(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

9/2011 FORU DEKRETUA, OTSAILAREN 7KOA, "ORREAGA-IRATIKO OIHANA" IZENEKO EUROPAR BATASUNAREN INTERESEKO LEKUA ZAINKETA BEREZIKO EREMUTZAT JO ETA HURA KUDEATZEKO PLANA ONESTEN DUENA Nota de Vigencia Nota de Vigencia

BON 04/03/2011



  ERANSKINA. "ORREAGAIRATIKO OIHANA" IZENEKO ES0000126 ZAINKETA BEREZIKO EREMUAREN ETA "ORREAGAIRATIKO OIHANA" IZENEKO B126 HEGAZTIEN BABESGUNE BEREZIAREN KUDEAKETA PLANA


Atariko

Orreaga-Iratiko Oihana izeneko gunea Nafarroako ipar-ekialdeko muturrean dago, Itzaltzu, Otsagabia, Jaurrieta, Hiriberri, Orreaga, Luzaide eta Orbaitzeta udal mugapeetan eta 2., 9. eta 10. partzuergoetan, hain zuzen. Gune horretan Nafarroako aniztasun biologikoaren adierazgarriak diren habitat naturalak eta basa flora eta fauna daude; gainera, zenbait kasutan horiek galzorian daude haien banaketa naturaleko eremuan, edo banaketa naturaleko azalera murritza daukate, bai atzera egiten dutelako bai eremu murritza dutelako. Horregatik, eremu batzuk hautatu behar dira, non, kudeaketa aktiboko eta aurreneurrietako sistema eraginkor eta eragingarrien bidez epe luzerako habitat natural eta basa espezie horien iraupena bermatuko baita.

Habitat natural edo espezie horietako batzuk Kontseiluak habitat naturalen eta basa fauna eta floraren iraupenari buruzko 1992ko maiatzaren 21ean eman 92/43/EEE Zuzentarauan, edo basa hegaztien iraupenari buruzko 79/409/EEE Zuzentarauan sarturik daude. Alegia, balio handia dute ez bakarrik Foru Komunitatean, Europar Batasun osoan baizik. Bi zuzentarauak Europar Batasunak naturaren iraupenaren arloan duen tresna nagusia dira. Horretarako, lekuen sare ekologikoa sortu zen, Natura 2000 Sarea, hain zuzen ere, non Europar Batasunerako interesgarritzat jotzen diren habitat natural eta basa flora eta faunako espezie guztien ordezkariak lehengoratu edo egoki kontserbatu behar baitira.

92/43/EEE Zuzentaraua abenduaren 7ko 1997/1995 Errege Dekretuaren bidez sartu zen Espainiako legerian.

Natura 2000 Sarea osatzeko, zuzentarauak irizpide zientifiko batzuk eta egutegi bat ezarri zituen. 4. artikuluaren arabera, Europar Batasuneko estatuek lekuen zerrenda bat proposatu behar diote Batzordeari, eta adierazi toki bakoitzeko habitat naturalen motak eta Europar Batasunerako interesgarriak diren espezieak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Gobernuak 2000ko maiatzaren 15ean Erabakia hartuta, Zainketa Bereziko Eremutzat jotzen ahal diren lekuen zerrenda behin-behinean onetsi zuen, Natura 2000 Europako sare ekologikoan sartu ahal izateko. Horien artean, "Orreaga-Iratiko Oihana" izeneko ES0000126 gunea dago.

Europar Batasunaren Intereseko Lekua onetsirik, Europar Batasuneko estatuak ahalik eta lasterren jo behar du Zainketa Bereziko Eremutzat, gehienez ere sei urteko epean, mantendu edo lehengoratzeko behar diren zainketa neurriak hartuz, Europar Batasunaren Intereseko Lekuko habitat naturalek eta espezieen populazioek iraun ahal dezaten.

2003ko abenduaren 22ko 2004/69/EE Erabakiaren bidez, Europako Batzordeak eskualde biogeografiko alpinoko Batasunaren intereseko lekuen zerrenda onetsi zuen. Hori dela eta, Europako zuzentaraua aplikatzeko, zainketa bereziko eremutzat joko da.

"Orreaga-Iratiko Oihana" gunerako kudeaketa plana Europar Batasuneko araudiaren betebeharrekin bat prestatu da, eta, beraz, 92/43/EEE Zuzentarauan biltzen diren eta lekuan dauden habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei dagozkien ekintza, neurri eta jarraibideak biltzen ditu.

Nafarroako Gobernuaren 1990eko abenduaren 27ko Erabakiaren arabera, "Orreaga-Iratiko Oihana" gunea Hegaztien Babesgune Berezia da (ZEPA B-126).

ZEPA horren mugak berrikusi ondoren eta doikuntza kartografikoak oinarri hartuta, egokia omen da horiek doitzea, "Orreaga- Iratiko Oihana" gunearen mugekin bat etorrarazita.

Apirilaren 3ko 86/1995 Foru Dekretuaren bidez, Hegaztien Babesgune Berezien (ZEPA) barneko basa fauna babesteko eremuak (APFS) deklaratu ziren, horien artean APFS-2 eremua, "Arrollandieta" izena daukana eta aurretik aipatu den ZEPAn dagoena.

Bere garaian APFS deklaratzea eragin zuten balioak eta haren kontserbazioa bermatzeko beharrezko araudi esparrua "Orreaga-Iratiko Oihana" eremuan sartzen dira modu zabalagoan, eta, beraz, ez omen da beharrezkoa babes mota horri eustea.

Horiek horrela, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2011ko otsailaren 7an egin zuen bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea hauxe da:

1. Europar Batasunaren intereseko ES0000126 lekua, "Orreaga-Iratiko Oihana" izenekoa, zainketa bereziko eremutzat jotzea.

2. "Orreaga-Iratiko Oihana" izeneko ZEPA B-126ren mugak doitzea, zainketa bereziko eremuko mugekin bat etorrarazita.

3. "Orreaga-Iratiko Oihana" izeneko ES0000126 ZBEren eta "Orreaga-Iratiko Oihana" izeneko ZEPA B-126ren kudeaketa plana onestea, foru dekretu honi erantsi zaiona.

2. artikulua . Lurralde mugaketa eta planaren aplikazio eremua.

"Orreaga-Iratiko Oihana" izeneko gunea Nafarroako Pirinioetako haranetako iparraldeko muturrean dago, eta 18.078,12 ha-ko azalera dauka.

