(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

50/2006 FORU DEKRETUA, UZTAILAREN 17KOA, NAFARROAKO ZERGA OGASUNAREN ESPARRUAN BALIABIDE ELEKTRONIKO, INFORMATIKO ETA TELEMATIKOEN (EIT) ERABILERA ARAUTZEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 93 - 04/08/2006



  I. KAPITULUA. BALIABIDE ELEKTRONIKO, INFORMATIKO ETA TELEMATIKOEN ERABILERA NAFARROAKO ZERGA OGASUNAREN ESPARRUAN


  II. KAPITULUA. IDENTIFIKAZIO ETA SINADURA ELEKTRONIKOAK NAFARROAKO ZERGA OGASUNAREN ESPARRUAN Nota de Vigencia


  III. KAPITULUA. AITORPENEN AURKEZPENA ETA ERREGISTRO TELEMATIKOA

  IV. KAPITULUA. NAFARROAKO ZERGA OGASUNAREN JAKINARAZPEN ELEKTRONIKOAK Nota de Vigencia

  V. KAPITULUA. ORDEZKARITZA


  ERANSKINA. FORU DEKRETU HONEN ESPARRUKO IZAPIDE ETA PROZEDURAK Nota de Vigencia


Atariko

Administrazio prozedura dela eta, Konstituzioaren 105.c) artikuluak dio legez arautu behar dela administrazio egintzak gauzatzeko prozedura, eta bermatu egin behar dela interesatuei entzutea, bidezkoa izanez gero.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen bidez bete da agindu hori. Foru lege horren zioen azalpenean eta 45. artikuluan herritarraren eta Administrazioaren arteko harremanetan teknika informatikoak eta telematikoak sartzea aurreikusten dute.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1.c) artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari eskumen esklusiboa ematen zaio administrazio prozedurari eta, hala behar denean, prozedura ekonomiko eta administratiboari buruzko arauak egiteko, Nafarroak berezko dituen Zuzenbide Substantiboaren espezialitateen edo Nafarroaren antolamendu berekiaren ondoriozkoak badira. Bestalde, lege testu horren 45.3 artikuluak xedatzen du Nafarroak bere zerga araubidea arautu, ezarri eta hari eusteko ahalmena duela, hitzarmen ekonomikoan ezartzen dena deusetan galarazi gabe.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eskumen esklusibo horren legegintzako garapena egiten du, eta, hizpide dugun gaiari dagokionez, azpimarratu beharrekoa da baliabide informatikoen erabileraren alde egiten duen apustu sendo eta ausarta. Hona zer dioen, arrazoien azalpenean: "Foru legeak prozeduren sinplifikazioaren eta arrazionalizazioaren alde jotzen du nabarmen. Hori lortzeko, baliabide informatikoak egoki erabili behar dira. Hortaz, helburua da administrazioak herritarrari zerbitzu arina eman ahal izatea, baina antolamendu juridikoan ezarritako bermeak gutxitu gabe".

Lege arau horren 44.1 artikuluak dio administrazio espedienteak tramitatzean baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabili behar direla lagungarri gisa, betiere bermeak errespetatuz eta antolamendu juridikoak kasu bakoitzerako aurreikusten dituen baldintzak betez.

Beste alde batetik, zergen arloko prozedura-espezialitateei dagokienez, lege testu beraren bigarren xedapen gehigarriak ondokoa ezartzen du: "Zergen arloko prozedurak, zergen aplikazioa, zehapen ahalmena, arlo horretako prozedura eta zergei buruzko egintzen administrazio-bideko berrikuspena Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrari jarraikiz arautuko dira, bertan ezarritako iturri-sistemarekin bat."

Arau hori Nafarroan zergen aplikazioaren ardatza da. Urrats garrantzitsua da administrazio eta zerga arloko makineria modernizatzeko, teknologia berrietara egokitu behar baita. Teknologia horiek nola erabili arautzen du hainbat alorretan (jakinarazpenak, ordezkaritza, agirien azterketa, aitorpen edo autolikidazioen aurkezpena).

Eskumenen ikuspuntutik, komeni da gogora ekartzea hizpide dugun arloaren gaineko eskumenak organo batek baino gehiagok dituela, izan ere, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari modernizazio eta sinplifikazio administratiboa dagokio eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen modernizazio administratiboa, berriz, Informazioaren Gizarterako Zuzendaritza Nagusiaren esku dago.

Aurrean azaldutakoarekin bat, eta halaber 30/1992 Legean xedatutakoa garatuz, foru dekretu honek Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan zergen aplikaziorako teknika elektroniko, informatiko eta telematikoak ugaritu eta hobetzea du helburu. Horrela, alde batetik, zergapekoek errazago bete ahal izanen dituzte zerga betebeharrak (bai materialak bai formalak), eta bestetik errespetatu eginen dira haien eskubide eta bermeak; azkenik, zergen aplikazioan Administrazioaren eraginkortasuna areagotu eginen da.

Foru dekretuak bost kapitulu, xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat eta azken hiru xedapen ditu.

I. kapituluan zehatz azaltzen dira baliabide elektronikoak erabiltzeko baldintzak, bai eta zergapekoek halako baliabideak erabiltzen dituztenean Zerga Ogasunaren aurrean izanen dituzten eskubide eta bermeak ere. Ildo horretan, ezarrita dago erabat errespetatuko direla herritarrek onartuak dituzten eskubideak, eta baliabide telematikoak erabiltzen dituztenek ez dutela inolako murrizketarik ez bereizketarik jasan beharko zerbitzu publikoetan edo zerga arloko prozedurak tramitatzeko orduan.

Horren guztiaren bidez neutraltasun edo inpartzialtasun printzipioari eutsi nahi zaio baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabileran. Hau da, Zerga Administrazioarekiko harremanetarako aukeratzen den bidea aukeratuta ere, Zerga Administrazioak beti errespetatu beharko du zerga prozedura bakoitzerako ezarritako arauak, bai eta herritarren eskubide eta bermeak ere. Beraz, Nafarroako Zerga Ogasunak errespetatu egin behar ditu zerga prozeduretako bermeak, zein komunikazio bide erabiltzen den kontuan hartu gabe, eta bide elektronikoa erabiltzeak ez die administratuei eskubide galerarik ekarri behar.

Halaber, administratuen segurtasun juridikoari begira, eta 30/1992 Legearen 45.3 artikuluan ezarritakoari jarraituz, kasuan kasuko administrazio organoa zein den eta zein eskumen erabiltzen ari den zehaztu beharra ezartzen da. Hartara, organoko titularrak eskuz egindako sinaduraren ordez, organo horren egiazkotasuna bermatzen duten ikur edo kode elektronikoak ezartzen dira. Gainera, baliabide informatiko eta telematikoak erabiltzen direnean, informazio eta agiri elektronikoen egiazkotasuna, konfidentzialtasuna, osotasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa bermatzeko behar diren neurri tekniko eta antolaketakoak hartu beharra ezartzen da. Azkenik, zergen ordainketarako ere baliabide hauek erabiltzeko bidea aurreikusten da.

II. kapituluan sinadura elektronikoaren erabilera arautzen da Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan.

Foru dekretuak sinadura elektronikoaren erabilera onartzen du baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bidez trukaturiko agirien egiazkotasuna eta osotasuna bermatzeko, batez ere, sinadura elektroniko onartua deiturikoa, sinadura elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 58/2003 Legeak ezarri bezala.

