(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

233/1999 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 21EKOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN GIZARTE GARANTIAKO BERARIAZKO PROGRAMAK ARAUTZEN DITUENA.

BON N.º 98 - 06/08/1999



  I. KAPITULUA. PRINTZIPIO ETA XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. HARTZAILEAK ETA HELBURUAK


  III. KAPITULUA. ANTOLAKETA MOTA


  IV. KAPITULUA. LANBIDE PERFILAK


  V. KAPITULUA. PROGRAMAK GARATZEKO BALDINTZAK


  VI. KAPITULUA. ERAKUNDEEN LANKIDETZA


  VII. KAPITULUA. ENPRESETAKO PRESTAKUNTZA


  VIII. KAPITULUA. ZIURTAGIRIA


  I. ERANSKINA. LANBIDE PERFILEN KATALOGOA


Atariko

Gizarte baten garapen maila ez da hazkunde ekonomikoaren bidez soilik neurtzen. Horretaz gainera bada maila etikoa eta gizatiarra, gizarteak aukera gutxien duten pertsonei ematen dien erantzunarekin neurtzen dena. Hori horrela, gobernu guztien garapen ekonomikorako politikek ondoan izan behar dituzte gizarte zuzentasunaren eta giza etikaren printzipioak.

Nafarroako Gobernuaren gizarte politika zenbait ekintza eta planek osatzen dute, eta eragozpen pertsonal, kultural eta ekonomiko gehien dituzten pertsonen egoera hobetzeko ahalegina egiten da horien bidez. Erakundeen esku-hartze honen barnean sartzen da Foru Dekretu hau, hezkuntza eta lan arloan ekintza zehatz batzuk bultzatzeko eman dena.

Ekintza konpentsatzaile garrantzitsu bat Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako helburuak lortzen ez dituzten gazteei begira egin behar da, zailtasun handi samarrak izan baititzakete lehen lana bilatzerakoan, gizarteratze prozesuan eta horretarako jakin beharrekoa ikasteko.

Alde horretatik, prestakuntza eta gizarteratze ekintzek beharrezkoa dute Foru Administrazioko departamentu guztiak batera eta koordinatuta aritzea, guztientzat bat bera izanen den esku-hartze eredu baten bidez.

Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuak eta Industri, Merkataritza, Turismo eta Lanekoak, Nafarroako toki administrazio batzuekin batera, zenbait programa garatzen ari dira, hezkuntza sistema arautua titulaziorik gabe utzi duten gazteei laguntzeko.

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren onespenarekin sendotu egin da oinarrizko hezkuntza gainditu ez duen gazteak erakundeen erantzuna jasotzeko duen eskubidea, alegia, laneko munduan sartu edo, bestela, ikasketak egiten jarraitu ahal izateko oinarrizko eta lanbideko heziketa emanen dion erantzuna. Lege horren 23.2 eta 23.3 artikuluaren arabera, hezkuntza administrazioek aipatu den helburura iristeko berariazko programak eskainiko dituzte.

Legearen arlo horretako garapenak, aurreko ikasturteetan hasiak, aukera gutxien duten gazteak programa espezializatu batera iritsi ahal izatea bermatu nahi du. Programa horrek gazteek gizarte eta hezkuntza arloan duten egoera kontuan hartzen du, eta prestakuntzan dituzten hutsuneak konpentsatzen ahalegintzen da. Hezkuntzaren sistema araututik kanpo gazteei egindako eskaintza honek nafar gizarteari bermatzen dio edozein gaztek, emaitza akademikoak alde batera utzita, lan munduan sartzeko aukera emanen dion berariazko prestakuntza izan dezakeela.

Azken urteotan, Foru Diputazioak eta toki administrazioek abian jarritako Lanbide Tailerrak, Hezkuntza Administrazioaren menpeko balio anitzeko gelak, udalek eta INEMek irekitako Tailer Eskolak, lan eta hezkuntza arloko Administrazioek garaturiko lanerako prestatzeko lanbide heziketa, Gizarte Ongizatearen prestakuntza programak edo Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuak herri txikietan garaturiko lanbide heziketa, erantzun egokia izan dira eskolatik lanera igarotzea errazteko eskola sistema arautuan jarraitu nahi izan ez duten edo ezin izan duten gazteei.

