(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

63/2006 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 4KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LANBIDE HEZIKETAKO IKASTETXE INTEGRATUAK ARAUTZEN DITUENA Nota de Vigencia

BON N.º 116 - 27/09/2006



Atariko

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak 11.4 artikuluko lehen lerroaldean ezartzen du lanbide heziketako ikastetxe integratuak ikastetxe berriak direla eta, Kualifikazioen Sistema Nazionalaren esparruan, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean ageri diren tituluak eta lanbideko ziurtagiriak lortzera bideratzen diren lanbide heziketako eskaintza guztiak emanen dituztela. Horren ondoren, abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuak lanbide heziketako ikastetxe integratuen oinarrizko baldintzak arautu ditu.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 39.5 artikuluan azaltzen du lege horretan arautzen diren lanbide heziketako ikasketak 5/2002 Lege Organikoaren 11. artikuluan aipatutako ikastetxe integratuetan egiten ahalko direla.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 11.4 artikuluko bigarren lerroaldeak dioenez, administrazioek, beren eskumenen esparruan, lanbide heziketako ikastetxe integratu horiek sortu eta baimentzen ahalko dituzte, ezartzen diren baldintzak betez betiere. Bestalde, lege bereko 11.6 artikuluan ageri da autonomia erkidegoetako gobernuek eta gobernu kontseiluek, dagozkien eskumenak erabiliz, lanbide heziketako ikastetxe integratuen osaera eta eginkizunak beren ezaugarrien arabera moldatuko dituztela.

Errege dekretu bereko 4. artikuluan eta lehenbiziko xedapen iragankorrean azaltzen da zein diren autonomia erkidegoetako administrazioei dagozkien eskumenak, titulartasun publikoa duten ikastetxe integratuen sare baten antolakuntzaren arloan eta berek kudeatzen duten lurraldean ikastetxe horiek eraldatu, sortu edo baimentzearen arloan.

Nafarroako Gobernuak, 2005eko apirilaren 4ko bilkuran, Kualifikazioen Sistema Nazionala Nafarroan garatzeko jarraibideak onetsi zituen. Sistema horrek, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak berak azaltzen duen moduan, modernizazioa eta hobekuntza bilatzen du, Europarekin bat egitea, herritarren garapen pertsonal eta profesionalerako eta gure erkidegoaren aurrerapen ekonomikorako eta gizarte ongizaterako estrategikoa den arlo batean. Akordio honek eta lanbide heziketa garatzeko Nafarroako 2001-2004ko Planak berak (Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak proposaturik, 2001eko abenduaren 26ko bilkuran onetsia) garbi azaltzen dute ikastetxe integratuek garrantzi handia dutela Nafarroako lanbide heziketaren sistema aurreratu bat eratzeko. Orain, horren guztiaren ondoren, Nafarroako Gobernuak Foru Komunitateko ikastetxe integratuen arau orokorrak eman ditu foru dekretu honen bidez.

Lanbide heziketako ikasketak Espainian, Europan eta nazioartean indartzen eta bultzatzen ari ziren une berezi batean hartu zuen Nafarroako Gobernuak 2005eko apirilaren 4ko erabakia. Erabaki horretako edukiek eta Nafarroako Gobernuaren eta agente sozial eta ekonomiko garrantzitsuenen arteko parte-hartze eta adostasuneko printzipioak interes berezia dute, lanbide heziketako ikasketek botere publikoei, agente ekonomiko eta sozialei eta herritarrei inoiz ez bezala sortu dizkieten erronkei erantzuten saiatzen baitira. Hau garai historiko bat da, eta berezitasun hauek ditu: bizitza osoko ikaskuntza izatea, lanbide arloko jakintzaren aldaketak eta ziurgabetasuna, berrikuntza eta garapen teknologikoa, merkataritzako harremanak nazioartera geroz eta gehiago zabaltzen ari direla ikusten duen merkatu batean lehiakideen esparrua handitzea, enpresei eta langileei geroz eta polibalentzia gehiago eskatzea eta lehiakortasuna handitzea. Horregatik, halako egoera konplexuei alderdi guztiek batera eta koordinatuta jokatuz egin behar zaie aurre. Hala, Nafarroako Hirugarren Enplegu Planeko (2005-2007) 2.1 helburuak parte hartzeko egitura berriak sortu nahi ditu lanbide heziketako ikastetxe integratuetan.

