(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

355/2000 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 13KOA, NAFARROAKO AUZITEGIKO MEDIKUNTZAREN INSTITUTUA ERATU ETA HAREN FUNTZIONAMENDU ARAUTEGIA ONESTEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 152 - 18/12/2000



  I. ERANSKINA. NAFARROAKO AUZITEGIKO MEDIKUNTZAREN INSTITUTUKO FUNTZIONAMENDU ARAUTEGIA


  II. ERANSKINA. NAFARROAKO AUZITEGIKO MEDIKUNTZAREN INSTITUTUKO LANPOSTUEN ZERRENDA Nota de Vigencia


Atariko

Botere Judizialaren Lege Organikoak, gaur egun duen testuaren arabera, 497. eta ondoko artikuluetan Auzitegiko Medikuen Kidegoa eta Auzitegiko Medikuntzaren Institutuak arautzen ditu. 503. artikuluan adierazten du justizia administrazioaren arloko eskumenak berenganatu dituzten autonomi erkidegoek beren eragin-esparruko Auzitegiko Medikuntzaren Institutuen antolamendu eta funtzionamendurako arauak emanen dituztela.

Lege Organiko hori garatzeko asmoz, Auzitegiko Medikuntzaren Institutuen Erregelamendua aldarrikatu zen, martxoaren 1eko 386/1996 Errege Dekretuaren bidez onetsia eta urriaren 24ko 1619/1997 Errege Dekretuaren bidez aldatua izan zena, hala nola Auzitegiko Medikuen Kidegoaren Erregelamendu Organikoa, zeina otsailaren 23ko 296/1996 Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen.

Aipatu arautegia betearazi eta Nafarroako egoerari egokitzeko, Auzitegiko Medikuntzaren Institutuen Erregelamenduaren 2.1. artikuluarekin bat, Foru Dekretu honen bidez Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutua eratzen da, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikia. Eginkizunei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitatean dauden botere judizionalen menpe egonen da. Lurralde osorako barruti bakarra izanen da eta dagozkion eginkizunak betetzeko behar besteko hedadura emanen zaio.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi milako azaroaren hamahiruan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutua sortzen da, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Justizia Zuzendaritza Nagusiari atxikitako organo tekniko gisa. Institutuaren lana izanen da Nafarroako Foru Komunitateko epaitegi, auzitegi, fiskaltza eta Erregistro Zibileko bulegoei laguntzea, medikuntzako peritu frogak eginez, hala tanatologikoak, nola klinikoak eta laborategikoak, eta, halaber, auzitegiko medikuntzari lotutako irakaskuntza eta ikerkuntza jarduerak egitea.

2. artikulua

Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuaren Erregelamendua onestea. Haren testua Foru Dekretu honekin batera doa, I. eranskin gisa.

3. artikulua

Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko lanpostuen zerrenda argitaratzea. Zerrenda Foru Dekretu honekin batera doa, II. eranskin gisa.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena. Auzitegiko medikuak Institutuan integratzeko aldi baterako araubidea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Auzitegiko Medikuen Taldeetan destinoa duten auzitegiko medikuak zuzenean integratuko dira Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuan, Foru Dekretu honek indarra hartzearekin batera.

2. Iruñeko Auzitegiko Institutu Anatomikoko zuzendariak bere lanpostuan segituko du, harik eta Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko zuzendaria behin- behinekoz izendatu arte.

3. Institutu honetako auzitegiko medikuen lanpostuak Nafarroako Foru Komunitatean destinoa duten auzitegiko medikuek beteko dituzte, nahiz eta zerbitzua egungo destinoetan ematen segituko duten, harik eta arau honek indarra hartu arte.

4. Arau honek indarra hartu eta hiru hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitatean horretarako eskumena duen organoak Institutuko behin-behineko zuzendaria izendatuko du, hurrengo atalean adierazten denari jarraikiz lanpostu hori behin betikoz bete arte. Behin-behineko izendapen hori Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuan integraturik dauden auzitegiko medikuen artean eginen da. Behin-behineko zuzendaria izendatuta, Zuzendaritza Kontseilua osatuko duten auzitegiko hiru mediku aukeratzeko deialdia eginen da. Prozesu hori amaiturik, Zuzendaritza Kontseilua behin-behinekoz eratuta izanen da.

