(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

34/2011 FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 2KOA, GIZARTE ZERBITZUEN ETA GIZARTE ZERBITZUEN GAINEKO BAIMEN BERARIAZKOEN ERREGISTROA ARAUTZEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 96 - 19/05/2011



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. ERREGISTROAREN ANTOLAKETA


  III. KAPITULUA. GIZARTE ZERBITZUEN ETA BAIMEN BERARIAZKOEN ERREGISTROAN INSKRIBATZEKO PROZEDURA


  IV. KAPITULUA. INFORMAZIOA ESKURATZEA


Atariko

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak ezartzen du Gizarte Zerbitzuen Erregistroa sortuko dela, gaur egungo Entitateen, Zerbitzuen eta Zentroen Erregistroaren ordez, herritarrei gure foru erkidegoko gizarte zerbitzuak hobeto ezagun ditzaten laguntzeko. Orobat, jarduera zehatzetarako baimena eta erregistroa ezartzen dira, hots, gizarte zerbitzuen sistemaren parte ez diren baina aipatutako legearen aplikazio eremuan dauden jardueretarako.

Zehazki, Gizarte Zerbitzuei buruzko 15/2006 Foru Legearen 75. artikuluak ezartzen du Gizarte Zerbitzuen Erregistroa sortuko dela. Bertan agerraraziko dira zer zerbitzu dauden gizarte zerbitzuen sisteman sarturik eta zer administrazio publiko eta gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitate diren zerbitzu horien titular edo kudeatzaile, bai eta zer datu jaso behar dituen eta horiek inskribatu, aldatu eta deuseztatzeko prozedura. Bestalde, foru lege horren 74.3 artikuluak ezartzen du gizarte zerbitzuen gaineko Baimen Berariazkoen Erregistroa sortuko dela. Bi manuek gizarte zerbitzuen erregistro horien sorkuntza eta antolakuntza erregelamenduz garatzeko legezko agindua ezartzen dute.

Aipatutako agindua betetzeko, foru dekretu hau ematen da. Dekretuan Gizarte Zerbitzuen eta gizarte zerbitzuen gaineko Baimen Berariazkoen Erregistroaren sorkuntza, xedea, aplikazio eremua, antolakuntza eta inskribatzeko prozedura arautzen dira.

Horiek horrela, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren aldeko txostenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko maiatzaren 2ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea.

1. Foru dekretu honen xedea da Gizarte Zerbitzuen Erregistroa arautzea (Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 75. artikuluan aurreikusita) eta Baimen Berariazkoen Erregistroa sortzea (foru lege horren 74.3 artikuluan aipatuta). Bigarrena lehenengoaren atal bat izanen da.

2. Erregistro hori sortu da gizarte zerbitzuen sistema eta Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen arloko edozein jarduketa ezagutu, kontrolatu, planifikatu, antolatu eta zabaltzeko funtsezko tresna.

2. artikulua . Inskribatu behar direnak.

1. Gizarte Zerbitzuen Erregistroko atalean inskribatu behar dira Nafarroako Foru Komunitatean emandako gizarte zerbitzuen sistemako zerbitzu guztiak, bai eta zerbitzu horien titular edo kudeatzaile diren entitate publiko eta pribatuak ere, egoitza soziala edo legezko helbidea non dagoen kontuan hartu gabe.

2. Orobat, Erregistroko Baimen Berariazkoen atalean inskribatu behar dira gizarte zerbitzuen arloko jarduketa zehatzetarako baimenak, gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitatetzat jotzen ez diren pertsona fisiko edo juridikoek egin beharreko jarduketetarako baimenak, hain zuzen.

3. Bi kasuetan, halakotzat hartuko dira berrikuntza egiaztatzeko aldian egindako esperientzia pilotuak Nota de Vigencia.

3. artikulua . Erregistroan inskribatzearen ondorioak.

1. Gizarte Zerbitzuen eta Baimen Berariazkoen Erregistroan inskirpzioa egitea beharrezkoa izanen dute zerbitzu horien titularrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzak jaso ahal izateko.

2. Inskripzioak eta inskripzio hori deuseztatzeak bata edo bestea ebazten duen ebazpena ematen den egunetik izanen ditu ondorioak.

3. Inskripzioak ez du izanen inolako ondoriorik entitatea eratzeari edo baimentzeari dagokienez. Erregistroko inskripzioak eta idazpenak interesdunei ematen dieten eskubide bakarra da inskribatzeko eman behar diren ekintzak eta datuak garbi islatuta geratzekoa.

II. KAPITULUA. ERREGISTROAREN ANTOLAKETA

4. artikulua . Erregistroaren eskumenak eta atxikipena.

Gizarte Zerbitzuen eta Baimen Berariazkoen Erregistroa gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiari atxikitzen zaio, organikoki eta funtzionalki.