Hona hemen haren mugak:

- Iparraldeko eta mendebaldeko muga:

Mugaketa Frantziarekiko mugan zehar hedatzen da, Otsagabiaren eta Uztarrozeren arteko mugatik Luzaideraino. Handik hegoalderantz, Gainekoleta eta Asundegi ubideekin paralelo doa, Ibañeta Gainera heldu eta Orreagan amaitu arte.

- Hegoaldeko eta ekialdeko muga:

Orreagatik hainbat pistarekiko muga Orbaitzetako fabrikaraino heltzen da. Leku horretatik aurrera, Arrazolara doa, Idorgain eta Cantera Gainetatik pasatzen da Irati ibairaino, eta hortik Orbaitzetako mugatik doa Berrendiraino. Berrendi eta Abodiko hegoaldetik ekialderantz 9. partzuergora heltzen da, eta amaieran Frantziaren, Otsagabiaren eta Uztarrozeren arteko muga dago.

Foru dekretu honek onetsitako planaren aplikazio eremuaren mugaketa ofiziala bertan adierazi den kartografiak ezarri du.

Nafarroako Onura Publikoko Mendien (OPM) Katalogoa onetsi duen Nafarroako Gobernu Zibilaren 1912ko maiatzaren 14ko Zirkularraren arabera, eremu horrek 1, 5, 12, 13, 28, 72, 141, 173, 177, 202 eta 205 zenbakietako OPMak ukitzen ditu, 16.515 ha-ko azaleran.

Era berean, Orreagako Errege Kolegiatako Orreaga mendia Mendi Babesle deklaratu eta Nafarroako Mendi Babesleen Katalogoan sartzen duen azaroaren 10eko 328/1997 Foru Dekretuaren arabera, eremu horrek honako mendi babesle hau ukitzen du: 1 zk. duena, 830 ha-ko gutxi gorabeherako azaleran.

Aurretik adierazi denetik ondorioztatzen da lekuaren eremu zati handiena mendi katalogatutzat jotzen dela.

3. artikulua . Zuzendaritza Batzordea.

1. Zuzendaritza Batzordea sortuko da, "Orreaga-Iratiko Oihana" gunearen kontserbazioa kudeatzeko kontsulta eta partaidetza organo gisa. Mendien titularrak diren tokiko entitateetako ordezkariek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko ordezkariek osatuko dute.

2. Zuzendaritza Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kudeaketa planean hausnartutako neurriak gauzatzea sustatzea, ezarritako egutegira moldatzen saiatuta eta Administrazioaren eta agente sozialen eta ekonomikoen arteko lankidetza bultzatuta.

b) Partaidetza soziala bultzatzea ingurumen eztabaida eta erabakietan.

c) Guneko balioak eta berezitasunak eraginkortasunez babesteko proposamenak egitea, balizko handipenak sustatzea eta horren kontserbaziorako eta garapen iraunkorrerako onuragarritzat jotzen dituen kudeaketak egitea.

d) Kasu bakoitzean eskumena duten Foru Komunitateko Administrazioko organoei planaren helburuetarako kaltegarriak izaten ahal diren jarduerak eteteko edo behin betiko desagerrarazteko eskatzea.

e) Planaren betetze-maila urtero ebaluatzea, eta entitate, administrazio eta organo eskudunei neurriak garatzeko behar diren konpromisoak betetzeko eskatzea.

f) Orreaga-Iratiko Oihaneko natur baliabideen azterketa eta ikerketa zein ezagutza eta onura publikoa bultzatzea, haren balioetarako errespetua eta ingurumen hezkuntza sustatuta.

Lehen Xedapen Gehigarria .Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari esku ematea.

Esku ematen zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari foru dekretu hau eta, bidezkoa bada, plana aplikatzeko kostu ekonomikoaren zenbatespenak Europar Batasunera igortzeko, izapideei ekin diezaien, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluan aipatzen diren ondorioak izan ditzan.

Bigarren Xedapen Gehigarria .Loturiko araudia.

"Orreaga-Iratiko Oihana" lekuko guneak diren Lizardoiako Erreserba Integralari (RI-1) eta Mendilazko Natur Erreserbari (RN-6) dagokienez, Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legean, Nafarroako erreserba integralak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 231/1998 Foru Dekretuan eta Nafarroako natur erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.

Halaber, onura publikoko mendiarekin edo mendi babeslearekin bat datorren lekuko azaleran, otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatu zuen Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra .Arauak indargabetzea.

Basa fauna babesteko eremuak (APFS) deklaratu zituen apirilaren 3ko 86/1995 Foru Dekretuan ezarritakoa indargabetuko da, "Arrollandieta" izeneko APFS-2ri dagokionez.

Azken Xedapenetako Lehena .Kudeaketa planaren indarraldia Nota de Vigencia.

1. Hauxe da foru dekretu honen bidez onesten den kudeaketa planaren indarraldia:

a) Mugagabea, gako-elementuei, azken helburuei, arauei eta jarraibideei dagokienez.

b) 12 urtekoa, espero diren emaitzei eta jarduketei (neurriak) dagokienez. Epe hori bukatutakoan, neurriak berrikusiko dira, baina haien aplikazioa luzatuko da harik eta ordezko beste batzuk onesten diren arte.

2. Hala ere, ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak uste badu planean aurreikusirik ez zegoen funtsezko alderdiren bat nabarmen aldatu dela eta horrek eragina izan dezakeela gunearen balioen zainketan, plana berrikusten edo aldatzen ahalko da.

3. Kudeaketa planaren gako-elementuetan, azken helburuetan, araudian edo jarraibideetan eragina izan dezaketen aldaketak edo berrikuspenak foru dekretu bidez eginen dira. Espero diren emaitzen (helburu operatiboen) berrikuspenak eta aldaketak, baita jarduketak ere (neurriak), ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez onetsiko dira.

Azken Xedapenetako Bigarrena .Beste plan batzuekiko lotura.

Foru dekretu honek onesten duen plana bat etorriko da aniztasun biologikoaren iraupenari buruz eman litezkeen maila goragoko planekin, alegia, Nafarroako Naturgune Babestuen Sarearen orotariko jarduketa ildoak finkatu dituzten horiekin.

