(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

9/2006 FORU DEKRETUA, OTSAILAREN 6KOA, NAFARROAKO FORU ZUZENBIDE ZIBILAREN KONTSEILU AHOLKU-EMAILEA SORTU ETA ARAUTZEN DUENA.

BON N.º 24 - 24/02/2006



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. NAFARROAKO FORU ZUZENBIDE ZIBILAREN KONTSEILU AHOLKUEMAILEAREN EGINKIZUNAK


  III. KAPITULUA. NAFARROAKO FORU ZUZENBIDE ZIBILAREN KONTSEILU AHOLKUEMAILEKO KIDEAK


  IV. KAPITULUA. NAFARROAKO FORU ZUZENBIDE ZIBILAREN KONTSEILU AHOLKUEMAILEAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA


Atariko

Nafarroako Foru Komunitatearen ezaugarririk behinenetakoa berezko zuzenbide zibila izatea da, historian sustrai sendoak dituena eta harreman juridiko-pribatuak arautzeko erabateko onarpena duena, bai gizartean, bai erakundeetan.

Nafarren nortasunaren ikur sendo hori historia aspaldi-aspalditik dator, baina, hala ere, berritzeko eta Nafarroako gizarte dinamikoaren beharrei egokitzeko gauza izan da.

Nortasun ikurra izanik, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibila bereizgarri bat izan da beste erkidego batzuen aldean eta, era berean, nafarron barne-kohesiorako elementua eta gure foruak defendatzeko elementu bateratzailea.

Hori horrela, indarra duen martxoaren 1eko 1/1973 Estatuko Burutzari buruzko Legeak (itun izaera izan zuenak dudarik gabe) Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa edo Foru Berria onestearekin Nafarroako foru araubidearen eremu pribatibo bat berreskuratu eta kontserbatzea lortu zen, foru zuzenbide zibilarena hain zuzen. Horrela, behin betiko aldarrikapena eta begirunea lortu zuen lege aldetik.

Prozesu hori Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa onestearekin osatu zen. Izan ere, 48. artikuluan ezartzen da Nafarroak erabateko eskumena duela foru zuzenbide zibilaren arloan eta, foru lege baten bidez, Foru Berria edo Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa kontserbatu, aldatu edo garatu ahalko duela, eta egin ere, halaxe egin du.

Nafarroarentzat foru zuzenbide zibilak duen garrantzia, munta eta esanahia ikusirik, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuari arlo horretan aholku emateko organo bat sortzea, foru araubidearen alderdi guztiak bermatzeko eta hura kontserbatu eta garatzeko erakundea izan dadin; are egokiagoa kontuan hartzen badugu laster Foruaren Hobekuntzaren XXV. urteurrena ospatuko dela, data hori aukera egokia baita gure zuzenbide pribatiboaren egungo balioaz eta, Europa gero eta batuagoa den honetan, etorkizunari begira dituen aurreikuspenez gogoeta egiteko.

Horregatik guztiagatik, eta kontuan harturik, otsailaren 24ko 37/2005 eta 38/2005 foru dekretuen arabera, Nafarroako Gobernuari, zehazki Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari, Foru Zuzenbide Zibilaren arloan dagokion eskumena, foru dekretu honen bidez Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Kontseilu Aholku-emailea sortzen da. Argibideak eta aholku emateko organoa izanen da gaiak aztertzeko, eztabaidatzeko, parte hartzeko eta aholku emateko foro gisa egituratua. Helburuak Foru Zuzenbide Zibila kontserbatu, eguneratu eta hedatzea eta, hura kontserbatu, aldatu eta garatzeko asmoz, prestatzen diren proiektuetan herritarren eta erakundeen parte-hartzea bultzatzea izanen dira.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2006ko otsailaren 6an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen helburua Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Kontseilu Aholku-emailea sortu eta arautzea da.

2. artikulua. Kontzeptua eta izaera juridikoa.

Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Kontseilu Aholku-emailea argibideak eta aholku emateko organo kolegiatua izanen da, gaiak aztertzeko, eztabaidatzeko, parte hartzeko eta aholku emateko foro gisa egituratua. Haren helburuak Foru Zuzenbide Zibila kontserbatu, eguneratu eta hedatzea eta, hura kontserbatu eta garatzeko asmoz, prestatzen diren proiektuetan herritarren eta erakundeen parte-hartzea bultzatzea izanen dira.

3. artikulua. Atxikipena.

