(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

90/2000 FORU DEKRETUA, OTSAILAREN 28KOA, NAFARROAKO KONTSEILUAREN ANTOLAKETAREN ETA FUNTZIONAMENDUAREN ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENANota de Vigencia

BON N.º 32 - 13/03/2000; corr. err., BON 28/04/2000



  ERANSKINA. NAFARROAKO KONTSEILUAREN ANTOLAKETAREN ETA FUNTZIONAMENDUAREN ERREGELAMENDUA


  I. KAPITULUA. Xedapen Orokorrak


  II. KAPITULUA. OSAERA


  III. KAPITULUA. ESKUMENAK


  IV. KAPITULUA. FUNTZIONAMENDUA ETA PROZEDURA


  V. KAPITULUA. NAFARROAKO KONTSEILUKO LANGILEAK


  VI. KAPITULUA. EKONOMIA ETA FINANTZAARAUBIDEA


Atariko

Nafarroako Kontseiluari buruzko martxoaren 16ko 8/1999 Foru Legeko 27.2 artikuluak ezarri zuenez, Nafarroako Gobernuak onetsi behar du aholkuritzako organo horren antolaketaren eta funtzionamenduaren Erregelamenduari buruzko proposamena, eta Gobernuak, Erregelamendua bera, aipatutako Foru Legearen hastapenekin bat.

Laugarren Xedapen Gehigarriak, berriz, ezarri zuen ezen, Nafarroako Kontseilua eratu eta hilabeteko epean, Osoko Bilkurak onetsi eginen duela antolaketaren eta funtzionamenduaren Erregelamenduari buruzko proposamena, eta Nafarroako Gobernuari igorriko diola hark onets dezan.

Nafarroako Kontseiluak, 2000ko urtarrilaren 31ko bilkuran, onetsi egin zuen Erregelamenduaren proposamena, eta orain, gorago aipatutako arauari jarraikiz, Nafarroako Gobernuari aurkezten dio, aztergai izan eta onets dezan.

Horregatik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi milako otsailaren hogeita zortzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu Bakarra

Onetsi egiten da Nafarroako Kontseiluaren antolaketaren eta funtzionamenduaren Erregelamendua; horren testua Foru Dekretu honi lotu zaio, eranskin gisara.

Azken Xedapena

Erregelamendu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

I. KAPITULUA. Xedapen Orokorrak

1. artikulua. Izaera eta egoitza.

1. Nafarroako Foru Komunitateko organo aholku-emaile gorena da Nafarroako Kontseilua.

2. Nafarrako Kontseiluak Iruñean du egoitza.

2. artikulua. Autonomia.

1. Nafarroako Kontseiluak bere eginkizunak aurrera eramateko autonomia organiko eta funtzionala izanen du, bere objektibotasuna eta independentzia bermatuko badira.

2. Autonomia organikoa duenez, Kontseilua ez da Nafarroako Foru Komunitateko erakunde baten mendean izanen, eta ez da Nafarroako Foru Komunitateko Departamentu baten baitan sartuko.

3. Autonomia funtzionala duenez, aholkua ematen dien organoekiko guztiz independienteki hartuko ditu erabakiak; Nafarroako Gobernuari aurkeztu eginen dizkio Antolaketaren eta funtzionamenduaren Erregelamendua, eta haren aldaketak, onets ditzan; bere aurrekontuaren aurreproiektua onetsiko du, eta Foru Komunitateko organo independiente gisa agertuko da Nafarroako Aurrekontu Orokorretan; Nafarroako Aurrekontu Orokorrek emandako kredituak administratuko ditu; Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean atal bat izanen du beretzat; eta bere langile politika izanen du, Nafarroako Foru Komunitatean indarra duen araudia errespetatuz, eta Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legean eta Erregelamendu honetan xedatutakoei jarraikiz.

3. artikulua. Eginkizuna.

1. Bere eginkizunen jardunean, Nafarroako Kontseiluak Espainiako Konstituzioa, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa, eta gainerako ordenamendu juridikoa betetzen direla begiratuko du.

2. Honakook legezkoak eta -behar izanez gero- konstituzionalak diren aztertuko du Kontseiluak: foru legeen aurreproiektuak, beste xedapen orokor batzuen proiektuak eta beste administrazio egintza batzuk, baldin eta egintza horiei buruz aholkua eskatu bada. Kontseiluaren irizpenek ezin izanen dute abagune edo komenientziari buruzko baloraziorik eduki.

3. Irizpenak idatziz igorriko dira, eskatzeko eskua duenak formalki galdatu ondoren.

4. artikulua. Irizpenen izaera.

1. Kontseiluari aholkua eskatzea nahitaezkoa izanen da Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legean eta beste lege batzuetan ezartzen diren kasuetan, eta gainerakoetan aukerakoa izanen da.

2. Kontseiluaren irizpenak ez dira lotesleak izanen, lege bidez horrelakoak izatea ezartzen den kasuetan izan ezik.

3. Irizpenak izaera batekoak izan ala bestelakoak izan, betiere Kontseiluaren eginkizun instituzionala osatzen duen gaia izan beharko dute objektutzat, ez besterik.

4. Nafarroako Kontseiluak gai batzuen inguruko txostena igorri badu, gai horiei buruzko administrazio ebazpenek eta xedapenek adierazi egin beharko dute Kontseiluaren irizpenarekin bat datozen ala ez. Betiere, irizpenen balorazioa egin beharko da, eta haiekin bat ez datozen ebazpenak arrazoitu eginen dira.

5. Nafarroako Kontseiluak gaiei buruzko irizpenak eman ondoren, gai horiek ezin izanen dira igorri -txosten juridiko bat idatz dadin- Nafarroako Foru Komunitateko edo beste Administrazio Publiko bateko ezein organo edo erakundetara; beraz, ezta Estatuko Kontseilura ere.