Baina, Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, kudeaketa plan honetako zehaztapenak zuzenean aplikatzekoak dira, eta tokiko entitateen hirigintzako udal planeamenduan sartuko dira, hura egitean edo berraztertzen denean. Hori horrela, lurralde antolamendu edo antolamendu fisikorako dauden tresnak, kudeaketa plan honi aurka egiten badiote, horretara egokitu beharko dira, lehenbizikoz aldatu edo berrikustearekin batera.

Azken Xedapenetako Hirugarrena .Garatzeko gaikuntza.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Laugarrena .Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko otsailaren 7an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

ERANSKINA. "ORREAGA-IRATIKO OIHANA" IZENEKO ES0000126 ZAINKETA BEREZIKO EREMUAREN ETA "ORREAGA-IRATIKO OIHANA" IZENEKO B-126 HEGAZTIEN BABESGUNE BEREZIAREN KUDEAKETA PLANA

ERANSKINA

I.-Planaren helburua.

Plan honen helburua kasuan kasuan habitat naturalak, espezieak, prozesu ekologikoak eta osagai natural eta kulturalak, hurrengo atalean aipatzen direnak, mantendu edo lehengoratzeko neurri aktiboak eta aurreneurriak hartzea da, iraun ahal dezaten.

Kudeaketa plan honen arabera hartzen diren neurrien lehentasuna guneko osotasun ekologikoa bermatu eta Nafarroako Natura 2000 Sareari batasuna ematea da. Zainketa bereziko eremua ukitzen ahal duen beste edozein plan, programa edo proiektuak bat etorri beharko du helburu horrekin.

Hala ere, plan honen bidez hartzen diren neurriek eta haren ondoriozkoek kontuan hartuko dituzte betebehar ekonomiko, sozial eta kulturalak eta ahal den ber saiatuko dira gaur egungo erabilera eta aprobetxamenduak gizartearen eskari berriei dagozkiekeenekin bat etorrarazten, hala nola, aisialdiari, ingurumeneko hezkuntzari eta ikerketari, gunea babesteko balioak galarazten dituzten aldaketak saihestuz.

II.-Zaindu beharreko balio naturalak.

Landare-formazio naturalek eta erdinaturalek (1)1 BILeko azalera ia osoa hartzen dute. Formazio horien %85, hau da, 14.200 ha inguru, Europar Batasunaren intereseko habitatzat (BIH) (2) jotzen dira,214 habitat mota ezberdin dituztela. BIH horietako bi lehentasunezko habitatzat jotzen dira.

(1) Ez dira landare natural edo erdinaturaltzat jotzen basoberritzeak edo basoko landaketak eta hiri lurzoru elkortzat edo urtzat jotzen diren azalerak (Irabiako urtegia).

(2) Habitatei buruzko Zuzentarauaren (92/43/EEE Zuzentaraua) arabera, "Europar Batasunaren intereseko habitatak" dira, Europar Batasuneko lurraldean dauden habitat naturalen artean, honako ezaugarri hauek betetzen dituztenak: banaketa naturaleko eremuan desagertzeko zorian daudenak, banaketa eremu murritza dutenak edo Europar Batasunak dituen eskualde biogeografikoen adibide garrantzitsuak direnak.

Baso zabal batek osatzen du lekua, bertako zuhaitzek -bereziki pagadiek- 11.000 ha baino gehiago hartzen dituztela. Dena den, eremu garbi zabalak ere baditu, horietan nagusi direla larreak (2.700 ha inguru) eta sastrakadi multzo ezberdinak, mailakako egitura-konplexutasuna dutenak (2.500 ha). Zenbait tokitan haitzei lotutako habitatak daude, 270 ha inguruko azalera dutenak.

Pagadiak bi pago motatakoak dira, funtsean. Mota horietako bat lur azidoetan (9120 BIH) garatzen da, eta Luzaiden eta Aezkoa mendian dago, La Cuestión mendiaren mendebalderaino. Beste pago mota oinarrizko lurretan dago, eta Zaraitzuko Irati, Abodi mendia eta Berrendi hartzen ditu, funtsean. Pirinioetako pagadi basofiloak Erronkari eta Zaraitzu haranetako toki nagusietan eta Aezkoako ipar-ekialdeko zatian baino ez daude Nafarroan. Lekuan sartutakoak habitat mota horren Nafarroako adibide onenetako batzuk dira. Pagadi horien ezaugarria da neurri handiagoan ala txikiagoan izeidiak (Abies alba) egotea, batzuetan pagadi-izeidiak esaten zaiela. Izan ere, Irati bada Europako pagadi-izeidietako hego-mendebaldeko muga, baita habitat mota horren adibide onenetako bat ere, penintsula mailan. Horren ondorioz, baso mota horren Nafarroako masa garrantzitsuenetako bat da. Adibide adierazgarrienetako bat Lizardoiako Erreserba Integrala (RI-1) da.

Nabarmenak dira lekuan agertzen diren sastrakadien komunitateen azalera eta aniztasuna: giro subalpetarretako berezkoak zein giro submediterraneoetakoak daude. Gehienak Europar Batasunaren intereseko habitatak dira. Txilardi atlantiarraren (Vaccinio myrtilli-Ulicetum gallii) azalera handiak daude, nahiz eta habitat urria den eskualde alpinoan (4030 BIH). Izan ere, txilardi horiek Nafarroan duten lurren %60 baino gehiago leku horretan dago. Gainera, otaberen (Genista occidentalis eta Teucrio pyrenaici-Genistetum occidentali) sastrakadiek eskualde alpinoan hartzen duten azaleraren gehiena ematen du (4090 BIH).

Larreei dagokienez, lekuan dauden aldakortasun litologikoa eta orografikoa direla-eta badaude komunitate basofiloak zein larreetako komunitate azidofiloak. Lekuak mendiko larre azidofiloen azalera handiak (6230 BIH) ematen dizkio Natura 2000 Sareari.

