(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

55/2010 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 13KOA, NAFARROAKO FORUZAINGOKO FUNTZIONARIOEN JARDUERAN LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIORAKO ARAUAK EZARTZEN DITUENA.

BON 08/10/2010



  I. KAPITULUA. XEDEA ETA APLIKAZIO EREMUA


  II. KAPITULUA. ARRISKUEN PREBENTZIOA ETA OSASUNAREN ZAINTZA


  III. KAPITULUA. POLIZIA FUNTZIONARIOEN PARTEHARTZEA ETA ORDEZKARITZA


  IV. KAPITULUA. PREBENTZIO ZERBITZUA


  V. KAPITULUA. PREBENTZIO SISTEMA KONTROLATZEKO BALIABIDEAK


Zioen azalpena

Espainiako Konstituzioak, 40 artikuluan, politika sozial eta ekonomikoa zuzentzen duten printzipioen artean, laneko segurtasuna eta higienea begiratzeko agintzen die botere publikoei.

Kontseiluaren 1989ko ekainaren 12ko 89/391/EEE Zuzentarauak, langileen laneko segurtasuna eta osasuna hobetzea sustatzeko neurriak aplikatzeari buruzkoak, 2. artikuluan adierazten du bere aplikazio esparruaren barruan jarduera publiko edo pribatuetako sektore guztiak daudela, salbu eta funtzio publikoaren berariazko jarduera batzuei lotutako ezaugarri bereziak, konparazio batera, indar armatuenak edo poliziarenak, edo babes zibileko zerbitzuen jarduera operatibo berezi batzuetakoak, araua aplikatzea ezinezkoa denean argi eta garbi. Dena dela, arau berean adierazten da kasu horietan begiratu beharko dela langileen segurtasuna eta osasuna ahal den neurrian bermatuta izatea, hori guztia Europar Batasuneko arau horrek dituen helburuak kontuan harturik.

Europar Batasuneko araudi hori Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen bidez txertatu zen gure antolamendu juridikoan. Lege hori aldarrikatu zen laneko segurtasuna eta osasuna sustatzeko, hala Langileen Estatutuan araututako lan harremanen esparruan, nola administrazio publikoen zerbitzuko langile zibilen administrazio edo estatutupeko lan harremanetan. Legean berariaz ezartzen da zenbait funtzio publikoren esparruan ez dela aplikatuko, beren ezaugarriak kontuan harturik ezinezkoa baldin bada. Jarduera horien artean polizia eta segurtasun lanak aipatzen dira berariaz. Dena dela, ezartzen da, orobat, jarduera horietan aritzen diren langileen segurtasunaren eta osasunaren babesa arautzeko emanen den arau berariazkoak lege horren abiaburu berberak izanen dituela.

Argi dago Foruzaingoko funtzionarioen lan jardunaren eginkizun gehienak legearen salbuespenetan sartzen direla, aurreko lerroaldean aipatu denaren arabera. Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi ez dela neurririk hartu behar polizia kidego horretako funtzionarioak babesteko eta haien osasuna zaintzeko. Aitzitik, dagozkien eginkizunen izaera eta erabili behar dituzten baliabideak eta haien estatutu araubidearen ezaugarriak kontuan harturik, beharrezkoa da hori guztia aintzat hartzen duen araudi berezi bat.

Horrekin guztiarekin bat, foru dekretu honek arau esparru bat ezartzen du Foruzaingoko funtzionarioen laneko osasunari eta segurtasunari buruzko alderdiak finkatzeko, beren eginkizunetan ari direnerako betiere. Horrela, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen aginduetatik abiatuta, prebentzio lanetan eta zaintzako organoan funtzionarioek izanen duten ordezkaritza eta parte-hartzea antolatzen dira, administrazio publikoen eredu orokorrari jarraikiz, baina Foruzaingoaren eta, oro har, polizia lanaren ezaugarrietara egokituta.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2010eko irailaren 13ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDEA ETA APLIKAZIO EREMUA

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da behar diren neurriak hartzea Foruzaingoko funtzionarioen laneko segurtasuna eta osasuna sustatzeko, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean dauden printzipio eta irizpideak aplikatuz, baina haien antolakunde bereziaren eta esleiturik dituzten ezaugarri berezien arabera egokituta.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Foru dekretu hau Foruzaingoko funtzionario guztiei aplikatuko zaie, zein arlotan, dibisiotan, brigadatan edo taldetan aritzen diren alde batera utzita.