Agiri elektroniko onartuen erabilera arautzen da orobat, sinadura elektronikoari buruzko legedian ezarritakoari jarraikiz. Horren ondorioz, ziurtatze-zerbitzuen emaile baten sinadura elektronikoa duen agiri batek sinadura sinatzaile jakin batena dela egiaztatzeko datu batzuk lotuko ditu eta sinatzailearen nortasuna konfirmatuko.

III. kapituluan arauak ematen dira zergen aitorpen edo likidazioak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bidez aurkezteko eta eskabide, idazki eta berriemateak baliabide berberen bidez aurkezteko, eta Nafarroako Zerga Ogasuneko erregistro telematikoa sortzen da. Eregistro hori foru dekretu honen xede diren zerga arloko tramite eta prozedura guztiei buruzko agiri elektroniko guztiak aurkezteko erabiltzen ahalko da.

Erregistro honen eginkizunak hauek dira: prozedurei buruzko agiri elektronikoak jasotzea, sartu izanaren idazpen elektronikoa egitea eta hartu izanaren agiria egitea.

Erregistro telematikoaren euskarri den sistema informatikoak bermatu egin behar du erregistroan sartzen diren agiri elektronikoen eta informazioaren egiazkotasuna, konfidentzialtasuna, osotasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa.

Erregistro telematikoak ez du edozein aitorpen edo idazki onartuko, baizik eta erregistro telematikoko zuzendaritzaren bitartez une bakoitzean argitaratzen diren izapide eta prozeduretakoak bakarrik.

IV. kapituluan jakinarazpen telematikoak arautzen dira. Administrazio egintzek berehala sortzen dituzte ondorioak, baina, arau orokor gisa, jakinarazi arte ez dute eraginik izaten. Bai administrazio prozedura erkidean bai zerga prozeduran modu asko daude administrazio egintzak jakinarazteko. Denek baldintza hau bete behar dute ordea: jasorik utzi behar da jakinarazpena hartu dela ("jakinarazpenaren egiaztagiria espedientean sartuko da", dio Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 99.1 artikuluak, eta antzeko zerbait dio 30/1992 Legearen 59.1 artikuluak ere).

Jakinarazpen telematikoari buruzko arau nagusiak ondokoak dira:

a) Jakinarazpen modu hori erabili ahal izanen da zergapekoak aurretik onartzen badu, bide telematikoa nahiago duela adieraziz edo Nafarroako Zerga Ogasuneko organoaren proposamenari baiezkoa emanez.

b) Jakinarazpen telematikoen sisteman jasorik geratu behar da zein egunetan eta ordutan sartu den jakinarazpena zergapekoaren helbide elektronikoan. Gainera, interesatuak jakinarazpenaren edukia eskuratu duela egiaztatu behar da.

c) Zergapekoak helbide elektroniko bakarra eduki behar du, Nafarroako Zerga Ogasunak emana. Helbide horrek zenbait baldintza bete behar ditu.

d) Helbide elektronikoan jakinarazpenaren edukia atzitzen den momentutik jakinarazpena burututzat hartuko da, ondorio guztietarako. Jakinarazpena helbide elektronikoan sartu dela egiaztatuz gero, baina hamar egun naturaleko epean irekitzen ez bada, jakinarazpena hartzeari uko egin zaiola ulertuko da. Epeak eta epemugak zehazteko orduan aintzat hartuko den eguna jakinarazpena hartu izanaren agirian agertzen dena izanen da, ondorio guztietarako.

V. kapituluan zergen arloko prozedurak tramitatzeko ordezkaritza telematikoaren ildo nagusiak arautzen dira, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 36. artikulua garatuz. Artikulu horren arabera, jarduteko gaitasuna duten zergapekoek ordezkariaren bidez jarduten ahal dute. Artikulu horretako 6. idatz-zatian hauxe ezartzen da: Zerga Administrazioari edozein agiri baliabide telematikoak erabiliz aurkezten zaionean, aurkezleak kasu bakoitzean behar den ordezkaritza eduki beharko du.

Nafarroako Zerga Ogasunak, herritarrei zerga betebeharrak beren borondatez betetzea errazte aldera, gero eta zerbitzu gehiago eskaintzen dizkie izapide eta jarduketak Internet bidez egiteko. Aitorpen eta idazkien aurkezpen telematikoa hedatzeko bideetako bat ordezkaritza telematikoa sustatzea da. Ordezkaritza telematikoari esker, teknologia berriak eskura ez dituzten edo erabiltzeko ohiturarik ez duten herritarrak ere haietaz baliatzen ahal dira.

Hori dela eta, ahalordeen erregistro telematikoa sortzeko behar diren xedapenak onesteko ahalmena ematen da. Erregistro horretan inskribatu eta kudeatuko dira zergapekoak ematen dituen ahalordeak, izapide eta jarduketak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz egiteko ahalordeak hain zuzen.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin ados, eta Nafarroako Gobernuak 2006ko uztailaren 17ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. BALIABIDE ELEKTRONIKO, INFORMATIKO ETA TELEMATIKOEN ERABILERA NAFARROAKO ZERGA OGASUNAREN ESPARRUAN

I. KAPITULUA

1. ATALA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Helburua, aplikazio eremua eta aplikagarri diren arauak.

1. Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Zerga Ogasunaren eskumeneko esparruan arauak ematea baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeko Nafarroako Zerga Ogasunaren eta pertsona fisiko zein juridikoen artean, bai eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren zergapekoekin ere, zergen arlokoak diren edo zergetan eragina duten harremanetan, eta bereziki, zerga prozeduren hasieran, izapideetan eta bukaeran.

2. Foru dekretu honen xede izanen dira bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzearen ondorioetarako une bakoitzean benetan operatibo dauden tramite eta prozedurak. Pertsona eta entitate interesdunek Interneteko helbide honetan izanen dute eskura zerrenda hori: https://hacienda.navarra.es. Hala ere, tributu arloan eskumena duen departamentuko titularrak emandako foru aginduaren bidez, zeina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko baita, aukera izanen da zabaltzeko edo mugatzeko bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera beste tramite eta prozedura batzuetara, foru dekretu honetan ezarritako bermeekin bat Nota de Vigencia.

3. Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzen direnean, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 44.1 artikuluan xedatutakoa beteko da, bai eta honako foru dekretu honetan, hura garatzeko arauetan eta zergen arloko izapide edo prozedura bakoitzari buruzko arauetan ezarritakoa ere.

2. artikulua. Tributudunen eskubideak.

1. Foru dekretu honekin bat eta hau garatzeko ematen diren arauei jarraikiz arautzen diren bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoek muga izanen dituzte Konstituzioan eta gainerako ordenamendu juridikoan ezarritakoak, eta herritarrek aitorturik dituzten eskubideak osoki erabiltzea errespetatuko dute. Bereziki, bermatuko da pertsona fisikoek beren datu pertsonalak babesteko funtsezko eskubidea, jaso baita abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, zeinak jorratzen baitu Datu Pertsonalen Babesa eta Eskubide Digitalen Bermea, bai eta hura garatzeko arauetan ere Nota de Vigencia.

2. Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeagatik zergapekoek ez dute inolako murrizketa edo bereizketarik jasanen zerbitzu publikoak jasotzeko edo zergen arloko prozedurak izapidatzeko orduan.

3. Betiere, Nafarroako Zerga Ogasunak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabili eta horiek zuzenean nahiz zeharka herritarren eskubide edo interesak ukitzen badituzte, bermatu eginen dira kasuan kasuko organoaren identifikazioa eta eskumena. Halakoetan zergapekoek eskubidea izanen dute erabilitako baliabide eta aplikazioak eta eskumena baliatzen duen organoa zeintzuk diren jakiteko.

3. artikulua. Baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen publizitatea.

Nafarroako Zerga Ogasunak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen zerrenda argitaratuko du, haien bidez egin ahal izateko Nafarroako Zerga Ogasuneko organoen eta pertsona fisiko eta juridikoen arteko berriemate eta jakinarazpenak, bai eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren zergapekoen artekoak ere. Baliabide horiek erabiltzeko formatu eta kode normalizatuak zehaztuko ditu, hala behar denean. Zerrenda hori interesatuen eskura egonen da http://www.navarra.es helbidean.

Nafarroako Zerga Ogasunak beti eguneraturik eta herritarren eskura edukiko du aurreko paragrafoan aipatutako aplikazio, baliabide eta euskarrien zerrenda.

4. artikulua. Baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabileraren inguruko berme orokorrak.

1. Baliabide elektroniko, informatiko edo telematikoak erabiltzen direnean, behar diren neurri teknikoak eta antolaketakoak hartuko dira, informazioaren eta agiri elektronikoen egiazkotasuna, isilpekotasuna, osotasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa ziurtatzeko.

2. Goiko 1. idatz-zatian ezarritako neurriak hartzeko, kontuan hartu beharko da teknikaren egoera, bai eta proportzionaltasun irizpidea ere, datuen, tratamenduen eta arriskuen izaerari dagokionez.

3. Nafarroako Zerga Ogasuneko organoek erabiltzen dituzten euskarri, bitarteko eta aplikazioetarako segurtasun neurriek ondokoa bermatu beharko dute:

a) Baimena duten pertsonek baino ezin izanen dituztela atzitu eta erabili haietan dauden datu eta informazioak.

b) Datu eta informazioak ez direla ez aldatuko ez galduko.

c) Prozesu informatikoak baimenik gabeko manipulazioetatik babestuta egonen direla.

5. artikulua. Zergapekoen identifikazioa eta egiaztapena.

Zergapekoek datuak eta informazioa atzitu ahal ditzaten, aurretiaz haien identifikazioa eta egiaztapena eskatuko zaie. Hori egiteko prozedurak une bakoitzean zehaztuko dira, eskuratu nahi den informazioaren segurtasun maila eta isilpekotasuna kontuan izanik.

2. ATALA

APLIKAZIO ETA PROGRAMA INFORMATIKOAK

6. artikulua. Aplikazio eta programa informatikoen erabilera.

1. Informazioa tratatu, igorri edo gordetzeko erabiltzen diren programa eta aplikazioen emaitzak administrazio ahalmenak gauzatzeko erabiltzen badira eta zuzenean zehazten badute Nafarroako Zerga Ogasunaren menpeko organoek esleiturik dituzten administrazio jarduketen edukia, programa eta aplikazio horiek Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez onetsi beharko dira, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuz jendaurrean jarri.

2. Tresna huts gisa erabiltzen diren programa eta aplikazioek ez dute aurreko 1. idatz-zatian aurreikusitako onespen eta zabalkundearen beharrik izanen. Halakotzat joko dira informazio-tratamendu osagarriak edo prestakizunak egiteko erabiltzen diren programa eta aplikazioak, Administrazioaren erabakien edukian zuzeneko eraginik ez dutenak.

3. Aplikazio eta programen ezaugarrien berri zabaltzen denean, jabetza intelektual eta industrialerako eskubideak babestuko dira.

4. Jada onetsita dauden programa eta aplikazioen bertsio berriak edo aldatuak ez dira onetsi eta argitaratu beharko, egiten zaizkien aldaketek ez baldin badute funtsezko eraginik informazioaren tratamenduen emaitzetan edo haien funtzionalitateetan.

3. ATALA

KOMUNIKABIDE TELEMATIKOAK

7. artikulua. Baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bidezko berriemateak.

1. Nafarroako Zerga Ogasuneko organoen artean, edo horien eta pertsona fisiko eta juridikoen artean eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatutako zergapekoen artean, berriemateak baliabide informatiko, elektroniko eta telematikoen bidez igorri eta hartu ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Haien eskuragarritasuna eta kasu bakoitzean ezartzen diren baldintzetan atzitu ahal izatea bermatuta egotea.

b) Igorleak erabiltzen dituen baliabideak eta hartzaileak erabiltzen dituenak bateragarriak izatea, elkarrekiko komunikazioak teknikoki ahalbidetzeko, Nafarroako Zerga Ogasunak ezarritako kodeen eta formatu edo erregistro-diseinuen bateragarritasuna ere barne dela.

c) Komunikazioetan esku hartzea eta haiek aldatzea edo baimenik gabeko atzipenak egitea eragozteko segurtasun neurriak izatea.

2. Aurreko idatz-zatian aipatutako baliabideen bitartez egiten diren berriemate eta jakinarazpenak baliozkoak izanen dira honako baldintzak betez gero:

a) Igorpena eta harrera, eguna eta ordua eta edukiaren osotasuna jasota geratzea.

b) Igorlea eta hartzailea modu fidagarrian identifikatzea.

c) Jakinarazpena partikularrei egiten zaienean, baldin horiek eskatu edo berariaz onartu badute, edo, 30. eta 31. artikuluetan xedatutakoarekin bat, jakinarazpen elektronikoa derrigorrezkoa denean Nota de Vigencia.

4. ATALA

AGIRI ELEKTRONIKOAK EMAN ETA ZAINTZEA

8. artikulua. Nafarroako Zerga Ogasunak agiriak ematea.

1. Nafarroako Zerga Ogasunak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bidez sortuak diren agiri elektronikoak edo horien kopiak ematen dituenean, agiriok baliozkoak izanen dira baldin eta haien egiazkotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatzen badira.

2. Nafarroako Zerga Ogasunak jatorrizko agirien kopiak egiten dituenean haiek gordetzeko nahiz formatu elektronikoan lantzeko, kopiek jatorrizko agirien balio eta eraginkortasun berbera izanen dute baldin eta haien egiazkotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatzen badira.

9. artikulua. Agirien kontserbazioa.

1. Nafarroako Zerga Ogasunaren administrazio jarduketetan erabiltzen diren agiri guztiak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez gorde ahal izanen dira.

2. Partikularren eskubide edo interesak ukitzen dituzten agiri elektronikoak, baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez sortuak badira, gorde ere horrelako baliabideen bitartez gorde ahal izanen dira, haien jatorrizko formatua aldatzen ez bada.

3. Dokumentu elektronikoen kontserbazioak behar bezalako segurtasun neurriak izanen ditu, bermatuko dituztenak biltegiratutako agirien osotasuna, benetakotasuna, konfidentzialtasuna eta kontserbazioa. Bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen bidez biltegiratutako agirietarako sarbideak jarraituko die Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari eta hura garatzeko arauei Nota de Vigencia.