Gunearen azalera nabarmenak, lur ezberdinek, klimaren eraginak eta orotariko orografiak flora katalogatuko eta interesgarriko espezie ezberdinak egotea errazten dute. Habitatei buruzko Zuzentarauko espezieei dagokienez, lekuan lilipa (Narcissus pseudonarcissus subsp. nobilis), Asturiasko lilipa (N. asturiensis), goroldio berdea (Buxbaunia viridis) eta Dicranum viride izenekoa daude. Horietaz gain, nabarmenak dira Nafarroan katalogatutako taxonak -Agrostis truncatula subsp. Commista, Circaea alpinoa - subsp. alpinoa eta Austriako Eleocharis-, mugaturiko habitatei (hala nola haitzak, zohikaztegiak eta larre subalpinoak) oinarrian lotuta daudenak. Halaber, zenbait endemismo piriniotar edo piriniotar-kantabriar eta Nafarroan oso arraroak diren espezieak daudela aipatu da: Nigritella gabasiana, Pirinio Garaietako arraukak (Festuca altopyrenaica), negu-txilintxa (Galantus nivalis), Huperzia selago, errostak (Gentiana lutea subsp. lutea), etab.

Pagadi eta pagadi-izeidi helduak egoteak fauna-komunitate interesgarria egotea bermatzen du. Horien artean nabarmentzen dira okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos) eta okil beltza (Dryocopus martius), baita hainbat kiroptero eta basoko ornogabeen espezie ere. Beste alde batetik, larreratutako larreak mantentzeak hegazti nekrofagoentzako elika-eskaintza garrantzitsua dakar, horien artean ugatza (Gypaetus barbatus) nabarmentzen dela. Gune subalpinoetako larre horiei esker, eper grisaren (Perdix perdix) Pirinioetako mende-mendebaldeko populazio-gotorlekuari eusten zaio. Eper grisak sastrakadien estaldura handiagoa duten larreetara doaz neguan. Amaitzeko, Iratiko ubideetan anfibio eta ugaztun urlehortarren hainbat espezieren populazioak bizi dira, hala nola uhandre piriniotarra (Euproctus asper), igel piriniotarra (Rana pyrenaica), muturluze piriniotarra (Galemys pyrenaicus) eta igaraba arrunta (Lutra lutra).

Aurreko balioak kontuan hartuta, habitat batzuk, eta lekuan dauden edo egon litezkeen flora eta faunako espezie batzuk hautatu dira, lurraldearen adierazgarri diren balio natural guztiak ordezkatzen dituztenak. Habitat eta espezie horiei "Giltzarriak" deritze. Izan ere, lekuaren zainketa "aktiboa" oinarritzeko ardatz gisa erabiltzen dira. Hori horrela, giltzarri guzti-guztietarako proposaturiko helburuetatik abiaturik, gaur egungo kontserbazio-egoera baldintzatzen duten faktoreak aztertu ondoren, jarduketak, kudeaketako jarraibideak eta lege-neurriak proposatu dira, leku osoaren balio naturalak mantendu eta hobetzeko bide ematen dutenak.

"Orreaga-Iratiko Oihana" lekua kudeatzeko giltzarriak honako hauek dira:

1. Pagadiak.

2. Izeidiak.

3. Sastrakadiak eta larreak.

4. Haitzei lotutako habitatak.

5. Mehatxupeko flora.

6. Ur-ibilguei lotutako fauna.

7. Gune irekiei lotutako hegaztiak.

8. Baso-inguruneari lotutako hegaztiak.

9. Saguzarrak.

10. Ornogabe katalogatuak.

Gainera, lan-arlo hauek zehaztu dira:

A) Onura publikoa.

B) Ikerketa.

III.-Planaren azken helburuak.

Azken helburuak dira kudeaketak lortu behar dituen xede edo helmugak, ahalik eta lasterren aurreko atalean aipatzen diren giltzarri guztientzako kontserbazio-egoera on bat ahalbidetzeko.

1. Pagadiak.

1.1. Azken helburua: Orreaga-Iratiko Oihaneko pagadiak egituraren aldetik eta berariaz dibertsifikatzea.

1.2. Azken helburua: Basoetako esku-hartzeen integrazio-mailak lortzea, naturaltasunari buruzko baldintzak bermatuta.

2. Izeidiak.

2.1. Azken helburua: Izeidi edo pagadi-izeidien egungo azalerak mantentzea kontserbazio-egoera onean.

3. Larreak eta sastrakadiak.

3.1. Azken helburua: Larre eta sastrakadien kontserbazio-egoera ona bermatzea, horien egungo okupazio-azalerari eutsita, gutxienez.

4. Haitzei lotutako habitatak.

4.1. Azken helburua: Haitzei lotutako habitaten kontserbazio-egoera ona mantentzea.

5. Mehatxupeko flora.

5.1. Azken helburua: Mehatxupeko florako espezieen kontserbazio-egoera ona mantentzea.

6. Ur-ibilguei lotutako fauna.

6.1. Azken helburua: Muturluze piriniotar, uhandre piriniotar eta igel piriniotarrarentzako habitataren harrera-gaitasuna kontserbatzea.

7. Gune irekiei lotutako hegaztiak.

7.1. Azken helburua: Eper grisa egotea ahalbidetzen duten beharrezko habitat-baldintzak mantentzea.

7.2. Azken helburua: Lekuak ugatzaren larreratze-, elikadura- eta hazkuntza-eremu gisa dituen baldintzak mantentzea eta, hala denean, hobetzea.

8. Baso-inguruneari lotutako hegaztiak.

8.1. Azken helburua: Lekuak har ditzakeen adinako okil gibelnabar eta okil beltzaren populazioak lortzea.

9. Saguzarrak.

9.1. Azken helburua: Lekua erabiltzen duten saguzar espezieentzat habitataren gaitasuna handitzea.

10. Ornogabe katalogatuak.

10.1. Azken helburua: Lekuko mehatxupeko ornogabeen espezieentzat habitataren harrera-gaitasuna handitzea.

A) Onura publikoa.

A.1) Azken helburua: Onura publikoa eta baliabideen kontserbazioa bateragarri egitea.

B) Ikerketa.

B.1) Azken helburua: Lekuko ikerketa bultzatzea, horren kudeaketari eta ingurumen hezkuntzari laguntzeko.

IV.-Planaren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak.

Planaren azken helburuak edo helmugak indarraldian lor ez badaitez, arrazoi ekologiko, sozial edo ekonomikoengatik, indarraldi horretan haren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak zehazten dira. Emaitza horiek bide eman behar dute proposatu diren azken helburuak lortzeko. Hona hemen, giltzarrien eta azken helburuen zenbakien arabera:

1. Pagadiak.

1.1.1. Helburu operatiboa: Interes ekologikoa duten zuhaiztien egungo azalerei eustea, eta baso-aprobetxamendua duten guneetan haien kabuz bilakatzen diren zuhaizti helduak daudela bermatzea.