Hori guztia aintzat hartuta, Kualifikazioen Sistema Nazionala Nafarroan gauzatzeko lehen ekintzetako bat izanen da arau esparru bat ezartzea lanbide heziketako ikastetxe integratuen sorrera eta funtzionamendurako, gure inguruko beste herrialde aurreratu batzuetan dagoeneko baden ikastetxe eredu baten ildo berean, kontuan hartuta ikastetxe mota horrek toki estrategikoa duela gazteen eta langileen prestakuntzarako eskaintzan, lanbidearen inguruko informazio eta orientazioaren prozeduretan, berdintasun politiken garapenean (generoaren ondoriozko murrizketarik gabe lana lortu eta lanbidean hobetzearen ikuspegitik), bai eta esperientziaren bidez lortutako gaitasun profesionala onartzeko parte-hartzean ere. Ikastetxe integratu berriak, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoan sortuak eta abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuan oinarrizko moduan arautuak, enplegurako politika aktiboetako baliabide gisa planteatu dira jada Espainiako Erreinuko Enplegurako 2004ko Ekintza Planaren 4. zuzentarauko b) atalean (2004-2006rako Erantzun Politikoan), non adierazten baita lanbide heziketako eskaintza integratua egin beharra dagoela, bizitza osoko ikaskuntzari lotuta. Era berean, Nafarroan hezkuntzaren, prestakuntzaren eta enpleguaren arloetan garatzen diren politikentzat ekintzarako baliabide bat dira ikastetxe horiek; baliabide horrek, faktoreen integrazioa eta agenteen parte-hartzea bideratzen duen aldetik, lanbide heziketaren arloan herritarrek hartuko dituzten zerbitzuak hobetzeko ahalmen handia du.

Ikastetxe integratuek, lanbide heziketako ikasleak orain arte bezala Europar Batasuneko beste herrialde batzuetara mugitzeko proiektuak bultzatzen segitzeaz gainera, abian jarri behar dituzte nazioarteratzea sustatzeko ekintza osagarriak, horrela ikastetxeek, zuzendaritza taldeek eta irakasleek beren lana nazioarteko sareen barnean egin dezaten.

Gure inguruko herrialde gehienetan badira lanbide heziketako ikastetxeak eta, horiek, eskualde eta lanbideen erreferente gisa, asko hurbiltzen zaizkie foru dekretu honetan zehaztu diren ikastetxe integratuei. Eta nazioarteko esparru horretan oso garbi dago herrialde garatuenen egoera ekonomikoak eta aurrerapen sozialek lotura handia dutela dekretu honetan arautzen diren lanbide heziketako ikastetxeen oso antzekoak izatearekin.

Azken finean, dekretu honetan arautzen diren ikastetxe integratuak enpresari, gizarteari eta Europari begira daude eta, lanbide heziketako beste ikastetxe batzuekin batera, lehiakortasunaren eragile izan behar dute sektore guztietan, bai gazteei hasierako prestakuntza emanez bai langileei gaitasun eta kualifikazio profesional berriak lortzen lagunduz. Baina, gainera, zerbitzu publikoaren ikuspegitik, ikastetxe horiek laguntza ematen dute lanbidearen inguruko informazio eta orientazio prozesuetan, esperientziaren bidez lortutako gaitasunak ebaluatzeko prozeduren garapenean eta emakume eta gizonen arteko benetako berdintasunaren sustapenean.

Ekintzetan epeak laburtu beharrak eta ikastetxe horiek ezartzeko ongi kontrastatutako eredu bat bermatu beharrak foru dekretu honen bigarren xedapen gehigarria justifikatzen dute, horretan ageri baita ikastetxe integratu pilotuak sortzeko proiektu esperimental bat abian jarriko dela 2006-2007 ikasturtean. Proiektu horren bitartez aurrera egin nahi da, berehala, ikastetxe integratuen sare bat abian jartzeko prozesuan, lehenik modu esperimentalean hurbilduz eta horrela lortutako informazio garrantzitsuena hurrengo urteetan beste ikastetxe batzuetara zabalduz.

Ikastetxe horiek sortu eta garatzeak prestakuntza zerbitzuen kalitatea hobetzea ekarriko du eta kualifikazioen sistema propioa bultzatuko. Halaxe ikusten dute Hezkuntza Departamentuak, hasierako lanbide heziketa arautuaren eskumenak erabiliz, eta Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak, langabetuen eta langileen prestakuntzako eskumenak erabiliz. Bi departamentuek bultzatu dute foru dekretu hau, zeinari buruz Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak eta Hezkuntza Batzorde Nagusiak edo Nafarroako Eskola Kontseiluak txostena egin baitute; sindikatuen ordezkariei ere jakinarazi zaie eta Nafarroako Kontseiluak irizpena eman du.

