(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

197/2011 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 7KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ERABILERA PUBLIKOKO KIROL BIDEXKEN SORRERA ETA KONTSERBAZIORAKO BALDINTZAK ARAUTZEN DITUENA

BON N.º 184 - 16/09/2011



Atariko

Gizartearen zati handi batek naturan jarduerak egitea nahiko fenomeno berria da eta, beraz, beharrezkoa da jarduera hauei buruz gogoeta egitea eta fenomeno horri egokitutako arauak ezartzea.

Gero eta jende gehiagok erabiltzen ditu naturguneak. Gune horiez gozatzeko modu berri gehiago sortzen ari dira, halaber; hain zuzen ere, eta bereziki, naturgune horietan kirol jarduerak egiten dira sarritan.

Egia da jendea kirola egiten hastea komenigarria eta positiboa dela, pertsonen arteko bizikidetza, tolerantzia eta natur ingurunearen ezagutza eta errespetua sustatzen duten jarduera osasungarriak direlako. Hala ere, kirola batzuetan natur ingurunean egiten denez, egia da ere jarduera hori arautu behar dela, kirol egitea eta ingurumena babestea bateragarriak izan daitezen.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.14 artikuluak Foru Komunitateari erabateko eskumena esleitzen dio kirola sustatzearen eta aisialdia egoki erabiltzearen arloetan.

Eskumen hori garatuz, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legea eman zen. Lege horren 3. artikuluak dioenez, Foru Komunitateko administrazio publikoek, zein bere eskumenen arloan, inolako bereizkeriarik gabe sustatu eta bultzatuko dute kirola honako helburuen peko kirol politika baten bidez: jendeari kirol egiteko bidea erraztea, eta bultzatu eta begiratzea inguru naturalak egoki eta orekaz erabil daitezen zenbait kirolen gertalekutzat, uneoro zainduz kirol egitea eta ingurumena babestea bateragarriak izan daitezen.

Foru lege horren 5.b) artikuluak Nafarroako Gobernuari eskumen hau esleitzen dio: Foru Komunitatean egiten diren kirol jarduerak definitu eta antolatzea, beti gizartearen premien araberakoak izan daitezen, gure ordenamendu juridikoaren beste ataletako arau- aldaketen araberakoak eta jarduera horietako osagai guztien benetako eskaeren araberakoak.

Beste alde batetik, foru lege horren 23. artikuluak ezartzen duenez, Foru Komunitateko kirol administrazioak, Foru Komunitateko administrazioan lurraldearen antolamendua, hirigintza eta ingurumena arautzeko eskumena duen departamentua lagun, eginahala eginen du informazio gaurkotua zabal dadin natur ingurunean kirol egiteko dauden debeku, murriztapen eta baldintzen gainean, eta, halaber, horiek zorrozki bete daitezen behatuko du.

Foru dekretu honen helburua da legezko aurreikuspen horiek betetzea. Horretarako sustatuko eginen da bidexkak kirol, josteta eta pedagogia arloan erabil daitezela, eta ohartarazi eginen du natur ingurunearen erabilera egokiak kultura, ekologia, ingurumen, turismo eta ekonomia arloetan dakartzan balio garrantzitsuez. Hori guztia, erabilera hori eta ingurumenaren kontserbazioa eta babesa harmonizatzeko helburuz.

Natur ingurunean egiten diren kirol jardueretako asko zidorrak, altxonbideak, errege bideak, ibilbideak, mendi pistak eta antzeko beste bide batzuk zeharkatzen dituzten bideen inguruan egiten dira. Foru dekretu honetan ezarrita dagoen homologazio eta baimentze prozeduraren bitartez, bide horiek erabilera publikoko kirol bidexka bihurtuko dira, Nafarroako Erabilera Publikoko Kirol Bidexken Sarean sartuko dira, eta Nafarroako Erabilera Publikoko Kirol Bidexken Erregistroan inskribatuko dira.