Jarduketa horien guztien atzetik, arrakasta faktore gisa egon dira Foru Administrazioko departamentuak eta Toki Administrazioa. Halaber, Nafarroan kokaturiko irabazi asmorik gabeko beste entitate batzuk xede horrekin lan egin dute azken urteotan Foru Komunitatean.

Ildo horretatik, Lanbide Heziketako Bigarren Programa Nazionalak asmo horrexekin jarraitzen du aurrera, erakundeen lankidetzarekin loturiko helburuak proposatuz ikasketa horiek garatzeko:

-"Hezkuntzako eta lan arloko administrazioen arteko hitzarmenak garatzea, elkarren artean lotura duten neurri, estrategia eta programen multzo bat osatzeko, behar bezala koordinaturik, hainbat pertsona lan munduan sartzen laguntzeko." (III. kapitulua, bosgarren xedea, e) idatz-zatia).

-"Lan, hezkuntza eta toki administrazioek, gizarte eragileek eta gobernuz kanpoko erakundeek, besteak beste, programa hauek gauzatzen lagundu eta parte hartzeko moduak zehaztea." (III. kapitulua, bosgarren xedea, f) idatz-zatia).

Baina, esku-hartze sistematiko eta koordinatuaren bidez aurrera egiteko, beharrezkoa da gizarte garantiako programen modalitate ezberdinak zehaztea, antolaketako estrategia bat baita hori gazteen eta programaren arteko egokitzapen hobea lortzeko.

Horrela sortu dira zenbait programa, antolaketa edo modalitate ezberdinak dituztenak, hezkuntza sistema arautua uzten duten gazteen hasierako lanbide heziketa garatzen dutenak, lan munduan sartzeko benetako aukerak izan ditzaten.

Modalitate horietako bat Hezkuntza Behar Berezi iraunkorrak dituzten eta kualifikazioa zein lana lortzeko zailtasun handiagoa duten gazteei zuzendurik dago. Gainerako programek baino gehiago irauten duen modalitate berezi honen bitartez egitura integratu eta normalizatuak sortzen dira, gazte horiei hezkuntza mundutik lanekora igarotzen laguntzeko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzen dutenean.

Dena dela, programa hauek ez dira ekintza isolatu bat; aitzitik, bigarren hezkuntzan ari diren ikasleen era askotako interes, behar eta gaitasunei erantzun nahi dien neurri multzo baten barnean daude.

Neurri horien artean, curriculum egokitzapena, ikasleen aniztasunari erantzuteko neurri gisa oro har araututa dagoena otsailaren 22ko 67/1993 Foru Dekretuan (1993-05-14ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa) eta maiatzaren 19ko 135/1997 Foru Dekretuan (1997-05-30eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa), edo egokitzapen horren partikularizazioa eta sakontzea, honako Foru Agindu hauetan agertzen den bezala: apirilaren 2ko 90/1998 Foru Agindua (1998-05-18ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa), funtsean curriculum egokituaren neurriak arautzen dituena, eta ekainaren 18ko 225/1998 Foru Agindua (1998-08-10eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa), curriculum aniztasuneko programak ezartzen dituena.

Hezkuntza sistema arautuak aipatu diren neurriak garatu ditu zenbait gazterekin, baina aurrerapen nabarmenik lortu ez duenez beren gaitasunak bultzatzeko ahaleginean, beren ikaskuntzan edo motibazioan, komenigarria da beste ikaskuntza batzuk bultzatuko dituen eta antolaketa zein metodologia aldetik hausturaren bat ekarriko duten programak eskaintzea. Hori dela eta lanpostu baterako prestakuntza planteatzen da, eta beste administrazio eta erakunde batzuek esku hartu behar dute arlo horretan dituzten baliabide eta esperientziak erakusteko.

1/90 Legeko 18. artikuluaren arabera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren xedeetako bat gazteak bizitza aktiborako prestatzea da. Horregatik, honako honek izan behar du helburu nagusietako bat: derrigorrezko hezkuntzako sistema arautua uzten duten gazteak profesionalki kualifikatzea.

Lanbide Heziketako Bigarren Programa Nazionalak ildo horri jarraitzen dio: "LOGSEren 23.2 artikuluan aurreikusitako gizarte garantiako programak bultzatzea eta beren eskaintza handitzea prestakuntza eta enplegu politikekin bat eginda".

