(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

60/2010 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 20KOA, NAFARROAKO GIZARTE ARRETAREN ETIKA BATZORDEA ETA SEKTOREETAKO EDO ZENTROETAKO ETIKA BATZORDEAK ARAUTZEN DITUENA Nota de Vigencia.

BON 20/10/2010



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. NAFARROAKO GIZARTE ARRETAREN ETIKA BATZORDEA


  III. KAPITULUA. SEKTOREETAKO EDO ZENTROETAKO ETIKA BATZORDEAK


Atariko

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak, 46. artikuluan, ezartzen du Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordea kontsulta organo bat dela, diziplinartekoa eta independentea, gizarte jardunaren alderdi etikoak identifikatu, aztertu eta ebaluatzeko eta arlo horretan sentsibilizatzeko asmoa duena, pertsonek beren nortasuna, giza duintasuna eta intimitatea inolako bazterkeriarik gabe errespetatua izateko duten eskubidea bermatzeko. Bertan adierazten da, orobat, haren osaera eta eginkizunak erregelamenduz ezarriko direla. Era berean, artikulu horretan ezartzen da sektoreetako edo zentroetako etika batzordeak erregelamenduz arautu behar direla eta Gizarte Arretaren Etika Batzordearen eginkizun berberak izanen dituztela.

Osasun eremuko etika batzordeen esperientziak erakutsi du balio dutela giza eskubideak babesteko eta, erabakiak hartu behar direnean, printzipio eta balio moralak integratzeko. Egia da gizarte zerbitzuen xedeko pertsonen eta/edo taldeen beharrak alderdi batzuetan ez direla osasun arlokoak bezalakoak. Hala ere, egokia dirudi emaitza onak eman dituen esperientzia horretatik abiatzea eta gizarte zerbitzuen sistemara egokitzea, horren kalitatea hobetzeko asmoz.

Etika gizarte zerbitzuetan aplikatzearen helburua da zerbitzu horien prozedura eta programetan arreta egokia ematea eta dauden baliabideak eta prestazioak zuzen banatzea. Etika orientatuko da laguntza emateko eskubidea bermatzera eta, orobat, pertsona erabiltzaileen autonomia lortzera, zerbitzuen parte-hartzean eta kudeaketan eragile aktiboak diren aldetik.

Hortaz, gizarte zerbitzuetako etika batzordeen asmoa da inplikatuta dauden pertsona guztiei (profesionalak, erabiltzaileak, erabiltzaileen familiakoak edo legezko ordezkariak, erakundeak, entitateak eta beste gizarte eragile batzuk) aholku etikoak emateko tresna izatea, helburu horiek lortzeko erabakiak hartu behar direnean.

Horregatik, foru dekretu honek Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordearen osaera eta funtzionamendua arautzen ditu, baita sektoreetako edo zentroetako etika batzordeen ezarpena ere.

Horrenbestez, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren adostasunarekin, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko irailaren 20ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordea arautzea, baita sektoreetako edo zentroetako etika batzordeak ere, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.

2. artikulua. Jarduketa eremua.

1. Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordearen jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzu guztiek osatzen dute.

2. Sektoreetako etika batzordeen jarduketa eremuak gizarte zerbitzuen arlo bat edo jarduketa arlo zehatz bat hartuko du, eta zentroetako etika batzordeen jarduketa eremuak, berriz, zerbitzu bat, zentro bat edo zentro multzo bat, azkeneko kasu horretan entitate berak kudeatzen baditu.

3. Oro har, kontsulta jarduketa arlo jakin bateko edo zentro jakin bateko gai bati buruzkoa baldin bada, sektore edo zentro horretako etika batzordean aztertuko da.

Aztergaiak zentroko edo sektoreko etika batzordearen jarduketa eremua gainditzen badu, hura eratu gabe baldin badago, edo arrazoi bidez erabakitzen badu auzia gorago eramatea bere jarduteko gaitasuna gainditzen duelako edo kontsultaren gainean aholku emateko behar den objektibotasuna ez duelako, kontsultak Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordera eramanen dira.

3. artikulua. Legitimazioa Nota de Vigencia.

Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordearen edo sektoreetako edo zentroetako etika batzordeen jardunaren sustatzaile honako hauek izan daitezke: gizarte zerbitzuen erabiltzaileak, erabiltzaileen familiak edo legezko ordezkariak, gizarte zerbitzuetako profesionalak eta gizarte zerbitzuetako zentro, zerbitzu eta erakundeetako zuzendaritzaren eta kudeaketaren arduradunak.

Hori hala izanik ere, Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordean edo sektore edo zentro bateko etika batzordean aztertu diren gaien errepikapen hutsa diren gaiak ez dira berriz jorratuko batzorde berean, ez badute bederen batzordekide horiek uste aldatu behar direla, aurrekoa eman zenetik gaur egun arte egoera asko aldatu delako. Kasu horretan egoera horiek zein diren adierazi beharko dira. Hala ez bada, behar den batzordeak aurretik emandako txostena igorriko du.

4. artikulua. Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordearen eta sektoreetako edo zentroetako etika batzordeen txostenak.

1. Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordearen eta sektoreetako edo zentroetako etika batzordeen txostenak eta aholkuak idatziz emanen dira beti, eta haien kopia bat batzordeak jardutea eskatu duenari igorriko zaio zuzenean.

2. Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordearen eta sektoreetako eta zentroetako etika batzordeen txostenak eta aholkuak ez dira lotzaileak izanen.

II. KAPITULUA. NAFARROAKO GIZARTE ARRETAREN ETIKA BATZORDEA

5. artikulua. Definizioa.

Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordea kontsulta organo bat da, diziplinartekoa eta independentea, eta helburu du zerbitzuetako, zentroetako eta erakundeetako langileak sentsibilizatzea egiten duten lanak duen garrantzi etikoari buruz, eta bermatzea arreta ematean ez dela urratzen pertsonek, inongo bazterkeriarik gabe, beren nortasuna, duintasuna eta intimitatea errespetatua izateko duten eskubidea. Haren helburua da, halaber, jardun sozialaren alderdi etikoak identifikatzea, aztertzea eta ebaluatzea, eta sektoreetako edo zentroetako etika batzordeei laguntzea haiek eskatzen dituzten gaietan.

6. artikulua. Osaera Nota de Vigencia.

1. Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordea zazpi kidek osatuko dute, gutxienez. Horietatik lauk 120 orduko edo gehiagoko esperientzia eta prestakuntza eduki beharko dute etikan. Batzordekideak honela banatuko dira:

a) Gizarte zerbitzuetako, hezkuntzako eta osasunaren arloko hiru profesional, erabiltzaileei sektore publikoan arreta emateko zerbitzuei lotuak.

b) Entzute handiko hiru profesional, bi laguntza emateko arloan aritzen direnak, eta bestea beste arlo batekoa.

c) Zuzenbideko lizentziadun bat, gizarte zerbitzuen gaineko legedia eta zerbitzu horien erabiltzaileen eskubideak eta eginbeharrak ongi ezagutzen dituena.

2. Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordeak edo gizarte zerbitzuen gaian eskumena duen departamentuko titularrak Nafarroako Gobernuari proposatzen ahalko diote batzordekideen kopurua handitzea (gehienez ere, 14ra arte). Hartara, bermatu beharko da une oro batzordekide gehienek 120 orduko edo gehiagoko esperientzia eta prestakuntza izanen dutela etikan eta gainerako batzordekideei aukera emanen zaie izendatu eta urtebeteko epean, eskuratzeko prestakuntza eta esperientzia hori. Izendapen osagarri horietan kontuan izan beharko da izendatutakoek aurreko apartatuan adierazitako profil profesionaletako baten bat izan beharko dutela edo batzordeak eta departamentuak elkarrekin adostutako besteren bat, esaterako filosofia, soziologia, antropologia...

Batzordekide osagarriak izendatzeko prozedura hurrengo artikuluan ezarritakoa izanen da.

3. Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordeak aholkulari teknikoen laguntza eskatzen ahalko du, haien ezagutzak edo esperientzia direla-eta batzordearen eginkizunak hobeki betetzeko beharrezkoak badira. Haien parte-hartzea noizbehinkakoa eta batzordeak eskatuta izanen da eta, zer gai zehatzetarako eskatzen zaien aholkularitza, horietara mugatuko da.

