(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

269/2001 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 24KOA. NAFARROAKO PERTSONA HELDUAK TUTELATZEKO FUNDAZIOA SORTZEN DU.

BON N.º 125 - 15/10/2001; corr. err., BON 16/11/2001



  NAFARROAKO HELDUAK TUTELATZEKO FUNDAZIOAREN ESTATUTUAK. LEHENBIZIKO TITULUA


  Xedapen Orokorrak


  BIGARREN TITULUA. FUNDAZIOAREN HELBURUA


  HIRUGARREN TITULUA. ONURADUNAK


  LAUGARREN TITULUA. FUNDAZIOAREN GOBERNUA


  BOSGARREN TITULUA. LANGILEEN ARAUBIDEA


  SEIGARREN TITULUA. ONDAREA ETA ARAUBIDE JURIDIKOA


  ZAZPIGARREN TITULUA. ALDAKETA, IRAUNGIPENA ETA LIKIDAZIOA


  ZORTZIGARREN TITULUA. AZKEN XEDAPENAK


Atariko

Urriaren 24ko Tributuei buruzko 13/83 Legea, Kode Zibila aldatzekoa, aurrerapauso handia izan zen adin txikikoak eta elbarrituak babesteko sisteman, familiaren babesaren ordez agintaritzaren babesa ezartzen baitzuen eta tutore izateko esku ematen baitzien adintxikikoak eta ezgaituak babestea helburu duten pertsona juridiko irabazi asmorik gabekoei.

Gure Foru Komunitatean eta Konstituzioaren 9.2 eta 49. artikuluak eta Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoko 44. artikulua, 23 eta 17. idatz-zatiak oinarri, eta aipatu egoera horri aurre egiteko behar diren laguntza eta babes soziala ematea helburu, Tutoretzen Zerbitzua sortu zen, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari atxikia, zeinaren eginkizun nagusia baita pertsona heldu elbarrituak tutelatu eta auzitegietan defendatzea kasurako eskudun den agintaritza judizialak hala erabakitzen duenean.

Halako kasuak gehitu direlarik, eta jardunean hasi ondoren halakoei buruzko esperientzia metatu delarik, bidezko da orain orientabide berria hartzea atzeman diren disfuntzioak zuzentzeko.

Ildo horretatik, Administrazioaren egintzak tutoretzapeko pertsonen ondare pribatuetan izaten dituen ondorio ekonomikoak nekez kontrolatzen ahal dira orain dauden kontrol tresna publikoekin.

Hargatik, bada, Nafarroako Helduak Tutelatzeko Fundazioa sortzen da, ekimen publikoko fundazio pribatuaren izaerarekin, zeinaren helburuak baitira Foru Komunitate honetan egoitza duten pertsona heldu legez ezgaituak tutelatu eta zaintzea agintaritza judizialak hala erabakitzen duenean, eta ezgaitzeko prozesu batean sartuta daudenak auzitegian defendatzea.

Fundazio honen sorrerako asmo nagusia da berez famili inguruneari eta irabazi asmorik gabeko beste erakunde batzuei dagozkien egintzen osagarri izatea, beti ere agintaritza judizialak agintzen duen moduan. Horrez gain, hala ere, bigarren eginkizuna du Kode Zibilaren arabera sistemaren azken garantia behar luketen pertsona horiek falta izatean edo huts egitean sortzen diren hutsuneak betetzea.

Azkenik, Foru Berriko 42. Legeak ezartzen du Nafarroako Foru Diputazioak zilegi duela fundazioaren nortasun juridikoa eraukitzea edo aitortzea Nafarroan egoitza duten eta Diputazioak berak sortu dituen edozein zerbitzuri.