Bide horretan dabil Espainiako Erreinuko Enpleguari buruzko 1998ko Ekintza Plana, bere 6. Jarraibideak laguntzarako neurri osagarri gisa azaltzen baitu "Gizarte Garantiako Programak Zabaltzea"; halaber, Nafarroako Enplegu Plana, 1. Neurrian (Lanbide Heziketa) hau aipatzen baitu: "Gizarte Garantiako programak bultzatzea lehentasunezko helburua izanen da...".

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitatean Lanerako Prestatzeko eta Etengabea den Lanbide Heziketa berrantolatzen duen otsailaren 13ko 31/1995 Foru Dekretuak gaitze programak ezartzen ditu, berariazko lanbide heziketarik ez dutenei lan munduan sartzen laguntzeko edo behar besteko kualifikaziorik ez dutenei lan munduan berriz sartzen laguntzeko.

Horretaz gainera, Nafarroako Enplegu Planarekin bat, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak 1999ko otsailaren 1ean emandako Foru Aginduaren bidez, 25 urtetik beherako gazteei zuzenduriko Lanbide Hastapeneko ekintzetarako laguntzen deialdia egin da. Ekintza horiek lanerako prestatzeko tailerretan egitekoak dira, enpresari elkarte eta sindikatu nagusien laguntzarekin.

Orain arte garaturiko ekintzez gain, Nafarroako enplegu planek eta gizarte bazterketaren kontrako borrokak lanbide heziketa planteatzen dute gizarteratzea eta lana lortzeko faktore estrategiko gisa, hezkuntza sistema behar besteko kualifikaziorik gabe utzi duten gazteak lan munduan sar daitezen. Hori horrela, une egokia da erakundeek lanbide baterako trebakuntzari garrantzia emanen dioten hezkuntza programak bultza ditzaten, kohesioz. Trebakuntza enpresetako praktiken edo, bestela, prestakuntzarako kontratuen bidez eginen litzateke.

Halaber, loturak ezarri beharko dira, programa hauen helburuen eta antolaketaren esparruan, Nafarroako Gobernuak Foru Komunitatean garatzen ahal dituen gazteen enplegu planekin eta lan munduan sartzeko bestelako ekintzekin.

Foru Dekretu hau garatzerakoan beharrezkoa izanen da hitzarmenak egitea Foru Administrazioan dagozkion departamentuen, Toki Administrazioaren eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren artean, elkarren artean lotura duten neurri, estrategia eta programen multzo bat osatzeko, behar bezala koordinaturik, hainbat pertsona lan munduan sartzen laguntzeko, prestakuntzarako kontratuen bidez bereziki; horiek 8/1997 Errege Lege Dekretuaren 1997ko maiatzaren 8ko Ministerio Aginduaren bidez araututa daude.

Horrenbestez, Nafarroako Eskola Kontseiluaren eta Lanbide Heziketarako Kontseilu Nagusiaren txostenak ikusi ondoren, Hezkuntza eta Kultura, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan, eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariek proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko ekainaren hogeita bateko bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. PRINTZIPIO ETA XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua

1. Gizarte garantiaren esparruko programak dagozkien foru eta toki administrazioen ardura dira.

1.2. Hezkuntza eta Kultura Departamentua arduratuko da derrigorrezko hezkuntza titulaziorik gabe uzten duten gazteen eskariari erantzuteko behar besteko programa eskaintza izan dadin.

2. artikulua

Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren arabera Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren gizarte garantiako berariazko prestakuntza ekintzek, oro har, Lanbide Hastapeneko Programa izena izanen dute.

3. artikulua

Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren Lanbide Hastapeneko Programak Foru Dekretu honetan xedaturikoaren arabera antolatuko dira.

4. artikulua

Programa hauen xedea da ikasleei oinarrizkoa den eta lanbideari begira dagoen prestakuntza ematea, horrela lan munduan sar daitezen. Xede horrek administrazio ezberdinen lankidetza eskatzen du.

II. KAPITULUA. HARTZAILEAK ETA HELBURUAK

5. artikulua

Lanbide Hastapeneko programen hartzaileak hogeita bat urtetik beherako gazteak dira, beti ere Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua edo beste titulu baliokideren bat ez badute, Lanerako Prestatzeko Tailerren modalitatean izan ezik, horietan hogeita bost urtetik beherakoak sartzen baitira.

