osatu beharrekoak.
2. Federazioen estatutuetan aurreikusi eta arautu ahal izanen da gobernu eta ordezkaritza organoez gain beste batzuk izatea, haien osagarri eta lagungarri.
43. artikulua . Kirol federazioetako batzar orokorrerako eta lehendakaritzarako hautesleak eta hautagaiak.
1. Federazioko batzar orokorrerako eta lehendakaritzarako hauteskundeetan, hautesle izanen dira ondoko multzo hauetan dauden federazioko kideak, baldin eta federazioan dagoeneko denboraldi bateko antzinatasuna badute gutxienez, hauteskundeak egiten diren denboraldian:
a) Adin nagusikoak izan eta federazioko lizentzia indarrean duten kirolariak.
b) Federazioko lizentzia indarrean duten kirol klubak, klub filialak, ikastetxeetako klubak eta kirol sozietate anonimoak.
c) Adin nagusikoak izan eta federazioko lizentzia indarrean duten teknikari, epaile, arbitro eta parekoak.
Federazioko lizentziatzat hartuko da kirol federazioan sartzea berekin dakarrena.
2. Federazioaren estatutuetan jasoko da federazioko lizentzien kategorien artean zeinek dakarren berekin boto eskubidea izatea gobernu eta ordezkaritza organoak hautatzen direnean.
3. Federazioko hauteskundeei buruzko erregelamenduan baldintza bereziak ezarri ahalko dira gobernu eta ordezkaritza organoen hautesle izateko, kirol modalitatearen izaera eta berezitasunak kontuan izanik. Betiere Foru Komunitateko kirol administrazioak ordezkaritzaren eta parte-hartze demokratikoaren printzipioak bete daitezen begiratuko du, eta helburu horrekin, zilegi izanen du aipatu baldintzen onespena ukatzea.
4. Foru Komunitateko kirol administrazioak zehaztu ahal izanen ditu gobernu eta ordezkaritza organoen hautesle izateko baldintzak, hobeki identifikatu eta mugatu daitezen, kirol modalitate bakoitzaren berezitasunen arabera.
44. artikulua . Kirol federazioetako batzar orokorrerako eta lehendakaritzarako hautagaiak.
1. Adin nagusiko eta hautesle diren pertsona fisikoak izanen dira batzar orokorrerako hautagai, kirolari, teknikari, epaile, arbitro eta parekoen ordezkari gisa.
2. Hautesle diren kirol erakundeak izanen dira batzar orokorrerako hautagai, kirol erakundeen ordezkari gisa. Hautatutako kirol erakundeek ordezkari iraunkor bana aukeratuko dute eta beraren bitartez hartuko dute parte batzar orokorrean.
3. Adin nagusiko pertsona fisikoak izanen dira federazioko lehendakaritzarako hautagai, federazioko hautesle badira, edo federazioko erakunde hautesleren batek proposatzen baditu. Azken kasu horretan, proposatutako pertsonak ez du zertan izan hautesle, eta hautatua izanez gero, bera proposatu duen erakundearengandik aske eta loturarik gabe arituko da lehendakaritzan, eta erakunde horren babesa galtzen badu ere ezin izanen dute kendu lehendakaritzatik.
4. Federazioko hauteskundeei buruzko erregelamenduan baldintza bereziak ezarri ahalko dira gobernu eta ordezkaritza organoetarako hautagai izateko, kirol modalitatearen izaera eta berezitasunak kontuan izanik. Betiere Foru Komunitateko kirol administrazioak ordezkaritzaren eta parte-hartze demokratikoaren printzipioak bete daitezen begiratuko du, eta helburu horrekin, zilegi izanen du aipatu baldintzen onespena ukatzea.
5. Foru Komunitateko kirol administrazioak zehaztu ahal izanen ditu gobernu eta ordezkaritza organoetarako hautagai izateko baldintzak, hobeki identifikatu eta mugatu daitezen, kirol modalitate bakoitzaren berezitasunen arabera.
45. artikulua . Kirol federazioetako hauteskunde prozesuaren arauketa.
1. Federazioaren batzar orokorreko kideak eta lehendakaria hautatzeko prozesuen nondik norakoak erregelamendu bidez arautuko dira, ordezkaritzaren eta parte-hartze demokratikoaren printzipioei jarraikiz, eta kirol modalitateen berezitasunak aintzat hartuz.
2. Foru Komunitateko kirol administrazioak erregulatuko du federazioetako hauteskunde prozesuen araubidea, karguen bateraezintasunen arrazoiak barne direla, estatutuetan ezar litezkeen bateraezintasun arrazoiak alde batera utzi gabe.
3. Hauteskunde prozesurako deia eginda, kirol federazioko gobernu eta ordezkaritza organoetako kideek beren eginkizunak egiten jarraituko dute harik eta ondorengoak karguaz jabetzen diren arte.
4. Federazioko lehendakaria eta batzar orokorreko kideak hautatzeko prozesuetan ez da zilegi izanen botoa postaz ematea.
5. Federazioen hasierako eratze-prozesuaren berezitasuna dela eta, lehenbiziko hauteskunde prozesua arautu behar duen hauteskunde-erregelamenduak arauketa zehatza aurreikusi ahal izanen du gobernu eta ordezkaritza organoetarako hautesle eta hautagai izateko.
