(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

50/2007 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 18KOA, NAFARROAKO GIZARTE ONGIZATEAREN KONTSEILUA ARAUTZEN DUENA.

BON N.º 83 - 06/07/2007



Atariko

Nafarroak gizarte laguntzaren arloan dituen eskumenak erabiliz, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea onetsi zen. Bertan, Nafarroako Foru Komunitatean gizarte zerbitzuak behar dituzten pertsona guztiei, bereziki, talderik ahulenei, laguntza emateko esparruaren arautegi berria ezartzen da.

Foru lege hau sortzeko oinarria da gizarte zerbitzuetako politika fidagarriak ezartzeko partaidetza funtsezkoa dela. Horregatik, gizarte premiak konpontzeko komunitatearen partaidetza sustatzea politika horien helburutzat hartzen da. Horrez gain, foru legea gidatzen duen beste printzipio bat herritarren partaidetza da, gizarte zerbitzuen onuradun diren pertsonen eskubidea eta V. tituluan arautzen dena.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak, V. Titulu horren barruan, foru legearen 56., 57. eta 58. artikuluetan, gizarte zerbitzuen gaietan, kontsulta eta partaidetza organo gisa arautzen da eta kideak eta horiek izendatzeko modua, eginkizunak eta antolamenduaren eta funtzionamenduaren araubidea erregelamenduz ezarriko dira.

Horiek horrela, Nafarroako Kontseiluarekin bat, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2007ko ekainaren 18ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua arautzea.

2. artikulua. Izaera eta atxikipena.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua gizarte zerbitzuen arloko partaidetza eta kontsulta-organoa da eta gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuari atxikia dago.

3. artikulua. Antolaketa eta funtzionamendua.

1. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak osoko bilkuraren eta batzorde iraunkorren bidez funtzionatuko du.

2. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilua urtean behin bilduko da, osoko bilkuran. Bilkura berezia, berriz, kontseiluburuak deialdia egiten duen guztietan eginen da, berak erabakita edo kideen gehiengoak eskaturik eta batzordeetako batek eskaturik.

3. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluaren antolaketa eta bertako kideen estatutua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean organo kolegiatuetarako ezarririkoa izanen da.

4. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak barne araubiderako erregelamendu bat prestatu eta onetsiko du, barne funtzionamendua arautu eta garatzeko.

4. artikulua . Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluaren Osoko Bilkuraren eginkizunak.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluaren Osoko Bilkurak honako eginkizunak izanen ditu:

a) Nahitaezko txostenak ematea gizarte zerbitzuen arloko arau proiektuez, Nafarroako gizarte zerbitzuen plan estrategikoez, plan sektorial orokorrez eta kalitate planez.

b) Aplikazioaren eta betetze-mailaren jarraipena egitea honakoetan: Nafarroako gizarte zerbitzuen plan estrategikoak, plan sektorial orokorrak, kalitate planak eta gizarte zerbitzu orokorren zorroa.

c) Proposamenak, gomendioak eta iradokizunak egitea gizarte zerbitzuen gaietan eskumena duen departamentuari eta gizarte zerbitzuen sistema hobetzeko xedez gizarte ekintzetako politikan aritzen diren departamentuei.

d) Kontseiluko buruari kontseiluaren egituran eta osaeran aldaketak proposatzea, baita legean ezarritako batzordeez gain beste batzorde batzuk sortzeko proposatzea ere, egin ditzan aldaketa egiteko egin beharrekoak.

e) Lege edo erregelamendu mailako arau baten bidez esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

5. artikulua . Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluaren Osoko Bilkuraren osaera.

1. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluaren Osoko Bilkura honakoek osatuko dute: kontseiluburua, kontseiluburuordea, idazkaria eta gutxienez 26 kontseilukide.