5. ATALA

NAFARROAKO ZERGA OGASUNEAN IZAPIDEAK EGITEA

10. artikulua. Aitorpenak, aitorpenlikidazioak eta autolikidazioak aurkeztea.

1. Aitorpenak, aitorpen-likidazioak eta autolikidazioak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aurkeztu ahal izanen dira.

Baliabide elektroniko, informatiko edo telematikoak erabiliz betetzen ahal diren zerga-betebeharren zerrenda eguneratua edukiko da http://www.navarra.es helbidean.

2. Baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bidezko aurkezpena egiteko baldintzak eta prozedurak berariaz ematen diren xedapen arauemaile bakoitzean ezarriko dira.

Halaber, baldintzak eta prozedurak ezarri ahal izanen dira bide telematikoetatik aitorpenen aurkezpen kateatuta egiteko, lotekako aurkezpenaren modalitatea erabiliz.

11. artikulua. Nafarroako Zerga Ogasunak zerga arloko informazioa ematea eta ziurtagiriak luzatzea.

1. Nafarroako Zerga Ogasunak tributu arloko informazioa emanen du Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 105.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, bai eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz ere Nota de Vigencia.

2. Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 105.1 artikuluan azaltzen ez diren kasuetan, zergen arloko informazioa eman aurretik interesatuei baimena eskatu beharko zaie.

3. Era berean, zerga arloko informazioa baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez ematen denean, berariaz emandako arauei jarraituko zaie.

12. artikulua. Eskaerak, idazkiak eta berriemateak aurkeztea.

Zergapekoek zilegi izanen dute eskaera, idazki eta berriemateak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aurkeztea, foru dekretu honen xede diren izapide eta zerga prozeduretan; zehazkiago, egiazko eraginkortasuna izan eta http://www.navarra.es helbidean zehazturik dauden haietan.

Betiere, foru dekretu hau garatzeko arauak ematen badira, haietan xedatutakoari jarraituko zaio.

13. artikulua. Zergen ordainketa telematikoa.

Edozein tributu ordaindu behar dutenek baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabili ahal izanen dituzte ordainketa beren kabuz edo ordezkarien bidez egiteko, horretarako ematen diren xedapenei jarraituz.

II. KAPITULUA. IDENTIFIKAZIO ETA SINADURA ELEKTRONIKOAK NAFARROAKO ZERGA OGASUNAREN ESPARRUAN Nota de Vigencia

II. KAPITULUA

1. ATALA

XEDAPEN OROKORRAK

14. artikulua. Identifikazio elektronikoko sistemak Nota de Vigencia.

1. Nafarroako Zerga Ogasunak onartzen ahal ditu indarreko araudian ezarritako pertsona eta entitate interesdunen identifikazio sistemak, araudian ezarritako terminoetan eta betiere sistema horiek aurretiazko erregistro bat baldin badute erabiltzaile gisa, interesdunen nortasuna bermatu ahal izateko.

2. Tributuen arloan eskumena duen departamentuko titularrak emandako foru agindu bidez zehaztuko da zer identifikazio sistema dauden onartuta tramite eta prozedura jakin batzuetarako; edonola ere, ziurtagiri elektronikoetan oinarritutako sistemak beti izanen dira onartuak.

3. Identifikazio sistemak erabiltzen ahalko dira sinadura sistema gisa baldin eta aukera ematen badute pertsona eta entitate interesdunen borondate eta baimen adierazpena benetakoa dela akreditatzeko, baldin aplikagarri den araudian hala ezarrita badago.

2. ATALA

NAFARROAKO ZERGA OGASUNAK ONARTZEN DITUEN SINADURAREN SISTEMEN ERABILERA <a href='javascript:n(5905121,9);'>Nota de Vigencia

15. artikulua. Sinadura elektronikoko sistemak Nota de Vigencia.

1. Zeinahi pertsona fisikok edo juridikok, publiko zein pribatuk, zilegi izanen du hartu-emana izatea Nafarroako Zerga Ogasunarekin bitarteko elektronikoen bidez, indarreko araudian ezarritako sinadura sistemak baliatuz, araudi horretan aurreikusitako terminoetan.

2. Tributuen arloan eskumena duen departamentuko titularrak emandako foru agindu bidez zehaztuko da zer sinadura sistema dauden onartuta tramite eta prozedura jakin batzuetarako; edonola ere, ziurtagiri elektronikoetan oinarritutako sistemak beti izanen dira onartuak.

3. Baldin eta bitarteko elektronikoen bidez egiten diren eta pertsona batek baino gehiagok sinatu beharrekoak diren tramite eta prozedurak badira, haietako bakoitzak elektronikoki sinatu beharko ditu beti, aurreko apartatuetan adierazitako sinadura sistemak erabiliz.

16. artikulua. Sinadura elektronikoaren erabilera pertsona batek baino gehiagok sinatu beharreko izapide eta prozeduretan Nota de Vigencia.

1. Baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez egiten diren izapide eta prozeduretan sinatu behar duten pertsonak bat baino gehiago direnean, haietako bakoitzak jarri beharko du sinadura elektronikoa, ziurtagiri elektroniko onartuak oinarri direla.

2. Zergapeko bakoitzak agirietan sinadura elektronikoa jartzeko erabiltzen dituen baliabideak betiere haren kontrol esklusiboaren pean egonen dira.

3. ATALA

ZIURTAGIRI ELEKTRONIKOAK

17. artikulua. Ziurtagiri elektroniko onartuak Nota de Vigencia.

1. Nafarroako Zerga Ogasunak onartutako sinadura elektronikoko sistemek onartutzat jo daitezkeen ziurtagiri elektronikoak erabili beharko dituzte, sinadura elektronikoari buruzko legeriarekin bat, eta ziurtagiriok beren edukian, gutxienez ere, sinadura elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 11.2 artikuluan eskatzen diren eremuak izan beharko dituzte.

2. Ez da inola ere onartuko Nafarroako Zerga Ogasunaren aurrean izapideak bide telematikotik egitea administratuen ziurtagiri elektronikoak jada indarrik ez duelarik.

18. artikulua. Ziurtagiri elektronikoen motak Nota de Vigencia.

1. Nafarroako Zerga Ogasunarekiko jarduketetan ziurtagiri elektronikoen mota hauek erabili ahal izanen dira, sinadura elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legean araututa dauden moduan:

a) Pertsona fisikoen ziurtagiri elektroniko onartuak.

b) Pertsona fisikoen ziurtagiri elektroniko onartuak.

c) Pertsona fisiko edo juridikoak ordezkatzeko ziurtagiri elektroniko onartuak.

d) Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen 25. artikuluan aipatutako nortasun juridikorik gabeko entitateen ziurtagiri elektronikoak, aplikatzen ahal zaizkien arauetan ezarritako moduan.

2. Dena den, Nafarroako Zerga Ogasunak egokitzat jotzen dituen agiri guztiak eskatu ahal izanen dizkie administratuei, aurreko idatz-zatiko b) eta c) letretan ezarritako ziurtagirietako edozein erabiliz diharduen pertsonaren ordezkaritza egiaztatze aldera.

19. artikulua. Ziurtagiriak onartzea Nota de Vigencia.