6. Federazioko organo teknikoetako kideek, edozein dela ere beraiek izendatzeko prozedura, beren eginkizunak egiten jarraituko dute ondorengoak karguaz jabetu arte.
46. artikulua . Kirol federazioetako batzar orokorra.
1. Batzar orokorra kirol federazioetako organo gorena da eta bertan federazioko estamentu guztiek dute ordezkaritza: kirol klubek, klub filialek, ikastetxeetako klubek, kirol sozietate anonimoek, eta kirolari, teknikari, epaile, arbitro eta parekoek.
Beste kolektiboren bat federazioak xede dituen kirol modalitateetan aritzen bada, edo horien sustapenean eta garapenean laguntzen badu, batzar orokorrean parte hartu ahal izanen du, federazioaren estatutuek zehaztuko duten moduan.
2. Batzar orokorreko kideak lau urtean behin hautatuko dira, joko olinpiarren zikloarekin bat. Federazioa osatzen duten estamentuetako kideek hautatuko dituzte, estatutuetan ezarritako portzentajeen arabera, eta Foru Komunitatean federazioen hauteskunde prozesuak erregulatzen dituen araudiari jarraikiz.
3. Kirol federazioen estatutuek aurreikusi eta arautu ahal izanen dute batzar orokorraren barnean batzorde delegatuak izatea, kirol modalitate edo espezialitate desberdinetarako. Batzorde horiek gobernu, administrazio eta ordezkaritza eginkizun zehatzak izanen dituzte, zeinek bere kirol modalitate edo espezialitatearen eremuan.
Batzar orokorreko batzorde delegatuen osaera, eginkizunak eta berritzeko sistema federazioaren estatutuetan ezarriko dira.
47. artikulua . Kirol federazioetako batzar orokorraren eskumenak.
Batzar orokorrak eskumen hauek izanen ditu, estatutuetan ematen ahal zaizkionak galarazi gabe:
a) Federazioaren jardueren programa eta hurrengo urteko aurrekontua onestea.
b) Federazioak egindako jardueren memoria eta urteko aurrekontu burutuaren likidazioa onestea.
c) Federazioaren estatutu eta erregelamenduak onestea eta aldatzea.
d) Lehendakaria hautatzea eta mozio zentsuraren bidez kargutik kentzea.
e) Federazioko lizentziak eman eta berritzeko arauak eta federazioko kuotak onestea.
f) Kirol selekzioetan parte hartzeko irizpideak.
g) Dirua maileguz hartzea eta zor-tituluak edo hainbanako ondare zatiko tituluak jaulkitzea.
h) Ondasunak eskuratu, xedatu eta besterentzeko eta federazioaren langileak, hornidurak eta zerbitzuak aukeratzeko prozedurak onestea.
48. artikulua . Kirol federazioetako batzar orokorraren bilerak.
1. Hona hemen batzar orokorraren bileren araubidea:
a) Bilera arrunta: Batzar orokorrak urtean behin eginen du osoko bilkura, lehendakariak deituta. Gutxienez ere, bilkura horretan federazioaren jardueren programa eta hurrengo urteko aurrekontua onetsiko dira, eta halaber, egindako jardueren memoria eta aurreko urteko aurrekontu burutuaren likidazioa onetsiko dira.
b) Bilera berezia: Batzar orokorraren gainerako bilerak bereziak izanen dira. Lehendakariak eginen du deia, bere kabuz edo batzarreko kideen %40k, gutxienez, hala eskaturik, zernahi aztertzeko. Batzar berezia egiteko eskaerarekin batera, bertan eztabaidatu eta onetsi nahi diren gaien zerrenda aurkeztu beharko da.
Batzar orokorra egiteko eskaera behar adina batzarkidek baliozko moduan aurkeztu ondotik, bilera hilabeteko epean egin beharko da nahitaez, eta federazioko lehendakariak horretarako dei egokia eginen du. Proposatutako gaiak nahitaez sartuko dira batzar orokorraren bilera bereziko aztergaien zerrendan.
Batzar orokorra egin dadila eskatzen duten batzarkideek berek egin ahal izanen dute deia, deialdi arrunterako ezarritako moduan eta baldintza berberak betez, baldin eta batzar orokorrerako deirik egiten ez bada hilabeteko epean, baliozko moduan eginiko eskaera organo eskudunak jaso eta biharamunetik aitzina zenbaturik.
2. Batzar orokorraren bilera arrunterako nahiz berezirako deia egitea federazioko lehendakariari dagokio, eta estatutuetan zehazten den organoari edo organoei ere bai, hala denean.
3. Batzar orokorraren bilera egiteko ezarritako eguna baino hamabost egun natural lehenago, gutxienez, eginen da deia, eta honako datuak erantsiko zaizkio, gutxienez: bilera egiteko tokia, eguna, ordua, eta aztergaien zerrenda.
Batzar orokorraren bilerarako deia jendaurrean jarriko da federazioaren iragarki oholean, bilera eguna baino hamabost egun lehenago, eta batzarkideei banan-banan jakinaraziko zaie.
Federazioaren estatutuetan aurreikusi ahal izanen da batzar orokorraren bilera berezirako deia presaz egitea. Presako deia bilera eguna baino zazpi egun natural lehenago eginen da, beranduenera.