6. artikulua

1. Hezkuntza eta Kultura, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan, eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuek programetan sartzeko beste baldintza batzuk ere proposatu ahalko dituzte, egoki bada, aurreko artikulukoen osagarri, lanbidearen ezaugarriak eta programaren modalitatea kontuan harturik.

2. Gazteei argibideak eta orientazioa banaka emateko prozesua ezarriko da, beren interes, asmo eta aukeren arabera egokiena den programan sar daitezen.

7. artikulua

Dekretu honetan arauturiko Lanbide Hastapeneko Programak helburu hauei begira eginen dira:

1. Gazteei garapen eta heldutasun pertsonala lortzen laguntzea, lan munduan eta gizarte zein kultur jardueretan arduraz parte hartzeko ohitura eta gaitasunak berenganatzearen bidez, bereziki trebetasun sozialak eta norberaren estimua landuz.

2. Oinarrizko kualifikazioa eskatzen duen lanbide batean lanpostu bat betetzeko adinako gaitasun eta trebetasunak lortzea eta, aldi berean, lanbideak izan ditzakeen arriskuen aurrean segurtasun eta prebentzio baldintza egokietan lan egiteko beharrezkoak diren ohitura eta jarrerak bultzatzea.

3. Oinarrizko prestakuntzako gaitasunak, hautaturiko lanbidearekin lotura dutenak, garatzea, horren funtsezko helburua lan munduan sartzen laguntzea delarik.

4. Lan munduan sartzen lanbiderako orientazio pertsonalizatuaren bidez laguntzea, gazte bakoitzaren ezaugarri eta asmoei egokituriko orientazioaren bidez beti ere; horretarako, lorturiko lanbide heziketarekin bat datorren lan ingurunera hurbilduko dira.

III. KAPITULUA. ANTOLAKETA MOTA

8. artikulua

Lanbide Hastapeneko Programek bi ikasturteko iraupena izanen dute, Lanerako Prestatzeko Tailerren modalitatean izan ezik, lanbide perfilak berak zehaztuko baitu iraupena, gutxienez 700 ordu, eta Lanbide Hastapen Bereziak hiru ikasturteko iraupena.

9. artikulua

Programa modalitateak eta horien finantzazioa era honetakoak izanen dira:

A) Lanbide tailerrak. Bigarren Hezkuntzako Institutu baten menpe dauden programak dira, lehentasunez eremu fisiko bereizi batean kokatuak. Abian jarriko dira Nafarroako Gobernuaren beste departamentu batzuekin eta toki administrazioekin sinaturiko lankidetza akordioetan oinarrituta. Programa horien funtsezko xedea gazteak lan munduan sartzea da eta, beraz, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren politikekin lotura estua izanen dute.

Modalitate honek ezaugarri hauek izanen ditu:

Iraupena:

Bi kurtso.

Edukiak:

-Lehenengo kurtsoa:

Berariazko Lanbide Heziketa

Lanbideari aplikaturiko Oinarrizko Prestakuntza

-Bigarren kurtsoa:

Berariazko Lanbide Heziketa

Lanbideari aplikaturiko Oinarrizko Prestakuntza

Lanerako Prestakuntza eta Orientazioa

Ziurtagiria:

Lan arloko Administrazioaren Lanbide Ziurtagiria.

Finantzazioa:

-Lehenengo kurtsoa:

Hezkuntza eta Kultura Departamentua

Toki Administrazioa

-Bigarren kurtsoa:

Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentua

Toki Administrazioa

B) Lanbide Hastapen Egokitua. Programa hauek eginen dira, lehentasunez, Foru Administrazioko departamentuen arteko hitzarmenen bidez, edo zenbait arazo pertsonal eta/edo sozial dituzten gazteei laguntzearekin zerikusia duten beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin egindakoen bidez. Gehien batean irabazi asmorik gabeko organizazio espezializatuek garatuko dituzte eta egitura hau izanen dute:

Iraupena:

Bi kurtso.

