(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

69/2010 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 8KOA, HIRUGARREN PERTSONEKIN EGINDAKO ERAGIKETEN URTEKO AITORPENA ARAUTZEN DUENA ETA ZERGA EDUKIA DUTEN BESTE ARAU BATZUK ALDATZEN DITUENA Nota de Vigencia

BON N.º 147 - 03/12/2010



Atariko

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 103. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera, pertsona fisiko edo juridiko guztiek, pribatuek zein publikoek, eta nortasun juridikorik ez eduki arren unitate ekonomiko bat osatzen duten entitateek Administrazioari zergen arloan garrantzitsuak izan daitezkeen datu, txosten edo aurrekari guztiak aurkeztu beharko dizkiote, hain zuzen ere beren zerga betebeharrak betetzearen edo beste pertsona batzuekiko ekonomi, lanbide edo finantza harremanen ondoriozkoak direnak. Betebehar horiek erregelamendu bidez zehaztutako moduan eta epeetan bete beharko dira.

Lege-testu beraren azken xedapenetako bigarrenaren bidez hori garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak emateko baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 34. artikuluko 9. arauak ezartzen duenez, hirugarren pertsonekin egindako eragiketen aitorpenak aurkezteko tokia subjektu pasiboei buruzko egiaztapena eta ikerketa egiteko eskumena duen zerga administrazioa izanen da.

Hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpena arautzen duen uztailaren 1eko 265/1996 Foru Dekretuak aitorpen horren oinarrizko helburuak biltzen ditu. Alde batetik, aitorpen horrek Zerga Administrazioari oso tresna garrantzitsua ematen dio orokorrean zergak -eta zehazki Balio Erantsiaren gaineko Zerga- behar bezala aplikatzeko; beste alde batetik, entitate publikoek ondasun edo zerbitzuak eskuratzeko egindako eragiketei buruz ematen duten informazioa biltzen du, baita entitate horiek ordaindutako laguntzei edo diru-laguntzei buruzkoa ere.

Emandako informazioaren tratamendu eta erabileran urte hauetan metatutako esperientziak, estatuko araudian ondoz ondo egin diren aldaketek, eta Foru Komunitateko zerga-legedian egindako aldaketetara moldatzeko beharrizanak, agerian jarri dute hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpenaren arauketan aldaketa batzuk egin behar direla nahitaez.

Alderdi berrien artean esanguratsuenak hauek dira: aitorpena aurkezteko betebeharretik salbuetsita dauden pertsona edo entitateak, aitorpenen edukia eta eragiketen denbora-egozpenerako irizpideak, aitorpenean txertatzeko.

Aitorpena aurkezteko betebeharretik salbuetsita dauden pertsona edo entitateei dagokienez aldaketak garrantzitsuak dira:

a) Berariaz ezartzen da salbuetsita egonen direla enpresa edo lanbide jarduerak Espainian egin arren beren ekonomi jardueraren egoitza, establezimendu iraunkorra edo helbide fiskala Espainiako lurraldean ez dutenak.

b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga zenbatespen objektiboaren metodoaren bidez eta aldi berean Balio Erantsiaren gaineko Zerga araubide erraztuan edo nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide berezian edo baliokidetasun errekarguko araubidean ordaintzen duten subjektu pasiboei dagokienez, haiek, aipatu araubideen ezarpenetik salbuetsiak dauden eragiketez gain (horiek indarreko araudian jada aipatu dira), baita faktura egitea dakarten eragiketak ere.

c) Dena delako urte naturalaren barnean beste pertsona edo entitate bati buruzkoak izanik 3.005,06 eurotik gorako eragiketarik egin ez duten tributudunek ere ez dute aitorpenik egin beharko. Diru kopuru hori 300,51 euro izanen da hirugarrenen kontura kobratzen badituzte lanbide ordainsariak edo jabetza intelektualaren, industrialaren edo egiletzaren ordainsariak.

d) Azkenik, eragiketa jakin batzuk egiten dituztenean izan ezik, ez dute aitorpenik egin beharko Balio Erantsiaren gaineko Zergaren erregistro liburuetan agertzen diren eragiketei buruzko informazioa eman behar dutenek, hau da, Hileko Itzulketaren Erregistroan inskribatuta dauden pertsona edo entitateek.

Aitorpenaren edukiari dagokionez, emandako diru-laguntza, sorospen edo laguntzak -itzulgarriak ez direnak- aipatu beharraz gain, aldaketa garrantzitsu bat txertatzen da: 3.2 artikuluko i) letran eragiketa jakin batzuk orokorrean salbuesten dira, baldin eta eragiketa horien aitortzaileari berari buruz bi baldintza hauek gertatzen badira: hirugarren pertsonekiko eragiketena ez den berariazko aitorpen batean aldizka informazioa emateko betebeharra egotea, eta informazio horren edukia bi aitorpenetan berdina izatea. Horri buruz, ulertuko da negozio lokalen errentariaren aitorpena 180 ereduan (ondasun higiezinen errentamendu edo azpierrentamenduaren ondoriozko errenta batzuei dagozkien atxikipenak eta konturako sarrerak) eta hirugarren pertsonekin egindako eragiketen aitorpena eduki aldetik bat datozela eta, beraz, nahikoa izanen dela errentari horrek eragiketa 180 ereduan aitortzea, hirugarren pertsonekin egindako eragiketen aitorpenean sartu behar izan gabe.