1. Ziurtapen zerbitzuen emaileek Nafarroako Zerga Ogasunari eskatu ahal izanen diote Nafarroako Zerga Ogasunak eta zergapekoek baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bidez dituzten harremanetarako beraiek luzatzen dituzten ziurtagiri elektronikoak onartzeko.

2. Aurreko idatz-zatian ezarritakoaren ondorioetarako, araudi egokia onetsiko da. Araudi horrek onarpen-eskaera egiteko prozedura zehaztuko du, eta, halaber, Nafarroako Zerga Ogasunak zergen arloan baliozkotzat jo ditzan ziurtapen zerbitzuen emaileek eta beraiek luzatutako ziurtagiriek bete beharreko baldintza eta betekizunak ezartzeko prozedura zehaztuko du.

Nolanahi ere, Interneteko http://www.navarra.es helbidean eguneraturik edukiko da ziurtapen zerbitzuen emaileen eta baimendutako ziurtagirien zerrenda.

III. KAPITULUA. AITORPENEN AURKEZPENA ETA ERREGISTRO TELEMATIKOA

III. KAPITULUA

1. ATALA

AITORPENEN AURKEZPENA

20. artikulua. Aitorpen, aitorpenlikidazio eta autolikidazioen aurkezpena.

1. Aitorpenak, aitorpen-likidazioak eta autolikidazioak Nafarroako Zerga Ogasunak adierazten dituen baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aurkeztu ahal izanen dira. Horretarako, xedapen arauemaile berariazkoak onetsiko dira, agiri horiek web formularioen, laguntza-programen edo Nafarroako Zerga Ogasunak zehazten duen beste edozein mekanismoren bidez aurkeztea ahalbidetuko dutenak.

2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoari jarraituz Nafarroako Zerga Ogasunak aitorpen, aitorpen-likidazio eta autolikidazioak aurkezteko garatzen dituen prozedurek foru dekretu honen 23. artikuluan ezarritako bermeak beteko dituzte, bai eta 26., 27. eta 28. artikuluetan xedatutakoa ere.

3. Berariazko xedapenetan ezarritakoa salbu, aitorpen, aitorpen-likidazio eta autolikidazioak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aurkeztea zergapekoak berak erabakiko du bere borondatez. Kasuan kasuko erregistro orokorretan ere aurkeztu ahal izanen ditu.

2. ATALA

NAFARROAKO ZERGA OGASUNEKO ERREGISTRO TELEMATIKOA

21. artikulua. Erregistro telematikoa sortzea.

Foru dekretu honen bidez Nafarroako Zerga Ogasuneko erregistro telematikoa sortu da. Era guztietako agiri elektronikoak aurkezteko erabili ahal izanen da, foru dekretu honen xede diren izapideetan eta zerga arloko prozeduretan.

Nafarroako Zerga Ogasunaren ataritik sartuko da erregistro telematikora, Interneteko http://www.navarra.es helbidean konexioa eginda.

22. artikulua. Erregistro telematikoaren eginkizuna.

1. Erregistro telematikoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Dagozkion izapide edo prozeduretako agiri elektronikoak jasotzea, bai eta haiei erantsitako agiriak ere, foru dekretu honetan ezarritako moduan. Komunikazio telematiko horiek egiteko, zergapekoek sinadura elektroniko onartua erabili beharko dute.

b) Hasierako sarrera idazpen elektronikoa egitea. Hartan jasoko dira sarrera erregistroaren eguna eta ordua, erregistro zenbakia, agiriaren izaera eta haren edukiaren erreferentzia, hura aurkeztu edo igorri duen pertsonaren identifikazioa eta Administrazioko organo hartzailearen identifikazioa.

c) Hartu izanaren agiriak ematea, zergapekoek Nafarroako Zerga Ogasuneko organoei zuzenduta aitorpen, eskabide, idazki eta berriemateak aurkeztu dituztela egiaztatzeko.

2. Nafarroako Zerga Ogasuneko erregistro telematikoak inoiz ere ez du agiri elektroniko erantsien kopia zigilatu edo konpultsaturik emanen, eskabide, idazki edo berriemateari beste agiriren bat eransten zaion kasuetan.

3. Halaber, erregistro telematikoaren esparrutik kanpo daude EDI sareen eta balio erantsiko beste edozein sareren bidez egiten diren berriemateak.

23. artikulua. Erregistro telematikoaren egiazkotasuna, isilpekotasuna, osotasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa bermatzea.

1. Nafarroako Zerga Ogasuneko erregistro telematikoaren euskarri den sistema informatikoak bermatu eginen du behar diren neurri teknikoak eta antolaketakoak hartuko direla informazioaren eta agiri elektronikoen egiazkotasuna, isilpekotasuna, osotasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa ziurtatzeko. Betiere, erregistro telematikoaren sistema informatikoak foru dekretu honen I. kapituluan xedatutakoa bete beharko du.

2. Erregistro telematikotik bidaltzen zaizkienean aitorpenak, eskaerak, idatziak eta komunikazioak organo eskudunei tramita ditzaten, segurtasun neurri egokiak hartuko dira teknikaren egoeraren arabera, baimendu gabeko sarbiderik izan ez dadin, eta komunikazioak atzeman edo aldatu ez daitezen, eta, kasu orotan, datu pertsonalen babesa bermatzeko, aplikagarri den araudian ezarritakoa betez Nota de Vigencia.

24. artikulua. Erregistro telematikoan eskabide, idazki eta berriemateak aurkeztea.

1. Erregistro telematikora eskabide, idazki eta berriemateak bidali ahal izanen dira bide telematikotik, sinadura elektroniko onartuaren bidez, erregistro telematikoko zuzendaritzak berak une bakoitzean aditzera ematen dituen izapide eta prozeduren barnean.

2. Berariazko xedapenetan ezarritakoa salbu, erregistro telematikoan eskabide, idazki eta berriemateak aurkeztea zergapekoak berak erabakiko du bere borondatez. Kasuan kasuko erregistro orokorretan ere aurkeztu ahal izanen ditu.

3. Erregistro telematikoan agiriak aurkezteak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9. artikuluan aurreikusitako ondorioak izanen ditu.

4. Erregistro telematikoaren bidez aurkezten diren eskabide, idazki edo berriemateak foru dekretu honen esparrutik kanpoko izapide eta prozeduretakoak izanez gero, ez dira kontuan hartuko, artxibatu eginen dira eta aurkeztu ez balira bezala jokatuko da.

25. artikulua. Agiri erantsiak baliabide telematikoen bitartez aurkeztea.

1. Zergapekoak aitorpen, eskabide, idazki edo berriemateei erantsita beste agiri batzuk aurkeztu behar dituenean, horiek ere baliabide elektronikoen bitartez aurkeztu ahal izanen ditu, informazio sistemak aukera ematen badu eta agiri erantsi horiek interesatuaren edo hirugarren egileen sinadura elektroniko onartua baldin badute, foru dekretu honetan aurreikusitako moduan.

2. Baliabide elektronikoak erabiliz aurkezten diren agiri guztiek Nafarroako Zerga Ogasunean erabiltzen diren baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoekin bateragarriak diren formatu eta aplikazio informatikoetan eginak izan beharko dute. Formatu eta aplikazio informatiko bateragarriak http://www.navarra.es helbidean argitaratuko dira eta eguneraturik edukiko dira beti.

26. artikulua. Agiriak hartzea, eta aurkeztu izanaren agiria.