Horrelakoetan, dei agirian bilera presakoa dela ohartaraziko da eta zergatikoa azalduko da.
4. Batzar orokorra baliozko moduan eratzeko, lehenbiziko deialdian batzarkideen erdiak gehi bat bildu behar dira, eta handik ordu erdira gutxienez, bigarren deialdian, bildutakoen kopurua gorabehera, batzarra baliozko moduan eratuko da, salbu eta estatutuetan bigarren deialdirako bestelako quoruma ezartzen denean.
5. Estatutuetan besterik xedatu ezik, batzar orokorraren erabakiak bildutako batzarkideen gehiengo soilaz hartuko dira, hau da, aski izanen da baiezko botoak ezezkoak baino gehiago izatea. Erabakiaren gaia federazioaren desegitea, estatutuetako aldaketa, ondasunak eskuratu, xedatu edo besterentzea edo gobernu organoetako kideen ordainsaria izanez gero, bildutako batzarkideen gehiengo kualifikatua beharko da, hau da, emandako boto baliodunen erdiek baino gehiagok baiezkoak izan beharko dute.
Lehendakaria eta, horrelakorik izanez gero, zuzendaritza batzordea zentsura mozioaren bidez kargutik kentzeko, beharrezkoa izanen da estatutuetan ezarritako gehiengo kualifikatuaren onespena. Estatutuetan aurreikusi ezik, bildutako batzarkideen gehiengo kualifikatua beharko da, hau da, emandako boto baliodunen bi herenek baino gehiagok baiezkoak izan beharko dute.
Batzar orokorreko kideak berak joanen dira organo horren bileretara eta ez da zilegi izanen ordezkariaren bidez parte hartzea.
49. artikulua . Kirol federazioetako lehendakaria.
1. Lehendakaria kirol federazioetako organo betearazlea da eta haien legezko ordezkaria, haien gobernu organoen bilkuretarako deia egiten du eta beraietan bera da buru, eta gobernu organoen erabakiak betearazten ditu.
2. Lehendakaria lau urtean behin hautatuko da, joko olinpiarren zikloekin bat. Batzar orokorreko kideek hautatuko dute, boto libre, zuzeneko, berdin eta isilpekoaren bidez.
3. Foru Komunitatean federazioetako hauteskunde prozesuak erregulatzen dituen araudiak zehaztuko ditu lehendakaritzarako hautagaiak aurkezteko baldintzak, horretarako behar diren abalen kopurua eta bozketen prozesua.
4. Lehendakariak kalitateko botoa izanen du, bera buru duten organoek erabakia hartzerakoan berdinketa gertatuz gero.
5. Lehendakaria eta, halakorik egonez gero, zuzendaritza batzordea batzar orokorrean onetsitako zentsura mozioaren bidez kargutik kentzeko aukera izanen da eta federazioaren estatutuek arautu beharko dute. Zentsura mozioa egiten denean, lehendakari berria hautatzeko proposamena erantsi beharko zaio. Lehendakari berriak lehengo lehendakariaren agintaldia amaitu arte eutsiko dio aginteari.
50. artikulua . Kirol federazioetako organo osagarriak eta lagungarriak.
1. Federazioaren estatutuek aurreikusi ahal izanen dute gobernu eta ordezkaritza organoen osagarrizko organo hauek izatea, besteak beste: zuzendaritza batzordea, batzorde tekniko edo delegatuak, idazkaria eta diruzaina.
2. Federazio bakoitzaren estatutuek zehaztuko dituzte organo osagarrien eginkizunak, osaera, izendapena eta funtzionamendu araubidea. Betiere, kide anitzeko organoetan, kideak gutxienez hiru izanen dira eta haien kopurua bakoitia izanen da.
Estatutu edo erregelamenduetan besterik adierazi ezik, lehendakariak izendatuko ditu gobernu eta ordezkaritza organoen osagarri eta lagungarri diren organoak, berak nahi dituenak hautaturik, eta izendapena indarrik gabe utzi ahal izanen du.
V. KAPITULUA. EKONOMIA ARAUBIDEA, DOKUMENTUENA ETA ERANTZUKIZUNARENA
51. artikulua . Kirol federazioen ondarea.
1. Kirol federazio bakoitzak bere aurrekontua eta ondarea izanen ditu.
2. Kirol federazioek urteko aurrekontua egin behar dute eta batzar orokorrari dagokio hura onestea.
52. artikulua . Kirol federazioen kontabilitate araubidea.
1. Kirol federazioek kontabilitatea eraman beharko dute, eta bertan jasoko dituzten datuek bide emanen dute erakundearen ondarearen, emaitzen, finantza-egoeraren eta jardueren berri zehatza jakiteko, haren betebehar ekonomiko guztiak barne direla, eta haren ondasunen inbentarioa egiteko.
2. Foru Komunitateko kirol administrazioak, gaiaren gaineko araudi orokorrari jarraikiz, Kontabilitate Plan Orokorra eta aurrekontu informazioa Nafarroako kirol federazioei egokitzeko arauak onetsiko ditu. Orobat, plan hori nahitaez aplikatu beharrekoa noiz izanen den erabakiko du, kontuan izanik kirol federazioen ondarearen balioa, jardueren kopurua, antolamendu-egitura edota gizarte inguruabarrak.