2. Aurrekoa hala izanik ere, foru dekretu honen aplikazio eremuan sartutako langileen eginkizunei, poliziako, segurtasuneko edo babes zibileko zerbitzu operatiboetako lanen ezaugarri esklusiboak ez badituzte, laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudi orokorra aplikatuko zaie, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat eta haren erakunde autonomoentzat ezarritako ezaugarriekin. Langileei informazioa emateko eskubideari, ordezkaritza organoei, parte hartzeko bideei eta prebentzioari, segurtasunari eta osasunaren zaintzari dagokienez, berriz, foru dekretu honetako arauak aplikatuko dira.

II. KAPITULUA. ARRISKUEN PREBENTZIOA ETA OSASUNAREN ZAINTZA

3. artikulua. Laneko arriskuen aurka babesteko eskubidea.

1. Foruzaingoko funtzionarioek laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan babes eraginkorra izateko eskubidea dute. Eskubide horren barrenean hauek sartzen dira: arlo horietan informazioa jasotzeko eskubidea, prebentzio arloan prestakuntza jasotzekoa, beren lanpostuak edo beren eginkizunak dituen berariazko arrisku guztien prebentzioan parte hartu eta horren gaineko proposamenak egitekoa eta arrisku horiei aplikatu beharreko babes eta prebentzio neurriak hartzekoa. Horiez gainera, funtzionario horiek eskubidea izanen dute aldian behin beren osasuna zaintzeko, eta hori egiten duten jarduerari atxikita egonen da, deusetan galarazi gabe poliziako funtzionarioek arrisku larriko egoeretan, hondamendietan eta larrialdi sozialeko egoeretan beren gain hartu behar dituzten arrisku berariazkoak, hori guztia foru dekretu honetan ezarritakoari jarraikiz.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak behar diren neurriak hartuko ditu Foruzaingoko funtzionarioen segurtasuna eta osasuna bermatzeko beren lanbide jarduerei lotutako alderdi guztietan, polizia lanak dituen berezitasunak aintzat hartuz.

4. artikulua. Prebentzio lanaren printzipioak.

Polizia lanaren eremuan segurtasuna eta osasuna sustatzeko hartu beharreko neurriak printzipio hauetan oinarrituko dira:

a) Arriskuak saihestea.

b) Saihesteko oso zailak edo ezinezkoak diren arriskuak ebaluatzea.

c) Arriskuei jatorrian aurre egitea.

d) Lana funtzionarioari egokitzea, bereziki lanlekuen ikuskerari dagokionez, baita ekipoen aukeraketari dagokionez ere, lanak osasunean izan dezakeen eragin kaltegarria murrizteko.

e) Teknikaren bilakaera kontuan hartzea.

f) Babes kolektiboa norbanakoaren babesaren aurretik jartzea.

g) Funtzionarioek laneko segurtasunaren eta osasunaren arloetan duten interesa sustatzea, prestakuntzarako eta informaziorako baliabide egokien bitartez.

h) Laneko baliabide eta ekipo egokienak aukeratzea, teknikaren bilakaera kontuan harturik. Horretarako, egiten dituzten zerbitzuen nolakoa eta ezaugarriak kontuan hartuz posible den guztietan, arrisku handiena dutenen ordez arrisku txikia edo arriskurik bat ere ez dutenak aukeratuko dira.

i) Laneko metodo eta prozedura orokorretan, ahal den guztietan, hala nola berariazko zerbitzuen gailuetan, aurreikuspen egokienak egitea, funtzionarioen segurtasuna eta osasuna zaintzeko.

j) Funtzionarioei behar diren jarraibideak ematea.

5. artikulua. Laneko arriskuen prebentzioa txertatzea, arriskuen ebaluazioa eta prebentzio lanaren plangintza.

1. Laneko arriskuen prebentzioa Foruzaingoko funtzionarioen jarduera kudeatzeko sistema orokorrean txertatu behar da, administrazio orokorraren esparruari dagokion laneko arriskuen prebentzio plana ezarri eta aplikatuz. Planean arriskuen prebentzio lana egiteko behar diren alderdi guztiak jaso dira.

