(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

93/2006 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 28KOA, INGURUMENA BABESTEKO ESKU-HARTZEARI BURUZKO MARTXOAREN 22KO 4/2005 FORU LEGEA GARATZEKO ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 8 - 17/01/2007; corr. err., BON 4/04/2007



  INGURUMENA BABESTEKO ESKUHARTZEARI BURUZKO MARTXOAREN 22KO 4/2005 FORU LEGEA GARATZEKO ERREGELAMENDUA. ATARIKO TITULUA


  XEDEA ETA APLIKAZIO EREMUA. INGURUMEN INFORMAZIOKO PARTEHARTZEA, HAREN HEDAPENA ETA INFORMAZIO HORI ESKURATZEA


  I. TITULUA. INGURUMEN ARLOKO JARDUERAK, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN BAIMENA BEHAR DUTENAK

  I. KAPITULUA. INGURUMEN ARLOKO BAIMEN INTEGRATUA

  II. KAPITULUA. INGURUMENEKO ERAGINETARAKO BAIMENA

  III. KAPITULUA. IREKITZEKO BAIMENA


  II. TITULUA. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN EBALUAZIOA BEHAR DUTEN JARDUERAK

  KAPITULU BAKARRA. Proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioa


  III. TITULUA. UDALEN JARDUERA SAILKATUKO LIZENTZIA BEHAR DUTEN JARDUERAK

  I. KAPITULUA. JARDUERA SAILKATURAKO UDAL LIZENTZIA

  II. KAPITULUA. IREKITZEKO UDAL LIZENTZIA


  IV. TITULUA. INGURUMEN ARLOKO ESKUHARTZEA BEHAR DUTEN JARDUEREN IKUSKAPENA

  I. KAPITULUA. ESKUMENAK, PLANGINTZA ETA INGURUMEN ARLOKO IKUSKAPEN MOTAK

  II. KAPITULUA. INGURUMEN ARLOKO IKUSKATZAILEAK

  III. KAPITULUA. INGURUMEN ARLOKO IKUSKAPEN PROZEDURA.

  IV. KAPITULUA. JAKINARAZTEKO BETEBEHARRAK


  V. TITULUA. INGURUMENAREN ARLOKO LEGEZKOTASUNAREN BERREZARPENA

  I. KAPITULUA. BAIMENIK EDO LIZENTZIARIK GABEKO JARDUERAK LEGEZTATZEA

  II. KAPITULUA. ZIURTAPEN NEURRIAK, ZUZENKETA NEURRIAK ETA ALDATUTAKO ERREALITATE FISIKOA KONPONDU BEHARRA


  VI. TITULUA. ZEHAPEN ARAUBIDEA

  1. ERANSKINA. DEFINIZIOAK

  2. A ERANSKINA. MUGAK ETA IRIZPIDEAK APLIKATZEAREN ONDORIOZ, INGURUMEN BAIMEN INTEGRATUAREN ETA INGURUMENAREN GAINEKO ERAGINAREN EBALUAZIOAREN MENPE DAUDEN JARDUERAK

  2 B ERANSKINA. INGURUMEN BAIMEN INTEGRATUAREN ETA INGURUMENAREN GAINEKO ERAGINAREN EBALUAZIOAREN MENPE DAUDEN JARDUERAK

  2. C ERANSKINA. INGURUMEN UKIPENETERAKO BAIMENAREN MENPE DAUDEN JARDUERAK ETA PROIEKTUAK

  3. A ERANSKINA. INGURUMENAREN GAINEKO ERAGINAREN EBALUAZIOAREN MENPE SOILIK DAUDEN JARDUERA ETA PROIEKTUAK, HAUTAPEN IRIZPIDEEN APLIKAZIOAREN ARABERA

  3. B ERANSKINA. NOLANAHI ERE INGURUMENAREN GAINEKO ERAGINAREN EBALUAZIOAREN MENPE SOILIK JARRIKO DIREN JARDUERA ETA PROIEKTUAK

  3. C ERANSKINA. INSTALAZIO ZEIN PROIEKTU BAT INGURUMENAREN ERAGINAREN EBALUAZIOAREN MENPE JARTZEKO IRIZPIDEAK

  4. A ERANSKINA. JARDUERA SAILKATUETARAKO UDAL LIZENTZIAREN ETA INGURUMENAREN GAINEKO ERAGINAREN EBALUAZIOAREN MENPE DAUDEN JARDUERAK, HAUTAPEN IRIZPIDEEN APLIKAZIOAREN ARABERA

  4. B ERANSKINA. JARDUERA SAILKATUETARAKO UDAL LIZENTZIAREN ETA BEHARREZKO INGURUMENAREN GAINEKO ERAGINAREN EBALUAZIOAREN MENPE DAUDEN JARDUERAK ETA INSTALAZIOAK

  4. C ERANSKINA. JARDUERA SAILKATUETARAKO UDAL LIZENTZIAREN MENPE EGON ETA AURRETIAZ INGURUMEN, LURRALDEAREN ANTOLAMENDU ETA ETXEBIZITZA DEPARTAMENTUAREN INGURUMEN TXOSTENA BEHAR DUTEN JARDUERAK ETA INSTALAZIOAK

  4. D ERANSKINA. JARDUERA SAILKATUETARAKO UDAL LIZENTZIAREN MENPE EGON ETA AURRETIAZ INGURUMEN, LURRALDEAREN ANTOLAMENDU ETA ETXEBIZITZA DEPARTAMENTUAREN INGURUMEN TXOSTENA BEHAR EZ DUTEN JARDUERAK ETA INSTALAZIOAK

  5. ERANSKINA. PERTSONEN NAHIZ ONDASUNEN SEGURTASUN ETA INTEGRITATERAKO JARDUERA ARRISKUGARRIAK, LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUAREN TXOSTEN LOTZAILEA BEHAR DUTENAK


Atariko

1

Foru dekretu honen bidez Ingurumena Babesteko Esku-Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten da. Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuak, ingurumen ukipenetarako baimena, proiektuen ingurumen ebaluazioa, udalen lizentzien menpeko jarduera sailkatuen araubidea, ikuskapen araubidea, hausten diren legeen berrezartzea, aldaturiko errealitate fisikoa konpontzea eta zehapen araubidea zehatz-mehatz arautzen dira.

Erregelamenduen maila duen arau bati dagokionez, legean espresuki arautzen ez diren xehetasun asko garatzen dira, lege horretan xedapenik orokorrenak biltzen baitira.

Erregelamenduaren egitura foru legeak duenarekin bat dator. Tituluak, kapituluak, atalak eta azpiatalak ezartzean zentzuzko hurrenkerari jarraitu zaio. Hori horrela, erregelamendua, bere 131 artikuluen bidez, aitzinsolas moduko zioen arrazoi argigarri batean, atariko tituluan, beste sei titulutan, bi xedapen gehigarritan, bi xedapen iragankorretan, bi azken xedapenetan eta erregelamenduan erabiltzen diren hitz nagusien definizioak eta haren aplikaziko eremuko jarduerak biltzen dituzten bost eranskinetan egituratzen da. 5. eranskinak pertsonen segurtasun eta integritaterako eta ondasunetarako arriskugarriak diren jardueren zerrenda biltzen du, alegia, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak baimena eman aitzin bere txostenaren beharra daukatenena.

2

Atariko Tituluan foru dekretuaren xedea ematen da eta Ingurumena Babesteko Esku-Hartzeari buruzko Legearen ingurumen informazioko parte-hartzeaz, haren hedapenaz eta informazio hori eskuratzeko eskubideaz dauden aurreikuspenak garatzen dira, gizartearendako hain garrantzia handia duen sektore honetan agintariek edo herritarrek parte hartzeko oinarrizko kontuak dira eta.

3

I. Tituluan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ingurumen baimena eman beharreko jarduerak arautzen dira, hiru kapitulutan. Haren I. kapituluan ingurumen baimen integratua arautzen da. Foru Legearen eta erregelamenduaren 2. eranskinean aipatzen diren instalazio eta jarduera guztiak haren menpe egonen dira. I. kapituluko 1. atalak ingurumen eragina ebaluatzeko prozedura integratzeko aurreikuspenak biltzen ditu, ingurumen baimen integratuaren menpeko instalazio edo jarduera batek ingurumen eraginaren ebaluazioa ere behar duenean, maiz gertatzen den bezala. Gero, 2. atalak baimena eskatu, tramitatzeko eta, bidezko bada, emateko prozedura administratiboa ezartzen du. Titulu honetako 3. atalean baimena emateko teknikaren orotariko xedapenak arautzen dira, ingurumen baimen integratuaren edukiari, haren eraginkortasunari, instalazioaren aldaketari eta baimenaren aldaketaren eta berritzeari dagokienez.

I. tituluko II. kapituluan ingurumen ukipenetarako baimena arautzen da, lurzoru urbanizaezinean egiten diren jarduerei eskatzen ahalko zaiena, baimena emateko beste tresna batzuen edo Ingurumena Babesteko Esku-Hartzeari buruzko Foru Legean aipatu eta erregelamendu honen bidez garatzen diren txostenen menpe ez badaude.

Azkenik, I. tituluaren barruan, III. kapituluan, Foru Komunitateko Administrazioaren baimenaren menpe dauden jarduera edo instalazioak ireki edo abiarazteko baimena eta hori lortzeko prozedura arautzen dira.

4

Erregelamenduko II. tituluan proiektuen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpe dauden jarduerak aztertzen dira, non hura emateko ingurumen organo eskuduna Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua baita.

Proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioa aukerakoa izan daiteke, Foru Administrazioak irizpide batzuen arabera erabakirik, edo nahitatezkoa berariaz aipatzen diren proiektuetarako. Hori horrela, ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko orotariko xedapenak eta prozedurak ezartzen dira, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanaren eta adierazpenaren edukia ere bai, adierazpen hori Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura igorri behar den kasuetan.

5

Erregelamenduko III. tituluan kokatzen direneko mugapeetako udalen kontrolaren eta esku-hartze administratiboaren menpeko jarduera sailkatuen araubidea arautzen da. Eragozpenak sortu, osasun baldintzak aldatu, ingurumenari kaltea egin edo pertsonendako edo ondasunendako arriskugarriak izan daitezkeeen jarduera gehienak daude araubide horren menpe. Erregelamenduak, foru legean xedaturikoarekin bat, udalak parte hartzeko teknika garatzen du maila batzuetan. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aldez aurretik txostena eman behar dueneko jardueretan, txosten hori aginduzkoa izanen da eta jardueraren lizentzia ematean lotzailea. Jarduera sailkatuen arloan orotariko xedapenak eta prozedurak ezartzen dira, jarduera ingurumen kontrol gisa bakarrik jarduera sailkatuen lizentziaren menpe dagonean eta jarduera horien ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa ere behar dutenean. Kasu horretan, jardueraren lizentzia eman edo ukatzean, instalazioa kokatu nahi deneko mugapeko udalarendako ere lotzailea izanen da.

Azkenik, irekitzeko udal lizentzia aurreikusten da jarduera sailkatuen udal lizentziaren bidez baimenduriko jarduerak abian jarri baino lehenagoko betebehar gisa. Horren funtsa instalazioa eta lizentzian ezarririko baldintza eta neurri zuzentzaileak egokitasunez bete direla egiaztatzea da.

6

Ingurumen arloko esku-hartzearen menpeko jardueren ikuskapena Erregelamenduko IV. tituluan arautzen da.

Horretarako, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, txosten lotzaileak eman dituzten Administrazioko beste departamentu batzuek eta jarduera sailkatuen udal lizentziaren menpeko jardueren kasuan toki entitateek ikuskapenen arloan partekatzen dituzten eskumenak banatzen dira. Eta, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren esku dauden ikuskapenen kasuan, haien plangintza zehatz-mehatz arautzen bada ere, beste kasuetan xedatzen da ikuspena organo eskudun bakoitzaren antolamenduzko eskumenen arabera eginen dela.

Ikuspen arloako kontu erkide guztiak arautu ondoren, jakinarazi beharrak ere arautzen dira. Honakoak zehazten dira: jakinarazpen horretara beharturik dauden subjektuak, nahitaez jakinarazi beharreko gertaerak eta 2A eta 2 B eranskinetako instalazioen titularrek eta jarduera sailkatuen udal lizentziak hala xedatzen duenean 4A, 4B eta 4C eranskinetako instalazioenek urtero Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aurkeztu behar duten txostenaren edukia.

7

V. tituluak ingurumenari buruzko legezkotasuna berrezartzea arautzen da. Aginduzko lizentzia edo baimenik ez daukaten jardueren legeztatzea eta aldaturiko errealitate fisikoa aseguratu, zuzendu eta konpontzeko neurriak bereizten dira. V. tituluko I. kapituluan baimen edo lizentziarik ez daukaten jarduerak legeztatzeko kasuak zehazten dira eta horretarako erabili beharreko prozedura eta legezkotasuna berrezartzeko hartu beharreko kautelazko neurriak ezartzen dira.

I. kapituluan, lehenbizi, ingurumenari egiten zaizkion kalteen kontra aseguratzeko neurriak arautzen dira. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eskumena ematen zaio, ingurumen baimen integratua edo ingurumen ukipenetarako baimena (eta, bidezko bada, txostenak) onartu baino lehen, berme bat eskatzeko edo jardueraren titularra behartzeko erantzukizun zibileko edo ingurumenarekiko erantzukizuneko nahitaezko aseguru bat bere gain hartzera, ingurumena lehengoratzeko eta baimenduriko jarduera edo instalazioak ingurumenari egiten ahal dizkion kalteak saihestu, gutxitu edo desagerrarazteko neurriak ziurtatuko dituena. Bigarrenik, ingurumen arloko esku-hartzearen menpeko instalazioek gaizki funtzionatuz gero, neurri zuzentzaileak hartzea aurreikusten da. Kautelazko neurri eredugarri gisa, jarduerak bertan behera uztea aurreikusten da, eztabaidarik onartzen ez duten kasuetan. Azkenik, neurri zuzentzaileak subsidiarioki hartzeko aukera aurreikusten da, ingurumen arloko esku-hartzearen menpeko jarduera baten titularrak hartu nahi ez baditu.

Europar Parlamentuak eta Kontseiluak ingurumenerako kalteak saihestu eta konpontzeko ingurumenarekiko erantzukizunaz 2004ko apirilaren 21ean eman 2004/35/EE Zuzentarauarekin bat, Ingurumena Babesteko Esku-Hartzeari buruzko Foru Legearen aurreikuspenak garatzeko, erregelamenduak xedatzen du, ingurumenari kaltea eginez gero edo errealitate fisikoa edo biologikoa baimendu ez bezala aldatuz gero, aldaturiko errealitate fisiko edo biologikoa konpondu edo lehengoratu behar dela edo ingurumenerako baliokideak diren ondorioak dituzten ordainak eman eta, hala bada, ingurumenari eginiko kalteari dagokion ordaina pagatu, kasuan-kasuan bidezko diren zehapen penal edo administratiboak galarazi gabe. Erregelamenduak berariazko prozedura bat arautu du, beregaina dena, eta konpondu eta ordaindu beharrari buruzko ebazpenaren edukia eta hori emateko epea zehazten ditu. Halaber, eginbehar horiek nahitaez burutzea aurreikusten da, isunen bidez, exekuzio subsidiarioaren bidez eta premiamenduaren bidez.

8

Erregelamenduko azken tituluak, VI.ak, zehapen araubidea biltzen du. Arlo hori ukitzen duen legezko erreserba dela eta, Ingurumena Babesteko Esku-Hartzeari buruzko Foru Legean zehapen araubide horren funtsa biltzen da. Erregelamenduak legea ezinbestez osatu besterik ez du egiten, zehaztasun txikien bidez eta legearen menpe dauden arauzko garapenen bidez.

Ez-betetze larriak eta arinak zehazteko kontuan hartu beharreko irizpideen identifikazioa bereziki garrantzitsua da. Horrekin zehapen organoak neurtzeko duen ikuspegi zabala gutxitzen da eta, kasuan-kasuan, ez-betetze larriak eta ez-betetze arinak zehazten baitira, kontzeptu juridiko horiek zehaztugabeak dira eta. Zehapen prozeduraren izapideen antolaketa (zehapen prozeduraren bermeari buruz arauak ezartzen baititu), aldez aurretiko jarduketak, behin-behineko neurriak, prozeduraren hastapena, kargu agiriaren edukia, alegazioen izapidea, probaldia, jarduketa osagarriak, ebazpenaren edukia eta ebazpen hori eman eta jakinarazteko epea ere badira erregelamenduzko garapenaren xede.

Xedapen iragankorraren arabera, ingurumen baimen integratuaren menpeko instalazioei ez zaie eskatuko ingurumen eragina adierazteko izapidea, 2 A eta 2 B eranskinetan egoteagatik beharrezkoa izanen balitz ere. Xedapen horren oinarria da instalazio horiei ez zitzaiela betebehar hori eskatzen ahal Estatuko oinarrizko arautegiaren arabera. Gainera, ezarririko epeetan tramitatu beharko duten ingurumen baimen integratuaren kontzesioa ingurumen arloko kontrola bada, ingurumen eraginaren adierazpena bera bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa da. Beraz, ingurumenaren babesa, ondorio juridikoa den aldetik, erabat bermaturik dago.

9

Azkenik, kontuan hartzekoa da Ingurumena Babesteko Esku-Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko azken xedapenetako laugarrenak Nafarroako Gobernuari esku ematen diola foru legea betearazi eta garatzeko behar diren erregelamenduzko xedapenak emateko eta horixe dela foru dekretu honen xedea.

Horrenbestez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin eta Nafarroako Gobernuak 2006ko abenduaren 28an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu Bakarra. Ingurumena Babesteko EskuHartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamenduaren onespena.

Ingurumena Babesteko Esku-Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamendua onesten da. Haren testua ondoren ematen da.

Lehen Xedapen Gehigarria. Udalez gaindiko proiektuak.

Udal mugape batean baino gehiagotan ezarri nahi diren proiektuek ukituriko udal guztien baimenak lortu beharko dituzte. Horrek ez dio eragotziko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari proiektu osoaz bere azterketa, bere txostena eta, bidezko bada, bere baimena ematea. Horretarako, herriko etxe bakoitzean proiektu osoa aurkeztuko da tramitatua izan dadin.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Loturiko proiektuen tramitazioa.

Nahitaez loturik dauden proiektuak batera tramitatuko dira, baimen bereiziak behar badituzte ere.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa. Ingurumen baimen integratuaren menpeko instalazioetarako araubidea.

2A eta 2 B eranskinetan aipatzen diren instalazioak egokitzeko, ingurumen eraginaren adierazpena lortzeko prozedurak tramitatu beharrik ez da izanen ingurumen baimen integratua lortzeko.

Bigarrena. Pertsonen osasunerako arriskugarriak diren jarduerak.

Pertsonen osasunerako arriskugarriak diren jarduerak erregelamendu bidez zehazten ez direino, urriaren 22ko 304/2001 Foru Dekretuaren III. eranskineak indarrean iraunen du. Hala ere, Osasun Departamentuaren txostenaren menpeko jarduera sailkatuak zehazteko lizentzia sailkatuaren udal lizentziaren menpeko jarduerak kontuan hartuko dira, foru dekretu honen aipatzen diren nondik norakoekin.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetzen diren arauak.

Foru dekretu honek ezarririkoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak indarrik gabe gelditzen dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa. Erregelamendu bidezko garapenerako gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari, foru dekretu hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapenak eman ditzan.

Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

XEDEA ETA APLIKAZIO EREMUA. INGURUMEN INFORMAZIOKO PARTE-HARTZEA, HAREN HEDAPENA ETA INFORMAZIO HORI ESKURATZEA

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Erregelamendu honen xedea Ingurumena Babesteko Esku-Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea arautzea da. Honako hauek arautu nahi dira Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan: parte-hartze publikoa, ingurumen arloko informazioan oinarriturik, kutsadurarako aurreneurri eta kontrol integratuak, ingurumen ukipenetarako baimena, instalazioak irekitzeko baimena, ingurumen eraginaren ebaluazioa, jarduera sailkatuen araubidea, ikuskapen araubidea, hautsiriko legeak berrezartzea eta aldaturiko errealitate fisikoa konpontzea.

2. artikulua. Ingurumen informazioko partehartze publikoa, haren hedapena eta informazio hori eskuratzea.

1. Herritar guztiei eskubidea aitortzen zaie baimena edo txostenak emateko erregelamendu honen bidez arautzen diren prozedurei dagozkien erabakietan parte hartzeko, egiazki eta eraginkortasunez.

2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak informazio sistema bat eduki beharko du honako kontuetaz aski diren datuak biltzen dituena:

a) Uren, airearen, lurren, animalien, landareen, paisaiaren, 2000 Natura Sarearen eta Nafarroako Foru Komunitatean babes bereziko eremuen egoeraz eta kalitateaz eta elkarrenganako eraginaz.

b) Ingurumena kudeatzeko plan eta programez eta ingurumena babesteko gainerako jarduketa publikoez edo ingurumenaren osagai eta baldintzak ukitu dituzten edo ukitzen ahal dituztenez.

c) Ingurumenaren kalitatearen xede eta arauez.

d) Emisio kutsagarrien foku nagusiez.

e) Emisioetarako baimenduriko gehieneko mugez eta ingurumen baimenetan ezarririko gainerako baldintzez, erabiltzen ahal diren teknikarik hoberenez, instalazioaren ezaugarri teknikoez eta haiek zehazteko erabiliriko ingurumenaren tokian tokiko baldintzez.

f) Nafarroako Foru Komunitateko lurraldea ukitzen duten plan, programa edo proiektuei buruzko ingurumen ondorioen adierazpenez eta ingurumen eraginaren adierazpenez.

3. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aldian-aldian orotariko informazioa zabalduko du ingurumen adierazleen bidez, lehen idatz-zatian aipatzen diren kontuez

4. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren esku dagoen informazioa, sistematizatua, herritar guztiei eskuratu ahal izateko baliabideak erabiliz plazaratuko da, horretarako baliabide edo euskarri digitalak barne.

5. Artikulu honetan arauturiko informazioa ingurumen arloko informazioa eskuratzeko eskubideari buruzko legeetan aurreiksuirikoarekin bat argitaratuko da.

3. artikulua. Ingurumenari buruzko informazioa biltzea.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan baimenak edo txostenak emateko prozesuetan tramitatzean aurkezten den ingurumen informazio guztia eta instalazioa edo jarduera abian jarri ondoren aurkezturiko zainketa txostenen ondoriozkoa ingurumenari buruzko informazio sisteman sartuko da eta horren bidez zabaldu eta eskuratzeko aurreko artikuluan arautzen den araubideari lotuko zaio.

I. TITULUA. INGURUMEN ARLOKO JARDUERAK, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN BAIMENA BEHAR DUTENAK

I. KAPITULUA. INGURUMEN ARLOKO BAIMEN INTEGRATUA

4. artikulua. Haren menpeko jarduera eta instalazioak.

1. Erregelamenduko 2 A eta 2 B eranskinetan aipatzen diren titulartasun publiko edo pribatuko jarduera edo instalazioen funtsezko aldaketak ezarri, ustiatu, garraiatu eta aldatzea ingurumen baimenaren araubidearen menpe daude. Produktu edo prozesu berriak ikertu eta garatzekoak kanpo geldituko dira.

2. Ingurumen baimen integratuak jarduera ekoizteko osagai eta lerro guztiak bilduko ditu, titular ezberdinenak izanik ere, I. eranskinean definitzen den instalazio kontzeptuaren barruan badaude. Hori horrela, industria multzo berean dauden osagai, ekipo eta lerro guztiak ere sartu beharko dira, erregelamendu honetako 2. eranskinean aipatzen ez diren industria jarduera edo prozesuei badagozkie ere, instalazioaren tokian, horren inguruko lurretan edo komunikazioek edo ibaiek bereizten dituztenetan garatzen badira eta haien jarduera izan bazen ingurumen baimen integratua emateko zergatikoa. Instalazioan edo multzoan industria jarduera edo prozesu batzuk garatzen badira, ingurumen baimen integratuan sorturiko kutsagarri bakoitzerako orotariko emisioen mugak ezartzen ahalko dira.

1. ATALA

INGURUMEN BAIMEN INTEGRATUA, INGURUMENAREN GAINEKO ERAGINAREN EBALUAZIOAREKIN

1. Azpiatala

Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteari buruzko erabakia, 2-a eranskineko jarduerak hautatzeko irizpideen arabera

5. artikulua. Laburpenmemoriaren aurkezpena.

2 A eranskineko proiektu eta instalazioen sustatzaileek, ingurumen baimen integratua eskatu baino lehen, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan proiektuaren memoria-laburpena aurkeztu beharko dute, proiektuaren ezaugarriak, kokagunea eta izan lezakeen eragina frogatuko dituena.

6. artikulua. Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpe jartzeko ebazpena.

1. Aurkeztutako laburpen-memoria ikusirik Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak 15 eguneko epea izanen du bere iritzia emateko proiektua Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpe jartzearen beharraz, 3-C eranskineko hautapen irizpideen arabera. Erabakia, arrazoitua izan beharko duena, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da proiektua edo jarduera Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio izapidea beharrezkoa ez dela erabakitzen denean.

2. Aurreko idatz-zatian aipatu epean ebazpenik eta jakinarazpenik ez emateak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpe jarri beharra ekarriko du.

2. Azpiatala

Ingurumen baimen integratua, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioarekin

7. artikulua. Laburpenmemoriaren aurkezpena eta aldez aurretiko kontsultak.

1. 2 B eranskinean azaldutako jardueretako bat ezartzea, ustiatzea, lekuz aldatzea edo funtsez aldatzea nahi duen sustatzaileak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan laburpen-memoria bat aurkeztuko du, zeinetan deskribatuko baitira proiektuaren ezaugarriak, kokapena eta izan dezakeen eragina.

2. Kasu horretan, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, aurkeztutako laburpen-memorian oinarrituz eta hura jaso eta hamar eguneko epean, proiektuak uki ditzakeen pertsona, erakunde eta administrazio publikoekin aldez aurreko kontsultak egin ditzake.

3. 2 A eranskineko jardueren kasuan, zeinetan ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio prozeduraren menpe jartzea erabaki baita, aurreko epea hogeita bost egunekoa izanen da, laburpen-memoria jasotzen denetik aitzina.

4. Aldez aurreko kontsulten erantzunak jaso ondoren, eta nolanahi ere, 2 A eranskineko jarduerentzat laburpen-memoria jaso eta gehienez ere hilabete eta hamabost eguneko epean, edo hilabeteko epean 2 B eranskineko jarduerentzat, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak kontsulten emaitza jakinaraziko dio sustatzaileari.

5. Sustatzaileak kontuan izan beharko ditu aldez aurreko kontsulten emaitzak ingurumen eraginaren azterlana idazterakoan, zeina aurkeztu beharko baitu ingurumen baimen integratua eskatzeko behar den dokumentazioarekin batera.

8. artikulua. Ingurumen eraginaren azterlana onartzea.

1. Sustatzaileak ingurumen eraginaren azterlana Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari igorriko dio, azterlanaren nahikotasunaren gaineko iritzia eman dezan.

2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, bi hilabeteko epean, sustatzaileari eskatzen ahalko dio akatsak osatu edo zuzendu ditzala. Bi hilabeteko epea sustatzaileari deus jakinarazi gabe pasatzen bada, ulertuko da ikerlana onartua izan dela.

3. Ingurumen baimen integratuaren ikerlana, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioarekin, tituluko honetako 2. atalean ezarririko ohiko prozedurako arauei jarraituz tramitatuko da.

9. artikulua. Ingurumenaren baimen integratua.

1. Ingurumen eraginaren adierazpena ingurumen baimen integratuan sartu eta erregelamendu honetako 21. artikuluan xedaturikoarekin bat argitaratuko da.

2. Ingurumen eraginaren adierazpena Estatuko Administrazio Nagusiak egiten badu, ingurumen baimen integratuan sartuko da.

2. ATALA

INGURUMEN BAIMEN INTEGRATUA LORTZEKO OHIKO PROZEDURA

10. artikulua. Hirigintzarekiko bateragarritasunari buruzko txostena.

1. Ingurumen baimen integratua eskatu baino lehen, instalazioaren titular edo sustatzaileak kokatu nahi deneko mugapeko udalari eskatu beharko dio txosten bat luzatu dezala, proiektua hirigintza planeamenduarekin bat datorrela frogatzen duena.

2. Hirigintzarekiko bateragarritasunari buruzko txostenaren eskabidearekin agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Egin asmo den instalazioaren kokaguneko planoa.

b) Proiektuaren memoria-laburpena, proiektuaren ezaugarriak, kokagunea eta izan lezakeen eragina frogatzen dituena.

c) Hirigintza planeamendua betetzen delako frogak eta, bidezko da, lurraldea antolatzeko tresna, hirigintza erabilerak, lerrokadurak, garaierak, eremu okupatu eta eraikiak eta sarbideak espresuki adieraziz.

d) Instalazioaren berariazko betebeharrak udal zerbitzu publikoei buruz. Bidezko bada, kasuan kasuko Mankomunitatearen txostena erantsiko da.

3. Udalak gehienez ere hogeita hamar eguneko epean luzatuko du hirigintzarekiko bateragarritasunari buruzko txostena, agiri guztiak aurkezten direnetik hasita, eta arrazoiak emanda, zehaztu beharko du egin asmo den instalazioa udalaren arautegiarekin eta planeamenduarekin bateragarria denetz.

4. Hirigintza txostenak aipamen bat bilduko du, instalazioa hirigintza planeamenduaren kokagunearekiko bateragarritasunaz bakarrik, kontu hauek aintzakotzat hartuz:

a) Finka loturik dagoeneko planeamendua, haren kokagunea eta urbanizazio gradua.

b) Lurzoruaren hirigintza sailkapena.

c) Onarturiko hirigintza erabilerak eta, bidezko bada, bakarrik hirigintza arloko mugarik ote dagoen.

d) Planeamenduaren aldaketak, prestatzen ari direnak eta instalazioaren kokagunea ukitzen ahal dutenak.

e) Bidezko bada, hirigintza planifikatzeko tresnak onetsi baino lehen haietan aurreikusiriko gorabeherak.

5. Txostena aurreikusiriko epean luzatzen ez bada, proiektu edo instalazioaren sustatzaileak ingurumen baimen integratuaren eskabidean hirigintzarekiko bateragarritasunari buruzko txostenaren eskabidearen kopia aurkezten ahalko du, non udal erregistroan sartu zeneko data agertuko baita.

6. Bateragarritasunari buruzko txostena ezezkoa baldin bada, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ebazpen arrazoitu bat emanen du, prozedura bukatutzeko, baldin eta departamentuak, ingurumen baimen integratua baino lehen, txostena hartu badu.

11. artikulua. Ingurumen baimen integratuaren eskabidearen aurkezpena.

1. Ingurumen baimen integratua Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura igorri beharko da, eskatzen ahal diren agiriekin batera, teknikari eskudun batek sinatua. Haren kopia bat euskarri informatikoan aurkeztuko da eta bost kopia paperean.

2. Ingurumen baimen integratuaren eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Udalaren hirigintza txostena, proiektuaren eta hurrengo artikuluan aipatzen den hirigintza planeamenduaren arteko bateragarritasuna frogatzen duena. Udalak hogeita hamar eguneko epean eman ezik, eskabidearen kopia aurkeztea aski izanen da.

b) Lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal den jarduera baldin bada, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko legerian aurreikusitako dokumentazio teknikoa. Kasua bada, Nafarroako industrialdeak eta industria jarduerak lurraldean ezartzeko eskatzen den dokumentazioa erantsiko da.

c) Oinarrizko proiektua, honako hauek bilduko dituena: jardueraren azalpen zehatza, instalazioak, ekoizpen prozesuak, lehengaien kontsumoak, ura eta energia eraginkortasunez erabiltzeko neurriak eta ingurumenean, bereziki Natura 2000 Sarean eta babes bereziko beste eremu batzuetan izan litzaketen ondorioak.

