73/2010 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 15EKOA, NAFARROAKO BINGOEN ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA.
BON 10/12/2010
ERANSKINA. NAFARROAKO BINGOEN ERREGELAMENDUA
ATARIKO TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
LEHEN TITULUA. BINGOAREN JOKOA
I. KAPITULUA. JOKOA, BERE MODALITATEAK, ANTOLAKETA, GARAPENA ETA USTIAPENA, ETA PARTE HARTZEKO MODUAK
II. KAPITULUA. AURREZ AURREKO JOKOA, JOKATZEKO MATERIALAK ETA EGIAZTATZEA
III. KAPITULUA. JOKOA
IV. KAPITULUA. SARIAK
BIGARREN TITULUA. BINGOAN ARITZEKO BAIMENDUTAKO ESTABLEZIMENDU ETA LOKALAK, NON KOKATZEN AHAL DIREN ETA JOKOAREN NONDIK NORAKOA
I. KAPITULUA. BAIMENDUTAKO ESTABLEZIMENDUAK
II. KAPITULUA. BINGO JOKOAN ARITZEKO BAIMENDUTAKO ESTABLEZIMENDUEN EDUKIERA ETA EZAUGARRIAK, ZEIN TOKITAN EGON DAITEZKEEN ETA ZER JOKO ESKAINTZA DUTEN
III. KAPITULUA. BINGO JOKOAN ARITZEKO BAIMENA DUTEN ESTABLEZIMENDUETAN ONARTZEKO KONTROLA
IV. KAPITULUA. BINGO ARETOAK
HIRUGARREN TITULUA. BAIMENAK
I. KAPITULUA. BAIMENAK EMATEKO ESKUMENA
II. KAPITULUA. BAIMENDUTAKO ENPRESAK, BEHARKIZUNAK ETA MUGAK
III. KAPITULUA. BINGOAK IREKI ETA ZERBITZUAN JARTZEA, ETA JOKOA GARATZEKO ANTOLAKETA ETA KUDEAKETA
IV. KAPITULUA. BAIMENAK EMATEA EDO UKATZEA, ETA HAIEN TRAMITAZIOA
V. KAPITULUA. BAIMENA EMATEKO BALDINTZA ALDAKETAK ETA USTIATZEKO BAIMENEN TITULARTASUNA ESKUZ ALDATZEA
VI. KAPITULUA. JOKO ETA APUSTU MODALITATEAK BAIMENTZEA
VII. KAPITULUA. BERMEAK
LAUGARREN TITULUA. LANGILEAK
I. KAPITULUA. BINGOETAKO LANGILEAK
II. KAPITULUA. ESKERSARIAK
BOSGARREN TITULUA. BINGO ARETOA IXTEA ETA PUBLIZITATEA
I. KAPITULUA. BINGO ARETOA ALDI BATERAKO EDO BEHIN BETIKO IXTEA
II. KAPITULUA. PUBLIZITATEA
SEIGARREN TITULUA. IKUSKATZEA ETA KONTROLA
ZAZPIGARREN TITULUA. ZEHAPENEN ARAUBIDEA
I. KAPITULUA. ARAUHAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
II. KAPITULUA. PROZEDURA
Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legea eta Bingo Jokoaren Erregelamendua onesten duen otsailaren 25eko 44/2002 Foru Dekretua dira joko horren garapena Nafarroako Foru Komunitatean antolatzeko esparrua.
Bingo jokoaren sektoreak azken urteotan izan duen bilakaerak behartzen du haren modernizazioa bultzatzera, hartan aritzeko baliabideak eta teknologia berritzera eta sari plan berriak ezartzeko aukera ematera; aldi berean, komenigarri egiten du beste alternatiba eta modalitate ludiko batzuk bingoetan ezartzea.
Ikuspegi hori jasotzen du xedapen honen bidez onetsitako Erregelamenduak; bingo jokoa eta haren hainbat mota definitu ondoren, bingoen erregulazioa jasotzen du: izen bereko jokoan aritzeko baimendutako establezimenduak dira, nahiz haietan beste joko batzuk izaten ahal diren; haien funtsezko ezaugarriak finkatzen ditu, zein lokal edo gune izaten ahal diren jokatzeko prestatuak eta, bereziki, bingo aretoak deitzen direnak; orobat, establezimendu horiek baimendu eta ustiatzeko baldintzak.
Erregelamenduak 16/2006 Foru Legearen ondoriozko arauak berritzeko aurreikuspenak garatzen ditu, eta antolamendua sektorearen bilakaerari egokitzea bideratzen du; izan ere, jokoaren eta apustuen sektoreak oso jarduera dinamikoa du.
Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2010eko azaroaren 15eko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,
DEKRETATU DUT:
Nafarroako Bingoen Erregelamendua onesten da, eta haren testua foru dekretu honen eranskinean ageri da.
Xedapen gehigarri bakarra. IKTak eta prozeduren telematizazioa eranstea.
Pixkanaka gehituko zaizkio jokoaren eta apustuen kudeaketari informazioaren eta komunikazioaren teknologien egungo garapenak eskaintzen dituen aukerak, eta telematika bidezko kudeaketa ezarriko da baimenetan, baita, oro har, sektorearen eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko komunikazioan ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa Ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legean ezarritakoaren arabera.
Lehen xedapen iragankorra. Ustiatzeko baimen berriak ematea.
Foru dekretu honek indarra hartzen duenean bingoa ustiatzeko tramitatzen ari diren baimen eskaeren espedienteak eskaera aurkeztu zen garaiko xedapenen arabera ebatziko dira, baina, betiere, bigarren tituluko II. kapituluan xedatutakoa aplikatuko zaie, 22. artikuluan eta foru dekretu honen hirugarren tituluko II. eta VIII. kapituluetan ezarritakoa izan ezik. Bi kapitulu horiek bingo jokoan aritzeko baimendutako establezimenduen ezaugarriei eta kokalekuari eta haietan aurki daitekeen joko eskaintzari buruzkoak dira, enpresa baimenduen gainean eta bermeen gainean, hurrenez hurren.
Bigarren xedapen iragankorra. Ustiatzeko baimenak berritzea.
Aurreko araudiaren arabera emandako ustiatze baimenek zutik iraunen dute haien indarraldia mugaegunera iritsi arte, eta berritzeko eskatu beharko da hura bukatu baino bi hilabete lehenago, eskatzaileek foru dekretu honetan eta bere garapeneko xedapenetan hura emateko ezarritako baldintzak betetzen dituztela frogatu ondoren.
Hirugarren xedapen iragankorra. Elkarri lotutako sarien mugak.
Harik eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan jokoaren eta apustuen gaineko eskumena duen departamentuko kontseilari titularrak besterik onetsi arte, 26. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, muga hauek izanen dituzte bingoetako makinen arteko loturagatik metatzen diren sariek:
a) Bingoan ezarritako BR eta BS motako makinen arteko lotura: 3.000 euro.
b) Bingo desberdinetan ezarritako BR eta BS motako makinen arteko lotura: 12.000 euro.
c) BG motako makinen arteko lotura, betiere: 30.000 euro.
Laugarren xedapen iragankorra. Enpresa eta materialen inskripzioa.
1. Xedapen indargabetzaile bakarrean xedatutakoa gorabehera, Bingo Jokoaren Erregelamendua onesten duen otsailaren 25eko 44/2002 Foru Dekretuaren 14. eta 15. artikuluek zutik iraunen dute, harik eta Nafarroako Joko eta Apustuen Erregistroaren antolaketa eta funtzionamenduaren arauek indarra hartu arte.