2. Foruzaingoko funtzionarioen arriskuen hasiera bateko ebaluazioa, baita laneko arriskuen hasierako ebaluazioaren edo ondorengoen berrikuspena eta eguneratzea ere, oro har, jardueraren izaera eta lanpostuen eta hango funtzionarioen ezaugarriak kontuan hartuz egin beharko dira, baina zentzuz jokatuz betiere, polizia lanean eta konfidentzialtasuna eta segurtasuna bermatzeko beharrezkoa delako. Ebaluazioa egin beharko da, orobat, laneko ekipoak, substantziak edo prestakin kimikoak aukeratzen direnean eta lantokiak egokitzen direnean.

3. Beharrezkoa denean, eta betiere osasunarentzat egoera kaltegarriak gertatzen direnean, aurretik aztertuta ez dauden arrisku berriak sor ditzaketen lan ekipoak sartzen direnean eta behar diren babes neurriak egokiak ez direla nabari denean, laneko arriskuen hasierako ebaluazioa edo ondokoak berrikusi eta eguneratuko dira.

4. Ebaluazioaren emaitzek agerian uzten badute arrisku egoerak daudela, arrisku horiek desagerrarazi, murriztu edo kontrolatzeko behar diren prebentzio lanak eginen dira. Prebentzio lan horiek Barne Zuzendaritza Nagusiak eta Foruzaingoko Burutzak planifikatuko dituzte, plangitzan sartzen diren prebentzio lanak modu eraginkorrean egiten direla bermatzeko. Horretarako, plangintzaren etengabeko jarraipena eginen da.

6. artikulua. Laneko ekipoak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak behar diren neurriak hartuko ditu laneko ekipoak aurreikusita dauden eginkizunetarako egokiak izan daitezen eta, horrez gainera, erabiltzen dituzten funtzionarioen eta langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko modukoak. Bakoitzaren araudi berariazkoaren araberakoak izanen dira eta baliabide horiek erabiltzeko aholku tekniko-zientifikoak kontuan hartuko dira, horrelakorik baldin badago.

2. Ekipo bakoitza erabiltzeko informazio euskarri eta gidaliburuez gainera, erabiltzeko zailak badira edo kualifikazio berezia behar badute, behar den prestakuntza emanen zaie haiek erabiltzeko ardura dutenei.

3. Behar diren neurriak hartuko dira material arriskutsua, bakar-bakarrik, pertsona baimenduek maneia eta erabil dezaten, eta horren kontrol egokia eginen da, baita erabileran gertatutako gorabeherena ere.

4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak beren eginkizunak egoki betetzeko behar dituzten norberaren babeserako ekipoak emanen dizkie Foruzaingoko funtzionarioei eta ekipo horiek ongi eta zuzen erabiltzen direla begiratuko du.

7. artikulua. Funtzionarioen informazioa, kontsulta eta partehartzea.

1. Barne Zuzendaritza Nagusiak behar diren neurriak hartuko ditu Foruzaingoko funtzionarioek gai hauei buruzko informazioa jaso dezaten:

a) Laneko segurtasunerako eta osasunerako arriskuak, kontuan hartuz egin behar duten lanaren izaera.

b) Aurreko lerroaldean azaldutako arriskuak direla eta, prebentziorako eta babeserako hartu diren neurriak eta jarduerak.

c) 9. artikuluan adierazitako larrialdi kasuetarako hartutako neurriak.

2. Aurreko idatz-zatietan adierazitako informazioa zuzenean emanen zaie funtzionarioei, edo foru dekretu honen III. kapituluan aipatzen diren ordezkarien bidez.

3. Barne Zuzendaritza Nagusiak Foruzaingoko Segurtasun eta Osasun Batzordera eramanen ditu garatu nahi dituen plan eta programa orokorrak, hala nola polizia funtzionarioen laneko segurtasunean eta osasunean eragina izan dezaketen arloetan onetsi nahi dituen arauzko xedapenak.

4. Foruzaingoko funtzionarioek egoki iruditzen zaizkien proposamenak egiten ahalko dituzte segurtasunaren eta osasunaren babes maila hobetzeko, dela zuzenean, egitura organikoan gorago dituzten nagusien bitartez, dela III. kapituluan ezarritako ordezkaritza bideak erabiliz.

8. artikulua. Funtzionarioen prestakuntza.

1. Barne Zuzendaritza Nagusiak, Segurtasun Eskolaren bidez, bermatu beharko du ezen, Foruzaingoan sartzeko prestakuntza prozesuetan, beste enplegu batzuetara igotzeko trebakuntza ikastaroetan eta hala ezarrita duten lanpostuetan aritzeko aginduzko espezializazio ikastaroetan, funtzionario bakoitzak prestakuntza teoriko eta praktiko aski eta egokia jasotzen duela laneko arriskuen prebentzioari buruz.

