(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

375/2000 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 18KOA, LANBIDE ELKARGOEI BURUZKO LEGEA GARATZEKO ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 7 - 15/01/2001



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. LANBIDE ELKARGOAK SORTZEA


  III. KAPITULUA. BANAKETA


  IV. KAPITULUA. BATEGITEA, BEREGANATZEA, IZENA ALDATZEA ETA DESEGITEA


  V. KAPITULUA. LANBIDE ELKARGOEN NAFARROAKO KONTSEILUAK


  VI. KAPITULUA. LANBIDE ELKARGOEN ESTATUTUAK


  VII. KAPITULUA. LANBIDE ELKARGOEN ETA ELKARGOEN KONTSEILUEN ERREGISTROA


Atariko

Apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legeak Nafarroan eratzen diren Lanbide Elkargoak eta Elkargoen Kontseiluak arautzen ditu. Azken xedapenetan lehenean ahalmena ematen dio Nafarroako Gobernuari Legearen erregelamendu bidezko garapena egiteko. Erregelamendu hau, beraz, gaitasun horren ondorio da eta zehatz-mehatz garatu beharra duten alderdietan legezko xedapenak osatzeko arau izateko asmoz prestatu da, berez arautegi osoa izateko asmorik gabe, izan ere, Legean azaltzen diren puntuak goi mailakotzat hartu behar dira eta.

Legearen arabera, inskripzioa publikotasunari begirako egintza da, aukerazkoa. Hortaz, Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroaren araubidea antolamendurako baliabide tekniko gisa hartu behar da, gorporazio horien funtsezko dinamikan eragin handirik gabekoa.

Nafarroako Gobernuak 2000ko abuztuaren 21ean hartutako Erabakiaren bidez, Lanbide Elkargoei buruzko Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesteko Foru Dekretuaren Proiektua aintzat hartu zen, ondoren, Nafarroako Kontseiluak aginduzko irizpena eman zezan. Irizpen hori 2000ko urriaren 30ean eman zen.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi milako abenduaren hemezortzian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Zertarakoa.

Erregelamendu honek Lanbide Elkargoei buruzko Foru Legea garatzen du, eta Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoan edo zati batean -eta ez beste inon- diharduten Lanbide Elkargoei eta Elkargoen Kontseiluei aplikatuko zaie, Estatuko legeria orokorrean xedatutakoa galarazi gabe.

2. artikulua. Helburu eta eginkizunak.

Lanbide Elkargoek nortasun juridiko propioa dute, eta jarduteko gaitasun osoa. Lanbide Elkargoei buruzko Foru Legeko 3. artikuluan adierazitakoak dira haien helburu funtsezkoak eta eginkizunak.

3. artikulua. Lankidetza hitzarmenak.

1. Nafarroako Administrazio Publikoek lankidetza hitzarmenak sina ditzakete Nafarroako Lanbide Elkargoekin eta Elkargoen Kontseiluekin, baldin eta horiek izena eman badute, behar bezala, Erregelamendu honetako VII. kapituluan ezarritako Erregistroan, bai, halaber, Foru Komunitateaz gaindiko jardun eremua duten beste batzuekin ere, baldin eta kolegiatuek Nafarroan jarduten baldin badute.

2. Lankidetza hitzarmenak formalizatzeko agiriek honakook zehaztuko dituzte:

a) Hitzarmena sinatzen duten organoak zein diren, eta parteetako bakoitzak zer gaitasun juridikoz diharduen.

b) Parteetako bakoitzak duen eskumena.

c) Jardueraren finantziazioa.

d) Lankidetza gauzatzeko eginen diren ekintzak.

e) Kudeatzeko antolaketa bat eratu behar denentz.

f) Indarraldiak eta izan daitezkeen luzapenak.

g) Iraungitzeko zioak, eta, iraungiz gero, nola bukatuko diren egiten ari diren jarduerak.