2. Bingo Enpresen egungo Erregistroan inskribatutako datuak Nafarroako Joko eta Apustuen Erregistroan baimendutako joko enpresen atalari erantsiko zaizkio eta hura osatuko dute. Aipatu erregistroa Bingo Jokoaren Erregelamendua onesten duen otsailaren 25eko 44/2002 Foru Dekretuaren 11. artikuluak ezarritakoa da.
3. Bingo jokoa garatu, kudeatu, kontrolatu eta praktikatzeko erabiltzen diren sistema, euskarri, ekipo eta elementuen inskripzioa, foru dekretu honek onetsitako Bingoen Erregelamenduaren 13. artikuluak aipatzen duena, atzeratu eginen da, harik eta Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 7. artikuluak ezarritako Nafarroako Joko eta Apustuen Erregistroaren antolaketa eta funtzionamenduaren arauek indarra hartu arte.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetutako arauak.
Indarrik gabe gelditzen dira Bingo Jokoaren Erregelamendua onesten duen otsailaren 25eko 44/2002 Foru Dekretua, hori zati batean garatzen duen uztailaren 30eko 609/2009 Foru Agindua eta, oro har, foru dekretu honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2010eko azaroaren 15ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.
ATARIKO TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea eta araubide juridikoa.
1. Bingo jokoa arautzea du xede Erregelamendu honek, baita joko horretan aritzeko Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan diren toki, establezimendu eta lokalak ere.
2. Nafarroako Foru Komunitatean bingoan jokatzeko, Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean, Erregelamendu honetan, Erregistroan eta Nafarroako Joko eta Apustuen Katalogoan eta aplikagarriak izaten ahal diren xedapen orokor edo osagarri guztietan ezarritako arauei jarrraituko zaie.
3. Debekatuta daude, izen berarekin edo beste batekin, aurreko atalean aipatu arauetan aurreikusita ez dauden bingo modalitateak edo haietan ezarritako baimenetik edo beharkizun eta baldintzetatik kanpo egiten direnak.
2. artikulua. Aplikazio eremua.
Erregelamendu honetako xedapenak bingo jokoa baimendu, antolatu eta ustiatzeko aplikatuko dira, zein diren ere hartarako erabiltzen diren baliabide eta euskarriak; bingoari lotutako jarduera ekonomikoei ere aplikatuko zaizkie, erabiltzen diren materialei, joko hori praktikatzen den establezimendu eta lokalei eta, oro har, ustiatzeko baimena duten enpresa titularrei, haien langileei eta jokalariei.
LEHEN TITULUA. BINGOAREN JOKOA
I. KAPITULUA. JOKOA, BERE MODALITATEAK, ANTOLAKETA, GARAPENA ETA USTIAPENA, ETA PARTE HARTZEKO MODUAK
3. artikulua. Jokoaren deskripzioa.
Bingoaren jokoa loteria bat da, hurrenez hurrengo partidatan jokatzen dena bat zenbakitik hasita elkarren hurrenean zifratutako guarismo multzo jakin batekin; jokalariek euskarri desberdinekin hartzen dute parte, bakoitzean goitik behera eta ezkerretik eskuinera laukitxo zenbakidunen kopuru bera dagoela. Jokalariei euskarri horiek salduta bildutako diruaz hornitzen dira partida bakoitzeko sari arruntak, sari bereziak osatzeko funtsak erreserba eta meta daitezkeen arren. Sariak eskuratzeko, haien planean aurretik ezarritako modelo edo figurak osatu behar dira erabakitzen den ordenean ausaz ateratzen diren zenbakiekin.
4. artikulua. Bingoaren modalitateak.
Zer mailatako zenbakietan oinarritzen den jokoa, zein den sarien plana, zein sistema, ekipo eta elementu erabiltzen diren jokoan edo zein lotura dagoen areto edo establezimenduen artean, horren araberako modalitateak izanen ditu bingoaren jokoak.
5. artikulua. Bingo jokoaren antolaketa, kudeaketa eta ustiapena.
Nafarroako Foru Komunitatean, Nafarroako Joko eta Apustuen Erregistroan baimendu eta inskribatuta dauden joko enpresek bakarrik antola eta ustia dezakete bingoaren jokoa.
6. artikulua. Parte hartzeko moduak.
Aurrez aurre egiten ahal da bingoaren jokoan, jokalariak hura praktikatzen den establezimendu edo lokaletan azalduta, edo urrutitik, baliabide telematikoak erabilita.
7. artikulua. Urrutiko bingoa.
Aurrez aurreko bingoa ez dena, edo urrutikoa, baimendu, ustiatu, antolatu eta garatzeko, Erregelamendu honetako xedapenei, hura garatuko duen araudiari eta sistema telematikoen bidez praktikatzen den jokoaren antolamenduari jarraituko zaie.
II. KAPITULUA. AURREZ AURREKO JOKOA, JOKATZEKO MATERIALAK ETA EGIAZTATZEA
8. artikulua. Aurrez aurreko bingoa.
Aurrez aurreko bingoan, joko hori ustiatzeko baimendutako establezimenduetan diren lokaletan bakarrik aritzen ahal da, katalogatuta diren modalitateetan, eta haietarako espres baimena ematen duten xedapenetan eta Nafarroako Joko eta Apustuen Katalogoan jasotako araubideari jarraituz.
9. artikulua. Aurrez aurreko bingoan aritzeko materialak.
Aurrez aurreko bingoan aritzeko beharrezko materialak dira hartan jokatzeko erabiltzen diren sistema, programa, ekipo, makineria eta elementuak eta jokoa kudeatu, garatu eta kontrolatzeko zuzenean zerikusia duten guztiak; aldiz, material osagarri edo lagungarriak, jokoan aritzeko aretoak dituen baliabide guztiak, aipatu eragiketekin zuzeneko zerikusia ez dutenak.
1. Bingo jokoan aritzeko, baimendutako kartoi erreal edo alegiazkoak beharko dira, prezioa edo balioa aurrealdean dutela, hau da, partidan zenbakiak ausaz atera ahala jokalariak edo sistemak haiekin bat egiten duten guarismoak markatzeko dauden euskarriak.
2. Kartoi errealak erabiliz gero, jokalariek markatzen ahal dituzten materialez egindakoak izan beharko dute, Nafarroako Zerga Ogasunak emanen ditu eta produktu estankatuak izanen dira, kontrabanduaren gaineko legerian aurreikusitako ondorioetarako.
3. Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, aretoan kartoiak inprimatze sistemak erabiliz jaulkitzeko baimena ematen ahal da, sistemaren fidagarritasuna eta segurtasuna ziurtatzeko eta tributazioaren bermea babesteko ezartzen diren baldintzak betez gero.
11. artikulua. Jokoaren terminal lagungarriak.
1. Bingoek jokoa kudeatu, garatu eta kontrolatzeko sistemari lotutako terminalak izaten ahal dituzte, partidaren datuak automatikoki jasotzeko. Jokalariek erabiltzen ahalko dituzte ezartzen diren baldintza eta mugen barrenean.
2. Bingo areto bakoitzean ezartzen diren terminalen kopurua ez da aretoaren edukieraren, hau da, jokalari postuen, %5 baino handiagoa izanen.
3. Ezarritako terminalen gehieneko kopuru horrek ez du eraginik Erregelamendu honen 20. artikuluan aipatzen diren bingo elkartuetan.