1.1.2. Helburu operatiboa: Kontserbazioa bermatzea eta pagadiaren barneko argiguneen eta gune argituen egungo azalera handitzeko aukera baloratzea.

1.1.3. Helburu operatiboa: Pagadietan egur hilaren bolumena gehitzea.

1.1.4. Helburu operatiboa: Lekuko pagadietan dauden bigarren mailako espezieen unadak kontserbatu eta hobetzea.

1.2.1. Helburu operatiboa: Paisaiarako egokitzapena hobetzea eta pisten eragina murriztea.

2. Izeidiak.

2.1.1 Helburu operatiboa: Izeiaren berezko birsorkuntzari laguntzea.

2.1.2 Helburu operatiboa: Baso-egitura dibertsifikatzea eta, aldi berean, basa belarjaleentzat erakarguneak sortzea.

3. Larreak eta sastrakadiak.

3.1.1. Helburu operatiboa: Larreak ustiatzeko eta abereak erabiltzeko eredua ezartzea, horiek zaindu eta mantentzeko.

3.1.2. Helburu operatiboa: Larreen antolamendurako planetan ezarritakoaren arabera, kontserbaziorako interesgarriak diren larre eta sastrakadien eremuak kontserbatzea eta mantentzea bermatzen duen nekazaritza-jarduera egoteko beharrezko neurriak prestatu eta aplikatzea.

3.1.3. Helburu operatiboa: Larreen egoera ona mantentzea, eta horiek erabiltzea eta aprobetxatzea bermatzeko beharrezko azpiegiturak ematea.

4. Haitzei lotutako habitatak.

4.1.1. Helburu operatiboa: Haitzei lotutako habitaten egungo egoera zehatzago ezagutzea.

5. Mehatxupeko flora.

5.1.1. Helburu operatiboa: Mehatxupeko florako espezieen banaketa eta kontserbazio-egoera ezagutzea.

5.1.2. Helburu operatiboa: Mehatxupeko florako espezieen kontserbaziorako neurriak aplikatzea.

6. Ur-ibilguei lotutako fauna.

6.1.1. Helburu operatiboa: Ubideei lotutako mehatxupeko espezieen populazio-egoera eta kontserbazio-egoera ezagutzea.

6.1.2. Helburu operatiboa: Lekuko ibaien eta ubideen habitataren kalitatea bermatzea.

7. Gune irekiei lotutako hegaztiak.

7.1.1. Helburu operatiboa: Eper grisaren lekuko populazio-egoera ezagutzea.

7.1.2. Helburu operatiboa: Eper grisarentzat baldintzak eta habitat onak hobetzea.

7.2.1. Helburu operatiboa: Lekuan ugatzaren elika-eskaintza eta haren urtaroko banaketa bermatzea.

7.2.2. Helburu operatiboa: Pozoiduraren bidez hiltzeko arriskuak kentzea.

7.2.3. Helburu operatiboa: Ugatzak habia egiteko balizko guneen kontserbazioa bermatzea.

8. Baso-inguruneari lotutako hegaztiak.

8.1.1. Helburu operatiboa: Okil gibelnabarraren eta okil beltzaren lekuko egoera behar bezala ezagutzea, eta habitataren kalitate egokia bermatzen duten neurriak ezartzea.

9. Saguzarrak.

9.1.1. Helburu operatiboa: Lekuan dauden saguzar espezieak identifikatzea, eta haien hazkuntza- eta elikadura-habitaten baldintzak hobetzea.

10. Ornogabe katalogatuak.

10.1.1. Helburu operatiboa: Lekuan mehatxupeko ornogabeak dauden jakitea, eta habitataren kalitate egokia bermatzea.

A) Onura publikoa.

A.1.1) Helburu operatiboa: Bisitariek eta biztanleek gune babestua hobeto ezagutzea, eta neurri handiagoan baloratzea.

A.1.2) Helburu operatiboa: Onura publikoa arautzea.

B) Ikerketa.

B.1.1) Helburu operatiboa: Ikerketa-arloak lehenestea.

V.-Araudia.

-Araudi orokorra.

1. Baso-lurzoruan egin nahi den edozein jarduketa otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatutako Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen bidez arautuko da. Aipatutako foru legearen arabera, mendi katalogatuetan onura publikoko mendiaren edo mendi babeslearen izaerarekin bateragarriak diren jarduerak baino ez dira baimenduko.

2. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen mende egonen dira eranskinetakoren batean ageri diren titulartasun publiko zein pribatuko plan, programa, proiektu eta jarduerak, sortzean, abian jartzean edo gauzatzean ingurumenaren baldintzak aldatzen ahal dituztenak, edo ingurumenari zein pertsonen osasunari eta haien ondasunei kaltea eragiten ahal dietenak.

3. Ematen den edozein baimenek bermatuko du Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legean ezarritakoa betetzen dela eta ez dituela ukitzen Kontseiluak habitat naturalen eta basa fauna eta floraren iraupenari buruz 1992ko maiatzaren 21ean eman 92/43/EEE Zuzentarauan zerrendatutako Europar Batasunaren intereserako animalia eta landare espezieak, eta haien habitatak edo zainketa bereziko eremua kontserbatzeko garrantzi handia duten paisaiako elementuak.

-Berariazko araudia.

1. Lizardoiako Erreserba Integrala (RI-1)

1.1. Lizardoiako Erreserba Integraleko edozein jarduera edo jarduketa Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legean eta Nafarroako erreserba integralak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 231/1998 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera arautuko da.

2. Mendilazko Natur Erreserba (RN-6).

2.1. Mendilazko Natur Erreserbako edozein jarduera edo jarduketa Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legean eta Nafarroako natur erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera arautuko da.

3. Arrollandietako haitzak.

3.1. Arrollandietako haitzetan eta haien eragin-eremuan egiten diren (meatzaritza, hidrologia, basogintza, abeltzaintza eta turismo arloetako) erabilerek eta aprobetxamenduek hango natur balioen eta, bereziki, hari lotutako hegazti-faunaren kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bildu beharko dituzte.

4. Balio garrantzitsuak dituzten ubideak.

4.1. Kontserbazio-egoera ona eta, mehatxupeko espezieak edo habitat interesgarriak egoteagatik, faunaren eta floraren aldetik interes handia dituzten ubideetan eta haien eragin-eremuan egiten diren (hidrologia, basogintza eta abeltzaintza arloetako) erabilerek eta aprobetxamenduek kokaleku horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bildu beharko dituzte.