5. Institutuko zuzendaritza organoak behin-behinekoz eratu eta hiru hilabeteko epean, hasierako lanpostuen zerrendan ageri diren zerbitzuburutzak betetzeko merezimendu lehiaketa iragarriko da. Lanpostu horiek Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko auzitegiko medikuen artean beteko dira.

Merezimenduen lehiaketa ebatzi ondoren, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko zuzendari lanpostua betetzeko deia eginen da. Izendapen libreko sistemaren bidez hautatuko da, deialdi publikoa eginez. Deialdi horretara Institutuan destinoa duten auzitegiko mediku guztiek parte hartu ahalko dute, baita lehiaketa bidez zerbitzuko burutza lortu dutenek ere.

6. Zuzendaria eta zerbitzuburuak izendatu eta hilabeteko epean, Zuzendaritza Kontseilua behin betikoz eratuko da.

7. Bete gabe gelditzen diren postuak otsailaren 23ko 296/1996 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz beteko dira, zeinaren bidez ezarri baitzen Auzitegiko Medikuen Kidego Nazionalaren Erregelamendu Organikoa.

Bigarrena. Balorazio Batzordea.

Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutua abian jartzeko prozesuari dagozkion merezimenduak Balorazio Batzorde batek baloratuko ditu. Batzorde hori Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak izendatuko du eta honako kide hauek osatuko dute:

- Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko A mailako bi funtzionario, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentukoak. Horietako bat batzordeburu izanen da eta bestea idazkaria.

- Estatuko Administrazio Orokorreko A mailako funtzionario bat, Justizia Ministeriokoa.

- Auzitegiko lau mediku, edo auzitegiko medikuntzaren arloko lau sendagile espezialista. Horietatik bi Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak izendatuko ditu eta beste biak sindikaturik indartsuenek.

Hirugarrena. Iruñeko Auzitegiko Medikuntzaren Institutu Anatomikoko langileak integratzeko aldi baterako araubidea.

1. Arau honek indarra hartzearekin batera, Iruñeko Auzitegiko Medikuntzaren Institutu Anatomikoan destinoa duten Justizia Administrazioko kidegoetako langileak Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuan sartuko dira zuzenean.

2. Arau honek indarra hartzearekin batera, Iruñeko Auzitegiko Medikuntzaren Institutu Anatomikoan destinoa duten lan-kontratudun finkoak Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuan sartuko dira zuzenean.

3. Lanpostu hutsak kasuan-kasuan aplikagarri den arautegian ezarritakoari jarraikiz beteko dira.

Laugarrena. Lanpostu hutsak aldi baterako betetzeko araubideak.

Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko lanpostu hutsak erregelamenduei jarraikiz bete bitartean, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak ahalmena izanen du Institutuaren funtzionamendurako beharrezkoak diren langileak Institutuko zerbitzuei atxikitzeko, kasuan- kasuan aplika daitezkeen arauei jarraikiz, hori guztia Institutuko zuzendariak proposaturik eta Zuzendaritza Kontseiluaren iritzia entzunik.

Xedapen Indargabetzailea Bakarra

Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutua abian jartzearekin batera, Iruñeko Auzitegiko Medikuntzaren Institutu Anatomikoa eta Auzitegiko Medikuen Taldeak desagertuko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.

Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau garatzeko behar diren neurriak hartu eta behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.

Foru Dekretu honek indarra hartuko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta hilabeteko epean.

I. ERANSKINA. NAFARROAKO AUZITEGIKO MEDIKUNTZAREN INSTITUTUKO FUNTZIONAMENDU ARAUTEGIA

1. artikulua. Izaera eta eginkizunak.

Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutua Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Justizia Zuzendaritza Nagusiari atxikitako organo teknikoa da, honako eginkizun hauek dituena:

a) Bere eragin esparruko epaitegi, auzitegi, fiskaltza eta Erregistro Zibileko bulegoei laguntza ematea medikuntzako peritu frogak eginez, hala tanatologikoak, nola klinikoak eta laborategikoak.

b) Auzitegiko medikuntzaren arloei buruzko prestakuntza, irakaskuntza eta ikerkuntza jarduerak egitea.