4. Aldi berean, partida bakoitzean eta terminal bakoitzean hirurogei kartoirekin jokatzen ahal da, gehienez ere.
12. artikulua. Bola zenbakidunak edo zenbakiak ausaz ateratzeko sistema, eta mekanismo osagarriak.
1. Ekipo elektromekanikoak erabiltzen ahal dira kartoietan markatu beharreko zenbakiak ateratzeko, bola zenbakidunak ausaz aterata, edo ekipo elektronikoak, zenbaki horiez ausaz sortzeko.
2. Partidak jokatzean, beharrezkoa den modalitateetan, aurreko atalean xedatutakoaren arabera ateratzen den zenbakia megafoniaz iragartzeko, esataria egoten ahal da edo irakurri eta hitz egiteko gailu automatikoak erabiltzen ahal dira.
13. artikulua. Materialekiko adostasuna eta haiek ikuskatzea.
1. Bingoaren jokoa garatu, kudeatu, kontrolatu eta praktikatzeko erabiltzen diren sistema, euskarri, ekipo eta elementuek Nafarroako Joko eta Apustuen Erregistroan inskribatuta egon beharko dute eta homologatutako modelo edo motatakoak izan beharko dute; bestela, indarra duen araudia betetzen dutela egiaztatzeko frogak pasatu beharko dituzte.
2. Jokoaren arloan eskumena duen organoak ikuskatuko ditu material osagarri edo lagungarriak, hau da, audio eta bideo sistemak, pantailak eta informazioko panel argidunak eta, oro har, aretoak dituen guztiak, nahiz eta jokoaren garapenari zuzenean loturik izan ez.
3. Aurreko ataletan aurreikusitako ondorioetarako, inskripzioa eskatzen dutenak behartuta daude dokumentazioa aurkeztera, edo behar diren egiaztapenak egin daitezen onartzera eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak izendatzen dituen agentei probak egiteko behar duten laguntza ematera, proba horiek egin behar izatera.
III. KAPITULUA. JOKOA
14. artikulua. Erregulazioa.
Bingoaren jokoa eta haren partidak bata bestearen ondoren antolatzeko, jokoaren garapena bere modalitate guztietan gidatzen duten arauei jarraituko zaie; horiek modalitate bakoitzerako jasoko dira, zein bere erregelamenduan.
15. artikulua. Jokoaren hasiera eta bukaera.
1. Saioa hasi aurretik, jokoan erabili beharreko sistema, instalazio, ekipo eta material guztien funtzionamendua egokia ote den egiaztatu beharko da.
2. Baimendutako establezimenduan eskaintzen diren jolas aukerak hasi eta bukatzeko orduak, baita haietan egin daitezkeen jarduera lagungarri edo osagarrien funtzionamendukoak ere, bereizi egiten ahal dira, titularrek zehaztuko dituzte eta establezimendu barrenean iragarriko dira, nahiz eta bingoak ireki eta ixteko araudian finkatutako ordutegi barrenean egon beharko duten.
IV. KAPITULUA. SARIAK
16. artikulua. Sarietarako portzentajea eta haiek zehazteko eskumena.
1. Saritan banatu beharreko diru kopurua eskuratzen diren diru-sarreren, hau da, saldutako kartoietako aurrealdeko balioen baturaren portzentaje bat izanen da.
2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan jokoaren arloko eskumena duen departamentuko kontseilari titularrari dagokio bingoaren jokoan saritarako bideratzen diren diru-sarreren ehunekoak zehaztea.
17. artikulua. Sarien osaera.
1. Zein bingo modalitatetan jokatzen den, hartarako onetsitako sarien planean jasoko da saritarako diru kopurua nola banatuko den.
2. Planak sari bakoitzaren diru kopurua finkatu eta adieraziko du, eta zein kasutan jasoko diren ezarriko du.
18. artikulua. Sariak ordaintzea.
1. Sariak eskudirutan ordainduko dira, Espainian legezkoak diren billete edo txanponetan.
2. Dena dela, jokalaria ados egonda, eskudirutan ordaindu beharrean, txeke bat ematen ahal dio establezimenduko titularrak saria ordaintzeko behar adina funts dituen banku entitate baten kargura. Saria sei mila eurotik gorakoa bada, txeke izendun eta zeharkatuaren bidez ordaindu beharko da, nahitaez.
3. Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioan jokoaren arloko eskumena duen departamentuko kontseilari titularrari dagokio sariak ordaintzeko beste modu batzuk onestea.
BIGARREN TITULUA. BINGOAN ARITZEKO BAIMENDUTAKO ESTABLEZIMENDU ETA LOKALAK, NON KOKATZEN AHAL DIREN ETA JOKOAREN NONDIK NORAKOA
I. KAPITULUA. BAIMENDUTAKO ESTABLEZIMENDUAK
1. Bingoak jokorako establezimenduak dira, bingo aretoak deitutako lokalak dituztenak, bingoan aurrez aurre aritzeko prestatuak; orobat, baimendutako beste jolas batzuk ezartzeko prestatuta dauden lokal eta guneak dituzte.
2. Bingoak zein diren jakiteko, "bingo" izen generikoa eramanen dute eta, ondoren, establezimendua bereizten duen izena.
20. artikulua. Bingo elkartuak.
1. Bingo elkartuak kategoria bat dira bingoaren kontzeptu generikoaren barrenean, eta nagusia den beste bingo baten jokorako establezimendu periferikoak dira; bingoan aurrez aurre aritzeko prestatutako bingo aretoak izaten dituzte eta haietan egiten den jokoa establezimendu nagusian egiten denaren mendean eta aldi berean jokatzen da.
2. Bingo elkartuetan bingoan jokatzeko, establezimendu nagusian egiten den joko sistemari modu telematikoan lotutako sistema elektronikoak, terminalak edo makina lagungarriak erabiltzen dira.
3. Zein establezimendu nagusiren mende dauden, hango 125 posturi edo zatikiari lotutako bingo elkartu bat, gehienez ere, ireki eta funtzionamenduan jartzeko emanen da baimena.
4. Bingo elkartuak zein diren jakiteko, "bingo elkartua" izen generikoa eramanen dute eta, ondoren, establezimendu nagusia bereizten duen izena eta zenbaki ordinal bat.
II. KAPITULUA. BINGO JOKOAN ARITZEKO BAIMENDUTAKO ESTABLEZIMENDUEN EDUKIERA ETA EZAUGARRIAK, ZEIN TOKITAN EGON DAITEZKEEN ETA ZER JOKO ESKAINTZA DUTEN
21. artikulua. Bingoen ezaugarriak.
1. Bingoek honako hauek izan beharko dituzte, gutxienez ere:
a) Harreralekua, establezimenduko lokaletara eta joko tokietara sartzeko.
b) Bingo areto bat edo gehiago, izen bereko jokoan aritzeko, baita beste joko batzuk ustiatzeko lokal edo guneak ere.
c) Jendea biltzen duen era honetako establezimenduari egokitutako komunak, zerbitzuak eta instalazioak, indarra duen araudian ezarritakoaren arabera.
2. Bingoetan ostalaritza eta jatetxe zerbitzuak eskaintzen ahal zaizkie jokalariei, bisitariei eta jende orori, baita bestelako zerbitzu lagungarri edo osagarriak ere; horretarako, eskaintzen dituzten zerbitzuak prestatu eta lantzeko eta haien logistikarako eremuak izan beharko dituzte.
22. artikulua. Non kokatuko diren bingo jokoaren praktikarako baimena duten establezimenduak.