Nafarroako Foru Komunitateko Zuzenbide Zibilaren Kontseilu Aholku-emailea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikiko zaio, Lehendakaritza Zuzendaritza Nagusiaren bidez, horrexek emanen baitizkio egoki jarduteko behar dituen baliabide materialak eta langileak.

II. KAPITULUA. NAFARROAKO FORU ZUZENBIDE ZIBILAREN KONTSEILU AHOLKU-EMAILEAREN EGINKIZUNAK

4. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Kontseilu Aholku-emaileak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kontseiluburuak proposaturik, Foru Zuzenbide Zibilaren arloan eragina duten proiektu aholku-emaileei buruzko txostena prestatzea.

b) Foru Zuzenbide Zibilari buruzko proiektu aholku-emaileak prestatzeko proposamenak egitea Nafarroako Gobernuari.

c) Foru Zuzenbide Zibila kontserbatu, aldatu edo garatzeko jarduketak proposatzea eta, halaber, hura eguneratu, aldatu eta garatzeko ikerketa proiektuak sustatu, koordinatu eta bultzatzea.

d) Foru Zuzenbide Zibila hedatzeko ekimenak sustatzea eta hartan herritarrek eta erakundeek duten parte-hartzea bultzatzea.

e) Foru Zuzenbide Zibilari buruzko azterlanak prestatu eta hedatzea.

f) Foru Zuzenbide Zibilaren bilakaera aztertzea, arlo horretan ateratzen den doktrina jurisprudentzialean oinarriturik.

g) Antzeko eginkizunak dituzten Espainiako edo atzerriko erakundeekiko lankidetza sustatzea.

h) Nafarroako Gobernuak lege, erregelamendu edo erabakien bidez esleitzen dizkion beste eginkizunak.

III. KAPITULUA. NAFARROAKO FORU ZUZENBIDE ZIBILAREN KONTSEILU AHOLKU-EMAILEKO KIDEAK

5. artikulua. Osaera.

Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Kontseilu Aholku-emaileak kide hauek izanen ditu:

a) Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, kontseiluburu izanen baita.

b) Lehendakaritzako zuzendari nagusia, Kontseiluko buruordea izanen baita.

c) Justizia zuzendari nagusia.

d) Legegintza eta Koordinazio Zerbitzuko zuzendaria, idazkaria izanen baita.

e) Kontseiluburuak izendatu beharreko sei kontseilukide gehienez, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren inguruko arloetan izen handia duten legelarien artetik aukeratuak.

f) Kontseiluburuak izendatu beharreko hamar kontseilukide, irizpide hauen arabera:

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ordezkari bat eta Nafarroako Unibertsitateko ordezkari bat, tokian tokiko gobenu organoek hango zuzenbide zibilaren irakasleen artetik proposatzen dituztenak.

Nafarroako Justizia Administrazioko bi ordezkari, Foru Zuzenbide Zibilaren inguruko eginkizunak dituztenen artetik Nafarroako Auzitegi Nagusiko Gobernu Salak hautatu beharrekoak.

Nafarroako Foru Komunitateko abokatuen elkargoetatik bi ordezkari, Foru Zuzenbide Zibilean adituak. Elkargoetako gobernu batzordeek aukeratuko dituzte, bazkideen artetik.

Nafarroako Kontseiluko kide bat, erakunde horretako osoko bilkurak proposatua.

Nafarroako Notarioen Elkargoko ordezkari bat eta Nafarroako Jabetzako eta Merkataritzako Erregistratzaileen Elkargotik ordezkari bat, tokian tokiko kontseiluak edo gobernu batzordeak bazkideen artetik aukeratuak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko aholkulari juridiko bat.

6. artikulua. Kontseiluko kideen estatutua.

Kontseiluko kideek honako eskubide hauek dituzte:

a) Behar diren argibideekin batera, bilkuretarako deialdia aldez aurretik hartzea.

b) Kontseiluko bilkuretara joatea, parte hartzea eta bozkatzea.

c) Osoko Bilkurari proposamenak egitea.

d) Lan taldeen bileretara joatea eta bertan parte hartzea, haietarako izendatuz gero.

e) Dagozkien gainerakoak.

7. artikulua. Kargualdia eta kargua uztea.

1. Karguaren ondorioz kontseiluan egon behar duten kideek kargu hori duten bitartean egon beharko dute kontseiluan.

2. Karguagatik ez dauden kideak, berriz, bost urte egonen dira izendatzen direnetik, baina bukatutakoan berriz izendatu ahalko dira.

