(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

213/2011 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 21EKOA, NAFARROAKO GARAPENERAKO LANKIDETZAREN KONTSEILUAREN OSAERA, ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

BON 04/10/2011



Atariko

Garapenaren aldeko lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak araututako jarduketen bidez, Nafarroako Foru Komunitateak bere egiten du beste herrialde batzuekin lankidetzan aritzeko erantzukizuna, haien garapen integrala bultzatzeko, hango herritarren bizi baldintzak hobetzen laguntzeko eta pobretasun egoerak arindu eta zuzentzeko, giza garapen solidario eta egonkorra bultzatuz, askatasun kuota handiagoak eta hazkunde ekonomikoaren fruituen banaketa zuzenagoa barne direla.

Legearen 10. artikuluan ezartzen da Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseilua dela administrazioaren kide anitzeko organo aholku-emailea eta nazioarteko lankidetzaren politikan parte hartuko duela; 11. artikuluan, berriz, haren osaeran parte hartzeko eskubidea duten entitate edo organoak zein diren ezartzen da. Azkenik, 12. artikuluan, kontseiluaren eginkizunak ezartzen dira.

Gerora, aipatu kontseiluaren gauzatzea arautu zen, maiatzaren 13ko 100/2002 Foru Dekretuaren bidez.

Apirilaren 6ko 4/2010 Foru Legeak partez aldatu zuen martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legea; besteak beste, 10. artikulua aldatu zuen, Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseiluari buruzkoa. Idazketa berriaren arabera, kontseilua elkarrizketarako eta aholkurako gunea da, eta sustatzen diren jarduketei buruz gogoeta egiteko eta aholku emateko balio du, arlo ezberdinetatik egiten diren ahaleginak batze aldera. Halaber, 11. artikulua, hots, kontseiluaren osaerari buruzkoa, aldatu zen.

Bestalde, apirilaren 6ko 4/2010 Foru Legearen azken xedapenetan bigarrenak adierazten duenez, erregelamendu bat onetsi beharko da Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseiluaren osaera berria eta funtzionamendua arautzeko.

Hori horrela izanik, beharrezkoa da organo horren erregulazioa araudien berrikuntzetara egokitzea.

Horrenbestez, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren adostasunarekin, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko irailaren 21ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzea.

2. artikulua . Izaera eta atxikipena.

1. Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseilua administrazioaren kide anitzeko organo aholku-emailea da, bai eta Nafarroako Foru Komunitateak garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloko politika zehazteko duen organo parte-hartzailea ere.

2. Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseilua atxikiko zaio garapenerako lankidetzaren arloan eskumena duen departamentuari.

3. artikulua . Kontseiluaren eginkizunak.

1. Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseiluak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako administrazio publikoei aholkua eta laguntza ematea garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloan.

b) Garapenaren aldeko lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 17. eta 18. artikuluetan aurreikusitako plan zuzentzaileen eta programa operatiboen txostenak egitea, plan eta programa horiek Nafarroako Gobernuari igorri baino lehen.

c) Garapenerako lankidetzari eragingo dioten legeen aurreproiektuei buruzko txostenak egitea aldez aurretik.

d) Proiektuak gauzatzen direla eta garapenerako laguntza ofiziala betetzen dela ziurtatzeko egin beharreko jarraipen eta ebaluazio lanetan laguntzea.

e) Garapenerako hezkuntzarako eta sentsibilizaziorako ekimenak proposatu eta sustatzea.

f) Lankidetza sustatzea administrazio publikoen eta Nafarroako Foru Komunitatean garapenerako lankidetzan inplikatuta dauden eragile sozialen artean.

g) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuei txostenak igortzea, horiek hala eskatzen badute, Nafarroako Gobernuak, garapenerako nazioarteko lankidetza xedetzat izanik, prestatzen dituen eta garapen-bidean diren lurraldeekin dituen harremanei eragiten dieten politiken koherentziari buruz.

h) Kontseiluaren Barne Funtzionamenduko Erregelamendua onestea.

i) Nafarroako Gobernuak garapenerako lankidetzaren arloan agintzen edo legeriak esleitzen dizkioten bestelako eginkizunak.

4. artikulua . Osaera.

1. Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseiluak kide hauek izanen ditu: kontseiluko burua, buruordea eta kontseiluko kideak.

2. Kontseiluko burua izanen da garapenerako lankidetzaren arloan eskumena duen departamentuko kontseilaria.

3. Buruordea kideetako bat izanen da eta kontseiluak berak hautatuko du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko ordezkariak ez direnen artean.

4. Hauek izanen dira kontseilukideak:

a) Garapenerako lankidetzaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titulartasuna duena.

b) Foru Komunitateko Administrazioko arlo hauetako bakoitza ordezkatuko duen pertsona bat: Berdintasuna, Immigrazioa, Landa Garapena, Ekonomia eta Ogasuna, Hezkuntza, Osasuna eta Ingurumena. Kasuan kasuko departamentuko kontseilariak izendatuko ditu pertsona horiek.

c) Pertsona bat Nafarroako Parlamentuko parlamentu-talde bakoitzeko, horiek proposatua.

d) Bi pertsona Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari gisa, eta pertsona bat 50.000 biztanletik gora dituen udalerri bakoitzeko.

e) Pertsona bat egoitza Nafarroan duen unibertsitate bakoitzeko.

f) Erakundeen ordezkaritza duten zentral sindikalen bi ordezkari, Askatasun Sindikalari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat.

g) Nafarroan gehiengoa duten enpresaburuen erakundeen bi ordezkari.

h) Nafarroako Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakudeen (GGKE) sei ordezkari, Nafarroako GGKEren koordinakundeak proposatuta.

5. Kontseiluko kideak izendatzean, gizonezkoen eta emakumezkoen ordezkaritza paritarioa sustatuko da.

5. artikulua . Kontseiluko burua.

Kontseiluko buruari dagokio:

a) Kontseiluaren ordezkari izatea.

b) Kideak izendatzea eta beren karguetatik bereiztea, horiek ordezkatzen dituzten erakundeek eta entitateek proposatuta.

c) Osoko bilkuretarako deialdia egitea, horietan buru izatea, eztabaiden garapena moderatzea eta bilkurari amaiera ematea.

d) Osoko bilkurarako gai-zerrenda zehaztea, aintzat hartuta kontseiluko kideek egiten dituzten eskaerak eta Barne Funtzionamenduko Erregelamenduak ezarri moduan.

e) Legeak betetzen direla bermatzea eta kontseiluaren erabakien aktak eta egiaztagiriak ikus-onestea.

f) Foru dekretu honen bidez edo aipatu erregelamenduan ematen zaizkion guztiak.

6. artikulua . Kontseiluko buruordea.

Kontseiluko buruordeak kontseiluko burua ordeztuko du hura ez dagoenean, eri denean edo kargu hori hutsik dagoenean, eta egoera horietan kontseiluko buruari esleitutako eginkizunak izanen ditu.

7. artikulua . Kontseiluko kideak.

1. Kontseiluko kideak lau urterako izendatuko dira eta beste horrenbeste denborarako berritzen ahalko da izendapen hori.

2. Kideek kargua utziko dute hurrengo arrazoiengatik:

a) Heriotza edo sortutako desgaitasuna.

b) Agintaldia bukatzea.

c) Ordezkatzen dituen erakundeek eta entitateek proposatzea.

d) Uko egitea eta kontseiluko buruak onartzea.

e) Beste edozein egoera dela medio, kontseiluko kideen gehiengoak ikusten badu ezin dituela bere eginkizunak bete.

3. Agintaldia bukatu baino lehen hutsik geratzen den toki oro betetzeko, toki hori betetzen zuen kideak zein erakunde edo entitate ordezkatzen zuen, hark proposatutako beste kide batekin beteko da. Horrela izendatutako kidearen agintaldia gainerako kideen agintaldia bukatzean bukatuko da.

8. artikulua . Funtzionamendua.

1. Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseiluak osoko bilkuraren eta batzorde iraunkorren bidez funtzionatuko du.

2. Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseiluko osoko bilkura, bere kide guztiak han direla, kontseiluaren erabakiak hartzeko eta borondatea eratzeko organo gorena da.