Hori horrela, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak hala proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko irailaren hogeita lauko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DU:

1. artikulua

Fundazio bat sortzea, Nafarroako Pertsona Helduak Tutelatzeko Fundazioa izenarekin, legez Nafarroako Foru Komunitatearen kontu jarritako pertsona heldu ezgaituak tutelatu, zaindu eta auzitegietan defendatzea. Fundazioa Erabaki honekin batera argitaratzen diren estatutuen arabera gobernatuko da.

2. artikulua

Fundazioaren hasierako hornidura bost ehun mila (500.000) pezetako kapitala izanen da, hots, 3.005,07 euro, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak bere aurrekontutik jarria.

3. artikulua

Fundazio hau eratu ondoren, esleitu zaizkion eginkizunak bururatzeko behar dituen eginkizunak, zerbitzuak eta dotazioa aldatuko zaizkio.

4. artikilua

Aldatze hori egin ez zaion artean, gaur eskudun diren organoek segituko dute helduen tutoretzaren ardura izaten.

Xedapen Orokorrak

1. artikulua. Izena eta izana.

Nafarroako Helduak Tutelatzeko Fundazioa Foru Komunitate honetan egoitza duten pertsona heldu legez ezgaituak tutelatu, zaindu eta auzitegietan defendatzeko asmoz sortu da, Kasuko Epaile erabaki batek Foru Administrazioari eginkizun horiek egozten dizkionean.

2. artikulua. Nortasuna eta gaitasuna.

Eratu den fundazioak nortasun juridiko propioa du eta obratzeko ahalmen osoa, Foru Berriko 42. legeak agintzen duenaren arabera; zilegi du, beraz, bere sorrerako helburua betetzeko behar diren egintza guztiak egiteko, beti ere lege sisteman agintzen denari men eginaz.

3. artikulua. Araubidea.

Fundazioak fundatzailearen borondatearen arabera gobernatuko da, eratze egintzan eta estatutu hauetan agertzera ematen den bezala.

4. artikulua. Irispidea eta helbidea.

4.1. Irispidea. Fundazioak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan arituko da, nahiz eta zilegi duen Espainiako nahiz nazioarteko beste entitate edo erakunde publiko nahiz pribatu, Atzerriko Gobernuen edo Gobernuz Kanpoko Erakundeen menpekoekin elkarlanean aritzea.

4.2. Helbidea.

Fundazioak Iruñeko González Tablas kalean, z.g., dauka helbidea.

Zilegi izanen da Fundazioaren Patronatoak hala erabakita helbide hori aldatzea, kasurako diren xedapenen agintzen dutenaren arabera.

Fundazioak zilegi du hortik landara delegazioak ezartzea eginkizunak hobeki egiteko hala komeni bada.

BIGARREN TITULUA. FUNDAZIOAREN HELBURUA

5. artikulua. Printzipio orokorra.

Fundazioak eginahalean sentikortuko du gizartea behar bezala errespeta ditzaten pertsona heldu legez ezgaituen eskubideak eta hobeki integra eta normaliza daitezen gizartean.

6. artikulua. Fundazioaren helburuak.

Hona fundazioaren helburuak:

Foru Komunitatean egoitza duten pertsona heldu legez ezgaituak tutelatzea agintaritza judizialak haien tutoretza Nafarroako Gobernuari egozten dionean.

Ezgaitzeko prozesu bat hasi zaien pertsona Foru Komunitatean egoitza dutenak auzitegian defendatzea eta agintaritza judizialak babes ezeko egoeran suertatu diren ezgaitu-gaien pertsona eta ondarea babesteko neurri behin-behinekoetan agintzen dituen eginkizunak egitea.

Tutoretzapeko pertsonaren ondasunak administratzea agintaritza judizialak agintzen duenaren arabera, haren mesedetan arituz, zuhurtasun, euspen eta hobekuntza printzipioen arabera, Kode zibilak agintzen duenarekin bat.

Gizartean kidetzea errazteko moduko laguntza, prebentzio, errehabilitazio, lan munduratze eta prestakuntza jardueretan parte hartzeko bidea ematea.