2. Kontseiluko burua izanen da gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko titularra.

3. Kontseilukide izanen dira:

a) Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuaren 5 ordezkari, haietariko bat kontseiluburuorde izanen dena, departamentu horretako titularrak izendatuak.

b) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren zuzendari kudeatzailea.

c) Etxebizitzaren, osasunaren, enpleguaren, hezkuntzaren eta ekonomiaren arloan eskumena duen departamentu bakoitzetik ordezkari bat, baita Immigraziorako Arretaren Bulegokoa ere, gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentu horretako titularrak izendatuak, departamentuetako titularrek proposaturik. Departamentu bakar batek aipatu arloetako bat baino gehiago hartzen badu, departamentu horren ordezkaritza hartzen dituen arlo kopuruarekin bat etorriko da.

d) Toki entitateetako 3 ordezkari, gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentu horretako titularrak izendatuak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak proposaturik.

e) Nafarroako Pertsona Helduak Tutelatzeko Fundazioko zuzendaria edo zuzendari kudeatzailea.

f) 4 ordezkari ordezkaritza handiena duten enpresa erakunde eta sindikatuetakoak, 2 ordezkari enpresa erakundeetakoak eta beste 2 sindikatuetakoak, gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskuduneko titularrak izendatuak, haiek proposatuta.

g) Nafarroako profesionalen elkargoen artetik 3 ordezkari: gizarte lana eta gizarte laguntzaileak, psikologoak, medikuak, erizainak edo erizaintzako unibertsitateko diplomadunak, lan bidezko terapeutak, fisioterapeutak, soziologoak, gizarte graduatuak, gizarte hezitzaileak, abokatuak eta ekonomialariak.

Profesionalen elkargoen ordezkariak gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskuduneko titularrak izendatuko ditu, haiek proposatuta, estatutuetan ezarritakoarekin bat. Proposamena egiteko xedez, gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuak epe bat jarriko du hautagaitzak aurkezteko. Epea bukatuta hiru hautagai besterik ez bada aurkeztu, zuzenean izendatuko dira. Hiru hautagai baino gehiago badaude, gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskudunak eguna eta ordua jarriko ditu haien artetik hautatzeko, gehienez ere hiru aldiz. Aukera hori agortu ondoren, baita epean hautagaitza nahikorik aurkezten ez bada ere, gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuko titularrak berak izendatuko ditu ordezkariak, izendatuek onartu ondoren.

h) Ordezkari bat Kontseilu Sektorial bakoitzetik, hark izendatua.

i) Ordezkari bat Nafarroako unibertsitate bakoitzetik, gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskuduneko titularrak izendatuak, haiek proposatuta.

j) Ordezkari bat gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitateetakoa, ondoko esku-hartze eremu bakoitzetik: familia, adingabeak, ezgaitasuna, hirugarren adina, immigrazioa eta gizarte bazterketa.

Gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitateetako ordezkariak gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskuduneko titularrak izendatuko ditu, haiek proposatuta. Proposamena egiteko xedez, gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentuak epe bat jarriko du hautagaitzak arloka aurkezteko. Epea bukatuta hautagai bakarra besterik ez bada aurkeztu, zuzenean izendatuko da. Hautagai bat baino gehiago badago, gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskudunak eguna eta ordua jarriko ditu haien artetik hautatzeko, gehienez ere hiru aldiz. Aukera hori agortu ondoren, baita epean hautagairik aurkezten ez bada ere, gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuko titularrak berak izendatuko du ordezkaria, izendatuak onartu ondoren.

4. Idazkaria: idazkari lana eginen du gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko titularrak.

5. Lehendakariak aztertu beharreko gaietako aholkulariak gonbidatzen ahalko ditu. Aditu horiek hizpidea izanen dute, baina botorik ez.

6. artikulua . Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko batzordeak.

1. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak hiru batzorde izanen ditu eta etengabeko organoak izanen dira.

1. Enpleguaren kalitateari buruzko batzordea.

2. Gizarte zerbitzuen zorroaren jarraipenari eta aldaketari buruzko batzordea.

3. Zerbitzuak baimentzeko, erregistratzeko eta homologatzeko sistemari buruzko batzordea.

2. Batzorde horietako kide izateko izendatzen direnak ez dira nahitaez izan behar Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko kide, 10.1 eta 11.1 artikuluetako e) letran ezarritako kasuan izan ezik.

7. artikulua . Enpleguaren kalitateari buruzko batzordea.

1. Enpleguaren kalitateari buruzko batzordea sei kidek osatuko dute:

a) Ordezkari bat gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentukoa, batzordeburua izanen dena eta departamentu horretako titularrak izendatua.

b) Ordezkari bat Nafarroako Enplegu Zerbitzukoa, idazkaria izanen dena, gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskuduneko titularrak izendatua, enpleguaren arloko departamentu eskuduneko titularrak proposatuta.

c) Ordezkari bat Nafarroako toki entitateetakoa, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatua.

d) Bi ordezkari enpresaburuen elkarte garrantzitsuenetakoak, beraiek izendatuak.

e) Ordezkari bat sindikatu garrantzitsuenetariko bakoitzeko, beraiek izendatuak.