2. Prestakuntza emanen da, orobat, laneko ekipoak aldatzen direnean edo teknologia berriak sartzen direnean.

9. artikulua. Larrialdietako neurriak.

1. Barne Zuzendaritza Nagusiak eta Foruzaingoko Burutzak, beren eraikin eta instalazioetan egiten den polizia lana zenbatekoa eta nolakoa den ikusita, litezkeen larrialdiko egoerak aztertuko dituzte, eta horrelakoetan behar diren jarduketa neurriak hartuko dituzte eraikina husteko, suteei aurre egiteko eta lehen sorospena emateko kasuetarako.

2. Litezkeen larrialdi egoerak zenbaterainokoak diren ikusita, neurri horiek abian jartzeko egokiak diren langileak izendatuko dituzte eta, aldian behin, egiaztapenak eginen dituzte ongi dabiltzala ikusteko. Izendatzen diren langileek lan horietarako behar den prestakuntza eta material egokia izan beharko dute.

10. artikulua. Osasuna zaintzea.

1. Barne Zuzendaritza Nagusiak, administrazio orokorraren Prebentzio Zerbitzuaren bidez, Foruzaingoko funtzionarioen osasun egoera aldian behin zaintzen dela bermatuko du, polizia lanari datxezkion arriskuei aurrea hartzeko.

2. Osasunaren aldizkako zaintza hori, batez ere, berariazko arriskuen osasun azterketak eginez eta immunizatzeko eta osasuna babesteko kanpainen bidez eginen da.

3. Azterketa medikoak egitea, gainerako osasun neurri prebentiboak hartzea eta txertoak jartzea borondatezkoa izanen da, salbu eta osasun neurri batek kasu jakin batzuetarako besterik ezartzen badu, edo funtzionarioentzat edo herritarrentzat arrisku larria ekar dezaketen patologiak detektatzeko beharrezkoak badira, kasu horretan nahitaezkoak izanen baitira. Horrelakoetan, funtzionarioen ordezkariei horren berri emanen zaie.

Dena dela, su-armak eramaten dituzten langileek berariazko azterketa psikofisikoak egin beharko dituzte lanean hasi baino lehen, osasun arazoak direla-eta hiru hilabetetik gora kanpoan egon ondoren, beste arrazoi batzuk direla-eta urtebetetik gora kanpoan egon ondoren edo, gaineko arduradun hurrenak eta langileen ordezkariek txostena egin ondoren, funtzionarioen jokabideagatik edo beste arrazoi batzuengatik halakorik egitea gomendatzen duten inguruabar objektiboak gertatzen direnean. Nahitaezkoak izanen dira, halaber, azkeneko azterketatik lau urte baino gehiago igaro baldin badira.

Nolanahi ere, funtzionarioari ahalik eta eragozpen gutxien sortzen dizkioten azterketa edo probak hautatu beharko dira, eta beti arriskuaren araberakoak izanen dira.

4. Azterketen eta immunizazio kanpainen programazioetan, besteak beste, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan: arrisku talde bereziei arreta jartzea, dela egiten duten lanagatik, dela beren lanaren inguruko ingurumen baldintzengatik, dela arriskugarriak izan daitezkeen produktu edo ekipo berariazkoak erabiltzen dituztelako, eta orobat, gizabanakoengan adin tarteen arabera jokatzea.

5. Osasuna zaindu eta kontrolatzeko neurriak hartzen direnean, betiere funtzionarioaren intimitate eta duintasunerako eskubidea errespetatuko da eta haren osasun egoerarekin zerikusia duen informazioa isilpean gordeko da.

6. Aurreko idatz-zatian aipatutako azterketen emaitzak ukitutako funtzionarioei jakinarazi behar zaizkie.

7. Funtzionarioen osasunari buruzko datuak ez dira erabiliko bereizkeriarako edo haien kalterako.

8. Informazio mediko pertsonala medikuek eta funtzionarioen osasuna zaintzen duten osasungintzako agintariek baizik ez dute ikusiko. Hortaz, ezin izanen zaie beste pertsona batzuei utzi interesduna berariaz ados ez badago.

9. Aurrekoa gorabehera, funtzionarioei lanpostuan aritzeko gaitasuna emateko edo babeserako edo prebentziorako neurriak hartu edo hobetzeko egiten diren azterketen ondorioak Barne Zuzendaritza Nagusiko eta Foruzaingoko burutzako arduradunei jakinaraziko zaizkie, Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuaren bitartez, prebentzio arloko lanak zuzen egin ditzaten.