Dena dela, Konstituzio Auzitegiko jardunetan, aurreko lerroaldean xedatutakoak ez du eragotziko galderak egin eta txostenak eskatzea, baldin eta ekimena izan duen organoak defentsa eragingarriagoa izatea bada helburuaNota de Vigencia.

5. artikulua. Isilpean gorde beharra.

1. Kontseiluko kideek -eta, orobat, Kontseiluko langileek- isilpean gorde behar dituzte onartutako proposamenak eta hartutako erabakiak, harik eta irizpenean aztertzekoak diren auziak organo eskudunak ebatzi arte; izandako eztabaidak, eta azaldutako iritziak eta emandako botoak, berriz, isilpean gorde beharko dituzte beti.

2. Aurreko idatz-zatian xedatuak ez du galarazten Kontseiluaren irizpenak edo doktrina argitaratzea, Erregelamendu honetako 37. artikuluan aipatutako eran.

6. artikulua. Ohoreak eta lehentasuna izatea.

1. Kontseiluak eta haren kideek beren kategoriari dagozkion ohoreak eta lehentasunak izanen dituzte, Nafarroako Foru Komunitateko organoen artean, gai horri buruzko foru araudiak xedatzen duenarekin bat. Kontseiluaren tratamendua inpertsonala izanen da.

2. Kontseiluaren ordezkaritza kontseiluburuak izanen du, ondorio guztietarako. Kontseiluburuak Jaun edo Andre Txit Gorenaren tratamendua izanen du, eta Kontseiluko gainerako kideek, Jaun edo Andre Txit Argiarena.

3. Kontseiluko kide gisara parte hartzen duten egintza eta ekitaldi publikoetan, kide horiek Kontseiluaren toga eta domina jantzi ahalko dituzte.

4. Kontseiluaren dominak Nafarroako armarria izanen du alde batean, eta bestean, Kontseiluaren ikurra. Dominaren diseinua Nafarroako Kontseiluak onetsiko du Nota de Vigencia.

5. Kontseiluko kide guztiek izanen dute nortasun-agiri bat beren izaera erakusteko.

7. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Nafarroako Kontseiluari buruzko martxoaren 16ko 8/1999 Foru Legea eta Erregelamendu hau dira Nafarroako Kontseiluak jarraitu beharreko arauak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari aplikatzekoa den araubide juridikoari loturik egonen da Nafarroako Kontseilua, kontratazioen eta erantzukizunen arloetan, eta administrazio- edo barne-araubideko gainerako gaietan.

II. KAPITULUA. OSAERA

8. artikulua. Kideak.

1. Hona Nafarroako Kontseiluaren kideak:

a) Kontseiluburua.

b) Kontseilukide idazkaria.

c) Gainerako bost kontseilukideak.

2. Nafarroako Kontseiluaren kide izatea eskuordeezina da.

9. artikulua. Karguaz jabetzea.

1. Izendatu eta hurrengo hogeita hamar egun naturalen barruan jabetuko dira karguaz kontseilukideak. Nafarroako Araubidea beti errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin, eta beren karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituztela zin egin edo hitz emanen dute.

2. Foru Komunitateko lehendakaria bertan dela, Kontseiluak eginen duen bilkura solemne batean jabetuko da kontseiluburua karguaz. Bilkura hartan, kontseilukide idazkariak izendapenari buruzko Foru Dekretua irakurriko du, eta, ondoren, izendatuak hitz emateari edo zin egiteari ekinen dio.

10. artikulua. Osoko BilkuraNota de Vigencia.

1. Nafarroako Kontseiluak Osoko Bilkuraren bidez jardungo du. Osoko Bilkura Kontseiluko kide guztiek osatzen dute.

2. Bilkurak egin eta delibero eta erabakiak hartzearen ondorioetarako, Nafarroako Kontseiluaren osaera baliozkoa izateko, administrazio prozedurari buruzko arauetan taldeko kideentzat oro har ezarrita dagoenari segituko zaio.

11. artikulua. Kontseiluburua.

1. Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legeko 7. artikuluak ezarritako moduan hautatuko da kontseiluburua, kontseilukideen artean; eta Kontseiluaren ordezkaritza eta Kontseiluko organo kolegiatuen lehendakaritza izanen ditu.

2. Kontseiluburuak Kontseiluaren bileretarako deia egin eta gai-zerrenda zehazten du, bileretako burua da eta, aldi berean, Kontseiluaren menpeko sail guztien burua ereNota de Vigencia.

3. Bileretako buru den aldetik, eginkizun hauek ditu:

a) Bilerak hasi eta bukatzea.

b) Eztabaida zuzendu eta etetea, baita eskatzen duenari hitza ematea ere.

c) Beste gai batzuk -gai-zerrendan agertzen ez direnak- eztabaida daitezela proposatzea, eta azterketa sakonagoa behar duten gaiak uztea.

d) Adituak etortzeko baimena ematea, eztabaidatzeko baino ez diren bileretara etorri eta Kontseiluak haiek esandakoa entzun dezan.

4. Kontseiluburuari dagokio, orobat:

a) Gaiak kontseilukideen artean banatzea, ponentzia egin dezaten.

b) Irizpena egiteko behar diren aurrekari, txosten eta froga guztiak eskatzea dagokion agintariari.

c) Kontseilutik kanpoko adituak izendatu eta txostenak idazteko eskatzea horiei, baldin eta irizpena eman beharreko organoak ezinbestekotzat jotzen badu.

d) Kontseiluaren erabakiak betearaztea.

e) Kontsulta egin duten erakundeetara edo organoetara igortzeko diren idazki ofizialak baimentzea, sinatuz.

f) Kontseiluaren jardueren berri ematea ofizialki, behar denean.

g) Kontseiluaren gastu espedienteak baimentzea, Idazkaritzak tramitatu aurretikNota de Vigencia.