Ez da inoiz baimenik emanen bingo berriak, nagusiak edo elkartuak, irekitzeko, mila eta berrehun metro baino hurbilago dagoen era horretako beste establezimendu batek baimena eskatua badu edo haren jabe bada bingo berria ustiatzeko baimena eskatzen den unean.
23. artikulua. Aretoen azalera eta edukiera.
1. Bingo nagusi bateko bingo aretoek ehun eta berrogeita hamar jokalari posturendako edukiera izanen dute, gutxienez ere, eta seiehunendakoa gehienez ere.
2. Bingo elkartuetako aretoek berrogeita hamar jokalari posturendako edukiera izanen dute, gutxienez ere.
24. artikulua. Bingoetan izan daitekeen joko eskaintza.
Bingoetan, haietan baimenduta diren modalitateetako bingo jokoa eskaintzeaz gain, beste jolas aukera hauek ere izaten ahal dira haien gaineko araudiari jarraikiz:
a) Apustuak.
b) Joko makinak.
c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan joko arloko eskumena duen deparmentuko kontseilari titularrak baimentzen ahal dituen beste batzuk.
25. artikulua. Joko makinen instalazioa.
1. Bingoetan joko makinak ezartzen ahal dira, establezimenduan bingoan jokatzeko dauden postuen %20 makina postu gehienez ere, edo hogeita hamar jokalari postu, portzentaje horren aplikazioak kopuru txikiagoa emanen balu.
2. Bingoetan ezarritako BG motako joko makinen kopurua ez da, haiek ezarri ondoren, bingoan jokatzeko dauden postuen %10 baino handiagoa izanen, edo hamabost baino gehiago, portzentaje horren aplikazioak kopuru txikiagoa emanen balu.
3. Orobat, aurreko atalean xedatutakoaren ondorioz ezarrita dauden makinak zenbat diren jakinik, BR, BS eta BM motako joko makinak ezartzen ahal dira establezimenduan, artikulu honen 1. atalean jokalari postuentzat ezarritako mugara iritsi arte.
26. artikulua. Joko makinen arteko lotura.
1. BR eta BS motako makinak, baita BG motakoak ere, beren artean konektatzen ahal dira, baldin eta gutxienez ere hiru makina konektatzen badira eta konexio horretarako aukerako gailua badute, behar bezala baimendua, eta espres adieraziko da zein makina dauden gurpilean; horrela, erabakitzen den kopuru handieneko sari metatua ematen ahalko da, sari metatu horrek eraginik izan gabe makina bakoitzak itzultzeko ezarrita duen portzentajean.
2. Orobat, BR eta BS motako joko makinak, eta BG motakoak, beren artean konektatzen ahal dira bingo desberdinetan, aurreko atalean ezarritakoen antzeko baldintzetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan joko eta apustuen arloko eskumena duen departamentuko kontseilari titularrak erabakitzen duen gehieneko sari metatua eman ahal izateko.
3. Jokoren bat elkarrekin duten edo jokalarien artean jokatzeko modua dagoen bingoetako BM makinetan partidaren prezioa elkarren arteko jokaldi bihurtzeko aukera ematen duten gailuak homologatzen ahal dira; ondorio horietarako, zehaztapen hauek bakarrik aplikatuko zaizkie:
a) Makinak partida batean eman dezakeen sari handiena BS motako makinei dagokiena izanen da.
b) Balizko konbinazio guztietatik ateratzen den partida estatistikaren arabera, sarietan itzultzen den portzentajea ez da makinan guztira egindako apustuen %80 baino gutxiago izanen.
III. KAPITULUA. BINGO JOKOAN ARITZEKO BAIMENA DUTEN ESTABLEZIMENDUETAN ONARTZEKO KONTROLA
27. artikulua. Sarrera eta onartzeko kontrola.
Bingoek jendea onartzeko zerbitzua izanen dute, bisitari edo jokalariek establezimenduan sartzeko debekurik ez dutela egiaztatzeko moduko antolaketa eta baliabideez hornitua, Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 32. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz; sartu aurretik identifikatuko ditu, edozein joko edo apustu egiteko aukera izan baino lehen.
IV. KAPITULUA. BINGO ARETOAK
28. artikulua. Bingo aretoak.
1. Aurrez aurreko bingoan ohikotasunez eta jarraian aritzeko bereziki eta beti egokituta dauden establezimendu baimendu baten lokalei esaten zaie bingo aretoak.
2. Inoiz, funtzionaltasun arrazoiengatik, hala nola, jokalariak bereizita egoteagatik, gailu elektronikoak erabiltzeagatik edo bestela, bingo aretoak gune edo lokal konpartimentatuak izaten ahal ditu, aurreko lerroaldean ezarritakoaren arabera egokituak, haietan guztietan bingo partida aldi berean jokatu ahal izateko modua izan dadin.
29. artikulua. Bingo aretoek bete beharreko baldintzak.
1. Aretoak halako moduan kokatu beharko dira, ezen jokoan parte hartzen duten jokalari guztiek beren kokalekutik, zuzenean edo pantailak, panel argidunak, joko elektronikoen terminalak edo euskarriak erabilita, ikusgai izanen baitute jokoan diren kartoiei eta sarien zenbatekoei buruzko informazioa, baita bolak aterata edo beste edozein prozedurez ausaz agertzen diren zenbakietako guarismoak eta, zein den kasua, zenbaki ordinala ere; horrela bermatuko da jokalari guztiek aldi berean izatea aukera informazioa ikusteko eta sariak kantatzeko.
2. Betiere, bingo aretoak sistema akustiko nahikoa izan beharko du jokoan diren partidak edo haietako gorabeherak guztiz helarazten direla bermatzeko.
30. artikulua. Bingo aretoen erabilgarritasuna.
1. Bingo aretoak berariaz prestatuko dira bingo jokoan aritzeko; dena dela, jokoan aritzeko ezarritako orduetatik kanpo, areto horiek baimendutako beste jarduera batzuetan aritzeko baliatzen ahal dira.
2. Egiten den jarduerari aplikatzen zaion sektoreko antolamendua betetzea galarazi gabe, bingo aretoak bingo jokoan ustiatu eta aritzeaz bestelako jarduera batzuetan erabiltzeko, aldez aurretik jakinarazi beharko zaio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan arlo horretako eskumena duen departamentuari, erabilera hori hasi nahi den eguna baino hilabete lehenago gutxienez ere, eta zer nolako jarduera egin gogo den eta zenbat iraunen duen adieraziko zaizkio.
3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan arlo horretako eskumena duen departamentuak establezimenduko jarduerak mugatu eta debekatzen ahal ditu, baita jarduera egiteko baldintzak ezarri ere, baldin eta -lokalaren ezaugarriak eta etor litekeen jendea kontuan hartuta- hura burutzeagatik, sektore sentikorrak kaltetuak izan badaitezke, hala nola, adingabeak, desgaitasunak dituztenak edo babesa merezi duten beste pertsona edo talde zaurgarriak.
HIRUGARREN TITULUA. BAIMENAK
I. KAPITULUA. BAIMENAK EMATEKO ESKUMENA
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan jokoaren eskumena esleituta duen departamenduari dagokio baimenak emateko prozedurak tramitatu eta ebaztea, joko bingoa antolatu eta ustiatzeko, eta departamentu horren barrenean, eskumen hori bereganatua duen organoari.