10. Funtzionarioen osasuna zaindu eta kontrolatzeko neurriak gaitasun tekniko, prestakuntza eta ahalmen egiaztatua duten osasun langileek hartuko dituzte, laneko arriskuen prebentzioaren arloan aplikagarria den araudiarekin bat.

11. artikulua. Amatasuna babesteko neurriak.

1. Foruzaingoko funtzionario emakumezkoei, haurdunaldi, amatasun eta edoskitze garaietan, beren lan baldintzetan behar duten babesa emanen zaie, hala langilearen beraren osasunerako eta segurtasunerako arrisku egoerak saihesteko, nola fetuarenak edo bularreko haurrarenak. Hori helburu, behar diren neurriak hartuko dira.

Neurri horiek hartu ahal izateko, interesdunek beren haurdunaldiaren edo edoskitzealdiaren berri eman beharko dute lana egiten duten unitatearen bitartez.

2. Txosten medikoek halakorik gomendatzen dutenean, funtzionario emakumezko horiei lan baldintzak egokituko zaizkie, gaueko edo txandakako lanetatik salbuetsiz edo beste zerbitzu edo lanpostu bati atxikiz, beharrezkoa bada. Horrelakoetan, aldaketa ekarri duen egoerak iraun bitarte, beren jatorrizko lanpostuari dagozkion ordainsari guztiak jasotzeko eskubidea izanen dute.

3. Haurdunaldiak eta edoskitzealdiak iraun bitartean, funtzionario emakumezkoek ez dute, kasuko arriskuen ebaluazioaren eta txosten medikoen arabera, haurdunaldiarentzat edo edoskitzealdiarentzat kaltegarriak izan daitezkeen makina, gailu, lanabes, lan tresna, substantzia edo beste osagairik erabiliko.

4. Haurdunaren edo fetuaren osasunari egiten ahal zaizkien kalteei aurrea hartzeko, haurdun dauden funtzionario emakumezkoek egoera horretarako egokiak diren jantziak erabiltzen ahalko dituzte.

5. Gainera, behar diren neurriak hartuko dira egoera horretan dauden polizia funtzionario emakumezkoei barne igoerarako dituzten eskubideak bermatzeko.

12. artikulua. Laneko arriskuen arloan funtzionarioek dituzten betebeharrak.

1. Polizia funtzionario bakoitzari dagokio, norberaren ahalbideen arabera eta kasuan-kasuan hartzen diren prebentzio neurriak betez, bere laneko segurtasuna eta osasuna begiratzea, baita bere lanbide jardueraren ondorioz edo bere laneko egintzen edo ez-egiteen ondorioz ukituak diren beste pertsonena ere, bakoitzaren prestakuntzaren arabera, Barne Zuzendaritza Nagusiak eta Foruzaingoko Burutzak ematen dituen jarraibideen arabera eta arlo honetan aplikagarria den araudiaren arabera.

2. Zehazki, funtzionarioek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Makinak, aparatuak, tresnak, substantsia arriskutsuak, garraio ekipoak eta, oro har, beren lanerako behar dituzten beste edozein baliabide egoki erabiltzea, bakoitzaren izaeraren eta aurreikus daitezkeen arriskuen arabera.

b) Barne Zuzendaritza Nagusiak eta kidegoko Burutzak ematen dituen babes baliabide eta ekipoak egoki erabiltzea.

c) Beren jarduerarekin zerikusia duten inguruetan edo beren jardueraren lanpostuetan dauden edo instalatzen diren segurtasun gailuak egoki erabiltzea eta erabileratik ez kentzea.

d) Beren iritziz, zentzuzko arrazoiengatik funtzionarioen segurtasunerako eta osasunerako arriskugarria izan daitekeen edozein egoeraren berri ematea berehalakoan hierarkiako nagusi hurrenari edo prebentzio zerbitzuari.

e) Agintari eskudunek segurtasuna eta osasuna babesteko ezartzen dituen betebeharrak betetzen laguntzea.

f) Barne Zuzendaritza Nagusiari eta kidegoko Burutzari laguntzea lan baldintzak seguruak izan daitezen, eta funtzionarioen segurtasun eta osasunarentzat arriskurik gabeak.