Aitorpena betetzeari dagokionez, eragiketak bereizita adieraztea eskatzen duten kasu batzuk gehitzen dira. Horrela, bidaia-agentziek zerbitzu egite jakin batzuk bereizita aitortuko dituzte; hirugarrenen kontura kobratzen diren lanbide ordainsariak edo jabetza intelektualaren, industrialaren edo egiletzaren ordainsariak ere banaka adieraziko dira, baita aitorpenari lotutako pertsona edo entitate bakoitzak eskudirutan jasotako 6.000 eurotik gorako zenbatekoak eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kargapeko entrega diren ondasun higiezinen eskualdaketetan sartzen diren kopuruak ere.

Azkenik, denbora-egozpenerako irizpideei dagokienez, bi zehaztapen gehitzen dira. Hirugarren pertsonekin egindako eragiketen aitorpenari dagokiona ez den urte natural batean gertatu diren inguruabarren artean, bi kasu hauek gehitzen dira: Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 28.4 artikulukoa (zerga oinarria murriztea zergapeko eragiketak guztiz edo zati batean kobraezinak direnean) eta aitorpena aurkeztu ondoren eskudirutan jaso diren kopuruena, edo aitorpena egiteko unean 6.000 eurotik gorako zenbatekora iritsi ez direnena.

Azken xedapenetako hirugarrenak fakturazio betebeharrak arautzeko erregelamendua -maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuaren bidez onetsi zena- aldatzen du, seigarren xedapen gehigarria gehitzen baitu. Xedapen hori, Energiaren Batzorde Nazionalak araubide bereziko energia elektrikoaren banatzaileen eta ekoizleen edo haien ordezkarien izenean eta haien kontura egiten dituen fakturak igorpenari eta kontserbazioari dagokienez eduki behar dituen berezitasunei buruzkoa da.

Azken xedapenetako laugarrenak urtarrilaren 26ko 16/2004 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren Erregelamenduaren 33. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatiak aldatzen ditu, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari zergaren autolikidazio araubidea nahitaezkoa deneko kasuak zehazteko gaitasuna emateko.

Foru dekretu hau bost artikuluz, xedapen gehigarri batez, xedapen indargabetzaile batez eta bost azken xedapenez osatuta dago.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluak emandako txostenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko azaroaren 8an egindako bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Hirugarren pertsonekin egindako eragiketei buruzko informazioa eman behar dutenak.

1. Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 103. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera, enpresa edo lanbide jardueraren bat egiten duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu zein publikoek, eta foru lege horren 25. artikuluan aipatzen diren entitateek, Foru Komunitateko Zerga Administrazioan hirugarren pertsonekin egindako eragiketei buruzko urteko aitorpena aurkeztu beharko dute, aipatu subjektu pasiboen Balio Erantsiaren gaineko Zerga egiaztatu eta ikertzea administrazio haren eskumena denean, Hitzarmen Ekonomikoaren 34. artikuluko 9. arauak ezartzen duenaren arabera.

Ondorio horietarako, enpresa edo lanbide jardueratzat hartuko dira Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 5.2 artikuluan hala definitzen direnak. Halaber, halakotzat hartuko dira foru lege horren 5.1 artikuluan (e) letran xedatuta dagoena bazter utzita) enpresaburu edo profesional gisa kalifikatzen direnek egiten dituzten jarduerak.

Jabetza horizontalari buruzko ekainaren 21eko 49/1960 Legea aplikatzekoa zaien entitateek, eta Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 17.3 artikuluan aipatutako izaera sozialeko entitate edo establezimendu pribatuek hirugarrenekin egindako urteko eragiketen aitorpenean sartuko dituzte enpresa edo lanbide jardueretatik kanpo erosten edo jasotzen dituzten ondasunak edo zerbitzuak, horrelako jarduerak egiten ez badituzte ere Nota de Vigencia.

2. Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 104. artikuluko 1. eta 2. idatz-zatietan aipatzen diren pertsona eta entitateek ere hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpenean orokorrean enpresa edo lanbide jardueretatik bazter egiten diren ondasunen edo zerbitzuen eskuraketak sartuko dituzte, mota horretako jarduerak egiten ez badituzte ere.

Administrazio publikoen barnean dauden entitateek, gainera, hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpenean haien aurrekontu orokorren kargura ematen dituzten diru-laguntza, sorospen edo laguntzak edo administrazio publiko horietakoak ez diren entitate edo erakundeen kontura kudeatzen dituztenak aurkeztu behar dituzte.

Foru Komunitateko Administrazioak, haren erakunde autonomoek eta Nafarroako lurraldeko gainerako administrazio publikoek nahiz haien barnean dauden entitateek hirugarren pertsonekin egindako eragiketei buruzko urteko aitorpena aurkeztuko dute haien jardueraren barnean enpresa edo lanbide izaera duen sektore bakoitzari buruz, baldin eta identifikazio fiskaleko zenbakia esleituta badu, edo sektore horiei guztiei buruz.