1. Nafarroako Zerga Ogasunaren erregistro telematikoa zabalik egonen da eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guztietan, eta Espainiako data eta ordu ofiziala izanen ditu. Horiexek ageriko dira http://www.navarra.es helbidean, erregistro telematikorako sarrera izanen baita.

2. Erregistro telematikoak berrespen mezua igorriko du, aitorpena, eskabidea, idazkia edo berriematea foru dekretu honetan aurreikusitako moduan jaso duela adierazteko. Aurkeztu izanaren agiri hori erabiltzaileen eskura jarriko da baldin eta aitorpen, eskabide, idazki edo berriemateen eta, halakorik bada, agiri erantsien igorpen telematikoa ongi burutzen badu.

Aurreko lerroaldean xedatutakoaren haritik, aurkeztu izanaren agirian ondokoak agertuko dira: erregistro telematikoaren identifikazioa, igorpenaren zenbakia, erregistro zenbakia, eguna eta ordua.

3. Erabiltzaileek aurkezpen-agiri horren gordekina gorde beharko dute, dela pantaila inprimatuz, dela euskarri informatikoan gordez. Agiri elektroniko horrek Administrazioaren edozein erregistrotan emandako paperezko aurkezpen-agiriak adinako balioa eta ondorio juridiko berberak izanen ditu.

4. Erabiltzaileari pantailan errore mezua agertzen bazaio aurkezpen prozesuan ari denean, edo aurkezpen-agiririk bidaltzen ez bazaio, zergapekoak hasieratik errepikatu beharko du agiriak aurkezteko prozesua.

5. Aurkezpen-agirian agertuko den identifikazio kode elektronikoak bide emanen du egindako igorpenari buruzko informazioaren kontsulta telematikoak egin ahal izateko.

27. artikulua. Epeak kontatzea.

1. Egun baliodunetan ematen diren epeak kontatzeari dagokionez, aitorpen, eskabide, idazki eta berriemateen aurkezpenean honako irizpideei jarraituko zaie:

a) Erregistro telematikora jotzeko egun baliogabetzat hartuko dira arau orokorrek egun baliogabeen urteko egutegian hala deklaratutakoak. Egutegi hori interesatuen eskura egonen da http://www.navarra.es helbidean.

b) Erregistro telematikoan egun baliogabe batean sartzen diren agiriak hurrengo egun balioduneko lehenbiziko orduan sartu balira bezala hartuko dira. Horrelako kasuetan, agiriak benetan jaso diren eguna eta ordua inskribatuko dira sarrerako idazpenean, baina jasorik geratuko den sarrera eguna hurrengo egun balioduna izanen da, eta ordua, berriz, 00:00 eta segundo bat.

2. Foru dekretu honetan ezarritakoak ez du eraginik izanen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 45. artikuluan ezarritako araubide orokorrean (administrazio prozeduretako agiri eta eskabideak aurkezteko epeak kontatzeko eta aurkezpenaren ondorioei buruzko arauak).

3. Epeak kontatzeko, harrera datatzat hartuko da erregistroak hartu izanaren agirian edo erregistro idazpenean adierazten duena.

28. artikulua. Erregistro telematikoko zerbitzuaren etenak.

1. Erregistro telematikoaren zerbitzua eten ahal izanen da mantentze lan teknikoak edo konponketak egin beharra dagoenean, behar-beharrezkoa den denboran soilik.

2. Erregistro telematikoaren zerbitzuaren etenaldia aurretiaz iragarriko da, ahalik lasterren. Erregistro telematikoaren funtzionamenduaren etenaldia aurretik iragartzen ez den kasuetan, etenaldiaren kausek aukera ematen badute, erabiltzaileak egoera horren berri ematen dion mezua ikusiko du.

IV. KAPITULUA. NAFARROAKO ZERGA OGASUNAREN JAKINARAZPEN ELEKTRONIKOAK Nota de Vigencia

29. artikulua. Jakinarazpen elektronikoak egiteko baldintza orokorrak Nota de Vigencia.

1. Nafarroako Zerga Ogasuneko organoek bide elektronikoen bidez eginen dituzte jakinarazpenak, pertsona edo entitate interesdunak hala eskatu edo berariaz onartu badu, edo, 30. eta 31. artikuluetan xedatutakoarekin bat, jakinarazpen elektronikoa derrigorrezkoa denean.

2. Jakinarazpenak Nafarroako Zerga Ogasunak onartzen dituen moduetako batean jasotzeko nahia agertu behar da eskaeran.

3. Jakinarazpena bide elektronikoen bidez egiteko eskaera eta horren onarpena bide elektronikoen bidez egin edo eskura daiteke.

4. Bide elektroniko edo ez-elektroniko batzuk erabiltzeagatik tramite edo egintza administratibo beraren jakinarazpen bat baino gehiago egiten badira, ulertuko da jakinarazpenaren ondorio juridiko guztiak behar bezala egindako lehenbiziko jakinarazpenetik aurrera gauzatu direla, bidezko errekurtsoak jartzeko epearen hasiera barne.

5. Ulertuko da jarduketa administratibo baten jakinarazpena bide elektronikoen bidez egitea onartzen dela baldin eta, onartutako modu batean egin ondoren, interesdunak jakinarazpenaren xedeko ebazpen edo egintzaren edukia eta irismena ezagutzeko bide ematen dituen jarduketak egiten baditu. Jakinarazpenak interesdunak jarduketa horiek egiten dituen egunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

6. Bitarteko elektronikoen bidez egindako jakinarazpenak ezinbestean bete beharko ditu antolamendu juridikoak jakinarazpen administratiboei ezartzen dizkien baldintzak erabateko balio eta eraginkortasuna izateko; hauek bereziki:

a) Jakinarazpenaren xedeko egintza pertsona edo entitate interesdunaren eskura jarri zen eguna eta ordua akreditatuko ditu.

b) Interesdunak edukia ikusi zuen eguna eta ordua akreditatuko ditu.

c) Erabileraren esklusibotasuna eta erabiltzailearen identitatea bermatzeko autentifikazio tresnak izanen ditu.”

7. Tributu arloko eskumena duen departamentuaren titularraren foru agindu baten bidez arautuko da zerbitzu hori emateko moduari, ezaugarriei eta funtzionalitateei lotutakoa, bai eta tributudunek jakinarazpen mota hori ez egiteko egunak adierazteko aukera ere.”

8. Jakinarazpen elektronikoko zerbitzuak abisu sistema bat gaituko du gailu elektronikoen bidez eta/edo helbide elektronikoen bidez, eta balioko du pertsona edo entitate interesdunari jakinarazteko baduela jakinarazpen elektroniko bat. Hala ere, horretarako, pertsona edo entitate interesdunak gailu elektroniko bat eta/edo helbide elektroniko bat identifikatu beharko du, eta hara bidaliko dira aipatu abisuak, baina ez du balioko jakinarazpenak egiteko.

30. artikulua. Helbide elektroniko gaituan egiten diren jakinarazpenak Nota de Vigencia.

1. Nafarroako Zerga Ogasunak helbide elektroniko gaituaren bidezko jakinarazpen sistema erabiliko du jakinarazpen elektronikoak egiteko. Helbide elektroniko gaituaren zerbitzua egiteko, aplikatzekoak diren arau administratiboetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Ekonomia eta ogasunaren arloko eskumena duen departamentuaren titularraren foru agindu baten bidez arautuko da zerbitzu hori emateko moduari, ezaugarriei eta funtzionalitateei lotutakoa, bai eta tributudunek jakinarazpen mota hori ez egiteko egunak adierazteko aukera ere.