3. Federazioko kideek eskura izanen dute lehen idatz-zatian aipatzen den dokumentazioa, federazioaren estatutu edo erregelamenduetan ezarritako moduan eta prozeduraren arabera.
53. artikulua . Auditoriak eta kontrol ekonomiko eta finantzariorako prozedurak.
Foru Komunitateko kirol administrazioak urtero aztertuko du kirol federazioen finantza egoera eta, egoki denean, funtzionamendua ere bai. Horretarako, besteak beste, kanpoko finantza-auditoria edo kudeaketa-auditoria eginen da, gogoan harturik zein diren federazioen ondare balioa, jardueren bolumena, antolakuntzarako egitura edo gizarte inguruabarrak.
54. artikulua . Kudeaketa eta administrazio araubidea.
Nafarroako kirol federazioek kudeaketa eta administrazio araubide propioa izanen dute, betiere ondoko baldintzak beteko dituena:
a) Kirol federazioek ez dute behin ere mozkinik banatuko. Kirol jarduerak eta lehiaketak sustatuz eta antolatuz lor ditzaketen irabaziak sozietatearen xederako erabiliko dituzte.
b) Kirol federazioek ez dute zilegi izanen aurrekontu defizitdunak onestea. Salbuespenez, Foru Komunitateko kirol administrazioak aurrekontu defizitduna onesteko baimena eman ahalko die. Aldez aurretik, beharrezkoa dela egiaztatu beharko da eta batzar orokorrak behin-behinean onetsi beharko du.
c) Kirol federazioek zilegi izanen dute industrian, merkataritzan edo zerbitzugintzan aritzea, baldin eta jarduera horiek haien jarduera nagusiak ez badira, ez badiete galarazten estatutuetan ezarritako xedeak betetzea eta ez badute kolokan jartzen haien egoera ekonomikoa. Gainera, jarduera horietatik ateratzen dituzten mozkinak sozietatearen xedea betetzeko erabili behar dituzte.
d) Kirol federazioek zilegi dute beren ondasun higiezinak kargatu eta besterentzea, dirua mailegatzea eta zor-tituluak edo hainbanako ondare zatiko tituluak jaulkitzea, horrela federazioaren ondarea edo sozietatearen xedea ezin lehengoratuzko moduan trabatzen ez bada. Hartarako, betiere, nahitaezkoa izanen da Foru Komunitateko kirol administrazioaren baimena, kargatu edo besterendu nahi diren ondasun higiezin horiek partez nahiz osorik Foru Komunitateko funtsekin finantzatu badira.
e) Kirol federazioek ez dute zilegi izanen urte anitzeko gastuen konpromisoak egitea batzar orokorrak aurrez onetsi gabe. Gainera, Foru Komunitateko kirol administrazioari baimena eskatu beharko diote, arrazoiak azalduz.
55. artikulua . Desegitea eta ondarea.
Nafarroako kirol federazio batek desegiten denean ondarerik badu, ondare garbi hori federazioaren xede sozialaren antzeko jarduerak egiteko erabiliko da. Foru Komunitateko kirol administrazioak adieraziko du ondarea zehazki zertarako erabiliko den, eta betebehar hori bete dadin begiratuko du.
56. artikulua . Kirol federazioen dokumentazio araubidea.
1. Kirol federazioek ondoko hauek izan behar dituzte, gutxienez:
a) Federazioko kideen zerrenda eguneratua. Bertan federazioko kidearen izena eta bi deiturak jarriko dira, pertsona fisikoa bada, edo izena, pertsona juridikoa bada; federazioan sartu den eguna, kide izateari utzi dion eguna, federazioan dituen karguak, halakorik badu, karguan hasi den eguna eta kargua utzi duen eguna.
b) Kirol federazioko gobernu eta ordezkaritza organoetan eta batzorde teknikoetan ari diren kideen izenen zerrenda eguneratua.
Zerrenda hori Foru Komunitateko kirol administrazioari emanen zaio.
c) Akta liburua izeneko agiria, gobernu eta ordezkaritza organoen bileretako aktak biltzen dituena, lehendakariak eta egintzak ziurtatzeko ahalmena duen kargudunak behar bezala sinatuak, eta gutxienez ondoko zehaztasunak dituztenak: bileraren eguna, ordua eta tokia, bildu direnen zerrenda, hartu diren erabakiak, bozketen emaitzak, eta erabakiei buruzko boto bereziak, halakorik izan bada.
2. Aurreko idatz-zatian aipatzen den dokumentazioa formatu digitalean egin ahal izanen da.
3. Federazioko kideek eskura izanen dute goiko lehen idatz-zatian aipatzen den dokumentazioa, federazioaren estatutu edo erregelamenduetan ezarritako moduan eta prozeduraren arabera, eta datu pertsonalen babesari buruzko araudian ezarritakoarekin bat.
57. artikulua . Erantzukizuna.
1. Nafarroako kirol federazioek oraingo eta geroko beren ondasun guztiekin erantzunen diete beren betebeharrei.
2. Federazioetako kideak banaka hartuta ez dira haien zorren erantzule izanen.
3. Gobernu eta ordezkaritza organoetako kide edo titularrak, eta federazioen izenean aritzen diren gainerako pertsonak, doluzko, erruzko edo axolagabekeriazko ekintzen ondorioz egindako kalteen eta sortutako zorren erantzuleak izanen dira federazioaren, federazioko kideen eta hirugarrenen aitzinean.
4. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren pertsonak beren eginkizunetan ari direnean egiten dituzten egintza eta omisioen eta bozkatzen dituzten erabakien erantzuleak izanen dira federazioaren, federazioko kideen eta hirugarrenen aitzinean.
5. Gobernu edo ordezkaritza organoetako kide edo titularren bati erantzukizuna bakarka egozterik ez dagoenean, denak izanen dira artikulu honetako 3 eta 4. idatz-zatietan aipatutako egintza eta omisioen erantzule solidarioak, salbu eta onespen eta betearazpenean parte hartu ez zutela edota espreski egintzaren edo erabakiaren aurka egin zutela frogatzen dutenak.
6. Erantzukizun penalari dagokionez, lege penaletan ezarritakoa beteko da.
VI. KAPITULUA. ZAINTZA
58. artikulua . Administrazioaren ahalmenak.
Zilegi izanen da Foru Komunitateko kirol administrazioa Nafarroako kirol federazioen gainean begirale lana egitea, besteak beste ahalmen hauen bitartez:
a) Administrazio eiteko eginkizun publikoak beretzat erreklamatzea.
b) Administrazio eiteko eginkizun publikoen delegazioa kentzea. Hartara, zilegi izanen da eginkizun horien erabilera zuzenean Foru Komunitateko kirol administrazioak hartzea edo behin-behinekoz Nafarroako beste kirol erakunde batzuei delegatzea.
c) Nafarroako kirol federazioen kontabilitateko eta dokumentazioko liburuak, agiriak eta euskarri digitalak ikuskatzea. Kirol federazioek dokumentazio hori guztia eskuratu beharko diete Foru Komunitateko kirol administrazioak bidaltzen dituen ordezkariei edo ikuskapena egiteko izendatzen dituen pertsonei.
d) Kirol federazioko gobernu eta ordezkaritza organoei dei egitea eginkizun publiko delegatuei buruzko edozein kontu eztabaidatu eta ebazteko.
e) Kirol federazioko batzar orokorra egiteko deia egitea lehendakariaren kontrako zentsura mozioa eta, hala gertatzen bada, zuzendaritza batzordeko kideen kontrakoa eztabaidatzeko, kirol administrazioak antzematen badu haren edo haien eginkizunak erabiltzean ageriko eta bistako botere abusua edo desbideratzea izan dela edo hautematen badu kirol federazioari delegatutako eginkizun publikoak argiro utzirik eta geldirik egon direla. Zentsura mozioak aurrera egiten badu, batzar orokorrak berak abiaraziko du, berehala, kirol federazioko lehendakaritzarako hauteskundeetara deitzeko prozesua.
f) Aholkulariak, ikusleak edo administratzaileak izendatzea kasuko kirol federazioko gobernu eta ordezkaritza organoetan edo batzorde teknikoetan.
g) Nafarroako kirol selekzioei jarduera edo lehiaketa ofizialetan parte hartzea debekatzea.
IV. TITULUA. NAFARROAKO KIROL ERAKUNDEEN ERREGISTROAZ
1. Titulu honen xedea Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroaren araubidea erregulatzea da.
2. Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroaren xedea honakoa da: Nafarroan helbidea duten eta Foru Komunitateko kirol araudiari jarraikiz eratuak diren kirol erakundeen inskripzioa.
60. artikulua . Erregistroan inskribatzearen ondorioak.
1. Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzen diren erakundeek onarpen ofiziala izanen dute kirol erakunde gisa, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legean aurreikusitako ondorioak sor ditzan.
2. Kirol klubak eta kirola sustatzeko erakundeak publizitatearen ondorioetarako inskribatuko dira Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan, elkarte-eskubidea arautzen duen araudi orokorrari jarraikiz.
3. Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzeak ez dakar berekin okerreko datuak baliozkotzerik, ezta antolamendu juridikoaren arabera deusezak diren egintzak baliozkotzerik ere.
61. artikulua . Atxikipen administratiboa.
Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroa Foru Komunitateko kirol administrazioari atxikita dago.
62. artikulua . Erregistroko atalak.
Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroa atalka antolatu da, bertan inskribatzen diren erakundeen ezaugarriak eta xedeak kontuan izanik. Hona atalak:
a) 1. atala. Kirol klubak eta Erregistroan kirol klub filial izendurarekin sartzen diren erakundeak inskribatuko dira atal honetan.
Atal honek 3 azpiatal ditu:
Kirol kluben azpiatala.
Ikastetxeetako kirol kluben azpiatala.
Kirol klub filialen azpiatala.
b) 2. atala. Kirol federazioak inskribatuko dira atal honetan.
c) 3. atala. Kirola sustatzeko erakundeak inskribatuko dira atal honetan.
d) 4. atala. Kirol sozietate anonimoak inskribatuko dira atal honetan.
63. artikulua . Inskriba daitezkeen egintzak eta utzi beharreko dokumentazioa.