Administrazio publikoen barnean dauden entitateek hirugarren pertsonekin egindako eragiketei buruzko urteko aitorpena aurkezten dutenean haien jardueraren barnean enpresa edo lanbide izaera duen sektore bakoitzari buruz (baldin eta identifikazio fiskaleko zenbakia esleituta badu), idatz-zati honen arabera eskatzen diren datuak sartuko dituzte aitorpen horietako edozeinetan.

Halaber, aurreko paragrafoan aipatu diren entitateek, enpresa edo lanbide jarduerarik egin ez arren, hirugarren pertsonekin egindako eragiketei buruzko urteko aitorpena aurkeztuko dute haien departamentu, kontseilaritza, bulego edo organo berezi bakoitzari buruz, baldin eta identifikazio fiskaleko zenbaki diferentea esleituta badu.

3. Gainera, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 103.1.b) artikuluan ezarrita dagoenaren arabera, sozietateak, elkarteak, lanbide elkargoak eta beste entitate batzuk, zeinen eginkizunen artean baitago lansari profesionalak edo jabetza intelektualaren edo egileen lansariak edo beste batzuk beren bazkide, elkartekide edo elkargoko kideen kontura kobratzea, etekin horiek hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpenean sartzera behartuta daude.

2. artikulua. Hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpena aurkezteko betebeharretik salbuetsita dauden pertsonak edo entitateak Nota de Vigencia.

Honako hauek ez dira behartuta egonen urteko aitorpena aurkeztera:

a) Espainian enpresa edo lanbide jarduerak egin arren, beren ekonomia jardueraren egoitza, establezimendu iraunkor bat edo helbide fiskala Espainiako lurraldean ez dutenak, edo, atzerrian eratuak diren errenta-egozpenaren araubideko entitateen kasuan, Espainiako lurraldean agertzen ez direnak.

b) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren errenta-egozpenaren araubidean dauden pertsona fisikoak eta entitateak, zerga hori zuzeneko zenbatespenaren araubidearen modalitate bereziaren bidez ordaintzen duten jarduerengatik, baldin eta, aldi berean, jarduera horiei dagokien balio erantsiaren gaineko zerga araubide berezi erraztuan edo nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren araubide berezian edo baliokidetasun errekarguko araubidean ordaintzen badute, salbu eta balio erantsiaren gaineko zergaren ondorioetarako faktura egiten duten eragiketengatik Nota de Vigencia.

Aurrekoa gorabehera, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide erraztuaren mende dauden subjektu pasiboek hirugarrenekin egindako jardueren urteko aitorpenean sartuko dituzte erositako ondasunak eta zerbitzuak, baldin eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren erregelamenduaren 29.1 artikuluan aipatutako jasotako fakturen erregistro-liburuan idatzi beharrekoak badira. Erregelamendu hori, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nota de Vigencia.

c) Dena delako urte naturalaren barnean beste pertsona edo entitate batekin guztira 3.005,06 eurotik gorako eragiketarik egin ez duten tributudunak; hirugarrenen izenean zerbitzu-sari profesionalak kobratu badituzte, edo jabetza intelektualaren edo industrialaren edo egile-jabetzaren ondoriozko eskubideak edo beste sari batzuk beren bazkide, elkartekide edo elkargoko kideen izenean, kasuko urte naturaleko eragiketen gehieneko diru-kopurua 300,51 eurokoa izanen da.

d) Aitortu behar ez diren eragiketak baizik egin ez dituzten tributudunak, 3. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera.

e) Erregistro liburuetan agertzen diren eragiketei buruzko informazioa eman behar duten tributudunak, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 20.10 artikuluaren arabera.

f) Martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsi zien Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 53.6. artikuluak aipatutako zergadunak Nota de Vigencia.

3. artikulua. Hirugarren pertsonekin egindako eragiketei buruzko urteko aitorpenaren edukia.

1. 1.1 artikuluan aipatzen diren tributudunek, pertsona edo entitateren batekin edo batzuekin (edozein izaeratakoak direla ere) eragiketak egin badituzte, eta dagokion urte naturalean pertsona edo entitate haietako bakoitzarekin egindako eragiketa guztien zenbatekoa 3.005,06 eurotik gorakoa izan bada, urteko aitorpenean pertsona edo entitate horien zerrenda aurkeztu beharko dute.

Aurreko lerroaldean aipatutako informazioa hiruhilekotan desglosatua emanen da. Ondorio horietarako, bereizita zenbatuko dira ondasun eta zerbitzuen emateak, batetik, eta haien eskurapenak, bestetik.

Aurreko paragrafoetan xedatuta dagoenaren ondorioetarako, eragiketatzat hartuko dira bai ondasun emateak eta zerbitzu egiteak, baita haien eskurapenak ere. Bi kasuetan ohiko eragiketak eta noizbehinkakoak sartuko dira, bai, halaber, ondasun higiezinen inguruko eragiketak eta ematen edo jasotzen dituzten diru-laguntza, sorospen edo laguntzak, itzulgarriak ez badira.