Nafarroako Kirolari buruzko foru legearen 75. artikuluak Nafarroako Foru Komunitateko erabilera publikoko kirol instalazioei aplikatzen ahal zaien araubide orokorra ezartzen du. Erabilera publikoko kirol instalazioaren kontzeptua adiera zabalean ulertzea aurreikusten da, jende etorrera libreko kirol instalazio guztiak hartzeraino, titulartasun publiko ala pribatukoak izan. Foru legeak, jarraian, zera dio: hartarako, beren ezaugarrien berengatik kirol egiteko erabiltzen diren lokal, dotazio edo eremuak hartzen dira kirol instalaziotzat, idorpekoak izan ala ez.

Kirol instalazio eta ekipamenduen oinarrizko betebeharrak eta segurtasun neurriak arautzen dituen apirilaren 20ko 38/2009 Foru Dekretuaren 4. artikuluak ezartzen duenez, kirol instalazioak honela sailkatzen dira: kirol eremuak, eremu osagarriak eta kirolguneak.

Kirol eremuen artean, hemen interesgarria dena kontuan hartuta, jarduera eremuak nabarmendu behar dira: esklusiboki kirolerako ez diren eremuak, hala nola natur azpiegiturak edo eremuak, jarduera fisikoak eta kirol jarduerak egiteko egokitu direnak. Foru dekretu honetan araututako erabilera publikoko kirol bidexkak tipologia horretan sartuko lirateke.

Foru Komunitateko kirol administrazioak, gai horretan eskuduna izanik, foru dekretu honen bidez Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioaren laguntza eskatu nahi du. Hain zuzen ere, federazio horri eskumen propio batzuk aintzatetsi zaizkio, baita eskuordetutako eskumen batzuk ere. Eskuordetze bidez baliatzen diren eginkizunak kirol administrazioaren koordinazio eta tutoretzapean eginen dira, Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legearen 6.2.e) artikuluan xedatuta dagoenaren arabera.

"Ibilbide luzea" (GR), "Ibilbide laburra" (PR) eta "Herri bidexka" (SL) nazioarteko marken sistema Espainiako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak erregistratuta du Patente eta Marken Erregistro Ofizialean. Lurralde bakoitzean, autonomia erkidegoko federazioak kudeatzen ditu marka horiek, homologazio prozesuaren bitartez. Foru dekretu horrek seinale horiek aintzat hartzen ditu, Espainiako lurralde osoan dauden seinaleekin homogeneizatzeko, gure inguruko herrietan dauden berberak baitira, eta beraz, Europako ibilzaleek ezagutzeko modukoak baitira, "European Ramblers Association" izenekoak abalatuta egonik.

Foru dekretu honek arautzen duen gaia zeharkakoa da, ez baitagokio soilik kirolaren arloari, baizik eta ingurumenari, kulturari eta turismoari ere bai. Hori kontuan hartuta, dekretuak berak Nafarroako Gobernuko beste Departamentuen eskumenak babesten ditu, eta bidexkak arautzean kirol jarduerarako erabiltzearen ikuspegia erabiltzen du. Bidexka batek osorik edo zati batean zeharkatzen dituenean babes-araubide berezi baten pean dauden espazioak arautzen dituen araudia, hain zuzen ere, ikuspegi hori erabiltzearen froga da. Araudi horrekin bateragarria den guztian, foru dekretu hau aplikatuko da.

Foru dekretu hau onetsiz, kirol entitateek eta federazioek bidexken antolamenduari eta bidexken erabileraren sustapenari egindako eskariei erantzuna emanen zaie.

Foru dekretu honek, Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legearen 8.3.a) artikuluan xedatuta dagoenaren arabera eskatzen den Nafarroako Kirolaren Kontseiluaren aldeko txostena du.

Horiek horrela, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren adostasunarekin, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko irailaren 7an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen helburuak hauek dira: Nafarroako Erabilera Publikoko Kirol Bidexken Sarea sortzea, sare horretan sartzen diren bidexkak antolatu, seinaleztatu, homologatu, kontserbatu eta baimentzeko baldintzak arautzea, eta Nafarroako Erabilera Publikoko Kirol Bidexken Erregistroa sortu eta arautzea, hori guztia bidexkak kirol jarduerarako erabil daitezela ahalbidetzeko.