Baimenduriko instalazioak handituz edo aldatuz gero, ondorioen ebaluazioa baimena eman baino lehenagoko ingurumen eta ekologia arloko balioekin alderatuz ere egin beharko da.

d) Bidezko bada, urei buruzko legeek ur jabari publikora isurtzeko baimenerako eskatzen dituzten agiriak, arroko erakundeari dagokionean, isurkinak eskatu eta adierazteko eredu ofizialekin bat.

e) Instalazio berriak izanez gero edo daudenak handituz gero, bidezko bada, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana, erregelamendu honetan zehazten den edukiarekin.

f) Proiektuaren eta aurkezturiko agirien laburpen ez teknikoa, publikoak ulertzeko moduan. Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpeko proiektuetan laburpen hori sintesi agiriaren baliokidea izaten ahalko da.

g) Jarduera garatzeko eskura dauden teknikarik hoberenen azterketa ebaluazioa. Horretarako BREF agiriak, gidak eta eskuliburu teknikoak erabili beharko dira, aplikatzekoak badira. Aukeraturiko teknika hautatzeko alternatiben azterketa.

h) Airera, uretara eta lurrera emititzen ahal diren kutsagarriak emititzeko eta instalazioak kanpoaldean hotsa eragiteko mugen proposamena.

i) Jardueran sortutako hondakin mota guztien zerrenda zehatza, horien BREF kodea adieraziz eta ekoitzitako kopuruak edo balioetsitakoak. Halaber, horietako bakoitzerako instalazioetan egindako kudeaketa prozedura zehaztuko da eta, orobat, kodea eta kudeaketaren azken eragiketa.

j) Kasua bada, hondakin arriskugarrien sortzaile izateko baimena emateko behar den dokumentazioa, hondakinen arloan indarra duen legerian aurreikusitakoaren araberakoa.

k) Kasua bada, hondakinen kudeatzaile izateko baimena emateko behar den dokumentazioa, hondakinen arloan indarra duen legerian aurreikusitakoaren araberakoa.

l) Hondakin arriskugarriak sortzen dituzten instalazioen kasuan, sorturiko unitateeetan hondakin arriskugarriak ahalik eta gehien gutxitzeko azterlan bat sartu beharko da.

m) Lurzoruaren eta lur azpiko uren kutsadurari aurrea hartzeko berariazko neurriak.

n) Beharrezkoa bada, urrutiko edo mugaz gaindiko kutsadura gutxitzea bermatzen duten aginduak.

o) Kontrolatu eta zaintzeko programa: emisioak eta hondakinak tratatzeko sistemak eta prozedurak, haiek neurtzeko metodo zehatzak eta maiztasuna, eta neurketak ebaluatzeko prozedurak.

p) Instalazioaren ingurumen arriskuen azterketa eta ebaluazioa, ingurumenerako edo pertsonen osasunerako arriskuak identifikatu eta haiek neurtzeko bide emanen dutenak, eta gaizki funtzionatzeagatik edo istripuengatik izan litekeen kutsadura saihesteko berariazko neurriak.

q) Suteen kontrako babes neurri berariazkoak, aplikatzekoa den legerian aurreikusitakoak.

r) Hala bada, gai arriskugarriek parte hartzen duteneko istripu larriei buruzko arautegiak eskatzen dituen agiriak.

s) Bidezko den kasuetan kokagunea lehengoratzeko neurrietarako hartu beharreko berme ekonomikoaren zenbatekoa zehazteko behar diren argibide tekniko eta ekonomikoak eta hondakinen kudeatzaileen kasuan, hondakinei buruz indarra duten legeetan ezartzen den bermea.

t) Istripuetan edo instalazioa gaizki ibiltzean ingurumenerako edo pertsonen osasunerako sor daitezkeen ondorio kaltegarriak estaliko dituen erantzukizun zibileko aseguruaren estalduraren muga zehazteko, hori bidezkoa denean, eta hondakin arriskugarrien sortzaile eta kudeatzaileen kasu berezian, hondakinen arloko legeria indardunean ezarritakoaren araberako asegurua zehazteko, bide emanen duen beharrezko informazioa.

u) Dauden instalazioetan, eskura dauden teknikarik hoberenak eta hartu nahi den beste edozein neurri zuzentzaile ezartzeko epeak zehaztu beharko dira.

v) Kasu bakoitzean aplikatzekoa den arautegi sektorialak eskatzen duen beste edozein motatako informazioa edo dokumentazioa.

w) Isilpekotzat jotzen diren datuak, isilpekotasun horri eusteko eskubidea izateko frogekin batera, erregelamendu honetako 12. artikuluan xedatzen denarekin bat.

3. Instalazioaren titular edo sustatzaileak aurreko puntuko atal bakoitzean eskatzen diren agiriak elkarrengandik bereiziriko gehigarrietan aurkeztu beharko ditu.

4. Administrazio publikoen beste edozein erregistrotan aurkeztuz gero, organo hartzaileak ahalik eta lasterren igorri beharko ditu Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura eskabidea eta agiriak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko arautegian xedaturikoarekin bat.

12. artikulua. Eskabideko datuen isilpekotasuna.

1. Instalazioaren titular edo sustatzaileak zehaztu beharko ditu bere ustez indarra duten xedapenekin bat isilpekotzat jotzen ahal diren eskabideko datuak. Hala ere, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, arrazoiak emanda, erabakitzen ahalko du datu horiek ez dutela isilpekoak izan behar.

2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eskabideko kontu hauek jotzen ahalko ditu isilpekotzat:

a) Merkataritzari eta industriari buruzko informazioa, isilpekotasun hori legezko mailako arautegi batean aurreikusirik dagoenean, bidezko interes ekonomikoak babesteko, isilpekotasun estatistikoa eta sekretu fiskala mantentzeko interes publikoa barne.

b) Jabetza intelektual eta industrialaren eskubideak. Titularrak bere zabalpenean amore eman dueneko kasuak baztertzen dira.

c) Datu pertsonalak, Datu Pertsonalen Datuei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan arautzen diren bezala, baldin eta dagozkion interesatuak haiek tratatu edo azaltzea onartu ez badu.

3. Kokaguneari eta proiektuak edo instalazioak ingurumenaren gainean izan lezakeen eraginari buruzko datuak ez dira behin ere isilpekotzat hartuko, zehazki, uraren, energiaren eta erregaien kontsumoari, hondakinen sorrerari, aireratzeei eta hondakin urei buruzkoak.

13. artikulua. Eskabidea egiaztatzea.

1. Ingurumen baimen integratuaren eskabidea harturik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak hamabost eguneko epean egiaztatuko du aurkezturiko agiriek betebeharrak betetzen ote dituzten.

2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aurkezturiko agiriei aski edo egoki ez baderitze, instalazioaren sustatzaile edo titularrari jakinaraziko dio eta akats horiek zuzentzeko hamar eguneko epean emanen dio. Aditzera emanen dio, hala egin ezik, eskabidea bertan behera utzi eta bukatutzat emanen dela.

14. artikulua. Espedientea igortzea.

Eskabidea tramitatua izateko onarturik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak espedientea instalazioa kokaturik dagoeneko edo kokatu nahi deneko mugapeko Udalera, arroko erakundera, beharrezkoa bada, eta 17. artikuluan aipatzen diren Foru Komunitateko Administrazioko erakundeetara igorriko du, ingurumen baimen integratuaren gaineko ebazpenari txostena eman behar baldin badiote.

15. artikulua. Jendaurreko epea.

1. Espedientea osorik dagoenean eta, bidezko bada, kasuan kasuko arroko erakundeak aurkezturiko agiriak askiesten dituenean, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ingurumen baimen integratua, eskaturiko agiriak eta, bidezko bada, ingurumen eraginaren azterlana jendaurrean paratuko ditu, hogeita hamar egunez, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen direnetik hasita.

2. Jarduerak baimen administratibo substantiboa behar baldin badu, ingurumen baimen integratua jendaurrean egoteko izapidea baimenerako bera izaten ahalko da.

3. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak isilpekotzat jotzen dituen datuak jendaurreko izapidetik baztertuko dira.

4. Jendaurrean egoteko izapidea bukaturik, departamentuak jendaurreko epearen emaitza udalera, arroko erakundera, bidezko bada eta 17. artikuluan aipatzen diren Foru Komunitateko Administrazioko organoetara igorriko du, ingurumen baimen integratuaren gaineko ebazpenean txostenak egin behar badituzte.

5. Sustatzaileari jendaurrean egoteko epean harturiko alegazioak igorriko zaizkio, hamar eguneko epean, bidezkotzat jotzen duena adieraz ahal dezan.

16. artikulua. Udalaren txostena.

1. Jendaurreko epearen emaitza harturik, instalazioa kokaturik dagoeneko edo kokatu nahi deneko mugapeko udalak hogeita hamar eguneko epean txosten bat emanen du instalazioa bere eskumeneko kontu guztietarako egokitzen dela dioena.

2. Udalaren txostenak proiektua edo instalazioa Udalak hotsei, dardarei, hozberoari, usainei, aireratzeei eta udalaren saneamendu edo estolda sistemarako isurkinei eta udalaren eskumenak ukitzen dituen beste edozein konturi buruz ezarriak dituen zehaztapenetara egokitzen dela adierazi beharko du.

17. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste organo batzuen txostenak.

1. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak txostena eman beharko die lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren proiektu eta jarduerei.

2. Pertsonen osasunerako edo pertsonen edo ondasunen segurtasun edo integritaterako arriskugarriak diren jarduera edo instalazioei (azkeh horiek erregelamendu honen 5. eranskinean aipatzen dira) eta ingurumen baimen integratuaren menpe badaude, Osasun Departamentuak eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak txostena eman beharko dute osasunerako edo pertsonen edo ondasunen segurtasun eta integritaterako izan ditzaketen arriskuei buruz. Partikularzki, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak txosten bat emanen du suteen kontrako babes neurriei buruz, istripurik gertatuz gero husteko moduari buruz eta gai arriskugarriek parte hartzen duteneko istripu larrietan hartu beharreko aurreneurri eta kontrol neurriei buruz.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ingurumen baimen integratuaren baimena tramitatzeko eman behar dituen txostenak bi hilabeteko epean luzatu behar ditu, jendaurrean egoteko epearen emaitzaren ondoren espedientea hartzen duenetik hasita. Txosten horiei buruzko arautegiak epe luzeagoa baimentzen badu, kasu horretan epe horretantxe luzatuko baita.

4. Artikulu honetan aipatzen diren txostenak aginduzkoak eta lotzaileak izanen dira ingurumen baimen integratua eman edo ukatzeko.

18. artikulua. Arroko erakundearen txostena.

1. Instalazioak edo jarduerak ur jabari publikora urei buruzko legeen arabera baimena behar duten isurkinak eginez gero, kasuan kasuko arroko erakundeari txostena eskatuko zaio, aginduzkoa eta lotzailea, isurketaren onargarritasunaz.

2. Txosten hori espedientea igortzen denetik sei hilabeteko epean ematen ez bada, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak arroko erakundeari eskatuko dio gehienez ere hilabeteko epean eman dezala. Epe hori txostena hartu gabe bukatzen bada, jarduketek aurrera segituko dute eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ezarriko ditu isurketaren baldintzak ingurumen baimen integratuan.

19. artikulua. Ebazpen proposamena eta interesatuari entzunaldia emateko izapidea.

1. Ikusirik, eskabidean aurkezturiko agiriak, jendaurreko epean eginiko alegazioak, udalaren txostenak, bidezko bada, arroko erakundearenak, Foru Administrazioko organoenak eta Estatuko Administrazio Nagusiko ingurumen organoak ematen duen ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena, bidezko bada, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ebazpen proposamen bat prestatuko du baimena onartu edo ukatzeko, behar diren baldintzak edo neurri zuzentzaileak harturik.

2. Ebazpen proposamena prestaturik, interesatuei entzualdia emanen zaie, hamabost eguneko epean, bidezkotzat jotzen diren agiri eta frogak alegatu eta aurkeztu ditzaten. Txosten lotzaileen xede izan diren kontuei buruz alegaziorik aurkeztuz gero, alegazio horiek, ebazpen proposamenarekin batera, txosten horiek emateko eskudun diren organoetara igorriko dira, komenigarritzat jotzen dutena adieraz dezaten. Hori lotzailea izaen da beren eskumeneko arloei buruz.

3. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, interesatuek entzunaldiaren izapidean eginiko alegazioak baloratu ondoren eta, bidezko bada, txosten lotzaileen ondoriozko ingurumen baldintzak bildu ondoren, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari igorriko dio ebazpen proposamena, onets dezan.

20. artikulua. Ebazpena.

1. Ingurumen baimen integratuari buruzko ebazpena arrazoitua izanen da eta gehienez ere hamar hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskatzaileak eskabidea aurkezten duenetik hasita. Epe hori administrazio prozedurari buruzko arautegian xedatu bezala kontatuko da.

2. Epe hori ebazpenik jakinarazi gabe pasatzen bada, ulertuko da ezetsia izan dela.

21. artikulua. Ebazpena jakinarazi eta argitaratzea.

1. Ebazpena, erregelamendu honetako 22. artikuluan ezartzen den edukia izanen duena, sustatzaileari, jendaurren epean alegazioak aurkeztu dituztenei, instalazioa kokatzen deneko udalari eta txosten lotzaileak eman dituzten organoei jakinarazi beharko zaie.

2. Ingurumen baimen integratua eman edo aldatzen duten ebazpenak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko dira.

3. ATALA

XEDAPEN OROKORRAK

22. artikulua. Ebazpenaren edukia.

1. Ingurumen baimen integratua emateko ebazpenak eduki hau edukiko du gutxienez:

a) Jardueraren laburpena, honako hauek azaldurik: ekoizpen prozesua, instalazio eta ekipo nagusiak, lehengaien, energiaren, erregaien eta uraren kontsumoak eta, bidezko bada, produktu kimikoak biltzeko moduak.

b) Emisioen mugatik, eskura dauden teknikarik hoberenetan oinarrituak eta, bidezko bada, haiek ordezten dituzten neurri teknikoak, instalazioaren izaera eta ezaugarrien arabera, aireratzeei, isurkinei eta hotsei dagokienez.

c) Lurra eta lur azpiko ura babesten dituzten baldintza eta neurriak, bidezkoak badira.

d) Hondakinen sorrerari, kontrolari eta kudeaketa egokiari buruzko prozedurak eta metodoak, eskura dauden teknikarik hoberenetan oinarriturik.

e) Aireratzeak, iskurketak, hotsak eta dardarak tratatzeko sistema eta prozedurak.

f) Aireratzeak, isurketak, hotsak eta dardarak kontrolatzeko sistema eta prozedurak, haiek neurtzeko metodologia, haien maiztasuna eta neurketak ebaluatzeko prozedurak zehaztuz. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ezarriko du baimenaren edukiaren betetzea egiaztatzeko behar diren datuak jakinarazteko maiztasuna.

g) Normalez bestelako ustiapen baldintzei, ingurumenari eragin diezaioketenei, hala nola, funtzionatzeko aldi baterako araubideei, ihesei, funtzionamendu akatsei, aldi baterako geldialdiei edo behin betiko ixteei buruzko neurriak.

h) Suteen kontra babesteko neurriak eta istripurik gertatuz gero instalazioak hustekoak.

i) Energia, ura, lehengaiak eta bestelako baliabideak, bereziki ezin berritu direnak, eraginkortasunez erabiltzeko baldintzak.

j) Urrutiko edo mugaz gainiko kutsadura gutxitzeko hartu beharreko neurriak, bidezkoak badira.

k) Lurrak ingurumen kontuengatik lurzoru urbanizaezintzat jotzeko, Natura 2000 Sarean sartzeko edo eremu babestutzat jotzeko balio edo zergatikoak babesteko baldintzak, halakorik bada, jardueraren ukipen kaltegarriak gutxitu edo kentzeko zuzentze edo lehengoratze neurriak.

l) Hala bada, gai arriskugarriek parte hartzen duteneko istripu larrien arloan behar diren aurreneurriak eta kontrol neurriak.

m) Ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpenean ezartzen diren baldintzak.

n) Kasua bada, erantzukizun asegurua edo bermea, ingurumenari eginiko kalteak lehengoratze neurriei, prebentzioari, kalteak gutxitze edo saihesteari erantzuteko adinakoa.

ñ) Espedientearen tramitazio administratiboaren laburpena.

o) Jendaurreko epean edo ebatzi baino lehenagoko entzunaldian aurkezturiko alegazioen erantzuna.

p) Indarraldia.

q) Aplikatzekoak diren legeek ezartzen duten beste edozein neurri.

23. artikulua. Ingurumen arloko baimen integratuaren eraginkortasuna.

1. Ingurumen baimen integratuak ez die eragotziko titularrei indarra duten arauekin bat industria jarduerak abiarazi eta hasteko eskatzen ahal diren bestelako baimenak, lizentziak (obretarako udal lizentzia barne) eta txostenak eskatzea.

2. Baimena ematen denetik bi urte proiektua edo jarduera burutzen hasi gabe pasatzen badira, ingurumen baimen integratua iraungiko da eta ez du inolako ondoriorik izanen.

3. Ingurumen baimen integratua iraugitzeko, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza espresuki adierazpena eman beharko du, espediente administratibo baten ondoren, non titularrari entzunaldia emanen baitzaio.

4. Baimenak fase batean baino gehiagotan garatzen den proiektu oso baten exekuzioa biltzen ahalko du. Horretarako nahitaez egutegi bat bildu beharko du, non haietariko bakoitza burutzeko hasierako eta bukaerako epeak adieraziko baitira. Behin ere ezin izanen dira hiru urtetik gorakoak azken fasea hasteko eta lau urtetik gorakoak fase guztiak bukatzeko.

5. Ingurumen baimen integratua, aldatzen ahalko dena, gehienez ere zortzi urterako izanen da, ematen denetik hasita. Elkarren segidako aldietan berritzen ahalko da.

6. Toki entitateek ezin izanen dute obretarako lizentziarik eman ingurumen baimen integratuen menpeko jardueretarako, hura ematen ez deino.

24. artikulua. Instalazioa aldatzeko araubidea.

Ingurumen baimen integratuen menpeko instalazioen aldaketak funtsezkoak edo ez funtsezkoak izaten ahalko dira. Azken hauek nabarmenak edo ez nabarmenak izaten ahalko dira. Araubide honen menpe egonen dira:

a) Jardueraren titularrak, bai ingurumen baimen integratua behar duen instalazioan egin asmo den jardueraren ekoizpen prozesuan bai eta ingurumen emaitzekin loturiko alderdietan ere, egiten den edozein aldaketaren berri eman beharko dio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo ez nabarmena den.

b) Hilabeteko epean, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak espresuki adierazi beharko du jakinarazi duen aldaketa funtsezkoa edo ez funtsezkoa den eta kasu horretan nabarmena edo ez nabarmena den.

c) Instalazioaren titularrak aldaketari nabarmen ez deritzonean, egitea izanen du, betiere Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak hilabeteko epean aurkakorik adierazi ez badu, obra lizentzia edo beharrezkoak liratekeen bestelako baimenak tramitatzea galarazi gabe.

d) Instalazioaren titularrak edo Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aldaketari funtsezko baderitzo, beste ingurumen baimen integratu bat beharko da instalazio osorako. Aldaketa hori ez da egiten ahalko baimen berria eman arte.

e) Instalazioaren titularrak edo Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aldaketari nabarmen baderitzo, baimena 29. artikuluan ezartzen den prozedura erraztuari jarraituz aldatu beharko da. Aldaketa hori ez da egiten ahalko baimen berria eman arte.

f) Planteatzen den edozein aldaketa mota eskura dauden teknikarik hoberen aplikazioan oinarritu beharko da.

g) Aldaketa funtsezko baten ondorioz instalazioari ematen zaion ingurumen baimen integratuari instalazio osoari egokitu beharko zaio eta ez bakarrik aldaketaren xede den zatiari eta burutzeko epeak eta aldi baterako aginduak bildu beharko ditu, halakorik bada.

25. artikulua. Baimendutako instalazioaren funtsezko aldaketa.

1. Aurreko artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, funtzionamenduan aldaketa bat egitea instalazioaren funtsezko aldaketatzat joko da, baldin eta, segurtasunean, pertsonen osasunean edo ingurumenean eragin handiagoa izanik, honako inguruabar hauetako bat, jarduera sailkaturako hastapeneko ingurumen baimen integratuak aurreikusi gabekoa, gertatzen bada edo, badauden instalazioak izanez gero, instalazio bakoitzari emaniko baimen sektorialetan:

a) Instalazioaren ekoizpena ehuneko ehun baino gehiago handitzea, produktu edo zerbitzu unitatetan kontatua.

b) Uraren edo energiaren kontsumoa ehuneko berrogeita hamarretik gora gehitzea.

c) Eguratserako edozein kutsagarriren masa-emisioa edo edozein aireratze ehuneko hogeita bost baino gehiago gehitzea.

d) Instalazioan sorturiko isurkinen emari osoa edo ingurumen baimen integratuan ageri direnen arteko uretara isuritako ezozein kutsagarriren masa-karga ehuneko hogeita bost baino gehiago gehitzea.

e) Hasieran emandako baimenean aurreikusi gabeko substantzia edo prestakin arriskugarriak prozesuan sartzea edo horiek gehitzea, baldin eta horren ondorioz prestatu edo berrikusi behar baldin badira segurtasun txostena edo larrialdi planak, gai arriskugarriek sorturiko istripu larriei dagozkien arriskuak kontrolatzeko neurriak ezartzen dituen azaroaren 3ko 336/2004 Foru Dekretuak araututakoak.

f) Hondakin arriskurik gabeen sorrera urtean berrogeita hamar tona baino gehiago handitzea, hondakin inerteak barne, baldin eta horrekin %50 baino gehiago handitzen bada, hasieran emandako jarduera sailkaturako udal lizentzian ezarritako baldintzekin alderatuta, betiere jardueraren ohiko testuinguruan gertatzen badira.

g) Hondakin arriskugarrien sorrera urtean hamar tona baino gehiago handitzea, baldin eta horrekin %25 baino gehiago handitzen bada, hasieran emandako jarduera sailkaturako udal lizentzian ezarritako baldintzekin alderatuta, betiere jardueraren ohiko testuinguruan gertatuz gero.

h) Hondakin arriskugabeak errautsi edo batera errausteko instalazioen funtzionamendua aldatzea, hondakin arriskugarriak errautsiz edo batera errautsiz gero.

i) Inguruko naturgunearen kalitatearen edo airearen edo uraren berezko kalitatearen helburuak ez betetzea edo ez betetzeko arriskua egotea.

2. Halaber, irizpide kuantitatibo horiek metatuz aplikatuko dira, ingurumen baimen integratuak edo, badauden instalazioak izanez gero, kasuan kasuko baimen sektorialek indarrean dirauten bitartean.

3. Betiere, ulertuko da funtsezko aldaketa gertatu dela sartu nahi diren aldaketek erregelamendu honen 2A eta 2B eranskinetako mugetariko baten bat gainditzen dutenean.

26. artikulua. Baimendutako instalazioaren aldaketa ez funtsezkoa.

1. 24. artikuluan ezarritakoari dagokionez, instalazioaren aldaketa bat ez funtsezkotzat joko da funtsezkotzat jotzeko gorabehera bat ere gertatzen ez denean.

2. Halaber, aldaketa ez funtsezkoa nabarmentzat jotzen ahalko da instalazioaren funtzionamendu baldintzetan aldaketa garrantzitsuak sortzen baditu, daukan baimenean kontuan hartzekoak, baimen hori aldatzeko moduan.

3. Orobat, aldaketa ez funtsezkoa ez nabarmentzat joko da daukan baimenean kontuan hartzeko aldaketa garrantzitsurik sortzen ez badu, baimen horretako funtzionamendu baldintzek bere horretan irauteko moduan.

27. artikulua. Ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzea.

Ingurumen baimen integratuan ezarririko baldintzak ofizioz aldatzen ahalko dira, gorabehera hauetariko baten bat gertatzen denean:

a) Instalazioak sorturiko kutsaduragatik emisioen mugak edo baimenaren beste baldintza batzuk aldatzea komeni denean.

b) Eskura dauden teknikarik hoberenetan aldaketa garrantzitsuak izatearen ondorioz, emisioak nabarmen murriztea dagoenean, gehiegizko kosturik ezarri gabe.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendua segurtatzeko beste teknika batzuk erabili beharra dagoenean.

d) Baimenaren baldintzak berrikustera behartzen duten gorabeherak agertu direla uste bada. Aldaketa ur jabari publikora egiten diren isurkinen baldintzen gainekoa denean, arroko erakundeari isurketaren baldintzen gaineko beste txosten lotzaile bat eskatu beharko zaio.

e) Instalazioari aplikatzekoa zaion indarreko legeriak hala eskatzen duenean.

28. artikulua. Ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzeko prozedura.

1. Ingurumen baimen integratua ofizioz aldatzeko prozedurari hasiera emateko erabakia Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak hartuko du eta bertan azalduko dira aldaketa egiteko arrazoiak eta zein diren aldatu nahi diren baldintzak, bai eta horiek ezartzeko zentzuzko epea ere.

2. Ingurumen baimen integratua emateko prozeduran txosten lotzailea egin zitzaien baldintzeetako bat ukitzen badu aldaketak, organo eskudunei aldaketa horri buruzko txostena eskatu beharko zaie.

Egoki jotzen bada, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aldaketa espedientea jendaurrean paratzen ahal du, hamabost egunez, horren iragarkia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoren.

3. Erabakia eta, kasua bada, jendaurreko epeak emandakoa, ingurumen baimen integratuaren titularrari igorriko zaio, hogeita hamar eguneko epean egoki iruditzen zaizkion alegazioak aurkez ditzan.

4. Ingurumen baimen integratuaren baldintzak aldatzeari buruzko ebazpena eta aldaketak ezartzeko epea interesatuari jakinaraziko zaizkio sei hilabeteko epean, prozedurari hasiera emandako egunetik aitzina. Epe hori iraganik, prozedura iraungitzat joko da.

5. Ebazpena interesatuari, instalazioa kokatzen deneko mugapeko Udalari eta txosten lotzailea luzatu duten beste organoei jakinaraziko zaie.

29. artikulua. Ingurumen baimen integratuaren aldaketa nabarmenetarako prozedura.

1. Aldaketa nabarmen bat egin nahi duen jarduearen titularrak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak baimena aldatzeko eskabidea aurkeztu beharko du. Horrekin batera, aldaketarako proiektu teknikoa eta jardueraren aldaketak ukitzen ahal dituen baldintzei buruzko agiriak aurkeztuko dira, hirigintzarekiko bateragarritasunari buruzko Udalaren adostasun txostena barne.

2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak baimenaren titularrari eskatzen ahalko die hamar eguneko epean eskabideko akatsak zuzendu edo behar diren agiriak aurkeztu ditzala. Ohartaraziko du horrela egin ezik ulertuko dela eskabidea bertan behera utzi duela.

3. Ingurumen baimen integratua emateko prozeduran txosten lotzailea egin zitzaien baldintzeetako bat ukitzen badu aldaketak, organo eskudunei aldaketa horri buruzko txostena eskatu beharko zaie.

4. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ebazpen proposamen bat prestatuko du aldaketaren eskabideaz. Horren berri jakinaraziko zaio eskatzaileari, hamar eguneko epean, bidezkotzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan. Txosten lotzaileen xede izan diren kontuei buruz alegaziorik aurkeztuz gero, alegazio horiek, ebazpen proposamenarekin batera, txosten horiek emateko eskudun diren organoetara igorriko dira, komenigarritzat jotzen dutena adieraz dezaten. Hori lotzailea izaen da beren eskumeneko arloei buruz.

5. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aldaketa nabarmena baimenduko du eta ebazpenean ingurumen baimen integraturako baldintza berriak eta baldintza horiek betetzeko epea ezarri beharko ditu eta, hala bada, aldi baterako aginduak ere bai.

Prozedura erraztuaren bidezko baimen aldatuaren indarraldia titularrak zeukan indarralditik gelditzen den denborarako izanen da.

6. Ebazpena interesatuari, instalazioa kokatzen deneko mugapeko Udalari eta txosten lotzailea luzatu duten beste organoei jakinaraziko zaie.

7. Eskabidea aurkezten denetik bi hilabeteko epean hartuko da eta jakinaraziko zaio eskatzaileari. Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe, aldaketa nabarmenaren eskabidea ezetsi dela ulertzen ahalko da.

30. artikulua. Ingurumen baimen integratua berritzeko prozedura.

1. Instalazioaren titularrak, ingurumen baimen integratuaren indarraldia bukatu baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan eskatu beharko du hura berritzea.

2. Ingurumen baimen integratua berritzeko eskabidean Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari ingurumen egoeraren azterlan bat aurkeztu beharko zaio, kontu hauek bilduko dituena:

a) Baimenaren betetze-mailari buruzko ingurumen txostena.

b) Baimenduriko jarduerak ukituriko ingurunearen ingurumen egoera.

c) Instalazioari aplikatzen ahal zaizkion eta gaur egun eskura dauden teknikarik hoberenen ebaluazioa.

d) Instalazioen gaur egungo egoerari buruzko agiri tekniko bat.

e) Instalazioan gaur egun ingurumenean duen eragina ahalik eta gehien gutxitzeko geroan hartu beharreko neurrietarako oinarrizko proiektua.

f) Arlo horretan indarra duen arautegiaren arabera susteen kontra babesteko ezarririko neurriei buruzko txostena.

3. Berritze prozedura honetan, izapide hauei jarraitu beharko zaie:

a) Jendaurrea paratzea, 30 egunez.

b) Instalazioa kokatu nahi deneko mugapeko Udalaren aginduzko txostena, eskatzen denetik hilabeteko epean luzatu beharrekoa.

c) Instalazioak ur jabari publikora isurketarik eginez gero, arroko erakundearen txostena.

d) Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren txostena, bere eskumeneko arloei buruz.

4. Ingurumen baimen integratuaren indarraldia bukatzean, berritzeko eskabideaz (artikulu honetako 1. idatz-zatiarekin bat eginik), ulertuko da hura onartua izan dela eta beraz ulertuko da ingurumen baimen integratua baldintza beretan berritu dela.

II. KAPITULUA. INGURUMENEKO ERAGINETARAKO BAIMENA

31. artikulua. Menpeko jarduerak.

1. Lurzoru urbanizaezinean kokaturik dauden eta 2C eranskinean aipatzen diren titulartasun publiko edo pribatuko proiektu, instalazio edo jarduerak ezarri, ustiatu, garraiatu edo funtsean aldatzea egonen dira ingurumen ukipeetarako baimenen menpe.

2. Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena bilduko du, hori hirigintzari buruzko legeekin bat eskatzen ahal denean.

3. Artikulu honetako lehen idatz-zatian aipatzen diren instalazio edo jarduerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organo batek sustatzen dituenean, ingurumen ukipenei buruzko txostena beharko da bakarrik.

32. artikulua. Aldez aurreko aukerako txostena.

1. Ingurumen ukipenetarako baimenarn eskabidea aurkeztu baino lehen, nahi badu, proiektu, jarduera edo instalazioaren sustatzaileak txosten bat eskatzen ahalko dio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari proiektuaren ingurumen baldintzez, kokaguneari eta ezaugarriei dagokienez.

2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak informazio eskabidea hogeita hamar eguneko epean erantzun beharko du.

3. Aurretiko txostenaren edukia ez da lotzailea izanen ingurumen ukipenetarako baimenaren prozeduran emanen den ondorengo ebazpenarendako, baina jarraibideak edukitzen ahalko ditu ukipenen azterlan egokiaz edo proiektuaren ingurumen komenentziarik ezaz.

33. artikulua. Eskaera.

1. Ingurumen ukipenetarako baimenaren eskabidea Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura igorriko da eta harekin batera agiri hauek aurkeztu dira (hiru kopia):

a) Jarduera edo instalazioa zehatz-mehatz azaltzen duen agiri teknikoa eta ingurumen ukipenei buruzko azterlan bat, ingurumenaren gainean eta bereziki 2000 Natura Sarean eta babes bereziko beste eremu batzuetan izan ditzakeen ondorioak identifikatu eta ebaluatzen dituena.

b) Indarra duten xedapenekin bate eskatzailearen arabera isilpekotzat jotzen diren datuak zehaztea.

c) Aplikatzekoa den sektoreko legeriak eskatzen dituen beste agiriak bereziki, beharrezkoa denean, lurzoru urbanizaezinaren balioak babesteko baldintzak, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko legerian, udal planeamenduan edo lurraldea antolatzeko beste tresna batzuetan xedatu bezala.

2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aurkezturiko agiriei aski ez baderitze, sustatzaileari jakinaraziko dio eta akats horiek zuzentzeko hamar eguneko epean emanen die. Aditzera emanen dio, hala egin ezik, eskabidea bertan behera utziko eta bukatutzat emanen dela.

Agiriak osatu ondoren, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ingurumen ukipenei buruzko azterlana aski dela egiaztatuko du. Beharrezko baderitzo, agiri osagarriak eskatzen ahalko ditu eta horretarako espresuki epea adieraziko du. Ebazpena emateko epea departamentuak eskatzen diren agiri guztiak hartu arte ez da hasiko. Epe horietan, eskatzen diren agiri osagarriak aurkeztu ezik, administrazio prozedura erkideari buruzko arautegian horri buruz xedatzen dena eginen da.

34. artikulua. Ingurumen ukipenen azterlana.

1. Ingurumen ukipen azterlana proiektu edo jardueraren tamainara eta inguruneko ingurumen testuingurura egokitu beharko dira. Horregatik, gorabehera horien arabera, agiriek zehaztasun handiagoa edo gutxiagoa beharko dute.

2. Ingurumen ukipenen azterlanean eskuarki kontu hauek garatu beharko dira:

a) Proiektu edo jarduketaren azalpena, honako kontu hauek bilduko dituena:

Ukituriko lurzatien azalpen tekniko laburra.

Hasierako eta bukaerako egoeretako plano topografikoa.

Lurren azken helburua, jarduera itxi ondoren.

Burutu eta abiarazteko epeak.

b) Izan litezkeen alternatiben azalpena.

c) Egin asmo den jarduketak ukitzen ahal dituen ingurumen eta ekologia arloko balioen azalpena eta ebaluazioa.

Berezko landarediaren, flora bereziaren edo mehatxupekoaren identifikazioa eta ezaugarriak eta tokiak faunarendako duen garrantzia. Osagarri geologiko, ekologiko eta paisajistiko berezien identifikazioa.

Natura 2000 sareko eremu batean edo naturgune berezi batean gune horien ingurumen arloko balioetarako ukipenen berariazko kapitulu bat sartu beharko da.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren txostena, eremuan izan litezkeen aurkikuntza edo aztarnategiei buruz.

Interes kulturaleko osagaien identifikazioa.