Hurrengo idatz-zatian adieraziko diren salbuespenekin, balio erantsiaren gaineko zergari lotuta dauden eta hartatik salbuetsita ez dauden ondasun emateak eta zerbitzu egiteak eta horien eskurapenak sartuko dira urteko aitorpenean, baita zerga horri lotuta ez dauden edo hartatik salbuetsita daudenak ere.

Aseguru entitateek aseguru-eragiketak sartuko dituzte beren urteko aitorpenean.

Ondorio horietarako, hartutako prima edo kontraprestazioen zenbatekoa eta ordaindutako kalte-ordain edo prestazioen zenbatekoa hartuko dira kontuan, eta eragiketa horiei ez zaie inola ere aplikatuko hurrengo idatz-zatiko a) letran xedatuta dagoena.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatzekoa zaien eragiketak egiten dituzten subjektu pasiboek, eta araubide horretan sartutako eragiketen hartzaileak diren subjektu pasiboek beren urteko aitorpenean sartu beharko dituzte urte naturalean zehar sorrarazitako zenbatekoak, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren 19/1992 Foru Legearen 24. artikuluan jasotako sorrarazpen arau orokorrarekin bat; eragiketa horiek urteko aitorpenean ere sartuko dira, urte naturalean sorrarazitako zenbatekoekin, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren 19/1992 Foru Legearen 108 terdecies artikuluan ezarritakoarekin bat.

Idatz-zati honetako bigarren lerroaldean xedatutakoaren salbuespen gisa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatzekoa zaien eragiketak egiten dituzten subjektu pasiboek, eta Jabetza horizontalari buruzko ekainaren 21eko 49/1960 Legea aplikatzekoa zaien entitateek urteko aitorpenean jarri beharreko informazio guztia eman beharko dute urteko konputuaren oinarriari buruz. Era berean, kutxa-irizpidearen araubide bereziaren barnean sartutako eragiketen hartzaileak diren subjektu pasiboek aurreko lerroaldean aipatutako eragiketei buruzko informazioa eman beharko dute urteko konputuaren oinarriari buruz Nota de Vigencia.

2. urreko idatz-zatian xedatuta dagoena gorabehera, aitortzeko betebeharretik salbuetsita geratzen dira honako eragiketa hauek Nota de Vigencia:

a) Tributudunei faktura egin eta eman beharra sortu ez dieten ondasun emateak eta zerbitzu egiteak, eta, orobat, balio erantsiaren gaineko zergaren nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren araubide berezian, eskuratzaileak egindako ordainagiria sinatu beharra sortu ez dietenak eta jasotzailearen identifikazio-datuak agertzea behar izan ez dutenak Nota de Vigencia.

b) Tributudunaren enpresa edo lanbide jardueraz kanpo egindako eragiketak.

c) Doan egindako ondasun emateak eta zerbitzu egiteak eta horien eskurapenak, balio erantsiaren gaineko zergari lotuta ez daudenak edo hartatik salbuetsita daudenak.

d) Balio erantsiaren gaineko zergatik salbuetsitako ondasun-errentamenduak, pertsona fisikoek edo nortasun juridikorik gabeko entitateek beste edozein enpresa eta lanbide jardueratatik kanpo eginak.

e) Tinbredun efektuen edo postako estanko-efektuen eta frankeo-zeinuen eskurapenak; horretatik salbu daude bildumagai direnak, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 81.1.3.a) artikuluan ezarritako definizioaren arabera.

f) Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 17.3. artikuluan aipatutako gizarte erakunde edo establezimenduek beren jarduera sektorean egindako eragiketak, horien ondasun emateak eta zerbitzu egiteak zergatik salbuetsita badaude, 1.1 artikuluan ezarritakoa galarazi gabe Nota de Vigencia.

g) Salgaien inportazioak eta esportazioak, eta tributudunak Espainiako lurraldetik kanpoko establezimendu iraunkorretatik zuzenean egindako eragiketak, edo halako establezimenduentzat egindakoak. Salbuespena: aitortzailearen egoitza Espainian egotea eta tributudunarekin eragiketa egin duen pertsona edo erakundea Espainiako lurraldean dagoen establezimendu batetik aritzea.

h) Espainiako penintsularen lurraldetik edo Balearretatik Kanarietara, Ceutara edo Melillara, edo alderantziz, egindako bidalketen bidez egindako ondasun emateak eta eskurapenak.

i) Oro har, Nafarroako Zerga Ogasunari aldizka informazioa foru dekretu honetan araututakoa ez den berariazko beste aitorpen batzuen bidez aurkeztu beharra duten beste eragiketa guztiak, baldin eta horien edukia bat badator Nota de Vigencia.