5. Kontseiluburu kargua bete gabe badago, edo kontseiluburua kanpoan edo eri dagoenean, haren ordez idazkariaz besteko kiderik antzinakoena arituko da, edo, bat baino gehiago badira antzinakoenak, zaharrena. Kasu horretan, halako egoeran egiten diren egintzetan, adierazi eginen da jarduneko kontseiluburua dela.

12. artikulua. Kontseilukide idazkaria.

1. Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legeko 9. artikuluko 1. idatz-zatian ezarritakoarekin bat, Kontseiluak bere kideen artean idazkari bat hautatuko du, kontseilukide idazkari deituko baitaNota de Vigencia.

2. Kontseilukide izateagatik dagozkion eginkizunez gain, hurrengoak ditu Idazkariak:

a) Kontseiluko langileen nagusia izatea.

b) Kontseiluko bilkuretarako dokumentazioa aztertu eta prestatzea.

c) Kontseiluko bilkuren akta egitea.

d) Kontseiluaren egiaztatze eta jakinarazpen organoa izatea. Halatan, akta, erabaki, irizpen eta horien kopien ziurtagiriak eginen ditu, kontseiluburuak ontzat emanik. Halaber, agertu izanaren ziurtagiriak eginen ditu, kontseilukideen dieten sortzapena frogatzeko.

e) Kontseiluaren akta-liburuak osatzea, orriei zenbakia emanda eta kontseiluburuak ikus-onetsitaNota de Vigencia.

f) Kontseiluaren jardunaren oroit-idazkiaren proiektua egitea.

3. Kontseilukide-idazkaria oporretan, kanpoan edo eri dagoenean, haren ordez kontseilukiderik gazteena arituko da, kontseiluburu alde batera utzita. Horrelako kasuetan, kontseilukide-idazkariak gisa horretan jarduten duenean, propio adierazi beharko daNota de Vigencia

13. artikulua. Bateraezintasunak eta abstenitu beharra.

1. Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legeko 14. artikuluan ezarri ziren Kontseilu Aholku-emaileko kideen bateraezintasunak; kargu hori bestelako eginkizun publiko eta pribatuekin batera daiteke.

2. Kontseiluko kideek abstenitu eta ez dute parte hartu behar, administrazio prozedurari buruz indarra duten arauei jarraikiz, zuzeneko interes subjektibo edo objektiboa duten gaietan, eta, betiere, delako auzian esku hartu bazuten lanbideagatik edo auziarekin harreman pertsonala izateagatik, salbu eta beren kargua dela-eta izan badute auziaren berri. Arau orokorren aurreproiektuei edo proiektuei buruzko irizpenetan, zuzeneko interesik ez dagoela kontsideratuko da.

3. Kontseilukideren batek abstenitu behar baldin badu, kontseiluburuari jakinaraziko dio idazki baten bidez, gaia eztabaidatu aurretik, edo bestela, ahoz, Kontseiluaren bilkuran gai horren berri ematen denean. Hori guztia aktan jasoko daNota de Vigencia.

4. Parte interesatuak Kontseiluko kideen errefusatzea bultzatu ahalko du, administrazio prozedurari buruzko legediari jarraikiz.

5. Kontseilukideren batek abstenitu behar duen ala ez, zalantzak edo desadostasunak sortzen badira, Kontseiluak erabakiko duNota de Vigencia.

III. KAPITULUA. ESKUMENAK

14. artikulua. Kontseiluaren eskumenakNota de Vigencia.

1. Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legeko 16. artikuluko 1. idatz-zatian aipatutako gaiez arduratuko da Nafarroako Kontseilua.

2. Nafarroako Kontseilua arduratuko da, orobat, Nafarroako Gobernuak edo Nafarroako Parlamentuak egiten dituen kontsultez-alegia, Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legeko 16. artikuluko 2. idatz-zatian zehaztutako kasuetan egindakoez.

3. Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legeko 18. artikuluan ezarritakoari jarraikiz Nafarroako Gobernuak edo Parlamentuak egindako kontsultetan ere emanen du irizpena.

4. Aipatutako eginkizun horiez gain, honako eskurantza hauek ditu Nafarroako Kontseiluak:

a) Nafarroako Kontseiluko burua eta idazkaria hautatzea.

b) Kontseilukidek kargua uzteari buruzko txostena igortzea Nafarroako Gobernuko lehendakariari.

c) Nafarroako Gobernuari eskatzea kontseilukideak funtziogabetu ditzala, Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legeko 12. artikuluari jarraikiz.

d) Nafarroako Gobernuari igortzea Erregelamendu hau aldatzeko proposamenak, aldaketa horiek beharrezkoak direla iritzitakoan.

e) Nafarroako Gobernuari proposatzea Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legea garatzeko arauak -egoki iruditzen zaizkionak- eman ditzala.

f) Nafarroako Kontseiluaren urteko oroit-idazkia onestea.

g) Urteko aurrekontuaren aurreproiektua onestea.

h) Plantilla organikoa onestea.

i) Erregelamentu honetan berariaz emandako gainerakoak, eta Nafarroako Kontseiluari buruzko xedapenetan agertzen direnak.

15. artikulua. Batzorde Iraunkorraren eskumenakNota de Vigencia.

1. Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legeko 17. artikuluan aipatutako aferez arduratuko da Nafarroako Kontseiluko Batzorde Iraunkorra, eta, oro har, beste zenbait gaiez, baldin eta legediak ezarri badu gai horietan nahitaezkoa dela Nafarroako Kontseiluaren irizpena, eta ez bazaio eskumena Osoko Bilkurari eman.

2. Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legeko 18. artikuluan ezarritakoari jarraikiz Nafarroako Gobernuak edo Parlamentuak egindako kontsultetan ere emanen du irizpena, baldin eta, aferaren zernolakoak direla-eta, Osoko Bilkurak haren esku utzi badu irizpena egiteko eskumena.

IV. KAPITULUA. FUNTZIONAMENDUA ETA PROZEDURA

IV. KAPITULUA

LEHEN ATALA

FUNTZIONAMENDUA

16. artikulua. Bilkurak.

1. Kontseiluburuak -bere kabuz edo kontseilukide batek eskaturik- deia egiten duenean izanen dira Kontseiluaren bilkurak. Kontseilukide batek eskatzen badu, eskaeraren ondorengo hamar egunetan eginen da deialdia, eta deialdia egin ondoko hilabetearen barruko egun bat finkatuko da bilkura egitekoNota de Vigencia.

2. Bilkurak, betiere, ikuslerik gabeak izanen dira, baina horrek ez du galaraziko eztabaidatzeko baizik ez diren bilkurak egitea, zeinetan adituek ahozko azalpenak emanen baitituzte.

17. artikulua. Bilkuretarako deia.

1. Kontseiluburuak eginen du bilkuretarako deia.

2. Deialdiari gai-zerrenda erantsiko zaio, eztabaidatu beharreko gaiak izanen baititu, eta, halaber, aurreko bilkuren aktaren edo akten zirriborroak -bilkuran onetsi beharrekoak-, eta eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko oinarri izanen diren agirien kopia.

3. Deialdia egiten denetik, gutxienez, hiru egun baliodun igaro beharko dira bilkura egin bitarte, salbu eta kontseiluburuak larrialdiko kasua dela irizten dionean, halakoetan, bilkura egin baino hogeita lau ordu lehenago egin ahalko baita deialdia. Kasu horretan, larrialdia baden ala ez den erabakitzea izanen da gai-zerrendako lehen puntua. Organo kolegiatuak larrialdirik ez dagoela erabakiz gero, bilkura bukatu eginen da, bertanNota de Vigencia.

18. artikulua. Eratzeko quorumaNota de Vigencia.

Bilkurak egin eta deliberoak eta erabakiak hartzearen ondorioetarako, Kontseiluaren eraketa baliozkoa izateko, ezinbestekoa da kontseiluburua eta kontseilukide-idazkaria, edo haien ordezkariak, bertaratzea eta, horiez gainera, kontseilukideen erdiak gutxienez.

19. artikulua. Bilkuren hasiera.

1. Behin kontseiluburuak bilkura hasita, kontseilukide idazkariak bertaratu direnen zerrenda idazteari ekinen dio, eta kontseiluburuak, berriz, organoa era egokian eratu dela deklaratuko du.

2. Larrialdi handiko arrazoiak direla medio, kontseiluburuak beste puntu bat sartu ahal izanen du bilkurako gai-zerrendan; sartu ahal izateko, organoko kide guztiek bertan egon eta aldeko botoa eman beharko dute.

3. Ondoren, kontseilukide idazkariak aurreko bilkurako akta irakurriko du, onets dadin, eta, kontseilukide batek ere oharrik egin ezean, onetsitzat joko da. Oharrak eginez gero, eztabaidatu eginen dira, baita bidezko zuzenketak egin ere. Akta bakoitzean, aurreko aktaren irakurketa eta onestea aipatzean, agertu eginen dira oharrak eta egindako zuzenketak.

20. artikulua. Bilkurak nola gauzatuko diren.

1. Gai-zerrendako ordenari jarraikiz eginen da aferen eztabaida eta bozketa, baina kontseiluburuak ordena hori aldatzen ahal du.

2. Kontseiluburuak hitza emanen die eskatu duten kontseilukideei, galdatutako ordena berean eman ere, eta beharrezkoa edo egokia dela iritzitako aldi guztietan.

3. Irizpen baten proiektua bada gaia, ponentzia egindako kontseilukidea mintzatuko da, lehen-lehenik; arrazoiak emanez azalduko du, eta, ondoren, eztabaida eginen da aurreko idatz-zatian zehaztutakoari jarraikiz.

4. Emendakinak, gehiketak, kentzeak edo Kontseiluaren irizpenen proiektuetan edo erabakietan egindako beste edozein aldaketa, haiek proposatu dituen kontseilukideak aldeztuko ditu.

5. Kontseiluburuak uste duenean gai nagusia eta emendakinak behar beste eztabaidatu direla, bozketa egiteko aginduko du, emendakinen bozketatik hasita.

6. Batzorde Iraunkorraren bilkura batean zehar, kontseiluburuak erabakitzen badu abstenitzea, abstentzioa ekarri duten aferan edo aferetan, organo horretako kide zaharrenak -kontseilukide idazkariak ez beste batek- hartuko du haren lekuaNota de Vigencia.

21. artikulua. Irizpenen proiektuak bozkatzea.

1. Irizpen baten proiektuaren behin betiko testua finkatu ondoren, hori onestearren, testu osoaren gaineko erabakia har dadila aginduko du kontseiluburuak.

2. Irizpen baten proiektua baztertu egiten bada edukia argitu gabe, afera mahai gainean geratuko da, eta ponentzia egin duenaren gain utziko da berriz idaztea, testua eztabaidan esandakoari eta erabakian ezarritakoari lotzeko. Ponentziaren egileak egiteko hori bere gain hartu nahi ez badu, kontseiluburuak beste kontseilukide bat izendatuko du, idazketa berria egin dezan.