Lehen aipatu diren ingurumen eta kultura balioetako mapa egokiak.

d) Proiektuak aurreko idatz-zatiaren arabera identifikatu den kontu bakoitzaren gainean sortzen dituen ingurumen ukipen aurreikusgarrien azalpena eta balorazioa. Proiektuak inguruan egiten diren beste jarduketa batzuekin metaturik duen eragina ere baloratu beharko da.

e) Baimenduriko proiektuei dagokienez, baimendu baino lehen hasierako ingurumen eta ekologia arloko balioak ere baloratu beharko dira.

f) Neurri babesle eta zuzentzaileak.

g) Egin asmo den proiektu edo jarduketak ukituriko interesatuen zerrenda.

h) Obrak egiten ari direino eta ustiatzean jarduerak hala behar duenean ingurumena zaintzeko programa.

35. artikulua. Tramitazioa.

1. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak jarduera egin nahi deneko mugapeko udalari hamabost eguneko epean igorrik dio eskabidea, adostasun txostena eman diezaion. Txosten horrek proiektuaren eta hirigintzaren arteko bateragarritasuna eta udalaren eskumeneko gainerako aferak aztertuko ditu eta 30 eguneko epean emanen da. Txostena ebazpena baino lehen hartzen baldin bada baloratuko da.

2. Udalaren txostena eskatzearekin batera, ingurumen ukipenik handienen kasuetan, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Deaprtamentuak eskabidea jendaurrean paratzen ahalko du, arrazoiak emanda, agiriekin batera, hogeita hamar egunez, interesatuei entzunaldia eman aitzin.

Udalaren eskumeneko gaiei buruz alegaziorik aurkeztuz gero, udalari jakinaraziko zaio, horrek jakin dezan. Udalak txostenik emanez gero, hori ematen den ebazpenen kontuan hartuko da.

3. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak txostena emanen die lurzoru urbanizaezinean baimendu behar diren proiektuei.

36. artikulua. Ebazpena.

1. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen du, arrazoituta, eskaria aurkeztu eta lau hilabeteko epean.

Baimenaren ordez txostena behar denean, Nafarroako Foru Komunitateak sustaturiko jarduerak izateagatik, hura emateko epea bi hilabetekoa izanen da, eskatzen denetik hasita.

2. Ebazpenak zehaztapen hauek bildu beharko ditu:

a) Proiektuaren oinarrizko ezaugarriak.

b) Proiektua burutzeko baldintzak eta neurri zuzentzaileak.

c) Kontrol eta zainketa plana, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aurkeztu beharko diren txostenen zerrenda barne, eta plan haren indarraldia.

d) Hirigintzako baldintzak, horrelakarik bada, eta balioak babestekoak edo lurrak lurzoru urbanizaezintzat jotzeko zergatikoak.

e) Proiektuaren eta Natura 2000 Sarea sortzeko babesaren helburuen edo ingurumenagatik eremu berezitzat jotzeko helburuen arteko bateragarritasuna.

f) Bidezko bada, lehengoratze neurriak erantzuteko adinako zenbatekoan eman behar den bermea, jarduketak hasi baino lehen pagatu beharko dena. Frogagiria eduki beharko da obrak egiten diren bitartean ikuskapen agintaritzari aurkeztu ahal izateko.

g) Indarraldia, zehazterik bada.

3. Ebazpena interesatuari eta proiektua egin asmo deneko mugapeko udalari jakinarazi beharko zaie partikularrek eskaturiko baimenak direnean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

4. Lau hilabeteko epean ebatzi eta jakinarazi ezik, ulertuko da ezetsi dela.

5. Baimen hori bestelako arautegien arabera eskatzen ahal diren gainerako baimen edo lizentzien tramitazioa deusetan galarazi gabe emanen da.

37. artikulua. Baimenaren iraungipena.

Ingurumen ukipenetarako baimena ematen denetik proiektua edo instalazioa burutzen edo baimenduriko jarduera egiten hasi gabe bi urte pasatzen badira, ingurumen ukipenetarako baimena iraungiko da eta ez du inolako ondoriorik izanen, salbu eta sustatzaileak frogatzen badu proiektua edo instalazioa abiaraztea eragotzi duten inguruabar objektiboak gertatu direla.

38. artikulua. Ingurumen ukipenetarako baimena ofizioz aldatzea.

Legearen menpeko proiektu, instalazio edo jarduera garatzeko ingurumen ukipenetarako baimenean ezarritako baldintzak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aldatzen ahal ditu eta ez da inolako kalte-ordainik izateko eskubiderik kasu hauetan:

a) Instalazio edo jarduerak ingurumenean izaniko eraginagatik baimenerako baldintzak aldatzea komeni denean.

b) Baimenaren baldintzak berrikustera behartzen duten gorabeherak agertu direla uste bada.

c) Instalazioari edo jarduerari aplikatzekoa zaion indarreko legeriak hala eskatzen duenean.

III. KAPITULUA. IREKITZEKO BAIMENA

39. artikulua. Irekitzeko baimenaren premia.

Irekitzeko baimena eskuratu beharko da kasu hauetan:

a) Ingurumen baimen integratua eskuratzearen ondorioz, delako jarduerarako aurrenekoa denean.

b) Aldaketa funtsezkoa egin izanaren ondorioz ingurumen baimen integratuak berriak eskuratzen direnean.

c) Aldaketa nabarmenen kasuan, espresuki bestela adierazi ezik.

d) Ingurumen ukipenetarako baimena lortzen denean, jarduera haiek ingurumen ukipenetarako baimenarekin osorik ezin burutu eta ondoren segitu behar direnean.

40. artikulua. Eskabidea.

1. Ingurumen baimen integratuaren edo ingurumen ukipenetarako baimenaren menpeko proiektu, jarduera edo instalazioaren titular edo sustatzaileak irekitzeko baimenaren eskabidea, instalazioak edo bestelako eraikinak eraikitzea berarekin badakar, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aurkeztu beharko da.

2. Eskabidearekin batera ziurtagiri bat aurkeztuko da, non frogatuko baita instalazioa bat datorrela onetsiriko proiektuarekin, instalazioetako behin betiko planoak eta udalaren ziurtagiria, obrak obretarako lizentziarekin bat datozela dioena.

3. Halaber, ziurtagiri baten bidez baimenean ezarririko neurri hartzaileak hartu direla eta neurketak eta egiaztapen praktikoak egin direla frogatu beharko du.

4. Teknikari eskudun batek luzatuko ditu ziurtagiri horiek eta, hala bada, kasuan kasuko lanbide elkargoak ikus-onetsiko ditu.

41. artikulua. Tramitazioa.

Eskabidea eta aurkezturiko agiriak ingurumen baimen integratua emateko izapidean parte hartu duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoei igorriko zaizkie, beren adostasun txostena eman diezaieten.

Txostena hamabost eguneko epean emanen da. Epe horretan ematen ez bada, tramitazioak aurrera segituko du.

42. artikulua. Ebazpena.

1. Aurkezturiko agiriak, eginiko ikuskapena eta luzaturiko txostenak ikusirik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ebazpena emanen du irekitzeko baimenaren eskabideaz.

2. Irekitzeko baimenaren eskaria aurkezten denetik hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko da.

Ebazpena ematen ez bada, irekitzeko baimena isiltasun positiboaren bidez emantzat joko da, indarreko legeriak besterik xedatzen duen jardueretan izan ezik.

3. Ingurumen ukipenetarko baimenean eskaturiko bermea itzultzea erabakiko da ebazpenean.

4. Ebazpena sustatzaileari eta jarduera edo instalazioa kokatu deneko mugapeko udalari jakinaraziko zaie.

43. artikulua. Gas, elektrizitate eta ur zerbitzuak eskuratzea.

1. Irekitzeko baimena energia elektrikoaren hartune edo hedapen, erregai likido zein gasezkoen erabilpen, edateko uraren horniketa baimenen eta jardueran aritzeko nahitaezkoak diren gaineko baimenenen aurretik eskuratu behar da.

2. Salbuespen gisa, gas, elektrizitate eta ur zerbitzuak eskuratzeko baimenak ematen ahal dira neurri zuzentzaileak ezartzeko probak egin beharra eskatzen duten instalazio edo jardueretarako.

3. Hornidura sarera lotzeko behin-behineko baimenean indarraldia espresuki azalduko da, aintzat hartuz jardueraren inguruabarrak eta izaera. Indarraldia bukatu bada irekitzeko baimena eskuratu eta egiaztatu gabe, besterik gabe hornidura moztuko da.

4. Hornidura sarera lotzeko behin-behineko baimenean bermea jartzea eska daiteke edo aseguru bat kontratatzea pertsona, ondasun eta ingurumenerako arrisku larria ekar dezaketen jardueren kasuan.

44. artikulua. Baimen partzialak.

Oso-osorik burutzen ez diren proiektu baimenduetarako irekitzeko baimen partziala eskuratzen ahal da, baldin eta burututako zatiari dagozkion neurri zuzentzaileak eta gainerako baldintzak bete baditu.

II. TITULUA. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN EBALUAZIOA BEHAR DUTEN JARDUERAK

KAPITULU BAKARRA. Proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioa

45. artikulua. Eskumena.

Proiektuek ingurumenaren gainean duten eragina ebaluatzeko prozedurak Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak tramitatuko ditu eta haien gainean ebatziko, salbu eta baimena emateko eskumen substantiboa Estatuko Administrazio Nagusiari dagokionean.

1. ATALA

PROIEKTU BATZUK INGURUMENAREN GAINEKO ERAGINAREN EBALUAZIOAREN MENPE HAUTATZE IRIZPIDEEKIN BAT JARTZEA

46. artikulua. Eskabidea eta memorialaburpena.

1. Erregelamendu honen 3A eranskineko proiektu publiko edo pribatuen titularrek Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren erabakiaren menpe jarri beharko dute beharrezkoa ote den proiektuak ingurumenaren gainean duen eragina ebaluatzea, administrazioaren beste edozein esku-hartze baino lehen.

2. Horretarako, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan proiektuaren memoria-laburpen batu aurkeztuko dute, proiektuaren ezaugarriak, haren kokagunea eta ingurumenaren gainean izan dezakeen eragina frogatuko dituena.

47. artikulua. Ebazpena.

1. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak hamabost eguneko epean ebatzi beharko du proiektua ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpe jarri behar denetz, erregelamendu honen 3C eranskineko ingurumen irizpideekin bat.

2. Erabakia, arrazoi eta guzti, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu da, erabakitzen denean ez dela beharrezkoa proiektua edo jarduera ingurumenaren gaineko eraginaren menpe jartzea eta bidezko de tramitazioa adierazi beharko du.

3. Artikulu honetako lehen idatz-zatin aipatu epean ebazpenik eta jakinarazpenik ez emateak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpe jarri beharra ekarriko du.

4. Proiektua ingurumenaren gainerako eraginaren ebaluazioaren menpe jartzea erabakitzen denean, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak hurrengo artikuluan arautzen diren aldez aurretiko kontsultak egiten ahalko ditu, aurreko artikuluan aipatzen den eskabidearekin batera aurkezturiko memoria-laburpena oinarri harturik.

2. ATALA

INGURUMENAREN GAINEKO ERAGINAREN NAHITAEZKO EBALUAZIOAREN MENPEKO PROIEKTUAK

48. artikulua. Ingurumen eraginaren azterlana baino lehenagoko kontsultak.

1. Erregelamendu honen 3B eranskineko proiektu publiko edo pribatuen titularrek proiektuaren memoria-laburpen bat aurkeztuko dute baimenaren eskabidearekin batera, organo eskudunaren aurrean, baimena eman diezaion, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedura tramitatzen hasteko.

3A eranskineko proiektuetan, ingurumen eragina adierazteko izapidearen menpe jartzea erabaki bada, memoria-laburpena erabakia harteko aurkeztu zutenaren baliokidea izanen da.

2. Memoria-laburpena harturik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, hamar eguneko epean, aurretiko kontsultak igortzen ahalko dizkie proiektuan interesa izan dezaketen pertsona edo erakundeei edo sustatzaileak egoki deritzen horiei, gehienez ere hilabeteko epean, ingurumen eraginaren azterlana egiteko bidezkotzat jotzen dituzten oharrak aurkez ditzaten. Ukituriko administrazioei betiere eginen zaizkie kontsultak.

3. Kontsultak erantzuteko aurreko idatz-zatian ezarririko epea bukaturik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak hilabeteko epean jakinaraziko dio kontsulten emaitza sustatzaileari, ingurumen eraginaren azterlana prestatzeko kontuan hartu beharko dituen alderdirik nabarmenenak aintzat hartuz. Horrela egin ezik, ulertuko da bertan behera utzi duela. Sustatzaileari espresuki eperik ezartzen ez bazaio, urtebetekoa izanen da.

49. artikulua. Ingurumen eraginaren azterlana.

1. Ingurumen eraginaren azterlanak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak erabakitzen dituen argibideak bilduko ditu.

2. Horretarako, eduki hau izanen du:

a) Proiektuaren azalpena, hari loturiko instalazioak, obrak burutzeko modua eta haien egutegia.

b) Alternatiba batzuen ebaluazioa. Aukera hori zabala izanen da, ingurumenaren gaineko orotariko eraginik txikiena zentzuz zehazteko modukoa.

c) Eskura dauden teknikarik hoberenen eta aplikatzekoak diren ingurumen praktikarik hoberenen azalpena.

d) Proiektuaren eraginpeko eremuan indarra duen hirigintza planeamenduko zehaztapenak, jarduketari lotuak egon daitezkeenak.

e) Proiektuaren eraginpeko eremuko populazioaren azterlan sozio-demografikoa.

f) Aldatzen ahalko diren natura baliabideen eta ingurumen, gizarte edo kultura faktoreen azalpena.

Berezko landarediaren ezaugarriak. Flora eta fauna berezia edo mehatxupekoa egotea. Tokiak faunarendako duen garrantzia neurtzea. Osagarri geologiko eta ekologiko berezien identifikazioa. Paisajearen azterlana.

Interes kulturaleko osagaien identifikazioa.

Lehen aipatu diren ingurumen eta kultura balioetako mapa egokiak.

g) _Sorturiko hondakinen, mota guztietako isurkin eta emisio kutsagarrien mota, kopuru eta osaerak eta haietarako kudeaketa aurreikusia.

h) Aurreko idatz-zatietan azaltzen diren inguruneko kontuei buruzko alternatiba proposatuaren ekintzek sortzen dituen eraginen identifikazioa eta balorazioa.

i) Zuzeneko edo zeharkako arriskuen sorreraren identifikazioa, ezaugarriak eta balorazioa.

j) Proiektu edo jardueraren eta indarra duen legeriaren arteko bateragarritasuna eta Europako, Espainiako edo autonomia erkideetako ingurumen plan eta programekin.

k) Aurreneurriak, neurri zuzentzaileak eta lehengoratzekoak edo ordainak azterlana eta proposatzea eta hondakinen eraginak adierazi eta haiek burutzeko kostua ekonomikoa neurtzea.

l) Ingurumena zaintzeko programa, neurri zuzentzaileak eta aurreneurriak burutzeko mailaren eta atarietan finkaturiko eraginkortasunaren jarraipenaren adierazleak bilduko dituena.

m) Azterlanaren labupen ulerterraza, non inguruneko faktore ukitu nagusiak, proiektuko ekintzen ondoriozko eraginik nabarmenenak, horiek bukatu, gutxitu edo orekatzeko proposaturiko neurriak eta zaintzeko kontrolak adieraziko baitira. Laburpen horrek azterlana prestatzean atzeman diren zailtasun informatibo edo teknikoei buruzko txostena ere bilduko du.

n) Proiektuak babes bereziko eremu bat edo Natura 2000 Sarekoa ukitzen duenean, gehigarri bereizi batean babestu beharreko helburu edo habitatei loturiko ukipenak zehaztu beharko dira, eremu horietako interpretazio eskuliburuekin bat.

o) Lehen ebaluaturiko proiektu bat handitu nahi denean, proiektu osoaren azterlana aurkeztu beharko da.

50. artikulua. Ingurumen eraginaren azterlana onartzea.

1. Sustatzaileak ingurumen eraginaren azterlana Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari igorriko dio, azterlanaren nahikotasunaren gaineko iritzia eman dezan.

2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, bi hilabeteko epean, sustatzaileari eskatzen ahal dio ingurumen eraginaren azterlana osatu edo akatsak zuzen ditzala, azterlanak ez baditu gutxieneko baldintzak betetzen edo nabarmen ez-nahikoa baldin bada. Epe hori sustatzaileari deus jakinarazi gabe bukatzen bada, ulertuko da azterlana onartu dela eta, hala bada, organo substantibora igorriko da, hurrengo artikuluan xedaturikoa egin dezan.

51. artikulua. Jendaurreko epea.

1. Ingurumen eraginaren azterlana, onartu ondoren, prozedura substantiboaren barruan, jendaurrean egoteko izapidearen eta bertan ezartzen diren gainerako txostenen menpe jarriko da.

2. Prozedura substantiboan izapide hori aurreikusirik ez badago, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak hogeita hamar egunean jarriko du jendaurrean ingurumen eraginaren azterlana, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoren.

3. Organo substantiboak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura igorriko ditu alegazioak, behar duten txostena emanda, eta alderantziz, aurreko idatz-zatietan aipatzen diren kasuetan.

4. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak jendaurreko epean aurkezturiko alegazio eta oharrak sustatzaileari igorriko dizkio, gutxienez ere hamar eguneko epean, egoki deritzona adieraz dezan.

5. Jendaurrean egoteko epean aurkezturiko alegazio eta oharren edukia eta sustatzailearen alegazioak ikusirik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak sustatzaileari eskatzen ahalko dio ingurumen eraginaren azterlana hobetu dezala eta adieraziko zaio zertan osatu edo zuzendu behar den ingurumen eraginaren azterlana eta zer epetan egin behar den hobekuntza.

6. Aurreko idaz-zatian xedaturikoaren arabera, ingurumen eraginaren azterlana funtsean aldatuz gero, berriro jendaurrean paratuko da, hasierako proiektuak izaniko egokitzapenekin batera.

52. artikulua. Ebazpen proposamena.

1. Proiektua eta ingurumen eraginaren azterlana, txostenak eta jendaurrean egoteko epean aurkezturiko alegazioak ikusirik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ebazpen proposamena eginen du ingurumen eraginaren azterlanaz. Ebazpen proposamenean, espresuki, jendaurrean egoteko epean aurkezturiko alegazioak kontuan hartu direneko modua adieraziko da.

2. Proposamen hori organo substantiboari eta interesatuari igorriko zaie, hamar eguneko epean, egoki deritzotena adierazi dezaten. Entzutea emateko izapidea saihesten ahal da ebazpenaren proposamenean organo sustantiboak edo sustatzaileak jarritakoez aparte beste alegazioak eta probak kontuan hartu ez badira.

53. artikulua. Ingurumen eraginaren adierazpena.

1. Aurreko izapideak eginik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ingurumen eraginaren adierazpena eginen du, non, ingurumen ondorioetarako bakarrik, zehaztuko baita komeni denentz proiektua burutzea.

2. Sustatzailea beste administrazio bat denean izan ezik, ingurumen eraginaren adierazpenak lehengoratze neurriak edo ordainak ezartzen dituenean, neurri horiek hartu ahal izateko aski den zenbatekoan eman beharko den bermea ere bildu beharko du.

3. Ingurumen eraginaren adierazpena gehienez ere sei hilabeteko epean, ingurumen eraginaren azterlana onartzen denetik hasita, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

4. Ingurumen eraginaren ebaluazioaren menpeko proiektuak ezin izanen dira baimendu edo burutu ingurumen eraginaren adierazpena egin ez bada.

54. artikulua. Ingurumen eraginaren adierazpenaren ondorioak.

1. Organo substantiboak kontuan hartuko beharko du ingurumen eraginaren aldaketaren edukia proposaturiko aurreneurri, neurri zuzentzaile eta ordainei dagokienez, positiboa denean, eta proiektua onartzeko ezintasunari dagokionez negatiboa bada.

2. Organo substantiboa (Nafarroako Foru Komunitateko Administraziokoa bada) eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua ados ez badaude proiektua burutzeko komenentziaz edo ingurumen eragina adierazteko baldintzen edukiaz, Nafarroako Gobernuak ebatziko du.

3. Ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena egiten denetik bi urte proiektua hasi gabe pasatzen badira eta sustatzaileak, burutu nahi badu, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari jakinarazi beharko dio, neurri zuzentzaile berriak hartzea beharrezkoa den erabaki dezan eta, hala bada, inguruneko gorabeherak modu nabarmenean aldatu badira ingurumenaren gaineko eraginaren beste adierazpen baterako prozedura hasteko.

55. artikulua. Ingurumen eraginaren adierazpena.

1. Legearen mendeko proiektu edo jarduera garatzeko ingurumen eraginaren adierazpenean ezarritako baldintzak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aldatzen ahal ditu eta ez da inolako kalte-ordainik izateko eskubiderik kasu hauetan:

a) Proiektuaren edo jardueraren ingurumen eragina modu nabarmenean murrizterik baldin bada.

b) Hainbat gorabehera gertatu eta ondorioz ingurumen eraginaren adierazpenean ezarritako baldintzak berrikusi beharra sortzen bada.

c) Delako proiektuari edo jarduerari aplikatu behar zaizkion lege indardunek horrela eskatzen badute.

2. Sustatzaileak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren mendeko proiektua aldatu nahi badu, ingurumen eraginaren adierazpena aldatzea eskatu beharko du proiektuaren aldaketa integratzeko, betiere aldaketa hori funtsezkoa ez baldin bada.

3. Aldaketa funtsezkoa baldin bada, hasiera-hasieratik berria balitz bezala tramitatuko da.

56. artikulua. Ingurumen eraginaren adierazpenaren aldaketa ez funtsezkoa egiteko prozedura, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak proposatuta.

1. Ingurumen eraginaren adierazpena aldatzeko, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aldaketa prozedurari hasiera emateko akordioan adierazi beharko du zergatik aldatu nahi den, bai eta ingurumen eraginaren adierazpenari erantsi nahi dizkion baldintza berriak ere.

2. Hasiera emateko akordio hori organo substantiboari eta sustatzaileari bidaliko zaie, egoki iruditzen zaiena adieraz dezaten. Horretarako epea ez da hamar egunetik beherakoa izanen ez eta hamabost egunetik gorakoa ere. Halaber, aldaketarako proposamena jendaurrean jarriko da hamabost egunez, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoren.

3. Aurreko izapideak eginik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ingurumen eraginaren adierazpena aldatzeko proposamena prestatuko du, gero organo substantiboari eta interesatuari igorriko zaiena, hamar eguneko epean egoki deritzena adieraz dezaten. Entzutea emateko izapidea saihesten ahal da ebazpenaren proposamenean organo sustantiboak edo sustatzaileak jarritakoez aparte beste alegazioak eta probak kontuan hartu ez badira.

4. Aipatutako tramiteak eginik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ingurumen eraginaren adierazpena aldatzeko ebazpena onetsiko du. Ebazpen horren berri emanen zaie organo substantiboari eta sustatzaileari eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

57. artikulua. Ingurumen eraginaren adierazpenaren aldaketa ez funtsezkoa egiteko prozedura, sustatzaileak proposatuta.

1. Proiektuaren aldaketa dela-eta, ingurumen eraginaren adierazpena aldatzeko eskaera Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura zuzenduko da, aldaketa zergatik egin nahi den eta aldatu nahi diren baldintzak adieraziz, bai eta aldaketa funtsezkoa ez dela justifikatuz.

2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aldaketa funtsezkoa ez dela irizten dionean, aldaketa eskaera organo substantiboaren mende eta jendaurrean jarriko du hamabost egunez, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoren. Txostena eta jendaurreko epean egindako alegazioak sustatzaileari igorriko zaizkio, hamar egunekoa baino laburrago izanen ez den epean bidezkoa deritzona adieraz dezan.

3. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak, hiru hilabeteko epean, asko jota ere, ingurumen eraginaren adierazpena aldatzeko eskaerari buruzko ebazpena eman eta jakinaraziko du. Epe hori iragan bada ebazpenik gabe eta horren berri sustatzaileari eman gabe, eskaera ezetsitzat joko da. Ingurumen eraginaren adierazpena aldatzea onesten bada, ebazpen hori organo substantiboari jakinaraziko zaio eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

III. TITULUA. UDALEN JARDUERA SAILKATUKO LIZENTZIA BEHAR DUTEN JARDUERAK

I. KAPITULUA. JARDUERA SAILKATURAKO UDAL LIZENTZIA

I. KAPITULUA

1. ATALA

INGURUMENAREN GAINEKO ERAGINAREN EBALUAZIOPEKO JARDUERA SAILKATUAK

1. Azpiatala

Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteari buruzko erabakia, 4-a eranskineko jarduerak hautatzeko irizpideen arabera

58. artikulua. Laburpenmemoriaren aurkezpena.

4 A eranskinean biltzen diren jardueren eta instalazioen sustatzaileek, jarduera sailkaturako udal lizentzia eskatu baino lehen, proiektuaren ezaugarriak, kokapena eta izan dezakeen eragina frogatzen dituen laburpen-memoria bat aurkeztu beharko dute Udalean, jarduera sailkaturako udal lizentziaren eskaerarekin batera.

59. artikulua. Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpe jartzeko ebazpena.

1. Aurkeztutako laburpen-memoria ikusirik, zeina Udalak igorri baitu, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak 15 eguneko epea izanen du bere iritzia emateko proiektua ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren mende jartzearen beharraz, 3 C eranskineko hautapen irizpideen arabera. Erabakia, arrazoitua izan beharko duena, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da proiektua edo jarduera Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio tramitea beharrezkoa ez dela erabakitzen denean.

2. Aurreko idatz-zatian aipatu epean ebazpenik eta jakinarazpenik ez emateak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpe jarri beharra ekarriko du.

2. Azpiatala

Jarduera sailkaturako udal lizentzia, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioarekin

60. artikulua. Laburpenmemoriaren aurkezpena eta aldez aurretiko kontsultak.

1. 4 B eranskinean azaldutako jardueretako bat ezartzea, ustiatzea, lekuz aldatzea edo funtsez aldatzea nahi duen sustatzaileak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan laburpen-memoria bat aurkeztuko du, zeinean deskribatuko baitira proiektuaren ezaugarriak, kokapena eta ingurumenean izan dezakeen eragina.

2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, aurkeztutako laburpen-memorian oinarrituz eta hura jaso eta hamar eguneko epean, proiektuak uki ditzakeen pertsona, erakunde eta administrazio publikoekin aldez aurreko kontsultak egin ditzake.

3. 4 A eranskineko jardueren kasuan, zeinetan Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio prozeduraren mende jartzea erabaki baita, aurreko epea hogeita bost egunekoa izanen da, laburpen-memoria jasotzen denetik aitzina.

4. Aldez aurreko kontsulten erantzunak jaso ondoren, eta nolanahi ere, 4 A eranskineko jarduerentzat laburpen-memoria jaso eta gehienez ere hilabeteko epean, edo hogeita hamarreko epean 4 B eranskineko jarduerentzat, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak kontsulten emaitza jakinaraziko dio sustatzaileari.

5. Sustatzaileak kontuan izan beharko ditu aldez aurreko kontsulten emaitzak ingurumen eraginaren azterlana idazterakoan, zeina aurkeztu beharko baitu jarduera sailkaturako udal lizentzia eskatzeko behar den dokumentazioarekin batera.

61. artikulua. Ingurumen eraginaren azterlana onartzea.

1. Sustatzaileak ingurumen eraginaren azterlana Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari igorriko dio, azterlanaren nahikotasunaren gaineko iritzia eman dezan.

2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, bi hilabeteko epean, sustatzaileari eskatzen ahal dio ingurumen eraginaren azterlana osatu edo akatsak zuzen ditzala, azterlanak ez baditu gutxieneko baldintzak betetzen edo nabarmen ez-nahikoa baldin bada. Epe hori iraganik sustatzaileari deus jakinarazten ez bazaio, azterlana onartutzat joko da.

62. artikulua. Jarduera sailkaturako udal lizentziaren eskaera.

Jarduera sailkaturako udal lizentziaren eskaera, ezarritako dokumentazioarekin batera eta behar den moduan, Udalean aurkeztuko da eta horri atxikiko zaio ingurumen eraginaren azterlana, legez finkatutako edukiak barne.

Hirigintzako arrazoiengatik edo udal ordenantzetan oinarrituta, ukapen arrazoitua bidezkoa denean izan ezik, Udalak dokumentazio hori Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari igorriko dio hamabost eguneko epean.

63. artikulua. Jendaurrean jartzea eta txostenak.

1. Lizentzia eskaera, proiektu teknikoarekin eta ingurumen eraginaren azterlanarekin batera, Udalak jendaurrean jarriko du hogeita hamar egunez, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuz, jarduerak ukitutakoek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten.

2. Udalak entzunaldia emanen die proposatutako kokapenaren mugakide diren finken jabeei eta erabiltzaileei. Udal konposatuen kasuan, dagozkien kontzejuei ere jakinaraziko zaie.

3. Udal zerbitzu teknikoek bidezko diren txostenak eginen dituzte. Horren kariaz, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Publikoaren Institutuaren bidez udalek jardueraren osasun alderdiei buruzko txostena eskatzen ahal dute. Era berean, zerbitzu mankomunitateei ere jarduerarako alderdi garrantzitsuen gaineko txostena eskatzen ahal diete, bidezkoa baldin bada, eta halakorik bada, jarduerak sortzen dituen hondakin urak kolektore sarean eta hondakinak botatzea onartzen dela adieraziko da.

4. Aurreko idatz-zatitan aipatutako alegazioak eta txostenak ikusirik, Udalak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari igorriko dio espedientea, proiektuaren gaineko txosten arrazoituarekin batera.

5. Espedientea jaso ondoren, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aginduzko txosten lotzailea eskatuko die gai honetan eskudun diren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoei, Erregelamendu honen eranskinen arabera, pertsonen osasunerako edo pertsonen nahiz ondasunen segurtasun eta integritaterako arriskugarriak izan daitezkeen jardueren kasuan.

Txosten horiek 45 eguneko epean egin beharko dira. Epe horretan egiten ez badira, espedientearen tramitazioak aurrera jarraituko du.

6. Halaber, jarduera sailkatua lurzoru urbanizaezinean egitekoa baldin bada eta era horretako lurzoruan baimentzen ahal bada, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren aginduzko txosten lotzailea beharrezkoa izanen da, aplikatzekoa den hirigintzako arautegian adierazitako eduki eta helburuarekin.

64. artikulua. Ingurumen eraginaren adierazpena eta, halakorik denean, baimena ematea lurzoru urbanizaezinean.

1. Ingurumen eraginaren txostenak, proiektua eta azterlana ikusirik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak espedientea bere eskura iritsi eta lau hilabeteko epean, gehienez ere, ingurumen eraginaren adierazpena eginen du, kasua bada, lurzoru urbanizaezinean jartzeko baimena eta guzti, baldin eta jarduera mota horretako lurzoruan kokatu nahi bada.

2. Ingurumen eraginaren adierazpena eginik eta, halakorik denean, lurzoru urbanizaezinean jartzeko baimena ere, espedientearekin batera Udalari igorriko zaio eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

65. artikulua. Ebazpena.

1. Ikusirik ingurumen eraginaren adierazpena eta, halakorik denean, lurzoru urbanizaezinean jartzeko baimena, biak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak igorriak, alkateak bere ebazpena eman beharko du eta lizentzia eman edo ukatu den jakinaraziko bi hilabeteko epean, asko jota ere, ingurumen eraginaren adierazpena egiten denetik aitzina.

2. Jarduera sailkaturako udal lizentziak bere baitan bilduko du ingurumen eraginaren adierazpena eta, kasua bada, lurzoru urbanizaezinean kokatzeko hirigintzako baimena. Horiek, proposatutako neurri zuzentzaile gehigarriei dagokienez eta ukapen kasuan proiekturako baimena ematea ezinezkoa den aldetik, udalarentzat lotzaileak izanen dira alderdi guztietan,

3. Lizentzia eman izanaren berri emanen zaie interesatuei, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eta jendaurreko epean alegazioak jarri dituztenei. Gainera, lizentzia-ematea Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

4. Bi hilabete igaro eta ebazpena ez bada eman eta jakinarazi, jarduerarako lizentzia ukatutzat joko da.

2. ATALA

INGURUMENAREN GAINEKO ERAGINAREN EBALUAZIOPEAN EZ DIREN JARDUERA SAILKATUAK

1. Azpiatala

Jarduera sailkaturako udal lizentzia emateko prozedura, ingurumen, lurraldearen antolamendu eta etxebizitza departamentuaren aldez aurreko txostenarekin

66. artikulua. Eskabidea.

1. 4 C edo 4 A eranskinean azaldutako jardueretako bat ezarri, ustiatu, lekuz aldatu edo funtsezko aldaketa bat egin nahi duen titularrak edo sustatzaileak, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziopean ez jartzea erabaki baldin bada, jarduera non jarri nahi den hango udalari eskatuko dio jarduera sailkaturako udal lizentzia. Eskaerarekin batera proiektu teknikoa, teknikari aditu batek sinatua, aurkeztuko du, euskarri informatikoan eta paperean (bost kopia).