3. 1.2 artikuluan aipatzen diren tributudunek, gainera, pertsona edo entitateren bati edo batzuei (edozein izaeratakoak direla ere) ondasunak edo zerbitzuak eskuratzeko enpresa edo lanbide jardueraz kanpoko eragiketak egin badituzte, eta dagokion urte naturalean pertsona edo entitate haietako bakoitzarekin egindako eragiketa guztien zenbatekoa 3.005,06 euro baino gehiagokoa izan bada, eragiketen urteko aitorpenean pertsona edo entitate horien zerrenda aurkeztu beharko dute, salbuespen hauekin:

a) Salgaiak inportatzea.

b) Espainiako penintsula lurraldetik edo Balearretatik Kanarietara, Ceutara edo Melillara, edo alderantziz, egindako bidalketen bidez egindako ondasun eskuraketak.

c) Artikulu honetako 2. idatz-zatiko e) letran eta i) letran ezarrita daudenak.

Halaber, Kontratu publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 2.2 artikuluan aipatutako administrazio publikoetan sartutako entitateek aipatu aitorpenean jarri beharko dute zein pertsonari edo entitateri ordaindu dizkioten diru-laguntzak, sorospenak eta laguntzak, zenbatekoa gorabehera, galarazi gabe kasu horretan aurreko zenbakiko i) letran aurreikusitako salbuespena aplikatzea Nota de Vigencia.

4. 1.3 artikuluan aipatzen diren tributudunek hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpenean agindu horretan azaltzen diren ordainketak sartu beharko dituzte, baldin eta egotzitako pertsona bakoitzari ordaindutako kopurua 300,51 euro baino gehiago izan bada.

5. Jabetza horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legea aplikatzekoa zaien entitateei dagokienez, 1.1 artikuluan aipatutako aitortzeko betebeharretik kanpo geratuko dira eragiketa hauek Nota de Vigencia:

– Energia elektrikoa eta edozein motatako erregaiak hornitzea erkidegoaren erabilerarako eta kontsumorako badira.

– Ura hornitzea erkidegoaren erabilera eta kontsumorako badira.

– Xedetzat eremu eta elementu komunak aseguratzea duten aseguruen ondoriozkoak.

6. Jabetza horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legea aplikatzekoa zaien entitateei dagokienez, 1.1 artikuluan aipatutako aitortzeko betebeharretik kanpo geratuko dira eragiketa hauek Nota de Vigencia:

– Ura, energia elektrikoa eta erregaiak hornitzea.

– Aseguruen ondoriozkoak.

4. artikulua. Hirugarren pertsonekin egindako eragiketei buruzko urteko aitorpena betetzea.

1. Hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpenean honako datu hauek azalduko dira:

a) Aitortzailearen izen-deiturak edo sozietatearen izena edo izen osoa, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbide fiskala.

b) Izen-abizenak, edo sozietate-izena edo entitatearen izen osoa, bai eta aitorpenean sartutako pertsona edo entitate guztien identifikazio fiskaleko zenbakia ere, edo kasua bada, eragiketa zer enpresabururekin edo profesionalekin egiten den, haren establezimendua kokatzen den estatu kideak hari esleitutako identifikazio fiskaleko zenbakia Balio Erantsiaren gaineko Zergaren ondorioetarako Nota de Vigencia.

c) Aitorpenari dagokion urtean pertsona edo entitate bakoitzarekin egindako eragiketen zenbateko osoa, eurotan adierazita.

d) Bereziki, kasuan kasu alderdi berberen artean egiten diren beste eragiketetatik bereizita agerraraziko dira negozioetarako lokalen errentamenduak. Dena dela, osotasun gisa har daitezke 3.1 artikuluan xedatuta dagoenaren ondorioetarako. Kasu horietan, errentatzaileak errentarien izen-deiturak edo sozietatearen izena edo izen osoa eta identifikazio fiskaleko zenbakia azalduko ditu, eta errentatutako higiezinak kokatzeko beharrezkoak diren katastroko erreferentziak eta datuak ere bai.

e) Aseguru-entitateek beste eragiketa batzuetatik bereizita adierazi beharko dituzte aseguruei buruzko eragiketak. Ondorio horietarako, jasotako prima edo kontraprestazioen zenbatekoa eta haien aseguru-jarduera egitean ordaindutako kalte-ordain edo prestazioena adieraziko dituzte. Bereizita identifikatu arren, pertsona edo entitate bakoitzak egindako eragiketen zenbateko osoan sartuko dira, 3.1 artikuluan xedatuta dagoenaren ondorioetarako.

f) Bidaia-agentziek bereizita adieraziko dituzte inoren kontura eta izenean egiten dituzten bitartekaritza zerbitzuen kontratazioak, hain zuzen ere Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren (apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsitako horren) hirugarren xedapen gehigarrian adierazitako eskakizunak betetzen dituzten horiek Nota de Vigencia.