2. artikulua . Bidexkaren definizioa.

Hauek izanen dira kirol bidexkak: ibilbidearen zatirik handiena natur ingurunean duten oinezkoentzako bideak, ahal dela zidor, altxonbide, errege bide, ibilbide, mendi pista eta antzeko beste bide batzuei jarraiki, eta foru dekretu honetan xedatuta dagoenaren arabera balizatuta, homologatuta eta baimenduta daudenak, haien xede nagusia kirol mendi-ibiliak egitea dela eta, beraz, kirol-jardueretarako eremu gisa eratzen direla.

3. artikulua . Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jardueraren helburuak, kirol bidexken arloan.

Kirol bidexken arloan egiten dituen jarduerekin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako helburu hauek ditu:

a) Tradiziozko bide ondarea eta haren ingurua berreskuratu, kontserbatu eta sustatzea.

b) Mendi-ibiliak kirol eta aisiako jarduera gisa sustatu eta erraztea, naturaren babesa eta kontserbazioa kontuan hartuta.

c) Nafarroako Foru Komunitateko natur ingurunearen ezagutza sustatzea, edozein garaitan turismorako, kulturarako eta aisiarako gune gisa.

d) Homologatutako bidexken sare oso eta koherente bat bultzatzea eta Nafarroako Erabilera Publikoko Kirol Bidexken Sarea sare nazionaletan eta nazioartekoetan sartzea.

e) Mendi-ibilirako egokiak diren bide guztietako seinaleak bateratzea, erabilitako seinale moten aniztasuna saihesteko.

4. artikulua . Kirol bidexken sailkapena eta seinaleztapena.

1. Foru dekretu honetan xedatutakoaren arabera homologatutako eta baimendutako bidexkak honela sailkatuko dira:

a) Ibilbide luzea (GR): egun bat baino gehiagoko iraupeneko bidexka, gutxienez 50 kilometroko luzera duena, loturak, aldaerak eta adarrak barne.

b) Ibilbide laburra (PR): egun batez osorik egiten ahal den bidexka, 50 kilometro baino gutxiagoko luzera duena, aldaerak eta adarrak barne.

c) Herri bidexka (SL): egun batez osorik egiten ahal den bidexka, guztira 10 kilometro baino gutxiagoko luzera duena.

2. Homologatutako eta baimendutako bidexkak seinaleztatzeko, Espainiako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioaren marka erregistratuak erabili beharko dira:

a) Mendiko ibilbide luzeetan, marka zuri eta gorriak.

b) Mendiko ibilbide laburretan, marka zuri eta horiak.

c) Herri bidexketan, marka zuri eta berdeak.

5. artikulua . Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioaren eginkizunak.

Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioa izanen da eskuduna Nafarroako erabilera publikoko kirol bidexken arloan, eta honako eginkizun hauek beteko ditu, bere kabuz edo eskuordetuz:

a) Kirol helburuak dituzten mendi-ibiliak sustatzea.

b) Mota guztietako bidexkak baimentzea (GR, PR, SL).

c) Arloan eskudunak izan daitezkeen beste organo batzuek bidexkei buruz egiten dituzten jarduerak koordinatzea, bidezkoa bada.

d) Kirol bidexken baimenak eta homologazioa ezeztatzea, sortu zireneko baldintzak betetzen ez direnean, foru dekretu honetan aurreikusita dagoenaren arabera.

e) Nafarroako erabilera publikoko kirol bidexkak erregistratzeko eginkizunak betetzea.

f) Foru dekretu honetan ezarritako helburu eta xedeak garatu edo lortzeko balio duten beste eginkizun guztiak, baldin eta beste organo edo entitate batzuei esleituta ez badaude.

6. artikulua . Ingurumenean eta landa garapenean eskumena duen Departamentuaren eginkizunak.