2. Batzorde honek eginkizun hauek izanen ditu:

a) Gizarte zerbitzuen arloan enpleguaren bilakaerari buruzko jarraipena egitea, bai alderdi kualitatiboetan bai kuantitatiboetan.

b) Enpleguaren kalitateari buruzko gutxieneko adierazleak proposatzea eta jakinaraztea, zerbitzuen homologazioa eskuratzeko eta zerbitzuak betetzen ote diren jarraipena egiteko xedez.

c) Gizarte zerbitzuen arloan enplegurako egokientzat hartzen diren lanbide ezaugarriak eta gaitasunak proposatzea eta jakinaraztea.

d) Prestakuntza plan iraunkorrak eta ez iraunkorrak egiteko proposatzea eta beren jarraipena egitea.

e) Nafarroako Gizarte Ongizateko Kontseiluaren Osoko Bilkurak zuzenean agintzen dizkion gainerako eginkizunak.

3. Batzordeak txostenak eta proposamenak egin ahalko dizkio gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskudunari zuzenean ala Nafarroako Gizarte Ongizateko Kontseiluaren Osoko Bilkuraren bidez. Departamentuari zuzenean egindako txostenak eta proposamenak kontseilu horrek berretsi beharko ditu osoko bilkuran, ofizialki organo aholku-emailearen proposamen gisa hartuak izan daitezen.

4. Betiere, Batzordeak egindako jardueren urteko memoria egin beharko du eta Nafarroako Gizarte Ongizateko Kontseiluaren Osoko Bilkurari igorri beharko dio.

5. Batzorde hau urtean hirutan bilduko da bilkura ohikoan eta, batzordeburuak edo batzordekideen gehiengoak eskatuta deitzen denean, bilkura berezian.

8. artikulua . Gizarte zerbitzuen zorroaren jarraipenari eta aldaketari buruzko batzordea.

1. Gizarte zerbitzuen zorroaren jarraipenari eta aldaketari buruzko batzordea honakoek osatuko dute:

a) 5 ordezkari gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentukoak, haietako bat batzordeburua izanen da eta idazkari lana beteko du. Departamentu horretako titularrak izendatuko ditu.

b) Ordezkari bat ekonomia gaietan eskumena duen departamentukoa, gizarte zerbitzuen gaietan eskumena duen departamentuko titularrak izendatua, ekonomia gaietan eskumena duen departamentuko titularrak proposaturik.

c) Ordezkari bat Nafarroako toki entitateetakoa, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatua.

d) Ordezkari bat sindikatu garrantzitsuenetariko bakoitzeko, beraiek izendatuak.

e) Ordezkari bat enpresaburuen elkarte garrantzitsuenetakoa, beraiek izendatua.

f) Bi ordezkari gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitateetakoak, entitate horiek ordezkatzen dituzten Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko kideek beren artetik izendatuak.

2. Batzorde honek eginkizun hauek izanen ditu:

a) Gizarte zerbitzu orokorren zorroan jasotako prestazioak zuzentzeko neurrien berri ematea eta proposatzea.

b) Zorroa zuzentzeko neurrien berri ematea eta aldaketak proposatzea.

c) Gizarte zerbitzu orokorren zorroak toki esparruko gizarte zerbitzuen zorroekin duen harremanari eta koordinazioari buruzko azterlanak egitea.

d) Nafarroako Gizarte Ongizateko Kontseiluaren Osoko Bilkurak zuzenean agintzen dizkion gainerako eginkizunak.

3. Batzordeak txostenak eta proposamenak egin ahalko dizkio gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskudunari zuzenean ala Nafarroako Gizarte Ongizateko Kontseiluaren Osoko Bilkuraren bidez. Departamentuari zuzenan egindako txostenak eta proposamenak kontseilu horrek berretsi beharko ditu osoko bilkuran, ofizialki organo aholku-emailearen proposamen gisa hartuak izan daitezen.

4. Betiere, Batzordeak egindako jardueren urteko memoria egin beharko du eta Nafarroako Gizarte Ongizateko Kontseiluaren Osoko Bilkurari igorri beharko dio.

5. Batzorde hau urtean hirutan bilduko da bilkura ohikoan eta, batzordeburuak edo batzordekideen gehiengoak eskatuta deitzen denean, bilkura berezian.