Horrenbestez, eta ekimen hau Hezkuntza kontseilariarena eta Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariarena denez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari dagokio foru dekretu hau onesteko proposamena egitea, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 12. artikuluko 5. idatz-zatian ezarritakoarekin bat.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak aipatu foru legean ezarritakoaren arabera proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren adostasunarekin eta Nafarroako Gobernuak 2006ko irailaren 4ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea lanbide heziketako ikastetxe integratuak sortu eta arautzea da. Ikastetxe horiek 5/2002 Lege Organikoaren 11. artikuluan aurreikusita daude eta Nafarroako Gobernuak 2005eko apirilaren 4an hartutako Erabakian planteatuta.

2. artikulua. Ikastetxe integratuen definizioa eta motak.

1. Ikastetxe integratuak dira halako izaerarekin baimendu eta hasierako lanbide heziketa, okupazionala eta etengabea ematen dutenak, Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotuta batik bat eta lanbide heziketako tituluak eta lanbideko ziurtagiriak lortzera bideratuta beti.

2. Foru Komunitatean baimenduko diren ikastetxe integratuak bi mota hauetakoak izaten ahalko dira:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko ikastetxe publikoak, Ikastetxe Integratu Politeknikoak deituko direnak, eta foru dekretu honen 3. artikuluan aipatutako helburuak izanen dituztenak.

b) Ekimen pribatuko ikastetxe integratuak, horiek Ikastetxe Integratu Pribatuak izenarekin.

3. artikulua. Ikastetxe Integratu Politeknikoen helburuak.

Ikastetxe Integratu Politeknikoek helburu nagusi hauek dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitatean banakakoek eta lan merkatuak dituzten kualifikazio beharrei erantzutea, prestakuntza sistemaren eta produkzio sistemaren arteko ezagutza eta komunikazioa sustatuz.

b) Gazteei lehenengo enplegua lortzen eta langileei lanpostua mantendu eta hobetzen laguntzea, prestakuntzarako kalitatezko eskaintza eginez eta, horren bidez, etengabeko ikaskuntza ez ezik, gure erkidegoko produkzio sektoreetan izaten diren aldaketa sozialetara, antolakuntzakoetara eta teknologikoetara egokitzeko gaitasuna bultzatuz.

c) Lanbidearen inguruko informazio eta orientazio zerbitzu sistematiko eta ez-baztertzailea ematea, pertsona guztiek erabaki informatuak hartu ahal ditzaten lanbide heziketaren arloan dituzten aukera eta beharrei buruz, Nafarroako informazio eta orientazioaren sare integratu baten esparruan.

d) Pertsonek laneko esperientziaren bitartez edo beste bide ez-formal edo informal batzuen bitartez lortutako gaitasun profesionala ebaluatzeko prozeduretan parte hartzea eta gaitasun hori kreditatzeko proposamena egitea, hori guztia Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. garatzeko ezartzen denari jarraikiz.

e) Ikasleen gaitasunen hobekuntza bultzatzea, mugigarritasuneko, hobekuntza profesionaleko eta lankidetzako proiektuak sustatuz europar esparruaren barruan.

f) Lanbide heziketarako diren baliabide publikoen erabilera eraginkorra eta koordinatua bultzatzea.

g) Emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna sustatzea.

4. artikulua. Ikastetxe Integratu Politeknikoen eginkizunak.

1. Ikastetxe Integratu Politeknikoek, aurreko atalean aipatu diren helburuak lortzeko, oinarrizko eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Hasierako lanbide heziketa antolatu eta ematea, bai eta etengabeko heziketa eta langabetuentzako heziketa ere, batik bat Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean ageri denari lotuta, langileen eta produkzio sektoreen eskariei egokitutako erantzunak emateko eta, hala denean, lanbide heziketako tituluak eta lanbideko ziurtagiriak lortzera bideratzeko.

b) Laneko esperientziaren bitartez edo beste prozedura ez-formal edo informal batzuen bitartez lortutako gaitasun profesionala ebaluatu, onartu eta kreditatzeko tresnak aplikatzea.