Halaber, bereizita adieraziko dituzte inoren kontura eta izenean bidaia-agentziak bidaiarien eta haien fardelen garraio zerbitzuetarako egiten dituen bitartekaritza zerbitzuak, aipatu hirugarren xedapen gehigarri horretan xedatuta dagoenaren arabera.

g) Bereizita aitortu beharko dira 1.3 artikuluan xedatuta dagoenaren arabera hainbat eginkizunen artean kobrantzakoak egiten dituzten sozietateek, elkarteek, lanbide elkargoek eta beste entitate batzuek hirugarrenen kontura kobratutako lansari profesionalak edo jabetza intelektualeko edo industrialeko edo egileen lansariak, edo beren bazkide, elkartekide edo elkargoko kideen kontura kobratutakoak.

h) Aitorpenari lotutako pertsona edo entitate bakoitzak eskudirutan jasotako 6.000 eurotik gorako zenbatekoak agerraraziko dira.

i) Alderdi berberen artean kasuan kasu egiten diren beste eragiketatik bereizita agerraraziko dira Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kargapeko entrega diren ondasun higiezinen eskualdaketengatik kontraprestazio gisa jasotzen diren kopuruak.

j) Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatzekoa zaien eragiketak alderdi berdinen artean egiten diren beste jardueretatik bereizita idatziko dira. Eragiketa horiek irizpide hauei jarraikiz kontsignatuko dira Nota de Vigencia:

Sorrarazten diren unean bertan, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko 19/1992 Foru Legearen 24. artikuluan jasotako sorrarazpen arau orokorrarekin bat, eragiketa horiei araubide berezia aplikatu ez balitzaie bezala.

Horien sorrarazpen osoa edo partziala egiten denean, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko 19/1992 Foru Legearen 108 terdecies artikuluan jasotako irizpideekin bat.

k) Subjektu pasiboa eragiketen hartzailea den eragiketen kasuan, alderdi berdinen artean egiten diren beste eragiketetatik bereizita idatziko dira, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko 19/1992 Foru Legearen 31.1.2 artikuluan ezarritakoarekin bat Nota de Vigencia.

l) Alderdi berdinen artean egindako bestelako jardueretatik bereizita idatziko dira, Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsitako eragiketak, aduanez besteko gordailu araubideari lotutako edo araubide horretara lotuak izatera bideratutako ondasunak izateagatik (Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen eranskineko bosgarren idatz-zatia) Nota de Vigencia.

2. Pertsona edo entitate bakoitzarekin egindako eragiketen zenbateko osoa zehazteko, honako irizpide hauei jarraituko zaie:

a) Eragiketak Balio Erantsiaren gaineko Zergari lotuak eta salbuetsi gabeak direnean, kontraprestazioen zenbateko osoa aitortuko da, aipatu zerga horrek egotzitako edo jasandako kuotak eta errekarguak barne direla.

b) Eragiketek konpentsazio bat jasotzeko eskubidea sortu badiote ondasuna eskualdatu edo zerbitzua egin duenari, Balio Erantsiaren gaineko Zergako nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide bereziaren arabera, kontraprestazio osoen zenbatekoa aitortuko da, eta jasotako edo emandako konpentsazioak gehituko dira.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 31. artikuluko 1. zenbakiko 2. idatz-zatiak aipatzen dituen eragiketak direnean, kontraprestazioen zenbateko osoa aitortuko da.

c) Foru dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, kontraprestazioaren zenbateko osotzat joko da, Balio Erantsiaren gaineko Zergako zerga-oinarria zehazteko arauak aplikatzetik sortzen dena. Arau horiek aipatu Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 26., 27. eta 28. artikuluetan agertzen dira. Aplikatuko zaizkie baita Zergari lotu gabeko edo salbuetsitako eragiketei ere, hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpenean sartu behar badira. Hori guztia artikulu honetako 4. zenbakian xedatutakoa eragotzi gabe.

3. Bitartekaritza eragiketetan eta agentzia edo komisiokoetan, agentea edo komisionista beste norbaiten izenean aritzen bada, zerbitzu egite horiei dagozkien kontraprestazioen zenbateko oso banakatuaren aitorpena egin beharko da, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kontzeptuan egotzi edo jasandako kuotak barne direla.

Agentea edo komisionista bere izenean aritzen bada, ondasunak edo zerbitzuak jaso eta eman edo egin berak egin dituela ulertuko da. Horren ondorioz, dagozkion kontraprestazio, kuota eta errekarguen zenbateko osoaren aitorpena egin beharko du.

4. Artikulu honetako 2.c) idatz-zatian ezarrita dagoenaren arabera, eragiketen zenbateko osoa emandako itzulketetatik, deskontuetatik eta hobarietatik eta urte natural berean indarrik gabe geratu diren eragiketetatik garbi deklaratuko da. Halaber, kontuan hartuko dira epe berean izan diren prezio gorabeherak.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatuta dagoenaren arabera foru dekretu honetan araututako aitorpenari dagokion urte naturalean zerga horren zerga-oinarrian aldaketak sorrarazi dituzten kaudimengabeziak egonez gero, eragiketen zenbateko osoan aldaketa horiek kontuan hartuko dira.

5. artikulua. Denboraegozpenerako irizpideak.

1. Urteko aitorpenean azaldu behar diren eragiketak dira tributudunak aitorpenari dagokion urte naturalean egindakoak Nota de Vigencia.