III. KAPITULUA. POLIZIA FUNTZIONARIOEN PARTE-HARTZEA ETA ORDEZKARITZA

13. artikulua. Funtzionarioen partehartzea eta ordezkaritza.

Beste ordezkaritza organo batzuei dagozkien eginkizunak galarazi gabe, Foruzaingoko funtzionarioek, indarreko araudian esleitzen zaizkien eginkizunen ondoriozko laneko arriskuen prebentzioaren kontuetan, baita laneko segurtasun eta osasunari buruzkoetan ere, izanen duten parte-hartzea eta ordezkaritza bideratuko dira kapitulu honetan ezartzen den bezala eta bertan ezartzen diren ordezkari eta organoen bidez.

14. artikulua. Prebentzioko ordezkariak.

1. Prebentzioko ordezkariak dira Foruzaingoko funtzionarioek polizia jardueraren laneko arriskuen prebentzioaren inguruko berariazko gaietarako dituzten ordezkariak.

2. Ordezkari horiek Foruzaingoko funtzionarioak izanen dira, jardunean edo bigarren jardueran ari direlarik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administraziorako oro har aurreikusitako moduan izendatuko dira.

Foruzaingoko prebentzio ordezkarien kopurua, azkeneko hauteskunde sindikaletako zentsuaren arabera, apirilaren 20ko 135/1998 Foru Dekretuan jasotzen den eskalaren araberakoa izanen da.

49 hautesle bitarte: prebentzio ordezkari bat.

50 hautesletik 100era bitarte: 2 prebentzio ordezkari.

101 hautesletik 500era bitarte: 3 prebentzio ordezkari.

501 hautesletik 1.000 bitarte: 4 prebentzio ordezkari.

1.001 hautesletik 2.000 bitarte: 5 prebentzio ordezkari.

2.001 hautesletik 3.000 bitarte: 6 prebentzio ordezkari.

3.001 hautesletik 4.000 bitarte: 7 prebentzio ordezkari.

4.001 hautesletik 5.000 bitarte: 8 prebentzio ordezkari.

5.0001 hautesletik gora: 9 prebentzio ordezkari.

Sindikatuek izendatu beharreko prebentzio ordezkarien kopurua, azkeneko hauteskunde sindikaletako zentsuaren arabera, hauxe da: 3. Hauek dira prebentzio ordezkarien eginkizunak:

a) Barne Zuzendaritza Nagusiko eta Foruzaingoko Burutzako organoei laguntzea prebentzio lana hobetzeko.

b) Funtzionarioek polizia eginkizunetarako ezartzen den laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia betetzen lagundu dezatela sustatzea eta bultzatzea.

c) Lan baldintzei buruzko informazioa eta dokumentazioa eskuragarri izatea, beren eginkizunetarako beharrezkoa denean.

d) Funtzionarioen osasunari eragindako kalteen berri jasotzea.

e) Laneko arriskuen prebentzio zerbitzuak egiten dituen prebentzio eta babeserako lanei buruzko informazioa jasotzea.

f) Polizia etxeetara bisitak egitea, aldez aurretik justifikatu eta abisatu ondoren, lan baldintzen egoera begiratu eta kontrolatzeko. Funtzionarioekin elkarrizketatzen ahalko dira lanaldiaren barrenean, polizia zerbitzuaren ohiko jardunari kalte egiten ez badio.

g) Foruzaingoko Burutzari eskatzea funtzionarioen segurtasuna eta osasuna babesteko neurriak hobetzeko prebentzio neurriak har daitezela.

h) Laneko arriskuen prebentzioaren gaineko araudia betetzen dela begiratzea eta kontrolatzea. Horretarako, prebentzio teknikariekin batera joan daitezke haiek egiten dituzten arriskuen ebaluazioetara, baita lantokietan egiten dituzten bisita eta egiaztapenetara ere, eta han egoki iruditzen zaizkien ohartarazpenak egin.

4. Prebentzio ordezkarien prestakuntza Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak emanen du, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuarekin batera, Administrazioaren beraren baliabideak erabiliz edo arlo horretako erakunde edo entitate espezializatuekin edo sindikatuekin itunak eginez. Sindikatuek prestakuntza programa eta proiektuak prestatu eta betearazteko lanetan parte hartuko dute.

Prestakuntza lanetan emandako denbora lanalditzat hartuko da, ondorio guztietarako.

5. Prebentzio ordezkariek behar den isiltasun profesionala begiratuko dute beren eginkizunetan ari direla jasotzen duten informazio guztien gainean.