II. KAPITULUA. BAIMENDUTAKO ENPRESAK, BEHARKIZUNAK ETA MUGAK
32. artikulua. Beharkizunak.
1. Joko enpresek bingo jokoa antolatu, kudeatu eta ustiatzeko baimenen titular izateko eta Nafarroako Joko eta Apustuen Erregistroan inskribatzeko, Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean eta Erregelamendu honetan ezarritako zehaztapenen arabera eratuta egon beharko dute, eta ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko kide diren beste edozein herrialdetakoa.
b) Bingo jokoa ustiatzea xede izatea, baita ausazko gainontzeko jokoak eta bingoan aritzeko baimendutako establezimenduetan onartzen diren zerbitzu osagarriak ustiatzea ere.
c) Gutxienez ere, 60.101,21 euroko kapital soziala izatea akzio edo partaidetza izendunetan banatua; horiek erabat harpidetu eta ordainduta egon beharko dute.
d) Helbide fiskal bat Nafarroako Foru Komunitatean izatea.
e) Zuzendaritza batzordeko edo administrazio kontseiluko administratzaile, ahaldun eta kideek Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 16. artikuluan desgaitzeko ezarritako arrazoirik ez izatea, ezta enpresa sozietateen kudeaketako eta zuzendaritza eta administrazioko karguek edo antzeko zuzendaritza organoetako beste karguek ere.
f) Kaudimen tekniko nahikoa frogatzea bingo jokoa antolatu, kudeatu, kontrolatu eta ustiatzeko, baita bingoetan baimentzen diren gainontzeko jolas aukeretarako ere, erregelamendu honetan jasotako moduan.
g) Kaudimen ekonomiko eta finantzario nahikoa frogatzea.
h) Erregelamendu honen 48. artikuluan ezarritako fidantzak eratzea.
i) Zerga betebeharrak eguneratuta izatea, baita Gizarte Segurantzakekikoak ere, indarra duten xedapenetan ezarritakoak.
2. Bingo jokoa ustiatzeko baimenduta diren joko enpresetan Europar Batasunetik kanpoko kapitalak zuzenean edo zeharka parte hartzeko, atzerriko inbertsioek Espainian jarraitzen duten araubide juridikoaren arauetan xedatutakoa bete beharko da.
1. Joko enpresa ezin da hiru bingo nagusiren baino gehiagoren titular izan, ezta seirena baino gehiago, lagungarriak barne, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.
2. Bestetik, bazkideek, pertsona fisikoak edo juridikoak izan, ezin dute hiru bingo enpresaren baino gehiagoren kapitalean parte hartu, ezta haietako hiruretako baino gehiagoko zuzendaritza kargu izan ere Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan. Ondorio horietarako, finantza talde beraren parte diren pertsona edo sozietateen artean identitatea dagoela ulertuko da.
III. KAPITULUA. BINGOAK IREKI ETA ZERBITZUAN JARTZEA, ETA JOKOA GARATZEKO ANTOLAKETA ETA KUDEAKETA
34. artikulua. Bingoa ustiatzeko baimena.
1. Bingoa ustiatu gogo duten joko enpresek, establezimendua egokitu eta irekitzeko eskatzen ahal zaizkien baldintzak betetzeaz eta lizentzia eta baimenak eskuratzeaz gain, ireki eta jarduerak hasiera aurretik, bingoa ustiatzeko baimena izan beharko dute. Horren bidez frogatuko dute establezimendua bilatzen den helbururako egokituta dagoela eta joko arloko araudian ezarritako zehaztapenen proiektua betetzen duela.
2. Bingoa ustiatzeko baimenaren eskatzaileak honako hauek frogatu beharko ditu:
a) Bere identitatea eta ordezkatzen duen entitatearena, baita ordezkatzeko dituen ahalmena eta gaitasuna ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako moduetako baten bidez.
b) Enpresaren izena eta helbide soziala, haren xede soziala, zer jarduerak dituen, kapital soziala, bazkide edo parte hartzaileen identifikazioa eta haien partaidetza kuotak kapitalean.
c) Joko enpresa eratzen duen eskritura publikoa Merkataritza Erregistroan inskribatzea.
d) Enpresa ordezkatzeko ahalmena eman zaien administratzaileen identifikazioa, karguan iraunen duten epea, eta zuzendaritza batzordeko eta administrazio kontseiluko kideen identifikazioa, ahaldunena (halakorik bada) eta negozioko kudeaketa eta zuzendaritza karguena.
e) Ez dagoela aurreko atalean aipatutako inor joko eta apustuak antolatu eta ustiatzetik desgaitua izateko kasuen artean, Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean jaso bezala.
f) Zer lokaletan ezarri gogo duen bingoa, haiek erabilgarri dituela, zuzenbidez balioa duen edozein tituluren bidez.
g) Erregelamendu honetan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela bingoa irekitzeko eta haren titular izateko.
35. artikulua. Establezimenduaren proiektua.
Betiere, bingoa ustiatzeko baimen eskaerari establezimenduaren oinarrizko proiektua, teknikari eskudun batek prestatua eta ezarriko diren moduak eta euskarriak beteko dituena, erantsi beharko zaio. Honela osatuko da proiektu hori, gutxienez ere:
1. Deskripzioa egiten duen txostena, non nahitaez honako hauek adieraziko baitira:
a) Proiektua osatzen duen dokumentazioa.
b) Proiektuaren xedea.
c) Aurrekariak.
d) Proiektuaren deskripzioa, establezimenduaren kokalekua eta egoera orokorra, azalera eta haren banaketako guneen erabilera barne; halaber, erabilitako materialak, joko mahaien eta makineriaren banaketa eta zerbitzari eta instalazioen kokalekua eta, besteak beste, bolak ateratzeko gailuarena, pantaila argidunena, monitoreena eta jokoan aritzeko gainerako elementu beharrezko edo osagarriena, eta hartutako soluzioen justifikazioa.
e) Edukiera, dauden areto, lokal eta eremu bakoitzeko jokalari postuen arabera neurtua.
f) Aurrekontua.
2. Planoak, proiektuari erantsitako soluzioen ezaugarriak zehazteko moduko eskaletan:
a) Establezimenduaren kokalekuarena, proiektua osatzen duten planoen indizea barne dela.
b) Kokalekuarena, eraikinaren barrenean, inguruko bide eta eraikinak azaltzen direla.
c) Solairu(ar)ena, egokitu aurreko konfigurazioan eta egokitu ondokoan, banaketa barne dela; orobat, sekzioko eta xehetasun plano akotatuak, behar diren heinean.
3. Jarduerarako izan gogo diren giza baliabideak eta baliabide materialak.
4. Txosten ekonomikoa, egin beharreko inbertsioa eta haren bideragarritasuna frogatzen dituena. Hartan, gutxienez ere, inbertsioaren zenbatekoa, hura finantzatzeko modua, merkatuan duen eraginari buruzko azterlana -dauden aretoen kopurua eta hurbiltasuna kontuan hartuta-, eta hurrengo hiru ekitalditarako aurreikusten den finantza egoera adieraziko dira.
36. artikulua. Bingoa ustiatzeko baimenaren titularren eskubide eta betebeharrak.
1. Bingoa ustiatzeko baimena eskuratzeak, eskatzen ahal zaizkion lizentzia eta baimenak izan beharra ukatu gabe, gaitasuna emanen dio titularrari establezimendu hori gehienez ere urtebetean ireki eta zerbitzuan jartzeko, baita bingo jokoa zuzenean ustiatu eta kudeatzeko ere.