Ingurumenean eta landa garapenean eskumena duen Nafarroako Gobernuko Departamentuak, Nafarroako erabilera publikoko kirol bidexkei dagokienez, eginkizun hauek beteko ditu:

a) Aginduzko txosten loteslea ematea bidexkak homologatu eta baimendu aurretik, Nafarroako Erabilera Publikoko Kirol Bidexken Sarean sartzearen egokitasunari buruz, ingurumenean dituen ondorioak kontuan hartuta.

b) Bidexkak sortu, hobetu eta mantentzeko egin beharreko jarduketetarako baimena ematea, baldin eta baimen hori aginduzkoa bada oihan arloko araudia, ingurumenari buruzko araudia, abelbideei buruzko araudia edo beste edozein araudi aplikatuz.

7. artikulua . Kulturan eta turismoan eskumena duen Departamentuaren eginkizunak.

Kulturan eta turismoan eskumena duen Nafarroako Gobernuko Departamentuak, Nafarroako erabilera publikoko kirol bidexkei dagokienez, eginkizun hauek beteko ditu:

a) Aginduzko txosten loteslea ematea bidexkak homologatu eta baimendu aurretik, Nafarroako Kultur Ondarea osatzen duten ondasunen gainean dituen ondorioak kontuan hartuta seinaleztatzeari dagokionez.

b) Turismo helburuak dituzten mendi-ibiliak sustatzea.

c) Nafarroako Erabilera Publikoko Kirol Bidexken Sarearen publizitatea egitea turismoa sustatzeko tresnen bitartez.

8. artikulua . Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioaren eginkizunak.

1. Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioaren eginkizunak, Nafarroako erabilera publikoko kirol bidexken arloan, orokorrean Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 49.1 artikuluan ezarrita daudenez gain, honako hauek dira:

a) Bidexkak homologatzea, dagokien ebazpena emanez, eta baimendutako bidexkak moldatzeari buruz aginduzko txosten loteslea ematea.

b) Bidexken kontserbazioari eta mantentzeari buruz gorabehera baten berri izanez gero, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioari jakinaraztea.

2. Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak, Nafarroako Erabilera Publikoko Kirol Bidexken arloan, eginkizun propioez eta orokorrean Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 49.2 artikuluan ezarrita daudenez gain, honako administrazio eginkizun publiko hauek beteko ditu, eskuordetze bidez, Foru Komunitateko kirol administrazioa koordinatzaile eta begirale duela, kasu honetan administrazio publikoaren agente laguntzaile lana eginez:

a) Bidexken homologazio eta baimena ezeztatzeko prozedura hasi eta ebaztea.

b) Bidexken topogidak eta bestelako informazio baliabideak egiteko irizpideak ezartzea.

c) Bidexken matrikulen esleipena kudeatzea, Espainiako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioaren arauen arabera.

d) Bidexka homologatuetan seinale erregistratuen erabilera baimentzea.

e) Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioaren lankide aritzea Ibilbide Luzeko bidexkak (GR) diseinatzen, trazatzen, kudeatzen eta mantentzen.

f) Eskuordetze bidez egozten zaizkion beste eginkizun publiko guztiak.

9. artikulua . Kirol bidexkak homologatu eta baimentzeko prozedura abiaraztea.

1. Nafarroako Erabilera Publikoko Kirol Bidexkak homologatu eta baimentzeko prozedura hasteko, sustatzaileak Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioari eskaera egiten dio. Bestela, Administrazioak bere kabuz hasiko du prozedura.

2. Edozein pertsona fisiko nahiz entitate pribatu edo publiko izan daiteke bidexka baten sustatzaile, foru dekretu honetan ezarritako beharkizunak betetzen baditu.