2. Proiektu teknikoaren edukiak honako alderdi hauek, behitzat, garatuko ditu:

a) Jardueraren deskribapena, honakoak zehaztuz: instalazioak, okupatu eta eraikitako azalerak, ekoizpen prozesuak, lehengaien kontsumoa, makinen zerrenda eta ekoizten den produktu mota edo ematen den zerbitzua.

b) Lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal den jarduera baldin bada, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko legerian aurreikusitako dokumentazio teknikoa. Kasua bada, Nafarroako industrialdeak eta industria jarduerak lurraldean ezartzeko eskatzen den dokumentazioa erantsiko da.

c) Jarduera lurzoru urbanizaezinean jartzekoa baldin bada, jarduerak sor ditzakeen ingurumen eraginari buruzko dokumentazioa, Erregelamendu honetan zehaztutako edukiarekin.

d) Eguratsera, uretara eta lurrera egin daitezkeen emisio guztiak identifikatzea, bai eta hotsak eta dardarak ere, gai kutsagarriak non sortzen diren eta emisioen gehieneko mugak adieraziz, bai eta instalazioak ateratzen duen hots maila ere.

e) Jardueran sortutako hondakin mota guztien zerrenda zehatza, horien BREF kodea adieraziz eta ekoitzitako kopuruak edo balioetsitakoak. Halaber, horietako bakoitzerako instalazioetan egindako kudeaketa prozedura zehaztuko da eta, orobat, kodea eta kudeaketaren azken eragiketa.

f) Sortzen diren emisio eta hondakinentzat aurreikusitako neurri zuzentzaileak eta tratamendu sistemak, eta uraren eta energiaren erabilera eraginkorrerako neurriak.

g) Kasua bada, hondakin arriskugarrien sortzaile izateko baimena emateko behar den dokumentazioa, hondakinen arloan indarra duen legerian aurreikusitakoaren araberakoa.

h) Kontrolatu eta zaintzeko programa: emisioak eta hondakinak tratatzeko sistemak eta prozedurak, haiek neurtzeko metodo zehatzak eta maiztasuna, eta neurketak ebaluatzeko prozedurak.

i) Suteen kontrako babes neurri berariazkoak, aplikatzekoa den legerian aurreikusitakoak.

j) Kokapena lehengoratzeko neurriei erantzuteko adinako bermea zehaztu ahal izateko behar den informazio teknikoa eta ekonomikoa, bidezkoa den kasuetarako.

k) Istripuetan edo instalazioa gaizki ibiltzean ingurumenerako edo pertsonen osasunerako sor daitezkeen ondorio kaltegarriak estaliko dituen erantzukizun zibileko aseguruaren kalte-ordainen muga zehazteko, hori bidezkoa denean, eta hondakin arriskugarrien sortzaileen kasu berezian, hondakinen arloko legeria indardunean ezarritakoaren araberako asegurua zehazteko, bide emanen duen beharrezko informazioa.

l) Kasu bakoitzean aplikatzekoa den arautegi sektorialak eskatzen duen beste edozein motatako informazioa edo dokumentazioa.

3. Proiektu teknikoak dokumentu hauek izanen ditu:

a) Aurreko puntuan sartzen diren alderdi guztiei buruzko memoria.

b) Fluxu-diagrama, jardueraren prozesua eta garapena etapa guztietan zehaztuta.

c) Memorian kontuan hartutako alderdiei buruzko dokumentazio grafiko deskriptiboa, honako plano edo diagramak bederen biltzen dituena: jardueraren lekua eta kokamendua, prozesua eta instalazioak, neurri zuzentzaileak eta tratamendu sistemak, ingurumen ukipenak eta suteen kontrako babes neurriak.

d) Proiektuan sartutako babes neurri guztien aurrekontua.

67. artikulua. Tramitera onartzea.

1. Alkateak zilegi du jarduera lizentzia espresuki eta arrazoiturik ukatzea, hamabost eguneko epean, horretarako hirigintzako plangintzan edo udal ordenantzetan oinarrituriko udal ahalmena erabiliz.

2. Hala eta guztiz ere, Udalak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari igorriko dizkio proiektu teknikoa eta lizentziaren eskaeraren kopia bat, jendaurrean jartzearekin batera, ondorengo tramitazio administrazioa azkartze aldera.

68. artikulua. Jendaurrean paratzea eta entzunaldia ematea.

1. Espedientea jendaurrean jarriko da hamabost eguneko epean, horren iragarkia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuz, jarduerak ukituak gertatzen direnek epe horretan bidezko iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten.

2. Horrez gainera, eskaeraren berri emanen zaio jarduera jarri nahi den kokagunearen aldameneko auzokide bakoitzari, ukituak gertatzen direnek alegazioak aurkeztu ahal ditzaten. Udal konposatuen kasuan, dagozkien kontzejuei ere jakinaraziko zaie.

3. Udal zerbitzu teknikoek bidezko diren txostenak eginen dituzte. Horren kariaz, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Publikoaren Institutuaren bidez udalek jardueraren osasun alderdiei buruzko txostena eskatzen ahal dute. Era berean, zerbitzu mankomunitateei ere jarduerarako alderdi garrantzitsuen gaineko txostena eskatzen ahal diete, bidezkoa baldin bada, eta halakorik bada, jarduerak sortzen dituen hondakin urak kolektore sarean isurtzeko eta hondakinak botatzeko aukera onartzen dela adieraziko da.

69. artikulua. Alkatearen txostena.

1. Aurreko idatz-zatitan aipaturiko ohar, alegazio eta txostenen arabera, alkateak ezarri nahi den jarduerari buruzko txosten arrazoitua erantsiko dio espedienteari. Txostenak nahitaez jaso beharko du aurkezturiko alegazioen erantzuna eta hirigintzaren gaineko arautegia betetzeari buruzko aipamena eta, era berean, halakorik bada, hondakin urak udalaren kolektore sarean eta hondakin solidoak zabortegi publikoan botatzea onartzen duela adieraziko du.

2. Aurreko tramiteak beterik, alkateak bere txostenaren kopia bat eta, hala behar denean, gainerako espedientea ere igorriko dio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari.

70. artikulua. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren txostena.

1. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aginduzko txosten lotzailea eskatuko die gai honetan eskudun diren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoei, pertsonen osasunerako edo pertsonen nahiz ondasunen segurtasun eta integritaterako arriskugarriak izan daitezkeen jardueren kasuan. Pertsonen osasunerako edo pertsonen nahiz ondasunen segurtasun eta integritaterako jarduera arriskugarriak direla ulertuko da Erregelamendu honen 5. eranskinean biltzen direnak.

Txosten horiek 45 eguneko epean egin beharko dira. Epe horretan egiten ez badira, espedientearen tramitazioak aurrera jarraituko du.

2. Halaber, jarduera sailkatua lurzoru urbanizaezinean eginen den kasuan, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren aginduzko txosten lotzailea beharrezkoa izanen da, jardueraren lurralde eta hirigintza arloko alderdiei buruzkoa.

3. Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa eta egindako alegazioak eta txostenak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, bi hilabeteko epean, txosten eginen du, zeinean zehaztuko baitira jarduerak bere funtzionamendurako ezarri beharko dituen ingurumen baldintzak eta neurri zuentzaileak. Txosten horretan jasoko da gai horretan esku hartu duten Foru Komunitateko Administrazioaren organoek emandako txosten lotzaileen edukia eta, horrezaz gainera, bertan adieraziko dira hondakinen sorrerari edo kudeaketari buruzko baldintzak, aireratzeak, kolektoreetara eginen diren isurketak eta eska daitezkeen ingurumen arloko gainerako baldintza sektorialak. Bertan sartuko dira, halaber, aplikatzekoak diren hirigintzako zehaztapenak, jarduera sailkatua lurzoru urbanizaezinean egitekoa baldin bada eta era horretako lurzoruan baimentzen ahal bada. Txosten horrek bere ondorioak sortuko ditu eta, hirigintza arloko legerian aurreikusitakoaren arabera, delako jarduera lurzoru urbanizaezinean egiteko baimenaren balioa izanen du.

4. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren txostena lotzailea izanen da udal agintaritzarentzat, horren ondorioz jarduerarako lizentzia ukatzen bada edo neurri zuzentzaile gehigarriak ezartzen badira.

71. artikulua. Prozeduraren gaineko ebazpena.

1. Kontuan hartuz Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eginiko ingurumenaren gaineko txostena eta, halakorik bada, hirigintzaren gainekoa, alkateak lizentzia emateko edo ukatzeko ebazpena emanen du eta horrela jakinaraziko lau hilabeteko epean, gehienez ere, eskaera dokumentazio osoarekin aurkezten denetik aitzina.

2. Lizentzia eman izanaren berri emanen zaie interesatuei, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eta jendaurreko epean alegazioak jarri dituztenei. Gainera, lizentzia-ematea Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

3. Lau hilabete igaro eta ebazpena ez bada eman eta jakinarazi, jarduerarako lizentzia ukatutzat joko da.

2. Azpiatala

Jarduera sailkaturako udal lizentzia emateko prozedura, ingurumen, lurraldearen antolamendu eta etxebizitza departamentuaren aldez aurreko txostenik gabe

72. artikulua. Eskaera eta tramitazioa.

1. 4 D eranskinean bildutako jarduerentzako udal lizentziaren eskaera jarduera sailkatua kokatu deneko udalari zuzenduko zaio, Erregelamendu honen 66. artikuluan aipatutako dokumentazioarekin batera.

2. Hirigintzako plangintzan edo udal ordenantzetan oinarrituriko udal ahalmena erabiliz lizentzia espresuki eta arrazoiturik ukatzea bidezkoa den kasuetan izan ezik, alkateak eskaera hori jendaurrean jarriko du, hamabost eguneko epean, horren iragarkia udaletxeko iragarki oholean paratuz eta proposatutako kokapenaren mugakide diren finken jabeei eta erabiltzaileei horren berri emanen die, jarduerak ukituak gertatzen direnek epe horretan bidezko iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten. Udal konposatuen kasuan, dagozkien kontzejuei ere jakinaraziko zaie.

3. Udal zerbitzu teknikoek bidezko diren txostenak eginen dituzte. Horren kariaz, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Publikoaren Institutuaren bidez udalek jardueraren osasun alderdiei buruzko txostena eskatzen ahal dute. Era berean, zerbitzu mankomunitateei ere jarduerarako alderdi garrantzitsuen gaineko txostena eskatzen ahal diete, bidezkoa baldin bada, eta halakorik bada, jarduerak sortzen dituen hondakin urak kolektore sarean eta hondakinak botatzea onartzen dela adieraziko da.

4. Erregelamendu honen 5. eranskinean adierazi bezala, pertsonen osasunerako edo pertsonen nahiz ondasunen segurtasun eta integritaterako arriskugarriak izan daitezkeen jardueren kasuan, alkateak, jendaurrean jartzearekin batera, eskaera eta jardueraren proiektu teknikoa Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari igorriko dizkio, gai honetan eskudun diren departamentuen txostenak eskatze aldera. Aginduzko txosten lotzaile horiek berrogeita bost eguneko epean eginen dira, espedienteak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan jaso eta departamentuek berek udal eskatzaileei jakinarazten dizkieten momentutik kontatzen hasita. Epe hori ahitzen bada txostenak egin gabe eta jakinarazi gabe, tramitazioak aurrera jarraituko du.

5. Jarduera sailkatua lurzoru urbanizaezinean egitekoa baldin bada eta era horretako lurzoruan baimentzen ahal bada, toki entitateak behar den hirigintzako baimena tramitatuko du, lurraldearen antolamendu eta hirigintza arloan indarra duen arautegian ezarritako modua eta zehaztapenak betez.

73. artikulua. Ebazpena.

1. Departementuek eginiko txostenak jaso ondoren, alkateak lizentzia emateko edo ukatzeko ebazpena eman beharko du eta jakinarazi, asko jota ere lau hilabeteko epean eskaera dokumentazio osoarekin aurkezten denetik aitzina.

2. Lizentzia-ematearen berri emanen zaie sustatzaileari, txostenak egin dituzten departamentuei eta jendaurreko epean alegazioak aurkeztu dituztenei.

3. Lau hilabete igaro eta ebazpena ez bada eman eta jakinarazi, jarduerarako lizentzia ukatutzat joko da.

3. ATALA

XEDAPEN OROKORRAK

74. artikulua. Lizentziaren edukia.

1. Jarduera sailkaturako udal lizentziak, halakorik denean eta bidezko den bezala, zehaztapen hauek izanen ditu:

a) Emisioen gehieneko mugak eta, halakorik denean, instalazioaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, horiek ordezten dituzten neurri tekniko baliokideak, gai kutsagarrien emisioa eguratsera, uretara eta lurrera egiteari buruzkoak, bai eta hots eta dardarei buruzkoak ere.

b) Hondakinen sorrerari, kontrolari eta kudeaketa egokiari buruzko prozedurak eta metodoak.

c) Ingurumenaren babesa eta pertsonen osasuna eta segurtasuna, bai eta ondasunena ere, bermatzen dituzten neurri zuzentzaileak eta agindu teknikoak.

d) Halakorik bada, berme edo asegurua, ingurumen arloko lehengoratze neurriei, prebentzioari, kalteak gutxitze edo saihesteari erantzuteko adinakoa.

e) Aplikatzekoa den ingurumena babesteko arautegian agintzen diren gainerako baldintzak.

2. Ingurumenaren babesa bermatuko duten emisioen gehieneko mugak eta neurri zuzentzaileak eta agindu teknikoak eskueran dauden teknikarik onenetan oinarrituta zehaztuko dira.

75. artikulua. Lizentziaren eragingarritasuna.

1. Toki entitateek ezin izanen dute jarduera sailkatuetarako obra lizentziarik eman, harik eta behar den jarduera lizentzia eman arte.

Alde horretatik, udal konposatuek jarduerako lizentzia-emateak dagozkien kontzejuei igorriko dizkiete bost eguneko epean.

2. Lizentziak eman direla ulertuko da, jabetza eskubidea salbu eta hirugarrenen kalterik gabe; beraz, lizentzien titularrak ez dira salbuetsirik egonen euren jardueran aritzean erantzukizun zibil nahiz penalen bat izanez gero.

3. Lizentziak eskualdatu ahal izanen dira. Eskualdaketak lizentziak eman dituen toki entitateari jakinarazi beharko zaizkio hamabost eguneko epean, jardueraren subjektu titularra zein den eta titular izatetik erator litezkeen balizko erantzukizunak zehazteko ondorioetarako.

76. artikulua. Jarduera sailkaturako lizentziaren iraungipena.

1. Jarduera sailkaturako lizentzia ematen denetik bi urte igaroz gero proiektua gauzatzen edo jarduera garatzen hasi baino lehen, hura iraungitzat joko da eta inolako ondoriorik gabekoa izanen da.

2. Jarduera sailkaturako udal lizentzia iraungitzat jotzeko beharrezkoa izanen da Udalaren adierazpen espresua, administrazio espedientearen ondoren, zeinean entzunaldia emanen baitzaio titularrari.

77. artikulua. Instalazioaren aldaketa.

1. Jarduera sailkaturako udal lizentzia behar duten instalazioen aldaketak funtsezkoak edo ez-funtsezkoak izan daitezke. Aldaketa bat funtsezkoa dela erabakitzeko, hurrengo artikuluan ezarritako irizpideak erabiliko dira, eta edozein modutan ere, 4 A, 4 B, 4 C edo 4 D eranskinetan ezarritako mugetakoren bat gainditzea funtsezko aldaketatzat joko da.

2. Jardueraren titularrak, bai jarduera sailkaturako udal lizentzia behar duen instalazioan egin asmo den jardueraren ekoizpen prozesuan bai eta ingurumen emaitzekin loturiko alderdietan ere, egiten den edozein aldaketaren berri eman beharko dio Udalari.

3. Instalazioko titularrak aldaketa funtsezkoa ez dela irizten dionean, egitea izanen du, betiere Udalak hilabeteko epean aurkakorik adierazi ez badu, obra lizentzia edo beharrezkoak liratekeen bestelako baimenak tramitatzea galarazi gabe.

4. Instalazioaren titularrak zein Udalak aldaketa funtsezkotzat jotzen dutenean, jarduera sailkaturako udal lizentzia berria beharko da, zeinaren nondik norakoak aldez aurretik zehaztuko baitu udalaki, eta baliteke horren eragina jakinarazitako aldaketa eta instalazioan horrek eragiten ahal dituen beste aldaketa batzuk soilik ukitzea, baina baita instalazio osoa ere, eta horrelakoetan, aldaketaren ondorengo lizentzia berria multzo osoaren funtzionamendu baldintzen berrikuspena izanen litzateke.

5. Funtsezko aldaketa hori egiterik ez da izanen harik eta jarduera sailkaturako udal lizentzia berria eman arte.

78. artikulua. Baimendutako jardueraren funtsezko aldaketa.

1. Aurreko artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, funtzionamenduan aldaketa bat egitea instalazioaren funtsezko aldaketatzat joko da, baldin eta, segurtasunean, pertsonen osasunean edo ingurumenean eragin handiagoa izanik, honako inguruabar hauetako bat, jarduera sailkaturako hastapeneko udal lizentzian aurreikusi gabekoa, gertatzen bada:

a) Instalazioaren ekoizpena ehuneko ehun baino gehiago handitzea, produktu edo zerbitzu unitatetan kontatua.

b) Jarduerarako erabiltzen den azalera erabilgarria ehuneko 25 baino gehiago handitzea.

c) Eguratserako edozein kutsagarriren edo sortutako aireratze guztien masa-emisioa %25 baino gehiago handitzea edo katalogatutako emisio-gune gehiago ezartzea.

d) Hasieran emandako jarduera sailkaturako udal lizentzian ageri diren hondakin uren isurketa emaria %25 baino gehiago handitzea.

e) Hasieran emandako jarduera sailkaturako udal lizentzian aurreikusi gabeko substantzia edo prestakin arriskugarriak prozesuan sartzea, baldin eta horren ondorioz prestatu edo berrikusi behar baldin badira segurtasun txostena edo larrialdi planak, gai arriskugarriek sorturiko istripu larriei dagozkien arriskuak kontrolatzeko neurriak ezartzen dituen azaroaren 3ko 336/2004 Foru Dekretuak araututakoak.

f) Hondakin arriskurik gabeen sorrera urtean berrogeita hamar tona baino gehiago handitzea, hondakin inerteak barne, baldin eta horrekin %50 baino gehiago handitzen bada, hasieran emandako jarduera sailkaturako udal lizentzian ezarritako baldintzekin alderatuta, betiere jardueraren ohiko testuinguruan gertatzen badira.

g) Hondakin arriskugarrien sorrera urtean hamar tona baino gehiago handitzea, baldin eta horrekin %25 baino gehiago handitzen bada, hasieran emandako jarduera sailkaturako udal lizentzian ezarritako baldintzekin alderatuta, betiere jardueraren ohiko testuinguruan gertatuz gero.

2. Era berean, irizpide kuantitatibo horiek jarduera sailkaturako udal lizentziaren indarraldi osoan metatuz aplikatuko dira.

79. artikulua. Lizentziaren ofizio bidezko aldaketa.

Jarduera sailkaturako lizentziaren edukia ofizioz aldatzen ahal da, kalte-ordainik izateko eskubiderik gabe, honelakoetan:

a) Jarduerak ingurumenean duen eragina edo ukipenak edo agertu diren beste gorabehera batzuek lizentzian ezarritako baldintzak berrikustea beharrezkoa egiten dutenean.

b) Eskura dauden teknikarik hoberenetan aldaketa garrantzitsuak izatearen ondorioz, emisioak edo beste ingurumen ukipenak nabarmen murriztea dagoenean, gehiegizko kosturik ezarri gabe.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendua segurtatzeko beste teknika batzuk erabili beharra dagoenean.

d) Lizentziaren baldintzak berrikustera behartzen duten gorabeherak agertu direla uste bada. Aldaketa ur jabari publikora egiten den isurketaren baldintzen gainekoa denean, arroko erakundeari isurketaren baldintzen gaineko beste txosten lotzaile bat eskatu beharko zaio.

e) Instalazioari aplikatzekoa zaion indarreko legeriak hala eskatzen duenean.

80. artikulua. Jarduera lizentzia ofizioz aldatzeko prozedura.

1. Udalak lizentzia alda dezake, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak bere txostena egin ondoren, zeina loteslea izanen baita 4 A, 4 B eta 4 C eranskinean bildutako jardueren kasuan, baina ez da beharrezkoa izanen 4 D eranskinean bildutakoetan.

2. Udal lizentzia ofizioz aldatzeko prozedurari hasiera emateko erabakia Udalak hartuko du eta bertan azalduko dira aldaketa egiteko arrazoiak eta zein diren aldatu nahi diren baldintzak, bai eta horiek ezartzeko zentzuzko epea ere.

3. Jarduera lizentzia emateko prozeduran txosten lotzailea egin zitzaien baldintzeetako bat ukitzen badu aldaketak, organo eskudunei aldaketa horri buruzko txostena eskatu beharko zaie. Hain zuzen ere, aldaketak ur jabari publikora edo kolektoreetara egiten diren isurketen baldintzen gainekoa denean, arroko erakundearen edo dagokion mankomunitatearen txostena beharrezkoa izanen da.

Egoki jotzen bada, Udalak aldaketa espedientea jendaurrean paratzen ahal du, hamabost egunez, horren iragarkia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoren.

4. Erabakia eta, halakorik denean, jendaurreko epeak emandakoa, lizentziaren titularrari igorriko zaio, hogeita hamar eguneko epean egoki iruditzen zaizkion alegazioak aurkez ditzan.

5. Lizentziaren baldintzak aldatzeari buruzko ebazpena eta aldaketak ezartzeko epea interesatuari jakinaraziko zaizkio sei hilabeteko epean, prozedurari hasiera emandako egunetik aitzina. Epe hori iraganik, prozedura iraungitzat joko da.

6. Ebazpenaren berri emanen zaie interesatuari, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, txosten lotzailea egin duten gainerako organoei eta jendaurreko epean alegazioak aurkeztu dituztenei.

81. artikulua. Txostenak egitea besteren esku uztea.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eta, halakorik bada, baimena emateko tramiteetan esku hartzen duten beste departamentuek, jarduera sailkatuen arloko txostenak egitea udalen esku uzten ahal dute, baldin eta zerbitzu tekniko egokiak badituzte eta aldez aurretik eskaera espresua egiten badute, eskuordetzeko egintza administratiboan espresuki zehaztutako jardueretarako eta funtzionamendu baldintza eta arauekin.

Ezin izanen da txosten eginkizuna eskuordetu ingurumen eraginaren adierazpena beharrezkoa edo aukerakoa duten jarduera sailkatuen kasuan.

II. KAPITULUA. IREKITZEKO UDAL LIZENTZIA

82. artikulua. Irekitzeko lizentziaren premia.

Irekitzeko lizentzia eskuratu beharko da kasu hauetan:

a) Jarduera sailkaturako lizentzia eskuratzearen ondorioz, delako jarduerarako aurrenekoa denean.

b) Aldaketa funtsezkoa egin izanaren ondorioz jarduera sailkaturako lizentzia berriak eskuratzen direnean.

83. artikulua. Irekitzeko udal lizentziaren xedea eta eskaera.

1. Jarduera sailkatu bati ekin baino lehen, alkateak hura abian jartzeko baimena eman beharko du, irekitzeko lizentzia, alegia, jarduera edo instalazioa onetsitako proiektura egokitzen dela egiaztatzeko

2. Jardueraren titularrak obra bukaeraren ziurtagiria aurkeztu beharko du udalean, zeinen bidez bematuko baita instalazioa onetsitako proiektura egokitzen dela, bai eta, halakorik bada, jarduera lizentzian agindutako neurri zuzentzaile gehigarrietara ere.

Horretarako, titularrak eskaerarekin batera teknikari aditu batek sinatu eta dagozkion elkargoek ikus-onetsitako ziurtagiriak aurkeztuko ditu, zeinetan justifikatuko baita:

a) Instalazioa onetsitako proiektura egokitzen dela.

b) Jarduera lizentzian neurri zuzentzaile gehigarriak agindu diren kasuan, horiek bete direla.

c) Neurketa eta froga praktikoak eginak direla eta arautegira egokitzen direla.

Gainera, instalazioaren behin betiko planoak ere aurkeztuko dira.

84. artikulua. Ebazpena.

1. Irekitzeko baimenaren eskaria aurkezten denetik hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko da.

Ebazpena ematen ez bada, lizentzia isiltasun positiboz emantzat joko da, indarreko legeriak besterik xedatzen duen jardueretan izan ezik.

2. Eman diren irekitzeko lizentziak interesatuei eta txostena egin duten administrazio organoei jakinaraziko zaizkie.

3. Irekitzeko lizentzia energia elektrikoaren hartune edo hedapen, erregai likido zein gasezkoen erabilpen, edateko uraren horniketa baimenen eta jardueran aritzeko nahitaezkoak diren gaineko baimenenen aurretik eskuratu behar da.

4. Salbuespen gisa, gas, elektrizitate eta ur zerbitzuak eskuratzeko baimenak ematen ahal dira neurri zuzentzaileak ezartzeko probak egin beharra eskatzen duten instalazio edo jardueretarako.

5. Hornidura sarera lotzeko behin-behineko baimenean indarraldia espresuki azalduko da, aintzat hartuz jardueraren inguruabarrak eta izaera. Indarraldia bukatu bada irekitzeko baimena eskuratu eta egiaztatu gabe, besterik gabe hornidura moztuko da.

6. Hornidura sarera lotzeko behin-behineko baimenean bermea jartzea eska daiteke edo aseguru bat kontratatzea pertsona, ondasun eta ingurumenerako arrisku larria ekar dezaketen jardueren kasuan.

7. Oso-osorik burutzen ez diren proiektu baimenduetarako irekitzeko lizentzia partziala eskuratzen ahal da, baldin eta burututako zatiari dagozkion neurri zuzentzaileak eta gainerako baldintzak bete baditu.

8. Lizentziak eman direla ulertuko da, jabetza eskubidea salbu eta hirugarrenen kalterik gabe; beraz, lizentzien titularrak ez dira salbuetsirik egonen euren jardueran aritzean erantzukizun zibil nahiz penalen bat izanez gero.

9. Lizentziak eskualdatu ahal izanen dira. Eskualdaketak lizentziak eman dituen toki entitateari jakinarazi beharko zaizkio hamabost eguneko epean, jardueraren subjektu titularra zein den eta titular izatetik erator litezkeen balizko erantzukizunak zehazte aldera.

85. artikulua. Irekitzeko lizentziaren iraungipena.

1. Irekitzeko lizentzia ematen denetik jarduera bi urte baino gehiago utzirik edo edo geldiarazirik edukiz gero, jarduera iraungitzat eta inolako ondoriorik gabe ulertuko da.

2. Udal lizentzia iraungitzat jotzeko beharrezkoa izanen da Udalaren adierazpen espresua, administrazio espedientearen ondoren, zeinean entzunaldia emanen baitzaio titularrari.

IV. TITULUA. INGURUMEN ARLOKO ESKU-HARTZEA BEHAR DUTEN JARDUEREN IKUSKAPENA

I. KAPITULUA. ESKUMENAK, PLANGINTZA ETA INGURUMEN ARLOKO IKUSKAPEN MOTAK

86. artikulua. Ikuskapeneko eskumenak.

1. Foru Komunitateko Administrazioak jarduera eta instalazio hauek ikuskatzeko eskumena izanen du:

a) 2. eranskinean biltzen direnak.

b) 3. eranskinean biltzen direnak.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagozkion ingurumen arloko ikuskapeneko eskumenak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak erabiliko ditu edo bestela ingurumen arloko esku-hartze prozeduretan txosten lotzaileak egiten dituzten departamentuek, txostenen gai izan diren alderdiei dagokienez.

3. Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa behar duten jardueren kasuan, ingurumen eraginaren adierazpenean ezarritako baldintzak betetzearen ikuskapen lana organo sustantiboak eginen du. Hori ukatu gabe, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak organo eskudunei informazioa eskatzen ahal diete proiektua onesteko edo baimentzeko, bai eta ingurumen eraginaren adierazpena betetzen dela eta zuzena dela egiaztatzeko behar diren frogak egiteko ere.

4. 4 A, 4 B eta 4 C eranskinetako jardueren ikuskapena egitea jarduera horiek kokaturik daudeneko udalei dagokie, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari bai eta, halakorik bada, horietan jasotako alderdiei buruzko txostenak egin dituzten departamentuei ere.

5. 4 D eranskineko jarduera sailkatuen ikuskapena egitea jarduera horiek kokaturik daudeneko udalei dagokie eta horietan jasotako alderdiei buruzko txosten lotzaileak egin dituzten departamentuei.

1. ATALA

INGURUMEN, LURRALDEAREN ANTOLAMENDU ETA ETXEBIZITZA DEPARTAMENTUAREN ETA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN BESTE DEPARTAMENTU BATZUEN IKUSKAPENA

87. artikulua. Ingurumen arloko ikuskapen motak.

Ingurumen arloko ikuskapen ohikoak edo programatuak eginen dira eta ingurumen arloko ikuskapen ohiz kanpokoak edo puntualak.

88. artikulua. Ikuskapen ohikoak edo programatuak.

1. Ikuskapen ohikoak edo programatuak dira aurreikusiriko programa baten zati bat gisa egiten direnak.

2. Ikuskapen programatuek ondoko helburu hauek dituzte:

a) Jarduera hasi ondoren, ingurumen baimen edo lizentzian finkatutako ingurumen baldintzak betetzen direla egiaztatzea.

b) Ingurumena Zaintzeko Programa edo, halakorik bada, baimendutako instalazio edo jardueren proiektuaren sustatzaileari edo titularrari jartzen zaizkion ingurumeneko autokontrola izateko betebeharrak betetzen direla egiaztatzea.

c) Ekoizpen prozesuak eta tratamendu sistemek denboran zehar duten bilakaera egiaztatzea, jatorrizko baldintzetara eta ingurumenari buruzko legeriara egokitzen diren ikustea eta zaharkitu edo aldatu badira horiek berritzen ahalegintzea.

d) Abian diren jarduera guztiek ingurumenari buruzko legezko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea.

3. Ohiko ikuskapenak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eginen ditu eta horretarako kontrol erakunde baimendunen laguntza izaten ahal du.

89. artikulua. Ikuskapen ez ohikoak edo puntualak.

1. Ikuskapen ez ohikoak edo puntualak dira baimena edo txostena emateko, berritzeko edo aldatzeko egiten direnak, erreklamazio bati erantzuteko edo istripuak nahiz gorabeherak ikertzeko.

2. Ohiz kanpoko ikuskapenen barruan ondoko hauek daude:

a) Proiektua edo jarduera abian jartzeko ofiziozko ikuskapenak. Proiektu, jarduera edo instalazio bat ikertzera edo aztertzera bideratzen direnak, lehenbiziko baimen edo lizentziaren ingurumen baldintzak, edo ondorengo berrikuspen edo aldaketenak, ezartzea helburu. Ofiziozko ikuskapenak dira, halaber, irekitzeko baimena eman aurretik ingurumen baimen edo lizentzian ezarritako baldintzak betetzen ba ote diren egiaztatzeko egiten direnak.

b) Salaketaren ondorioz egiten diren ikuskapenak. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, salaketa baten bidez, jakin dituen egitate batzuk, arau-hauste administratibotzat har daitezkeenak edo aplikatzekoak diren legezko betebeharrak ez betetzea dakartenak ikertzera edo egiaztatzera bideratuak.

90. artikulua. Ikuskapenen plangintza.

1. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak urte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan bere eskumeneko ingurumen ikuskapenak planifikatu beharko ditu, hala ohikoak nola ohiz kanpokoak.

2. Horretarako, ikuskapen programa bat izan beharko du, edo bat baino gehiago, zeinean honakoak zehaztuko baitira: estaltzen duen esparru geografikoa, horien eraginpeko instalazioen mota edo kokapena, ikuskapeneko bisitaldien maiztasuna eta horien indarraldia.

3. Ikuskapen programak urtero berrikusiko dira, aurreko urtean izandako esperientzia eta egindako lanak kontuan hartuta. Planak berrikusteko, kontuan hartuko da ukitutako sektoreen eta aplikatu beharreko arauen bilakaera.

91. artikulua. Ingurumen arloko ikuskapen jardueren urteko memoria.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak urtero memoria bat prestatuko du, ingurumen arloko ikuskapenarekin zerikusi adierazgarria duen informazio guztia biltzen duena. Memoria horretan azaldu eta baloratuko dira egin diren ikuskapen jarduketa guztiak eta horien emaitzak, bai eta ingurumen ikuskapenen plangintza zenbateraino bete den ere.

92. artikulua. Publizitatea.

Ikuskapen jarduketen emaitzak eta, orobat, aurreko artikuluan aipatu memoria, jendearen eskura egonen dira, eta ingurumen arloko informazioa eskuratzeko eskubidearen gaineko legerian ezarritakoez aparte ez da beste mugarik izanen.

93. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuen ikuskapena.

Ingurumen arloko esku-hartzearen mendeko jarduerak baimentzeko tramitean txosten aginduzkoa eta lotzailea eman duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuek, emandako txostenen xede diren gaiei buruzko ikuskapen eskumena aitorturik dutenez, ikuskapenak planifikatu eta burutuko dituzte euren antolamendu eta egituraren arabera.

2. ATALA

UDALEK EGITEN DUTEN IKUSKAPENA

94. artikulua. Udalek egiten dituzten ikuskapenak.

Jardueran sailkaturako udal lizentzia behar duten jardueretan, toki entitateek egin beharreko ikuskapenen tipologia udalek finkatuko dute kasuz kasu.

II. KAPITULUA. INGURUMEN ARLOKO IKUSKATZAILEAK

95. artikulua. Ingurumen arloko eskuhartzea behar duten jardueren ikuskatzaileak.