Edukiak:

-Lehenengo kurtsoa:

Berariazko Lanbide Heziketa

Lanbideari aplikaturiko Oinarrizko Prestakuntza

-Bigarren kurtsoa:

Berariazko Lanbide Heziketa

Lanbideari aplikaturiko Oinarrizko Prestakuntza

Lanerako Prestakuntza eta Orientazioa

Ziurtagiria:

Lan arloko Administrazioaren Lanbide Ziurtagiria.

Finantzazioa:

-Lehenengo kurtsoa:

Hezkuntza eta Kultura Departamentua

-Bigarren kurtsoa:

Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentua

Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentua

C) Lanbide Hastapen Berezia. Hezkuntza Behar Berezi iraunkorrak dituzten gazteei bakarrik zuzendurik daude, beti ere beren ezintasun mailak programak amaitutakoan lan munduan sartzeko arrazoizko espektatibak ematen baditu, Lanerako Zentro Berezietan bada ere. Modalitate honen helburu nagusia lanerako prestatzea da, bai lan normalizaturako edo laguntzadun lanerako, bai laneko zentro berezietan eta lanerako prestatzeko zentroetan aritzeko. Hezkuntzako Administrazioari dagokio horren antolaketa eta jarraipena egitea.

Iraupena:

Hiru kurtso.

Edukiak:

-Lehenengo kurtsoa:

Berariazko Lanbide Heziketa

Oinarrizko Prestakuntza

-Bigarren kurtsoa:

Berariazko Lanbide Heziketa

Lanbideari aplikaturiko Oinarrizko Prestakuntza

-Hirugarren kurtsoa:

Berariazko Lanbide Heziketa

Lanbideari aplikaturiko Oinarrizko Prestakuntza

Lanerako Prestakuntza eta Orientazioa

Ziurtagiria:

Lan arloko Administrazioaren Lanbide Ziurtagiria.

Finantzazioa:

-Lehenengo eta bigarren kurtsoak:

Hezkuntza eta Kultura Departamentua

-Hirugarren kurtsoa:

Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentua

D) Lanerako Prestatzeko Tailerrak. Lehentasunez enpresari elkarte eta sindikatu nagusiek garatuko dituzten programak dira. Programa hauen berezitasuna da produkzio sektore jakin baten hurbilean daudela eta langile kualifikatuen presako eskari bati erantzuteko egokitzen ahal direla.

Iraupena:

Kurtso bat, 700 ordu gutxienez.

Edukiak:

Berariazko Lanbide Heziketa

Lanbideari aplikaturiko Oinarrizko Prestakuntza

Lanerako Prestakuntza eta Orientazioa

Ziurtagiria:

Lan arloko Administrazioaren Lanbide Ziurtagiria.

Finantzazioa:

Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentua

10. artikulua

Lanbide Hastapeneko Programen prestakuntza edukiak, aipatu diren modalitate ezberdinetan, honela osatuta egonen dira:

1. Lanbide Heziketa. Honen xedea izanen da lanbide baterako ahalmena lortzea, zenbait ekintza eta gaitasuni esker ikaslea lanpostu batean aritu ahal dadin.

2. Oinarrizko Prestakuntza. Lanpostu batean lanean hasi ahal izateko oinarrizko jakintza eta gaitasuna lortu edo sendotzeko aukera eman beharko dio ikasleari.

3. Tutoretza. Gazte bakoitzari heldutasun eta garapen pertsonala lortzen laguntzeko baliabideak eta estrategiak emanen dizkio, bereziki landuz gizartean eta lan munduan sartzeko beharrezkoak diren trebetasun sozialak, norberaren kontrola, norberaren estimua eta motibazioa. Trebetasun horiek lortzen edo hobetzen erakutsiko da.

4. Lanerako Orientazioa. Gazte bakoitzari estrategia eta baliabideak emanen dizkio, bere gaitasun eta aukerak ezagutzeko, lanbideari eta lanari dagokienez bere espektatibak zehazteko eta lan mundua eta bere ingurua ezagutzeko, hori guztia lanpostuaren bilaketarako eta aurreragoko prestakuntza jardueren hautaketa egin behar dutenerako orientazioa emateko.

IV. KAPITULUA. LANBIDE PERFILAK

11. artikulua

Lanbide Kualifikazioen Sistema Nazionalaren arabera ikasketa hauei dagozkien Lanbide Perfilen Katalogo Nazionala osorik garatzen ez den bitartean, erreferentzia gisa I. eranskineko Perfilen Katalogooa erabiliko da.