3. Kontseiluko kideek honelakoetan utzi beharko dute kargua:

a) Kontseilukide izateko eskubidea ematen dion kargua uzteagatik edo kargualdia bukatzeagatik.

b) Epaileek gaitasungabetu edo ezgaitzeagatik edo hiltzeagatik.

c) Kontseiluburuak erabakita, kausa hauek direla bide:

c.1. Izendapena egin zuen erakunde, organo edo korporazioko kide izatetik uztea edo haiek proposaturik.

c.2. Dimisioa.

d) Osoko bilkurak gehiengo absolutuaz hala erabakitzeagatik, kontseiluburuak proposaturik edo kideen heren batek eskaturik, kausa hauetakoren bat tartean egonda:

d.1. Gerora sortutako ezgaitasunagatik edo eginkizunak behin eta berriz ez betetzeagatik.

d.2. Beste edozein kausa objektiborengatik, behar bezala arrazoituz gero.

IV. KAPITULUA. NAFARROAKO FORU ZUZENBIDE ZIBILAREN KONTSEILU AHOLKU-EMAILEAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA

8. artikulua. Kontseiluaren organoak.

1. Hauek dira Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Kontseilu Aholku-emailearen organoak:

a) Kontseiluburua.

b) Idazkaria.

c) Osoko bilkura.

2. Egoki iruditzen zaionean, kontseiluburuak ahalmena izanen du gai jakin batzuk jorratzeko lantaldeak osatzeko. Lantalde horietan, behar diren kontseilukideekin batera, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren inguruko arloetako aditu batzuek ere parte hartu ahalko dute, kontseiluburuak gonbidatuz gero.

9. artikulua. Kontseiluburua.

1. Kontseiluburuak kontseiluaren ordezkari-lana hartuko du bere gain. Kontseiluko kide gisa dagozkion eginkizunez gainera, hauek ere dagozkio:

a) Kontseiluko bileretako deiak egitea, buru izatea eta haiek zuzentzea.

b) Egin beharrekoak kontseilukideen artean banatzea.

c) Kontseilutik kanpoko adituak izendatu eta haiei txostena eskatzea, beharrezkoa denean.

d) Lantaldeak sortzea.

e) Boto-berdinketak haustea, kalitateko botoa erabiliz.

f) Funtzionamendurako barne-araudian finkatzen diren gainerako eginkizunak.

2. Kontseiluburuaren kargua hutsik gelditzen denean, hura falta denean edo eri dagoenean, haren ordez kontseiluko buruordea arituko da, eta hori ere ordeztu behar izanez gero, kontseiluburuak hautaturiko kideak ordeztuko du.

10. artikulua. Idazkaria.

1. Idazkariari honako eginkizun hauek dagozkio:

a) Kontseiluko bileretako deialdiak egitea, aurretik kontseiluburuak aginduta.

b) Kontseiluko bilerak egiteko behar den dokumentazioa aztertu eta prestatzea.

c) Kontseiluko bileretako aktak egitea.

d) Kontseiluko jarduketen ziurtagiriak egin eta haien berri ematea.

e) Funtzionamendurako barne-araudian finkatzen diren gainerako eginkizunak.

2. Idazkariaren kargua hutsik gelditzen denean, hura falta denean edo eri dagoenean, haren ordez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko aholkulari juridikoa arituko da.

11. artikulua. Osoko bilkura.

1. Osoko bilkuran Kontseiluko kide guztiak arituko dira.

2. Kontseiluko osoko bilkura baliozkoa izateko eta haren bilerak egin, eztabaidatu eta erabakiak hartu ahal izateko, bertan kontseiluburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek eta, horiek barne, kideen gehiengo absolutuak egon beharko dute.

3. Osoko bilkurak erabakiak hartu ahal izateko bertaratzen diren kide gehienen aldeko botoa beharko da.

4. Osoko bilkurak Kontseiluaren barne-funtzionamendurako behar diren arauak onartu ahalko ditu.

12. artikulua. Bilkuren araubidea.

1. Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Kontseilu Aholku-emaileak urtean bitan eginen du osoko bilkura arrunta. Bilkura berezia, berriz, kontseiluburuak deialdia egiten duen guztietan eginen da, berak erabakita edo kideen heren batek eskaturik.

2. Bilkura arruntetarako deia hamar egun lehenagotik eginen da eta horrekin batera eguneko gai-zerrenda eta behar den dokumentazioa igorriko zaizkie kontseiluko kide guztiei.

3. Bilkura berezietako deiak Kontseiluaren barne-araudian ezarritakoaren arabera eginen dira.

Azken Xedapenetariko Lehena. Arauetarako gaitasuna.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak agindu ditzan.

Azken xedapenetariko bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web