Gizarte zerbitzuen ikuskapenaren arloan eskumena duen administrazio unitateak erregistro hori kudeatuko du.

5. artikulua . Erregistroaren egitura.

Erregistroak bi atal ditu:

1. Zerbitzuen Erregistro Orokorreko atala. Atal horretan inskribatuko dira foru dekretu honen 2.1 artikuluan ezartzen diren zerbitzuak eta horiei buruz oinarrizkotzat jotzen diren datu hauek bilduko dira:

a) Erregistroko idazpenaren zenbakia.

b) Zerbitzuaren identifikazioa.

c) Administrazio edo entitate titularraren identifikazioa eta haren izaera juridikoa.

d) Entitate kudeatzailearen identifikazioa eta haren izaera juridikoa.

e) Zerbitzu mota eta zein gizarte zerbitzuen arlotan jarduten duen.

f) Jarduteko baimen ebazpena.

g) Bestelako administrazio baimen ebazpenak.

h) Baimendua duen laguntza-gaitasuna.

i) Homologazio ebazpenak, hala bada.

j) Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuarekin sinatutako kontratuak.

k) Zerbitzuko arduradunaren edo zuzendariaren identifikazioa eta haren titulua.

l) Zerbitzuaren entitate titular edo kudeatzaileari jarri dizkioten administrazio zehapen irmoak eta behin-behineko kautelazko neurriak.

m) Zentroari edo zerbitzuari egindako ohiko ikuskapenen emaitza Nota de Vigencia.

n) Pertsonarengan zentratutako arreta eredura egokitzeko edo igarotzeko planak, zentroek edo zerbitzuek indarrean dagoen araudia betez aurkeztutakoak Nota de Vigencia.

2. Baimen Berariazkoen Erregistroko atala. Atal horretan inskribatuko dira foru dekretu honen 2.2 artikuluan deskribatzen diren jarduketetarako baimenak, eta datu hauek bilduko dira:

a) Erregistroko idazpenaren zenbakia.

b) Baimen berariazkorako ebazpena.

c) Baimendutako jardueraren identifikazioa.

d) Entitate titularraren identifikazioa.

e) Entitate kudeatzailearen identifikazioa.

f) Jardueraren arduradunaren identifikazioa.

g) Laguntza gaitasuna, hala bada.

6. artikulua . Idazpen motak.

Erregistroko ataletan idazpen mota hauek egin ahalko dira:

a) Inskripzioak: zerbitzu bat erregistroan sartzea dakarten idazpenak dira, dagokien erregistro-zenbakia emanda.

b) Oharrak: egindako inskripzioak ukitzen dituzten geroko egintzak agerrarazten dituzte, bata bestearen atzetik, erregistro-zenbakia sortu gabe.

c) Deuseztatzeak: zentro edo zerbitzu baten inskripzioa indarrik gabe uzten duten idazpenak dira, dagokien erregistro-zenbakia galtzea ekartzen dutenak.

d) Albo-oharrak: erregistroan dagoen informazioa osatzea dute helburu.

7. artikulua . Erregistrozenbakia eta erregistrofitxa.

1. Inskribatzen den zerbitzu eta baimendutako jarduera bakoitzerako erregistro-fitxa bakarra eginen da, eta denboran zehar egiten diren erregistroko oharrak agertuko ditu.

2. Inskripzio bat deuseztatzen denean, haren erregistro-zenbakia ez zaio emanen zerbitzu berri bati. Kasu horretan, jarduketak artxibatuko dira eta inskripzio berriari dagokion zenbaki korrelatiboa emanen zaio.

III. KAPITULUA. GIZARTE ZERBITZUEN ETA BAIMEN BERARIAZKOEN ERREGISTROAN INSKRIBATZEKO PROZEDURA

8. artikulua . Inskripzioa.

1. Erregistroan inskribatzea ofizioz eginen da, behar den administrazio baimena eskuratu ondoren.

2. Inskribatu diren datuen aldaketei eta eguneratzeari buruzko oharrak ofizioz eginen dira, 10. eta 11. artikuluetan ezartzen diren idazkiak jaso ondoren, eta ukitutako zerbitzuaren entitate titularrari jakinaraziko zaizkio.

3. Administrazio zehapen irmoei, kautelazko neurriei eta bestelako egintzei buruzko oharrak, baita funtzionamendurako baimenen aldaketei eta funtzionamendurako ez den beste administrazio baimenaren emakidari buruzkoak ere, ofizioz eginen dira, erabakia hartu duen organoak aditzera eman ondoren, eta ukitutako zentro edo zerbitzuaren entitate titularrari jakinaraziko zaizkio.

9. artikulua . Inskripzioa egiaztatzen duen txartela.