2. Helbide elektroniko horrek antolamendu juridikoak jakinarazpen administratiboei, erabateko balio eta eraginkortasuna izateko, ezartzen dizkien baldintzak bete beharko ditu, hauek bereziki:

a) Jakinarazpenaren xedeko egintza interesdunaren eskura jarri zen eguna eta ordua egiaztatuko ditu.

b) Interesdunei dagokien helbide elektronikoa edonoiz erabiltzeko aukera emanen die.

c) Interesdunak edukia ikusi zuen eguna eta ordua egiaztatuko ditu.

d) Erabileraren esklusibotasuna eta erabiltzailearen identitatea bermatzeko autentifikazio tresnak izanen ditu.

3. Jakinarazpen elektronikoak egitea derrigorrezkoa denean, aurreko atalean aipatzen den helbide elektroniko gaitua ofizioz esleituko da, eta mugarik gabeko indarraldia izaten ahalko du, araudi orokorrean ezartzen den araubidearekin bat.

Jakinarazpen elektronikoaren sisteman sartzearen berri eman eta hilabete iraganik, Nafarroako Zerga Ogasunak helbide elektronikoan eginen ditu jakinarazpenak, oro har.

30. artikulua. Jakinarazpenak bide ezelektronikoen bidez egiteko kasuak Nota de Vigencia.

1. Hurrengo artikuluan aipatzen diren pertsonek eta entitateek bide elektronikoen bidez jaso beharko dituzte Nafarroako Zerga Ogasunak bidaltzen dizkien jakinarazpen administratiboak.

2. Aurreko atalean ezarritakoa gorabehera, Nafarroako Zerga Ogasuneko organoek bide ez-elektronikoen bidez egiten ahalko dituzte jakinarazpenak kasu hauetan, betiere Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 99. artikuluan ezarritako toki eta moduetan:

a) Tributuduna edo bere ordezkaria bat-batean agertzen denean Nafarroako Zerga Ogasuneko bulegoetan eta jakinarazpen pertsonala eskatzen duenean. Aukera hau ez dagokio tributudunari b) letrako inguruabarrak gertatzen direnean.

b) Jarduketa administratiboa berehala edo lehenbailehen jakinarazi behar denean bere eraginkortasuna segurtatzeko, eta jakinarazpen elektronikoaren bidez hori bateraezina denean.

3. Aurreko atalean adierazitako kasuetako batean Nafarroako Zerga Ogasunak bide elektronikoen bidez eta bide ez-elektronikoen bidez egiten badu jakinarazpena, ulertuko da jakinarazpenaren ondorio guztiak behar bezala egindako lehenbiziko jakinarazpenetik aurrera gauzatu direla.

4. Jakinarazpen hauek ez dira inolaz ere bitarteko elektronikoen bidez eginen:

a) Jakinarazi beharreko egintzak formatu elektroniko bihurtu ezin diren elementuak dituenean.

b) Berariazko arau bati jarraikiz tributudunaren helbide fiskalean egin behar denean, edo arauak horretarako ezartzen duen beste toki batean, edo modu ez-elektroniko baten bidez.

c) Kreditu entitateetan ireki diren kontuetan diruaren enbargoa bide elektronikoen bidez egiteko prozedurari atxikiak dauden kreditu entitateei zuzendu beharrekoak.

d) Nafarroako Zerga Ogasunaren diru bilketaren kudeaketan entitate laguntzaile gisa aritzen diren kreditu entitateei laguntza zerbitzu horretan zuzendu beharrekoak.

e) Nafarroako Zerga Ogasunaren eta kreditu entitateen artean fitxategiak elkartrukatzeko prozedura elektronikoari atxikiak dauden kreditu entitateei zuzendu beharrekoak.

31. artikulua. Jakinarazpen elektronikoa jasotzera behartuta daudenak Nota de Vigencia.

1. Nafarroako Zerga Ogasunak bere eskumenak erabiliz bidaltzen dizkien jakinarazpen administratiboak bide elektronikotik jasotzera behartuta egonen dira pertsona juridikoak eta nortasun juridikorik gabeko entitateak.

2. Gainera, Nafarroako Zerga Ogasunak bere eskumenak erabiliz bidaltzen dizkien jakinarazpen administratiboak bide elektronikotik jasotzera behartuta egonen dira ondoko pertsona fisiko hauek:

1.a. Hirugarren pertsonen izenean aitorpen likidazioen, autolikidazioen, informazio aitorpenen, edo Balio Erantsiaren gaineko Zergaren erregistro liburuak eramateko modua ematen duen fakturazioaren erregistro elektronikoen aurkezpena egiteko, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak onetsitako kanpo lankidetzako hitzarmenei atxikia izatearen ondorioz, baimenduta dauden pertsonak.

2.a. Balio erantsiaren gaineko zergan, beren alde duten saldoa likidazio aldi bakoitzaren bukaeran itzultzeko eskatu dutenak.

3.a. Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren edo Lizentzia Fiskalaren tarifak eta instrukzioa onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legearen I. eranskineko Bigarren Sekzioko 41., 42. eta 73. multzoetan, edo 722., 723., 726., 741., 747., 831., 832., 833., 834. eta 835. taldeetan alta emanik daudenak.

4.a. Hirugarren pertsonen izenean Nafarroako Zerga Ogasunak, edozein tributu jarduketa eta prozedura komunikatzeko, bidalitako jakinarazpen elektronikoak jasotzeko baimenduta dauden pertsonak.

Zerga arloko eskumena duen departamentuaren titularrari baimena ematen zaio, foru agindu bat erabiliz, jakinarazpen elektronikoa jasotzera behartuta dauden pertsona fisikoen eta entitateen multzoak aldatzeko".

3. Jakinarazpena hartzera behartuta dauden pertsona fisikoak jakinarazpen elektronikoko sistematik kanpo geratuko dira, sistema horretan sartzeko baldintzak desagertzen direnean; aurretik eskaera egin behar du, Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian, https://hacienda.navarra.es helbidean, eskura dagoen zerbitzu telematikoaren bidez. Jakinarazpen elektronikoko sistematik kanpo geratzeko eskaera bide horretatik egiteak berekin dakar baja berehala ematea sisteman.

Hala ere, baldin eta aplikazio informatikoak hautematen badu ez direla desagertu jakinarazpen elektronikoko sisteman ezinbestean sartzeko baldintzak, jakitera emanen da, bide beretik, eskaera ukatu dela.

Sistematik atera ondoren, berriz agertuko balira jakinarazpen elektronikoko sisteman ezinbestean sartzeko baldintzak, bestelako tramiterik gabe, berriro hasiko da jakinarazpenen bidalketa elektronikoa.

32. artikulua. Jakinarazpen elektronikoak egitea Nota de Vigencia.

Jakinarazpenen hartzaile diren pertsona eta entitateek eta haien ordezkariek, hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera, aukera izanen dute onartutako identifikazio elektronikoko sistemen bidez Nafarroako Zerga Ogasunak egindako jakinarazpen elektronikoen edukira sartzeko, indarreko arauan ezarritakoarekin bat.

