(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

45/2010 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 9KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO INTERES TURISTIKOKO FESTEN ADIERAZPENA ARAUTZEN DUENA

BON 27/08/2010



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. NAFARROAKO INTERES TURISTIKOKO FESTA


  III. KAPITULUA. PROZEDURA


Atariko

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean ospatzen diren festak ikuspegi turistiko batetik arautzea eta "Nafarroako Interes Turistikoko Festa" izendapena sortzea. Agerikoa da gure komunitatean ospatzen diren zenbait festak indar turistikoa dutela, eta beharrezkoa da hori aitortzea eta garatzea. Halaber, beharrezkoa da festa horiek arautzea, izendapen hori ezagutzera eman eta sustatu ahal izateko, hala gure Foru Komunitatean nola Espainian eta atzerrian. Hortaz, foru dekretu honen xedea festak ezagutzera eman eta babestea da, Foru Komunitateko turismoa garatze aldera.

Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legean "Interes Turistikoko Festei" buruzko aurreikuspen zehatzik ez badago ere, 5. artikuluan (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak turismo arloan dituen eskumenak finkatzen dira) eta 40. artikuluan (VI. Tituluan jasoa, "Turismoa ezagutarazi eta sustatzea") xedatzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokiola Nafarroa helmuga turistikoa izan dadin bultzatzea eta sustatzea. Era berean, 41. artikuluan adierazten denez, Foru Komunitateko Administrazioak Nafarroaren irudia helmuga turistiko gisa indartu eta ezagutarazteko egoki diren neurriak hartuko ditu. Bestalde, 3. artikuluan xedatzen da foru legearen xedea dela, besteak beste, Nafarroako Foru Komunitatea helmuga turistiko gisa ezagutaraztea. Hain zuzen ere, foru dekretu hau agindutako zeregin horren barnean eta ezarritako xede horretan kokatzen da, izan ere foru dekretuan aurreikusten den izendapen horren xedea da baliabide turistiko garrantzitsuak diren festak, gertaerak edo ekitaldiak sustatu eta ezagutzera ematea.

Festa bat Nafarroako interes turistikokoa dela adierazteak, indarrean den legeriarekin bat, festa hori Espainiako nahiz atzerriko interes turistikoko festatzat aitortzea erraztuko du, bai eta horretarako gaitutako laguntzak eskuratzea ere. Horrexegatik, foru dekretu honek, "Nafarroako Interes Turistikoko Festak" sortu eta arautzen dituen aldetik, Nafarroako errealitate fisiko, geografiko, sozial edo kulturalaren adierazpenak gure mugetatik haratago ezagutarazi eta sustatzeko bide izan nahi du, horiek korronte turistikoak sor baititzakete.

Foru dekretuaren arau zehatzei dagokienez, emandako definizioan bertan festen alderdi turistikoa argi nabarmentzen da. Dekretuaren egiturari dagokionez berriz, hiru kapitulutan banatzen da. Lehen kapituluan foru dekretuaren xedea ezarri eta "Nafarroako Interes Turistikoko Festa" definitzen da. Bigarren kapituluan, aurreikusitako izendapena emateko eskatzen diren betebeharrak ezartzen dira. Azkenik, hirugarren kapituluan, festa bat "Nafarroako Interes Turistikoko Festa" dela adierazi ahal izateko jarraitu beharreko prozedura aipatzen da nagusiki. Gainera, azken kapitulu horretan adierazpenaren ondorioak, hori ezeztatzeko aukera eta Nafarroako Foru Komunitateko Interes Turistikoko Festen Erregistroan inskribatzea jasotzen dira.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko abuztuaren 9an egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da "Nafarroako Interes Turistikoko Festen" adierazpena arautzea.

2. artikulua. Definizioa.

"Nafarroako Interes Turistikoko Festatzat" joko da Nafarroako herri-tradizioan nabarmenki errotutako festa, gertakaria edo adierazpena, Nafarroako Foru Komunitatean ospaturik, bertako kulturaren berezko balioak adierazteaz gain, Nafarroako baliabide edo produktu turistiko gisa garrantzia berezia izanen duena eta Nafarroako turismoa areagotzen lagunduko duena.

II. KAPITULUA. NAFARROAKO INTERES TURISTIKOKO FESTA

3. artikulua. Betebeharrak.