Horren ondorioetarako, eragiketak noiz egin diren erabakitzeko, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 60. artikuluan ezarritakoaren arabera, fakturaren edo ordezko egiaztagiriaren erregistro-idazpena zein epetan egin behar duen, eragiketak ere orduan egin direla ondorioztatuko da Nota de Vigencia.

Nolanahi ere, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatzekoa zaien eragiketak (aurreko artikuluko hirugarren lerroaldeko 1.j) zenbakia) horien sorrarazpen osoa edo partzialari dagokion urte naturalean kontsignatuko dira dagozkien zenbatekoekin, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko 19/1992 Foru Legearen 108 terdecies artikuluan jasotako irizpideekin bat Nota de Vigencia.

2. Foru dekretu honen 4.4 artikuluan aurreikusten diren kasu guztietan, kasu horiek hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpenari dagokion urte naturala ez den batean gertatzen direnean, aldaketa horiek gertatu diren urte naturaleko aitorpenean azaldu beharko dira. Horretarako, pertsona edo entitate berarekin egindako eragiketen zenbateko osoaren aitorpena aldaketa horiek kontuan harturik eginen da.

Orobat, foru dekretu honen 4.4 artikuluan aurreikusitako kasu guztietan, horiek gertatzen badira eragiketa aitortu behar den hiruhileko naturalean ez beste batean, aldaketa horiek gertatu diren hiruhileko naturalari dagokion atalean azaldu beharko dira Nota de Vigencia.

3. Bezeroen aurrerakinak eta hornitzaileei eta beste hartzekodun batzuei emandakoak urteko aitorpenean sartu behar dira. Gero, eragiketa egiten denean, haren guztirako zenbatekoa aitortu beharko da, aurrerakinaren zenbatekoa kenduta, baldin eta kenketaren emaitzako kopurua eta pertsona edo entitate berarekin egindako gainerako eragiketen zenbatekoa batuta 3.1 artikuluan ezarritako muga kuantitatibotik gorakoa bada.

4. Tributudunek, hots, 1.2 artikuluko bigarren paragrafoak aipatzen dituenek emandako diru-laguntza, sorospen edo laguntzak, horiek ordaintzeko agindua luzatzen den egunean eman direla ulertuko da. Ordaintzeko agindurik egon ezean ordainketa egiten denean eman direla ulertuko da.

5. 4.1.h) artikuluan aipatutako eskudirutako kopuruak ezin badira sartu eragiketak egin diren urte naturaleko aitorpenean, aurkeztu ondoren jaso direlako edo 6.000 euroko zenbatekoa gainditu ez delako, tributudunek bereizita sartu beharko dituzte kobrantza gertatu edo 6.000 euroko zenbatekoa gainditu denaren hurrengo urte naturaleko aitorpenean.

Xedapen gehigarri bakarra. Arau aipamenak.

Enpresaburu edo profesionalek hirugarren pertsonekin egindako eragiketei buruz aurkeztu behar duten urteko aitorpena arautzen duen uztailaren 1eko 265/1996 Foru Dekretuari buruz indarra duen antolamendu juridikoan egiten diren aipamenak, aurrerantzean foru dekretu honetan araututako urteko aitorpenari buruzkoak direla ulertuko da.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

1. Indarrik gabe geratzen da uztailaren 1eko 265/1996 Foru Dekretua, enpresaburu edo profesionalek hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpena arautzen duena.

2. Indarrik gabe utzi dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko beste xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena. Kanarietan, Ceutan eta Melillan egindako eragiketak.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legearen 68., 69. eta 70. artikuluetan xedaturikoaren arabera Kanarietan, Ceutan eta Melillan egindako eragiketak, eragiketen urteko aitorpenean azalduko dira foru dekretu honetan xedatu denari jarraikiz. Eragiketa mota honi ez zaio aplikatuko 4.2.c) artikuluan xedatutakoa. Ondorio horietarako, kontraprestazioaren zenbateko osotzat joko da Kanarietako Zeharkako Zerga Orokorrean edo Ceuta eta Melilla hirietako Ekoizpenaren, Zerbitzuen eta Inportazioaren gaineko Zergan zerga-oinarria zehazteko indarreko arauetatik ateratzen dena.

Urteko aitorpenak aurkezteko betebeharretik salbuestearen ondorioetarako, Kanarietan, Ceutan eta Melillan egindako eragiketei ez zaie aplikatuko 2.1.b) artikuluan aurreikusten diren Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubideetako batean sartzearen eskakizuna.

Azken xedapenetako bigarrena. Arauak emateko gaitasuna.

Baimena eman zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru dekretu hau garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan, eta urteko aitorpena ordenagailuan zuzenean irakur daitekeen euskarrian edo bide telematikoen bidez aurkezteko prozedura eta baldintzak ezartzeko ere bai.

Azken xedapenetako hirugarrena. Fakturazio betebeharrak arautzeko Erregelamendua (maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuak onetsi zuena) aldatzea.