1. Honako egintzak inskriba daitezke Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan:
a) Kirol klubak, kirola sustatzeko erakundeak eta kirol federazioak eratzea.
b) Erregistroan kirol klub filial izenpean sartzen diren erakundeek inskripzioa eskatzeko erabakia.
c) Kirol kluben, kirola sustatzeko erakundeen eta kirol federazioen estatutuak onestea eta aldatzea, baita kirol federazioek delegazioz hartzen dituzten eginkizun publikoei buruzko erregelamenduak ere.
d) Kirol kluben, kirola sustatzeko erakundeen eta kirol federazioen gobernu eta ordezkaritza organoetako kideak izendatu eta kargugabetzea.
e) Kirol klubak, kirol federazioak eta kirola sustatzeko erakundeak desegin eta haien kontuen likidazioa egitea.
f) Erregelamendu bidez ezartzen diren egintzak eta elementuak, Erregistroan klub filial izenpean sartzen diren erakundeei, kirol sozietate anonimoei eta bestelako erakundeei dagokienez.
2. Kirol kluben, kirola sustatzeko erakundeen eta kirol federazioen inskripzioek ondoko idazpenak eta haien aldaketak bildu behar dituzte:
a) Izena.
b) Helbidea.
c) Estatutuetako xede eta jarduerak.
d) Jarduteko lurralde-eremua.
e) Gobernu eta ordezkaritza organoetako titularrak identifikatzeko datuak.
f) Erakundearen delegazio edo establezimenduen irekiera eta itxiera.
g) Eratze data eta inskripzio data.
h) Onura publikoaren deklarazioa eta horren baliogabetzea.
i) Federazio, konfederazio eta batasunak eratu edo horietan sartu izana.
j) Beste nazioarteko erakunde edo batasun, elkarte, federazio eta konfederazio batzuetako kide izatea.
k) Kirol erakundeen baja, etendura edo desegitea eta horien arrazoiak.
3. Kirol klub filial izenpean Erregistroan sartzen diren erakundeen inskripzioek ondoko idazpenak eta haien aldaketak bildu behar dituzte:
a) Izena.
b) Helbidea.
c) Erakundearen xedea.
d) Jarduteko lurralde-eremua.
e) Erakundeko gobernu eta ordezkaritza organoetako titularren izenak, eta kirol klub filialeko kirolarien ordezkaritza eta funtzionamendu organoetako kideenak, halakorik egonez gero.
f) Eratze data eta inskripzio data.
g) Onura publikoaren deklarazioa eta horren baliogabetzea, halakorik badago.
h) Erakundeen baja, etendura edo desegitea eta horien arrazoiak.
4. Kirol klubek, kirola sustatzeko erakundeek eta kirol federazioek ondoko agiri hauek utziko dituzte Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan artxibaturik:
a) Inskripzioak, aldaketak edo deuseztapenak egiteko eskaerak.
b) Sorrerako akta, eta, erakundeko organo eskudunaren erabakiren batek Erregistroan dauden datuak aldarazi edo datu berriak eransten baditu, horrelako erabakiak jasotzeko eginiko aktak.
c) Estatutuak eta haien aldaketak, eta kirol federazioek delegazioz hartutako eginkizun publikoei buruzko erregelamenduak.
d) Delegazio edo establezimenduen irekierari, lekualdaketari edo itxierari buruzko dokumentazioa.
e) Elkarte, konfederazio eta batasunen sarrerari edo bajari buruzkoa, eta, haiek inskribaturik dauden erregistroan, elkarteen bajari edo sarrerari buruzkoa.
f) Erakundearen desegiteari eta geratzen zaion ondarea erabiltzeko moduari buruzkoa.
5. Kirol klub filial izenpean sartzen diren erakundeek ondoko agiri hauek utziko dituzte Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan artxibaturik:
a) Inskripzioak, aldaketak edo deuseztapenak egiteko eskaerak.
b) Erakundeko organo eskudunak erakundea Erregistroan inskribatzeko hartutako erabakiaren ziurtagiria, eta Erregistroko datuak aldarazten edo datu berriak gehitzen dituzten erabakien ziurtagiriak.
c) Erakunde pribatuak inskribatuz gero, erakundearen estatutuak eta haien aldaketak, eta kirol klub filialeko kirolarien funtzionamendu arauak.
d) Erakunde pribatuak inskribatuz gero, desegiteari buruzko dokumentazioa.
6. Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribaturiko erakundeen datuak Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioari egokien iruditzen zaion formatuan artxibatu ahal izanen dira, informatikoa barne dela.
7. Foru Komunitateko kirol administrazioak zilegi izanen du Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskripzioko eta dokumentazioko zein datu gorde behar diren adieraztea, datu horiek hobeki identifikatu eta zehazteko modua izan dadin, erakundeen izaeraren arabera.
8. Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan dauden datuetan edo dokumentazioan funtsezko aldaketarik gertatuz gero, haiek eguneratu egin beharko dira, aurrez erakundeak hala eskaturik, aldaketa gertatu eta hilabeteko epean.
64. artikulua . Tasak eta prezio publikoak.
Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan egiten diren inskripzioak eta ematen diren ziurtagiriak eta kopiak direla eta, Nafarroako Foru Komunitatean tasa eta prezio publikoei buruz indarra duen araudian ezarritakoa beteko da.
65. artikulua . Kirol kluben eta kirola sustatzeko erakundeen inskripzioa.