3. Bidexka baten homologazio eta baimen eskaerari agiri hauek gehitu behar zaizkio:

a) Proiektua azaltzen duen txostena, non jasoko baita nor diren sustatzailea eta arduradun teknikoa, trazaduraren deskribapena, zutikako seinaleen eta panelen edo informazio euskarrien ezaugarri teknikoak, eta zeharkatzen dituen lurren jabetza eta izaera juridikoa.

b) Trazaduraren eta oinarri kartografikoaren euskarri digitala. Modu horretan, euskarri digital hori Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sisteman integratzen ahalko da, hau da, Nafarroako Mapa Topografikoa (1:5000 eskala) eta Ortoargazkia (1:5000 eskala).

c) Bidexkak zeharkatzen dituen lurren edo azpiegituren jabeen baimenak eta baita haien gaineko eskubideak dituzten titularrenak ere. Naturgune babesturen bat edo babes araubide berezia duen beste lekuren bat zeharkatzen badu, ingurumen arloan eskumena duen departamentuak aldez aurretik emandako baimena aurkeztu behar da.

d) Bidexkak zeharkatzen dituen udalerrietako Udalek egindako egiaztagiriak, proiektua jendaurrean erakutsi dela agerrarazteko.

e) Bidexka ezartzeko finantzaketa-programa, topogida prestatzea ere barne izanen duena.

f) Bidexka zaintzeko programa eta finantzabidea, eta lau urteko epean homologatzeko eta baimentzeko moduan edukitzeko konpromiso berariazkoa.

4. Dokumentazioa osorik aurkezten ez bada, sustatzaileari jakinaraziko zaio akatsak gehienez hamar eguneko epean zuzendu behar dituela; hala egin ezean, eskaera bertan behera utziko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluaren arabera ebazpena eman ondoren.

5. Homologatu eta baimentzeko prozedura Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak bere kabuz hasten badu, Administrazio hori arduratuko da artikulu honen 3. idatz-zatian aurreikusita dagoen dokumentazioa egin eta eskatzeaz.

10. artikulua . Prozeduraren instrukzioa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak proiektuan eskatzen den dokumentazio guztia ageri dela egiaztatzen duenean, proiektua Ingurumenean eta landa garapenean eta kulturan eta turismoan eskumena duten Departamentuei igorriko die, proiektua jaso eta hurrengo bi hilabeteko epean txostena egin dezaten. Epe hori igarotakoan txostenik egiten ez bada, ulertuko da txostena bidexka homologatzearen eta baimentzearen aldekoa dela.

2. Txosten egokiak jaso ondoren, edo txostenak egiteko epea igaro ondoren, Foru Komunitateko kirol administrazioak proiektua Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioari igorriko dio, homologa dezan.

3. Kirol bidexkak homologatu eta baimentzeko prozeduraren instrukzioari dagokionez, administrazio prozeduraren araudian orokorrean xedatuta dagoena aplikatuko da.

11. artikulua . Homologazioa eta baimena.

1. Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak homologazioa emanen du bere lehendakariaren ebazpen baten bidez.

2. Homologazioa eman ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak baimena emanen du, bidexka kirol jarduerari egokitzen zaiola egiaztatu ondoren. Baimena ematearen ondorioz, bidexka eta sustatzailea Nafarroako Kirol Bidexken Erregistroan inskribatuko dira.

3. Homologazioa edo baimena ukatzeko ebazpenaren aurka errekurtsoa aurkezten ahalko da legean aurreikusita dauden baldintzekin.

12. artikulua . Prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea.

Homologazio eta baimentze prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, eskaera aurkezten denetik aurrera zenbatuta. Epe hori eteten ahalko da administrazio prozedura arautzen duen legedian aurreikusten diren kasu eta baldintzetan.

13. artikulua . Homologazioaren eta baimenaren balio epea.

Kirol bidexken baimenak eta homologazioak lau urteko balio epea izanen du. Epe hori bukatzen denean, berritzeko eskatu behar da, eta aurreko artikuluetako prozedura berbera aplikatuko da, eskaerari gehitu beharreko agiriei dagokienez izan ezik; izan ere, ez dira aurkeztu behar inolako aldaketarik egin ez zaien eta Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak lehendik badituen agiriak. Kasu horretan gorabehera horri buruzko adierazpen bat erantsi behar zaio berritzeko eskabideari. Adierazpen horretan, dokumentazioa zein espedientetan dagoen azaldu behar da.

14. artikulua . Kirol bidexken aldaketetarako prozedura.