4. Nafarroako Gobernuak zuzenean izendatutako zuzendaritza karguetan edo Gobernuaren menpeko entitate edo enpresetako zuzendaritza karguetan ari direnak ezin dira Nafarroako Gizarte Arretaren Batzorde Etikoko kide izan.

Kargu horiek utzi ondoren ere, ezin izanen dute parte hartu, bateraezintasunak arautzeko kasuan kasuko araudian ezarritakoari jarraikiz.

5. Gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuak 7.2 artikuluaren 4. paragrafoan aurreikusitako egoeretan, izendapenak egiteko garaian, kontuan hartuko du batzordean zenbat emakume dauden, batzordeko kideen %60 gutxienez emakumeak izanen direla bermatzeko, edo kopuru horretara ahalik eta gehien hurbiltzeko.

7. artikulua. Kideen izendapena.

1. Nafarroako Gizarte Arretaren Batzorde Etikoko kideen izendapenak gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko titularrak eginen ditu, gizarte zerbitzuen erabiltzaileei arreta emateko profesionalen erakundeek proposatuta.

2. Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuak proposamen horiek aurkezteko epe bat ezarriko du.

Epe hori amaituta, 6.1 artikuluko a), b) eta c) idatz-zatietan adierazitako talde bakoitzerako proposatutako izangaien kopurua talde horietako bakoitzerako aurreikusita dagoen kide kopurua bezalakoa baldin bada, izangaiak zuzenean izendatuko dira.

Talderen baterako proposatutako izangaien kopurua 6.1 artikuluan harentzat aurreikusitakoa baino handiagoa baldin bada, gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko titularrak eguna eta orduak ezarriko ditu, hiru aldiz gehienez, proposamena egin duten erakundeek batzordekideak aukera ditzaten aurkeztutako izangaien artetik.

Ezarritako epea amaituta izangai aski proposatu ez badira, gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko titularrak libreki izendatuko ditu Batzordeko kideak, 6.1) artikuluan eskatutako betebehar tekniko eta profesionalak kontuan harturik.

3. Batzordekideak izendatu ondoren, batzordeko burua, buruordea eta idazkaria hautatuko dituzte beren artetik. Hautatua izateko, botoen gehiengo soila behar da.

4. Batzordeko kideen izendapena hiru urterako izanen da, eta beste horrenbeste denborarako berritzen ahalko da. Kideak ezin izanen dira 9 urte baino gehiago aritu karguan.

8. artikulua. Atxikipen organikoa.

1. Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordea, organikoki, gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuari atxikita egonen da, nahiz eta bere jarduera guztietan erabateko autonomia izanen duen, izan ere, ez hierarkikoki, ezta eginkizunetarako ere, ez dago Nafarroako Gobernuaren inolako organoren menpe.

9. artikulua. Partehartzea.

Erabiltzaileek, haien familiakoek edo legezko ordezkariek, profesionalek eta sektore edo zentro bateko etika batzordeak Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordean izanen duten parte-hartzea batzordeko Idazkaritzaren bidez bideratu behar da.

10. artikulua. Eginkizunak Nota de Vigencia.

1. Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Esku-hartzearen egokitasunari buruzko kontsultak jaso eta irizpena ematea, gizarte arretan espero diren onuren inguruan.

b) Txostenak eta gomendioak ematea, kasu jakin batzuen gaineko aholkua eskatzen zaionean.

c) Profesionalen, erabiltzaileen eta erakundeen artean gatazka etikoak sortzen direnean, erabakiak hartzeko txostenak eta/edo gomendioak ematea.

d) Gatazka etikoak sortzen direnean, jarduteko protokoloak proposatzea.

e) Gizarte arretarekin zerikusia duten etika gaiei buruzko irakaskuntza eta ikerketa lanak egitea.

f) Bere barne araudia prestatu eta onestea.

g) Jardueren urteko memoria prestatzea, gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiari igorri beharko zaiona.

h) Arreta ematean, gizarte arloko esku-hartzeen kalitatea hobetzeko asmoa duen etika bultzatzea gizartean.