3. Delako organoak, irizpenaren proiektua ikusirik, proiektuaren funtsezko edukiarekin bat ez datorren erabakia hartuko balu, kontseiluburuak kontseilukide baten gain utziko du idazketa, aurreko idatz-zatian ezarritakoari jarraikiz.

22. artikulua. IrizpenakNota de Vigencia.

Irizpenek goiburukoa izanen dute, non ondokoak adieraziko diren: non eta noiz eman zen irizpena; zein kontseilukidek hartu zuten parte, lehenik aipatuz nor izan ziren burua, kontseilukide idazkaria eta ponentzia egilea edo egileak; beste atal bereizi batzuetan aurrekariak adieraziko dira, berariaz azalduz zer organo edo erakunderen jardunak ekarri duen irizpena, oinarri juridikoak eta azken erabakia, seinalatuz ea gehiengoz ala aho batez onetsi den.

23. artikulua. Erabakiak hartzeaNota de Vigencia.

Agertutako kideen botoen gehiengoaz hartuko dira erabakiak, eta kideetako batek ere ezin izanen du abstenitu, Erregelamendu honetako 13. artikuluan zehaztutako kasuetan izan ezik. Berdinketa izanez gero, kontseiluburuaren kalitatezko botoak erabakiko du.

24. artikulua. Boto partikularrak.

1. Kontseiluan aztergai jartzen diren aferetan, betiere, gehiengoaren iritziarekin bat ez datozen kideek boto partikularra egin ahalko dute, idatziz eta arrazoiturik, eta boto partikular hori irizpenari erantsiko zaioNota de Vigencia.

2. Delako aferaren bozketa bukatu eta segituan adierazi beharko da boto partikularra aurkezteko asmoa, eta adierazpen hori egin eta bost eguneko epean burutu, salbu eta larrialdian -kontseiluburuak egoera hori deklaraturik-, kasu horretan epea egun bakarrekoa izanen baita.

3. Boto partikularrak kontseilukide idazkariari emanen zaizkio, eta honek irizpenari erantsiko dizkio.

4. Gehiengoaren iritziarekin bat ez datozen kontseilukideek, gainera, haietako batek idatzitako boto partikularrarekin bat egiten ahal dute, baldin eta, betiere, bozketa bukatu eta segituan adierazi bazuten boto partikularra idazteko asmoa zutela, gehiengoak hartutako erabakiaren inguruan.

25. artikulua. Irizpenak sinatzea.

1. Kontseiluaren irizpenak kontseilukide guztiek sinatuko dituzte, bilkuran izandako guztiek, nahiz eta gehiengoaren iritziarekin bat ez etorri edo boto partikularra aurkeztuNota de Vigencia.

2. Bozketa bukatu ondoren, kontseilukideetako batek ezin badu bozketa horren irizpena sinatu, kontseilukide-idazkariak inguruabar hori eta bozketaren emaitza jasoko ditu; ondorenean, kontseiluburuak sinatuko du kontseilukidearen ordez. Era berean eginen da ezindua kontseiluburua denean, kasu honetan haren ordezkari izatea dagokionak sinatuko du.

26. artikulua. Bilkuretako aktak.

1. Bilkura bakoitzaren akta idatziko da. Aktak bilera bakoitzaren data eta tokia aipatuko ditu, eta, halaber, agertutako kideak, gai-zerrenda eta eztabaidatutako aferak, eta, halakorik izanez gero, gertaturiko gorabeherak; baina eztabaiden mamiaren edukia ez da jasoko.

2. Irizpenen eta boto partikularren testu osoak agertuko dira aktan, eta bai hartutako erabakiak ere.

3. Kontseiluburuak eta kontseilukide idazkariak sinatuko dituzte aktak.

2. ATALA

PROZEDURA

27. artikulua. Irizpena eskatzea.

1. Nafarroako Gobernuko lehendakariak eta Nafarroako Parlamentuko lehendakariak eskatuko dute, zuzenean, Nafarroako Kontseiluaren irizpena, Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legean zehaztutako kasuetan eskatu ere.

2. Aurreko idatz-zatian aipatutakoa gorabehera, Nafarroako Gobernuko kontseilariek zuzenean eskatu ahalko dute Nafarroako Kontseiluaren nahitaezko txostena, euren eskumeneko aferetan, baldin eta Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legeko 17. artikuluko 1. idatz-zatiko d) letran aipatzen badira gai horiek.

3. Toki entitateek eta udalbatzek, erakunde edo entitate publikoek Nafarroako Gobernuko lehendakariaren bidez igorriko dute kontsulta.

4. Konstituziokontrakotasun errekurtsoetan eta eskumen auzi positiboetan, hurrenez hurren, errekurtsoa aurkezteko edo errekerimendua egiteko erabakiak hartu eta, aldi berean, eskatu egin ahalko da irizpena.

28. artikulua. Dokumentazioa.

1. Kontsulta igortzeko idazkia, kontsulta egiteko ebazpena edo erabakia erantsita, Nafarroako Kontseiluko buruari zuzenduko zaio. Eskabideari, gainera, honakook erantsiko zaizkio: espedientea, osorik tramitatua, eta indarra duen araudiak eskaturiko aldez aurreko txostenak, aurrekariak eta arrazoiak; eta, halaber, kontsulta egiteko arrazoia dena, hots, xedapen baten proiektua edo ebazpen proposamena.

2. Lege mailako edo erregelamendu mailako ebazpen baten aurreproiektua edo proiektua denean irizpenaren gaia, agintari kontsultaegileak, aurreko idatz-zatian zehaztutako dokumentazioaz gain, proiektuaren bi kopia baimendu igorriko ditu; bi horietako bati aurrekariak eta idazteko baliatu den bibliografia erantsiko zaizkio, eta Kontseiluaren artxiboan geratuko da.