"Nafarroako Interes Turistikoko Festaren" adierazpena egin ahal izateko, ondoko betebehar hauek bete beharko dira:

a) Ospakizunaren originaltasuna. Ospakizun originaltzat joko da beste herri batzuetan egiten diren horietatik bereizten duten oinarrizko osagaiak dituena.

b) Herri tradizioa. Ospakizuna dagokion eskualdeko herritarrengan errotua dagoela frogatu behar da, bai eta herritarren parte-hartze aktiboa duela. Alde batera utziko dira interes partikular hutsengatik sortutako festak.

c) Balio soziokulturala. Beharrezkoa da ospakizunak balio kultural edo sozial nabarmena duten elementuak izatea.

d) Komunitateko eta kanpoko bisitariak erakartzeko ahalmena.

e) Ospakizuna aldian-aldian egitea eta erraz zehaz daitekeen egunean.

III. KAPITULUA. PROZEDURA

4. artikulua. Prozedurari hasiera ematea.

"Nafarroako Interes Turistikoko Festaren" adierazpen prozedurari honela emanen zaio hasiera: kasuan kasuko ospakizuna non egiten den, bertako udalek edo turismo partzuergoek eskatuta, Nafarroako Turismo Kontseiluak eskatuta edo ofizioz, turismo arloan eskumena duen departamentuak eskatuta.

5. artikulua. Eskaera aurkeztea.

Udalek edo turismo partzuergoek idatziz eginen dituzte eskaerak eta turismo arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiari zuzenduko dizkiote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein lekutan.

6. artikulua. Agiriak.

1. Prozedurari udalek egindako eskaeraren bidez ematen bazaio hasiera, eskaera horri ondoko agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Eskaera egin duen udaleko gobernu organoaren erabakia.

b) Azalpen memoria, non 3. artikuluan eskatutako betebeharrak betetzen direla justifikatuko den eta, eskatzaileek egokitzat jotzen dituzten eduki eta luzerarekin, ondoko hauek adieraziko diren:

b.1) Festa noiz ospatzen den eta zer-nolako ekitaldik osatzen duten gaur egun.

b.2) Kasuan kasuko festa edo gertakariaren jatorria, herri tradizioa eta balio etnografiko, kultural, gastronomiko eta turistikoa.

b.3) Festa egiten den tokian bertan edo ondo-ondoko inguruetan bisitariak hartzeko dauden azpiegitura turistikoa eta ekipamenduak.

b.4) Turistak erakartzeko diseinatutako edo egindako sustapenerako ekintzak.

b.5) Azken bost urteotan izandako bisitarien kopuruaren kalkulua. Kalkulua egiteko erabilitako iturriak eta irizpideak adierazi beharko dira, eta Nafarroako Foru Komunitatetik eta kanpotik joandako bisitariak bereiziko dira.

b.6) Argazki eta prentsa bilduma, kartelak, egitarauak, eskuorriak, liburuak, erreferentzia bibliografikoak, ikus-entzunezko materiala, Interneteko presentzia eta, oro har, eskaerari laguntzeko bidezko jotzen den informazio guztia.

c) Udalaren txostena, udalak berak, herritarrek eta udalerriko ekimen pribatuak izandako parte-hartzeari buruzkoa.

Ospakizuna udalerri batean baino gehiagotan egiten bada, beharrezkoa izanen da udalerri bakoitzeko gobernu organoen erabakiak eranstea, bai eta tartean sartutako udalen txosten bateratua ere.

2. Eskaera turismo partzuergo batek egiten badu, aurreko puntuan ezarritako agiriekin batera festa egiten den mugapeko udalaren gobernu organoaren erabakia aurkeztuko da, eta bertan turismo partzuergoak egindako eskaerarekiko adostasuna adieraziko da.

3. Prozedurari Nafarroako Turismo Kontseiluaren eskaeraren bidez ematen bazaio hasiera, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nafarroako Turismo Kontseiluaren erabakia. Horren bidez, gehiengo soilak onetsi beharreko eskaera eginen da.

b) Azalpen memoria, aurreko 1.b) puntuko atal berekin.

c) Festa non egiten den, bertako udalaren adostasuna. Adostasun horrekin batera, udalak, herritarrek eta ekimen pribatuak proposatutako festan izandako parte-hartze maila aipatuko duen txostena aurkeztuko da.

Kontseiluko edozein kideri dagokio tramitazioari hasiera ematea. Kontseiluak, aurreko puntuan ezarritakoarekin bat, azalpen memoria bat eta tartean sartutako udalaren adostasun idazkia aurkeztuko ditu, balora daitezen.

4. Produrari ofizioz ematen bazaio hasiera, honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Honakoa jasoko duen azalpen memoria:

- Festa noiz ospatzen den eta zer-nolako ekitaldik osatzen duten gaur egun.

- Kasuan kasuko festa edo gertakariaren jatorria, herri tradizioa eta balio etnografiko, kultural, gastronomiko eta turistikoa.

- Festa egiten den tokian bertan edo ondo-ondoko inguruetan bisitariak hartzeko dauden azpiegitura turistikoa eta ekipamenduak.