1. Kirol bidexken homologazioaren eta baimenaren balio epea bete baino lehen, aldaketa eska daiteke, baldin eta horretarako funtsik bada. Homologazioa eta baimena eskatzeko ezarritako prozedura berberari jarraituko zaio, eskaerari gehitu beharreko agiriei dagokienez izan ezik; izan ere, ez dira aurkeztu behar inolako aldaketarik egin ez zaien eta Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak lehendik badituen agiriak. Kasu horretan gorabehera horri buruzko adierazpen bat erantsi behar zaio aldatzeko eskabideari. Adierazpen horretan, dokumentazioa zein espedientetan dagoen azaldu behar da.

2. Obra publiko edo pribaturen batek bidexka homologatu eta baimenduren bat ukitzen badu, behin-behineko nahiz behin betiko aldaketa egin ahal izateko, nahitaezkoa izanen da foru dekretu honetan ezarritako beharkizunak betetzeaz gain, trazadura alternatibo bat aurkeztea eta bidexkaren sustatzaileak hura ezartzearen gastuak bere gain hartzeko konpromisoa hartzea.

15. artikulua . Homologazioa eta baimena ezeztatzea.

1. Kirol bidexken homologazioa eta baimena ezeztatu eginen dira, araudiak ezarritako baldintzak betetzeari utzi diotelako edo segurtasun edo interes publikoko arrazoiengatik. Ezeztatzea interes publikoko arrazoiengatik denean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezeztatzeak eragindako kalteak ordaindu beharko dizkio sustatzaileari.

2. Homologazioa eta baimena ezeztatzeko prozedura ofizioz abiaraziko du Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak, bere kabuz edo Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak, sustatzaileak edo interesa duten gainerakoek eskatuta.

3. Kirol bidexken homologazioa eta baimena ezeztatzearen ondorioz, sustatzaileak seinaleak kendu beharko ditu, interes publikoko arrazoiengatik justifikatuta daudenak izan ezik. Hori Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak modu subsidiarioan egiten ahalko du, sustatzailearen kargura, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak eskatu ondoren.

16. artikulua . Nafarroako Erabilera Publikoko Kirol Bidexken Sarea.

Nafarroako Erabilera Publikoko Kirol Bidexken Sarea osatuko dute Nafarroako Foru Komunitateko bidexka homologatu eta baimendu guztiek, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioaren mendeko Nafarroako Kirol Bidexken Erregistroan inskribatuta badaude.

17. artikulua . Kirol bidexkak mugak dituzten espazioetan.

1. Osorik edo zati batean Natura 2000 sarearen barneko eremuak, naturgune gisa katalogatutako eremuak, "Bide Berdeak" programaren barneko bideak, edo Nafarroako oihan ondarea arautzen duen legediak nahiz aplikatu beharreko beste edozein legedik emandako babes-araubide berezia duten beste eremu batzuk zeharkatzen dituzten kirol bidexkak, lehenengoz, haien berariazko araudian xedatuta dagoenaren mendean jarriko dira, eta araudi horrekin bateragarria den guztian foru dekretu hau aplikatuko da.

2. Halaber, foru dekretu hau aplikatzeko, lurralde antolamendua eta hirigintza arautzen dituen legedian ezarrita dauden xedapenei jarraituko zaie.

18. artikulua . Erabilera bateragarriak.

1. Mendi-ibilien jarduerarekin bateragarriak dira ibilzaleen joan-etorriekin batera gauzatzeko modukoak diren usadioak.

2. Bateragarriak dira, halaber, aire zabaleko turismoa, mendizaletasuna, ingurumen hezkuntza eta txangoak, eta, batzuetan, zaldi gaineko ibilaldiak eta motorrik gabeko ibilgailuzko joan-etorriak, betiere oinez doazenen lehentasunari edo natur inguruneari kalterik egiten ez bazaio.

3. Ingurumenean eta landa garapenean eskumena duen Departamentuak zilegi du erabilera horiei aldi batekoak edo behin betiko murrizketak ezartzea, are mendi-ibiliei ere, ekosistema sentiberak, sute arrisku handiko basoak edo espezie babestuak zaintzeko beharrezkoa bada.