Zerbitzua erregistroan inskribatu ondoren, administrazio unitate eskudunak hori egiaztatzen duen txartel bat luzatuko du. Inskribatu den zerbitzuaren egoitzan ikusgai izanen da txartela, ageriko leku batean, eta bertan erregistro-zenbakia, zerbitzua identifikatzeko datuak eta eremu funtzionala ageriko dira.

10. artikulua . Datu aldaketak ezagutaraztea.

1. Inskribatu diren zerbitzuen entitate titular edo kudeatzaileek erregistroa kudeatzeaz arduratzen den organoari erregistroko oinarrizko datuen aldaketa guztiak ezagutarazi beharko dizkiote, aldaketa izaten den egunetik hilabeteko epean.

2. Beharturik daudenek ezagutarazteko betebeharra ez betetzeak gizarte zerbitzuen arloan haiei emandako diru-laguntza edo laguntza guztiaren tramitazioa edo ordainketa etetea ekarriko du, datu guztiak erregularizatu arte.

11. artikulua . Datuak eguneratzea.

1. Aurreko artikuluan ezarritakoa ezertan galarazi gabe, Gizarte Zerbitzuen Erregistroari emandako datuak urtero eguneratu beharko dira. Horretarako, urtarrilean, Gizarte Zerbitzuen Erregistroaren organo kudeatzaileak erregistroko datu guztiak biltzen dituen dokumentu bana bidaliko die inskribaturik dauden zerbitzuen entitate titularrei. Urteko martxoaren 1a baino lehen, entitateek itzuli beharko dute dokumentu hori, sinatuta, urteko urtarrilaren 1eko datan izan daitezkeen datu aldaketak adierazita.

2. Beharturik daudenek ezagutarazteko betebeharra ez betetzeak gizarte zerbitzuen arloan haiei emandako diru-laguntza edo laguntza guztiaren tramitazioa edo ordainketa etetea ekarriko du, datu guztiak erregularizatu arte

12. artikulua . Inskripzioak deuseztatzea.

1. Administrazio publiko eskudunak erregistroko inskripzioa ofizioz deuseztatuko du behar den administrazio baimena eteten edo ezeztatzen bada, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 73. artikuluari jarraikiz.

2. Inskripzioa deuseztatzen duen ebazpena erregistroan inskribatzeko eskumena duen organoak emanen du, zerbitzuaren entitate titular eta kudeatzailea entzun ondoren, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

IV. KAPITULUA. INFORMAZIOA ESKURATZEA

13. artikulua . Erregistropublizitatea.

1. Erregistroa publikoa da, foru dekretu honen 5. artikuluaren idatz-zati hauetan agertzen diren oinarrizko datuak eskuratzeari dagokionez:

a) 1a) idatz-zatia.

b) 1b), 1c) eta 1d) idatz-zatiak (soilik entitate titularraren izena).

c) 1e) eta 1k) idatz-zatiak (soilik zerbitzuaren arduradunaren identifikazioa)

d) 2a) idatz-zatia.

e) 2b), 2c) eta 2d) idatz-zatiak (soilik entitate titularraren izena).

f) 2 g) idatz-zatia.

2. 5. artikuluan agertzen diren gainerako oinarrizko datuak eta oinarrizkoaz ez diren beste batzuk eskuratzeko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37. artikuluan ezarritako moduan eta mugen barnean egin beharko da, bai eta izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko legediaren arabera.

14. artikulua . Erregistroko ziurtagiriak.

1. Erregistro-idazpenen edukiera egiaztatzeko modu fede-emailea dira erregistroko ziurtagiriak.

2. Erregistroa zer departamenturi dagoen atxikirik, bertako idazkari tekniko nagusia izanen da erregistroan inskribaturik dauden gizarte zerbitzuei buruz erregistroko ziurtagiriak luzatzeko organo eskuduna.

Xedapen Gehigarri Bakarra .Gizarte zerbitzuen entitateen inskripzioak.

Nafarroako Foru Komunitatean zerbitzu baimendu baten titularrak ez diren gizarte zerbitzuen entitateei egindako inskripzioak deuseztatuko dira, foru dekretu honek indarra hartu baino lehen egin badira.

Nafarroako Foru Komunitatean zerbitzu baimendu baten titularrak diren gizarte zerbitzuen entitateei egindako inskripzioen datuak, inskripzioa foru dekretu honek indarra hartu baino lehen egin bada, baimendutako zerbitzuaren inskripzioan sartuko dira, ofizioz eta oinarrizko datu gisa, foru dekretu honen 5. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra .Indargabetutako arauak.

Indarrik gabe gelditzen dira Gizarte zerbitzuen arloko baimen eta zehapenen araubideari buruzko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuaren VII kapitulua eta, oro har, foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetan Lehena .Arauen garapena.

Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen kontseilariari baimena ematen zaio foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman eta neurriak har ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 2an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F1107966

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web