- Azken bost urteotan izandako bisitarien kopuruaren kalkulua. Kalkulua egiteko erabili diren iturriak eta irizpideak adierazi beharko dira.

b) Festa non egiten den, mugape horretako udalaren txostena. Bertan udalak berak, herritarrek eta udalerriko ekimen pribatuak izandako parte-hartzea aipatuko da.

7. artikulua. Instrukzioa.

1. Turismo arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiari dagokio prozeduraren instrukzioa.

2. Prozeduraren instrukziorako bidezkotzat jotzen diren txostenak eta agiriak eskatu ahalko dira. Betiere, beharrezkoa izanen da Nafarroako Turismo Kontseiluaren txostena, salbu prozedura hark eskatuta hasi bada.

8. artikulua. Adierazpenaren proposamena eta baloraziorako irizpideak.

Turismo arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak, foru dekretu honen 3. artikuluan eskatutako betebehar guztiak betetzen direla egiaztatu ostean, adierazpenaren proposamena eginen du, baloraziorako honako irizpide hauei jarraikiz:

1. Festa non egiten den, bertako hiri-inguruneak, monumentuak edo paisaia modu egokian zaintzea.

2. Sustapenerako egindako ekintzak.

3. Egiten diren ekitaldien kalitatea.

4. Foru Komunitatetik eta kanpotik joandako bisitariak.

5. Bertako biztanleen parte-hartzea.

9. artikulua. Ebazpena.

1. Turismo arloan eskumena duen kontseilariaren foru aginduaren bidez eginen da "Nafarroako Interes Turistikoko Festaren" adierazpena, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

2. Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeari jarraikiz ezarriko da. Epe hori zenbatuko da eskaera ebazpena emateko eskumena duen organoaren erregistroan sartzen denetik hasita.

10. artikulua. Adierazpenaren ondorioak.

1. "Nafarroako Interes Turistikoko Festaren" adierazpenak honakoa ekarriko du:

a) Kasuan kasuko ospakizunak ezagutzera eman eta sustatzeko jardueretan izendapen hori erabili ahal izatea.

b) Adierazpen hori Nafarroako Foru Komunitateak emandako laguntzak edo diru-laguntzak jasotzeko hurrenkeran merezimendu gisa aintzat hartu ahal izatea.

2. Era berean, adierazpenak ekarriko du festen izaera tradizional eta berariazkoa errespetatu behar izatea, bai eta foru dekretu honen 3. artikuluan eskatutako betebeharrak ere.

11. artikulua. Ezeztatzea.

1. "Nafarroako Interes Turistikoko Festaren" adierazpena eta horren ondorioak mugagabeak dira, baina departamentu eskudunak horiek ezeztatu ahal izanen ditu betebeharrak betetzen ez badira edo adierazpen hori eman zeneko baldintzak desagertzen badira, edo adierazpena eman zeneko garaian gertatu izanez gero hori ezesteko arrazoia izanen zatekeen arrazoiren bat gerora gertatzen bada.

2. Ezeztatze prozedurari turismo arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak emanen dio hasiera eta arlo berean eskumena duen kontseilariak emandako foru aginduaren bidez bukatuko da. Hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Nolanahi ere, derrigorrezkoa izanen da interes turistikokotzat aitortutako festa ospatzen den mugapeko udalari aurretik entzutea.

3. Halaber, bidezko izanen da ezeztatzea "Nafarroako Interes Turistikoko Festaren" adierazpena eskatu duen udalak eskatuta, aldez aurretik haren gobernu organoaren txostena eginda.

4. Ezeztatze prozeduretan Nafarroako Kontseiluaren txostena eskatuko da.

12. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Interes Turistikoko Festen Erregistroa.

1. Nafarroako interes turistikoko festen erregistro administratibo bat sortuko da, turismo arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren mende. Bertan inskribatuko dira egindako adierazpenak, eta adierazpenaren eguna eta hori eragin duten alderdi nagusiak jasoko dira.

2. Halaber, emandako ezeztatzeak erregistroan inskribatuko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Xedapen gehigarri bakarra. Espainiako interes turistikoko festak.

Foru Komunitatean Espainiako Interes Turistitikoko Festaren adierazpena duten festek "Nafarroako Interes Turistikoko Festaren" adierazpena lortuko dute automatikoki foru dekretu honek indarra hartzen duenean, eta 12. artikuluan aipatutako erregistroan inskribatuko dira ofizioz.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena. Garapena eta betearazpena.

Turismo arloan eskumena duen kontseilariak beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ahal izanen ditu foru dekretu hau garatu eta betearazteko.

Azken xedapenetan bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko abuztuaren 9an.-Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariordea, Javier Caballero Martínez.-Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

Iragarkiaren kodea: F1013469

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web