19. artikulua . Kirol bidexka homologatu eta baimenduen ezarpena eta mantentzelanak finantzatzea.

1. Kirol bidexka homologatu eta baimenduen ezarpena eta mantentze-lanak sustatzaileak finantzatu beharko ditu.

2. Nafarroako Gobernuak Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioarekin batera lan egin dezake Ibilbide Luzeko bidexkak zaintzeko.

20. artikulua . Zehapen araubidea.

Nafarroako kirol bidexken arloko zehapen araubidea, orokorrean, Nafarroako kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Arauak ezartzen duena izanen da.

Xedapen Gehigarri Bakarra .Partaidetza organoa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak arlo horretako partaidetza organo bat sortuko du. Organo horren osaera honako hau izanen da:

a) Kulturan eta turismoan eskumena duen Departamentuaren ordezkari bat, Departamentu horrek proposatua.

b) Ingurumenean eta landa garapenean eskumena duen Departamentuaren ordezkari bat, Departamentu horrek proposatua.

c) Toki Administrazioaren arloan eskumena duen Departamentuaren ordezkari bat, Departamentu horrek proposatua.

d) Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioaren ordezkari bat, Federazio horrek proposatua.

e) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat, federazio horrek proposatua.

f) Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioaren lau ordezkari, Administrazio horrek proposatuak.

2. Organo horrek eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kirol bidexken arloan jarduera interesgarrietarako plangintza egitea epe ertain eta luzerako.

b) Nafarroako Erabilera Publikoko Kirol Bidexken Sarearen araudiaren betetze-maila ebaluatzea.

c) Mendi-ibiliak garatzeko egiten diren argitalpen guztiak -adibidez topogidak- nahiz beste dibulgazio sistema batzuk aztertzea.

d) Nafarroako Erabilera Publikoko Kirol Bidexken Sarean dauden bidexkak Espainiako eta nazioarteko sareetan integra daitezela sustatzea.

3. Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioaren mendeko organo horrek, eratzeko bilkura egiten duenean, Lehendakaria hautatuko du ordezkarien artean. Idazkariaren kargua Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioaren titularrak izendatutakoak beteko du. Lehendakariak eta idazkariak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren kide anitzeko organoak arautzen dituen legediak kargu horiei orokorrean esleitzen dizkien eginkizunak beteko dituzte. Legedi hori organoaren funtzionamendu araubideari eta erabakiak hartzeko araubideari dagokionez ere aplikatuko da.

Xedapen Iragankor Bakarra .Bidexkak Nafarroako Erabilera Publikoko Kirol Bidexken Sarean sartzea.

1. Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak 2007ko urtarrilaren 1etik foru dekretu hau indarrean jarri arte homologatzen dituen bidexkak, Nafarroako Erabilera Publikoko Kirol Bidexken Sarean sartuko dira. Aldez aurretik, Foru Komunitateko kirol administrazioak baimena eman beharko du, baldin eta egiaztatuta badago bidexkaren finantzaketa eta mantentze-lana bere gain hartuko dituen sustatzaile bat dagoela. Bidexka horietarako, homologazio eta baimenaren lau urteko balio-epea azken aldiz homologatzen den egunetik aurrera zenbatuko da.

2. Gainerako kirol bidexkek foru dekretu honetan ezarritako prozeduraren arabera berritu beharko dituzte homologazioa eta baimena. Bidexka horiei dagokienez, homologazio eta baimenaren balio-epea Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak emandako baimenaren egunetik aurrera zenbatuko da.

Azken Xedapenetan Lehena.- Arauak emateko gaitasuna.

Kirolaren, ingurumen eta landa garapenaren, eta kultura eta turismoaren arloetan eskumena duten Nafarroako Gobernuko Departamentuetako titularrei ahalmena eman zaie foru dekretu hau gara dezaten, zeinek bere eskumenen barnean.

Azken Xedapenetan Bigarrena .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko irailaren 7an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, María Elena Torres Miranda.

Iragarkiaren kodea: F1114840

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web