Zuzen nahiz zeharbidez Tutoretzapeko pertsonen garapen soziala errazteko programak egin daitezen sustatzea.

HIRUGARREN TITULUA. ONURADUNAK

7. artikulua. Onuradunak.

Fundazioaren onuradun izanen dira legez ezgaituta edo ezgaitzeko bidean dauden pertsonak, Nafarroako Foru Komunitatean egoitza dutenak, legezko ezgaitasun deklarazioaren ondoriozko eginbeharrak har ditzakeen ahaiderik ez badute.

8. artikulua. Hitzarmenak edo itunak.

Patronatoak zilegi izanen du pertsona juridikoekin hitzarmen edo itun-programak ezartzea Fundazioaren onuradunentzat jarduera eta prestazioak egin ditzaten.

LAUGARREN TITULUA. FUNDAZIOAREN GOBERNUA

9. artikulua. Organoak.

Fundazioak gobernu organoak eta kudeaketa organoak izanen ditu.

- Fundazioaren gobernu organoa Patronatoa da.

- Kudeaketa organoa zuzendari kudeatzailea da.

1. ATALA

GOBERNU ORGANOA: PATRONATOA

10. artikulua. Patronatoa.

10.1. Patronatoa Fundazioaren gobernu eta ordezkaritza organo gorena da, bere eginkizunak fundazioaren helburuetarako egokiak direla segurtatu behar duena.

10.2. Patronatoak estatutu hauen arabera gobernatuko da eta zilegi izanen du bere jardunbide arauak osatu eta zehaztea.

11. artikulua. Osaera.

11.1. Patronatoak Burua, buruordea eta mahaikideak izanen ditu osakide; baita idazlari bat ere, hizpidea bai baina botorik izanen ez duena.

11.2. Patronatoko burua Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzailea izanen da, eta haren botoak erabakiko ditu berdinketak.

11.3. Patronatoko buruordea Lan zuzendari nagusia izanen da.

11.4. Fundazioaren zuzendaria edo haren eskuordea izanen da idazkaria.

11.5. Fundazioaren mahaikideak: Ogasun zuzendari nagusia, Oinarrizko Osasun Laguntza eta Adimen Osasuneko zuzendaria, Ezgaituen Elkarteetako ordezkari bat, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak izendatua, eta Hirugarren Adinekoen elkarteetako ordezkari bat, Nafarroako Adinekoen Kontseiluak izendatua.

11.6. Zilegi izanen da kide kopuru hori handitzea Patronatoaren erabaki baten bidez, gutxienez osakideen bi herenek aldeko botoa ematen badute.

12. artikulua. Patronatoko kideen onarpena.

Patronatoko kideek fundazioa eratzeko egintzan edo hartarako Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan azalduta onartu beharko dute kargua eta orduan hasiko dira beren eginkizunetan.

Patronatoko kide berria hautatzen denean, hala emanen zaio aditzera idatziz izendatuari, hark izendapen hori onar dezan hartarako Patronatoko buruari onarpen idazkia bidaliz.

13. artikulua. Kideak kargua nola utzi eta kidea nola izendatu.

13.1. Kide batek karguari dagozkion betebeharrak betetzen ez baditu kargua utzi beharrean egonen da, edo azaroaren 24ko 30/1994 Legeak edo estatutu hauek ezartzen dituztenetako edozein arrazoi dela medio.

13.2. Kargu bat husten denean kide berria izendatuko zaio 11 eta 12. artikuluetan agintzen denaren arabera.

14. artikulua. Patronatoko kideen eginkizunak.

Patronatoko kideen eginkizun dira, besteak beste, Fundazioaren helburuak betearaztea, dei egiten zaien bileretara azaltzea, karguko zereginak egoki egitea, fundazioaren ondasun eta balioak produkzio eta kontserbazio egoera onean edukitzea eta beren jardueran xedapen indardunek eta estatutu hauek agintzen dutena betetzea.