Kirol klubak eta kirola sustatzeko erakundeak Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatu ahal izateko honako agiriak aurkeztu beharko dira:
a) Inskripzio eskabidea.
b) Sorrerako akta, foru dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituena. Hiru ale aurkeztuko dira, erakundearen sustatzaileek sinatuak.
c) Inskripzioa eskatzen duena kirola sustatzeko erakundea bada, gutxienez 50 bazkide dituela frogatzeko dokumentazioa.
d) Estatutuak, foru dekretu honetan ezarritako baldintzak eta arauak betetzen dituztenak. Hiru ale aurkeztuko dira, erakundearen sustatzaileek sinatuak.
e) Kirol klubaren sustatzaile gisa pertsona juridikoak aurkezten direnean, eta kirola sustatzeko erakundeak eratzen badira, erakunde sustatzaile bakoitzaren organo eskudunak baliozko moduan hartutako erabakiaren ziurtagiria. Bertan jasoko da kirol erakundea eratzeko eta hartan parte hartzeko borondatea, baita hura ordezkatzen duen pertsona juridikoaren izendapena ere.
f) Kirol klubaren sustatzaile gisa pertsona fisikoak aurkezten direnean, haien identitatea egiaztatzeko agiria, behar bezala konpultsatua.
66. artikulua . Kirol klub filial izenpeko inskripzioa.
Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan kirol klub filial izenpean inskribatu nahi duten erakundeek honako agiriak aurkeztu beharko dituzte:
a) Inskripzio eskabidea.
b) Erakundeko gobernu edo zuzendaritza organo eskudunak sinatutako erabakiaren ziurtagiria. Bertan jaso behar da erakundeak Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatu nahi duela kirol arloko Nafarroako araudian ezarritako ondorioetarako, eta men egiten diola araudi horri, berak egiten duen kirol jarduerari aplikatu behar zaion heinean.
c) Bere araudi zehatzaren arabera dagokion erregistroan inskribaturik dagoela egiaztatzeko agiria.
d) Erakunde pribatuak direnean, erakundea arautzen duten estatutu edo xedapenak.
e) Kirol klub filialeko kirolarien funtzionamendu arauak, behar bezala onetsita, halakorik izanez gero.
f) Erakundeko organo eskudunak emandako ziurtagiria. Bertan agertu behar da nortzuek osatzen dituzten kirol klub filialeko kirolarien ordezkaritza eta funtzionamendu organoak.
67. artikulua . Nafarroako kirol federazioen inskripzioa.
Foru Komunitateko kirol administrazioak inskribatuko ditu Nafarroako kirol federazioak Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan, foru dekretu honetako III. tituluan ezarritakoarekin bat. Betiere, beharrezko dokumentazioa aurkeztu beharko da (hiru kopia).
68. artikulua . Eskumena eta prozedura.
1. Foru Komunitateko kirol administrazioak izanen du eskumena Erregistroan sartzeko eskatzen duten erakundeei inskripzioa eman edo ukatzeko.
2. Inskripzio eskaera 3 hilabeteko epean ebatzi beharko da, hurrengo idatz-zatian ezarritakoa galarazi gabe. Epe horretan ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaerari baiezkoa eman zaiola ulertuko da.
3. Nafarroako kirol federazioak eratzeko eta Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzeko baimena emateari dagokionez, foru dekretu honetako III. tituluan ezarritakoa beteko da. Ezarritako gehieneko epea iraganik, ebazpenik jakinarazi ez bada eskaerari ezezkoa eman zaiola ulertuko da.
4. Foru Komunitateko kirol arloko araudian ezarritakoa kontuan izanik, eskabidean eta erantsitako agirietan edo haien edukian formazko akatsik hautematen bada, edo izena lehendik inskribatutako beste baten berdina edo oso antzekoa bada, edo marka erregistratu nabarmen baten izena bada (salbu eta markaren titularrak bere izena jartzea eskatzen edo baimentzen duenean), inskripzioa egiteko epea eten eta hautemandako akatsak zuzentzeko epea hasiko da.
5. Erakunde eskatzailea foru dekretu honen aplikazio eremutik kanpo badago, edo Foru Komunitateko elkarte izaerarik ez badu, Foru Komunitateko kirol administrazioak, aurrez entzunaldia emanda, Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzeko baimena ukatuko dio eta jakinaraziko dio zein erregistrok edo administrazio organok duen eskumena bera inskribatzeko. Betiere inskripzioa ukatzearen arrazoiak azaldu beharko ditu.
6. Elkarte gisako kirol erakunde baten eraketan lege-hauste penalaren arrazoizko zantzurik hautemanez gero, Foru Komunitateko kirol administrazioak ebazpen arrazoitua emanen du, Ministerio Fiskalari edo jurisdikzio organo eskudunari agiri guztiak igorriko dizkio, eta gertatutakoaren berri emanen dio erakunde interesatuari. Administrazio prozedura geldirik egonen da harik eta ebazpen judizial irmoa eman arte.
7. Kirol erakunde baten jardueran lege-hauste penalaren arrazoizko zantzurik hautemanez gero, Foru Komunitateko kirol administrazioak ebazpen arrazoitua emanen du, Ministerio Fiskalari edo jurisdikzio organo eskudunari agiri guztiak igorriko dizkio, eta gertatutakoaren berri emanen dio erakunde interesatuari.
69. artikulua . Berriemateak.