12. artikulua

Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiak aurreko artikuluan aipatu diren perfil eta programen oinarrizko diseinuei buruzko informazioa emanen du.

13. artikulua

Lanbide Hastapeneko Programen programazioak aurreko puntuan deskribaturiko diseinuak oinarri hartuta eginen dira, honako irizpide orokor hauek kontuan harturik:

a) Lanbideari buruzko edukia duen programa kasuan kasuko produkzio inguruneari egokitzea.

b) Programa gazte taldearen ezaugarri eta espektatibei egokitzea.

c) Programazioak egiterakoan ardatz gisa Berariazko Lanbide Heziketaren Arloa hartzea, lehentasunez.

d) Arlo ezberdinetako programak koordinatuki egitea, elkarren artean ahalik eta erlazio handiena izan dezaten.

V. KAPITULUA. PROGRAMAK GARATZEKO BALDINTZAK

14. artikulua

Lanbide Hastapeneko programetako taldeetan hemezortzi ikasle izanen dira gehienez, Lanbide Hastapen Bereziko eta Lanbide Hastapen Egokituko programetan izan ezik, horietan hamabi gazte izanen baitira gehienez.

15. artikulua

1. Programa bakoitzean irakasle talde bat eratuko da programa garatzeko, eta tutore batek koordinatuko du. Organo honen funtsezko eginkizunak hauek izanen dira:

a) Programazioak egitea.

b) Ikasketa hauen garapena eta jarraipena koordinatuki egitea.

c) Ikasleen ebaluazioa.

2. Hezkuntza eta lan arloetako administrazioek berariazko arautegia garatuko dute, bakoitzak kudeaturiko programetan parte hartzen duen irakasle eta espezialisten lan arloko ezaugarriak eta perfil egokiak arautzeko.

3. Aurreko 15.1 puntuan aipaturiko irakasle taldeek beste langile batzuen laguntza izanen dute (psikologoak, pedagogoak, gizarte langileak, gizartze hezitzaileak, e.a.).

VI. KAPITULUA. ERAKUNDEEN LANKIDETZA

16. artikulua

1. Foru Komunitateko Administrazioko departamentu ezberdinek beste erakunde eta entitate batzuekin lankidetza akordioak eginen dituzte, Lanbide Hastapeneko Programak abian jarri eta garatzeko.

2. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuak aholkularitza eta laguntza teknikoa emanen du bere eskumenaren esparruan programa hauekin zerikusia duten gaietan.

17. artikulua

Hezkuntza eta Kultura, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan, eta Gizarte Ongizarte, Kirol eta Gazteri Departamentuek beraiei dagozkien Lanbide Hastapeneko programen eskaintzaren plangintza batera eginen dute. Plangintza hau Lanbide Heziketako Kontseilu Nagusira igorriko da, onets dadin.

18. artikulua

Eskaintzaren plangintza dela eta, beharrezkoa izanen balitz irabazi asmorik gabeko entitate eta erakundeek garatuko lituzketen Lanbide Hastapeneko beste programa batzuk abian jartzea, dirulaguntzarako lehiaketa publikoa eginen litzateke, 5/1997 Foru Legearen 15. artikuluari jarraikiz.

VII. KAPITULUA. ENPRESETAKO PRESTAKUNTZA

19. artikulua

Lanbide Hastapeneko Programek enpresetako prestakuntza praktikoaren fasea izan dezakete. Hori Foru Administrazioak arautuko du.

20. artikulua

Lanbide Hastapeneko Programa bat egiten duten gazteek ikasketa hauen esparruan sortzen diren lan kontratuak sina ditzakete. Horrelakoetan, izandako lan esperientzia bigarren kurtsoko Berariazko Lanbide Heziketaren arloarekin baliozkotu ahalko da, esperientzia hori programaren lanbide perfilarekin zerikusia duten gaitasunen garapenarekin bat baldin badator.

VIII. KAPITULUA. ZIURTAGIRIA

21. artikulua

Egindako programarako zehazturiko lanbide gaitasunak lortzen dituzten ikasle guztiek, kasu bakoitzean jaso dezaketen ziurtagiri akademikoaz gainera, dagokien Lanbideko Ziurtagiria jasoko dute.