2. Orobat, bingoa ustiatzeko baimena eskuratzeak gaitasuna ematen dio titularrari establezimenduan baimenduta dauden jolas aukerak ustiatzeko baimenak eskatzeko, Erregelamendu honen 24. artikuluan xedatutakoari jarraituz; dena dela, joko aukera horiei Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzen zaien araudiko xedapenak bete beharko dira.
3. Baimendutako bingo enpresek, bingoa ustiatzeko baimena tramitatzearekin batean, bingoetarako baimendutako jolas aukerak ustiatzeko behar diren guztiak tramitatzen ahalko dituzte.
4. Ustiatzeko baimenak ez du eskubiderik emanen establezimendu hori lekuz aldatu edo beste toki batean kokatzeko, eta hura itxiz gero, iraungi eginen da, Erregelamendu honen 41. artikuluan ezarritakoari jarraituz; berriren bat ireki nahi izanez gero, nahiz eta hura ordezteko asmorik ez izan, beste baimen bat eskuratu beharko da bingoa ustiatzeko.
5. Bingoa ustiatzeko baimenaren titular diren joko enpresak behartuta daude bingo jokoa establezimendu horretan zuzenean antolatu eta kudeatzera, baita Erregelamendu honetan eta aplikatzen ahal zaizkien araudian haien kargu ezarritako betebehar guztiak betetzera ere.
IV. KAPITULUA. BAIMENAK EMATEA EDO UKATZEA, ETA HAIEN TRAMITAZIOA
37. artikulua. Espedientea tramitatu eta ebaztea.
1. Dokumentazioa aurkeztu eta osaturik, hura aztertu eta proiektua Erregelamendu honetan eta joko eta apustuen gaineko gainerako araudian ezarritako beharkizunei egokiturik, organo eskudunak baimena eman edo ukatuko du, hiru hilabeteko epean.
2. Epea ebazpenik eman eta jakinarazi gabe iraungita, interesdunak zilegi izanen du baimena ezetsitzat emateko, administrazioaren isiltasunagatik.
38. artikulua. Baimena ematea eta Erregistroan inskribatzea.
Baimena emanik, organo eskudunak ofizioz inskribatuko ditu enpresa eta establezimendua Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legeak ezarritako Nafarroako Joko eta Apustuen Erregistroan.
39. artikulua. Baimena ukatzea.
Kasu hauetan ukatuko da baimena:
a) Indarra duen araudian ezarritako edozein beharkizun betetzen dela ez frogatzeagatik.
b) Eskaera joko plangintzari ez egokitzeagatik, plangintza hori Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 8. artikuluan xedatutakoan oinarrituta ezarririk.
c) Bingoen ustiapenerako baimenak esleitzeko deialdi publikoan esleipen-hartzaile atera ez izateagatik, Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 13. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritakoari jarraituz.
40. artikulua. Establezimenduko jarduerak hastea.
1. Betiere, eta bingoko jarduerak hasi aurretik, establezimendua jendearentzat ireki baino hogei egun lehenago, inguruabar horren berri eman beharko zaio Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioan joko arloko eskumena duen departamentuari, jakinarazpenari dokumentazio hau erantsita:
a) Erregelamendu honen 46. artikuluan aipatzen den fidantza eratu izana frogatzen duen dokumentua.
b) Ziurtagiria, teknikari eskudunak sinatua, obra proiektuaren arabera bukatu izana frogatzen duena, eta jokoari lotutako instalazio guztiak eta establezimenduan sartzeko kontrola abian direla eta haien funtzionamendua egokia dela.
2. Bingoa ustiatzeko baimena eskuratu gabe bingoko jarduerak hasiz gero, nahiz eta hura eskatu eta establezimendua egokitu eta irekitzeko eskatzen diren gainontzeko lizentzia eta baimen administratiboak eskuratu, arau-hauste bat izanen da baimendu gabeko lokal edo establezimenduetan bingo jokoa antolatu, ustiatu edo aritzeagatik, arau-hauste oso larria Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 38. artikuluko b) idatz-zatiaren arabera.
41. artikulua. Bideragarritasunaren aurreko kontsulta.
1. Nafarroan bingo bat ustiatzeko interesa duen edozein pertsona fisikok zein juridikok kontsulta egiten ahal du aukera ote duen Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioan joko arloko eskumena duen departamentutik ustiapen baimena eskuratzeko.
2. Informazio hori eskuratzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko du:
a) Kontsulta egiten duen pertsona fisikoaren edo pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo pasaportearena.
b) Establezimenduaren aurreproiektua, teknikari eskudunak prestatua, dokumentu hauez osatua, gutxienez ere:
- Txosten deskribatzailea, Erregelamendu honetan eta aplikagarri duen araudian eskatzen diren baldintza guztiak zenbateraino betetzen diren espres justifikatzen duena.
- Kokaeraren eta kokalekuaren planoak, baita establezimenduaren egungo egoeraren eta zaharberritu ondorengo egoeraren planoak ere.
3. Aurkeztutako dokumentazioa aztertu eta gero, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eskatu den ustiapen baimena lortzeko aukeraren berri emanen dio interesdunari eta, bidezko oztoporik bada, haiek jakinaraziko dizkio.
4. Betiere, eskuratzen den informazioa erabilgarria eta indarrean izanen da, baldin eta emandako datuak egiazkoak badira eta proiektua eta haren araberako obrak erantzunean egindako oharren arabera gauzatzen badira eta, betiere, aplikatzen zaion indarreko araudiaren arabera.
5. Ematen den informazioak ez du inoiz baimen administratiborik ekarriko kontsultatu den establezimendua ustiatzeko. Hartarako, eskaera egin beharko da eta 32. artikuluko baldintzak betetzen direla frogatu, Erregelamendu honen 34. artikuluan aurreikusitako moduan.
42. artikulua. Ustiatzeko baimenen indarraldia.
1. Bingoak ustiatzeko baimenek mugagabeko indarraldia izanen dute.
2. Hala ere, kasu hauetan iraungiko dira ustiatzeko baimenak:
a) Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 14. artikuluaren 5. idatz-zatian adierazitako kasuetako edozein gertatuz gero.
b) Iraungitzeagatik, baimena eskuratu eta urtebeteko epean establezimenduko jarduerak ez ireki eta hasteagatik, edo hura itxita urtebete baino gehiago iragan izateagatik, borondatez izan edo beste edozein arrazoirengatik izan.
V. KAPITULUA. BAIMENA EMATEKO BALDINTZA ALDAKETAK ETA USTIATZEKO BAIMENEN TITULARTASUNA ESKUZ ALDATZEA
1. Aldez aurretik baimena beharko da:
a) Establezimenduan egiten diren jolas jardueretako baten funtzionamendua hiru hilabetetik gora eteteko.
b) Establezimenduaren azaleran, banaketan edo lokalen kopuruan edo kokaeran aldaketak egiteko, baita jokalari postuen arabera neurtutako edukieran ere.
2. Baimen horiek emandakotzat hartuko dira hilabetea iraganez gero ebazpen espresurik eman gabe.
3. Jokorako beharrezkoak diren makineriako eta instalazioetako aldaketen berri eman beharko zaio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan joko arloko eskumena duen departamentuari, aldaketa egin baino 20 egun lehenago, gutxienez ere.
44. artikulua. Akzioak eta partaidetzak eskuz aldatzea.
