(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

252/2002 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 16KOA, NAFARROAKO HEMOZAINTZA SISTEMA EZARTZEN DUENA.

BON N.º 19 - 12/02/2003



Atariko

Odolaren osagaiak prestatu eta erabili eta horien kalitatea bermatzeko Europako Kontseiluaren Gidak, bere 8. argitalpenean, honela definitzen du hemozaintza: odol-transfusioen ustekabeko ondorioei edo ondorio gaiztoei buruzko informazioa lortu, erregistratu eta aztertzeko sistema. Informazio horrek transfusioaren prozesu guztia hartzen du, hau da, odola edo odolaren osagairen bat emateko unea, odola prozesatzekoa, analisia, biltegiratzea, banaketa eta gaixoei ematea.

Europako Kontseiluak 2002ko otsailaren 14an onetsi zuen 28/2002 jarrera bateratuan, kontuan hartzekoetako 18.ean honela dio: "garrantzi handikoa da odola eta bere osagaiak ateratzean izan litezkeen ondorio gaizto edo ustekabekoei buruzko informazioa bildu eta aztertzeko zaintza-prozedura multzoa ezartzea, antzeko erreakziorik gerta ez dadin aurrerantzean, betiere neurri egokien bitartez transfusioen segurtasuna hobetzeko xedez. Horregatik, odola eta odolaren osagaiak atera, tratatu, kontrolatu, biltegiratu eta banatzeko prozesuarekin ikustekoa duten erreakzio edo ondorio gaizto larrien berri emateko sistema bateratu bat sortu beharra dago Europako Batasuneko estatuetan".

Hemozaintza sistema bat abiarazteak transfusioaren kalitatea hobetzea eta segurtasuna ekarriko dizkie erabiltzaileei, eta, bestetik, Europako Batasuneko estatuen artean egiten diren odol trukeak (edo odolaren produktuenak) baldintza bertsuetan eginen diren ziurtasuna ematen digu.

Halaber, Espainian, Hemoterapia Batzorde nazionalak, Osasun eta Kontsumo Ministerioaren menpeko baita, sistema hau Autonomia Erkidegoetan ere ezartzeko gomendioa eman du, betiere tokian tokiko idiosinkrasiari egokituz.

Uztailaren 1eko 199/1988 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Hemoterapia Batzorde Teknikoa sortu zen, urriaren 9ko 1945/1985 Errege Dekretua, odol-emateak eta odol-bankuak arautzekoa, Nafarroan aplikatzeko. Denbora luzea joan da eta, bestetik, hemozaintza sistemari erantsi behar zaizkio dagozkion eginkizunak. Horregatik, bidezko da sistema eguneratzea eta bere funtzionamendua sendotzea.

Hori horrela, Osasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko abenduaren hamaseian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

Nafarroako Hemozaintza Sistema ezartzen da. Hauxe du eginkizun nagusia: agintari eskudunei jakinaraz dakizkiela odola eta odolaren osagaiak atera, kontrolatu, tratatu, biltegiratu eta banatzeko prozesuan gertatzen diren gertakari ustekabeko larriak, horiek eragina izan badezakete odolaren edo odolaren osagaien kalitatean edo segurtasunean; jakinaraz dakizkiela, halaber, transfusioan edo transfusioaren ondoren odolaren edo odolaren osagaien kalitateari edo segurtasunari egozten ahal zaizkien ondorio gaizto guztiak. Gainera, Hemozaintza Sistemak behar diren neurriak hartuko ditu zentroek modu zehatz eta eragingarrian eta egiaztatzeko modukoan erretira ditzaten aurretik aipatutako jakinarazpenekin zerikusia duten odola eta odolaren osagaiak.

2. artikulua

Nafarroako hemozaintza sisteman Nafarroan diren ospitaleetako transfusio zentro eta zerbitzu publiko eta pribatu guztiek hartuko dute parte.

3. artikulua

Transfusioak egiten diren Nafarroako Foru Komunitateko ospitale bakoitzean hemozaintza sistemaren arduradun bat izendatu behar da.

4. artikulua

Hemozaintza sistemako informazioa ezkutukoa izanen da eta betiere Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 11ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritako eskubide eta betebeharrak errespetatuko dira.

