(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

70/2003 FORU DEKRETUA, APIRILAREN 7KOA, ELBARRIEN AHO-HORTZETAKO OSASUN LAGUNTZAREN PROGRAMA ALDATZEN DUENANota de Vigencia

BON N.º 54 - 30/04/2003



Atariko

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 5. artikuluko 14. idatz-zatiak gaitasuna ematen dio Foru Komunitateko Osasun Administrazioari Foru Legearen esparruan diren herritarrentzat osasun prestazio osagarriak ezartzeko. Prestazio horiek berariazko programazioa eginda eta behar den aurrekontua jarrita emanen dira.

1993az geroztik abian da elbarri psikikoentzako hortz-haginetako tratamendu zenbaiten gastuak itzultzeko sistema bat. Pertsona askok jaso dute sistema horren laguntza, adimen urrikoek, paralitiko zerebralek eta Down sindromedunek hain zuzen.

Baina minusbaliatu psikikoek ez ezik, minusbaliatu fisiko askok ere arrisku handia dute bizitzan zehar aho-hortzetako txantxarra eta eritasun periodontalak izateko. Horregatik, bada, populazio orokorrak baino askoz ere prebalentzia handiagoa jasaten dute. Egoerak okerrera egiten du, gainera, behar diren tratamenduak emateak berak ohi baino zailtasun gehiago izaten dituelako. Batzuetan, berez txikikeriak diren zenbait tratamentutarako, sedazio sakona behar izaten da edo anestesia orokorra eta, maiz, leku berezia behar izaten da gaixo hauek tratatu ahal izateko.

Haur eta Gazteen Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programak 6 urtetik 18ra bitarteko minusbaliatuak atenditzen ahal ditu, baina ez 6 urtetik beheitikoak eta 18 urtetik goitikoak. Horregatik, eta pertsona horiek atenditu beharrak dakartzan zailtasunak direla-eta, egokia eta beharrezkoa iruditu zaigu hortz-haginetako osasun laguntzarako sistema berariazko bat abiaraztea.

Programa honen helburua foru dekretu honen 1. artikuluan definitutako populazioaren aho-hortzetako osasuna hobetzea da, osasuna sustatzeko xedearen barrenean. Horretarako, jendeak aise erabiltzeko moduko sistema zuzena gauzatu da, eragingarria, hotz-haginetako laguntzaren oinarrizko beharrak asetzeko.

Programarako monitorizazio eta ebaluazio zehatza beharko da eta, horretarako, kalitate kontrol eragingarria, bai aspektu kualitatiboan bai kuantitatiboan.

Hori horrela, Osasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko apirilaren zazpiko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Helburua eta aplikazio eremuaNota de Vigencia.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak, Desgaitasuna dutenen Aho-hortzetako Osasun Programaren bitartez, aho-hortzetako osasun laguntza ziurtatzen die Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren kargurako osasun laguntzarako eskubidea izan, eta hiru baldintza hauek betetzen dituzten pertsonei:

a) %75eko edo hortik goitiko desgaitasuna izatea, Nafarroako Gobernuaren Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuak ezarritakoaren arabera.

b) 18 urteko edo hortik goitiko pertsonak baldin badira, hirugarren pertsonaren laguntza-premia aitortua izatea.

c) 18 urtetik beheitiko pertsonen kasuan, mendekotasun egoera aitortua izatea, edozein gradutakoa dela ere.

d) Ahoko eritasuna izateko arrisku irizpideak betetzea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Aho-hortzetako Osasunaren Atalaren iritziz.

2. artikulua . Osasun prestazio onartuak.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Aho-hortzetako Osasun Programaren zerbitzu-multzoan sarturiko prestazioez gain, foru dekretu honek aipatzen dituen pertsonek honako hauek izateko eskubidea izanen dute:

1. Ahoko osasun egoera diagnostikatzeko azterketa.

2. Higieneari eta dietari buruzko osasun jarraibideak.

3. Behin betiko hortz-haginetako artekak ixtea.

4. Fluor topikoaren aplikazio profesionala.

5. Behin betiko hortz-haginak butxatzea.

6. Behin betiko hortz-haginen mamiaren tratamendua.

7. Hortz-haginak ateratzea.

8. Osasun Departamentuak erabakitzen dituen tratamendu periondotalak.

9. Hortz-haginetako traumatismoen tratamenduak, Osasun Departamentuak erabakitzen dituenak.

10. Ahoko kirurgia tratamenduak, Osasun Departamentuak erabakitzen dituenak.

11. Aho-hortzetako larrialdiak atenditzea.

3. artikulua . Kanpo gelditzen diren osasun prestazioak.

Prestazio hauek Elbarrien Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programatik kanpo gelditzen dira:

1. Ortodontzia tratamenduak.

2. Protesien tratamenduak.

3. Behin-behineko hortz-haginak zaintzeko laguntza, kasu hauetan izan ezik: azterketa, hortz-haginak ateratzea edo larrialdiak.

4. artikulua . Zerbitzuen ematea.

Foru dekretu honek aipatzen dituen pertsonak modu hauetako baten bidez atendituko dira:

1. Adina dela-eta, interesatua Haur eta Gazteen Aho-hortzetako Osasun Programaren helburu den populazioaren barrenean baldin badago, programaren beraren antolamenduari eta arauei jarraikiz.

2. Adina dela-eta, interesatua ez baldin badago Haur eta Gazteen Aho-hortzetako Osasun Programaren helburu den populazioaren barrenean, interesatuak edo bere ordezkariak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko odontologo edo estomatologo bat hauta lezake, edo sektore pribatukoa, nahiago badu. Horrela eginez gero, dirua itzultzea eskatzen ahal du, gastuak justifikatu eta gero. Kasu batean zein bestean, gaixoa atenditzeko anestesia orokorra behar baldin bada, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak horretarako leku bat eskainiko du.

5. artikulua . Sektore arteko koordinazioa.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua beste erakunde publiko eta pribatu batzuekin koordinatuko da Elbarrien Aho-hortzetako Osasun Programaren berri eman eta hobeki garatzeko.

6. artikulua . Segimendua eta ebaluazioa.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak programa ezarri eta garatzeko segimendua eta ebaluazioa hartuko ditu bere gain.

Xedapen Indargabetzailea

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan xedatuari kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta bereziki azaroaren 28ko 436/1992 Foru Dekretua, urritu psikikoentzako laguntza odontologikoaren gastuak itzultzeko eskubidea onartzen duena, eta foru dekretu hori garatzeko 1993ko urtarrilaren 8an onetsi zen foru agindua.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa

Ahalmena ematen zaio Osasun kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak agindu ditzan.

Bigarrena

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web