1. Kapital sozialean aldaketak egiteko eta bingo jokoa ustiatzeko baimenen titular diren joko enpresetako akzio eta partaidetzak eskuz aldatzeko, aldez aurretik idatzita jakinarazi beharko zaio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan joko arloko eskumena duen departamentuari, aldaketa gauzatu baino hogeita hamar egun lehenago.
2. Bingo jokoaren arloko enpresetako administratzaile eta ahaldunen, zuzendaritza batzordeko eta administrazio kontseiluko kideen, kudeaketako eta zuzendaritza eta administrazioko karguen edo horien antzeko zuzendaritzako beste organo batzuetako karguen kopurua eta titulartasuna aldatzeko, idatzita jakinarazi beharko zaio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari, aldaketa gauzatu eta hilabeteko epean, gehienez ere.
3. Aurreko atalean aipatutakoetako edozein jokoa eta apustuak antolatu eta ustiatzeko desgaitua izateko arrazoietako edozeinetan (Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legea) erori eta gertaera horretaz ohartu eta bi hilabeteko epean, gehienez ere, ordezten ez bada, ustiatzeko emandako baimenak galduko dira eta itxi eginen dira jokoa eta apustuak antolatu eta ustiatzeko enpresek erabilitako establezimenduak eta baliabideak.
4. Aurreko atalean adierazi bezala, ustiatzeko baimena galduz gero, titularrak ezin izanen du berriro eskatu ondoko bost urteetan.
45. artikulua. Ustiatzeko baimenak eskuz aldatzea.
Bingoa ustiatzeko baimenen titulartasuna eskuz aldatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan joko eta apustu arloko eskumena duen departamentuaren baimena beharko da aldez aurretik, titulartasuna eskuratzen duen enpresak Erregelamendu honen 32. artikuluko 1. atalean ezarritako beharkizunak betetzen dituela frogatu ondoren.
VI. KAPITULUA. JOKO ETA APUSTU MODALITATEAK BAIMENTZEA
46. artikulua. Bingo jokoaren modalitateak baimentzea.
1. Nafarroako Joko eta Apustuen Katalogoan jasota dauden bingo jokoaren modalitateen baimena tramitatzen hasteko, bingoa ustiatzeko baimenen titular dituen enpresek eskatu egin beharko dute.
2. Eskaera aurkeztu eta ondoko hiru hilabetean ebazpen espresik ez bada, baimena administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela ulertu beharko du interesdunak.
3. Establezimenduetan bingo modalitate berria ezartzen duten enpresak behartuta daude hura ezarri eta gutxienez sei hilabetez ustiatzen jarraitzeko.
4. Katalogatuta den bingo jokoaren modalitate bat baimenik gabe edo aurreko atalean ezarritako epea iragan baino lehen jarriz gero, bingo jokoa antolatu edo ustiatzeko baimenik gabeko modua edo modalitatea izanen da, ondorio guztietarako, eta arau-hauste oso larria izanen da bingo jokoa baimenik gabeko lokal edo establezimenduetan antolatu, ustiatu edo jokatzeagatik, Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 38. artikuluko b) idatz-zatiaren arabera.
47. artikulua. Behinbehineko baimenak.
1. Hiru hilabeterako baimena, epe bererako luzatzen ahal dena urtebete egin arte (gehienez ere), ematen ahal da bingo modalitateak ezartzeko, joko makinak instalatzeko eta, oro har, joko eta apustuak probaldian ustiatzeko, haietan jokoari, horren antolaketari, baliabideei eta azpiegiturari buruz baimendutako aldaketak eginik, edo interkonexioaren bidez alternatibak sortuta.
2. Betiere, baimenaren ebazpenean, jokoaren araubidea, ezarritako sarien plana eta baimendutako ekipo, makina edo sistemak adieraziko dira.
VII. KAPITULUA. BERMEAK
1. Bingoa ireki aurretik, establezimenduan eskaintzen diren gainerako jolas aukeren araudian eskatutako bermeak ematera behartua izateaz gain, ustiatzeko baimenaren titularra den enpresak fidantza eratu beharko du Nafarroako Foru Komunitatearen alde. Zenbateko hau izanen du bingo aretoen edukieraren, hau da, jokalari postuen arabera:
a) 250 jokalari arte, 30.000 euro.
b) 251 jokalaritik 400 arte, 45.000 euro.
c) 401 jokalaritik 600 arte, 60.000 euro.
2. Jokalari postuen kopuruak lehen ezarritako mugak alde batera edo bestera gainditzen baditu, fidantza eguneratu egin beharko da, hiru hilabeteko epean gehienez ere.
3. Fidantza eskudirutan, banku abalaren edo norberaren kauzio-polizaren bidez ematen ahal da, eta beti indarrean eduki beharko da haren zenbateko osoa babesten duela.
Fidantza abal baten bidez egiten denean, ezin izanen da Foru Berriari buruzko 525 Legeak aipatzen duen eskusio onura erabili.
4. Fidantza sariak ordaintzeko, Administrazioko organoek entitate titularrari dirutan ezartzen dizkioten zehapenetarako eta baimendutako establezimenduetan bingo jokoa ustiatzeagatik abonatu behar diren zergak ordaintzeko izanen da.
5. Fidantzaren zenbatekoa gutxituz gero, hura eratu duen enpresak hilabetea izanen du, gehienez ere, behar den kopuruan osatzeko.
LAUGARREN TITULUA. LANGILEAK
I. KAPITULUA. BINGOETAKO LANGILEAK
49. artikulua. Enpresaren ordezkariak.
Establezimendua jendearentzat irekita dagoen bitartean, enpresaren ordezkaritza duen pertsona bat izan beharko du bai jokalarien aurrean bai Administrazio Publikoko agenteen aurrean. Berak eramanen ditu establezimenduko jardueren kudeaketa eta kontrola, haren zerbitzu, aparatu eta instalazioak behar bezala funtziona dezaten saiatuko da, eta funtzionamendurako behar diren baimenak eta establezimenduan zerbitzua ematen duten langileei buruzko dokumentazioa izateaz arduratuko da.
50. artikulua. Langileen beharkizun orokorrak.
Lanbide jarduera bingoetan duten langile guztiek, jokoarekin eta apustuekin zerikusia zuzena badute, beharkizun hauek bete beharko dituzte:
a) Aurrekari penalik ez izatea epai irmo baten bidez kondenatuak izan direlako Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 16.1.a) artikuluan adierazitako delituetatik edozein egin izateagatik, lanbide jarduerak hasteko egunaren aurreko bost urtean.
b) Zehapen administratiborik ez izatea, ebazpen irmo baten bidez, lanbide jarduerak hasteko egunaren aurreko bi urtean, Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean larritzat edo oso larritzat jotako hutsegiteren batengatik.
c) 52. artikuluan aipatzen den egiaztagiria izatea.
1. Establezimenduak beharrezko langileak izan beharko ditu, uneoro, onarpen zerbitzuaren eginkizunak betetzeko, Erregelamendu honen 27. artikuluan aurreikusitako jokalari eta bisitarien kontrolerako, baita jokoa behar bezala kudeatu eta garatzeko ere.
2. Langile horiei dagozkien eginkizunak betetzeko, aplikatzekoak diren laneko araudian eta sektoreko hitzarmenetan jasotako aurreikuspenekin bat, mugigarritasun funtzionalari buruzko neurriak hartzen ahal dira, baita eginkizunak aldi berean betetzekoak ere; betiere, jokalarien kontrola, partiden bilakaera txukuna eta erregularra eta baimenaren titularra den enpresaren kargu utzitako obligazioak betetzen direla bermatu beharko da.