Pertsona juridikoek eta izaerarik gabeko entitateek pertsona juridiko edo entitateari dagokion sinadura elektronikoaren sistema erabiliko dute jakinarazpen elektronikoak ikusteko.

Nafarroako Zerga Ogasunak ziurtatuko du egintza bat jakinarazi dela elektronikoki, jakinarazpenen zerbitzua ematen duenak bidali behar duen informazioarekin bat. Ziurtapena modu automatizatuan sortzen ahalko da, eta datu hauek izanen ditu: pertsona edo entitate hartzailearen identifikazioa, jakinarazitako egintzaren identifikazioa, interesdunaren eskura jarri zen eguna eta edukia ikusi zen eguna edo jakinarazpena legez ezarritako epea igarotzeagatik errefusatutzat jo zen eguna.

32.bis artikulua. Zergapekoen ordezkariei bide elektronikoen bidez bidaltzea jakinarazpenak Nota de Vigencia.

1. Tributudunek ordezkari baten bidez jarduteko aukera dute jakinarazpenak bide elektronikoen bidez jasotzeko.

Jarduteko ahalmena duten pertsona fisikoen kasuan, eurek emanen dute ordezkaritza. Gainerako kasuetan, legezko ordezkaritza duenak emanen du ordezkaritza, betiere legezko ordezkaritzak horretarako aukera ematen badu.

2. Pertsona fisiko edo juridiko bati soilik ematen ahal zaio jakinarazpenak bide elektronikoen bidez jasotzeko ordezkaritza.

3. Modu hauetako batean emanen da ahalordea:

a) Ahalorde-emailea Nafarroako Zerga Ogasuneko bulegoetan agertzea.

Ahalorde-emailea Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen den pertsona juridiko edo izaera juridikorik gabeko entitate bat bada, agertzen den pertsonak frogatu beharko du entitatearen ordezkari legala dela edo ahalordeak emateko ahalmen aski duela.

b) Nafarroako Zerga Ogasunean aurkeztutako dokumentu publiko edo dokumentu pribatu baten bidez, notarioak legeztatutako sinadura duela.

c) Internet bidez, identifikazio eta autentikazio sistemaren bat erabiliz, baldin eta indarreko araudian ezarritakoaren arabera onartua bada.

V. KAPITULUA. ORDEZKARITZA

33. artikulua. Ordezkaritzaren esparrua.

1. Pertsona fisiko zein juridikoek eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatutako zergapekoek ahalordeak eman ahal izanen dituzte foru dekretu honen 1. artikuluan aipatutako izapide eta jarduketak egiteko.

2. Ahalorde edo ordezkaritza pertsona fisiko edo juridiko bati edo gehiagori eman ahal izanen zaio.

3. Artikulu honetan xedatutakoa ez da aplikatuko kanpo-lankidetzarako akordioak egiten direnean, hirugarren pertsonen ordezkari gisa aitorpen, berriemate eta zerga arloko beste agiri batzuk bide telematikotik aurkezteko eta zerga zorren ordainketaren izapide telematikoak egiteko. Horietan guztietan, berariaz emandako xedapenei jarraituko zaie.

34. artikulua. Ahalordeen erregistroa.

Behar diren xedapen arauemaileak onetsiko dira ahalordeen erregistroa sortzeko. Bertan inskribatu eta kudeatuko dira baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz izapide eta jarduketak egiteko zergapekoak ematen dituen ahalordeak.

35. artikulua. Datu pertsonalak babestea Nota de Vigencia.

Ahalordetzen erregistroak bete beharko du Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa.

Halaber, ahalduna edo ordezkaria pertsona fisikoa denean, ahalordeen erregistroak ongi funtzionatzeko behar diren datu pertsonalen tratamenduarekin ados dagoela jaso beharko da.

Xedapen gehigarri bakarra. Jakinarazpen elektronikoen sistematik kanpo ofizioz uztea Nota de Vigencia.

31.3 artikuluan xedatutakoa gorabehera, Nafarroako Foru Ogasunak jakinarazpen elektronikoen sistematik kanpo utziko ditu, ofizioz, arau aldaketa baten ondorioz jakinarazpen elektronikoa jasotzera behartuta izatetik salbuetsita geratzen diren pertsona fisikoak.

Xedapen Gehigarri Bakarra. NAN elektronikoa.

Nafarroako Zerga Ogasunak nortasun agiri nazional elektronikoaren eraginkortasuna onartuko du, sinadura elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legean eta hura garatzeko ematen diren arauetan ezarritakoarekin bat.

Xedapen Iragankor Bakarra. Lehengo arauek indarrean segitzea.

Foru dekretu honetan garapenari buruz dauden aurreikuspenak gauzatu arte, indarra izaten segituko dute, zuten maila berean, lehendik dauden erregelamenduzko arauek, betiere foru dekretu honi kontra egiten ez badiote.

Azken Xedapenetan Lehena. Garapena.

Ekonomia eta Ogasun kontseilariari ahalmena ematen zaio, bere eskumeneko eremuan, foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak emateko.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Erregistro telematikoen sorrera.

Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan beste erregistro telematiko batzuk sortu ahal izanen dira Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren foru aginduen bidez.

Betiere, erregistro telematikoak sortzeko xedapenak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira eta haien testua erregistro telematikoaren beraren http://www.navarra.es helbidearen bidez kontsultatu ahal izanen da.

Erregistro telematiko berriak sortzeko xedapenek foru dekretu honetan ezarritako printzipioak bete beharko dituzte, bai eta kasu bakoitzean aplikagarriak izan daitezkeen legezko xedapenak ere.

Azken Xedapenetan Hirugarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERANSKINA. FORU DEKRETU HONEN ESPARRUKO IZAPIDE ETA PROZEDURAK Nota de Vigencia

ERANSKINA

a) Aitorpenak, berriemateak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak eta zerga arloko arauetan eskatzen diren gainerako agiriak aurkeztea.

b) Errekurtso eta erreklamazio ekonomiko-administratiboak jartzea.

c) Oker hartutako dirusarrerak itzultzeko eta aitorpen edo autolikidazioak zuzentzeko eskatzea, eta akats materialak, egitezkoak edo aritmetikoak zuzentzeko prozedurari hasiera emateko eskatzea.

d) Zerga zorrak geroratu eta zatikatzeko eskatzea.

e) Zerga zorren konpentsazioa eskatzea.

f) Zerga arloko ziurtagiriak eskatu eta eskuratzea.

g) Ahalordeak eta ordezkaritzak ematea edozein motatako prozedura eta jarduketetarako.

h) Ordainketa telematikoak egitea norberaren izenean eta hirugarrenen izenean.

i) Zerga arloko prozeduretako izapideen egoera kontsultatzea.

j) Nafarroako Zerga Ogasunak bere esku dituen zerga arloko datu edo aurrekariak eskatzea.

k) Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Berezian salbuespen eta murrizketak eskatzea.

l) Jakinarazpenak egitea kudeaketa prozeduretan, egiaztapen eta ikerketa prozeduretan, zergak biltzeko prozeduretan, zehapen prozeduretan, administrazio bidean eta bide ekonomiko-administratiboan berrikusteko prozeduretan eta enbargo prozeduretan.

m) Zergen arloko beste edozein agiri aurkeztea.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web