6. Langileen ordezkari diren prebentzio ordezkariek, beren eginkizunetan ari direlarik, beren ordezkaritzari dagozkion berme guztiak izanen dituzte. Beren eginkizunetarako erabiltzen duten denbora ordezkaritza lanetarako duten denbora gisa kontatuko da, hilabetero eskubidez dagozkien ordu ordainduen kopurua kontatzearen ondorioetarako.

7. Prebentzio ordezkariak langileen ordezkariak ez badira, beren eginkizunetan ari direlarik, haien berme berberak izanen dituzte, salbu eta ordezkari lanetarako ordu kredituari dagokiona.

8. Benetako lan denboratzat hartuko da Segurtasun eta Osasun Batzordeekin egiten diren bileretan ematen dena eta Administrazioak arriskuen prebentzioa lantzeko deitzen dituen beste bilera batzuetakoa, baita teknikariei prebentzio ebaluazioetan eta Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileei, laneko arriskuen prebentzioaren gaineko araudia betetzen ote den, lantokietara egiten dituzten bisitetan laguntzeko emandako denbora ere, eta, orobat, lan istripu edo laneko eritasunen bat dagoenean langileen osasunean eragindako kalteen gorabeherak ezagutzeko egiten dituzten bisitetan erabiltzen dena. Horrenbestez, hori guztia ez zaio ordu kredituari egotziko.

15. artikulua. Foruzaingoko Segurtasun eta Osasun Batzordea.

1. Foruzaingoko Segurtasun eta Osasun Batzordea parte hartzeko organo paritario eta kide anitzekoa da, Foru Komunitateko Administrazioak Foruzaingoaren eremuan arriskuen prebentzioaren arloan egiten dituen jarduketak arautzeko helburua duena, laneko arriskuen prebentzioaren gaineko araudia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eremura egokitzen duen apirilaren 20ko 135/1998 Foru Dekretuan eta hori aldatzen duen abenduaren 15eko 121/2008 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat.

2. Foruzaingoko Segurtasun eta Osasun Batzordea eremu horretan izendatutako prebentzio ordezkariek eta Barne Zuzendaritza Nagusiak izendatutako beste horrenbeste kidek osatuko dute. Hitzarekin baina botorik gabe, Foruzaingoko Langile Batzordeko kideek eta eremu horretako prebentzioko ordezkari teknikoek parte hartzen ahalko dute.

3. Foruzaingoko Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordearen eginkizunak hauek dira:

a) Foruzaingoko funtzionarioen laneko segurtasun eta osasunaren arloetan eta polizia lanaren arriskuen prebentzioaren arloan Administrazioak garatu nahi dituen plan eta programak ezagutzea, haiek prestatzen eta onesten parte hartzea eta haiei lotutako jarduketen gaineko txostenak egitea.

b) Arriskuen prebentziorako metodo eta prozedura eraginkorrei buruzko ekimenak sustatzea eta dauden baldintzak hobetzeko edo zuzentzeko proposamenak egitea.

c) Funtzionarioen osasun edo osotasun fisiko edo psikikoari eragiten zaizkion kalteak ezagutu eta analizatzea, baita laneko segurtasunarekin eta osasunarekin lotutako lan baldintzei buruz prebentzio zerbitzuak egiten dituen txostenak ere, zergatiak baloratu eta neurri egokiak proposatzeko asmoz.

d) Prebentzio zerbitzuaren urteko memoria eta programazioa ezagutzea eta horren gaineko txostena egitea.

16. artikulua. Foruzaingoko Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordearen funtzionamendua.

Foruzaingoko Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordea hiru hilabetean behin bilduko da, baita bertako ordezkaritza baten gehiengoak eskatzen duenean ere. Batzordeak bere funtzionamendu araudia onetsiko du.

IV. KAPITULUA. PREBENTZIO ZERBITZUA

17. artikulua. Prebentzio Zerbitzua.