Xedapen Gehigarria

Nafarroako Gobernuak programa hauek garatzeko baimendu eta diruz lagundutako ikasketxe, irabazi asmorik gabeko erakunde eta enpresari elkarte guztiek, argibideak emateko dokumentuetan, baimen eta dirulaguntza horren aipamena egin beharko dute edo, bestela, programaren finantzazioan laguntzen duten Administrazioen logotipoa jarri.

Xedapen Iragankorra

Hezkuntza eta Kultura Departamentuak kurtso bateko iraupena izanen duten Lanbide Hastapeneko eskaintzak aldi baterako mantenduko ditu zehaztuko diren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetan edo gizarte ekimeneko ikastetxeetan, toki administrazioaren edo lan arlokoaren laguntza izanen duten Lanbide Tailerren modalitate bilakatu bitartean.

Azken Xedapenak

Lehena.-Baimena eman zaie Hezkuntza eta Kultura, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan, eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariei, Foru Dekretu hau bete eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzaten.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko ekainaren bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.-Gizarte Ongizate kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.-Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Ramón Bultó Llevat.

I. ERANSKINA. LANBIDE PERFILEN KATALOGOA

I. ERANSKINA

LANBIDE ARLOA LANBIDE PERFILA (700 ordu gutxienez) LANBIDE PERFILA (1.400 ordu gutxienez)

NEKAZARITZA JARDUERAK Laborantzako langilea **

Mintegi eta Lorategietako lang. **

ADMINISTRAZIOA Bulegoko laguntzailea Bulegoko eta Saltoki Txikiko ** lagun. **

Saltokiko laguntzailea **

Igeltserotzako langilea **

ERAIKUNTZA ETA OBRA ** ZIBILA ** Enkofratuetako ** langilea **

Pintorea ** -Papereztatzailea **

ELEKTRIZITATEA-ELEKTR ** Etxebizitzen ** Instalazio ** Elektrikoetako lang. ** Behe Tentsioko ** Instalazio ** Elektrikoetako lang. **

FABRIKAZIO ** MEKANIKOA ** Soldadurako langilea ** Soldadura eta ** Galdaragintzako ** lang. **

Soldadurako eta ** Aluminiozko ** Eraikuntzetako lang. **

OSTALARITZA ETA ** TURISMOA Sukaldeko ** laguntzailea ** Sukaldeko eta ** Gozogintzako lagun. **

Gozogintzako ** laguntzailea ** Sukalde, Ostatu eta ** Jantokiko lagun. ** Natur Inguruneko ** Turismoko lagun. **

IRUDI PERTSONALA ** Ile-apainketako ** laguntzailea ** Ile-apainketa eta ** Estetikako lagun. **

Estetikako ** laguntzailea **

ZURGINTZA ETA ** ALTZARIGINTZA ** Zurgintzako langilea ** Zurgintzako eta ** Altzari ** Modularretako lang. **

Altzari modularrak ** egiteko lang. **

IBILGAILU ** AUTOPROPULSATUEN ** Ibilgailuetako ** lagun. mekanikoa ** Ibilgailuak ** konpontzeko lagun. **

MANTENIMENDUA ** Ibilgailuen ** Konponketa ** Elektrikoetako ** lagun. Ibilgailuen ** Xafla eta Pintura ** konpontzeko lagun. **

PRODUKZIOAREN ** ZERBITZUAK Manten. ** Elektromekanikoko ** lang. Iturgintza eta ** Berokuntzako lang. **

ETA MANTENIMENDUA ** Eraikuntzen ** Oinarrizko Manten.ko ** lang. **

Iturgintzako ** langilea **

OSASUNA Osasun ** zeladore lang. **

GIZARTE ETA KULTUR ** Gizarte ** Zerbitzuetako lagun. **

ZERBITZUAK Ostatu ** arloko laguntzailea **

EHUNGINTZA, ** JANTZIGINTZA ETA ** LARRUGINTZA Industri ** Jantzigintzako ** Makinista lang. **

Jantzigintzako ** laguntzailea **

ESKULANGINTZA ** Buztingintza eta ** Zeramikako lang. -- ** -- A9906655 -- **

Iragarkiaren kodea:

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web