(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

28/2011 FORU DEKRETUA, APIRILAREN 4KOA, NAFARROAKO DESGAITASUNAREN KONTSEILUA SORTZEN DUENA

BON N.º 79 - 27/04/2011



Zioen azalpena

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak gizarte politiken helburutzat ezartzen du, besteak beste, gizarteak behar sozialak konpontzen parte har dezan bultzatzea, batez ere giza talde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateenak.

Arau horren 54. artikuluak dioenez, Nafarroako administrazio publikoek sustatu behar dute herritarrek, erabiltzaileen elkarteek, gizarte zerbitzuetako profesionalek eta gizarte zerbitzuen ekimen pribatuko entitateek gizarte zerbitzuen sistemaren planifikazioan, kudeaketan eta ebaluazioan parte har dezaten.

Legeak parte hartze horretarako aurreikusten dituen bideetako bat da Nafarroako Gobernuak gizarte zerbitzuen kontseilu sektorialak sortzea. Hain zuzen ere, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen 59. artikuluak dio Nafarroako Gobernuak gizarte zerbitzuen kontseilu sektorialak sortu ahalko dituela kontsultarako, gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskudunari atxikiak, eta haiek ukitzen dituzten gizarte zerbitzuen arloko politiken esparru mugatuan jardunen dutela. Horien xede eta helburuak, eginkizunak, kideak eta funtzionamenduaren araubidea sortze-xedapenetan ezarriko dira.

Otsailaren 27ko 40/1985 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua sortu zen. Gizarte zerbitzuen programak planifikatzen, zaintzen eta haien betearazpena kontrolatzen laguntzea du helburu nagusia.

Desgaitasunaren arloko jarduketen garrantzia esparru horretarako kontseilu bat berariaz sortzeko adinakoa da. Kontseilu horrek desgaitasuna duten pertsonen erakunde eta elkarteen parte hartzea sustatu behar du, deusetan eragotzi gabe Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak dituen eginkizunak.

Horiek horrela, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko apirilaren 4an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

1. Foru dekretu honen xedea Nafarroako Desgaitasunaren Kontseilua sortu eta arautzea da. Organo horrek instituzionalizatu eginen du desgaitasuna duten pertsonek eta haien familiek osatutako elkarteen eta Nafarroako Administrazio Publikoaren arteko lankidetza, herritarren sektore hori gizarteratzea xede duten politika eta jarduketen planifikazioan, betearazpenean eta jarraipenean elkarlanean jardun dezaten.

2. Halaber Nafarroako Desgaitasunaren Behatokia sortuko da, Nafarroako Desgaitasunaren Kontseiluaren mendeko organo tekniko gisa.

2. artikulua . Izaera.

Nafarroako Desgaitasunaren Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kide anitzeko organo aholku-emailea da eta gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuari atxikita dago.

3. artikulua . Helburuak.

1. Kontseiluaren helburua da desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien parte hartzea eta ordezkaritza bermatzea desgaitasunaren jarduketa-arloari dagozkion erabakiak hartu behar direnean.

2. Nafarroako Desgaitasunaren Kontseilua Nafarroako biztanleriaren sektore hori ordezkatzen duen organotzat hartuko da bereziki, ezertan ukatu gabe organo aholku-emailea ere badela.

4. artikulua . Eginkizunak.

Hauexek izanen dira Nafarroako Desgaitasunaren Kontseiluaren eginkizunak:

a) Irizpen eta txosten nahitaezkoak eta ez lotesleak ematea Kontseiluaren xedearekin zerikusia duten arau-proiektuei buruz.

b) Desgaitasuna duten pertsonei edo haien elkarte, entitate, zentro eta zerbitzuei diru-laguntzak eta laguntzak emateko urteko deialdien gaineko informazioa jasotzea.

c) Nahitaezko txostenak ematea gizarte jarduketako esparru horretako plan sektorialei buruz, eta horien aplikazio eta gauzatze mailaren jarraipena egitea.

d) Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroaren aplikazioari eta betearazpen mailari buruzko proposamenak egitea, desgaitasunaren arloan.

e) Desgaitasuna duten pertsonei buruzko jarduketa proposamenak egin eta bidaltzea, hala behar denean, Nafarroako administrazio publikoei eta gizarte jarduketako esparru horrekin lotutako erakunde, instituzio eta entitate publiko eta pribatuei.

f) Ezgaitasuna duten pertsonen giza eskubideen arloko nazioarteko tresna juridikoak sustatzea Nafarroako Foru Komunitatean eta haien jarraipena egitea.

g) Desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien egoera orokorra, beharrak, eskariak eta etorkizuneko joerak ezagutu, aztertu, eta horien berri zabaltzea. Halaber, gizarteko errealitate horren bilakaerari buruzko azterlanak eta aurrera begirako ikerketak egitea.

h) Desgaitasunaren arloko politika publiko eta pribatuen esparruan jardunbide onak eta ekimen gomendagarriak hedatzea.

i) Desgaitasunaren esparruan ikerketa, prestakuntza, berrikuntza, etika eta kalitate jarduerak bultzatzea.

j) Nafarroako Gobernuak arlo horretan esleitzen dizkion bestelako eginkizunak.