3. Osoko bilkura urtean bitan elkartuko da gutxienez, eta nolanahi ere, kontseiluko buruak, bere ekimenez, kontseiluko kideen heren batek gutxienez eskatuta edo GGKEtako sei ordezkariek eskatuta, deialdia egiten duenean. Azken bi kasu horietan, beharrezkoa izanen da kontseiluko buruari arrazoitutako eskaera bat igortzea, gutxienez ere hogei egun lehenago.

4. Kontseiluaren osoko bilkuraren osaerak balio izan dezan, hura eratzeko saioa barne, kontseiluko burua bertan egon beharko da, edo bestela, kontseiluko buruordea, idazkaria eta gainerako kideen erdia gutxienez.

5. Osoko bilkurak gehiengo soilaren bidez hartuko ditu erabakiak. Berdinketarik badago, kontseiluko buruak desegingo ditu, bere kalitatezko botoarekin.

6. Osoko bilkuran hartutako erabakiak irizpen edo txosten gisa emanen dira, aukerakoak izanen dira eta juridikoki ez dira lotesleak izanen, salbu eta 3. artikuluaren 1. idatz-zatiko b) eta c) letretan araututako txostenak, aginduzkoak izanen baitira.

7. Batzorde iraunkorraren osaera, antolaketa eta funtzionamenduaren araubidea kontseiluaren erabakiaren bidez zehaztuko dira, kontseiluko buruak proposatuta.

8. Kontseiluko buruak proposatuta, osoko bilkurak lan batzordeak sortzen ahalko ditu, berariazko gaietarako. Batzorde horien osaera, antolaketa eta funtzionamenduaren araubidea kontseiluaren erabakiaren bidez zehaztuko dira, kontseiluko buruak proposatuta.

9. Lan batzordeek sortutako dokumentuak kontseiluaren osoko bilkuran aurkeztuko dira, eztabaidatuak eta onetsiak izan daitezen, salbu eta kontseiluak, horien eraketa onestean, beste zerbait xedatzen badu.

10. Kontseiluaren antolaketari eta funtzionamenduari dagokienez, ondoko arau hauetan ezarritakoari segituko zaio: foru dekretu hau, Kontseiluaren Barne Funtzionamenduko Erregelamendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kide anitzeko organoentzat xedatutakoa eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

9. artikulua . Kontseiluko idazkaria.

1. Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseiluak idazkari bat izanen du, garapenerako lankidetzaren arloan eskumena duen departamentuko funtzionarioa izanen dena; hitza izanen du, baina botorik ez, eta kontseiluko buruak izendatuko du.

2. Kontseiluko idazkariari dagokio:

a) Bilkuren aktak egitea, oso bilkurenak nahiz lan batzordeenak, bere sinadurarekin eta kontseiluko buruaren oniritziarekin baimentzea eta hartzen diren erabakiei dagokien jarraipena ematea.

b) Kontseiluaren dokumentazioa zaintzea.

c) Akten, erabakien eta zaintzeko ematen zaizkion bestelako dokumentuen egiaztagiriak ematea, kontseiluko buruaren oniritziarekin.

d) Idazkari karguari dagozkion gainerako eginkizunak.

3. Idazkaria ez badago, garapenerako lankidetzaren arloan eskumena duen departamentuko beste funtzionario batek beteko ditu bere eginkizunak. Kontseiluko buruak izendatuko du kide hori.

10. artikulua . Aholkularitza.

Landu beharreko gaien arabera, kontseiluko buruak adituen agerraldiak eskatu edo baimentzen ahalko ditu osoko bilkuretan edo batzordeetan; aditu horiek hitza izanen dute, baina botorik ez.

Xedapen Gehigarri Bakarra .Osaera.

Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseilua bi hileko epean osatuko da, foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra.- Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honi aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, bereziki, Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseilua gauzatzen duen maiatzaren 13ko 100/2002 Foru Dekretua.

Azken Xedapenetan Lehena .Barne Funtzionamenduko Erregelamendua.

Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseiluak foru dekretu honetan ezarritako ildoen arabera onetsiko du bere Barne Funtzionamenduko Erregelamendua.

Azken Xedapenetan Bigarrena .Arauen garapena.

Garapenerako lankidetzaren arloan eskumena duen departamentuko kontseilariari baimena ematen zaio foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Hirugarrena .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko irailaren 21ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, María Elena Torres Miranda.

Iragarkiaren kodea: F1115569

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web