4.2. Ez da onartuko ur ibilien erregimen naturala aldatzea dakarren jarduketarik, herriak hornitzeko edo nekazaritza eta abeltzaintzako ohiko erabileretarako ezinbestekoak diren gutxieneko jarduketak izan ezik.

5. Flora interesgarria.

5.1. Mehatxupeko florari dagokionez, Nafarroako Flora Mehatxatuaren Katalogoa sortu eta katalogatzen den basa flora kontserbatzeko neurriak ematen dituen apirilaren 7ko 94/1997 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio.

5.2. Lekuko monumentu naturalen babesa eta kontserbazioa Nafarroako zenbait zuhaitz berezi natur monumentu deklaratu eta horien babes araubidea ezartzen duen abenduaren 1eko 87/2009 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera arautuko dira.

5.3. Flora interesgarria duten kokalekuetan egiten diren (hidrologia, basogintza, abeltzaintza, turismo eta zientzia arloetako) erabilerek eta aprobetxamenduek gune horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bildu beharko dituzte.

5.4. Otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatutako Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 45.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, mendi katalogatuetako lur leunetan edo aurreko basoberritzeetako mozketetatik datozen lurretan baino ezin izanen da basoberritzea gauzatu jatorrizko espezieak ez direnekin. Kasu horietan, proiektatzen den basoberritzearen diseinua eginen da, basoberritu beharreko azaleraren %25ean, gutxienez, guneko balizko landareen adierazgarriak diren espezieak barne hartuta.

6. Fauna interesgarria.

6.1. Saguzarrak hazteko koloniak dituzten eraikinak lehengoratzeko edozein proiektuk horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bildu beharko ditu.

6.2. Putzu berriak eraikitzeko eta lehendik daudenak hobetzeko proiektu guztiek anfibioak zaintzeko neurriak bilduko dituzte, baita basa faunako espezieak itotzea eragozteko neurriak ere.

VI.-Kudeaketarako jarraibide edo orientazioak.

Kudeaketarako jarraibide edo orientazio hauek gomendiotzat jo behar dira eta beraz aplikatu beharko dira, bestela komeni dela pentsatzeko arrazoirik ez bada.

1. Larre eta sastrakadietarako jarraibideak.

1.1. 92/43/EEE Zuzentarauan dauden eta kontserbazio-egoera onean dauden larreek eta sastrakadiek hartutako azaleretan ez da luberritzerik edo ereiterik eginen.

1.2. Salbuespen gisa, Europar Batasunaren intereseko habitatekin antza izanda, haien berezko itxura ez duten larre eta sastrakadietan luberritzeak eta ereiteak egiten ahalko dira. Jarduketaren helburuak (ikerketa, landare-komunitate inbaditzaileen gaineko kontrola...), ukituriko azalerak, habitat horien paisaiako banaketak eta agerpenak, eta habitataren guneko ezaugarriek baldintzatuko dute jarduketa horiek egitea. Gainera, jarduketa mota horrek gune zehatz batean izan dezakeen metatze efektua baloratuko da.

1.3. Salbuespen gisa baino ez dira eginen ongarritzea edota medeatzea dakarten jarduketak. Kasu horietan, lehentasunezkotzat joko da lurzoruen mapa egitea, eta haien ondorio nagusiek zaindu beharreko eremuak, eta erabili beharreko osaera eta dosiak zehaztuko dituzte. Nolanahi ere, habitata eta uren kalitatea nabarmen ukitzen ez direla bermatuko da. Gainera, iraganean jada gauzatu diren jarduketei dagokienez proiektu zehatz batek izan dezakeen metatze efektua aztertuko da.

1.4. Belar-sastrakak garbituko dira, ondoriozko paisaia-egitura larreen eta sastrakadien mosaiko heterogeneo eta orekatua izateko moduan.

1.5. Erreketek baimena beharko dute, indarra duen araudiaren arabera. Espediente horiek tramitatzean, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak eskatu den erreketa egitea komeni den hausnartuko du, eta, hala denean, behar dena ezarriko du, erreketak ukipenak ahalik eta txikienak izateko baldintza egokietan egin dadin.

1.6. Belar-sastrakak garbitu edo erre beharreko guneetan, babestu beharreko elementu interesgarriak mugatuko dira.

1.7. Basoarekiko mugan dauden guneetan garbitu gabeko baso aurreko zerrendak, basoaren lerrotik 10 metroko gutxieneko zabalera dutenak, kontserbatuko dira, ekotonoaren berezko espezieak finka daitezen.

1.8. Garbituriko lurzatiek ez dute izanen azalera jarraituko 5 ha-tik gora, ahal den perimetro handiena izanda (irregulartasun handiagoa).

1.9. Malda-aldaketetan sestra-kurben arabera kokaturiko landare-zerrendei eusten lagunduko da, nahi ez diren higadura-prozesuen aurkako prebentzio-neurri gisa.

2. Zuhaiztietarako jarraibideak.

2.1. Argigune berriak zabaltzeko, zuhaitzak ipurditik mozteko eta gerrikoa egiteko teknikak erabiliko dira.

2.2. Argigune berriak irregularrak izanen dira (ahal den perimetro handiena izanda), eta ez dute izanen azalera jarraituko 1 ha-tik gora.

2.3. Argigune berriak sortzeko orduan, birsortzeko mozketak jaso dituzten edo, azken mozketa egin ondoren, espero zen berezko birsorkuntza izan ez duten unadak eta izeidiaren ingurunea lehenetsiko dira, zerbidoentzako erakarguneak sortzeko asmoz.