c) Berrikuntza proiektuak, irakasleen prestakuntza eta material didaktikoen sortze lanak bultzatzea edo zeregin horietan parte hartzea.

d) Ikastetxearen hobekuntza iraunkorra eta nazioarteko proiekzioa bultzatzea, mugigarritasuneko, hobekuntza profesionaleko edo lankidetzako proiektu europarren antolakuntza edo horietan parte hartzea sustatuz.

e) Ikasleak lan munduan sartzeko edo berriz sartzeko bideak ezartzea.

f) Pertsona interesatuei beharrezkoa den informazio eta orientazio profesionala ematea, prestakuntzaren ibilbidea beren nahi eta asmoen arabera identifikatu eta zehazteko.

g) Kalitatea kudeatzeko eta etengabeko hobekuntza izateko prozesuen ezarpena bultzatzea.

h) Lanbide heziketako beste ikastetxe batzuetako irakaslanean orientazioa eta laguntza teknikoa ematera bideratutako jarduerak egitea.

i) Hezkuntza Departamentuarekin eta Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuarekin batera aritzea lanbide heziketaren plangintzan eta lanbide heziketako beste ikastetxe batzuei eman beharreko laguntza teknikoan.

j) Foru Komunitateko Administrazioko departamentuekin eta agente ekonomiko eta sozialekin batera aritzea beren inguru profesionalean dauden kualifikazio beharrak eta etengabeko prestakuntzarako beharrak identifikatzeko lanean, bai eta ikastetxearen helburuekin zerikusi zuzena duten beste alderdi batzuetan ere.

k) Erregelamendu bidez ezartzen ahal diren beste eginkizun batzuk.

2. Aurreko ataletan aipatutako eginkizunak betetzeko, Ikastetxe Integratu Politeknikoek akordioak eta hitzarmenak egin ditzakete enpresekin, erakundeekin eta beste organismo eta entitate batzuekin, erabilgarri dauden azpiegiturak eta baliabideak aprobetxatu ahal izateko, horrela prestakuntzaren eta foru dekretu honetan ageri diren gainerako ekintzen kalitatea lortzen laguntzeko.

5. artikulua. Ikastetxe integratuak sortu eta baimentzea.

1. Ikastetxe integratuak berriak izan daitezke, edo lehenagotik dauden lanbide heziketako ikastetxeen eraldaketaren ondoriozkoak izan.

2. Hezkuntza Departamentuaren menpeko edo hari atxikitako ikastetxe integratu bat sortzeko Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren baimena beharko da. Era berean, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren menpeko edo hari atxikitako ikastetxe integratu bat sortzeko Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da.

3. Ikastetxe Integratu Politekniko bat hezkuntza arloan eskumena duen departamentuaren izendapen zuzenez sortuko da. Horretarako, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluaren iritzia adituko da aldez aurretikNota de Vigencia.

4. Ikastetxe Integratu Pribatu bat sortzeko, hezkuntza arloan eskumena duen departamentuaren administrazio-baimena beharko da. Ikastetxeak ikastetxe pribatuetarako baimenean ezarritako baldintzak bete beharko ditu. Dena dela, baimen hori atzera botatzen ahalko da ikastetxeak hura baimentzeko ezarri ziren baldintzak betetzeari uzten badio, edo zerbitzuak emateari behin betiko uzten badioNota de Vigencia.

6. artikulua. Ikastetxe integratuen baldintzak.

1. Abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuan ezarritako baldintzez gainera, ikastetxe integratu izateko aukera duten ikastetxeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ikastetxe espezializatuak izatea eskaintzen dituzten lanbide heziketako ikasketetan.

b) Lanbide heziketako tituluak eta lanbideko ziurtagiriak lortzera bideratutako ikasketak ematea, hiru lanbide arlotan edo gehiagotan.

c) Nafarroan biztanle gehien dauden eta produkzio sare garrantzitsua eta askotarikoa duten eremuetan egotea.

d) Lehenagoko ikastetxe bat eraldatu ondoren sortzen bada ikastetxe integratua, erakutsi beharko du berrikuntza teknologikoan eta/edo didaktikoan parte hartu duela eta, era berean, hasierako prestakuntzarekin eta langabetuen edo jarduneko langileen etengabeko prestakuntzarekin zerikusia duten prestakuntza eskaintzetan ere hartu duela parte.

7. artikulua. Ikastetxe integratuen autonomia.