9. artikulua . Zerbitzuak baimentzeko, erregistratzeko eta homologatzeko sistemari buruzko batzordea.

1. Zerbitzuak baimentzeko, erregistratzeko eta homologatzeko sistemari buruzko batzordea honakoek osatuko dute:

a) 2 ordezkari gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentukoak, haietako bat batzordeburua izanen da eta idazkari lana beteko du. Departamentu horretako titularrak izendatuko ditu.

b) Bi ordezkari enpresaburuen elkarte garrantzitsuenetakoak, beraiek izendatuak.

c) Ordezkari bat sindikatu garrantzitsuenetariko bakoitzeko, beraiek izendatuak.

d) Ordezkari bat Nafarroako toki entitateetakoa, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatua.

e) Bi ordezkari gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitateetakoak, entitate horiek ordezkatzen dituzten Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko kideek beren artetik izendatuak.

2. Batzorde honek eginkizun hauek izanen ditu:

a) Baimenak, erregistroan izen emateak eta administrazio homologazioak eskuratzeko eta mantentzeko gutxieneko adierazleak proposatzea eta jakinaraztea, enpleguaren kalitateari buruzkoaren kasuan izan ezik, eta zerbitzuak betetzen ote diren jarraipena egitea.

b) Gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskudunaren informazioa jasotzea emandako eta emateko bidean diren homologazioei buruz.

c) Nafarroako Gizarte Ongizateko Kontseiluaren Osoko Bilkurak zuzenean agintzen dizkion gainerako eginkizunak.

3. Batzordeak txostenak eta proposamenak egin ahalko dizkio gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskudunari zuzenean ala Nafarroako Gizarte Ongizateko Kontseiluaren Osoko Bilkuraren bidez. Departamentuari zuzenean egindako txostenak eta proposamenak kontseilu horrek berretsi beharko ditu osoko bilkuran, ofizialki organo aholku-emailearen proposamen gisa hartuak izan daitezen.

4. Betiere, Batzordeak egindako jardueren urteko memoria egin beharko du eta Nafarroako Gizarte Ongizateko Kontseiluaren Osoko Bilkurari igorri beharko dio.

5. Batzorde hau urtean hirutan bilduko da bilkura arruntean eta, batzordeburuak edo batzordekideen gehiengoak eskatuta deitzen denean, bilkura berezian.

10. artikulua . Kontseiluko kideen agintaldia.

1. Kontseiluko osoko bilkurako burua eta idazkaria izendatuak izan diren kargua betetzen duten artean izanen dira kontseilukide.

2. Honakoen ordezkariak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarenak, Toki entitateenak, Nafarroako Pertsona Helduak Tutelatzeko Fundaziokoak, ordezkaritza handiena duten enpresetakoak eta sindikatuetakoak eta unibertsitateetakoak, gizarte zerbitzuen gaietan eskumena duen departamentuko titularrak ordezkatzen ez dituen artean, egin beharreko proposamena egin ondoren.

3. Gizarte zerbitzuen arloko ekimen pribatuko entitateetako eta profesionalen elkargoetako ordezkariak gehienez ere lau urterako izendatuko dira. Denbora tarte hori igaro ondoren hautaketa prozesu berria hasi behar da. Kontseilukide horiek ordezkaritza izanen dute denbora tarte horretan, ez bada izendatuak izan ziren gizarte zerbitzuen arloko entitate pribatukoak edo profesionalen elkargokoak izateari uzten diotela.

11. artikulua . Ordezkoak.

Kontseilukide bakoitzak bere ordezkoa izanen du titularra bertaratzen ez den kasuetarako. Kontseiluburuaren ordezkoa kontseiluburuordea izanen da.

12. artikulua . Kalteordainak.

Bilkuretara joateko bizilekutik kanpora joan behar duten Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko osoko bilkurako eta batzordeetako kideei kalte-ordain bat emanen zaie, hain zuzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario publikoentzat horretarako ezarrita dagoen berbera.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena. Kredituak gaitzea.

Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak jarduteko behar diren kredituak gaituko ditu, aurrekontuetarako kasuan kasuko aurreproiektuaren bidez.

Bigarrena. Ordezkaritza orekatua.

Kontseiluko kideak izendatzerakoan, ahal dela, ahaleginak eginen dira gizon bezainbat emakume izan daitezen.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena. Arauetarako gaitasuna.

Baimena ematen zaio Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web