5. artikulua . Egitura.

1. Nafarroako Desgaitasunaren Kontseiluak kide hauek izanen ditu:

a) Kontseiluburua.

b) Bi kontseiluburuorde.

c) 13 kontseilukide gehienez; horietako batek idazkari lanak eginen ditu, botoa eta hizpidea dituela.

2. Kontseiluko burua izanen da gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko titularra.

3. Lehen kontseiluburuordea izanen da Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasun mota guztiak (ikusteko desgaitasuna, entzuteko desgaitasuna, desgaitasun fisikoa eta desgaitasun psikikoa) biltzen dituen erakunde nagusiko lehendakaria, eta kontseiluburuaren ordez arituko da hura kanpoan edo eri dagoenean eta legezko beste kasuetan.

4. Bigarren kontseiluburuordea, berriz, gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendari nagusia izanen da. Lehenengo buruordearen ordez arituko da, ondorio guztietarako, kontseiluburua ordezteko aipatu diren kasu beretan.

5. Hauek izanen dira kontseilukideak:

a) Lau kontseilukide, gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko pertsona titularrak libreki izendatuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen artetik. Haietako batek idazkari lanak eginen ditu, botoa eta hizpidea dituela.

b) Nafarroako Enplegu Zerbitzuak libreki izendatutako kontseilukide bat.

c) Hezkuntzaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak libreki izendatutako kontseilukide bat.

d) Osasun arloan eskumena duen departamentuko titularrak libreki izendatutako kontseilukide bat.

e) Toki entitateen ordezkari bat, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatua.

f) Desgaitasuna duten pertsonen elkarte nagusien federazioen ordezkari bana, entitate horiek proposatuak: gehienez ere bi kontseilukide.

g) Desgaitasun mota guztien (ikustekoa, entzutekoa, fisikoa eta psikikoa) elkarteen bost ordezkari, entitate horiek proposatuak. Desgaitasun mota guztiak ordezkatu behar dituzte, eta ezin dira izan f) letran izendatutako ordezkariak berak.

6. Kontselukide titularrak kanpoan edo eri daudenean edo justifikatzen diren gainerako kasuetan, ordezko kideak joanen dira haien ordez.

7. Idazkaria Nafarroako Desgaitasunaren Kontseiluak izendatuko du, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkari aritzeko 5. artikuluko a) idatz-zatian aipatutako kideen artetik.

8. Desgaitasunaren Kontseiluko kideen eta haien ordezkoen izendapena, norberak duen kargua dela medio direnena izan ezik, gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko titularrak eginen du, foru agindu baten bidez, aurreko artikuluan aipatzen diren entitateen proposamena eta gero, halakorik bada.

6. artikulua . Kontseiluko kide izatea.

1. 5.5 artikuluko f) eta g) letretan aipatzen diren desgaitasuna duten pertsonen inguruko elkarteen, entitateen eta erakundeen izenean ari diren kontseilukideak lau urtez arituko dira karguan.

2. 5.5 artikuluko a), b), c) eta d) letretan aipatzen diren kontseilukideek kargua utziko dute horrela xedatzen duenean haiek izendatu dituen departamentu eskuduneko pertsona titularrak. 5.5 artikuluko e) letran aipatzen den kontseilukideak kargua utziko du horrela xedatzen duenean Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak.

3. Orobat, honako kasuotan utzi beharko dute kargua Nafarroako Desgaitasunaren Kontseiluko kideek:

a) Kontseilukidea hiltzean edo epaileek epai irmo baten bidez desgaikuntza ezartzen diotenean.

b) Karguari berariaz uko egitea.

c) Kargualdia bukatzen zaionean. Dena dela, kide berriak karguaz jabetu arte, aurreko kideek beren eginkizun guzti-guztiak erabiltzen segituko dute.

d) Epai irmo baten bidez, bigarren ondorio gisa lanbide batean edo politikan jarduteko desgaikuntza dakarren zigor bat ezarri zaionean.

e) Kontseiluan aritzeko bidea eman dion ordezkaritza galtzen duenean.

f) Foru dekretu honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez duenean.