1. Ingurumen arloko esku-hartzea behar duten jardueren ikuskatzaile ofizialki izendatutakoek agintaritzako agentetzat hartuko dira, dagozkien eginkizunetan aritzeko.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren langileen artean daude:

a) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko eta udaletako teknikariak.

b) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko landa-langileak.

c) Foruzaingoko langileak, Guardia Zibileko Natura Babesteko Zerbitzuko langileak (SEPRONA) edo Udaltzaingokoak.

d) Berariaz kreditaturik dauden langileak edo Administrazioko beste departamentu batzuenak diren gaien ikuskapena agindurik dutenak.

e) Berariaz kreditaturik dauden langileak edo toki entitateenak diren gaien ikuskapena agindurik dutenak.

3. Ingurumen arloko ikuskapenak egiteko izendatu diren langileek behar den kreditazioa beharko dute izan.

96. artikulua. Kanpoko ikuskatzaileak.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, toki entitateek eta ikuskapenerako eskumena duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuk Kontrol Erakunde Baimendunen laguntza izan dezakete, baldin eta gaitasun eta trebetasun tekniko egokia badute ikuskapen ohikoak edo programatuak egiteko.

97. artikulua. Ikuskatzaileen ahalmenak.

1. Ikuskatzaileek ahalmena dute ingurumen arloko esku-hartzearen mende dauden subjektu publikoei edo pribatuei haiek daukaten ingurumen arloko edozein dokumentazio eskatzeko, instalazioetara eta ikuskatu beharreko gainerako lekuetara aldez aurretik identifikatu eta abisatu gabe sartzeko eta bertan egoteko. Ikuskapen lana egiteko, etxeren batean sartu behar baldin badute, epaileen baimena eskatu beharko dute.

2. Ikuskatzaileek lan jardueran egiten dituzten akta eta txostenak agiri publikotzat hartuko dira, eta horien abiapuntu izan diren egintzak frogatzeko balioko dute, interesatuek ekar edo adieraz ditzaketen frogak deusetan galarazi gabe.

3. Ingurumen arloko esku-hartzearen mendeko jardueren ikuskatzaileei dagokie ondorengo zehaztapen hauetako bat hartzeko erabakia:

a) Organo eskudunari babes neurri behin-behinekoak eta behin betikoak hartzeko proposamena egitea eta, halakorik bada, ingurumen arloan hautsitako legeria eta aldatutako errealitate fisikoa berrezartzea.

b) Organo eskudunari ingurumen arloko legerian tipifikatutako arau-haustea izan daitezkeen egitateen berri ematea, bai eta praktikatu diren eginbideen berri ere, eta halakorik bada, dagokion zehapen prozedurari hasiera ematea.

c) Organo eskudunari ikuskatutako jarduerarako behar den baimena, ebaluazioa, txostena edo lizentzia aldatzeko, berrikusteko edo atzera egiteko proposamena egitea.

d) Ingurumenaren babesarekin etan ingurumen arloko legeriarekin zerikusirik duten beste edozein jarduketa, legez edo erregelamenduz esleitutakoak, burutzea.

98. artikulua. Lagundu beharra.

Ingurumen arloko esku-hartzearen mende dauden titularrek behar den laguntza emanen diete ikuskatzaileei, horien eginkizunetarako egin behar dituzten azterketak, kontrolak, lagin eta informazioa bilketa egiterik izan dezaten.

III. KAPITULUA. INGURUMEN ARLOKO IKUSKAPEN PROZEDURA.

99. artikulua. Ikuskapen jarduketei hasiera ematea.

1. Ikuskapen jarduketei ofizio bidez emanen zaie beti, dela organo eskudunaren ekimenez, dela nagusi baten aginduz, beste organo batzuen eskaera arrazoituaren bitartez edo salaketa baten ondorioz.

2. Salaketak, salatzailearen identifikazio eta sinadurarekin, arau-haustea edo gorabehera osatzen duten egitateak azaldu eta zehaztu beharko ditu, noiz eta non gertatu ziren eta gainerako inguruabar adierazgarri guztiak.

3. Ikuskapena hasi baino lehen, aldez aurreko jarduketak egiten ahal dira kasu bakoitzaren inguruabarrak ezagutzeko eta ikuskapen jarduketari hasiera ematea edo ez ematea komeni den jakiteko.

100. artikulua. Ikuskapen jarduketen garapena.

1. Ikuskapen bisitaldia egin aurretik kontrolatu behar den instalazioaz eskura dagoen bidezko informazio guztia eskatu beharko da, hala nola dauden baimenak, tramitatutako proiektu teknikoak eta autokontrolen emaitzak.

2. Instalazioetara bisitaldia egiten denean, begiratu behar da ea betetzen diren ingurumenaren arloko legezko xedapenak eta derrigorrez bete beharreko beste aginduak, eta, arau orokor gisa, ikuskapenaren ikuspegi integratu bat erabiliko da.

101. artikulua. Ikuskapenaren akta.

1. Ikuskapen bisitaldi bakoitzari dagokion akta eginen da, zehaztapen hauekin:

a) Bisitaldia eginen duten ikuskatzaileak.

b) Ikuskatzen den jarduera edo instalazioa, haren titularra eta bisitaldiaren aurrean egondakoen identifikazioa, espresuki aipatuz noren ordezkari gisa agertzen diren eta agerpenaren izaera.

c) Ikuskapenaren tokia, eguna eta ordua.

d) Bisitaldian atzemandako egitateak eta inguruabarrak eta, halakorik bada, erabili diren laginak hartzeko metodoak eta analisiak.

e) Horrelakorik izanez gero, bertaratutakoek egindako oharrak.

f) Bertaratutakoek akta sinatzea edo, halakorik denean, ez sinatzeko arrazoiak, baldin eta azaldu badituzte.

2. Aktaren kopia bat jardueraren edo instalazioaren titularrari eman behar zaio, edo halakorik ezean, ikuskapenera agertu diren langileei.

Aktaren kopiari uko eginez gero, horrela agerraraziko da, bai eta horretarako arrazoiak ere, baldin eta azaldu badira. Horrelakoetan, aktaren kopia jardueraren titularrari bidaliko zaio hurrengo hiru egunetan, administrazio-egintzak jakinarazteko aurreikusitako baliabideren bat erabiliz.

102. artikulua. Ikuskatzaileen txostena.

1. Ikuskapen txostenetan ikuskapenari buruzko dokumentuak sartuko dira eta ikuskapena egin den bitartean aurkitu diren gorabehera guztiak eta bildu diren informazio guztiak antolatu eta azalduko dira modu ulergarri eta erabilgarri batez.

2. Ikuskapen txostenetan egindako ikuskapenari buruzko balorazioak eta ondorioak sartuko dira eta, halakorik bada, baita Erregelamendu honen 97. artikuluan aurreikusitako neurrien gaineko proposamena ere.

IV. KAPITULUA. JAKINARAZTEKO BETEBEHARRAK

103. artikulua. Jakinarazteko betebeharren mende dauden subjektuak.

Edozein motatako ingurumen esku-hartzearen mende dauden titularrek hurrengo artikuluan zehazten diren jakinarazpen betebeharrak dituzte. Hain zuzen ere, betebehar horien mende daude ondorengo subjektuak:

a) Ingurumen baimen integratuaren mende dauden jardueren titularrak.

b) Ingurumen ukipenetarako baimenaren mende dauden jardueren titularrak.

c) Jarduera sailkaturako udal lizentziaren mende dauden jardueren titularrak.

d) Ingurumen eraginaren adierazpenaren ingurumena zaintzeko planean sartutakoak.

e) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak emandako baimenean edo txostenean betebehar horien titular gisa identifikatutako beste guztiak.

104. artikulua. Jakinarazteko betebeharrak.

1. Aplikatzekoa den sektoreko legerian aurreikusitako autokontrolerako, jakinarazteko eta informazioa emateko betebeharrez gainera, aurreko artikuluan aipatzen diren subjektuek administrazio eskudunari ondorengo egitateen berri emanen diete berehala:

a) Instalazioen edo autokontroleko sistemen funtzionamendu okerra, bai eta pertsonen, haien ondasunen edo ingurumenaren segurtasun edo osasunean eragina izan dezaketen beste edozein gorabehera.

b) Pertsonen edo ingurumenaren segurtasunerako edo osasunerako arrisku egiazko edo balizkoak ekar ditzakeen istripu bat izatea. Horrelakoetan espresuki adieraziko da zein neurri hartu diren horren gainean eta administrazio eskudunari eskura dagoen informazio guztia helaraziko zaio, bidezko diren erabakiak har ditzan.

c) Jarduera nahita etetea, hiru hilabetetik gora, sasoikako industriak salbuetsirik, bai eta jarduera behin betikoz uztea ere.

d) Jarduera edo instalazio baimenduaren titulartasuna eskualdatu izana.

e) Ingurumen baimenean edo jarduera sailkaturako udal lizentzian zehazten den beste edozein inguruabar.

2. Jardueren edo instalazioen titularrek ingurumen arloko esku-hartzeaz Erregelamendu honetan aurreikusitakoarekin zerikusirik duen informazioa Administrazioari ematen diotenean, informazioa isilpekoa dela argudia dezakete, prozesu industrialei dagozkien alderdietan eta, orobat, legeak aurreikusi bezala, isilpekotzat jotzen diren bestelako alderdietan.

105. artikulua. Urteko txostena.

2 A eta 2 B eranskinetako instalazioetako titularrek eta 4 A, 4 B eta 4 C eranskinetakoek, zeinen jarduera sailkaturako udal lizentziak horrela ezartzen baitu, urtean behin Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari inguruabar hauen berri emanen diote, egoki dena.

a) Aireratzeak, hondakin uren isurketak, eta hondakinen sorrera eta kudeaketa datuak.

b) Ingurumena Zaintzeko Programa exekutatzean ateratako gainerako informazioa.

c) Jarduerak bete beharreko emisioen gehieneko mugak betetze-mailaren ebaluazioa.

d) Urtean zehar egindako ustiaketa planen eta erauzketa lanen ondoriozko lehengoratzeen zehaztapena eta hurrengo urterako aurreikuspenak.

Jakinarazpen horren formatua eta egiteko modua Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren foru agindu baten bidez ezarriko dira.

V. TITULUA. INGURUMENAREN ARLOKO LEGEZKOTASUNAREN BERREZARPENA

I. KAPITULUA. BAIMENIK EDO LIZENTZIARIK GABEKO JARDUERAK LEGEZTATZEA

106. artikulua. Baimenik edo lizentziarik gabeko jarduerak legeztatzea.

1. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak baldin badaki ingurumenaren arloko esku-hartzearen mendeko jarduera bat ingurumen baimen integraturik gabe, ingurumen ukipenetarako baimenik gabe edo irekitzeko baimenik gabe ari dela, zilegi du jardueraren etena agintzea eta, gainera, jarduera legezta dezala eskatzea edo, legeztatzeko modukoa ez bada, haren itxiera agintzea.

2. 4 A, B eta C eranskinetako jardueren kasuan, jarduera sailkaturako udal lizentziarik edo irekitzeko baimenik gabe ari badira, eskatzekoak direlarik, aurreko idatz-zatian aipatutako jarduketak Udalak burutuko ditu, ofizio bidez edo Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eskaturik. Errekerimendua eginik, Udalak ez badu esku hartzen, aurreko idatz-zatian aurreikusitako jarduketak aipatu departamentuak egin ahal izanen ditu. 4 D eranskineko jardueren kasuan, administrazio eskudun bakarra Udala da, ez besterik.

3. Ingurumen eraginaren adierazpenik gabe ari diren jardueren kasuan, eskatzekoa izanik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak jardueraren funtzionamendua legeztatzeko behar diren neurriak har ditzala eskatuko dio organo substantiboari, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren mende jarriz eta, beharrezkoa balitz, onespen edo baimen substantiboa berrikusiz.

107. artikulua. Legeztatzeko prozedura.

1. Administrazio eskudunak baldin badaki ingurumen esku-hartzearen mendekoa den jarduera bat baimenik edo lizentziarik gabe ari dela, kasu horren inguruabarrak ezagutzeko eta jarduera legeztatzea bidezkoa den ala ez jakiteko behar diren jarduketak burutuko ditu, bidezkoak izan daitezke zehapenak jartzea galarazi gabe.

2. Instalazioa legeztatze edo behin betikoz ixtea agintzeko ebazpena jardueraren titularrari entzun ondotik emanen da eta legeztatu edo behin betikoz ixteko premiaren arrazoiak adieraziko dira bertan. Jarduera legeztatzeko agindua ematen duen ebazpenean legeztatzea lortu ahal izateko bete beharko den ingurumeneko esku-hartze prozedura adieraziko da eta prozedura horri ekiteko jarritako epea. Epe hori, behar bezala justifikatutako salbuespeneko kasuetan izan ezik, ez da hiru hilabetetik gorakoa izanen.

3. Instalazioa legeztatzeko edo ixteko agintzen duen ebazpenak, bestalde, zehaztapen hauek ere biltzen ahal ditu:

a) Jarduera eteteko agindua, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 71. artikuluan aurreikusitako kasuetan.

b) Aldatutako errealitate fisikoa konpondu beharrak zehaztea eta, kalte-ordainak ordaintzea, ingurumenean kalteak eragin badira edo errealitate fisikoan edo biologikoan baimendu gabeko aldaketarik sortu bada.

108. artikulua. Kautelazko neurriak.

1. Ingurumen legezkotasuna titulu honetan aurreikusitako neurrien bidez lehengoratzeko, administrazio eskudunak beharrezkoak diren kautelazko neurriak hartu ahal izanen ditu.

2. Zehazki, administrazio jarduleak ur edo energia elektrikoaren horniketa eragotzi edo etenen du bertan behera uzteko edo ixteko agindua eman duen jarduera eta obretarako. Horretarako, ura edo elektrizitatea banatzen duten enpresei administrazioaren ebazpena jakinaraziko zaie, eta enpresek agindu hori gehienez ere bost eguneko epean bete beharko dute. Ur edo energia elektrikoaren horniketaren etenari amaiera emateko lehenik eta behin jarduera legeztatu beharko da, edo neurri zuzentzaileak hartu, administrazio jarduleak enpresa hornitzaileei hala gertatu dela espresuki jakinarazita.

3. Administrazio jarduleek jardueren titularrei ezarritako kautelazko neurrien eragingarritasuna bermatuko duen bermea eskatu ahalko diete.

II. KAPITULUA. ZIURTAPEN NEURRIAK, ZUZENKETA NEURRIAK ETA ALDATUTAKO ERREALITATE FISIKOA KONPONDU BEHARRA

109. artikulua. Ziurtapen neurriak.

1. Ingurumen legeria sektorialean xedatutakoa gorabehera, ingurumen baimen integratua edo ingurumen ukipenetarako baimena ematea bermea jartzearen mende, edo jardueraren titularrak baimendutako jarduera edo instalazioak ingurumenean eragin litzakeen kalteak konpondu, aurreikusi, gutxitu edo saihestuko dituen erantzukizun zibileko derrigorrezko aseguru bat harpidetzearen mende jarri ahal izanen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, behar bezala arrazoituta.

2. Bereziki, baimenaren edo txostenaren baldintzetan ingurumen balioak edo balio ekologikoak lehengoratzeko neurriak azaltzen direnean, neurri horiei erantzuteko aski izanen den bermea aipatuko da. Lehengoratze neurriak bete ahala liberatuz joanen da berme hori.

3. Hala behar denean, udalek ziurtapen neurriak eskatzen ahal dituzte jarduera sailkaturako udal lizentziak edo irekitzekoak ematerakoan, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak emandako txostena, halakorik bada, kontuan hartuz, lizentzia behar duen jarduerak ingurumenean sor ditzakeen kalteei dagokienez.

110. artikulua. Neurri zuzentzaileak hartzea.

1. Ingurumen baimen integratuaren, ingurumen ukipenetarako baimenaren edo ingurumen eraginaren ebaluazioaren mende dagoen jarduera baten funtzionamenduan akatsik hauteman ondoren, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak jarduera horren titularrari akats horiek neurri zuzentzailearen araberako epean zuzen ditzala aginduko dio. Epe hori, kasu berezietan izan ezik, ez da sei hilabete baino gehiagokoa izanen.

2. 4. eranskineko jarduera sailkatuen kasuan, udalari dagokio akatsak zuzentzeko agindua ematea aurreko idatz-zatian esandako moduan. Alabaina, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak edo txostenik egin duen beste departamenturen batek 4. eranskineko jarduera sailkaturen batean akatsik hautemanen balute, behar diren neurriak hartzeko agindua luza lezakete, dagokion udalari jakinarazita, aldez aurretik obra lizentzia lortuta betiere, hori bidezkoa bada.

111. artikulua. Jarduerak etetea.

1. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak, aurretiaz entzunaldia emanda, ingurumen arloko esku-hartzearen mende dagoen edozein jarduera, eraikuntza zein ustiapen fasean dagoena, 4 D eranskinekoak salbu, osorik zein partzialki prebentzio modura geldiarazten ahal du, honako arrazoietako edozeinengatik:

a) Plan, proiektu zein jarduerari ekin zaiolako ingurumen baimen integraturik gabe, ingurumen ukipenetarako baimenik gabe, ingurumen ondorioen adierazpenik gabe, ingurumen eraginaren adierazpenik gabe, jarduera sailkaturako lizentziarik gabe eta irekitzeko baimen edo lizentziarik gabe.

b) Datuak ezkutatu, faltsutu edo maltzurki erabili direlako ingurumen arloko esku-hartzea egiteko prozeduran.

c) Plan, proiektu zein jarduera gauzatzeko ezarritako ingurumen baldintzak bete ez direlako edo urratu direlako.

d) Ingurumenari kalte larri edo konponezinak eragin dakizkiokeela edo pertsonentzako zein ondasunetarako berehalako arriskua dagoela uste izateko pisuzko arrazoiak daudenean, harik eta hori uste izateko zirkunstantziak desagertu arte; neurriak hartu ahalko dira arriskuak egiaztatu edo murrizteko

Jarduera Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren aginduz geldiarazten bada, jarduketa horren berri emanen zaio jarduerak kokalekua dueneko udalari.

2. 4 D eranskineko jardueren kasuan, jarduera geldiarazi edo etetea alkatearen eskumena izanen da.

112. artikulua. Neurri zuzentzaileak nahitaez betearaztea.

Funtzionatzen ari den zein aldi batez geldituta edo behin betiko itxita dagoen ingurumen arloko esku-hartzearen mendeko jarduera baten titularra neurri zuzentzaileren bat hartzeari uko egiten dionean, ekintza hori eskatu duen administrazioak, aurretiaz ohartarazita, agindu hori subsidiarioki gauzatu ahalko du, erantzulearen kargura; egintza subsidiario horren ondoriozko gastuak premiamendu-bidetik eskatu ahalko ditu

113. artikulua. Aldatutako errealitate fisikoa konpontzeko eta eragindako kalteen ordaina emateko eginbeharra.

Planaren edo proiektuaren egintzak zein jardueran aritzeak ingurumenari kalte egiten diotenean edo errealitate fisikoan edo biologikoan baimendu gabeko aldaketa eragiten dutenean, proiektuaren sustatzaileak zein jardueraren titularrak aldatutako errealitate fisiko edo biologikoa konpondu edo lehengoratu beharko dute, edo horren pareko ondorioak dituzten konpentsazio neurriak gauzatuko dituzte eta, izatekotan, legokiekeen kalte-ordaina ordainduko lukete, ingurumenari eragindako kalte eta galerengatik, kasuan-kasuan bidezkoak liratekeen zehapen penal edo administratiboak ukatu gabe.

114. artikulua. Konpontzeko eta kalteordainak emateko beharrak zehaztea.

1. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aldatu den errealitate fisiko edo biologikoa lehengoratzeko edo horren pareko ondorioak dituzten konpentsazio neurriak gauzatzeko modua eta beharrezko jarduerak zehaztuko ditu, eragiketak hasi eta amaitzeko epeak finkatuz eta, behar izanez gero, legokeen kalte-ordaina emateko epea zehaztuz.

2. Aurreko idatz-zatian aipatutako konpontzeko eta kalte-ordainak emateko beharrak zehaztuko dira:

a) Jarduerak legeztatzeko prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean.

b) Zehapen prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean.

c) Kapitulu honen ondorengo artikuluetan araututako prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean.

115. artikulua. Konpontzeko eta kalteordainak emateko beharrak zehazteko prozedura.

1. Ingurumenean kalteak egin direla edo errealitate fisikoan edo biologikoan bidegabeko aldaketa eragin dela antzeman bada edo horrelako zantzuak badira, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak edo alkateak, bestela, berariazko prozedura bati hasiera emanen dio, kalteak izan diren eta zein neurritakoak egiaztatzeko eta aldatu den errealitate fisikoa konpondu beharra zehazteko eta, hala behar denean, egindako kalteen ordaina emateko.

Prozedura horri ezin zaio hasiera eman, egitate beren eta subjektu beren gaineko zehapen prozedura abian den bitartean.

2. Konpontzeko eta kalte-ordainak emateko beharrak hamabost urteko eperako zehazten ahal dira, kalteak egiten direnetik aitzina, non ez duten jabari publikoko ondasunak edo babes bereziko eremuak ukitzen, horrelakoetan ekintza preskribaezina izanen baita.

3. Konpontzeko eta kalte-ordainak emateko beharrak zehazteko prozedura berariazkoari ofizio bidez emanen dio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak edo, kasua bada, alkateak.

4. Prozedura hori administrazio prozedura erkideari buruzko legean aurreikusitakoari jarraikiz garatuko da, eta horrek dirauen bitartean Erregelamendu honetan aurreikusitako neurri behin-behinekoak eta kautelazkoak hartzen ahal dira, baina, betiere erantzuleei entzunaldia emanda.

116. artikulua. Berrezartzeko eta kalteordainak emateko eginbeharren gaineko ebazpena.

1. Ebazpen judizial irmoen bidez eta administrazio bideari bukaera ematen dioten zehapen prozeduren bidez frogatutzat ematen diren gertaerak lotzaileak izanen dira berrezarri eta kalte-ordainak emateko eginbeharrak zehazteko prozedura berariazkoan hartzen diren ebazpenentzat.

2. Berrezartzearen gaineko zehaztapenetan adieraziko dira ukitutako ingurunea bere jatorrizko egoerara itzultzeko behar diren elementuak, berrezartzeko modua eta metodoak, neurri horiek betearazteko epea jartzea, eta ohartarazpen bat, berrezartzea bete ezean derrigorrezko exekuziora joko dela iragartzen duena.

3. Kalte eta galerengatik edo konponezineko kalteengatik bidezkoak liratekeen kalte-ordainen zenbatekoa finkatzen duen ebazpenean borondatez ordaintzeko epea agerraraziko da. Epe hori iraganik, derrigorrez betearazten ahal da premiamendu bidez.

4. Konpontzeko eta kalte-ordainak emateko beharrak zehazteko prozedura berariazkoari buruzko ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, prozedurari ekiten zaionetik aitzina. Epe horretan ebazpena eman eta jakinarazten ez bada, prozedura iraungitzat joko da, eta ondorioz jarduketak artxibatuko dira eta horren berri emanen zaie interesatuei.

117. artikulua. Konpontzeko eta kalteordainak emateko beharrak derrigorrez betearaztea.

1. Lehengoratu edo konpondu beharra betearazteko jarri diren epeak iraganik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak edo alkateak, bestela, zilegi dute isun hertsatzekoak jartzea, bat hilero eta gehienez hamabi, 600 eurotik 6.000ra artekoak, aurreikusitako neurrien arabera.

2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak edo alkateak, bestela, eragiketen exekuzio subsidiarioa gauzatu ahalko dute, erantzulearen kargura, jarritako epeetan betetzen ez baditu.

3. Eragindako kalte eta galeren ordaina, baita egintza subsidiarioaren gastuak ere, premiamendu-bidetik eskatu ahalko dira. Exekuzio subsidiarioaren zenbatekoa behin-behinekoz likidatzen ahal da, exekuzioa egin aitzin, behin betiko likidazioaren kontura. Nolanahi ere, interesatuari entzunaldia emanen zaio likidazio prozeduran, hala behin-behinekoan nola behin betikoan.

VI. TITULUA. ZEHAPEN ARAUBIDEA

118. artikulua. Arauhausteen eta zehapenen definizioa.

1. Legeria sektorialean adierazitako arau-hauste eta zehapenen kalterik gabe, Erregelamendu honetan araututako gaietan arau-hauste eta zehapen administratiboak izanen dira martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean tipifikatu eta zehatutako egiteak edo ez-egiteak.

2. Ez-betetze larriak zehazteko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Emisioen gehieneko mugak gainditzea, hotsenak aparte, baimentutakotik gora %20 baino gehiago.

b) Baimenean espresuki izendatu ez diren kutsagarriak kanporatzea, baldin eta arautegi sektorial indardunean aurreikusitako muga %20tik gora gainditzen bada.

c) Isurketak egitea, baimendutako mugak ez betez %20tik gora.

d) Debekatutako gaiak erabiltzea.

e) Arriskugarritzat jotzen diren hondakinak baimenik gabe edo baimendutako mugen gainetik sortzea edo kudeatzea.

f) Gai arriskugarriak tarteko direla, istripuak izanez gero jakinarazi beharra ez betetzea.

g) Eman beharreko informazioa maltzurkeriaz ezkutatzea.

h) Soinu-muga baimenduak 6 dBA baino gehiagoan gainditzea.

i) Ingurumenari, pertsonen osasunari edo/eta segurtasunari edo haien ondasunei kalte egin izana edo arrisku larria dagoela frogatzea.

j) Ingurumen baimen integratua berritzeko eskaera ez egitea haren mugaeguna edo iraungipena baino hamar hilabete lehenago gutxienez, instalazioan edo jardueran aldaketa funtsezkoak egin badira.

3. Ez-betetze arinak zehazteko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Emisioen gehieneko mugak gainditzea, baimentutakoen %20ra arte.

b) Arautegi sektorial indardunak baimendutako gai kutsagarriak kanporatzea, %20ra arte.

c) Isurketak egitea, baimendutako mugak ez betez %20ra arte.

d) Debekatu gabeko gaiak baina baimenean espresuki aipatzen ez direnak erabiltzea.

e) Arriskugarritzat jotzen ez diren hondakinak baimenik gabe edo baimendutako mugen gainetik sortzea edo kudeatzea.

f) Gai arriskugarririk tarteko izan gabe istripuak izanez gero, jakinarazi beharra ez betetzea.

g) Eman beharreko informazioa maltzurkeriarik gabe ezkutatzea, baimen edo lizentzia baten eskualdaketa jakinarazi beharra ez betetzea barne.

h) Soinu-muga baimenduak 6 dBA arte gainditzea.

i) Ingurumenari, pertsonen osasunari edo/eta segurtasunari edo haien ondasunei kalte egin izana edo arrisku arina dagoela frogatzea.

j) Bermea ez jartzea, baimena baliozkoa izateko ezinbesteko baldintza ez bada eta hura betearaztea halabehartzen duten egoerak gertatu ez badira.

k) Ingurumen baimen integratuaren mendeko jarduera batean segitzea, ezarritako epean hura berritzeko eskaera egin gabe eta aurreko baimenaren baldintzetan aldaketarik izan ez bada.

119. artikulua. Zehapen prozedura.

1. Zehapenik ez da jartzen ahal, kasu bakoitzari dagokion prozedura tramitatu ez bada.

2. Zehapenak dagokion zehapen prozeduraren instrukzioaren bidez ezarriko dira, ondorengo artikuluetan aurreikusten den bezala.

120. artikulua. Aurretiazko jarduketak.

1. Zehapen espedientea hasi baino lehen, hura abiarazteko eskumena duen organoak, gertaerak argitze aldera, aurretiazko informazio aldi bat irekitzeko agindu ahalko du, kasu zehatzaren zer nolakoak ikertu eta prozedura abiarazi behar den ala ez den erabakitzeko.

2. Zilegi izanen da aurretiazko informazio hori erreserbatua izatea, eta ez da hilabete batetik gora luzatuko, non eta espresuki ez den erabakitzen beste epe baterako edo batzuetarako luzatzea.

3. Ikuskapen eta kontrol jarduketek, horiek jasorik uzteko egintza edo agiriek, administrazioak egindako analisi edo kontrolek eta lehenbiziko idatz-zatian aipatutako aurretiazko jarduketek ez diote hasiera emanen zehapen prozedurari.

121. artikulua. Behinbehineko neurriak.

1. Prozedurak ebazteko eskumena duen organoak ahalmena izanen du noiznahi behin-behineko neurri batzuk ezartzeko, zertarako eta geroko ebazpena eragingarria izanen dela eta prozedura ongi bukatuko dela bermatzeko, interes orokorra defendatzeko, arau-haustearen ondorioak galarazteko eta, betiere, legeak betetzen direla bermatzeko.

2. Atzeraezinezko presako kasuetan, prozedura hasteko eskumena duen organoak ahalmena izanen du, erabaki arrazoitu baten bidez, beharrezkoak diren behin-behineko neurriak ezartzeko.

3. Behin-behineko neurri horietan finkatu ahalko da jarduerak erabat edo parte batean geldiaraztea, establezimenduak edo instalazioak osorik edo partzialki ixtea, aparatuak edo ekipoak prezintatzea eta beste neurri batzuk hartzea produkzioan arriskurik edo kalterik izan ez dadin.

4. Behin-behineko neurriak kasuan-kasuan bermatu nahi diren beharren eta helburuen araberakoak izan beharko dira, hala intentsitateari dagokionez, nola proportzionaltasunari dagokionez.

5. Behin-behineko neurriak hartzeko ebazpena eman aurretik, interesatuen entzunaldia irekiko da, bost egun baliodunekoa gutxienez, salbu eta ezinbestekoa bada erabakia entzunaldia eman gabe hartzea. Ezinbestekotasun hori organo eskudunak adieraziko du arrazoibidez. Horrelakoetan, hartutako kautelazko neurria berretsi beharko da, interesatuaren entzunaldia bukatu eta gero. Epe hori neurria hartzen den egunetik aurrera kontatuko da eta lehen adierazitako iraupen bera izanen du.

122. artikulua. Zehapen prozeduraren hasiera.

1. Zehapen prozedurak, beti, ofizioz hasiko dira, organo eskudunaren erabakiaren bidez, dela organoaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, beste organo batzuen arrazoibidezko eskaeraren ondorioz edo salaketa baten ondorioz.

2. Prozedurari hasiera emateko ebazpenean instruktorea izendatuko da, hura errefusatzeko araubidea espresuki adieraziz.

3. Hasiera emateko erabakia eta karguen agiria instruktoreari jakinaraziko zaizko, ordura arte egindako jarduketa guztiekin batera, eta jakinarazi eginen zaie salatzaileari, horrelakorik badago, eta interesatuei, alegia, ustezko arau-hausleei.

123. artikulua. Karguen agiria.

Instruktoreak kargu agiri bat idatziko du, datu hauek agerraraziz:

a) Ustez erantzule direnen identifikazioa.

b) Prozedurari hasiera emateko abiapuntu izan diren egintzak, labur azaldurik, haiei dagozkiekeen kalifikazioa eta zehapenak, ezertan ukatu gabe instrukziotik hel daitekeena.

c) Espedientea ebazteko organo eskuduna eta horrelako eskumena ematen dion araua, adieraziz ustezko erantzuleak aukera baduela bere borondatez erantzukizuna aitortzeko; horrela izanik instruktoreak espedientearen ebazpena eta aurreikusitako zehapena jartzea proposa dezake berehala.

d) Zehapen prozedura hasteko eskumena duen organoak erabaki dituen behin-behineko neurriak, aurreko artikuluan adierazi denaren arabera prozedura bitartean beste batzuk hartu baldin badaitezke ere.

e) Alegazioak aurkezteko eta prozeduran entzunaldia izateko eskubidea dagoela aipatu beharko da, eta horretarako epeak.

f) Prozedura ebazteko gehieneko epea.

124. artikulua. Alegazioak.

1. Interesatuek hamabost eguneko epea izanen dute egoki iruditzen zaizkien alegazio, agiri eta informazioak aurkezteko eta, nahi izanez gero, probak proposatzeko, horretarako erabili behar dituzten baliabideak zehaztuz. Kargu agiriaren jakinarazpenean epe horren berri emanen zaie interesatuei.

2. Prozeduraren instruktoreak ofizioz eginen ditu egintzak aztertzeko beharrezko diren jarduketa guztiak, erantzukizun zehagarriak ote diren finkatzeko jakin behar diren datuak eta informazioak eskatuz.

3. Prozeduraren instrukzioaren ondorioz egintzen hasierako azalpena, kalifikazioa, ezartzen ahal ziren zehapenak edo zehagarri diren erantzukizunak aldatzen badira, hori guztia jakinaraziko zaio ebazpen proposamenean ustezko arau-hausle gisa agertzen denari eta kargu agiri berri bat eginen da.

125. artikulua. Erantzukizuna borondatez onartzea.

Ustezko arau-hausleak bere borondatez aitortzen badu erantzulea dela, instruktoreak zehapena jartzeko eskumena duen organoari igorriko dio espedientea, ebazpena eman dezan, ezertan galarazi gabe tramitatzen segitzea, iruzur zantzu arrazoizkorik badago edo beste pertsona edo entitate errudunen bat isilpean geratu den susmoa badago, edo prozedura hasteak sortu duen kontua ororen interesekoa bada.

126. artikulua. Froga.

1. Alegazioak jasotakoan edo alegazioak aurkezteko epea bukatutakoan, instruktoreak frogetarako epe bat ireki dezake. Epe hori hamar egunetik gorakoa izanen da eta hogeita hamar egunetik beherakoa.

2. Gertatutakoak edo erantzunbeharrak finkatzeko behar adina froga eginen dira ofizioz edo ustezko arau-hausleak eskatuta. Bidegabekotzat hartzen diren frogak soilik ukatu ahal dira, hots, gertaerekin duten lotura ikusita, azkeneko ebazpena ustezko arau-hauslearen alde aldatu ezin dutenak.