2.4. Pagadian lurrean zein zutik dagoen egur hila errespetatuko da.

2.5. Interes ekologikoa duten zuhaitzek irautea bermatuko da.

2.6. Hektareako 8-10 zuhaitz heldu kontserbatuko dira, gutxienez, pagadien azken mozketan, mendian ziklo biologikoa buka dezaten. Zuhaitz horiek hautatzeko kontuan hartu beharreko faktore nagusiak honako hauek izanen dira:

a) Pizidoen zuloak egotea.

b) Onddoak, zauriak, adar hilak, malformazioak, arrailak edo zulo naturalak egotea.

c) Adaburuaren liraintasunaren eta garapenaren arteko harremana. Isolatuta egonda, zuhaitzak bizirauteko aukera gehiago izanen ditu, haren diametroa eta adaburuaren garapena handitzen diren neurrian.

d) Zuhaitzaren tamaina. Zuhaitz handiek txikiek baino zulo gehiago eta era askotakoak eskaintzen dizkiote faunari.

e) Espezieen aniztasuna. Lehentasunezkoa da pagadietan egoten ahal diren beste espezie batzuen zuhaitz helduak zaintzea, gutxi izan arren.

f) Espazio-banaketa. Printzipioz zuhaitz horiek erregulartasunez banatuta egon behar dira, horrela espazioan banaturiko aterpeen horniketa bermatzen delako. Helburua zenbait organismo (adibidez, kakalardoen populazioak edo flora geofitoko unadak) kontserbatzea bada, hori errazago lortuko da, zuhaitz-multzoak edo zuhaiztiak zainduta. Hobe da ahalik eta handienak izatea, baso-ezaugarriak (intsolazio-mailak, hezetasuna, tenperatura, etab.) ahalik eta neurri handienean kontserbatzeko.

2.7. Haritzerako balizko guneetan oihangintza aplikatuko da, pagoaren aurrean haritza lehenesteko.

2.8. Izeiak dituzten pagadietan oihangintza aplikatuko da, pagoaren aurrean izeia lehenesteko.

2.9. Bigarren mailako espezieak errespetatuko dira, eta haien zainketa bermatuko da. Espezie horiek espezie nagusia birsortzeko mozketak egin behar direneko guneetan badaude, neurri guztiak hartuko dira bigarren mailako espezieek mendian iraun dezaten eta haien berezko birsorkuntza berma dadin, haien behar ekologikoekin bat datozen jarduketen bidez. Era berean, garrantzi ekologiko berezia duten bigarren mailako espezieen unada eta zuhaitz isolatuak zaintzea bermatuko da.

2.10. Landaketa berrietan espezie fruitudunak egotea lehenetsiko da.

2.11. Basoberritzeko proiektuetan bertako eta, ahal den neurrian, jatorriko eskualde bereko espezieak erabiliko dira. Dena den, kanpoko espezieekin ere basoberritzeak egiten ahalko dira, baldin eta gune osoan basoberritze horien azalera osoa ez bada 100 ha-tik gorakoa.

2.12. Okil gibelnabarra hazteko eremuak barne hartzen dituzten masetan ez da eginen zuhaitzak moztu, egin eta ateratzeko lanik otsailaren 15etik ekainaren 15era bitarteko aldi kritikoan.

2.13. Baso-aprobetxamenduetan ubideen ertzetako landareak errespetatuko dira.

3. Beste jarraibide batzuk.

3.1. Ez da gauzatuko jarduketarik, habitat edota florako espezie interesgarriak dituzten hezeguneak drainatzea edo lehortzea eragiten duenik.

3.2. Egurra kontserbatzeko, ez da eginen biozidak (produktu organokloratuak, organofosforatuak eta karbamatoak) dituen tratamendurik, saguzarra hazteko koloniak dituzten eraikinetan.

3.3. Pistak hobetzeko eta eraikitzeko proiektuek paisaiara egokitzeko neurriak barne hartuko dituzte.

3.4. Pistak drainatzeko sistemak solidoak ubideetara eramatea eragotziko du.

3.5. Pistak hobetzeko eta eraikitzeko proiektuek eta baso-aprobetxamenduen baldintzen agiriek ubideetarako ukipena ahalik eta txikiena izateko behar diren neurriak barne hartuko dituzte.

3.6. Abeltzaintzako erabilerak ubideetako baldintza ekologikoak eta flora interesgarrien populazioak hondatzea eragotziko du.

3.7. Lehentasuna emanen zaio hurrengo ikerketa-arloei dagozkien ikerketa proiektuen garapenari:

-Fauna eta flora interesgarrietako espezieen kontserbazioaren biologia.

-Lizardoiako eta Margorratxikinako pagadi-izeidiaren ekosistemaren egituraren eboluzioari eta funtzionamenduari buruzko azterketa.

-Pagadi-izeidiak Natura 2000 Sarean eta korridore biologikoetan duen garrantzi ekologikoaren balorazioa.

-Baso helduen bioadierazleen zehaztapena eta jarraipena.

-Basa ungulatuen eta etxeko faunaren populazioen jarraipena eta ekosisteman duten eragina.

VII.-Jarduketak.

Plan honek indarra dueino, jarduketa hauek ezarriko dira:

1. Larre eta sastrakadiei lotutako neurriak.

1.1. Larreratze-guneetako larreen antolamendurako planak egitea.

1.2. Abeltzaintzako azpiegiturak sortu eta mantentzea.

1.3. "Artzaintzarako laguntzak, Natura 2000 Sareko mendiko larreetan" abiaraztea.

1.4. Nafarroako Kudeaketa Institutu Teknikoaren (Abeltzaintzako KIT) eta Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren (NNPEK) laguntzaz, entitate titularren eta abeltzainen artean sustatzea larreak "produkzio ekologikoko eremu"tzat jotzea, interesa izaten ahal duten ekoizleek horiek erabiltzea bermatzeko asmoz.

1.5. Lekuko mendiko larreetan higadura-prozesuak lehengoratzeko lanak egitea.

1.6. Ekotonoak sortzeko eta lehendik daudenak finkatzeko eta hobetzeko jarduketak egitea.

1.7. Lekuan dauden haitzei lotutako habitaten 1:5.000 eskalako inbentarioa egitea, eta haien kontserbazio-egoera zehaztea.

2. Zuhaiztiei lotutako neurriak.

2.1. Birsortzeko mozketa-prozesuetan dauden masetan egun dauden interes ekologikoko zuhaitzak identifikatu, kokatu eta markatzea.

2.2. Baso-masaren barnean argiguneak identifikatu, kokatu eta markatzea (E: 1/1.000), eta horiek kontserbatzeko neurriak ezartzea.

2.3. Basoan laginketak egitea, lurrean zein zutik erabilgarri dagoen egur hilaren hasierako kantitatea ebaluatzeko.

2.4. Hariztiaren azalera handitzea (40 ha), espezie horri laguntzen dioten baso-jarduketen bidez.

2.5. Erreferentzia geografikoak dituen base irekia sortzea eskala zehatzean (1/5.000), bigarren mailako espezieen kokalekuei buruzko berariazko informazioa duena: haltzak, lertxunak, lizarrak, haginak, haritzak, ezkiak eta abar dituzten zuhaiztiak, eta haien kontserbazioa bermatzeko behar diren kudeaketa-neurriak ezartzea.