2. Ez da, inola ere, Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordearen eginkizun izanen prozeduraren alderdi tekniko edo juridikoen gaineko erreklamazio edo salaketei buruzko adierazpenak edo peritazioak egitea, ez eta aztergai jartzen zaizkion gaietan inplikaturiko profesionalen balizko erantzukizunen gaineko iritziak ematea ere.

3. Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordeari esleitutako eginkizunak erabiliko dira deusetan galarazi gabe, profesionalen etikaren eta deontologiaren arloan, kasuan kasuko lanbide elkargoari dagozkion eskumenak.

4. Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordeak bere eginkizunak betetzean, genero ikuspegia txertatuko du beharrezkoa denean, eta datuak sexuaren arabera bereiziko ditu egiten dituen txostenak pertsonei buruzkoak direnean, haiei buruzko datu zehatzak baditu.

11. artikulua. Funtzionamendua.

1. Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordeak barne araudi bat izan beharko du, deialdiak eta bilerak egiteko ohiko araubideaz gainera, presako araubide berezia ere zehaztuko duena, presakotzat hartzen diren kasuetarako. Erantzuteko gehieneko denbora ere finkatuko da. Prozedura horiek gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuaren web orrian argitaratuko dira, Nafarroako Gobernuaren Internet atarian (www.navarra.es).

2. Batzordea urtean lau aldiz elkartuko da gutxienez deialdi arrunta eginda.

3. Batzordearen erabakiak aho batez hartuko dituzte bertaratzen direnek, eta hori ezinezkoa baldin bada, bertaratzen diren kideen bi herenek onartuta gutxienez. Aho batez onartzerik ez badago, egoera hori azalduko da batzordearen txosten eta gomendioetan, eta proposatutako gaiaren gainean emandako iritzi guztiak eta horiek oinarritzeko arrazoiak jasoko dira.

4. Batzordeko kideek eta aholkulariek konfidentzialtasunaren printzipioa errespetatuko dute jasotako dokumentazioaren gainean eta ezagutzen duten informazioaren gainean. Era berean, beren deliberoen sekretua gordeko da.

5. Batzordearen bilera bakoitzaren akta eginen da, non bertaratu diren kideak zehaztuko diren.

6. Foru dekretu honetan aurreikusita ez dagoen orotan, Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordearen funtzionamendua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluan kide anitzeko organoentzat xedatutakoaren araberakoa izanen da.

12. artikulua. Batzordekideak.

1. Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordeko kideek ez dute inolako ordainsaririk jasoko, ez zuzenean, ezta zeharka ere.

2. Nafarroako Gizarte Arretaren Batzorde Etikoko kideak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enplegatu publikoak badira, haien lantokiko zuzendaritza karguetan aritzen diren pertsonek behar duten denbora emanen diete izendapenaren ondoriozko lanak egiteko eta bileretara joateko, eginkizun hori beren lanpostuaren berezko jarduerarekin bateragarria izan dadin, eta beharrezkoa izanez gero, eginkizunak gutxituko dizkiete.

III. KAPITULUA. SEKTOREETAKO EDO ZENTROETAKO ETIKA BATZORDEAK

13. artikulua. Definizioa.

Sektoreetako edo zentroetako etika batzordeak aholku organoak dira, diziplinartekoak eta independenteak, gizarte zerbitzuetako zentroen, zerbitzuen eta erakundeen erabiltzaileei arreta ematearen ondoriozko edo haietan egiten diren irakaskuntza jardueren ondoriozko auzi etiko, metodologiko edo juridikoetarako alternatibak proposatu eta aholku emateko ardura dutenak.

14. artikulua. Sorrera.

Sektoreetako edo zentroetako etika batzordeak borondatez sortuko dira, esku hartu behar dueneko zentroko edo zentroetako organo eskudunek hala erabakita.

15. artikulua. Egiaztapena.

1. Sektoreetako edo zentroetako etika batzordeak gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuak egiaztatu beharko ditu. Departamentu horrek, gainera, batzorde bakoitzaren eremu geografiko eta instituzionala finkatuko du.

