(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

613/1996 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 11KOA, FUNDAZIOEN ERREGISTROAREN EGITURA ETA FUNTZIONAMENDUA ERREGULATZEN DUENANota de Vigencia

BON N.º 142 - 22/11/1996; corr. err., BON 6/06/1996



Atariko

Uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legeak, fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen zuen hark, bere 1. Xedapen Gehigarrian xedatzen duenez, Fundazioen Erregistroa sortzen da, Lehendakaritza eta Barne Departamentuaren menpean.

Honako Foru Dekretu honen helburua da Erregistro berri horren egitura eta funtzionamendu arauak finkatzea, horrela erregulatzen ahal direlarik bertan sar daitezkeen fundazioak, egintza inskribagarriak eta horien publizitatea.

Horrenbestez, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko azaroaren hamaikan hartutako Erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

Uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen Lehen Xedapen Gehigarriaren bidez sortutako Fundazioen Erregistroa, fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duena, Lehendakaritza eta Barne Departamentuaren menpean egonen da eta Barneko Laguntza Juridiko eta Administratiboaren Zerbitzuari atxikia.

2. artikulua

Fundazioen Erregistroan inskribatu ahalko dira Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumako 44. Legearen babesean eraturiko fundazioak. Alabaina, 10/1996 Foru Legeari jarraikiz, inskripzioa egitea ezinbestekoa izanen da bertan erregulatutako tributu araubideaz baliatu nahi badute.

3. artikulua

Inskripzioa egiteko eskabidearekin honako agiriak aurkeztu beharko dira:

1. Fundazioaren sorrerako agiria, xehetasun hauek bederen agertu beharko dituelarik:

a) Sortzaileen izen-abizenak, adina eta egoera zibila, pertsona fisikoak badira, eta elkartearen izena, pertsona juridikoak izanez gero, eta nazionalitatea eta helbidea kasu bietan.

b) Fundazio bat eratzeko borondatea, Foru Berriaren 44. Legean xedatutakoaren babesean.

c) Fundazioaren dotazioa, horren balorazioa eta ekarpenaren forma eta errealitatea.

d) Fundazioaren Estatutuak, zeinen edukia hurrengo artikuluaren manuetara egokituko baita.

e) Gobernu organoa osatzen duten pertsonen identifikazioa, bai eta haien onarpena ere.

2. Entitatearen izaerari, haren xedeei eta garatzen dituen edo egin gogo dituen jarduerei buruzko azalpen txostena.

4. artikulua

1. Fundazioaren Estatutuetan agertarazi beharko dira:

a) Entitatearen izena, bertan "Fundazio" hitza agertu beharko delarik.

b) Fundazioaren xedeak.

c) Fundazioaren helbidea, eta bere jarduera zein lurralde eremutan garatuko dituen zehaztea.

d) Baliabideak fundazioaren xedeetan aplikatzeko eta onuradunak hautatzeko arau oinarrizkoak.

e) Ondarearen norabidea Fundazioa iraungitzea gertatuz gero.

f) Gobernu organoa eta haren ordezkaritza, osaketa, haren kideak eta ordezkoak hautatzeko arauak, kargutik kentzeko arrazoiak, eskurantzak, eta erabakiak eztabaidatu eta hartzeko modua.

g) Sortzaileek egoki juzkatzen dituzten beste edozein xedapen eta baldintza, zilegi diren ber.

2. Estatutuek bildu beharko dute sortzailearen borondatea zein den edo, horren ezean, Patronatuarena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Babespean egon nahi duen ala ez adieraziz. Baiezkoa bada, Babes hori gaiari dagokion Departamentuak emanen dio.

5. artikulua

1. Barneko Laguntza Juridiko eta Administratiboaren Zerbitzuak aztertu eginen du aurkeztutako dokumentazioa, kontuan hartuko duelarik ez bakarrik entitate eskatzaileak eskatzen zaizkion formazko baldintzak bete dituen, baita, eta bereziki, ea bermatzen den Fundazioaren funtsezko alderdia, hau da, interes orokorrerako nahiz sozialerako onuragarria izatea.

2. Dokumentazioa aztertu ondoren funtsezkoak ez diren akatsak ikusiz gero, Fundazioari jakinaraziko zaizkio eta 10 eguneko epea emanen zaio haiek zuzen ditzan, eta horrela egiten ez badu haren eskaria ezetsikotzat hartuko da eta besterik gabe artxibatu eginen da.

3. Inskripzio eskaera Lehendakaritza eta Barne kontseilariak ebatziko du hura aurkezten denetik 3 hilabeteko epearen barrenean. Onartutzat joko da delako epean ebazpenik ematen ez bada.

Ez dira inskribatutzat joko delituzko xedeak dauzkaten edo delituzko baliabideak erabiltzen dituzten Fundazioak, edo interes orokorreko edo sozialeko xederik ez dutenak.

4. Eskaera onartzen bada inskripzioa eginen da eta Fundazioari dagokion erregistro zenbakia emanen zaio.

6. artikulua

Erregistroan beste xehetasun hauek ere jasoko dira:

1. Sorrera agirian edo Estatutuetan egiten den edozein aldaketa eta Fundazioen bategite edo iraungitzeak. Azken kasuan, iraungipenean alegia, ondasunekin zer egin den adieraziko da.

2. 10/1996 Foru Legean erregulatutako tributu araubide berezia eskuratzea edo galtzea.

3. Fundazioaren bizitzan garrantzizkoa izan daitekeen beste edozein inguruabar, beti ere, ohar hori egitea Patronatuak eskatzen badu.

7. artikulua

1. Fundazioen erregistroa publikoa da haren edukia ezagutzeko interes zilegizkoa duen ororentzat.

2. Publizitatea gauzatu eginen da idazpenen edukien ziurtagiriaren bitartez edo informazio-oharraren bidez edo horien kopia batekin.

3. Ziurtagiriak bakarrik hartuko dira agiri publikotzat.

Xedapen Iragankorra

Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumako 44. Legearen babesean eraturiko fundazioek, uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean erregulatutako tributu araubideari atxiki nahi izanez gero, 1996ko abenduaren 31 baino lehen eskatu beharko dute inskripzioa egitea, sorrera agiria edo Estatutuak, hala behar balitz, Foru Dekretu honetan manatutakoari egokituz. Salbuespenez, sortzaileak edo bestela Patronatuak arrazoizko eskaera egin ondoren, epea luzatzen ahal da, luzapena justifikatzen duten inguruabarrak benetan gertatzen badira.

Xedapen Indargabetzailea

Irailaren 2ko 278/1992 Foru Dekretua indargabe gelditzen da, eta orobat Foru Dekretu honen edukiari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko beste xedapen guztiak.

Azken Xedapenak Lehena

Lehendakaritza eta Barne kontseilariari eta Ekonomi eta Ogasun kontseilariari ahalmena ematen zaie Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.

Azken Xedapenak Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A9609496

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web