5. artikulua

1. Odol-bankuari atxikirik, Nafarroako Hemozaintzaren Koordinatzailearen kargua eratzen da, honako eginkizun hauek betetzeko:

Nafarroako Hemozaintza Sistema garatzeko prozesua azkartzea.

Nafarroako Hemozaintza Sistemaren ikuskatze-lan orokorra.

Espainiako eta gainerako autonomia erkidegoetako hemozaintza sareko arduradunekin koordinatzea.

Zentroetako arduradunekin batera lan egitea transfusioarekin zerikusia duten langileentzako prestakuntzan eta informazioan.

Nafarroako Hemoterapia Batzorde Teknikoan idazkari lanak egitea.

Bidezko denean, osasun arloko agintariei eta Osasun eta Kontsumo Ministerioari informazioa igortzea.

Nafarroako Hemoterapia Batzorde Teknikoaren erabakiak betearaztea.

2. Nafarroako Hemozaintzaren koordinatzailea Osasun kontseilariak izendatuko du Nafaroako Odol-bankuko plantillako langileen artean. Izendapena bi urterako eginen da, eta epeak berritzen ahal dira. Karguak ez du ordain-saririk izanen.

3. Nafarroako Hemozaintzaren koordinatzaileak urtero txosten bat eginen du, zeinean bilduko baitira, martxan diren hemozaintza sistemaren ondorioak ikusita, interesgarri gerta daitezkeen emaitzak, gomendioak eta kontuan hartzeko bestelako kontu batzuk.

6. artikulua

Aldatu egiten dira uztailaren 1eko 199/1988 Foru Dekretuaren 1., 2. eta 3. artikuluak. Honela geldituko dira:

"1. artikulua. Hemoterapia Batzorde Teknikoa eratzen da, hemoterapia kontuetan eta Nafarroako hemozaintza sistemaren funtzionamenduari buruzko kontuetan organo aholku-emaile izan dadin osasun agintarientzat, autonomia erkidegoko koordinatzailearentzat eta Nafarroako osasun zentro eta zerbitzuentzat. Batzordea hauek osatuko dute:

Batzordeburua: Odol-bankuaren Zerbitzuko burua edo berak izendatzen duen pertsona.

Batzordekideak:

Nafarroan transfusioak egiten diren erietxe publiko eta pribatuetako ordezkariak, Osasun kontseilariak izendatuak erietxe bakoitzeko zuzendariak proposaturik, 1 erietxe bakoitzeko.

Organoen dohaintza eta transplanteen koordinatzailea autonomia erkidegoan.

Nafarroako Hemozaintzako koordinatzailea, idazkari lanetan arituko dena.

2. artikulua. Hemoterapia Batzorde Teknikoak honako eginkizun eta zeregin hauek izanen ditu:

a) Sei hilabetetik behin odolaren eta hemoderibatuen donazioaren berri izatea, aztertzearren donazioak zenbateraino eta nola egokitzen diren Odol-bankuaren zerbitzuen behar teknikoetara.

b) Nafarroako Hemozaintzako Koordinatzailearen urteko txostena onestea.

c) Zer ondorio gaizto deklaratuko diren proposatzea, baita modua eta izena ere, eta horien ebaluazioa, Hemoterapia Batzorde Nazionalak erabakitakoaren arabera.

d) Jarduketak proposatzea osasun zentroen beharrak hobeki asetzeko eta odolaren eta hemoderibatuen banaketa hobeki egiteko.

e) Transfusioen kalitatearen adierazleak definitzea, Foru Komunitatean eta ospitaleetako bakoitzean, ospitale bakoitzeko transfusioetarako batzordeen bitartez.

3. artikulua. Hemoterapia Batzorde Teknikoaren funtzionamendua batzordeak berak bere barreneko araubiderako onesten duenari egokituko zaio.

Normalean, bilkura arrunt bat eginen du batzordeak sei hilabetetik behin eta bilkura bereziak eginen ditu batzordeburuak edo kideen heren batek eskatzen duenean."

7. artikulua

Foru dekretu honek indarra hartu eta beranduenez hiru hilabeteko epean eratuko da Nafarroako Hemoterapia Batzorde Teknikoa, foru dekretu honetan ezarritako moduan, eta bere eraketa-bilkuran batzordearen beraren jarduketa-plana eta funtzionamendu-araudia onetsiko ditu.

Xedapen Indargabetzailea

Indarrik gabe gelditu dira foru dekretu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken Xedapena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web