3. Agintaritzako agente izaera aitortua duten enplegatuek egiaztatutako egintzek, legeak eskatzen dituen betekizun guztiak eginda agiri publikoen bidez aurkezten badira, frogen balioa izanen dute, betiere ezertan ukatu gabe espedientatuek euren eskubideen edo interesen alde aurkezten ahal dituzten frogak.

4. Froga teknikoek eta interesatuek proposatzen dituzten txosten kontraesankor nahiz ebazleek eten eginen dute prozedura ebazteko epearen kontaketa, eskatzen diren egunetik frogak/txostenak egin eta emaitzak espedienteari erantsi artean.

127. artikulua. Jarduketa osagarriak.

1. Ebazpena eman aurretik, ebazteko eskumena duen organoak, arrazoibidezko erabaki baten bidez, erabakitzen ahalko du prozedura ebazteko behar-beharrezkoak diren jarduketa osagarriak egitea.

2. Jarduketa osagarriak egiteko erabakia interesatuei jakinaraziko zaie eta zazpi eguneko epea emanen zaie nahi dituzten alegazioak egiteko. Jarduketa osagarriak hamabost eguneko epean egin beharko dira, gehienez ere. Jarduketa osagarriak bukatu bitartean, prozedura ebazteko epea eten eginen da. Prozeduraren azken ebazpena eman aurre-aurreko txostenak ez dira jarduketa osagarritzat hartuko.

128. artikulua. Ebazpena.

1. Espedientearen instrukzioa bukaturik, horren gaineko ebazpena emanen da. Gai horren gaineko ebazpena emateko organo eskudunak izanen dira:

Ingurumen zuzendari nagusia, arau-hauste arin zein larriak direnean.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, arau-hauste oso larriak direnean.

Nafarroako Gobernua, arau-hauste oso larriak izan eta 600.000 eurotik gorako isunak jartzen direnean.

Alkatea, 4. eranskineko jardueretan eginiko arau-hausteak izan eta espedienteari hasiera ematen zaionean.

2. Ebazpen hori arrazoitua izanen da eta interesatuek azaldutako kontu guztiak eta prozeduratik eratorriak ere erabakiko ditu.

3. Ebazpenean ezin izanen dira onartu prozeduraren instrukzioaldian adierazi ez ziren egintzak, aurreko artikuluan adierazitakoaren ondoriozkoak izan ezik. Zilegi izanen da, hala ere, haien balorazio juridikoa aldatzea. Dena dela, ebazteko eskumena duen organoak uste badu arau-haustea ebazpen proposamenean azaldutakoa baino larriagoa dela, ustezko arau-hausteari jakinaraziko zaio, egoki iruditzen zaizkion alegazioak aurkez ditzan. Horretarako, hamabost eguneko epea izanen du.

4. Zehapen prozeduren ebazpenak, oinarrizko arauetan zehaztutakoa biltzeaz gain, egindako frogen balorazioa bildu beharko ditu, batez ere erabakiaren funtsezko oinarri direnak. Halaber, egintzak finkatuko ditu eta, halakorik bada, erantzule diren pertsonak, egindako arau-hausteak eta ezartzen diren zehapenak, edo, bestela, arau-hausterik edo erantzukizunik ez dagoela adieraziko du.

5. Ebazpena administrazio bidean irmo bihurtzen denean izanen da betearaztekoa.

6. Ebazpenean, hala erabakitzen bada, behar diren kautelazko neurriak hartuko dira betearazi artean ebazpenaren eraginkortasuna segurtatzeko.

7. Zehapena jarrita ere, zehatuak dagozkion kalte-ordainak ordaindu beharko ditu, horrelakorik baldin badago.

8. Ebazpenaren berri emanen zaio salatzaileari baldin eta haren jarduketa sartzen bada erregelamendu honetan xedatutakoa betetzeko eskakizunerako aurreikusi den ekintza publikoa gauzatzean.

129. artikulua. Prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea.

1. Zehapen prozeduran ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, espedientea abiarazteko administrazio ebazpena ematen den egunetik hasita.

2. Behar bezala justifikaturiko kasuetan, prozedura ebazteko eskumena duen organoak, ofizioz edo instruktoreak eskatuta, epe hori luzatzeko ahalmena izanen du, administrazio ebazpen arrazoitu baten bitartez. Luzapena hasieran ezarritako epearen erdia izanen da, gehienez.

130. artikulua. Ordezko ingurumen prestazioa.

1. Isunen ordez, behin sendo bihurtzen direnean, zehatutako pertsonak nahi baldin badu, ingurumena lehengoratzeko, zaintzeko edo hobetzeko ingurumen prestazioa egin ahalko du, isuna jarri zuen organo eskudunak zehazten duen eran eta ezartzen dituen baldintzak betez.

2. Ondorio horietarako, zehapena jarri ondoren, arau-hausleak ordezko ingurumen prestazioa egiteko eskabidea egin beharko du zehapen ekonomikoaren ordez.

3. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eta, hala egokitzen denean, udalek hilabeteko epean erantzun beharko diote ordezko prestazioaren eskabideari, bestela ukatutzat joko da.

131. artikulua. Organo eskudunak.

1. 2. eta 3. eranskinetako edo 4. eranskineko jardueren kasuan, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak bere txostena egin eta bere kontura aritzea erabaki badu udalak jarduten ez duela-eta, zehapen ahalmena erabiltzeko organo eskudunak izanen dira:

a) Ingurumen zuzendari nagusia, arau-hauste arin zein larriak direnean.

b) Arau-hauste oso larrien kasuetan organo eskuduna Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria izanen da, baina zehapenaren zenbatekoa 600.000 euro baino handiagoa baldin bada, zehapen hori Nafarroako Gobernuak jarriko du.

2. Jarduera sailkaturako udal lizentzia (Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren aldez aurreko txostena izandakoa) behar duten jardueretan egindako arau-hausteen kasuan, organo eskuduna udal lizentzia emateko eskumena duen entitate titularra izanen da, kasu bakoitzean tokiko legeriak ezarritakoa, betiere Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren aurrean espresuki adierazi badu, ofizio bidez edo aipatutako departamentutik jasotako jakinarazpenaren bidez.

Ondorio horietarako, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak entzutea badu arau-haustea izan dela, ustez eta jarduera horien titularrek egina, jarduera kokatzen deneko toki entitateari horren berri emanen dio, zehapen espedienteari hasiera emateko borondatea espresuki adieraz dezan. Hilabeteko epean erantzuten ez badu edo espresuki uko egiten badio, zehapen ahalmena departamentu honen esku egonen da.

3. Jarduera sailkaturako udal lizentzia (Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren aldez aurreko txostenik gabekoa) behar duten jardueretan egindako arau-hausteen kasuan, organo eskuduna udal lizentzia emateko eskumena duen entitate titularra izanen da, eta, kasua bada, baimena emateko tramitean txostena egin duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuak.

1. ERANSKINA. DEFINIZIOAK

1. ERANSKINA

Erregelamendu honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartu dira:

_Ingurumen baimen integratua: Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren ebazpena, ingurumena eta pertsonen osasuna babesteko ondorio hutsetarako, instalazio bat erregelamendu honen xedea eta xedapenak bete ditzan bermatzeko baldintza batzuen pean ustiatzen uzten duena. Baimen horrek instalazio bat edo gehiagorentzat, edo instalazioen zati batzuentzat balio ahalko du, titular berberak ustiatzen baditu eta toki berean badaude, betiere.

_Ingurumen ukipenetarako baimena: Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren baimena, zeinetan lur urbanizaezinetan egin diren eta beste erregelamendu honetan edo udalez gaindiko plan nahiz proiektu baten barruan aurreikusitako kontrolez bestelakoen menpe ez dauden proiektu batzuek natur ingurunean izan litzaketen eragin edo ukipenak ebaluatzen diren.

_Baimen substantiboak: Industriari buruzko 21/1992 Legearen 4. artikuluaren arabera, legez zein erregelamenduz aurretiaz administrazioaren baimena eskuratzearen menpe dauden industrien zein industria instalazioen baimenak. Zehazki, honakoak izanen dira baimen substantiboak: Sektore elektrikoari buruzko 54/1997 Legean finkatutakoak, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko 34/1998 Legean, Meategiei buruzko 22/1973 Legean eta herritarren segurtasunaren babesari buruzko 1/1992 Lege Organikoan, lehergailuen fabrikaziora xede duten instalazioei dagokienez.

_Ustiapen baldintza anormalak: normalez bestelako ustiapen baldintzak, ingurumenari eragin diezaioketenak, hala nola, abiarazteak, ihesak, funtzionamendu akatsak, aldi baterako geldialdiak edo behin betiko ixteak.

_Kutsadura: airean, uretan, zein lurrean, pertsonen jardueraren bidez, zuzenean zein zeharka substantziak, dardarak, beroa edo zarata sartzea, pertsonen osasunerako edo ingurumenaren kalitaterako ondorio kaltegarriak izan litezkeelarik, edo ondasun materialei kalterik eragin zein ingurumenaren gozamena edo zilegi diren beste erabilera batzuk hondatu edo kaltetzea eragin lezaketenak.

_Ingurumen eraginaren adierazpena: Ingurumen Eraginaren Ebaluazio prozedurari amaiera ematen dion ingurumen organoaren ebazpena, non, ingurumen ondorio aurreikusgarriei dagokienez, proiektu zein jarduera egitea komeni den ala ez zehazten den eta, baiezkoan, ingurumenaren eta natur baliabideen babes egokirako, jarduera edo proiektua diseinatu, gauzatu, ustiatu eta ingurumenari dagokionez zaintzeko ezarri behar diren baldintzak finkatzen diren.

_Ingurumen eraginaren azterlana: proiektu edo jarduera baten titular edo sustatzaileak proiektua edo jarduera egiteak, fase guztietan (eraikuntza, funtzionamendua eta ixtea zein desegiteak, kasu zehatz bakoitzaren berezitasunen arabera, ingurumen alderdien gainean ziurrenik eginen dituen ondorioak identifikatu, deskribatu eta egokiro baloratzeko aurkeztu behar duen dokumentu teknikoa.

_Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa: proiektu edo jarduera bat egiteak ingurumenean eragiten dituen ondorioak zer-nolakoak diren kalkulatzeko aukera eskaintzen duten azterlan eta txosten teknikoen multzoa, ondorio horiek prebenitu, saihestu eta zuzentzera begira.

_Instalazioa (ingurumen baimen integratuaren menpe dagoena): erregelamendu honen 2. eranskinean zerrendatutako industria jarduera bat edo gehiago, baita toki horretan burutzen diren jarduerekin teknikoki zerikusirik duen beste edozein jarduera ere garatzen deneko edozein unitate tekniko finko.

_Lehendik dagoen instalazioa (ingurumen baimen integratuaren menpe dagoena): funtzionatzen ari den eta baimena 2002ko uztailaren 3a baino lehen jaso duen edozein instalazio, edo arautegiaren arabera eskatu beharreko baimenak eskatuta dituena, betiere beranduenez data horretatik hamabi hilabeteren barruan funtzionatzen jartzen bada.

_Ingurumen arloko esku-hartzea: Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoen ahalmenen multzoa, hau da, ingurumenean eragin zuzen zein zeharkakoa izan lezaketen jardueren baimena, ebaluazioa, ikuskapena, kontrola eta zehapena.

_Jarduera sailkaturako udal lizentzia: udalaren ebazpena, zeinen bidez jarduera, instalazio zein proiektu bat garatzeko baimena ematen den, aurretiazko ebaluazioaren ondoren eta ezartzen diren neurri zuzentzaileen arabera.

_Eskura dauden teknikarik hoberenak: jardueren eta beren ustiapen modu desberdinen garapenaren faserik eraginkorrena eta aurreratuena, teknika batzuen gaitasuna frogatzen duena, printzipioz, isurketak eta ingurumenean eta pertsonen osasunean duten eragina saihesteko eta, saihesterik ez badago, ahalik eta gehien murrizteko isurkien gehieneko mugak eratzeko. Ondorio horietara begira, hara zer adierazten duten:

a) Teknikak: erabilitako teknologia, eta instalazioa nola diseinatuta, eraikita, mantenduta, ustiatuta edo geldiarazita dagoen ere bai.

b) Eskura daudenak: dena delako industria alorraren testuinguruan aplikatzea ahalbidetzeko moduko eskalan garatutako teknikak, ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak diren baldintzetan, kostuak eta mozkinak kontuan hartuta, hala teknikak Espainian erabili edo ekoitzi, nola ez, betiere titularrak zentzuzko baldintzetan eskuratu ahal baditu.

c) Hoberenak: ingurumenaren multzoaren eta pertsonen osasunaren babes maila orokor handia lortzeko teknikarik eragingarrienak.

_Organo substantiboa: proiektuak onesteko edo proiektuen egintza zein jardueraren ariketa baiesten dituzten baimen substantiboak ebazteko organo eskuduna.

_Sustatzailea edo titularra: pertsona fisiko zein juridikoa, pribatua zein publikoa, erregelamendu honetan aurreikusitako prozeduretako bat abiarazten duena, plan, programa, proiektu zein jarduera bati dagokionez, tramitatu eta onesteko.

_Proiektua: eraikuntza, instalazio, obra zein beste edozein jarduera egin aurretik prestatu beharreko dokumentu teknikoa, hura definitu edo halabeharrez baldintzatzen duena, bereziki kokapenari eta ustiapenari dagokienez, baita ingurumenaren gaineko beste edozein esku-hartzeri dagokionez ere, natur baliabideen erabilpenera xedatutakoak barne.

_Natura 2000 Sarea: Europako sare ekologiko koherentea, Zainketa Eremu Bereziak (ZEB), aurretiaz estatuek Batasunaren Intereseko Leku (BIL) izendatu dituztenak, 92/43/EE Zuzentaraua aplikatuz, eta Hegaztien Babesgune Bereziak (HBB), 79/409/EEE Zuzentaraua aplikatuz izendatutakoak hartzen dituena.

_Isurkien gehieneko mugak: masa zein energia, berariazko parametro batzuekin, emisio baten kontzentrazioarekin edo mailarekin lotuta adierazia, zeinen balioa epe baten edo gehiagoren barruan gainditu beharko ez den. Substantzien isurkien gehieneko mugak normalean emisioak instalaziotik irteten diren puntuan aplikatuko dira eta zehazteko orduan ez da balizko diluziorik kontuan hartuko. Uretarako zeharkako isurkiei dagokienez, eta ur ingurunera isuritako substantzia arriskugarri batzuek eragindako kutsadurari buruzko arautegiaren kalterik gabe, araztegi baten ondorioa kontuan hartu ahalko da instalazioaren isurkien gehieneko mugak finkatzeko orduan, betiere ingurumenaren multzoaren babesaren pareko maila iristen bada eta horrek ingurunean kutsadura zama handiagorik ekartzen ez badu.

_Babes bereziko eremua: nazioarteko, Europar Batasuneko, Estatuko zein Nafarroako arautegiak aplikatuz halakotzat jo diren natur eremu babestuak.

2. A ERANSKINA. MUGAK ETA IRIZPIDEAK APLIKATZEAREN ONDORIOZ, INGURUMEN BAIMEN INTEGRATUAREN ETA INGURUMENAREN GAINEKO ERAGINAREN EBALUAZIOAREN MENPE DAUDEN JARDUERAK

2. A ERANSKINA

1._Industri instalazioak, elektrizitatea, lurrina eta ur beroa eta energia mekanikoa 50 MW-etik gorako eta 300 MW-etik beherako potentzia termikoaz ekoizteko gai direnak.

2._Animalia eta landare produktuak tratatu, eraldatu, ontziratu eta lataratzeko nahiz soltean erabiltzeko ondoko industria instalazioak:

_Animalietatik ateratako lehengaiak, esnea izan ezik, erabiltzen dituzten instalazioak, egunean amaitutako produktuen 75 tonatik beherako ekoizpen ahalmenekoak, animalientzako pentsuak ekoizteko instalazioak barne, baldin eta haien osagai nagusia animalietatik atera bada, hala nola jatorri mistoko gaiekin egindako elikagaiak ekoizteko instalazioak, baldin eta animalia-jatorriko osagaia ehuneko 25 baino handiagoa bada.

_Landarezko lehengaiak erabiltzen dituzten instalazioak, egunean amaitutako produktuen 300 tonatik beherako ekoizpen ahalmenekoak (hiruhilekoetako batez besteko balioak). Horretarako, hiruhilekoetako batez besteko baliotzat hartzen da ekoizpen handiena izan deneko elkarren segidako 90 eguneko epea, egiazko ekoizpeneko egunak oinarritzat hartuta. Instalazio horien barruan, besteak beste, ondoko hauek daude:

a) Zukuen, marmeladen eta fruta eta barazki kontserben ekoizpena

b) Landare-jatorriko osagai nagusiak dituzten jaki prestatuen ekoizpena.

c) Fruituen edo hazien olioen ekoizpena, patsetako ateratze-jarduerak eta olio mota desberdinen finduak barne, gizakiak edo abereak elikatzeko baizik erabiltzen ez badira.

d) Jakiak nahiz animalientzako pentsuak egiteko irinen ekoizpena, ehotako aleen osagaiak (mintza, irina, glutena etab.) bereiziz, irinekin jaki bereziak prestatuz eta gizakien elikadurarako arroz mota desberdinak ekoitziz.

e) Ogiaren eta opilgintzako bestelako produktuen nahiz produktu erdilanduen ekoizpena, zereal desberdinetako irinetatik abiatuta.

f) Hartziduretarako lehengaien ekoizpena (almidoiak)

g) Maltaren eta garagardoaren ekoizpena

h) Ardoaren, muztioen eta sagardoen ekoizpena

i) Alkoholen hartzidura eta destilategiak, graduazio handiko edari destilatuak ekoizteko.

j) Erremolatxaren eta kainaberaren azukreen ekoizpena, destilaziorako melazen aprobetxamendua barne.

k) Alkoholik gabeko edarien ekoizpena (fruta zukuak eta urean oinarritutako edari fresgarriak)

l) Kakaoaren eratorrien ekoizpena

m) Kafearen eratorrien ekoizpena (txigortzea, kafe disolbagarriaren edo kafe deskafeinatuaren ekoizpena)

n) Animalientzako jakien ekoizpena, nagusiki landare-lehengaietan oinarriturik.

3._Esnekien fabrikaziorako industria instalazioak, betiere instalazioak egunean 200 tonatik gora esne jasotzen badu (urteko batez besteko balioa).

4._Animalien kanal edo hondakinak suntsitu ala aprobetxatzeko instalazioak, egunean 10 tonatik gora tratatzeko ahalmenekoak.

5._Bitarteko produktuen tratamendua eta produktu kimikoen ekoizpena.

6._Pestizida eta farmaziako produktuen, pintura eta bernizen, elastomero eta peroxidoen ekoizpena.

7._Materialen gainazalak, gauza edo produktuenak disolbatzaile organikoak erabiliz tratatzeko instalazioak, bereziki, atondu, estanpatu, gaineztatu eta koipea kentzeko, iragangaitz bihurtzeko, itsasteko, lakatzeko, garbitzeko edo inpregnatzeko, orduan 150 kg-tik gora edo urtean 200 tonatik gora disolbatzaile kontsumitzeko ahalmenekoak.

8._Petrolio produktuak, produktu petrokimikoak edo kimikoak gordetzeko instalazioak.

9._Produktuak elastomeroez fabrikatu eta tratatzea.

10._Amiantoa ekoizteko eta amiantoan oinarritutako produktuak fabrikatzeko instalazioak, 2B eranskinean sarturik ez daudenak.

11._Karbono sintetizatua edo elektrografitoa errekuntzaz zein grafitazioz fabrikatzeko instalazioak.

12._Motordun ibilgailuak fabrikatu eta muntatzeko eta ibilgailuentzako motoreak fabrikatzeko instalazioak.

13._Erabilpenetik kanpo dauden ibilgailuak jaso eta kutsaduraz garbitzeko zentroak.

14._2.B eranskinean zerrendatu gabeko hondakin arriskugarrien kudeaketa.

15._Ikatza likidotzeko instalazioak, eguneko 500 tona bitartekoak.

2 B ERANSKINA. INGURUMEN BAIMEN INTEGRATUAREN ETA INGURUMENAREN GAINEKO ERAGINAREN EBALUAZIOAREN MENPE DAUDEN JARDUERAK

2 B ERANSKINA

1._errekuntzako instalazioak.

1.1. 300 MW-etik gorako errekuntzako potentzia termikoa duten errekuntza instalazioak:

a) Energia elektrikoa erregimen arruntean zein erregimen berezian ekoizteko instalazioak, non erregai fosilak, hondakinak zein biomasa erretzen diren.

b) Kogenerazioko instalazioak, galdarak, labeak, zein industria batean dagoen errekuntzarako beste edozein instalazio edo ekipamendu, errekuntza jarduera nagusia izan ez arren.

1.2. Petrolio eta gas birfindegiak:

Petrolio gordinaren birfindegiak (petrolio gordinetik labaingarriak soilik ekoizten dituzten enpresak kenduta).

1.3. Koketegiak.

1.4. Gas naturalaz bestelako gas erregarriak, petrolioaren gas likidotuak eta ikatz likidotzea ekoizteko instalazioak, egunean gutxienez eskisto bituminosoko 500 tona ikatz.

2._Metalen ekoizpena eta eraldaketa.

2.1. Mineral metalikoak kiskali edo sinterizatzeko instalazioak, mineral sulfurosoa barne.

2.2. Fundizioa edo altzairu gordinak ekoizteko instalazioak (oinarrizko zein bigarren mailako fusioa), orduan 2,5 tonatik gorako ahalmeneko fundizio etengabeko instalazioei dagozkienak ere barne.

2.3. Metal ferrosoak transformatzeko instalazioak:

a) Berotan xaflatua, orduan 20 tonatik gorako altzairu gordineko ahalmenaz.

b) Mailuekin forjatua, inpaktu energia mailuko 50 kilojuliotik gorakoa denean eta erabilitako potentzia termikoa 20 MW-etik gorakoa denean.

c) Metal funditua babesteko geruzak aplikatzea, orduan 2 tonatik gora altzairu gordin tratatzeko ahalmenaz.

2.4. Metal ferrosoen fundizioak, egunean 20 tonatik gora ekoizteko ahalmenaz.

2.5. Instalazioak:

a) Metal ez-ferrosoak gordinean ekoizteko, mineraletatik, kontzentratuetatik edo bigarren mailako lehengaietatik, prozedura metalurgiko, kimiko edo elektrolitikoen bidez.

b) Metal ez-ferrosoen fusiorako, aleazioa barne, baita berreskurapen produktuak ere (birfindua, fundizioan moldatua), berunerako eta kadmiorako 4 tonatik gorako fusio ahalmenaz edo gainerako metaletarako, 20 tonatik gorakoaz, egunean.

2.6. Metalen eta material plastikoen gainazalen tratamendurako instalazioak, prozedura elektrolitiko edo kimikoaren bidez, tratamendurako erabiltzen diren kubeta edo linea osoen bolumena 30 m³ tik gorakoa denean.

3._Mineralen industriak.

3.1. Zementua, magnesita edota klinkerra biraketa labeetan fabrikatzeko instalazioak, egunean 500 tonatik gorako ekoizpen ahalmenaz, edo karea fabrikatzekoak, biraketa labeetan egunean 50 tonatik gorako ekoizpen ahalmenaz, edo bestelako labe batzuetan, egunean 50 tonatik gorako ekoizpen ahalmenaz.

3.2. Amiantoa ateratzeko eta amiantoan oinarritutako produktuak fabrikatzeko instalazioak. Horrelakotzat hartuko dira amiantoa ateratzeko instalazioak, amiantoa eta amiantoa duten produktuak tratatu eta eraldatzekoak: amianto-zementuzko produktuetarako, urtean amaitutako produktuen 20.000 tonatik gorako ekoizpenarekin; amiantoa marruskadura material gisa erabiltzeko, urtean amaitutako produktuen 50 tonatik gorako ekoizpenarekin; amiantoaren gainerako erabileretarako, 200 tonatik gorako urteko erabilpenarekin.

3.3. Beira, beira zuntza barne, fabrikatzeko instalazioak, egunean 20 tonatik gorako fusio ahalmenaz.

3.4. Material mineralen fundiziorako instalazioak, zuntz mineralen fabrikazioa barne, egunean 20 tonatik gorako fundizio ahalmenaz.

3.5. Igeltsua eta zeramikazko produktuak labean fabrikatzeko instalazioak, bereziki, teila, adreilu, errefraktario, azulejo edo etxerako zein apainketarako zeramikak, egunean 75 tonatik gora ekoizteko ahalmenaz, edota labearen 4 m³-tik gorako ahalmenaz eta 300 kg/m³-tik gorako labeko karga dentsitateaz.

4._Industria kimikoak.

Fabrikazioak, foru lege honen jardueren kategorien ondorioetarako, 4.1etik 4.6ra bitarteko epigrafeetan aipatutako produktuen edo produktu multzoen transformazioaren bidezko industria mailako fabrikazioa adierazten du.

4.1. Oinarrizko produktu kimikoen fabrikaziorako instalazio kimikoak, zehazki:

a) Hidrokarburo sinpleak (linealak edo ziklikoak, aseak edo asegabeak, alifatikoak edo aromatikoak).

b) Hidrokarburo oxigenatuak, hala nola, alkoholak, aldehidoak, zetonak, azido organikoak, estereak, azetatoak, etereak, peroxidoak, erretxinak, epoxidoak.

c) Hidrokarburo sulfuratuak.

d) Hidrokarburo nitrogenatuak, zehazki, aminak, amidak, konposatu nitrosoak, nitrikoak edo nitratoak, nitriloak, zianatoak eta isozianatoak.

e) Hidrokarburo fosforatuak.

f) Hidrokarburo halogenatuak.

g) Konposatu organiko metalikoak.

h) Oinarrizko materia plastikoak (polimeroak, zuntz sintetikoak, zelulosatik ateratako zuntzak).

i) Kautxu sintetikoak.

j) Koloratzaileak eta pigmentuak.

k) Tentsioaktiboak eta gainazaleko eragileak.

4.2. Oinarrizko produktu kimiko ez-organikoak fabrikatzeko instalazio kimikoak, zehazki:

a) Gasak eta, zehazki, amoniakoa, kloroa, hidrogeno kloruroa, fluorra edo hidrogeno floruroa, karbono oxidoak, sufre konposatuak, nitrogeno oxidoak, hidrogenoak, sufre dioxidoa, karbonilo dikloruroa.

b) Azidoak eta, zehazki, azido kromikoa, azido fluorhidrikoa, azido fosforikoa, azido nitrikoa, azido klorhidrikoa, azido sulfurikoa, azido sulfuriko fumantea, azido sulfuratuak.

c) Baseak eta, zehazki, amonio hidroxidoa, potasio hidroxidoa, hidroxido sodikoa.

d) Amonio kloruroa, klorato potasikoa, karbonato potasikoa (potasa), karbonato sodikoa (sosa), perboratoak, nitrato argentikoa.

e) Ez-metalak, oxido metalikoak edo kaltzio karburoa, silizioa, silizio karburoa bezalako beste konposatu ezorganiko batzuk.

4.3. Ongarriak fosforoaz, nitrogenoaz, potasioaz fabrikatzeko instalazio kimikoak (ongarri sinpleak edo konposatuak).

4.4. Oinarrizko produktu fitofarmazeutikoak eta biozidak fabrikatzeko instalazio kimikoak.

4.5. Oinarrizko botikak fabrikatzeko prozedura kimiko edo biologikoren bat erabiltzen duten instalazio kimikoak.

4.6. Leherkariak fabrikatzeko instalazio kimikoak.

5._Hondakinen kudeaketa.

5.1. Hirugarrenek sortutako hondakin arriskugarriak errausteko instalazioak, baita hondakin horiek desagerraraztekoak ere zabortegietan metatuz, segurtasuneko gordailuetan sartuz edo tratamendu kimikoa emanez (hondakinei buruzko Kontseiluaren uztailaren 15ko 75/442/EEE Zuzentarauaren 2.A eranskinaren D) epigrafean definitzen den bezala).

5.2. Arriskugarriak ez diren hondakinak, udal hondakinak barne, errausteko edo hondakin horiek tratamendu kimikoren baten bidez suntsitzeko instalazioak (uztailaren 15eko 75/442/EEE Zuzentarauaren 2.A eranskinaren D) epigrafean definitzen den bezala), egunean 50 tonatik gorako ahalmenaz.

5.3. Egunean 10 tonatik gora hondakin hartzen dituzten edo guztira 25.000 tonatik gorako edukiera duten arriskugarriak ez diren hondakinetarako zabortegiak, hondakin inerteen zabortegiak izan ezik.

5.4. Mahasti eta ardogintza arlotik sortutako hondakinetatik alkohola fabrikatzea.

6._Zelulosa, paper eta kartoi industriak.

6.1. Honakoen fabrikazioan aritzen diren industria instalazioak:

a) Paper orea, egurretik edo beste zuntz materia batzuetatik.

b) Papera eta kartoia egunean 20 tonatik gora ekoizteko ahalmenaz.

6.2. Zelulosa ekoitzi eta tratatzeko instalazioak, egunean 15 tonatik gorako ekoizteko ahalmenaz.

7._Ehungintza industria.

Zuntz edo ehunak aurretiaz tratatzeko (ikuzi, zuritu, jostea) edo tindatzeko instalazioak, tratamendu ahalmena egunean 10 tonatik gorakoa denean.

8._Larruaren industria.

Larruak ontzeko instalazioak, egunean amaitutako produktuen tratamendu ahalmena 12 tonatik gorakoa denean.

9._Abeltzaintza.

9.1. Eskorta hegaztiak edo behiak edo zerriak intentsiboki hazteko instalazioak, honakoak baino gehiago dituztenak:

a) 40.000 toki, oilo erruleak direnean, edo hegaztien beste produkzio orientazio batzuetarako pareko kopurua.

a.1) 45.000 toki ugalketarako eta/edo galkatzeko ahateentzat.

a.2) 90.000 toki gizentzeko ahateentzat.

a.3) 3.600 toki ostruka helduentzat.

a.4) 16.000 toki gizentzeko ahateentzat.

b) 55.000 toki oilaskoentzat.

c) 2.000 toki hazteko zerrientzat (30 kg-tik gorakoak). Hazteko zerriek 30 kg baino gutxiago eta 20 kg baino gehiago pisatzen baldin badute, 2.500 toki jarriko dira.

d) 750 toki zerramentzat. Kudeaketarako ziklo itxiko sistema erabiliz gero, 530 toki izanen dira.

e) Zerri ustiapen mistoak, hasierako gizendegiak barne, azienda larriko 240 unitate baino gehiagorako tokia dutenak.

f) 250 esne behi buru helduak.

9.2. Animaliak hil edota zatikatzeko hiltegi eta instalazioak, egunean 50 tonatik gora kanal ekoizteko ahalmenekoak.

2. C ERANSKINA. INGURUMEN UKIPENETERAKO BAIMENAREN MENPE DAUDEN JARDUERAK ETA PROIEKTUAK

2. C ERANSKINA

A) Baso lurraren erabilpen aldaketak. Baso lurtzat hartuko da mendiei buruzko legerian mendi edo oihan gisa definitua dagoena.

B) Larreak sortzea eta hobetzeko obrak egitea, horiek 10 hektarea baino gehiagokoak badira edo babes bereziko eremu baten barruan edo Natura 2000 Sarean badaude.

C) 50 hektarea baino gutxiagoko baso birlandaketak.

D) 100 metro lineal baino gehiago dituzten bide berriak eta pista iraunkorrak ireki eta aldatzea, errepideak zabaldu eta hobetzea, 10 kilometrotik behera.

E) Turismo antolamenduko proiektuak, hala nola, lur urbanizaezinetan dauden josteta edo kirol instalazioak, hau da, golf zelaiak, kanpaleku ez iraunkorrak, ekitazio zentroak, teleferikoak, funikularrak, eski estazio eta pistak, motordun ibilgailuentzako zirkuitu iraunkorrak, ingurumen eraginaren ebaluazioaren menpe ez badaude, alde batera utzita proiektu horietan, 4. eranskineko epigraferen batean sarturik daudela eta, jarduera sailkatuaren udal lizentzia behar duten jarduerak egiteko berariazko instalazioak jartzea aurrekusita dagoen edo ez, kasu horretan lizentzia hori eskuratu beharko baita, horretarako erregelamendu honetan ezarritako prozedurari jarraikiz.

F) Tratamendu fitosanitarioak produktu toxiko eta oso toxikoekin, produktu horien sailkapen ofizialaren arabera, 10 eta 50 hektarea arteko eremuetan.

G) Gutxieneko labore unitate bat baino eremu handiagoa hartzen duten luberriek, salbu eta babes bereziko eremuetan badaude, hala bada nolanahi ere halakoen menpe egonen baitira.

H) 300 hektarea baino gutxiagoko eremuak ukitzen dituzten lurzati-berrantolamenduak, 3.D eranskinaren muga eta irizpideak aplikatuz ingurumen eraginaren adierazpenaren tramitearen menpe ez jartzea erabakitzen bada.

I) Energiari buruzko instalazioak:

_Energia elektrikoaren banaketako edo garraioko lineak, ingurumen eraginaren ebaluazioa behar ez dutenak, transformazio azpiestazioak barne.

_Oliobide eta gasbideak, ingurumen eraginaren ebaluazioa behar ez dutenak.