2.6. Kokaleku egokietan bigarren mailako espezieen 10 ha-ko zuhaiztiak instalatzea, guztira.

2.7. Izeidien eta pagadi-izeidien dinamikari buruzko azterlana egitea Lizardoiako Erreserba Integralean.

2.8. Ungulatuen erroldak egitea, lekuko ingurumen-balioen kontserbazioa bermatzeko kudeaketa-neurriak ezartzeko asmoz.

3. Florari lotutako neurriak.

3.1. Azterketak egitea, florako mehatxupeko espezieen banaketa-eremua ezagutzeko, haien populazio- eta kontserbazio-egoerak zehaztea, eta espezie horientzako jarraipen-protokoloa ezartzea.

3.2. Austriako Eleocharis izenekoaren populazioaren urteko kontrola egitea.

4. Faunari lotutako neurriak.

4.1. Putzu plastifikatuetan faunarentzat ihesbideak sortzea.

4.2. Lekuan igel piriniotarraren azterlana egitea. Azterlan horrek kudeaketarako gomendio praktikoak bilduko ditu.

4.3. Erregistro irekia mantentzea uhandre piriniotar eta muturluze piriniotarrarentzat, lekuan espezieari buruz sortzen den informazioa datu-base batean sartzea ahalbidetzen duena.

4.4. Lekuan eper grisak duen populazio-egoerari eta habitatari buruzko azterlana egitea.

4.5. Gunearen ekialdetik hurbil nekrofagoentzako ordezko elikadura-gunea instalatzea.

4.6. Hegazti nekrofagoentzako ordezko elikadura-guneak (HNOEG) ohi bezala monitorizatzea, eta nekrofagoen balizko gorpuen agerpena kontrolatzea.

4.7. Gunean okil gibelnabarraren errolda egitea, 1998ko azterlanean kokatutako lurren berrikuspena barne hartzen duena. Halaber, 1993an eboluzio naturalerako hautatu ziren guneak ebaluatuko dira.

4.8. Okil gibelnabarrak guneaz egiten duen erabilerari buruzko azterlana egitea, espezieak oihangintza-jarduketa batzuen aurrean duen erantzuna ebaluatzen duena.

4.9. Lekuko funtsezko habitatetan (putzuak, larreak eta basoak) saguzarren erroldak egitea.

4.10. Leku egokietan kutxa batzuk instalatzea, saguzarren babesleku gisa.

4.11. Metodologia egoki baten bidez, ornogabeen laginketak egitea, espezie ezberdinentzat habitat-eskakizunak ezarrita eta kudeaketari aplikatzen ahal zaizkion ondorioak lortuta.

5. Onura publikoari lotutako neurriak.

5.1. Lekuaren onura publikorako jarraibideak prestatzea.

5.2. Onura publikoa planifikatzeko eta arautzeko jarduketak egitea, eta Iratiko Oihanaren ingurumen-balioak zabaltzea (onura publikoko plana egitea eta Otsagabiako Natura Interpretatzeko Zentroa mantentzea barne).

5.3. Berariazko guneari buruzko unitate didaktikoa egitea DBHko 1. eta 2. zikloetako ikasleentzat.

VIII.-Kudeaketa planaren finantzaketa.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, bere aurrekontuen bidez, honako hauek finantzatuko ditu:

-Mantendu eta lehengoratzeko proiektuak gauzatzeko behar den zenbatekoa, guneko kontserbazio-egoera ona bermatzen duena.

-Ekipamenduak eta kudeaketarako egitura mantentzeko behar den zenbatekoa.

-Erabilera eta jardueren murriztapenek behar dituzten ordainak eta ingurumenari buruzko borondatezko kontratuak pagatzeko behar diren kontusailak.

-Plana gauzatu eta haren helburuak lortzeko behar diren bestelako kontusailak.

Nafarroako Gobernuko departamentuek ingurumena beren politika sektorialetan integratzeko egiten dituzten ekintzek ere laguntzen ahalko dute plana garatzen.

Partikularrek edo tokiko entitateek herrilurretako ondarea administratzeko sustatzen dituzten jarduketak, haien helburua plana garatzea bada eta ez dirurik irabaztea, eta lekuko kontserbazio-egoera ona mantentzen laguntzen badute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak finantzatzen ahalko ditu oso-osorik. Inguruko herriguneen garapen sozioekonomikoa sustatzeko, departamentu honen mendeko beste edozein laguntzatan, posible denean, Zainketa Bereziko Eremuaren barruan proposatzen diren guneen zainketarekin bat datozenak lehenetsiko dira, alegia, gune horretatik edo beste edozein naturgunetatik kanpo proposatzen diren beste batzuen aldean laguntza-portzentajea gehitzen dutenak. Halaber, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua aurrekontuetatik kanpoko fondoak aplikatzen saiatuko da, haien helburua plan honetan ezarritako ekintzetako baten bat garatzea bada.

IX.-Mugak.

Erabilerak eta jarduerak murriztearen ondoriozko ordainak Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/96 Foru Legearen 28. artikuluan xedatu bezala pagatuko dira. Hala ere, bestelako ordainak ere hitzartzen ahalko dira, hala nola laguntzak, diru-laguntzak, zerbitzuak edo bestelako sustapenak.

X.-Jarraipen-programa.

Jarraipena egiteko programa ezartzen da, plana ongi gauzatzen dela eta haren helburuak lortzen direla bermatzeko. Programa horrek helburu bakoitzerako objektiboki egiaztatzen ahal den adierazle bat izanen du, gutxienez.

Programa horren emaitzen eta, oro har, planaren gauzatze-mailaren berri emanen zaio urtero Zuzendaritza Batzordeari.

Lorturiko emaitzen arabera, espero ziren emaitzen aldean desbiderapena gertatu dela edo aurreikusten zen epean lortu ezin direla ikusten denean, kudeaketaren eragingarritasuna eta eraginkortasuna hobetzeko behar diren neurri guztiak hartzen ahalko dira planaren barruan.

JARRAIPEN – PROGRAMA

XI. - Mugaketa-mapa eta barnean dauden entitateak.

Iragarkiaren kodea: F1102386

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web