2. Sektoreetako edo zentroetako etika batzordeen egiaztapena gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez eginen da.

3. Foru agindu hori eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez. Epe hori foru agindua eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, egiaztapena eman dela ulertuko da.

16. artikulua. Egiaztapena lortzeko betebeharrak.

1. Egiaztatuak izateko, sektoreetako edo zentroetako etika batzordeek justifikatu beharko dute foru dekretu honetan ezarritako betebeharrak betetzen dituztela eta, sortuz geroztik, lanean urtebete edo gehiago daramatela.

2. Sektoreetako edo zentroetako batzorde etikoak egiaztatzeko, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Egiaztatzeko eskaera, zentroko, zerbitzuko edo erakundeko arduradunak sinatua. Jarduketa eremuak zentro bat baino gehiago hartzen baditu, egiaztatzeko eskaeran adierazi beharko da zehazki zein zentrori, zerbitzuri edo erakunderi atxiki zaion egitura organikoan.

b) Batzordea sortzeko erabakia eta benetan eratu zeneko eguna.

c) Egindako jardueren memoria. Batzordeak dituen baliabideen eta langileen zerrenda erantsiko zaio.

d) Batzordeko kide guztien curriculum vitae-a, bereziki aipatuz etika arloan duten interesa, ezagutza eta esperientzia.

e) Barne araudia.

17. artikulua. Osaera.

1. Sektoreetako edo zentroetako etika batzordeak gutxienez bost pertsonak osatuko dituzte. Horietatik hiruk 120 orduko edo gehiagoko prestakuntza eta esperientzia izan beharko dute etika arloan. Batzordekideen artean honako hauek egon beharko dira:

a) Gizarte zerbitzuen arloan erabiltzaile diren pertsonekin laguntza harremana duten lanpostuetan aritzen diren profesionalak. Horrelakoak batzordekideen erdiak izanen dira gutxienez.

b) Laguntzakoak ez diren lanpostuetan aritzen diren profesionalak, etika arloan esperientzia dutenak. Horietako batek zuzenbideko lizentziaduna izan behar du.

2. Sektoreetako edo zentroetako etika batzordeek aholkulari teknikoen laguntza eskatzen ahalko dute, haien ezagutzak edo esperientzia direla-eta batzordearen eginkizunak hobeki betetzeko beharrezkoak badira. Haien parte-hartzea noizbehinkakoa eta batzordeak eskatuta izanen da eta, zer gai zehatzetarako eskatzen zaien aholkularitza, horietara mugatuko da.

3. Zentro, zerbitzu edo erakunde batean zuzendaritza karguren bat dutenak ezin izanen dira sektore edo zentro horretako etika batzordeko kide izan.

18. artikulua. Kideen izendapena.

1. Sektore edo zentro bateko etika batzordeko lehenengo kideen izendapena dagokion zentro, zerbitzu edo erakundeko zuzendaritza bere gain duen pertsonak eginen du, hango parte hartzeko organoek proposatuta.

2. Batzordekideak izendatu ondoren, batzordeko burua, buruordea eta idazkaria hautatuko dituzte beren artetik. Hautatua izateko, botoen gehiengo soila behar da.

3. Batzorde bakoitzeko kideen gainerako izendapenak sektoreko edo zentroko etika batzordeak berak eginen ditu. Izendapenak agiri bidez egiaztatuko ditu zentroko, zerbitzuko edo erakundeko zuzendaritza bere gain duen pertsonak.

4. Batzordeko kideen izendapena hiru urterako izanen da, eta beste horrenbeste denborarako berritzen ahalko da. Kideak ezin izanen dira 9 urte baino gehiago aritu batzordean.

19. artikulua. Eginkizunak.

1. Sektoreetako edo zentroetako etika batzordeek eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Esku-hartzearen egokitasunari buruzko kontsultak jaso eta irizpena ematea, gizarte arretan espero diren onuren inguruan.

b) Txostenak eta gomendioak ematea, kasu jakin batzuen gaineko aholkua eskatzen zaionean.

c) Profesionalen, erabiltzaileen eta erakundeen artean gatazka etikoak sortzen direnean, erabakiak hartzeko aholku ematea.

d) Gatazka etikoak sortzen diren egoeretan jarduteko protokoloak proposatzea.

e) Bere barne araudia prestatu eta onestea.

f) Urteko jardueren memoria prestatzea, gero Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordeari igorriko zaiona.