Ikastetxe integratuek, ezarri diren helburuak betetzeko, pedagogiaren, antolamenduaren eta ekonomiaren arloan izanen duten kudeaketa ereduak beren autonomia bermatuko du, indarra duten arauen esparruan betiere.

8. artikulua. Jarduketa plana.

1. Urtero, Hezkuntza Departamentuak eta Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluan ordezkaritza duten agente ekonomiko eta sozialekin eta ikastetxeetako gobernu organoekin batera, jarduketa plan bat zehaztuko dute ikastetxe integratu guztientzat. Plan hori produkzio sektoreek egiten dituzten sektore eta lurraldeko eskariak kontuan hartuta prestatuko da, ikastetxeen jarduerari berari dagokionean betiere, eta behar den finantziazioa izanen du.

2. Jarduketa planak egitekoak diren prestakuntza ekintzen jarraibideak ezarriko ditu, bai eta beste zenbait jarduketa ere, baldin eta hala badagozkio foru dekretu honen 3. artikuluan Ikastetxe Integratu Politeknikoentzat jarritako helburuekin bat eta Lanbide Heziketako Ikastetxen Integratuen oinarrizko baldintzak arautzen dituen abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuaren 6. artikuluan Ikastetxe Integratu Pribatuentzat jarritakoekin bat.

9. artikulua. Proiektu funtzionala.

Ikastetxe integratuek proiektu funtzional bat prestatuko dute, eta horixe izanen da ikastetxearen antoketa eta plangintzarako funtsezko tresna. Proiektu honek foru dekretu honen 8. artikuluan zehaztu den jarduketa plana kontuan hartu eta garatu eginen du. Proiektu horretan bilduko dira, antolaketari dagozkion alderdiak ez ezik, ikastetxearen helburuak, prestakuntza ekintzetarako duen jarduketa plana, kudeaketa prozedurak, ekintzak ebaluatzeko tresnak, bai eta ikastetxearen eginkizunak garatzeko garrantzizkoak diren beste alderdi batzuk ere. Erregelamendu bidez garatuko da plan funtzionalaren eduki zehatza eta, hori bezala, plana prestatu, onetsi eta ebaluatzeko prozedura.

10. artikulua. Ikastetxe Integratu Politeknikoetako gobernu organoak.

1. Ikastetxe horietako kide bakarreko gobernu organoetan, zuzendaritza taldea osatzen dutenetan, zuzendaria, ikasketaburua eta idazkaria izanen dira gutxienez.

2. Ikastetxe Integratu Politeknikoetako zuzendaritza izendapen libreko prozeduraz izendatuko da. Hezkuntza Departamentuaren menpeko Ikastetxe Integratu Politeknikoen kasuan, irakasle funtzionarioen artean eginen da izendapena, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioei jarraikiz, eta ikastetxeko kide anitzeko organoei kontsulta egin ondoren.

3. Ikastetxe Integratu Politeknikoko zuzendariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ikastetxearen jarduera guztiak zuzendu eta koordinatzea, ikastetxeko gainerako gobernu organoei esleitutako eskumenak galarazi gabe.

b) Administrazioaren ordezkaritza ofiziala izatea ikastetxean, kasuan kasuko administrazioaren gainerako agintaritzen eskurantzak galarazi gabe.

c) Legeak eta arauak bete eta betearaztea, bai eta proiektu funtzionalean zehaztu diren akordio eta jarduketa programak ere.

d) Ikastetxeko kide anitzeko organoen bileretarako eta egintza akademikoetarako dei egin eta haien buru izatea.

e) Ikastetxeko baliabide materialak kudeatu eta kudeaketa ekonomikoa justifikatzea.

f) Ikastetxeko kide bakarreko gainerako gobernu organoak eta kide bakarreko beste edozein organo izendatzea.

g) Ikastetxeko langile guztien buru izatea, eta aplikatu beharreko arauei jarraikiz beharrezkoak diren erabakiak hartzea.

h) Ikastetxeko ziurtagiriak eta agiri ofizialak ikus-onestea.

i) Produkzio inguruko enpresekin eta entitateekin izan beharreko harremanak bideratu eta sustatzea.

j) Indarra duten beste arau batzuetan esleitzen zaizkion edo dagokion administrazioak ematen dizkion gainerako eginkizunak.