Fakturazio betebeharrak arautzeko Erregelamenduari (maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuak onetsi zuen horri) seigarren xedapen gehigarri bat gehituko zaio, eta honela geratuko da idatzita:

“Seigarren xedapen gehigarria.-Energiaren Batzorde Nazionalak araubide bereziko energia elektrikoaren banatzaileen eta ekoizleen edo haien ordezkarien izenean eta haien kontura faktura egitea.

1. Energia elektrikoa araubide berezian ekoizteko jarduera arautzeko maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretuaren 30. artikuluak elektrizitatea araubide berezian ekoizten dutenen prima baliokide, prima, pizgarri eta osagarriei dagokienez Energiaren Batzorde Nazionalari esleitzen dion likidazio eta ordainketa eginkizuna, Batzorde horrek energia elektrikoaren entitate ekoizleen edo haien ordezkarien izenean eta haien kontura egindako fakturen bitartez dokumentatuko da.

Halaber, Energiaren Batzorde Nazionalak fakturak egin beharko ditu energia elektrikoaren banatzaileen izenean eta haien kontura, Batzorde horrek berak maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretuaren 30. artikuluan eta apirilaren 3ko 485/2009 Errege Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarrian aipatzen diren prima baliokide, prima, pizgarri eta osagarriengatik egiten dituen sarrera errekerimenduekin bat etorriz, baldin eta banatzaile horiek ondasun horren kontsumitzaileei kobratu badizkiete.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren fakturetan erregelamendu honen 6.1 artikuluan zerrendatu diren datu guztiak agerrarazi beharko dira, ekoizleen edo haien ordezkarien kontura egindako fakturetako hartzailearen identifikazio-datuak eta banatzaileen kontura egindako fakturetako egilearen identifikazio datuak bazter utzita. Bi kasu horietan, datu horien ordez Energiaren Batzorde Nazionalaren identifikazio-datuak jarriko dira.

Energiaren Batzorde Nazionalak egindako fakturen jatorrizko agiria gorde beharko du eta faktura horien kopia bana banatzaileari eta ekoizleari -edo bidezko bada, haien ordezkariei- bidali.

Energiaren Batzorde Nazionalak gorde behar dituen mota horretako fakturak Zerga Administrazioaren eskura izanen dira preskripzio epeak iraun bitartean, faktura horietan agertzen diren horniduren gainean behar diren egiaztapenak egin ahal izateko.

3. Energiaren Batzorde Nazionalak, hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpenean, energia elektrikoaren ekoizleek, haien ordezkariek eta banatzaileek egiten dituzten eragiketak (xedapen gehigarri honetan ezarrita dagoenaren arabera dokumentatu direnak) zerrendatu beharko ditu. Ekoizle edo ordezkari bakoitzari eta banatzaile bakoitzari buruz aitorpenari dagokion aldian egindako eragiketen zenbateko osoa adierazi beharko da, eta ekoizle edo ordezkari bakoitzari egotzi zaizkion araubide bereziko energia elektrikoaren entregak erosketa gisa agerrarazi beharko dira; eta xedapen gehigarri honetan aipatzen diren prima baliokide, prima, pizgarri eta osagarriei buruz banatzaile bakoitzari jakinarazitako ordainketa-errekerimenduak, berriz, salmenta gisa.

4. Xedapen gehigarri honetan ezarritakoak ez du eragozten Energiaren Batzorde Nazionalak banatzaileei agiria luzatu eta bidaltzea, maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretuaren 30. artikuluan eta apirilaren 3ko 485/2009 Errege Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarrian aipatzen diren prima baliokideei, primei, pizgarriei eta osagarriei dagokienez Balio Erantsiaren gaineko Zerga edo zerga baliokidea sartzearen ondorioz egiten dituen sarrera errekerimenduengatik.

5. Kobratzeko eskubideak eta ordaintzeko betebeharrak, fakturazioaren epealdikoak, energia elektrikoaren entrega bakar bati lotuta egonen dira.

6. Dena dela, eta xedapen gehigarri honetan aipatzen diren eragiketei dagokienez, Energiaren Batzorde Nazionalak laguntza eman behar dio Zerga Administrazioari, eragiketa horien tributu-tratamendu egokirako garrantzia duten datu, txosten edo agiri guztiak emanez.”

Azken xedapenetako laugarrena. Urtarrilaren 26ko 16/2004 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren Erregelamenduaren aldaketa.

Urtarrilaren 26ko 16/2004 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren Erregelamenduaren 33. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatiak aldatzen dira.

"2. Subjektu pasiboek autolikidazio bat aurkezten ahalko dute Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak ezartzen dituen egintza eta negozio juridikoei buruz.

Era berean, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak autolikidazio araubidea aplikatzea nahitaezkoa deneko kasu eta eragiketak zehaztuko ditu.

3. Aurreko idatz-zatian aurreikusita dauden kasuetan, subjektu pasiboek, kontseilari hark onesten dituen ereduetan tributu zorra zehazteko beharrezkoak diren eragiketak egin beharko dituzte, eta zergapeko egintza agerrarazten duen agiri edo aitorpena erantsi beharko dute."

Azken xedapenetako bosgarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko azaroaren 8an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F1018422

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web