Eginkizun teknikoei dagokienez, independientea izanen da eta txostenak ikerkuntza zientifikoaren arauei jarraikiz eginen ditu.

2. artikulua. Egoitza eta eragin esparrua.

1. Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuaren egoitza Iruñean izanen da.

2. Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuaren jardunaren eragin esparrua Nafarroako Foru Komunitate osoa izanen da.

3. artikulua. Institutuaren egitura.

Egitura hierarkikoari dagokionez, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuak ondoko organo hauek izanen ditu:

1. Zuzendaria.

2. Zuzendaritza Kontseilua.

3. Zerbitzu Orokorrak.

4. artikulua. Institutuko zuzendaria.

1. Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuaren buru, zuzendaria izanen da, zeina izendapen libreko sistemaren bidez hautatuko baita. Horretarako, deialdi publikoa eginen da. Deialdian Institutuan destinoa duten auzitegiko mediku guztiek parte hartu ahalko dute.

2. Hona hemen zuzendariaren eginkizunak:

a) Institutuaren ordezkaria izatea.

b) Institutuaren urteko jardunaren plana prestatzea. Plan hori Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari aurkeztuko zaio, onets dezan.

c) Egin beharreko lanak banatu eta koordinatzea.

d) Institutuaren menpe dauden auzitegiko medikuei dagozkien eginkizunak zorrozki bete daitezen begiratzea eta eginkizun horiek egokiro egiteko behar duten lankidetza eskaintzea.

e) Indarra duten legeen esparruan, goardien txandak antolatzea, Zuzendaritzako Kontseiluaren proposamenari jarraikiz, etengabe bertan egon beharra duten organo jurisdikzionaletan, eta, halaber, aurkitzeko moduko goardien txandak, Justizia Administrazioko gainerako organoetan.

f) Prestakuntza arloari dagokionez, beharrezkoa den harremana mantentzea Nafarroako Foru Komunitateko organo eskudunekin.

g) Zerbitzuek egoki funtzionatzen dutela begiratzea, hala administrazio mailan, nola lanei dagokienez.

h) Lanaldia betetzen ote den begiratzea eta ikuskatzea.

i) Interesdunei eta jendeari behar bezalako harrera ematen zaiela begiratzea.

j) Agintari eskudunei eskatzea Institutuko langileei buruzko disziplina espedienteak ireki ditzaten, kasuan- kasuan aplikagarri diren arauei jarraikiz betiere.

k) Institutuaren zerbitzu, lan eta jarduketen txostena aurkeztea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari.

l) Institutuaren urteko aurrekontuaren aurreproiektuaren proposamena prestatu eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari aurkeztea.

m) Institutuko lanpostuetan egin beharreko aldaketak proposatzea.

n) Irakaskuntza eta Ikerkuntza Batzordearen iritzia entzunda, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuaren ikerkuntza eta irakaskuntza arloetako proiektuak proposatzea.

ñ) Indarra duten arauek esleitzen dizkion gainerako eginkizunak aurrera eramatea.

3. Nafarroako Auzitegiko Medikuntzako Institutuko zuzendari izateak ez dakar berarekin ezinbestean auzitegiko mediku-lanetatik libratzea Nota de Vigencia.

4. Nolanahi den, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzako Institutuko zuzendariak lanpostu horri dagokion destinoko osagarria baizik ez du jasoko Nota de Vigencia.

5. artikulua. Zuzendaritza Kontseilua.

1. Zuzendaritza Kontseilua zuzendariak, zerbitzuburuek eta auzitegiko bi edo hiru medikuk osatuko dute. Mediku horiek bozketa libre eta sekretuaren bitartez aukeratuko dira, lau urterako, Institutua osatzen duten auzitegiko mediku guztien artean. Betiere, Zuzendaritza Kontseilua bost kidek osatua egonen da Nota de Vigencia.