4. Ikastetxe Integratu Politeknikoko ikasketaburuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ikastetxeko irakasleen buru izatea, zuzendariak eginkizun hori bere esku uzten duenean.

b) Ikastetxean garatzen diren jarduera akademikoak koordinatzea.

c) Ikastetxeko ordutegi akademikoak prestatzea eta betetzen diren begiratzea, kide bakarreko gainerako gobernu organoekin batera.

d) Ikastetxeko proiektu funtzionala prestatu eta berrikusteko lanean parte hartzea.

e) Egintza akademikoak antolatzea.

f) Koordinazio organoen arduradunek prestakuntza, informazio eta berrikuntza ekintzetan lagundu eta parte hartzeko bultzada ematea.

g) Indarra duten beste arau batzuetan esleitzen zaizkion edo dagokion administrazioak ematen dizkion gainerako eginkizunak.

5. Ikastetxe Integratu Politeknikoko idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ikastetxearen araubide administratiboa antolatzea, zuzendariak ezarritako jarraibideen arabera.

b) Ikastetxeko kide anitzeko organoen eta parte-hartze organoen idazkari izatea, aktak egitea eta hartzen diren erabakien fede ematea, zuzendariaren ikus-onespenarekin batera.

c) Ikastetxeko aktak, espedienteak, liburuak, artxiboak eta beste agiri batzuk zaintzea.

d) Agintariek edo ikastetxeko erabiltzaileek eskatzen dituzten ziurtagiriak luzatzea.

e) Ikastetxeko administrazioko eta zerbitzuetako langileen buru izatea, zuzendariak eginkizun hori bere esku uzten duenean.

f) Indarra duten beste arau batzuetan esleitzen zaizkion edo dagokion administrazioak ematen dizkion gainerako eginkizunak.

11. artikulua. Ikastetxe Integratu Politeknikoetako koordinazio organoak.

1. Hezkuntza Departamentuaren menpeko Ikastetxe Integratu Politeknikoetan, lanbide arloko departamentuak lanbide arlo bateko prestakuntza jardueraren koordinazio organoak izanen dira.

2. Era berean, beste koordinazio departamentu batzuk sortzen ahalko dira, ondoko eginkizun hauei lotuta: kalitatezko prestakuntza integratua, lanbideen inguruko informazio eta orientazioa, gaitasun profesionalen onarpena eta ebaluazioa eta enpresekin harremanak izatea. Halaber, Ikastetxe Integratu Politeknikoetan nazioarteratzearen, kalitate prozeduren eta abarren inguruko jarduera jakin batzuk garatu eta finkatzen diren heinean, koordinaziorako kide bakarreko edo kide anitzeko organoak, deskribatutakoen osagarriak, sortzen ahal diren aztertuko da.

3. Hala denean, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren menpeko Ikastetxe Integratu Politeknikoek ezartzen diren koordinazio organoak izanen dituzte.

12. artikulua. Kide anitzeko partehartze organoak.

1. Ikastetxe integratuetan Gizarte Kontseilua izeneko organoaren bitartezkoa izanen da gizartearen parte-hartzea.

2. Gizarte Kontseilua hamahiru kide hauekin osatuko da:

Nafarroako Gobernuaren lau ordezkari. Horietako bat ikastetxeko zuzendaria izanen da eta Kontseiluko buruaren kargua hartuko du; ikastetxea zein departamentuk baimendu duen edo zeinen menpekoa den, departamentu horretako zuzendaritza nagusiak izendatuko ditu beste bi ordezkari; eta laugarrena, berriz, ikastetxe horiei baimena emateko prozesuan zerikusia duen baina ikastetxe integratua menpeko ez duen departamentuak.

Ikastetxearen lau ordezkari. Horietako bi zuzendariak izendatuko ditu eta beste bi irakasleen klaustroak.

Ordezkaritza handiena duten agente ekonomiko eta sozialen lau ordezkari. Bi kide enpresaburuen erakundeetakoak izanen dira eta beste bi ordezkaritza handiena duten eta Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluan ere badauden erakunde sindikaletakoak, erakunde horiek beren iritziaren arabera izendatuak.

Ikastetxeko idazkaria, Kontseiluko idazkari lana eginen duena, hizpidea duela baina botorik ez.