15. artikulua. Patronatoko kidearen kargua dohainik.

Patronatoko kidearen kargua konfiantzazkoa eta ohorezkoa izanen da. Hala ere zilegi izanen da Patronatoko kideek karguak ekartzen dizkien gastuen ordaina jasotzea.

16. artikulua. Patronatoaren antolamendua.

Patronatoko kide guztiek izanen dute botoa eta hizpidea bilkuretan, idazkariak ezik, hark hizpidea baizik ez baitu izanen.

17. artikulua. Patronatoaren burua.

Hona Patronatoko buruaren eginkizunak:

1. Fundazioaren ordezkari izatea edozein pertsona publiko nahiz pribaturen, agintarien eta entitateen aurrean, salbu eta Fundazioaren Tutoretzapeko pertsonen kasuan, zeren horretara eta Patronato buruaren goragoko zuzendaritza ezertan galarazi gabe, zuzendaritzari baitagokio ordezkaritza hori.

2. Bilkura arrunt eta berezietarako deiak egitea eta haien eguneko gai zerrenda ezartzea, kontuan harturik beste kideek zer eskatzen duten, gutxienez hamar egun lehenago.

3. Bilkuretan buru aritzea, eztabaidak hotsematea eta hala behartzen denean eztabaidak etetea.

4. Bere botoarekin berdinketak desegitea, erabakiak hartu ahal izateko.

5. Legeak bete daitezen segurtatzea.

6. Erabakien aktak eta ziurtagiriak bisatzea.

7. Patronatoko erabakiak betearazteko agintzea.

8. Paguak egin daitezela agintzea.

9. Bere burutzari dagozkion eta Patronato ari esleitu ez zaizkion beste eginkizun guztiak egitea.

18. artikulua. Patronatoko buruordea.

Hona buruordearen eginkizunak:

- Patronatoko burua lekuturik dagoenean haren ordez aritzea karguari dagozkion eginkizun guztietan.

- Buruarekin lankide aritzea haren eginkizunetan.

19. artikulua. Idazkaria.

Hona Idazkariaren eginkizunak:

1. Bilkuretarako deia egitea, Patronatoko buruak hala aginduta, eta kideentzako zitazioak egitea.

2. Patronatoko kideen Fundazioarentzako komunikazioak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu eskaerak, ziurtagiriak edo haren ezaguerara etorri behar duten beste idazki guztiak.

3. Arazoak ebazteko prestatzea, bilkuretako aktak idatzi eta autorizatzea.

4. Onetsi diren kontsulta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak ematea.

5. Fundazio honi dagokion dokumentazio guztia altxatu eta begiratzea.

Idazkaria lekuturik edo eririk dagoenean edo idazkari kargua hutsi dagoenean, Patronatoko kiderik gazteena arituko da idazkari.

20. artikulua. Patronatoko kideak.

Kide horiek Fundazioak egoki jardun dezan eginahala eginen dute. Mahaikideen heren parteak hala erabakitzen badu zilegi izanen dute kontu egoerak eskatu eta entitatearen edozein lokal, instalazio, lan edo zerbitzu gainbegiratzea. Beren gain hartuko dituzte Patronatoko osoko bilkurak egozten dizkien eginkizun guztiak.

21. artikulua. Patronatoaren ahalmenak.

Patronatoaren ahalmenak fundazioa gobernatu, ordezkatu eta administratzeari dagokion guztia hartzen du, eta bai ere estatutu hauek interpretatu eta aldatzeari dagokion guztia ere.

II. ATALA

PATRONATOAREN JARDUNBIDEA

22. artikulua. Patronatoaren bilerak eta deiak.

Patronatoak urtean bi bilera eginen ditu gutxienez, eta horrez gain fundazioak egoki jarduteko behar den adina bilera. Patronatoko Buruari dagokio bileren deia egitea, dela ofizioz dela kiden heren parteak gutxienez hala eskatzen duenean.