2. Zuzendaritza Kontseiluari honako eginkizun hauek dagozkio:

a) Zuzendariari aholku ematea, dagozkion eginkizunak hobeki betetzearren.

b) Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuak garatzen dituen lanen koordinazioa hobetzeko proposamenak egin eta zuzendariarekin lankidetzan aritzea.

c) Institutuaren jarduketa plana proposatzea zuzendariari eta haren azken diseinua egiten laguntzea.

d) Institutuko lanpostuetan egin beharreko aldaketak proposatzeko orduan zuzendariari laguntzea.

e) Institutuaren urteko aurrekontuaren aurreproiektuaren proposamena koordinatzea, zuzendariarekin batera.

f) Institutuak urtean egindako zerbitzu, lan eta jarduketen memoria erredaktatzea. Memoria horretan, Justizia Administrazioari eskainitako zerbitzuak hobetzeko egoki iruditzen zaizkien aholku eta oharrak sartuko dira.

g) Institutuko zuzendariari goardiak egiteko txanden proposamena aurkeztea.

h) Materiala erosteko proposamenak egitea, Institutuko zuzendariaren bidez.

i) Zuzendariari proposatzea Irakaskuntza eta Ikerkuntza Batzordea osa dezan.

j) Indarra duten arauek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak betetzea.

3. Eratu ondoren, Kontseiluak berak bere barne-araudia ezarriko du eta idazkaria izendatuko du.

5. artikulua. Zerbitzu Orokorrak.

Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuak honako zerbitzu orokor hauek izanen ditu:

a) Auzitegiko Medikuntzaren Klinika Zerbitzua.

b) Patologia Zerbitzua.

7. artikulua. Auzitegiko Medikuntzaren Klinika Zerbitzuaren eginkizunak.

1. Auzitegiko Medikuntzaren Klinika Zerbitzuak Iruñeko epai-barrutiko Nafarroako Justizia Jauregian izanen du egoitza. Auzitegiko peritu-lan medikoen ardura izanen du eta, zehazki, lesionatuen aldizkako kontrolaz eta auzibidean dauden kalte fisikoen balorazioaz arduratuko da, hala nola atxilotuen osasun laguntza edo zaintzaz eta auzietako psikiatriaz.

2. Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko Auzitegiko Medikuntzaren Klinika Zerbitzuak, egoitza nagusiaz gainera, delegazioak izanen ditu gainerako epai- barrutietako egoitzetan. Hortaz, egoitza horiek kasuan kasuko barrutiko oinarrizko azterketak egiteko behar diren materialez hornituko dira.

3. Unitate horiek, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko Auzitegiko Medikuntzaren Klinika Zerbitzuaren delegazioak diren aldetik, zerbitzuburuaren ardurapean arituko dira uneoro.

8. artikulua. Patologia Zerbitzuaren eginkizunak.

1. Patologia Zerbitzuak Iruñeko epai-barrutiko Nafarroako Ospitalean izanen du egoitza. Indarkeriazko heriotzen edo kriminitalitate zantzuak ageri dituzten heriotza kasuen azterketa anatomikoa egiteaz arduratuko da, agintaritza judizialak aginduta betiere, eta gorpu eta gorpuzkinak identifikatzeaz.

2. Epai-barruti guztietako autopsiak Patologia Zerbitzuaren egoitzan eginen dira, nahiz eta Tuteran horretarako egoitza egoki bat prestatu ahalko den, hiribururainoko tartea kontuan hartuta.

9. artikulua. Administrazio zerbitzuak.

1. Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuak, dagozkion administrazio lanak egiteko, behar duen langileria izanen du. Gainera, Justizia Zuzendaritza Nagusiko langileen laguntza eta kolaborazioa ere izanen ditu.

2. Administrazio Zerbitzuek Institutuko Zuzendaritzak eta arau indardunek agintzen dizkieten lanak egin beharko dituzte.

10. artikulua. Irakaskuntza eta Ikerkuntza Batzordea.

1. Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuaren barrenean Irakaskuntza eta Ikerkuntza Batzorde bat eratu ahalko da, Zuzendaritza Kontseiluak hala proposatuz gero. Batzorde horretan honako hauek arituko dira: Unibertsitateko bi irakasle edo katedradun, auzitegiko medikuntzaren arlokoak -horietako bat batzordeburua izanen da-, auzitegiko hiru mediku eta Toxikologia Institutuko sendagile bat, kasua bada. Irakasleak Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Fakultateak izendatuko ditu. Gainerako batzordekideak, berriz, Institutuko zuzendariak hautatuko ditu, Zuzendaritza Batzordeak proposaturik. Izendapen horiek bi urterako izanen dira eta, epe hori bukatuta, berriz ere izendatu ahalko dira.