3. Irizpena aukerakoa denean, xeheki eta garbi egin beharko da kontsulta, eta kontsultaren gaiari buruzko dokumentazioa ere igorriko da.

4. Aurkeztutako agiri guztiek zenbakiak izan beharko dituzte, eta aurretik aurkibidea ezarriko da, hobeto ordenatu eta erabiltzeko.

29. artikulua. Onargarritasuna.

1. Kontsulta egin duen agintariari edo organoari kontsulta itzuli ahalko die kontseiluburuak, baldin eta kontsulta ez bazaio Erregelamendu honetan adierazitako baldintzei lotzen; adieraziko die zer huts egin diren, eta, horregatik, egingabetzat joko da kontsulta.

2. Espedientea osatu gabe dagoela uste duenean, Nafarroako Kontsei- luak, kontseiluburuaren bidez, behar den dokumentazio osagarria aurkezteko eskatzen ahalko du. Kasu honetan, eta behin bakarrik, irizpena emateko epea eten eginen da.

Hartarako, Nafarroako Kontseiluko buruak, bere kabuz edo kontseilukide batek proposaturik, irizpena eskatu duen organoari eskatzen ahalko dio osatu gabetzat jotako espedientea zabaltzeko, horretarako epe bat ezarrita, eta ohartaraziz espedientea osatzen ez den bitartean, eten eginen dela irizpena emateko epeaNota de Vigencia.

3. Zalantzak baldin badaude bidezko ote den galdatutako irizpena onartzea ala ez, kontseiluburuak Konseilua deituko du, sortutako auzia ebatz dezan. Ez onartzeko ebazpena emanez gero, arrazoitu eginen da. Erabaki hori irizpen gisa eman ahalko da, eta organo kontsultaegileari igorriko zaio instanteanNota de Vigencia.

30. artikulua. Kontsultak tramitatzea eta ponentziak banatzea.

1. Irizpen eskaera jaso eta kontseilukide idazkariak erregistratu eginen du, segituan kontseiluburuari igorri eta hartu izana adieraziko da.

2. Irizpen eskaera bakoitzeko, espediente bat hasiko da, eta eskaerari buruzko agiri guztiak sartuko dira hartan.

3. Kontsulta-espedientea ireki ondoren, kontseiluburuak kontseilukide baten edo gehiagoren esku utziko du ponentzia, espendientea emanik hark edo haiek aztertzeko.

31. artikulua. EpeaNota de Vigencia.

1. Nafarroako Kontseiluak irizpenak emateko epe arrunta berrogeita bost egun baliodunekoa da.

2. Organo kontsultaegileak espedientea presakoa dela frogatzen badu, epea hamabost egun baliodun arte laburtzeko erabakia hartzen ahalko du Nafarroako Kontseiluak.

3. Ohiz kanpoko kasuetan, Nafarroako Kontseiluak epea luzatzen ahalko du, gehienez ere beste hogeita hamar egun baliodun gehiago. Kasu horretan, ebazpen arrazoitua beharko da eta txostena eskatu duenari igorriko zaio.

4. Nafarroako Kontseiluak ez badu adierazitako epean irizpena ematen, kontsideratuko da tramitea bete dela eta ez dagoela gai horretan inolako eragozpenik.

5. Epeak eten eginen dira, baldin eta Kontseiluak dokumentazioa osa dadila eskatzen badu, entzunaldia egitea erabakitzen badu edo adituei laguntza eskatzen badie; eskatutakoa betetakoan, entzunaldia egindakoan edo txostena emandakoan eginen du aurrera epeak, Kontseiluko erregistro orokorrean sartu zenetik aurrera.

32. artikulua. Adituen laguntza.

Kontseiluburuak -kontseilukide batek eskaturik edo bere kabuz- ahozko txostena edo txosten idatzia galdatu ahalko die erakunde, entitate edo pertsonei, baldin eta hauek gaitasun tekniko nabarmena badute, kontsultako gaien inguruan sortutako auzietan. Betiere, azken irizpenean, Kontseiluak aipatu eginen du txostena eskuratzeko zernolako eskaera zehatza egin zuen, eta, behar izanez gero, jasotako txostena gehituko du.

33. artikulua. Interesatuen entzunaldia.

1. Kontsultako espedienteetan interesa duten parteek entzunaldia izan ahalko dute Kontseiluan. Kontseiluak aukera hori emateko, betiere, Administrazio publikoak zuzeneko interesa izan beharko du kontsulta horretan, eta, gainera, adierazi egin beharko du baduela.

2. Kontseiluburuak entzunaldirako epe bat ezarriko du -epea ez da izanen, ez hamar egun baliodun baino laburragoa, ez hamabost baino luzeagoa-, eta tarte horretan espedientea ikusi ahalko da, Kontseiluaren egoitzan. Entzunaldirako epeak iraun bitartean eten eginen da irizpena emateko epea.

34. artikulua. Irizpenak igortzea.

Irizpena -kontseiluburuak eta kontseilukide idazkariak sinatuta, eta boto partikularrak erantsita, halakorik egonez gero- agintari kontsultaegileari igorriko zaio.

35. artikulua. Artxiboa.

1. Irizpena onetsi zeneko bilkuraren aktari irizpena erantsiko zaio, boto partikularrarekin edo partikularrekin batera -halakorik egonez gero-, Nafarroako Kontseiluaren artxiboan sartzeko.

2. Irizpenaren jatorrizko idazkia irizpenen liburuan sartuko da.

36. artikulua. Egintza edo xedapena jakinaraztea.

1. Kontsultaturiko ebazpena edo xedapen orokorra onartu edo argitaratzen denetik aitzina, hogeita hamar eguneko epean, erabakia hartu duen organoak horren berri jakinaraziko dio Nafarroako Kontseiluari.