Kiden heren parteak bilera bat eskatu eta Patronatoko buruak hilabete baten buruan haren deirik egin ez badu, eskatzaileek zilegi izanen dute berek egiteko dei formala, hartarako Patronatoko buruaren eta idazkariaren ordez arituz.

Bileretarako deia Idazkariak eginen du buruak hala aginduta, deia egin den egunetik bilkura egiten denera gutxienezko bi eguneko tartea utzita. Deia egiteko prozedura laster eta seguruak erabiliko dira eta bilkura lehen deialdian eta handik ordu erdi batera bigarrenean zein egun, toki eta ordutan eginen den finkatuko da. Horrekin batera eguneko gai zerrenda eta kasuko dokumentazioa aurkeztuko da. Patronatoko kide guztiak bertan egon eta bilkura egitea aho batez erabakitzen badute, ez da aurrezko deirik egin beharko.

23. artikulua. Eztabaida eta erabakiak.

Patronatoa bilkurak eta eztabaidak egin eta erabakiak hartzeko egoki eratuko bada, beharrezkoa da Patronatoko burua eta idazkaria edo haien ordezkoa eta gainera kideen erdiak bilkuran egotea.

Bigarren deialdian, Patronatoa egoki eratzeko behar den kide kopurua herena izanen da. Ezin eztabaidatu edo erabakiko da eguneko gai zerrendan sartua ez dagoen ezer, non eta delako gaia ez bada laster-behartzat deklaratzen gehiengoak hala boto emanik. Erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira. Patronatoko kide bakoitzak boto bat izanen du.

24. artikulua. Aktak.

Idazkariak egin diren bilkuren akta eginen du. Aktan nahitaez zehaztu beharko du zenbat pertsona agertu diren, zein zen bilkurako eguneko gain zerrenda, non eta zenbat denboran izan den bilkura, eztabaiden puntu nagusiak zein izan diren eta hartutako erabakiek zer eduki izan duten.

Aktan, halaber, hartu den erabakiaren kontrako botoa edo abstentzioa ere jasoko da, kasuko kideak hala eskatzen badu, eta bai haien arrazoia ere, edo aldeko boto baten azalpena ere. Edozein kidek zilegi izanen du, halaber, bere mintzaldi edo proposamena osorik transkribatzeko eskatzea, baldin eta bertan edo patronatoburuak jartzen duen epean aurkezten badu bere mintzaldia hertsiki islatzen duen testua, eta hala jasoko da aktan edo haren kopia erantsiko.

Gehiengoaren erabakiarekin bat etorri ez diren kideek zilegi izanen dute boto partikularrak egitea idatziz, berrogeita zortzi orduko epean, eta hala erantsiko zaio onetsitako testuari.

Patronatoko kideek erabaki baten kontrako botoa eman edo hura hartu zen bilkuran parte hartu ez badute, ez dute izanen erabaki horren ondorioz datorkeen erantzunbeharrik.

Aktak hurrengo bilkuran onetsiko dira, eta zilegi izanen da, hala ere, idazkariak ziurtagiria ematea hartutako erabakien gainean akta ondoren onestea ezertan galarazi gabe. Hala ere, erabakiek berehalako ondorioak izanen dituzte berehala betearaztekotzat onetsi badira; hala baldin bada, hala emanen da aditzera bilkuran bertan eta orduan ez da aplikatuko lerroalde honen lehenbiziko partean agindu dena.

25. artikulua. Kontabilitatea, auditoria eta aurrekontuak.