Foru dekretu honen xede diren laneko prebentzioaren arloko helburuak betetze aldera, apirilaren 20ko 135/1998 Foru Dekretuaren 14. artikuluan (abenduaren 15eko 121/2008 Foru Dekretuak onetsitako idazketa berriaren arabera) aurreikusita dagoen Administrazio Orokorreko prebentzio zerbitzuak indarreko araudian ezarritako eginkizunak izanen ditu, eta Barne Zuzendaritza Nagusiari eta Foruzaingoko Burutzari gai hauei buruzko aholkuak eta laguntza emanen dizkie:

a) Prebentzio planak eta programak diseinatu, aplikatu eta koordinatzea.

b) Polizia lanaren jardueretan dauden arriskuen ebaluazioa.

c) Lehentasunak zehaztea prebentziozko neurri egokiak hartzerakoan, eta horien eraginkortasuna begiratzea.

d) Funtzionarioei eta haien ordezkariei prestakuntza eta informazioa ematea.

e) Lehenengo sorospena ematea eta larrialdi planak prestatzea.

f) Funtzionarioen osasuna begiratzea, lanaren ondoriozko arriskuei dagokienez.

g) Jardueren urteko memoria prestatzea.

V. KAPITULUA. PREBENTZIO SISTEMA KONTROLATZEKO BALIABIDEAK

18. artikulua. Prebentzio sistemaren ebaluazioa.

1. Foru dekretu honetan araututako laneko arriskuen prebentzio sistema aldian behin kontrolatuko da, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak eginen dituen auditoria eta ebaluazioen bitartez, hura baita arlo horretan dagoen organo tekniko espezializatua.

2. Auditoria eta ebaluazio horietan ikusten bada segurtasunerako eta osasunerako berehalako arrisku larriren bat dagoela, eskumena duen organoari berehala jakinaraziko zaio, hura zuzentzeko behar diren neurriak har ditzan. Harrapatzen diren gainerako gabeziei dagokienez, haiei buruzko txostena Barne Zuzendaritza Nagusiari eta Foruzaingoko Burutzari bidaliko zaie, konpontzeko aholku egokiak sartuz.

3. Auditorietarako eta ebaluazioetako txostenak polizia funtzionarioen ordezkarien eskura egonen dira.

19. artikulua . Birkokatzeak.

1. Atxiki zaien unitate organikoan esleiturik dituzten eginkizunetarako ezinduak dauden Foruzaingoko langileak beren unitate organikoko edo beste bateko lanpostu batean birkokatzen ahalko dira, eta hor beren mugapenekin bateragarriak diren lanetan eta eginkizunetan arituko da, betiere foruzain lanetan aritzeko behar diren baldintza psikofisikoei eusten baldin badiete. Aitzitik, foruzain lanetan aritzeko behar diren baldintza psikofisikoak galtzen badituzte, beren kokapen maila bereko beste lanpostu batean birkokatzen ahalko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, salbu eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileria eremuan eta Hezkuntza Departamentuari atxikitako unibertsitatez kanpoko irakasleen eremuan.

2. Horretarako, ekainaren 3ko 114/2002 Foru Dekretua aplikatuko da, Foruzaingoaren zerbitzuko langileen araubidearen ezaugarriengatik beharrezkoak diren egokitzapenak eginda. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako langileak lanerako ezintasunagatik birkokatzeko prozedura arautu zen, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileak eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuari atxikitako irakasle ez unibertsitarioak izan ezik.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengo xedapen gehigarria. Neurri zuzentzaileak.

Foru dekretu honen xedeko esparruan, laneko arriskuen prebentzioaren arloan gertatzen diren ez-betetzeak zuzentzeko neurriak ezartzeko prozedura aplikagarria den berariazko araudian laneko eta osasuneko agintaritzari esleitutakoa izanen da.

Bigarren xedapen gehigarria. Arriskuen prebentzioari buruzko gaiak Polizia ikastetxeetako prestakuntza, sustapen eta espezializazio planetan sartzea.

Nafarroako Segurtasun Eskolak behar diren neurriak hartuko ditu foru dekretu honek indarra hartzen duenetik aurrera, Foruzaingoan sartzeko eta barne igoerarako, bere menpeko ikastegietan egiten diren prestakuntza ikastaroetako ikasketa planetan polizia lanaren arriskuen prebentzioari lotutako gaiak nahitaez sartzeko.

Era berean, behar diren jarduketak eginen ditu aurreko lerroaldean aipatzen diren prozesuetan edo gai hori programan sartuta duten espezializazio ikastaroetan parte hartzen ez duten polizia funtzionario guztiek laneko arriskuen arloan behar den oinarrizko prestakuntza jaso dezaten.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe geldituko dira foru dekretu honi aurka egiten dioten xedapen guztiak, maila berekoak edo txikiagokoak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena. Erregelamenduzko gaikuntza.

Baimena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari foru dekretu hau garatzeko beharrezkoak diren arauak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko irailaren 13an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1015123

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web