3. ATALA

BESTE EGINKIZUN ETA JARDUKETA BATZUK

37. artikulua. Argitaratzea.

Kontseiluak irizpenak edo horien zatiak argitara ditzake, baita boto partikularrak ere -halakorik egonez gero-, organo kontsultaegileari jakinarazpena egin ondoren. Irizpenen argitalpenean ponentzia egilea edo egileak aipatuko dira, eta ez da agertuko inolako aipamen pertsonalik.

38. artikulua. Oroitidazkia.

1. Nafarroako Parlamentuari eta Nafarroako Gobernuari, urtero, oroit-idazkia igorriko die Kontseiluak, eta han azalduko ditu, bai aurreko aldian egindakoak, bai bere jardun juridiko-administratiboa hobetzeko bidezko juzkatzen dituen iradokizunak.

2. Kontseiluburuak urteko oroit-idazkia prestatuta, Kontseilura igorriko du, onets dadinNota de Vigencia.

V. KAPITULUA. NAFARROAKO KONTSEILUKO LANGILEAK

V. KAPITULUA

1. ATALA

ARAU OROKORRAK

39. artikulua. Langileak.

Nafarroako Kontseiluaren zerbitzuko langileak merezimendu eta gaitasunaren printzipioen arabera hautatuko dira. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei ezar dakiekeen legedia bera ezarriko zaie.

40. artikulua. Plantilla organikoa.

1. Era egokian funtzionatu ahal izateko beharrezko iruditzen zaizkion legelariak eta langileak izanen ditu Nafarroako Kontseiluak. Bere plantilla organikoan zehaztuko da hori.

2. Kontseiluak bere plantilla organikoa onetsiko du, eta bertan agertuko dira, behar bezala sailkaturik, lanpostu guztiak. Lanpostuak behin behinekoak diren ala funtzionario lanpostuak diren zehaztuko da, eta, halaber, funtzionarioak zein mailatakoak diren eta -halakorik izanez gero- lanpostuetan sartzeko frogatu beharko diren eskakizun bereziak, libreki izendatuz beteko diren lanpostuak eta lansari osagarriak atxikirik dituztenak.

3. Konseiluari dagokio bere plantilla organikoa onestea, bai eta hartan egiten diren aldaketa guztiak ereNota de Vigencia.

41. artikulua. Langileen arloko eskurantzak.

1. Nafarroako Kontseiluko buruari dagokio bertako langileen goi-zuzendari izatea eta haien inguruko ebazpenak ematea, salbu eta Erregelamendu honetan Kontseiluaren esku utzitako alderdietanNota de Vigencia.

2. Kontseilukide idazkaria izanen da Kontseiluko langileen burua, eta bere esku izanen dira eginkizun hauek: zuzendaritza arrunta, eta langileen lanak kontrolatu eta antolatzea.

2. ATALA

NAFARROAKO KONTSEILUKO LEGELARIAK

42. artikulua. Legelariak eta haien eginkizunak.

1. Kontseiluburuak izendatuko ditu legelariak. Haien eginkizunak izanen dira aztertzea, laguntza teknikoa ematea, irizpenak prestatzea eta, Kontseiluaren antolaketa orokorraren eta funtzioen esparruan, laguntza tekniko-juridikoa eskatzen duten jarduerak burutzea.

2. Plantilla organikoan, legelari nagusiaren lanpostua sortzen ahalko da. Zuzendaritzako lanpostua izanen da, funtzionarioen artean libreki izendatuz betetzekoa. Legelariak berez dituen egitekoez landara, legelari nagusia langileen burua izanen da, eta antolaketa eginkizunak ere izanen ditu -berez kontseilukide-idazkariari dagozkionetatik halako batzuk eskuordetuz gero-. Kontseiluari dagokio Kontseiluko legelarien artean hura aukeratzeaNota de Vigencia.

43. artikulua. Legelari lanpostuak betetzeko eraNota de Vigencia.

1. Nafarroako Kontseiluko legelari lanpostuetarako hautapena deialdi publikoaren bidez egingo da eta hautapen probetan zuzenbidean lizentziatuen arteko oposizioaren edo oposizio-lehiaketaren sistema erabiliko dira.

2. Presidenteari dagokio Kontseiluko legelari lanpostuen hautapen prozedurei buruzko ebazpena ematea.

3. ATALA

BESTE LANGILE BATZUK

44. artikulua. Lanpostuak betetzea.

1. Administrazio eta zerbitzu arloetako lanpostuak lehiaketa bidez beteko dira; proba batzuk ere egin ahalko dira, eta Nafarroako Administrazio Publikoetako, Nafarroako Parlamentuko eta Kontuen Ganbarako langileek esku hartu ahalko dute, baldin eta Nafarroako Kontseiluaren plantillan ezarritako berariazko baldintzak betetzen badituzte.

2. Aurreko idatz-zatian aipatutako lehiaketa egin eta lanpostu hutsik geratzen bada, horretan sartzeko hautapena oposizio edo oposizio-lehiaketa libreen bidez eginen da.

3. Kontseiluburuaren esku dago Kontseiluko legelarien lanpostuak betetzeko deialdia egitea eta ebazpenak ematea.

VI. KAPITULUA. EKONOMIA- ETA FINANTZA-ARAUBIDEA

45. artikulua. Baliabide ekonomikoak eta funtzionamendu printzipioakNota de Vigencia.

1. Dagokion askatasun organiko eta funtzionala galarazi gabe, Nafarroako Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa ekonomikoa eta aurrekontuena arautzen duten arau orokorren menpe egonen da.

2. Nafarroako Kontseiluak bere aurrekontuan ezartzen diren kredituak edo dotazio ekonomikoak izanen ditu.

3. Nafarroako Kontseiluak autonomia du bere aurrekontuko gastuen egoera egiteko eta betetzeko, legeek eta Erregelamendu honek ezarritakoari jarraikiz.