Urtero, Fundazioaren Patronatoak inbentarioa, egoeraren balantzea eta emaitzen kontua eginen ditu, zeinetan argiro azalduko baita Fundazioaren diru, finantza eta ondare egoera zein den, eta memoria bat ere itxuratuko du adierazteko zein izan diren fundazioaren jarduerak eta haren kudeaketa ekonomikoa, finantzazio taula ere barne dela, eta fundazioaren helburuak zehazki zenbateraino bete diren neurtzeko ere bai. Memoria horretan zehaztuko ere da, ondarea nola aldatu den eta zer aldaketa izan diren gobernu, zuzendaritza eta ordezkaritza organoetan. Halaber, fundazioaren gobernu organoak aurreko urteko dirusarrera eta gastuen aurrekontuaren likidazioa eginen du.

Kanpoko auditoria baten pean jarriko dira fundazioaren kontuak bi urtez segidan gorabehera hauetako bi gertatu badira:

a) Aktiboaren partidak osotara hirurehun milioi pezeta baino gehiagokoak izatea.

b) Urteko dirusarreren kopuru garbia seiehun milioi pezeta baino gehiagokoa izatea.

c) Ekitaldian batez beste aritu diren langile kopurua berrogeita hamar baino gehiagoko izatea.

Kanpoko auditoria baten pean jarriko dira kontuak, halaber, Fundazioaren Patronatoaren edo Babespenaren iritziz -eta beti ondarearen zenbatekoa edo kudeaketaren bolumena tarte badira- hala komeni dela juzgarazteko moduko gorabeherak gertatzen direnean.

Artikulu honetako lehenbiziko lerroaldeak aipatzen dituen dokumentuak Ekonomi eta Ogasun Departamentuan aurkeztuko dira hurrengo ekitaldiko lehenbiziko sei hiletan. Auditoria txostenak Ekonomi eta Ogasun Departamentuan aurkeztuko dira jaulki eta hurrengo hiru hiletan.

Horrez gain, Patronatoak hurrengo urteko aurrekontua ere itxuratu eta Ekonomi eta Ogasun Departamentuari helaraziko dio, esplikaziozko memoria batekin batera.

Fundazioaren kontabilitatea, lege indardunetan agintzen duenaren araberakoa izanen da.

BOSGARREN TITULUA. LANGILEEN ARAUBIDEA

26. artikulua. Kudeaketa organoa.

26.1. Fundazioa kudeatzeko ardura duen organoa zuzendaria da, estatutu hauetan agintzen denaren arabera.

26.2. Zuzendaria Patronatoak izendatu eta kenduko du kargutik.

26.3. Organo horri, bestalde, behar dituen bitarteko material eta antolamenduzkoak emanen zaizkio, eta bere eginkizunak burutzeko behar dituen jende, teknika eta administrazio baliabideak ere.

26.4. Kudeaketa organoaren titularrak, Patronatoak ezartzen dion lansaria kobratuko du.

27. artikulua. Zuzendariaren eginkizunak.

27.1. Zuzendariaren oro harko eginkizuna Fundazioaren kudeaketa arrunta egitea da, Patronatoaren Erabakiak betearaziz eta haren menpeko hierarkikoa dela, eta bestetik Fundazioak bere kontu dituen pertsona legez ezgaituak tutelatzea.

27.2. Zuzendariak, Patronatoko burua goragoko agintari duela, honako eginkizunak izanen ditu:

a) Patronatoko organoen erabakiak bete eta betearaztea.

b) Fundazioaren helburuak hobeki erdiesteko behar diren kudeatze egintzak egitea.

c) Patronatoari ekintza planak eta programak proposatzea, eta hark onetsi ondoren betearaztea.

d) Kudeaketa orokorra eta langileak zuzentzea, hartarako behar diren jarraibideak emanaz.

e) Eskatzen zaizkion txosten, azterlan eta proiektu guztiak egin eta Patronatoari bidaltzea.

f) Patronatoari proposatzea elkarlanerako hitzarmenak egitea beste entitate edo instituzioekin fundazioaren helburuak hobeki iristeko.

SEIGARREN TITULUA. ONDAREA ETA ARAUBIDE JURIDIKOA

28. artikulua. Fundazioaren ondarea.