4. Postu hutsak betetzeko, foru dekretu honetan izendapenak egiteko adierazitako prozedura berbera erabiliko da.

5. Kargualdia bukatzeagatik ez beste edozein arrazoirengatik uzten bada kargua, sartzen den kide berria Kontseilua uzten duen kidearen kargualdia bukatu arte arituko da.

7. artikulua . Funtzionamendua.

1. Kontseilua, bilkura arruntean, urtean behin bederen bilduko da. Bilkura bereziak egin ahalko dira, kontseiluburuak deia egiten badu, bere ekimenez edo Kontseiluko kideen heren batek eskaturik.

2. Nafarroako Desgaitasunaren Kontseiluaren eraketa baliozkoa izateko, kontseiluburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute. Horiez gainera, lehenbiziko deialdian kideen erdiek gehi batek egon beharko dute gutxienez, eta bigarren deialdian kideen herenek.

3. Bilkurak egiteko deialdietan gai-zerrenda adierazi beharko da. Nafarroako Desgaitasunaren Kontseiluko kideek bilkura eguna baino zazpi egun lehenagotik gutxienez jaso beharko dute deialdia. Presako kasuetan, epe hori berrogeita zortzi ordukoa izan daiteke.

4. Kontseiluak bertaratzen diren kideen gehiengoaren bidez hartuko ditu erabakiak eta horien arrazoiak emanen dira. Zilegi izanen da gehiengoaren kontrako boto partikularrak ematea.

5. Berdinketa gertatuz gero, kontseiluburuaren botoak erabakiko du.

6. Kontseiluaren antolamenduari eta funtzionamenduari dagokionez, ondoko arau hauetan ezarritakoari segituko zaio: foru dekretu hau, Kontseiluaren barne funtzionamenduko arauak (horrelakorik onesten bada), abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kide anitzeko organoentzat xedatutakoa eta, ordezko gisa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

8. artikulua . Nafarroako Desgaitasunaren Behatokia.

1. Nafarroako Desgaitasunaren Behatokia organo teknikoa da, Nafarroako Desgaitasunaren Kontseiluaren mendekoa. Desgaitasunarekin zerikusia duen informazioa bildu, sistematizatu, eguneratu, sortu eta zabaltzea du helburua, bai eta desgaitasuna duten pertsonen arloan egiten diren jarduketen jarraipena eta ebaluazioa ere.

2. Behatokiak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Desgaitasuna duten pertsonei dagozkien jarduketen jarraipena eta ebaluazioa egitea, Kontseiluak proposatuz gero.

b) Desgaitasunaren gizarte errealitatearen bilakaerari buruzko azterlanak eta aurrera begirako ikerketak egitea, Kontseiluak proposatuz gero.

c) Kontseiluarekin elkarlanean aritzea desgaitasunari buruzko politika publiko eta pribatuen esparruan jardunbide onak eta ekimen gomendagarriak atzematen eta biltzen.

d) Kontseiluak arlo horretan egiten duen edozein proposamen gauzatzea.

3. Honela osatuko da organo hau:

a) Ordezkaritasun handieneko sindikatuek bi kide izendatuko dituzte.

b) Ordezkaritasun handieneko enpresa erakundeek kide bat izendatuko dute.

c) Foru Komunitateko unibertsitateek pertsona bana izendatuko dute.

d) Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko titularrak bi pertsona izendatuko ditu libreki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileen artetik.

e) Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasun mota guztiez (ikustekoa, entzutekoa, fisikoa eta psikikoa) arduratzen diren erakundeek bi pertsona izendatuko dituzte.

4. Organo honek urtean bilera bat eginen du gutxienez. Bere eginkizunetan aritzeko bildu ahal izanen da komenigarritzat jotzen duenean, edo Kontseiluak hala eskatzen dionean.

Lehen Xedapen Gehigarria .Kideen izendapena.

Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko titularrak foru dekretu honen 5. artikuluan aipatzen diren kideak izendatuko ditu hilabeteko epean, foru dekretu hau argitaratzen denetik hasita.

Bigarren xedapen gehigarria.-Kontseiluaren eraketa.

Kontseilua hiru hilabeteko epean eratuko da, foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Azken Xedapenetan Lehena .Arauen garapena.

Ahalmena ematen zaio gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko titularrari foru dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko apirilaren 4an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F1106215

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web