_Eguzkiaren energia aprobetxatzeko instalazioak.

_Aire-generadoreen multzoak edo aire-generadore isolatuak, ingurumen eraginaren ebaluazioa behar ez dutenak.

J) Gune hezeen lehorketak eta aldaketak.

K) Baliabide hidrikoak nekazaritzarako eta kudeatzeko proiektuak, eta 3.B eranskinean sartuta ez dauden soro ureztatuak finkatu eta hobetzeko proiektuak, edo aurreikusitako hautapen irizpideak aplikatu ondoren ingurumen eraginaren adierazpena aplikatzen ez zaien 3.A eranskinekoak.

L) Genetikoki aldatutako organismoen erabilpen edo askapen mugaturako instalazio eta jarduerak, onespena ematea Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari dagokionez.

M) Komunikazioko instalazioak.

_Telefono eta telebista banaketarako lineak.

_Estazio sismikoak edo antzekoak.

_Telebista eta irrati hedapeneko errepikagailuak.

_Telekomunikazioetarako antenak eta haiekin batera doazen azpiegiturak, lurzoru urbanizaezinean instalatzen direnean.

N) Goi presioko ur horniduraren garraiobideak, beste eranskinetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean egiten badira.

O) Instalazio iragankorrak, beste osagarri batzuk, lurren edo bestelako hondakin inerteen isurtegiak, haien ustiapen-aldia bi urtekoa baino laburragoa bada, biltegiak, bestelako eranskinetan ageri ez diren erauzketa lanak, nahiz eta ingurumen eraginaren ebaluazioaren menpeko proiektu bati loturik egon eta hasiera batean proiektu horren barruan ez egon, alorren gaineko lur-zabaltzeak izan ezik, metro bat baino altuera txikiagoa badute.

P) Erregelamendu honen eranskinetan sartu ez den obra, lan edo aprobetxamendu proiektu oro, Nafarroako Gobernuak onetsitako Natura 2000 Sarean edo babes bereziko eremuetan dauden Tokiak Erabili eta Kudeatzeko Plan Gidarian ageri ez den eta foru lege honen eranskinetan ageri ez dena, edozein plan sektorialetatik etorri zein ez.

3. A ERANSKINA. INGURUMENAREN GAINEKO ERAGINAREN EBALUAZIOAREN MENPE SOILIK DAUDEN JARDUERA ETA PROIEKTUAK, HAUTAPEN IRIZPIDEEN APLIKAZIOAREN ARABERA

3. A ERANSKINA

A) Nekazaritza, basozaintza, akuikultura eta abeltzaintza.

1._Lurzatiak berrantolatzeko proiektuak (3.B eranskinean sartutakoak izan ezik).

2._Lehenengo baso-berritzeak, transformazio ekologiko kaltegarri larriak gertatzeko arriskua sortzen dutenean (3.B eranskinean sartu gabeko proiektuak).

3._Nekazaritzarako baliabide hidrikoak kudeatzeko proiektuak, lurren ureztapen eta drainatze proiektuak barne, 10 hektareatik gorako eremuak ukitzen dituztenean (3.B eranskinean sartu gabeko proiektuak), edo 100 hektareatik gorako soro ureztatuak finkatu eta hobetzeko proiektuak.

4._Eremu erdinaturalak nekazaritza ustiapen intentsibora xedatzeko proiektuak, 3.B eranskinean sartu ez direnak.

B) Erauzpen industria.

1._Zeru zabaleko ustiapenak, funtzionamendu epea 2 urtetik beherakoa denean meatokietan, eta A, B, C eta D atalen gainerako baliabide geologikoetan, beraien aprobetxamendua Meategien Legeak eta arautegi osagarriak arautzen duenean.

2._Zulaketa sakonak, lurren egonkortasuna ikertzeko zulaketak izan ezik, zehazki:

a) Zulaketa geotermikoak.

b) Hondakin nuklearrak gordetzeko zulaketak.

c) Ur horniketarako zulaketak.

3._Funtzionamenduko epea 2 urtetik beherakoa duten eta ur jabari publikoan dauden urtean 20.000 metro kubotik gora erauzteko, edo ibilguen txukuntasun eremuetan dauden eta 5 hektareatik gorako azalera duten ustiapenak (3.B eranskinean sartuta ez daudenak).

4._Ibaien dragatzeak (3.B eranskinean sartuta ez daudenak) erauzitako produktuaren bolumena 100.000 metro kubotik gorakoa denean.

C) Industria energetikoa.

1._Oliobide eta gasbideen instalazioak (3.B eranskinean sartuta ez dauden proiektuak), hirilurretan izan ezik, 10 kilometrotik gorako luzera badute.

2._Gas naturala lur gainean pilatzea, 200 metro kubo baino edukiera bateratu handiagoa duten tangetan.

3._Gas erregarriak lurpean gordetzea, 100 metro kuboko edukieratik gorako instalazioetan.

4._3.B eranskinean sartuta ez dauden parke eolikoak.

D) Azpiegitura proiektuak.

1._Industria eremuen proiektuak.

2._Urbanizazio eta hotel konplexuen eta elkarlotutako eraikuntzen proiektuak, merkataritza guneen eta aparkalekuen eraikuntza barne (3.B eranskinean sartuta ez dauden proiektuak), alde batera utzita proiektu horietan, 4. eranskineko epigraferen batean sarturik daudela eta, jarduera sailkatuaren udal lizentzia behar duten jarduerak egiteko berariazko instalazioak jartzea aurrekusita dagoen edo ez, kasu horretan lizentzia hori eskuratu beharko baita, horretarako erregelamendu honetan ezarritako prozedurari jarraikiz.

3._Trenbide lineen, garraioen arteko aldaketarako instalazioen eta garraio modu desberdinen terminalen eraikuntza.

4._Aerodromoen eraikuntza (3.B eranskinean sartuta ez dauden proiektuak), alde batera utzita proiektu horietan, 4. eranskineko epigraferen batean sarturik daudela eta, jarduera sailkatuaren udal lizentzia behar duten jarduerak egiteko berariazko instalazioak jartzea aurrekusita dagoen edo ez, kasu horretan lizentzia hori eskuratu beharko baita, horretarako erregelamendu honetan ezarritako prozedurari jarraikiz.

E) Ingenieria hidraulikoko eta uraren kudeaketako proiektuak.

1._Lurpeko uren erauzketa edo akuiferoak berriro betetzea, erauzi edo hartutako uraren urteko bolumena 1.000.000 metro kubotik gorakoa denean.

2._Baliabide hidrikoak ibai bide batetik bestera aldatzeko proiektuak, lekualdatutako uraren bolumena 5.000.000 metro kubotik gorakoa denean.

Edateko ura hodien bidez lekualdatzea edo araztutako uren berrerabilpen zuzena salbuesten dira (3.B eranskinean sartuta ez dauden proiektuak).

3._Nabigatzeko moduko bideen eraikuntza, barruko nabigazioko portuak, biderapen obrak, eta ur-ibilguen eta bazterren defentsarako proiektuak, ukitutako tartearen luzera, guztira, 2 kilometrotik gorakoa denean, eta 3.B eranskinean esandako kasuen artean ez daudenean. Hiri eremuan arriskua saihesteko egiten diren jarduerak salbuesten dira.

4._Ura distantzia luzean garraiatzeko instalazioak, luzera 40 kilometrotik gorakoa denean, eta garraio ahalmen gorena segundoko 5 metro kubotik gorakoa denean (3.B eranskinean sartu gabeko proiektuak).

5._Presak eta urari eutsi edo ura gordetzeko beste instalazio batzuk, betiere ondoren aipatzen diren hauetako bat badira:

a) Presa handiak, presa eta urtegien segurtasuneko erregelamendu teknikoan definitzen diren bezala.

b) Urari eusteko beste instalazio batzuk, aurreko idatz-zatian sartzen ez direnak, 200.000 metro kubotik gora gordetzeko edukiera berri edo gehigarria dutenean.

F) Beste proiektu batzuk.

1._Motordun ibilgailuentzako lasterketa eta saiakuntzetarako pista iraunkorrak.

2._Lohien metatzeak, bestelako eranskinetan ez daudenak.

3._Eski pistak, erremonte eta teleferikoak eta horiei lotutako eraikuntzak (3.B eranskinean sartuta ez dauden proiektuak).

4._Parke tematikoak (3.B eranskinean sartuta ez dauden proiektuak), alde batera utzita proiektu horietan, 4. eranskineko epigraferen batean sarturik daudela eta, jarduera sailkatuaren udal lizentzia behar duten jarduerak egiteko berariazko instalazioak jartzea aurrekusita dagoen edo ez, kasu horretan lizentzia hori eskuratu beharko baita, horretarako erregelamendu honetan ezarritako prozedurari jarraikiz.

5._3.A eta 3.B eranskinetan ageri diren proiektuen edozein aldaketa edo hedapen _proiektuak jada baimenduta, eginda edo eginbidean daudela_, ingurumenean eragin kaltegarri nabarmenik izan dezaketenean, hau da, honakoren bat gertatzen denean:

a) Aireratzeak nabarmen gehitzea.

b) Ur-ibilgu publikoetara isuritakoak nabarmen gehitzea.

c) Hondakinen sortzea nabarmen gehitzea.

d) Natur baliabideen erabilpena nabarmen gehitzea.

e) 79/409/EEE eta 92/43/EEE Zuzentarauak aplikatuz izendatutako babes bereziko eremuei edo Ramsar Ituneko zerrendan sartutako hezeguneei ukitzea.

6._Metodo edo produktu berriak garatu edo frogatzeko esklusiboki edo batez ere balio duten 3.B eranskineko proiektuak, bi urte baino luzaroago erabiltzen ez direnak.

Oharra: izaera berekoak diren eta espazio fisiko berean eginda dauden proiektuen zatikatzeak ez du eranskin honetan finkatutako mugarik aplikatzea eragotziko, horren ondoriotarako kontuan hartutako proiektu bakoitzaren magnitude edo dimentsioak pilatuko baitira.

3. B ERANSKINA. NOLANAHI ERE INGURUMENAREN GAINEKO ERAGINAREN EBALUAZIOAREN MENPE SOILIK JARRIKO DIREN JARDUERA ETA PROIEKTUAK

3. B ERANSKINA

A) Erauzpen industria.

1._Meategiak eta A, B, C eta D ataletako gainerako baliabide geologikoen zeru zabaleko baimen edo emakida beraren barruko ustiapen eta fronteak, bi urtetik beherako funtzionamendu epekoak, aprobetxamendua Meategien Legeak eta arautegi osagarriak araututa dutenak, honako ezaugarriren bat dutenean:

a) Ukitutako lurraren azalera 25 hektareatik gorakoa denean.

b) Lurren guztirako mugimendua urtean 200.000 metro kubotik gorakoa duten ustiapenak.

c) Maila freatikotik behera egiten diren ustiapenak, erreferentzia mailatzat urteko gorabeheren artean gorena hartuz, edo azaleko zein sakoneko akuiferoen berriro betetzea murriztea eragin lezaketenak.

d) Egungo dinamikari lotutako metaketen ustiategiak: ibaietakoak, ibai eta glaziarretakoak, itsasertzekoak edo eolikoak. Dauzkaten landare fosilengatik berreraikuntza palinologikorako eta paleoklimatikorako zientifikoki interesgarriak izan litezkeen beste metaketa eta zohikaztegiak. Itsas metaketen ustiapena.

e) Autopista, autobide, nazio edo eskualde errepide edo 1.000 biztanletik gorako hirien barruko edo halako hiriguneetatik 2 kilometro baino gutxiagora dauden bideetatik ikusten diren ustiapenak.

f) Natur eremu babestuetan edo ezarritako mugetako edozeinetatik ikus daitekeen toki batean dauden ustiapenak, edo natur balioen galera eragin lezaketenak.

g) Oxidazio, hidratazio eta abarren ondorioz aldaketak jasan litzaketen eta, indarreko legerietan sartutako mugetatik gora, pertsonen osasunerako zein ingurumenerako arriskugarriak izan litezkeen adinako kontzentrazioetako azidotasuna, toxikotasuna zein beste parametro batzuk eragin litzaketen substantzien ustiapenak, hala nola, meak sulfuroekin, erregai solidoen ustiapenak, tokian-tokian lixibapen tratamendua eskatzen duten ustiapenak eta mineral erradioaktiboak.

h) Ur jabari publikoan zein ibilgu baten txukuntasun eremuan dauden ustiapenak, 79/409/EEE eta 92/43/EEE Zuzentarauak aplikatuz izendatutako babes bereziko eremuetan edo Ramsar Ituneko zerrendan sartutako hezeguneetan garatzen direnean.

i) Aurreko baldintzetako bat ere bete gabe, meategi lanengatik ukitzea aurreikusten zaion eremuaren mugetatik 5 kilometro baino gutxiagora dauden erauzpenak, eta dagoen zeru zabaleko edozein ustiapen edo meategi emakidaren edozein instalazio erantsi.

2._Lurpeko meatzaritza honako ezaugarriak dituzten ustiapenetan:

a) Duten paragenesia dela-eta, oxidazio, hidratazio zein disoluzioz pH-a aldaraz lezaketen ur azido zein alkalinoak eman edo natur ingurunearen aldaketa eragin dezaketen ioi metaliko edo ez-metalikoak askatu ahal izatea.

b) Mineral erradioaktiboak ustiatzea.

c) Meategiak hiriguneetatik 1 kilometro baino gutxiagora dituztenak (planoan neurtuta), subsidentziaz arriskurik eragin lezaketenak.

Kasu guztietan minerala tratatzeko, meategietako edo aprobetxamendu mineralurgikoko esterilak aldi batez pilatzeko edo hondarrak biltzeko (zabortegiak, presak eta urmaelak edo esterilak, birrinketa plantak edo planta mineralurgikoak eta abar).

3._Dragatzeak:

Ibaien dragatzeak 79/409/EEE eta 92/43/EEE Zuzentarauak aplikatuz izendatutako babes bereziko eremuetan edo ur-ibilgu zatietan edo Ramsar Ituneko zerrendan sartutako hezeguneetan egiten direnean, eta erauzitako bolumena urtean 20.000 metro kubotik gorakoa denean.

B) Energia.

1._Petrolioa eta gas naturala saltzera begira erauztea, erauzitakoa egunean 500 tonatik gorakoa denean petrolioaren kasuan, eta 500.000 metro kubotik gorakoa gasaren kasuan, emakida bakoitzeko.

2._Gasa eta petrolioa garraiatzeko hodia, 800 milimetrotik gorako diametroaz eta 40 kilometrotik gorako luzeraz.

3._Energia elektrikoa garraiatzeko aireko lineen eraikuntza, 220 kV-ko edo hortik gorako voltajeaz eta 15 kilometrotik gorako luzeraz.

4._Haizearen indarra energia ekoizteko erabiltzeko instalazioak (parke eolikoak), 25 aire-generadore edo gehiago dituztenak, edo lerroan bi kilometro edo gehiago egiten dutenak, edo beste parke eoliko batetik 2 kilometro baino gutxiagora daudenak.

C) Azpiegitura proiektuak.

Errepideak:

a) Trazadura berriko autopista eta autobideen, lasterbide eta betiko errepideen eraikuntza.

b) Lehendik dauden autopista, autobide, lasterbide eta betiko errepideen trazadura aldatzeko jarduerak, 10 kilometro jarraitu baino gehiagoko luzeran.

c) Betiko errepideen hedapena, autopista, autobide edo galtzada bikoitzeko bide bihurtzeko, 10 kilometro jarraitu baino gehiagoko luzeran.

D) Lurraren erabilpenaren, basoen birlandaketen, ureztapenen eta lurzati-berrantolamenduen gaineko proiektuak.

1._Nekazaritzarako baliabide hidrikoak kudeatzeko proiektuak, lurren ureztapen eta drainatze proiektuak barne, 100 hektareatik gorako eremuak ukitzen dituztenean, edo 300 hektareatik gorako soro ureztatuak finkatu eta hobetzeko proiektuak badira.

2._50 hektareatik gorako lehenengo baso-berritzeak, transformazio ekologiko kaltegarri larriak gertatzeko arriskua sortzen dutenean.

3._Zuhaitzak moztea, lurraren erabilpena aldatzeko, antolamendu planen menpe ez dagoenean, eta 20 hektarea baino gehiagoko eremuari eragiten dionean. Ez da idatz-zati honetan sartzen berrogeita hamar urtetik beherako txandan ustiatutako zuhaitz landaketen mozketa.

4._Landatu gabeko lurrak edo eremu erdinaturalak nekazaritza ustiapen intentsibora xedatzeko proiektuak, 100 hektareatik gorako eremua hartzea eskatzen dutenean, edo 50 hektareatik gorakoa, batez besteko malda %10ekoa edo hortik gorakoa den lurretan.

5._Azkeneko hamar urteotan nekazaritzarako ustiatu ez diren lurrak horretara jartzea, ukitutako eremua hogeita hamar hektareakoa edo hortik gorakoa denean, edo hamarrekoa, batez besteko aldapa %10ekoa edo hortik gorakoa den lurretan, baita abeltzaintzako ustiapenak ere, ganadu handiko ehun buru edo gehiagoko zentsua dutenean eta hektarea bakoitzeko ganadu handiko hiru burutik gorako dentsitatea daukatenean.

6._Tratamendu fitosanitarioak, lur edo uretako faunarako C motako toxikotasuneko produktuak erabiltzen direnean, edo oso produktu toxikoak, pertsonentzako arriskuaren arabera, eta betiere berrogeita hamar hektareatik gorako eremuetan aplikatzen badira.

7._Lurzoruaren erabileraren aldaketak, zuhaixken landare-estalkia kentzea dakartenak, betiere aldaketa horiek 100 hektareatik gorako eremuak ukitzen badituzte.

8._Baso aprobetxamenduak, izatezko mozketak, zuhaitzak hobetzea eta landarediak suntsitzea dakarten proiektuak, hogeita hamar hektareatik gorako eremu jarraituei edo, lurraren malda %20tik gorakoa bada edo bertoko zuhaitzak badira, hamar hektareatik gorakoak ukitzen dituztenean.

9._300 hektareatik gorako eremua ukitzen duten lurzati-berrantolamenduak.

E) Beste proiektu batzuk.

1._3.B eranskineko zerrendan agertzen diren jardueren proiektu hauek, bertan ezarritako mailara iristen ez badira ere, Ramsarko Hitzarmeneko zerrendan sartutako hezeguneetan egiten badira edo, basa-hegaztiak zaintzeari buruzko Konseiluaren apirilaren 2ko 79/409/EEE Zuzentarauan edo natur habitatak eta basa fauna eta flora zaintzeari buruzko Kontseiluaren maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauan adierazitakoaren arabera, babes bereziko eremuetan egiten badira:

a) Lehenengo baso-berritzeak, transformazio ekologiko kaltegarri larriak gertatzeko arriskua sortzen dutenean.

b) Landatu gabeko lurrak edo eremu erdinaturalak nekazaritza ustiapen intentsibora xedatzeko proiektuak, 10 hektareatik gorako eremua hartzea dakartenean.

c) Nekazaritzarako baliabide hidrikoak kudeatzeko proiektuak, lurren ureztapen zein drainatze proiektuak barne, 10 hektareatik gorako eremuak ukitzen dituztenean.

d) Lurraren erabilpenaren transformazioak, landare estaldura suntsiarazten dutenak, transformazio horiek 10 hektareatik gorako eremuak ukitzen dituztenean.

e) Meategi eta A, B, C eta D ataletako gainerako baliabide geologikoen zeru zabaleko baimen edo emakida beraren barruko ustiapen eta fronteak, bi urtetik beherako funtzionamendu epekoak, aprobetxamendua Meategien Legeak eta arautegi osagarriak araututa dutenak, ustiapenak ukitzen duen lur eremua 2,5 hektareatik gorakoa denean, edo ustiapena jabari publiko hidraulikoko lurretan edo ibilgu baten txukuntasun eremuan dagoenean.

f) Produktu kimikoak garraiatzeko eta gasa eta petrolioa garraiatzeko hodiak, 800 milimetrotik gorako diametrokoak eta 10 kilometrotik gorako luzerakoak.

g) Energia elektrikoa garraiatzeko aireko lineak, 3 kilometrotik gorako luzerarekin, transformazio azpiestazioak barne.

h) 10 aire-generadore baino gehiago dituzten parke eolikoak.

i) Lurzatien berrantolamenduak.

2._Ondoren aipatuko diren proiektuak, 79/409/EEE eta 92/43/EEE Zuzentarauak aplikatuz izendatutako babes bereziko eremuetan edo Ramsar Ituneko zerrendan sartutako hezeguneetan garatzen direnean:

a) Aerodromoen eraikuntza, alde batera utzita proiektu horietan, 4. eranskineko epigraferen batean sarturik daudela eta, jarduera sailkatuaren udal lizentzia behar duten jarduerak egiteko berariazko instalazioak jartzea aurrekusita dagoen edo ez, kasu horretan lizentzia hori eskuratu beharko baita, horretarako erregelamendu honetan ezarritako prozedurari jarraikiz.

b) Hiri eremuetatik kanpoko urbanizazio eta hotel konplexuen eta elkarlotutako eraikuntzen proiektuak, merkataritza guneen eta aparkalekuen eraikuntza barne, alde batera utzita proiektu horietan, 4. eranskineko epigraferen batean sarturik daudela eta, jarduera sailkatuaren udal lizentzia behar duten jarduerak egiteko berariazko instalazioak jartzea aurrekusita dagoen edo ez, kasu horretan lizentzia hori eskuratu beharko baita, horretarako erregelamendu honetan ezarritako prozedurari jarraikiz.

c) Eski pistak, erremonte eta teleferikoak eta horiei lotutako eraikuntzak.

d) Parke tematikoak, alde batera utzita proiektu horietan, 4. eranskineko epigraferen batean sarturik daudela eta, jarduera sailkatuaren udal lizentzia behar duten jarduerak egiteko berariazko instalazioak jartzea aurrekusita dagoen edo ez, kasu horretan lizentzia hori eskuratu beharko baita, horretarako erregelamendu honetan ezarritako prozedurari jarraikiz.

e) Biderapen obrak eta berezko ur-ibilguen defentsarako proiektuak.

f) Ura urrutira garraiatzeko instalazioak, 10 kilometrotik gorako luzera bada, eta garraio ahalmena segundoko 5 metro kubotik gorakoa bada.

Oharra: izaera berekoak diren eta espazio fisiko berean eginda dauden proiektuen zatikatzeak ez du eranskin honetan finkatutako mugarik aplikatzea eragotziko, horren ondoriotarako kontuan hartutako proiektu bakoitzaren magnitude edo dimentsioak pilatuko baitira.

3. C ERANSKINA. INSTALAZIO ZEIN PROIEKTU BAT INGURUMENAREN ERAGINAREN EBALUAZIOAREN MENPE JARTZEKO IRIZPIDEAK

3. C ERANSKINA

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, arrazoituta, 2.A, 3.A eta 4.A eranskinetako proiektuei ingurumen eraginaren ebaluaziorik eskatu behar zaien ala ez erabakiko du, ondoko hautapen irizpideetan oinarrituz:

1._Proiektuen ezaugarriak.

Proiektuen ezaugarriak, zehazki, honako ikuspegietatik hartuko dira kontuan:

a) Proiektuaren tamaina.

b) Beste proiektu batzuekin pilatzea.

c) Natur baliabideen erabilpena.

d) Hondakinak sortzea.

e) Kutsadura eta beste eragozpen batzuk.

f) Istripu arriskua, batez ere erabilitako substantziak eta teknologiak kontuan hartuta.

2._Proiektuen kokapena.

Proiektuek eragin liezaieketen eremu geografikoen ingurumenezko sentsibilitatea bereziki ondokoak kontuan hartuz zehaztuko da:

a) Lurrari ematen zaion erabilpena.

b) Eremuko baliabide naturalen oparotasun, kalitate eta birsortzeko gaitasun erlatiboak.

c) Natur ingurunearen karga ahalmena, honako arloei bereziki adituz:

1._Hezeguneak.

2._Mendi eta baso eremuak.

3._Erreserba eta parke naturalak.

4._Estatuko zein Nafarroako Foru Komunitateko legeriak sailkatu edo babestutako eremuak; 79/409/EEE eta 92/43/EEE Zuzentarauak aplikatuz izendatutako babes bereziko eremuak.

5._Europar Batasuneko legerian ezarritako ingurumen kalitateko helburuak jada gainditu direneko eremuak.

6._Dentsitate demografiko handiko eremuak.

7._Historia, kultura zein arkeologiaren aldetik esanahirik duten paisaiak.

3._Balizko eraginaren ezaugarriak.

Proiektuen balizko ondorio esanguratsuak aurreko 1 eta 2 ataletan ezarritako irizpideen arabera eta bereziki ondokoak kontuan hartuta zehaztu behar dira:

a) Eraginaren zenbaterainokoa eta norainokoa (eremu geografikoa eta ukitutako herrigunearen tamaina).

b) Eragina mugaz gaindi hedatzen den.

c) Eraginaren magnitudea eta konplexutasuna.

d) Eraginaren gertagarritasuna.

e) Eraginaren iraupena, maiztasuna eta lehengoratzeko aukerak.

f) Katalogatutako basa faunako espezieen gaineko eragina.

4. A ERANSKINA. JARDUERA SAILKATUETARAKO UDAL LIZENTZIAREN ETA INGURUMENAREN GAINEKO ERAGINAREN EBALUAZIOAREN MENPE DAUDEN JARDUERAK, HAUTAPEN IRIZPIDEEN APLIKAZIOAREN ARABERA

4. A ERANSKINA

A) Nekazaritza, basozaintza, akuikultura eta abeltzaintza.

_Akuikultura intentsiborako instalazioak, urtean 500 tonatik gora ekoizteko ahalmena dutenak.

B) Elikagaien industriak.

Elikagaien industriak, ondoko baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Industrialdeetatik kanpo egotea.

b) Bizitoki edo egoitza eremu batetik 500 metro baino gutxiagora egotea.

c) Gutxienez hektarea bat edukitzea. Ondoko hauek dira:

1._Landare eta animalia olioak eta koipeak prestatzeko industria instalazioak. Animalia-lehengaiak dituzten instalazioak, esnea izan ezik, egunean ekoizteko ahalmena 75 tona baino gutxiago denean amaitutako produktuetan, eta landare-lehengaiak erabiltzen dituzten instalazioak, egunean ekoizteko ahalmena 300 tona baino gutxiago denean amaitutako produktuetan.

2._Animalia-lehengaiak dituzten instalazioak, esnea izan ezik, egunean ekoizteko ahalmena 75 tona baino gutxiago denean amaitutako produktuetan.

3._Garagardoaren eta maltaren fabrikaziorako instalazioak, egunean ekoizteko ahalmena 300 tona baino gutxiago denean amaitutako produktuetan (hiruhilekoetako batez besteko balioak).

4._Garagardoaren eta maltaren fabrikaziorako instalazioak, egunean ekoizteko ahalmena 300 tona baino gutxiago denean amaitutako produktuetan (hiruhilekoetako batez besteko balioak).

5._Fekulen fabrikaziorako instalazioak, egunean ekoizteko ahalmena 300 tona baino gutxiago denean amaitutako produktuetan (hiruhilekoetako batez besteko balioak).

6._Arrain irina eta arrain olioa prestatzeko industria instalazioak, egunean ekoizteko ahalmena 75 tona baino gutxiago denean amaitutako produktuetan.

Horretarako, hiruhilekoetako batez besteko baliotzat hartzen da ekoizpen handiena izan deneko elkarren segidako 90 eguneko epea, egiazko ekoizpeneko egunak oinarritzat hartuta.

C) Industria kimikoa eta botikagintza.

1._2.B eranskinean ageri ez diren bitarteko produktuen tratamendua eta produktu kimikoen ekoizpena, urtean 1.000 tona baino gutxiago.

2._Pestizida eta farmaziako produktuen, pintura eta bernizen, elastomero eta peroxidoen ekoizpena, urtean 1.000 tona edo gutxiago.

3._Produktu kimikoak gordetzeko instalazioak, 200.000 metro kubo baino gutxiagoko edukiera dutenak.

D) Industria energetikoa.

Energia hidroelektrikoa ekoizteko instalazioak.

E) Industria siderurgikoa eta mineralen industria. Metalen ekoizpena eta eraldaketa.

1._Aireontziak egin eta konpontzeko instalazioak.

2._Trenbide alorreko material fabrikatzeko instalazioak.

3._Motordun ibilgailuak fabrikatu eta muntatzeko eta ibilgailuentzako motoreak fabrikatzeko instalazioak, urtean 10.000 unitate baino gutxiago.

4._Material mineralen fundiziorako instalazioak, zuntz mineral artifizialen fabrikazioa barne, egunean 20 tonatik gorako fusio ahalmenaz.

F) Industria petrokimikoa.

1._Petrolio produktuak, produktu petrokimikoak edo kimikoak gordetzeko instalazioak, 500metro kubikotik 200.000 metro kubora bitarteko edukiera dutenak.

2._Produktuak elastomeroez fabrikatu eta tratatzea, urtean 500 tona baino gutxiago.

G) Ingenieria hidraulikoko eta uraren kudeaketako proiektuak.

Hondar urak tratatzeko plantak 4 C eranskinean ez daudenak, 10.000 eta 150.000 arteko biztanle-parekoen ahalmenaz.

H) Beste proiektu batzuk.

1._Txatarra gordetzeko instalazioak.

2._2.A eta 2.B eranskinetan sartuta ez dauden hondakinak suntsitzeko instalazioak.

3._Lohien metatzeak, bestelako eranskinetan ez daudenak.

4._Motor, turbina edo erreaktoreen instalazioak edo saiakuntza bankuak.

5._Substantzia lehergarriak berreskuratu edo suntsitzeko instalazioak.

6._Turismoko kanpalekuak.

7._Eranskin honetan edo 4.B eranskinean ageri diren proiektuen edozein aldaketa edo hedapen _proiektuak jada baimenduta, eginda edo eginbidean daudela_, ingurumenean eragin kaltegarri nabarmenik izan dezaketenean, hau da, honakoren bat gertatzen denean:

a) Aireratzeak nabarmen gehitzea.

b) Ur-ibilgu publikoetara isuritakoak nabarmen gehitzea.

c) Hondakinen sortzea nabarmen gehitzea.

d) Natur baliabideen erabilpena nabarmen gehitzea.

e) 79/409/EEE eta 92/43/EEE Zuzentarauak aplikatuz izendatutako babes bereziko eremuei edo Ramsar Ituneko zerrendan sartutako hezeguneei ukitzea.

8._Metodo edo produktu berriak garatu edo frogatzeko esklusiboki edo batez ere balio duten 4.B eranskineko proiektuak, bi urte baino luzaroago erabiltzen ez direnak.

Oharra: izaera berekoak diren eta espazio fisiko berean eginda dauden proiektuen zatikatzeak ez du eranskin honetan finkatutako mugarik aplikatzea eragotziko, horren ondoriotarako kontuan hartutako proiektu bakoitzaren magnitude edo dimentsioak pilatuko baitira.

4. B ERANSKINA. JARDUERA SAILKATUETARAKO UDAL LIZENTZIAREN ETA BEHARREZKO INGURUMENAREN GAINEKO ERAGINAREN EBALUAZIOAREN MENPE DAUDEN JARDUERAK ETA INSTALAZIOAK

4. B ERANSKINA

A) Ondoko edukiera hauek gainditzen dituzten abeltzaintza intentsiboko instalazioak:

1._2.000 toki ardi eta ahuntz ganaduarentzat.

2._600 toki gizentzeko behientzat.

3._20.000 toki untxientzat.

B) Petrolio produktuak gordetzeko instalazioak, 200.000 metro kubikotik 1.000.000 metro kubora bitarteko edukiera dutenak.

C) Produktu petrokimiko edo kimikoak gordetzeko instalazioak, 200.000 metro kubotik 1.000.000 metro kubora bitarteko edukiera dutenak.

D) Hondar uren tratamendurako plantak, 150.000 biztanle-parekoren ahalmenekoak.

E) Beste proiektu batzuk:

1._Bi urte baino gehiagoko ustiapen-aldia duten eta 3.C eranskineko ezarritako mailara iristen ez diren erauzketa-jarduerei dagozkien proiektuak, Ramsarko Ituneko zerrendan sartutako hezeguneetan egiten badira edo, basa-hegaztiak zaintzeari buruzko Konseiluaren apirilaren 2ko 79/409/EEE Zuzentarauan edo natur habitatak eta basa fauna eta flora zaintzeari buruzko Kontseiluaren maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauan adierazitakoaren arabera, babes bereziko eremuetan egiten badira.

Meategi eta A, B, C eta D ataletako gainerako baliabide geologikoen zeru zabaleko baimen edo emakida beraren barruko ustiapen eta fronteak, bi urtetik gorako ustiapen-aldia dutenak, aprobetxamendua Meategien Legeak eta arautegi osagarriak araututa dutenak, ustiapenak ukitzen duen lur eremua 2,5 hektareatik gorakoa denean, edo ustiapena jabari publiko hidraulikoko lurretan edo ibilgu baten polizia eremuan dagoenean.

2._2.B eranskinean sartu ez diren eta arriskugarriak ez diren hondakinen isurtegiak, baita benetako magnitudez neurtuta 1 hektareatik gorako eremua hartzen duten hondakin inerteen zabortegiak ere, 79/409/EEE eta 92/43/EEE Zuzentarauetan adierazitakoaren arabera, babes bereziko eremuetan edo Ramsarko Hitzarmeneko zerrendan sartutako hezeguneetan egiten badira.