52. artikulua. Lanbideko dokumentuak.
1. Erregelamendu honen 50. artikuluan aipatzen den langileen egiaztagiria lanbideko dokumentu bat izanen da, eta haren titularrak Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 30. artikuluan ezarritako beharkizunak betetzen dituela berretsiko du.
2. Dokumentu horrek, langile horiek gainean eta ikusteko moduan eraman beharko baitute, jokalarien eta ikuskatzaileen aurrean nor diren adierazteko balioko du, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak luzatuko du eta bost urterako emanen da, gero berritzeko.
II. KAPITULUA. ESKERSARIAK
53. artikulua. Eskupekoak.
1. Establezimenduko langileek ezin dute eskupekorik eskatu edo onartu norberarentzat edo norberaren onurarako.
2. Establezimenduko langileen artean banatuko dira bezeroek beren kabuz eta hala nahita ematen dituzten eskupeko edo eskersariak, ustiategiaren titularra den enpresarekin hitzartutako maiztasunez eta banaketa irizpideekin bat.
BOSGARREN TITULUA. BINGO ARETOA IXTEA ETA PUBLIZITATEA
I. KAPITULUA. BINGO ARETOA ALDI BATERAKO EDO BEHIN BETIKO IXTEA
54. artikulua. Bingo aretoa aldi baterako edo behin betiko ixtea.
1. Bingo aretoa aldi baterako edo behin betiko ixteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan joko arloko eskumena duen departamentuari jakinarazi beharko zaio itxi gogo den eguna iritsi baino hilabete lehenago.
2. Bere kasa diharduen bingo aretoa edo areto elkartuen sistema bateko bingo areto nagusia aldi baterako ixteko kasuan, borondatez izan edo zehapen administratibo baten ondorioz behartuta, partida bakoitzeko diru-bilketatik kendu eta sari bereziak hornitzeko gordetako diru kopuruak, azken saiokoak barne, jokalariei ematen ahal zaizkie itxi baino lehen, ustiategiko titularrak proposatuta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan joko arloko eskumena duen departamentuak aldez aurretik onetsitako sari programa berezi baten arabera.
3. Bingo areto nagusia aldi baterako edo behin betiko ixtearekin batean harekin elkartutako bingo areto guztiak itxiko dira.
4. Aurreko atalean aipatu diren proposamena eta sari berezien programa ez badira, edo programa onetsi ez bada, aipatu diru kopuruak Nafarroako Ogasun Publikoaren Diruzaintzan sartuko dira gordailu gisa, aretoa itxi ondoko 48 orduko epean. Kasu horretan, enpresa berak jarduerari berriz ekiten badio itxiera egunetik urtebetea igaro baino lehen, behartuta egonen da jokoan berriz hastera, eta itxieran kontsignatutako dirua hasierako zuzkidura izanen da sari berezietarako. Baina, epe hori iraganik jarduerari berriz ekiten ez bazaio, edo beste enpresa batek egiten badu, kontsignatutako diru kopuruak Nafarroako Foru Ogasunarentzat izanen dira.
II. KAPITULUA. PUBLIZITATEA
55. artikulua. Publizitatea.
1. Komunikabideak baliatuz, babesle bitartez edo, datu pertsonalak babesteari buruzko araudia betetzen dutela, helburu horretarako egokiak diren beste bitarteko edo teknika batzuk erabiliz, jokoaren eta apustuaren sektorean duten jardueraren berri eman nahian, bingoek egin gogo dituzten ekintzen programak eta publizitate kanpainak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari jakinarazi beharko dizkiote, haiek hasi baino hilabete lehenago.
2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak, Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 10.2 artikuluan adierazitako moduan, antolamendu juridikoan ezarritako eskubide eta askatasunak urratzen direla edo biztanleen sektore sentikorrak erabili egiten direla edo kalte egiten zaiela ikusiz gero, proposatutako jarduera debekatzen ahal du, edo proiektua moldatzeko baldintza jarri. Kasu horretan, jarduera hasi aurretik egin beharreko zuzenketak proposatuko ditu.
3. 1. atalean adierazitako epea komunikaziorik jaso gabe iraganik, baimena administrazio isiltasunaren bidez emandakotzat hartzen ahal da, eta indarrean den araudia betetzera behartua egonen da.
SEIGARREN TITULUA. IKUSKATZEA ETA KONTROLA
56. artikulua. Ikuskatzea eta kontrola.
1. Bingoa ustiatzeko baimenen eskatzaile edo titular diren enpresak behartuta daude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari hark bilatzen duen informazioa ematera, kontrol, koordinazio eta estatistikako eginkizunak bete ditzan.
2. Aipatu enpresak, bestetik, behartuta daude, edozein unetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak izendatutako agenteei ikuskatze lanean laguntzera eta haiek egokitzat jotzen dituzten egiaztatze lan eta probak egiten uztera, beren eginkizunak modu egokian betetzeko behar duten laguntza emanda.
ZAZPIGARREN TITULUA. ZEHAPENEN ARAUBIDEA
I. KAPITULUA. ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
57. artikulua. Bingo jokoaren arloko arauhauste administratiboak.
Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean sailkatutako ekintza edo omisioak dira bingo jokoaren arloko arau-hauste administratiboak, zabarkeria hutsa barne.
58. artikulua. Arauhauste larriak eta oso larriak.
Aurreko artikuluan xedatutako ondorioetarako, arau-hauste oso larritzat eta larritzat hartzen dira Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 38. eta 39. artikuluetan, hurrenez hurren, sailkatutako ekintzak eta omisioak.
59. artikulua. Arauhauste arinak.
Honako hauek arau-hauste arinak dira:
a) Enpresek epe barrenean ez ordeztea bingo enpresetako zuzendaritza edo ordezkaritza organoetako administratzaileak, ahaldunak eta kideak, desgaitzen direnean.
b) Enpresako ordezkaririk ez izatea establezimenduan.
c) Formari eta epeari dagozkien komunikazioko hutsegiteak, jasotako kasuetan, non ez dauden erregelamendu honetan hutsegite larri edo oso larri gisa sailkatuta.
d) Jokalariek eta apustu egileek jokoaren eta apustuen makinak edo materiala manipulatzea.
e) Jokalariek panelak eta bolak pantailetan edo monitoreetan ezin ikustea eta, oro har, informazio edo komunikazio sistemetako akatsak bingo aretoetan.
f) Establezimenduko langileek identifikatu eta egiaztatzeko lanbide dokumentua ez izatea.
g) Bingo aretoei bestelako erabilera ematea, debekatuta egonik.
h) Jokalariei eskupekoa eskatzea, edo norberarentzat onartzea.
i) Saritutako kartoiak saioko aktarekin batean ez gordetzea.
j) Establezimenduko jokalari eta bisitariek egin gogo dituzten erreklamazioak aktan jasotzeari uko egitea.
k) Oro har, Erregelamendu honetan ezarritako beharkizun edo debekuak ez betetzea, arau-hauste larritzat edo oso larritzat jota ez daudenean.
60. artikulua. Arauhausteen erantzuleak eta zehapenak.
1. Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 41. artikuluan ezarritakoak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.
2. Arau-hausteak egiteagatik, Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legean aurreikusitako zehapenak ere jarriko zaizkie erantzuleei.
II. KAPITULUA. PROZEDURA
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko 15/2004 Foru Legean bildutako erregulazioaren arabera arautuko da zehapen prozedura.
Iragarkiaren kodea: F1018987