3. Ikastetxeko Gizarte Kontseiluak honako eginkizun hauek beteko ditu:

a) Ikastetxeko proiektu funtzionala prestatzeko jarraibide orokorrak ematea.

b) Ikastetxeko jardueren jarraipena egitea eta proiektu funtzionalaren ebaluazio memoria onestea.

c) Aldez aurreko txostena egitea ikastetxeko zuzendaria izendatzeko prozesuan.

d) Ikastetxeko aurrekontua eta kudeaketa kontuak onestea.

e) Enpresa, erakunde eta entitateekin harremanak sortzen laguntzea, proiektu funtzionalean jarritako helburuak lortzea errazagoa izan dadin.

f) Indarra duten beste arau batzuek ematen dioten beste edozein eginkizun.

4. Irakasleen klaustroa irakasleek ikastetxeko jardueretan parte hartzeko duten organoa da.

5. Irakasleen klaustroak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ikastetxeko proiektu funtzionala prestatzeko proposamenak egitea zuzendaritza taldeari eta Gizarte Kontseiluari.

b) Ekimenak sustatzea esperimentazio eta berrikuntza pedagogikoaren arloan eta ikastetxeetako irakasleen prestakuntzarenean.

c) Ikastetxearen kalitatea hobetzeko planetan parte hartzea.

d) Arauak garatzen direnean esleitzen zaion beste edozein.

13. artikulua. Ikastetxe Integratu Politeknikoen erregelamendu organikoa.

Ikastetxe Integratu Politeknikoak zein departamenturen menpekoak diren, departamentu horrek ikastetxe horientzako berariazko erregelamendu organikoa prestatuko du, foru dekretu hau garatzeko beharrezkoak diren alderdi funtzionalak eta antolamendukoak zehaztuta.

14. artikulua. Kalitatearen kudeaketa.

Ikuskapen organoen eskurantzak galarazi gabe, Hezkuntza Departamentuak eta Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak etengabeko hobekuntza planak bultzatuko dituzte, ikastetxe integratuek ahalik eta kalitate handieneko eskaintza egin dezaten.

15. artikulua. Ikastetxe Integratu Pribatuak.

Ikastetxe Integratu Pribatuen helburuak, eginkizunak eta antolaketa abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoak izanen dira. Errege dekretu horrek Lanbide Heziketako ikastetxen integratuen oinarrizko baldintzak arautzen ditu.

Xedapen Gehigarriak Lehena. Sektoreetako ikastetxe integratuak.

Nafarroako Gobernuak sektoreetako ikastetxe integratuak sor ditzake Lanbide Heziketaren barrenean, aparteko arrazoi estrategikoak daudenean eta baimendu eta abian jartzeko baldintza berezi batzuk betez betiere.

Xedapen Gehigarriak Bigarrena. Ikastetxeko integratuko Eskola Kontseilua.

Ikastetxe integratuetan, hasierako lanbide heziketaren esparruan eta, hala denean, batxilergoarenean, hezkuntza komunitateak parte hartzeko organo bat sortzen ahalko da, ikastetxe integratuko Eskola Kontseilua izenekoa, eta horren osaera eta eginkizunak foru dekretu honetako 13. artikuluan aipatu den erregelamendu organikoan ezarritakoak izanen dira.

Xedapen Iragankorrak Lehena. Ikastetxeei ikastetxe integratu izateko baimena ematea.

Abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuko lehenbiziko xedapen iragankorrean ezarritako aldian, Nafarroako Gobernuak lanbide heziketako ikastetxe integratu izateko baimena ematen ahalko die hiru azpisistemetako ikasketak foru dekretu honetan ezarritako baldintzetan eskaintzeaz gainera batxilergoko ikasketak ematen dituzten ikastetxeei, baldin eta azken horietan ikastetxeko ikasle guztien heren bat baino gehiago ari ez bada.

Xedapen Iragankorrak Bigarrena. Proiektu pilotu esperimentala.

Nafarroako Gobernuak, 2006-2007 ikasturtetik aurrera eta modu esperimentalean, baimena emanen du ikastetxe integratu pilotuak abian jartzeko. Esperimentazio prozesuan zehar, foru dekretu honen osagarri izanen den araudia onetsi bitartean, ikastetxe pilotuetan ematen diren ikasketetarako eta egiten diren prestakuntza jardueretarako oro har ezarritako araudia aplikatuko da, hala behar denean.

Azken Xedapenak Lehenengoa. Baimenak.

Baimena ematen zaie Hezkuntza kontseilariari eta Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari foru dekretu hau bete eta garatzeko behar diren xedapenak emateko.

Azken Xedapenak Bigarrena. Indarraldia.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web