2. Ez da, inola ere, sektoreetako edo zentroetako etika batzordeen eginkizun izanen esku-hartze sozialaren prozeduraren alderdi teknikoen gaineko erreklamazio edo salaketei buruzko adierazpenak edo peritazioak egitea, ez eta aztergai jartzen zaizkien gaietan inplikaturiko profesionalen balizko erantzukizunen gaineko iritziak ematea ere.

3. Sektoreetako eta zentroetako etika batzordeei esleitutako eginkizunak erabiliko dira deusetan galarazi gabe, profesionalen etikaren eta deontologiaren arloan, kasuan kasuko lanbide elkargoari dagozkion eskumenak.

20. artikulua. Funtzionamendua.

1. Sektoreetako edo zentroetako etika batzordeak, organikoki, zentro, zerbitzu edo erakundearen arduradunaren menpe izanen dira, nahiz eta erabateko autonomia izanen duten beren jarduketa guztietan, eginkizunen ondorioetarako ez baitaude inongo organoren menpe.

2. Sektoreetako edo zentroetako batzordeek barne araudi bat izan beharko dute, deialdiak eta bilerak egiteko ohiko araubideaz gainera, presako araubide berezia ere zehaztuko duena, presakotzat hartzen diren kasuetarako. Erantzuteko gehieneko denbora ere finkatuko da. Prozedura horiek gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuaren web orrian argitaratuko dira, Nafarroako Gobernuaren Internet atarian (www.navarra.es).

3. Sektoreetako edo zentroetako etika batzordeak urtean lau aldiz bildu beharko dira, ohiko deialdia eginda.

4. Etika Batzordearen erabakiak aho batez hartuko dituzte bertaratzen direnek, eta hori ezinezkoa baldin bada, bertaratzen diren kideen bi herenek onartuta gutxienez. Aho batez onartzerik ez badago, egoera hori azalduko da batzordearen txosten eta gomendioetan, eta proposatutako gaiaren gainean emandako iritzi guztiak eta horiek oinarritzeko arrazoiak jasoko dira.

5. Batzordeko kideek eta aholkulariek konfidentzialtasunaren printzipioa errespetatuko dute jasotako dokumentazioaren gainean eta ezagutzen duten informazioaren gainean. Era berean, beren deliberoen sekretua gordeko da.

6. Batzordearen bilera bakoitzaren akta eginen da.

7. Foru dekretu honetan aurreikusita ez dagoen orotan, sektoreetako edo zentroetako etika batzordeen funtzionamendua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluan kide anitzeko organoentzat xedatutakoaren araberakoa izanen da.

21. artikulua. Ordainsaria.

Sektoreeetako edo zentroetako etika batzordeko kideek ez dute inolako ordainsaririk jasoko, ez zuzenean, ez zeharka ere.

22. artikulua. Partehartzea.

Erabiltzaileek, haien familiakoek edo legezko ordezkariek sektoreetako edo zentroetako etika batzordeetan izanen duten parte-hartzea kasuko zentro, zerbitzu edo erakundeen bidez edo dagokion batzordeko Idazkaritzaren bidez bideratu behar da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Xedapen iragankor bakarra. Sortuta dauden etika batzordeak.

Foru dekretu honek indarra hartu aurretik lanean ari diren sektoreetako edo zentroetako etika batzordeek egiaztapena lortuko dute kasuko zentro, zerbitzu edo erakundeko zuzendaritza bere gain duen pertsonak batzordearen sorrerari buruz luzatutako ziurtagiria aurkeztuz. Batzordeek urtebeteko epea izanen dute foru dekretu honetan xedatutako guztiari egokitzeko, bestela, emandako egiaztapena galduko baitute.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena. Arauak emateko gaitasuna.

Ahalmena ematen zaio Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko irailaren 20an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F1015526

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web