Kirol kluben eta kirola sustatzeko erakundeen inskripzioari eta desegiteari buruz Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan egiten diren idazpenak, bidezko izan daitekeen beste edozein baztertu gabe, aditzera emanen zaizkio Nafarroako Elkarteen Erregistro Orokorrari, berak haien berri eman diezaien Elkarteen Erregistro Nazionalari eta Kiroletako Kontseilu Gorenari.
70. artikulua . Publizitatea.
1. Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroa publikoa da, oro har, kirol kluben, kirola sustatzeko erakundeen eta kirol federazioen inskripzioari dagozkion gaietan.
Publizitaterako bidea idazpenen edukiaren ziurtagiria izan daiteke, edo informazio ohar soila, edo erregistroetan dauden idazpen eta agirien kopia. Publizitaterako bide informatiko edo telematikoak ere erabili ahal izanen dira, datu pertsonalen babesari buruz indarra duen araudian ezarritako baldintzak betez.
2. Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroa publikoa da, bereziki, kirol klub filial izenpean bertan sartzen diren erakundeen inskripzio-idazpenean ageri diren izenari, xedeari eta helbideari dagokienez.
Publizitaterako bideak honakoak izan daitezke: ziurtagiria, informazio ohar soila edo bide informatiko eta telematikoak.
71. artikulua . Betebeharrak.
Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatutako kirol erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Beren tipologiari dagozkion baldintza eta helburu propioei eustea, eta Foru Komunitateko kirol arloko araudiak erakunde mota bakoitzarentzat ezartzen dituen betebehar zehatzak betetzea.
b) Erregistroan jasotako datuen edozein aldaketa jakinaraztea, eta bereziki, foru dekretu honen 64. artikuluan aipatzen diren datuen aldaketak.
c) Jartzen zaien epean erantzuna ematea Foru Komunitateko kirol administrazioak egiten dituen informazio eskaerei, erregistroko datuak eguneraturik edukitzeko eta beren tipologiari dagozkion baldintza eta helburuak betetzen direla frogatzeko.
Aipatu betebeharrak betetzen ez badira, Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroko inskripzioa deuseztatu ahal izanen da ofizioz, aurrez entzunaldia emanda erakunde interesatuari, eta, Nafarroako Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatzea zilegi badu, hori egitea galarazi gabe.
Kirol sozietate anonimoek aplikatu behar zaien Estatuko araudi zehatza beteko dute. Erregelamendu bidez arautuko da kirol sozietate anonimoak Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzeko modua.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 6. artikuluko 2. idatz-zatian edo foru dekretu honetan Foru Komunitateko kirol administrazioari ematen zaizkion eskumenak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak erabiliko ditu.
Nafarroako Kirol Elkarteen Erregistroan inskribaturik dauden kirol klubek eta kirola sustatzeko erakundeek bi urteko epea izanen dute, foru dekretu honek indarra hartzen duenetik, beren estatutuak foru dekretu honetan xedatutakoari egokitzeko.
Estatutuak egokitu arte, oraingo estatutu eta erregelamenduek indarrean iraunen dute, foru dekretu honen eta hura garatzeko xedapenen aurkakoak ez diren heinean.
Nafarroako Kirol Elkarteen Erregistroan inskribaturik dauden kirol klubak, kirol klub filialak, kirola sustatzeko erakundeak eta kirol federazioak, foru dekretu honi dagokionez, Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatutzat joko dira.
Nafarroako Kirol Elkarteen Erregistroan inskribaturik dauden kirol klubek, kirol klub filialek eta kirola sustatzeko erakundeek, sei hilabeteko epean, foru dekretu honek indarra hartzen duenetik aitzina, jardunean eta abian direla adierazi beharko diote Foru Komunitateko kirol administrazioari. Aldi berean, beren helbide soziala, gobernu eta ordezkaritza organoetako kideen izenak eta hautatu edo izendatu dituzten egunak jakinarazi beharko dizkiote.
Datu horiek ematen ez dituzten erakundeak jarduerarik gabekotzat jo ahal izanen dira, Foru Komunitateko araudiaren ondorioetarako, eta zilegi izanen da Nafarroako Kirol Erakundeen Erregistrotik kentzea.
Nafarroako kirol federazioek sei hilabeteko epea izanen dute, foru dekretu honek indarra hartzen duenetik, beren estatutuak foru dekretu honetan xedatutakoaren arabera moldaturik Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari aurkezteko, batzar orokorrean onetsi ondoren.
Foru Komunitateko kirol administrazioak sei hilabeteko epea izanen du, eskaera aurkezten zaionetik hasita, federazio bakoitzaren estatutuen moldapenari oniritzia eman edo ukatzeko. Epe horretan ebazpenik ematen ez badu, eskaerari ezezkoa eman diola ulertuko da.
Estatutuak egokitu arte, federazioen oraingo estatutu eta erregelamenduek indarrean iraunen dute, foru dekretu honen eta hura garatzeko xedapenen aurkakoak ez diren heinean.
Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan xedatuari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta bereziki:
Maiatzaren 19ko 189/1992 Foru Dekretua, Nafarroako kirol federazioak arautzen dituena.
Maiatzaren 19ko 190/1992 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko kirol elkarteak arautzen dituena.
Maiatzaren 25eko 206/1992 Foru Dekretua, Nafarroako Kirol Elkarteen Erregistroa arautzen duena.
Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
Hezkuntza eta Kultura kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau Nafarroako ikastetxeetako kirol kluben eraketari eta araubideari dagokienez garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.