46. artikulua. Nafarroako Kontseiluaren aurrekontua.

1. Nafarroako Kontseiluaren aurrekontua urtero eginen da, eta Nafarroako Aurrekontu Orokorretan sartuko, programa independente gisa. Sailkapen organikoan organo independente gisa agertuko da.

2. Nafarroako Kontseiluaren aurrekontuak gastuen egoera izanen du, eta bertan sartuko dira, behar bezala bereiziz, bere eginkizunak betetzeko behar dituen kredituak.

3. Nafarroako Kontseiluaren aurrekontuan, gastuen egoerako kredituak sailkatzean, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak zehaztutako irizpideei eta egiturari jarraikiko zaie, aintzat harturik haien izaera ekonomikoa, xedea eta helburuak.

47. artikulua. Aurrekontua egiteaNota de Vigencia.

1. Nafarroako Kontseiluko buruak aurrekontuaren aurreproiektua eginen du, eta Kontseilura eramanen, eztabaidatu eta onesteko edo zuzenketak egiteko. Aurreproiektuak errespetatu egin beharko ditu Nafarroako Gobernuak -Ekonomi eta Ogasun Departamentuak proposaturik- onetsitako jarraipide ekonomiko eta teknikoak.

2. Kontseiluak onetsi ondoren, aurreproiektua Ekonomi eta Ogasun Departamentuari igorriko zaio, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan sar dezan, aurreproiektua egin eta onestea arautzen duen araudiari jarraikiz.

48. artikulua. Aurrekontuaren betetzea.

1. Kontseiluko buruari dagokio, aurrekontuaren kredituek ezarritako mugak kontuan hartuta, gastuak baimentzea eta horietaz baliatzea, eta eginbeharrak aitortzea.

2. Aitortutako eginbeharrak lehenbailehen jakinaraziko zaizkio Ekonomi eta Ogasun Departamentuari ordainketa agindu eta egin dezan.

3. Nafarroako Kontseiluko buruak ordainketa-aginduak egiteko eska diezaioke Ekonomi eta Ogasun Departamentuari, eta eskaera horiek justifikatu egin beharko ditu legeak hala ezarriz gero; orobat, eginbeharraren izaera kontuan hartuta, diruzaintza- aurrerakinak ere eska ditzake.

Finantza-entitateetako kontu korronteetan sartuko dira justifikatu beharreko aurrerakinak, Nafarroako Kontseiluaren izenean, eta Ekonomi eta Ogasun Departamentuak banan-banan baimendu beharko ditu.

49. artikulua. Kontuhartzea eta kontabilitatea.

1. Eskubide eta eginbehar ekonomikoak sorraraz ditzaketen egintza, agiri eta espediente guztien kontu-hartzea eginen da; halaber, fondo edo baloreen mugimenduen kontu-hartzea ere eginen da. Hori Nafarroako Ogasunari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz eginen da, edo lege hori aldatu edo ordezten duten arauei jarraikiz.

2. Nafarroako Kontseiluari kontabilitate publikoaren araubidea ezarriko zaio, eta, beraz, horri buruz indarrean dagoen legediari jarraitu beharko dio.

50. artikulua. Nafarroako Kontseiluko kideen eskubide ekonomikoak.

1. Nafarroako Kontseiluko kide guztiek jasoko dituzte dietak eta ordainak Kontseiluko bilkuretara joateagatik; Nafarroako Gobernuak ezarriko ditu horien zenbatekoak. Halaber, txosten eta irizpenetan ponentzia egile izateagatik ere ordainak jasoko dituzte; ordain horiek Nafarroako Gobernuak onetsitako irizpideen araberakoak izanen dira.

2. Zerbitzua edo bidaiak direla-eta gastuak sortuz gero, Nafarroako Kontseiluko kide guztiek izanen dute eskubidea kalte-ordainak jasotzeko, foru arauetan ezarritakoari jarraituz betiere.

3. Lanetan parte hartzen duten adituei ere, aurreko bi zenbakietan ezarritako ordainak ezarriko zaizkie.

Xedapen Gehigarria Bakarra. Errekurtsoak.

Nafarroako Kontseiluko organoen ebazpenek administrazio-bidea amaitzen dute.

Xedapen Iragankorrak Lehena. Nafarroako Kontseilua abiarazteko neurriak.

1. Nafarroako Kontseiluak langileak eta baliabide materialak izan arte, Nafarroako Gobernuak behar diren baliabideak jarriko ditu Nafarroako Kontseiluak ongi funtziona dezan.

2. Nafarroako Gobernuak beharrezko diren kredituak sortuko ditu Nafarroako Kontseiluak funtziona dezan; hori horrela izanen da Nafarroako Kontseiluak programa propioa izan arte Nafarroako Aurrekontu Orokorretako gastuetan.

Xedapen Iragankorrak Bigarrena. Nafarroako Prozeduren araubide iragankorra.

1. Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legeak indarra hartu aurretik Estatuko Kontseilura nahitaezko irizpena jasotzeko igorritako espedienteek, betiere, hasitako tramitazioari jarraituko diote.

2. Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Legea indarra hartu aurretik hasitako espedienteren batek Estatuko Kontseiluaren nahitaezko irizpena jaso behar izanez gero, Nafarroako Kontseiluari igorriko zaio espediente hori, Nafarrokoa Kontseiluak eman dezan irizpena.

3. Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ari den administrazioaren funtzionamenduari buruzko legeren batek Estatuko Kontseiluaren irizpena nahitaezkoa dela ezartzen duenetan, Nafarroako Kontseiluaren irizpena dela nahitaezkoa ulertuko da. -- -- A0001962 --

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web