4. C ERANSKINA. JARDUERA SAILKATUETARAKO UDAL LIZENTZIAREN MENPE EGON ETA AURRETIAZ INGURUMEN, LURRALDEAREN ANTOLAMENDU ETA ETXEBIZITZA DEPARTAMENTUAREN INGURUMEN TXOSTENA BEHAR DUTEN JARDUERAK ETA INSTALAZIOAK

4. C ERANSKINA

A) Energia ekoizten duten instalazioak, baita zentral hidroelektriko txikiak ere, beste eranskinetan berariaz bildu ez direnak, 50 MW-etik beherako errekuntzako potentzia termikoa dutenak.

B) Industriak, oro har, baita konponketa tailerrak ere, erregelamendu honen gainerako eranskinetan aipatutako zirkunstantziarik ez dagoenean, besteak beste ondoko hauek:

a) Animalia eta landare produktuak tratatu, eraldatu, ontziratu eta lataratzeko nahiz soltean erabiltzeko ondoko industria instalazioak, 4.A eranskinean sarturik ez badaude:

_Animalia-lehengaiak dituzten instalazioak, esnea izan ezik, egunean ekoizteko ahalmena 75* tona baino gutxiago denean amaitutako produktuetan, eta landare-lehengaiak erabiltzen dituzten instalazioak, egunean ekoizteko ahalmena 300* tona baino gutxiago denean amaitutako produktuetan (hiruhilekoetako batez besteko balioa), haien azalera erabilgarria 1.000 m² baino gehiagokoa edo ezarritako potentzia mekanikoa 250 KWkoa baino handiagoa bada.

_Esnekien fabrikaziorako industria instalazioak, egunean 200 tonatik gora esne jasotzen badute (urteko batez besteko balioa), betiere haien azalera erabilgarria 1.000 m² baino gehiagokoa edo ezarritako potentzia mekanikoa 250 KWkoa baino handiagoa bada.

_Hiruhilekoetako batez besteko balioak: horretarako, hiruhilekoetako batez besteko baliotzat hartzen da ekoizpen handiena izan deneko elkarren segidako 90 eguneko epea, egiazko ekoizpeneko egunak oinarritzat hartuta.

b) Fundizioa edo altzairu gordinak ekoizteko instalazioak (oinarrizko zein bigarren mailako fusioa), orduan 2,5 tonatik beherako ahalmeneko fundizio etengabeko instalazioei dagozkienak ere barne.

c) Metal ferrosoak transformatzeko instalazioak:

1._Berotan xaflatua, orduan 20 tonatik beherako altzairu gordineko ahalmenaz.

2._Mailuekin forjatua, inpaktu energia mailuko 50 kilojuliotik beherakoa denean eta erabilitako potentzia termikoa 20 MW-etik beherakoa denean.

3._Metal funditua babesteko geruzak aplikatzea, orduan gehienez 2 tona altzairu gordin tratatzeko ahalmenaz.

d) Metal ferrosoen fundizioak, egunean gehienez 20 tona ekoizteko ahalmenaz.

e) Metal ez-ferrosoen fusiorako instalazioak, aleazioa barne, baita berreskurapen produktuak ere (birfindua, fundizioan moldatua), berunerako eta kadmiorako gehienez 4 tonarako fusio ahalmenaz edo gainerako metaletarako, 20 tonarako gehienez, egunean.

f) Metalen eta material plastikoen gainazalen tratamendurako instalazioak, prozedura elektrolitiko edo kimikoaren bidez, tratamendurako erabiltzen diren kubeta edo linea osoen bolumena 30 m³-tik gorakoa ez denean.

g) Zementua, magnesita edota klinkerra biraketa labeetan fabrikatzeko instalazioak, egunean gehienez 500 tonako ekoizpen ahalmenaz, edo karea fabrikatzekoak, biraketa labeetan egunean gehienez 50 tonako ekoizpen ahalmenaz, edo bestelako labe batzuetan, egunean gehienez 50 tonako ekoizpen ahalmenaz.

h) Amiantoa ateratzeko eta amiantoan oinarritutako produktuak fabrikatzeko instalazioak. Horrelakotzat hartuko dira amiantoa ateratzeko instalazioak, amiantoa eta amiantoa duten produktuak tratatu eta eraldatzekoak: amianto-zementuzko produktuetarako, urtean amaitutako produktuen 20.000 tonako gehieneko ekoizpenarekin; amiantoa marruskadura material gisa erabiltzeko, urtean amaitutako produktuen 50 tonako gehieneko ekoizpenarekin; amiantoaren gainerako erabileretarako, 200 tonatik gutxiagoko urteko erabilpenarekin.

i) Beira, beira zuntza barne, fabrikatzeko instalazioak, egunean gehienez 20 tonako fusio ahalmenaz.

j) Igeltsua eta zeramikazko produktuak labean fabrikatzeko instalazioak, bereziki, teila, adreilu, errefraktario, azulejo edo etxerako zein apainketarako zeramikak, egunean gehienez 75 tona ekoizteko ahalmenaz, edota labearen 4 m³ gutxiagoko ahalmenaz eta 300 kg/m³ _tik gorako labeko karga dentsitatea ez dutenak.

k) Papera eta kartoia fabrikatzeko industria instalazioak, egunean gehienez 20 tonako ekoizpen ahalmenaz.

l) Zelulosa ekoitzi eta tratatzeko instalazioak, egunean gehienez 15 tona ekoizteko ahalmenaz.

m) Zuntz edo ehunak aurretiaz tratatzeko (ikuzi, zuritu, jostea) edo tindatzeko instalazioak, tratamendu ahalmena egunean, gehienez, 10 tonakoa denean.

n) Larruak ontzeko instalazioak, egunean amaitutako produktuen tratamendu ahalmena, gehienez, 12 tonakoa denean.

o) Materialen gainazalak, gauza edo produktuenak disolbatzaile organikoak erabiliz tratatzeko instalazioak, bereziki, atondu, estanpatu, gaineztatu eta koipea kentzeko, iragangaitz bihurtzeko, itsasteko, lakatzeko, garbitzeko edo inpregnatzeko, orduan gehienez 150 kg edo urtean gehienez 200 tona disolbatzaile kontsumitzeko ahalmenekoak.

p) Asfaltoa eta hormigoia fabrikatzeko instalazioak, 2 urte baino zaharragoak direnak.

q) 4.D eranskineko F) G) I) J) eta K) letretan aipatutako jarduerak, baldin eta, horretarako finkatutako baldintzak eta mugak gainditu gabe, lurzoru urbanizaezinean badaude eta egunean 5 m³ baino emari handiagoko hondakin uren isurketa sortzen badute, urteko jarduketarik handieneko astearen eguneko batez besteko balioaren arabera kalkulatua.

r) Metal ferrosoak transformatzeko instalazioak, eta, haien artean, berotan xaflatua, orduan 20 tonatik beherako altzairu gordineko ahalmenaz.

C) 1. Animaliak hil edota zatikatzeko hiltegi eta instalazioak, egunean gehienez 50 tona kanal ekoizteko ahalmena dutenak.

2._Animalien kanal edo hondakinak suntsitu ala aprobetxatzeko instalazioak, egunean gehienez 10 tona tratatzeko ahalmena dutenak.

3._Ondoren aipatzen diren mugen barruan dauden abeltazintzako ustiategiak:

_Oilo erruleen edo hegaztien beste produkzio orientazio batzuetarako pareko kopurua: 1.001-40.000 toki.

_Oilaskoak: 1.001-55.000 toki.

_Ugalketarako eta/edo galkatzeko ahateak: 101-45.000 toki.

_Gizentzeko ahateak: 101-90.000 toki.

_Ostruka helduak: 51-3.600 toki.

_Gizentzeko ostrukak: 51-16.000 toki.

_Gizentzeko zerriak: 51-2.000 toki.

_Hazteko zerri emea: 26-750.

_Zerri ustiapen mistoak (hazi eta gizentzekoak, hasierako gizendegiak barne): 6-240 ALU bitarteko pareko kokalekuak.

_Esne-behi buru helduak: 21-250 behi buru

_Esne-behi buru helduak: 20 buru baino gehiago.

_Gizentzeko behi azienda: 21-600 toki.

_Ardi azienda: 501-2.000 ahuntz buru

_Ahuntz azienda: 501-2.000 ahuntz buru

_Untxiak: 201-20.000 untxi buru

_Behor azienda heldua: 20 buru baino gehiago.

_Gizentzeko behor azienda: 20 buru baino gehiago.

3._Akuikultura intentsiborako instalazioak, urtean 500 tonatik gora ekoizteko ahalmena ez dutenak.

D) Erregai likidoak, likuatuak barne, biltzeko tokiak, horniketa unitateak eta zerbitzu guneak, 4.D eranskinean ezarritako mugak bai baina 3.A eranskinekoak gainditzen ez badituzte.

E) Beste eranskin batzuetan aipatzen ez diren hondakin solido, likido zein gasezkoak, hirikoak, nekazaritza zein industriakoak jaso, tratatu, berreskuratu eta suntsitzeko jarduerak, hondakin inerteak sailkatu, tratatu eta botatzeko instalazioak barne, bi urtetik gorako ustiapen-aldia badute.

Bizitza erabilgarriaren bukaeran dauden ibilgailuak tratatu eta deskutsatzeko zentro baimenduak ere epigrafe honetan sartzen dira, baldin eta urtean gehienez ere 2.200 ibilgailu kudeatzeko ahalmena badute.

F) Hondar uren tratamendurako eta, izatekotan, tratatutako uren berrerabilpenerako instalazioak.

G) Hirietako hondar urak arazteko instalazioak, 150.000 biztanle-parekotik beherako ahalmenekoak.

H) Ondoko zerrenda horretan aipatzen diren industria eta lantegiak, haien azalera erabilgarria 1.000 m² baino gehiagokoa edo ezarritako potentzia mekanikoa 250 KWkoa baino handiagoa bada.

_Ibilgailuak eta makinak konpontzeko lantegiak.

_Ehungintza eta oinetakogintza.

_Zura eraldatzea.

_Metalezko produktuak fabrikatzea, bainu likido edo galdatuetan azaleko tratamendu fisiko-kimikoa hartzen dutenak izan ezik.

_Plastikozko produktuak eta beste polimero batzuk fabrikatzea, injekzioz, moldeatuz edo estrusioz.

_Manufakturako industriak, osagaien muntaketa lanak baizik egiten ez dituztenak.

_Arte grafikoen industria.

_Azalerari eta potentziari buruz aurretik ezarritako baldintzak bete gabe, urtean 15 tona disolbagarri organiko edo gehiago kontsumitzen dituzten arte grafikoetako jarduerak.

_Hargintza lantegiak.

_Igeltserotzako, elektrizitateko eta abarreko lantegi osagarriak.

_Hormigoizko elementu aurrefabrikatuen fabrikazioa.

Gainera, atal honetan sartu dira disolbatzaile organikoen bidez lehorrean garbitzeko jarduerak, edozein azalera eta potentzia dutela ere.

I) Ingurumenerako kaltegarriak izan litezkeen gauza eta materialen biltegiak. Kaltegarritzat hartuko dira substantzia arriskugarriak istripu larriak sortzeko moduko kantitateetan dauzkaten objektuak eta materialak, eta, hortaz, uztailaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuan sartuak daudenak.

J) Osasunean eta ingurumenean halako ondoriorik izan lezaketen beste jarduera batzuk, gainerako eranskinetan sartu ez direnak. Horien artean sartzen ahal dira gizakien gorpuzkiak errausteko labeak. Agregakinak ateratzeko aldi baterako legar-hobiak ere epigrafe honetan sartuko dira, baldin eta gutxienez bi urte badituzte, azpiegitura lanetarako erabiltzen badira eta ingurumen eraginaren adierazpenaren menpe ez badaude.

4. D ERANSKINA. JARDUERA SAILKATUETARAKO UDAL LIZENTZIAREN MENPE EGON ETA AURRETIAZ INGURUMEN, LURRALDEAREN ANTOLAMENDU ETA ETXEBIZITZA DEPARTAMENTUAREN INGURUMEN TXOSTENA BEHAR EZ DUTEN JARDUERAK ETA INSTALAZIOAK

4. D ERANSKINA

A) Nekazaritzako produktuen biltegiak.

B) Osasunerako zein pertsonentzako kaltegarriak izan litezkeen gauza eta materialen biltegiak. Halaber, bestelako eranskinetan ageri ez eta pertsonentzat edo ondasunentzat arriskuak sor lituzkeenak. Horrelakotzat hartuko dira azalera eraikia 500 m² baino gehiagokoa eta/edo ezarritako potentzia elektrikoa 250 Kw-koa baino handiagoa bada, eta/edo potentzia mekanikoa 10 Kw-koa baino handiagoa bada aire girotuan, klimatizazioan eta aireberritzean eta/edo 5 Kw-koa baino handiagoa bestelako tresna eta makinetan.

Erregai likidoen eta likidotuen biltegiak, hornidura unitateak eta hornitegiak ere atal honetan sartzen dira, gehienez ere 500.000 litro biltzen ahal badituzte eta biltegi eta hornidura eremuek hartutako azalera eraikia 2.000 m² baino gutxiagokoa bada. 500.000 litro baino gutxiago biltzen dituzten biltegiak ez dira atal honetan sartzen.

C) Abeltzaintza intentsiboko ustiategi txikiak, edukiera ondoko muga hauen artean dutenak:

_Oilo erruleak edo hegaztien beste produkzio orientazio batzuetarako pareko kopurua: 51-1.000 toki.

_Oilaskoak: 51-1.000 toki.

_Ugalketarako eta/edo galkatzeko ahateak: 21-100 toki.

_Gizentzeko ahateak: 21-100 toki.

_Ostruka helduak: 21-50 toki.

_Gizentzeko ostrukak: 21-50 toki.

_Gizentzeko zerriak: 5-50 toki.

_Hazteko zerri emea: 5-25 toki.

_Zerri ustiapen mistoak (hazi eta gizentzekoak, hasierako gizendegiak barne): 1-6 ALU bitarteko pareko kokalekuak.

_Esne-behi buru helduak: 3-20 buru.

_Haragitarako behi buru helduak: 3-20 buru.

_Gizentzeko behi azienda: 5-20 toki.

_Ardi azienda: 6-500 buru.

_Ahuntz azienda: 6-500 buru.

_Untxiak: 11-200 buru.

_Behor-azienda heldua: 3-20 buru.

_Gizentzeko behor azienda: 5-20 buru.

D) Elikadurarako ez diren merkataritza jarduerak, honako hauen salmenta izan ezik: produktu kimikoak edo erregaiak, hau da, drogak, prestakin farmazeutikoak, ongarriak, pestizidak, pinturak, bernizak, argizariak, pneumatikoak, lubrifikatzaileak, zurezko altzariak, papergintza, plastikozko artikuluak eta antzekoak. Betiere paratutako potentzia mekanikoa (aire giroturako konpresoreak, haizagailuak, kargagailuak) ez bada 10 Kw baino gehiagokoa bada aire girotuan, klimatizazioan eta aireberritzean eta/edo 5 Kw baino gehiagokoa bestelako tresna eta makinetan, eta azalera eraikia 500 m² baino gehiagokoa bada.

Produktu kimikoak edo erregaiak saltzeko merkataritza jarduerak, honako hauen salmenta sarturik: etxerako drogeria, prestakin farmazeutikoak, ongarriak, pestizidak, pinturak, bernizak, argizariak, pneumatikoak, lubrifikatzaileak, zurezko altzariak, papergintza, plastikozko artikuluak eta antzekoak, hala nola produktu horiek saltzen dituzten produktu anitzeko saltokiak. Betiere paratutako potentzia mekanikoa 10 Kw baino gehiagokoa bada aire girotuan, klimatizazioan eta aireberritzean eta/edo 5 Kw baino gehiagokoa bestelako tresna eta makinetan. Muga horiek gainditzen ez dituztenak kanpoan geldituko dira.

Zerbitzu jarduerak oro har, gainerako ataletan aipatutakoak ez bezalakoak, haien azalera eraikia 1.000 metro karratukoa baino handiagoa bada eta/edo paratutako potentzia mekanikoa 10 Kw baino gehiagokoa bada aire girotuan, klimatizazioan eta aireberritzean eta/edo 5 Kw baino gehiagokoa bestelako tresna eta makinetan. Muga horiek gainditzen ez dituztenak kanpoan geldituko dira.

Txakurrak hazi eta zaintzeko instalazioak, hiru hilabetez gorako 10 txakurrentzako tokia dutenak.

E) Elikaduraren salerosketa jarduerak, prestalekudunak zein prestalekugabeak, paratutako potentzia mekanikoa (aire giroturako konpresoreak, haizagailuak, kargagailuak) ez bada 10 Kw baino gehiagokoa bada aire girotuan, klimatizazioan eta aireberritzean eta/edo 5Kw-koa baino handiagoa bestelako tresna eta makinetan, eta haien azalera 400 m² baino gehiagokoa bada.

Arraindegiak, harategiak eta usainak sor litzaketen antzeko beste batzuk ere epigrafe honetan sartzen dira, edozein azalera eta potentzia dutela ere.

F) Jendaurreko ikuskizun eta josteta jarduerak (tabernak, elkarte kultural edo gastronomikoak, kafetegiak, jatetxeak, antzokiak, zinemak, dantzalekuak, diskotekak, josteta jarduerak, ziberguneak, kirol instalazioak eta antzekoak).

G) Turismoko ostatu jarduerak: hotel establezimenduak, ostatuak, turismoko aterpetxeak, mendiko aterpeak, oporretarako zentroak eta udalekuak, bainuetxeak eta antzekoak.

Etxebizitza-eraikin batena bezalako egoitza-araubidearekin ostatu zerbitzua baizik ematen ez duten instalazioak (landetxeak, apartamentu-eraikinak eta antzekoak) ez dira epigrafe honetan sartuko baldin eta ondoren aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte, deusetan ukatu gabe aplikatu beharreko arau sektorialak betetzeko beharra, bereziki suteen aurkako aurreneurriei buruzkoak. Hona hemen baldintza horiek:

_Jarduera sailkatuaren udal lizentzia behar duten beste jarduera batzuenak bezalako ingurumen ukipenak sor litzakeen jarduerarik edo zerbitzurik ez izatea, adibidez sukaldeak eta jantoki kolektiboak, taberna zerbitzua eta abar.

_Gehienez ere 500 m²-ko azalera eraikia izatea.

H) Ibilgailuetarako garajeak, gehienez 150 m² azalera dutenak.

I) Ibilgailuak eta makineria konpontzeko lantegiak, azalera eraikia 1.000 m²-koa edo txikiagoa bada, eta potentzia 250 Kw-koa gehienez.

J) Besteak beste, ondoren aipatzen diren jarduerak egiteko lantegi laguntzaileak, haien azalera erabilgarriak 1.000 m² edo gutxiago baditu edo ezarritako potentzia mekanikoa 250 KWkoa edo gutxiagokoa bada.

_Ibilgailuak eta makinak konpontzea.

_Ehungintza eta oinetakogintza.

_Zura eraldatzea.

_Metalezko produktuak fabrikatzea, bainu likido edo galdatuetan azaleko tratamendu fisiko-kimikoa hartzen dutenak izan ezik.

_Plastikozko produktuak eta beste polimero batzuk fabrikatzea, injekzioz, moldeatuz edo estrusioz.

_Manufakturako industriak, osagaien muntaketa lanak baizik egiten ez dituztenak.

_Arte grafikoetako industriak, urtean 15 tona disolbagarri organiko baino gehiago kontsumitzen ez dituztenak.

_Hargintza, igeltserotza eta elektrizitatea.

_Hormigoizko elementu aurrefabrikatuen fabrikazioa.

Ondoren aipatzen diren lantegiei ez zaie erregelamendu hau aplikatuko baldin eta beheko solairu edo soto batean badaude, ezarritako potentzia mekanikoa 5 KW-koa edo gutxiagokoa bada eta haien azalera erabilgarriak 200 m² edo gutxiago baditu:

a) Igeltserotza, eskaiola, iturgintza, berokuntza eta aire girotua paratzeko lantegi osagarriak.

b) Erlojugintza, urregintza, zilargintza, bitxigintza, optika, ortopedia eta protesi jardueretarako lantegiak.

c) Jantzigintza, joskintza, larrugintza, puntuzko jantzigintza, kapelugintza eta uhalgintzako lantegiak.

d) Elektrogailuak, irratiak, telebistak, bulegoko makineria eta josteko makinak konpontzeko lantegiak.

K) Industriak, besteak beste ondoko zerrendetakoak, haien azalera erabilgarriak 1.000 m² edo gutxiago baditu edo potentzia 250 KWkoa edo gutxiagokoa bada.

_Animalia eta landare produktuak tratatu, eraldatu, ontziratu eta lataratzeko nahiz soltean erabiltzeko ondoren azaltzen diren industria instalazioak, animalia-lehengaiak dituzten instalazioetan, esnea izan ezik, egunean ekoizteko ahalmena 75 tona baino gutxiago denean amaitutako produktuetan, eta landare-lehengaiak erabiltzen dituzten horietan, egunean ekoizteko ahalmena 300* tona baino gutxiago denean amaitutako produktuetan.

Zerrendako industria instalazioak:

_Haragi industriak, hiltegiak izan ezik.

_Kontserbagintza.

_Esnekien fabrikaziorako industria instalazioak, betiere egunean 200 tonatik behera esne jasotzen badute (urteko batez besteko balioa).

_Ardoak eta likoreak egiteko upategiak.

_Ogia, opilak, pasta eta antzekoak egitea.

_Jaki prestatuak.

_Pentsua egitea.

_Hiruhilekoetako batez besteko balioak: Horretarako, hiruhilekoetako batez besteko baliotzat hartzen da ekoizpen handiena izan deneko elkarren segidako 90 eguneko epea, egiazko ekoizpeneko egunak oinarritzat hartuta.

_Asfaltoa eta hormigoia fabrikatzea 2 urte baino zaharragoko aldi bateko instalazioetan, ingurumen eraginaren adierazpenaren menpe dagoen proiektu global baten barruan ez badaude.

L) Osasun jarduerak, ospitaleratzea dutenak nahiz ez dutenak. Horrelakotzat hartuko dira laguntza medikoa eta osasun arloko laguntza emateko xedea dutenak: ospitaleak, klinikak, osasun etxeak, osasun kontsultategiak, eguneko zentroak, beren buruaz baliatzen ez direnentzako zaharretxeak, diagnostikorako zentroak, espezialitate zentroak eta antzekoak, betiere ondoko baldintza hauek betetzen badituzte:

_Ospitaleratzea izatea eta/edo batez ere beren buruaz baliatzen ez diren pertsonak izatea, eta/edo X izpietarako instalaziak izatea eta/edo kirurgia zerbitzua ematea.

_Aurreko puntuan sartu ez direnak, haien azalera eraikia 500 metro karratukoa baino handiagoa bada eta/edo paratutako potentzia mekanikoa 10 Kw baino gehiagokoa bada aire girotuan, klimatizazioan eta aireberritzean eta/edo 5 Kw baino gehiagokoa bestelako tresna eta makinetan.

M) Irakaskuntza, kultura, administrazio edo erlijio jarduerak:

_Irakaskuntza jarduerak; horrelakotzat hartzen dira edozein maila eta kategoriatako irakaskuntza emateko xedea dutenak: haurtzaindegiak, haur eskolak, lehen, bigarren eta goi mailako hezkuntzako ikastetxeak, akademiak eta bestelako ikastetxeak, haien azalera eraikia 1.000 metro karratukoa baino handiagoa bada eta/edo paratutako potentzia mekanikoa 10 Kw baino gehiagokoa bada aire girotuan, klimatizazioan eta aireberritzean eta/edo 5 Kw baino gehiagokoa bestelako tresna eta makinetan.

_Kultura eta/edo erlijio arloko jarduerak. Horrelakotzat hartzen dira ezagutzak garatu eta ondare historiko-artistikoa ezagutzera emateko xedea dutenak, erlijioko liturgiako bilerak barne: museoak, erakusketa aretoak, liburutegiak, artxiboak, kultur etxeak, dokumentazio zentroak, elizak, gurtza-tokiak eta antzekoak.

_Administrazio jarduerak. Horrelakotzat hartzen dira partikularrei nahiz enpresa publiko zein pribatuei kudeaketa, teknika, finantza, informazio edo bestelako zerbitzuak emateko xedea dutenak: administrazio zentroak oro har, bulegoak eta antzekoak, haien azalera eraikia 1.000 metro karratukoa baino handiagoa bada eta/edo paratutako potentzia mekanikoa 10 Kw baino gehiagokoa bada aire girotuan, klimatizazioan eta aireberritzean eta/edo 5 Kw baino gehiagokoa bestelako tresna eta makinetan.

N) Telekomunikazioetarako antenak eta haien sarbideak, erregelamendu honetako gainerako eranskinetan ez daudenak, Osasun Departamentuari kontsulta egin ondoren.

5. ERANSKINA. PERTSONEN NAHIZ ONDASUNEN SEGURTASUN ETA INTEGRITATERAKO JARDUERA ARRISKUGARRIAK, LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUAREN TXOSTEN LOTZAILEA BEHAR DUTENAK

5. ERANSKINA

_Industriak oro har (1) eta konponketa tailerrak, haien azalera eraikia 1.000 metro karratukoa baino handiagoa bada eta/edo paratutako potentzia mekanikoa 250 Kw baino gehiagokoa.

_Gauza eta materialen biltegiak, haien azalera eraikia 1.000 metro karratukoa baino handiagoa bada eta/edo paratutako potentzia mekanikoa 250 Kw baino gehiagokoa.

_Jendaurreko ikuskizunak ematen dituzten establezimendu edo lokal itxiak, Establezimenduen, Jendaurreko Ikuskizunen eta Josteta Jardueren Katalogoaren 27. artikuluari jarraikiz (irailaren 23ko 202/2002 F.D.), edo indarra duen beste bati jarraikiz, betiere ikusle batzuk esertzeko tokia badute (2).

_Josteta jarduerak egiteko establezimendu edo lokal itxiak, Establezimenduen, Jendaurreko Ikuskizunen eta Josteta Jardueren Katalogoaren 28. artikuluari jarraikiz (irailaren 23ko 202/2002 F.D.), edo indarra duen beste bati jarraikiz, betiere 100 pertsona baino gehiagorako tokia badute.

_Egoitza-establezimendu publikoak (hotelak, aterpetxeak, bainuetxeak, gazte egoitzak, zaharretxeak...), haien azalera eraikiak 500 m² baino gehiago baldin baditu, eta kanpinak kasu guztietan (3).

_Zerbitzuak oro har:

.Administrazio jarduerak, azalera eraikia gutxienez 2.000 m²-koa denean (5).

.Irakaskuntza jarduerak, azalera eraikia gutxienez 1.000 m²-koa denean (6).

.Kultura eta erlijio jarduerak, azalera eraikia gutxienez 500 m²-koa denean (7).

.Osasun jarduerak (8):

-Ospitaleratzearekin eta/edo batez ere beren buruaz baliatzen ez diren pertsonak dituztenak, azalera eraikia gutxienez 500 m²-koa denean.

-Aurreko puntuan sartzen ez direnak, azalera eraikia gutxienez 1.000 m²-koa denean.

.Zerbitzuetarako bestelako jarduerak oro har, aurrekoak ez bezalakoak, azalera eraikia gutxienez 1.000 m²-koa denean (9).

_Merkataritzako jarduerak eta merkataritza guneak, azalera eraikia gutxienez 500 m²-koa denean (11).

_Garajeak oro har, eta pertsonak eta salgaiak garraiatzeko ibilgailuen aparkalekuak, haien azalera eraikia gutxienez 1.000 m²-koa denean, hala nola ibilgailuak txandaka aparkatzeko garaje publikoak, baita haien barruan erabilera pribatua duten eremuak ere, edozein azalera dutenak (12).

_Zirkulazio eremu komunak izanik, establezimendu batzuk biltzen dituzten guneak, azalera eraikia gutxienez 500 m²-koa dutenak edo, a) puntuko (ikusleentzako tokiarekin) establezimenduetako bat gutxienez dagoenean, edozein azalera dutenak (10).

_Garraiorako jarduerak eta azpiegiturak, kasu guztietan (13).

OHARRAK:

(1) Industriari buruzko 21/1992 Legearen 3. artikuluan ezarritako jarduerak.

(2) Antzezpen, erakustaldi, ekitaldi, emanaldi edo lehiaketa bat ikusteko jendea biltzen duten jarduerak.

(3) Jende guztiarentzako jarduerak, aisialdirako eta jostetarako instalazioak, zerbitzuak, jokoak, makinak edo aparatuak biltzen dituztenak. Gainera, kategoria honetan sartzen dira gastronomiako elkarteak, txokoak, txabiskeak, "piperoak" eta abar.

(4) Aldi bateko ostatua eta bestelako zerbitzu osagarriak emateko jarduerak: hotelak, ostatuak, bide-hotelak, apopilo-etxeak, egoitzak, aterpetxeak, kanpinak, mendiko aterpeak, oporretarako zentroak eta udalekuak, bainuetxeak, laguntzarik behar ez duten pertsonentzako zaharretxeak eta antzekoak.

(5) Partikularrei nahiz enpresa publiko zein pribatuei kudeaketa, teknika, finantza, informazio edo bestelako zerbitzuak emateko jarduerak: administrazio zentroak oro har eta antzekoak.

(6) Edozein maila eta kategoriatako irakaskuntza emateko jarduerak: haurtzaindegiak, haur eskolak, lehen, bigarren eta goi mailako hezkuntzako ikastetxeak, akademiak eta bestelako ikastetxeak.

(7) Ezagutzak garatu eta ondare historiko-artistikoa ezagutzera emateko jarduerak: museoak, erakusketa aretoak, liburutegiak, artxiboak, kultur etxeak, dokumentazio zentroak, elizak, gurtza-tokiak eta antzekoak.

(8) Laguntza medikoa eta osasun arloko laguntza emateko jarduerak: ospitaleak, klinikak, osasun etxeak, osasun kontsultategiak, eguneko zentroak, beren buruaz baliatzen ez direnen zaharrentzako etxeak, diagnostikorako zentroak, espezialitate zentroak eta antzekoak.

(9) Zerbitzuak emateko bestelako jarduerak oro har, aurrekoetan sartzen ez direnak.

(10) Erabilera bateko edo gehiagoko establezimenduak bildu eta jendea haietara joateko zirkulazio eremu komunak dituzten guneak.

Aisialdirako zentroak, kulturguneak eta antzeko jarduerak.

(11) Salgai edo zerbitzu pertsonalak saldu, erosi edo trukatu baino lehenago erakusteko jarduerak. Barne hartzen ditu merkataritzako erabilera duten zentro edo instalazioak, iraunkorrak nahiz aldi baterakoak, eta baita haien ondoko biltegiak ere.

Merkataritza gunetzat hartzen dira merkataritzako establezimendu batzuk biltzen dituztenak eta, askotan, jendearentzako irekiak dauden beste batzuk, hala nola zinema aretoak, kafetegiak, jatetxeak eta abar, jendearentzako sarbidea guneko zirkulazio eremu komunetatik dutenak.

(12) Motordun ibilgailuak zaintzeko jarduera publiko edo pribatuak edo pertsonak eta salgaiak garraiatzeko ibilgailuen aparkaleku estaliak edo itxiak.

(13) Garraiorako terminalak eta trukerako guneak, adibidez lurreko garraiorako geltokiak, aireportuak eta antzekoak.

Aurreko puntuetan ezarritako edukierak eta azalerak aplikatzeko irizpideak:

a) Okupazioaren dentsitateak indarra duen NBE-CPIan ezarritakoak izanen dira, edo, bestela, dagozkion arau berariazkoetan ezarritakoak, baldin badaude (joko aretoak, josteta-makinak eta abar).

b) Garajearen solairuan dauden trastelekuen, garajeari lotutako lokal tekniko, bestelako erabileretako lokalen eta ebakuaziorako elementuen, adibidez atondoen, eskaileren eta abarren azalera eraikia garajeetako azalera eraikian sartzen da.

c) Jarduera nagusi bat eta hari lotutako beste erabilera batzuk dituzten establezimenduetan, azalera eraikia establezimendu osoari dagokiona izanen da.

Adibide gisa, ondokoak aipa daitezke:

_Etxebizitza-jarduera, merkataritzako erabilerak, garajea eta abar dituena.

_Merkataritzako jarduera garajearekin.

_Industriako jarduera, administrazioko, merkataritzako eta abarretako erabilerak dituena.

_Irakaskuntzako jarduera, kirolerako nahiz ikuskizunetarako erabilerak dituena.

d) Erabilera bat edo gehiago izanik, ebakuaziorako elementu komunak dituzten establezimendu batzuk biltzen dituzten guneetan, azalera eraikia guneari lotutako establezimenduen, erabileren, zirkulazioaren eta bestelako lokalen azaleren batura izanen da.

Adibide gisa, ondokoak aipa daitezke:

_Jendearentzako merkataritzako establezimenduak, garajeak eta abar barne hartzen dituzten merkataritza guneak.

_Jendearentzako establezimenduak, bulegoak eta abar barne hartzen dituzten aisialdirako guneak.

e) Handitzeetan, zaharberritze partzialetan eta erabileren aldaketa partzialetan kontuan hartu beharreko azalera jarduera osoaren azalera eraiki osoa da, alegia, lehendik dagoen jarduerarena gehi handitu, zaharberritu edo aldatu denarena. Hori kalkulatzeko, eraikin berrietan eta zaharberritze nahiz aldaketa osoetan erabiltzen diren irizpide berberak erabiliko dira.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web