2. Irakaskuntza eta Ikerkuntza Batzordeak ondoko eginkizunak izanen ditu:

a) Auzitegiko medikuei etengabeko prestakuntza eta prestakuntza espezializatua eskaintzeko aholku ematea.

b) Prestakuntza arloan eskumena duten Nafarroako Foru Komunitateko organoekin lankidetzan aritzea.

c) Irakaskuntza eta ikerkuntza lanak sustatzea.

d) Institutuko ikerkuntza proiektuak proposatzea zuzendariari.

e) Batzordea eratzen denean esleitzen zaizkion gainerako eginkizunak betetzea.

11. artikulua. Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko langileak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko auzitegiko mediku guztiek Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuan izanen dute destinoa.

2. Erizaintzako diplomadun unibertsitarioak edo osasun laguntzaile teknikoak, teknikari espezialistak eta laborategiko urgazleak ere lanean aritu ahalko dira, kolaboratzaile gisa.

3. Orobat, zerbitzuaren beharren arabera beharrezkoak diren administrazio eta lan kontratudunak aritu ahalko dira lanean.

12. artikulua. Unibertsitateekiko eta beste erakunde batzuekiko lankidetza.

1. Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuak unibertsitateekin eta beste erakunde batzuekin batera arituko da lenean eta halakorik eskatzen duten auzitegiko medikuentzako etengabeko prestakuntza eta gaitasun zentro gisa jardungo du, Nafarroako Foru Komunitateak erabakitzen dituen hitzarmenen eta bestelako lankidetza-baliabideen bitartez.

2. Unibertsitateetako auzitegiko medikuntzako departamentuek, eta baita bestelako departamentuek ere, kasuan kasuko espezialitatearen beharren arabera, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuan lagundu ahalko dute, auzitegiko medikuen etengabeko prestakuntzarako jardueretan.

3. Nafarroako Foru Komunitateak itunak sinatu ahalko ditu osasun erakunde publiko zein pribatuekin, behar bezalako azpiegitura teknikoa lortzeko eta, betiere, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuaren zerbitzuak eta haien aprobetxamendu-maila hobetzeko.

II. ERANSKINA. NAFARROAKO AUZITEGIKO MEDIKUNTZAREN INSTITUTUKO LANPOSTUEN ZERRENDA Nota de Vigencia

II. ERANSKINA

FUNTZIONARIOAK

LANPOSTUAREN IZENALANPOSTU KOPURUAMAILAKIDEGOABETETZEKO MODUADEDIKAZIOAOINA-RRIZKOSOLDATA(PTA.)DESTINOKOOSAGA.PUNTUTANBETEBEHARBERARIAZ-KOAK
ZUZENDARIA1AAUZITEGIKO MEDIKUAIZENDAPEN LIBREA  67,0952(1) (2) (3) (4)
AUZITEGIKO MEDIKUNTZAREN KLINIKA ZERBITZUKO ZUZENDARIA1AAUZITEGIKO MEDIKUALEHIAKETAESKLUSIBOA2.818.99865,0952(3)
PATOLOGIA ZERBITZUKO BURUA1AAUZITEGIKO MEDIKUALEHIAKETAESKLUSIBOA2.818.99865,0952(4)
AUZITEGIKO MEDIKU GENERALISTA6AAUZITEGIKO MEDIKUALEHIAKETAESKLUSIBOA2.818.99853,0952 
LAGUNTZAILEA2DJUSTIZIA ADMINISTRAZIOKO LAGUNTZAILEALEHIAKETAESKLUSIBOA1.409.50618,58(5)
AGENTEA1EJUSTIZIA ADMINISTRAZIOKO AGENTEALEHIAKETAESKLUSIBOA1.174.44616,58(1)

(1) Auzitegiko medikuntzaren jarduketa-eremuko berariazko gaiei buruzko ezaupideak.

(2) Lanaren antolamenduaren eta langileen kudeaketaren arloko ezaupideak.

(3) Auzitegiko medikuntzaren klinika gaiak ezagutzea eta arlo horretako esperientzia.

(4) Auzitegiko medikuntzaren patologia ezagutzea eta arlo horretako esperientzia.

(5) Informatikako ezaupideak.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web