Fundazioaren kapitala fundazioaren dotazioko ondasun eta eskubide guztiek eta ondare horri gero batean eratxikitzen zaizkion guztiek osatuko dute.

Ondarea administratu eta erabiltzea Patronatoari dagokio estatutuetan agintzen den moduan eta legeak agintzen duenaren arabera.

29. artikulua. Ondarearen osaera.

Fundazioaren osaerak edozein ondasun eta eskubide mota izan dezake osagai, dirutan baloratzeko modukoak badira.

Ondarea osatzen duten ondasun edo eskubide guztiak inbentario batean jasoko dira.

30. artikulua. Fundazioaren ondarea nola adskribatu.

Ondarea osatzen duten ondasun edo eskubideak eta bai handik sortzen diren errentak ere, zuzen eta berehala fundazioaren helburuak erdiesteko lanari lotuko zaizkio.

31. artikulua. Finantzazioa.

Fundazioak, bere jarduerak aurrera eramateko, bere ondarearen emaitza diren baliabideez finantzatuko da eta bai ere jasotzen dituen aurrekontu asignazio, laguntza, dirulaguntza edo donazioekin ere, pertsona edo entitate publiko nahiz pribatuek emanak izan, eta bai, agintaritza judizialak hala agintzen badu, pertsonak tutelatu, zaindu edo auzitegietan defendatze aldera jasotzen diren sariekin.

Fundazioaren helburuetarako gutxienez errenten edo fundazioak jasotzen dituen dirusarrera garbi guztien ehuneko hirurogeita hamabost erabili beharko dira, eta gainerakoa, administrazio gastuak kenduta, fundazioaren dotazioa handitzeko erabiliko da. Ondare dotazio gisa egin diren aportazioak, dela hasierakoa dela ondoren emandakoa, ez dira kontatuko atal honetan agintzen denerako.

32. artikulua. Finantza araubidea.

Ekitaldi ekonomikoak urte naturalarekin bat eginen du. Fundazioak behar diren libruak edukiko ditu bere jarduerak egoki aurrera ateratzeko eta bere kontabilitatea ongi kontrolatzeko.

ZAZPIGARREN TITULUA. ALDAKETA, IRAUNGIPENA ETA LIKIDAZIOA

33. artikulua. Aldaketa.

Patronatoak zilegi izanen du Nafarroako Gobernuari estatutu hauen aldaketa proposatzea, Fundazioaren intereserako hala komeni bada. Proposamen hori nahitaez egin beharrekoa izanen da fundazioaren eraketa gidatu zuten gorabeherak aldatu eta horren ondorioz estatutu indardunek ezintzen badute fundazioak egoki jardutea.

34. artikulua. Iraungipena.

Fundazioa iraungitzeko arrazoiak:

- Fundazioaren helburua lortu ezina izatea.

- Eratze egintzan aurreikusi direnetako arrazoi bat gertatzen denean.

- Legeetan aurreikusten direnetako arrazoi bat gertatzen denean.

Patronatoak izanen du zilegi Fundazioa iraungitzeko proposatzea, eta hartara Nafarroako Gobernuari helaraziko zaio proposamena, hark onesteko.

35. artikulua. Likidazioa.

Fundazioa iraungitzen bada, likidazio prozedura bat hasi beharko da, Fundazioaren Patronatoak egin beharrekoa.

Bategite kasuetan ezik, Fundazioa iraungitzen denean, bere helburuen antzeko interesetarako erabiliko da ondarea.

ZORTZIGARREN TITULUA. AZKEN XEDAPENAK

36. artikulua. Arau ordezgarriak.

Estatutu hauek arautzen ez duten guztirako, Fundazioa Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumak eta Fundazioen eta Babes Komertzialeko Ekintzen zerga araubidea arautzeko uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legeak agintzen duenaren menpe egonen da.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web