3. Begiratzeko eta kontrolatzeko organo misto bat sortu ahalko da, eta delako organoak argituko ditu lankidetza hitzarmenak interpretatzean eta betetzean sortzen diren arazoak.

II. KAPITULUA. LANBIDE ELKARGOAK SORTZEA

4. artikulua. Lurralde esparrua.

1. Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoa baino esparru txikiagoko Elkargorik ezin izanen da eratu.

2. Nafarroako Lanbide Elkargorik ezin izanen da eratu, baldin eta titulazio ofizial bereko beste Elkargo bat dago, beste lurralde esparru bat daukana eta Nafarroa bere baitan duena.

5. artikulua. Lanbide Elkargoak eratzea.

1. Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean, foru lege bidez eratuko dira Lanbide Elkargoak.

6. artikulua. Prozedura hastea.

1. Lanbide Elkargo berri bat sortzeko prozedura hasteko, elkargo horri dagokion titulazio ofizialeko profesionalek, Nafarroan helbidea dutenek, gehiengoz eskatu beharko dute sortze hori.

2. Eskaera arrazoitua izanen da, eta honako agiriok erantsiko zaizkio:

a) Eskatzaileen zerrenda, datuok izanen dituena: izen-deiturak, haien ordezkaria, zein tokitara igorri jakinarazpenak, nortasun agiri nazionalaren zenbakia, helbidea, titulazio ofiziala, data eta sinadura.

b) Nafarroako Gobernuko Ekonomi eta Ogasun Departamentuak luzatutako ziurtagiria, non adieraziko baita Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan zer pertsona fisiko eta juridiko dauden alta emanda eginen den jarduera horretan.

c) Ziurtagiria, lanbideari dagokion titulu ofizialaren Ikasketa Planarena edo gaitegiarena, ziurtagiri hori emateko edo ontzat jotzeko eskua duen erakunde publikoak luzatua.

d) Ziurtagiria, titulu ofizial hori edukita egin daitezkeen lanbide jarduerena, ziurtagiri hori ematen edo ontzat jotzen duen erakunde publikoak luzatua.

Halaber, komenigarri iritzitako datu eta agiri guztiak erantsi ahalko dira, eskabidea zehaztu edo osatzeko.

3. Eskabideak ez baditu aurreko atalean eskatutako datu edo agiri guztiak, interesatuei eskatuko zaie hamar eguneko epean hutsak zuzendu ditzatela edo nahitaezko agiriak ekarri, eta adieraziko zaie ezen, hori egin ezean, eskaera bertan behera utzitzat joko dela, eta artxibatu eginen dela bestelako tramiterik egin gabe.

7. artikulua. Jendaurreko aldia.

1. Formalki egokia den eskabide bat jasotakoan, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak jendaurreko aldia hasiko du, gutxienez ere hilabete batekoa, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean iragarki bat argitaratuz. Epe horretan, alegazioak aurkeztu ahalko dituzte interesatu guztiek.

2. Iragarki horretan aipatuko dira bai sortu nahi den Lanbide Elkargoko kide izateko zer titulazio ofizial eskatzen den, bai zer lanbide jardueratan aritzeko ahalmena ematen den, eta, halaber, dokumentazioa zer lekutan paratuko den jendaurrean eta alegazioak aurkezteko epea zein den.

8. artikulua. Interesatutako Departamentuen txostena.

Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak hasi den espedientearen kopia igorriko die, aurkeztutako alegazioak eta guzti, delako lanbidearekin zerikusia duten Departamentuei, hartara horri buruzko txostena egin ahal dezaten.

9. artikulua. Eratzeko legearen proiektua onestea.

Interesatutako Departamentuek aurreko idatz-zatian aipatu den txostena egin ondoren, Lanbide Elkargoa sortzeko Foru Legearen Aurreproiektua eginen du Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak, eta, bere txostenarekin batera, Nafarroako Gobernuari igorriko dio, onetsi eta Nafarroako Parlamentura bidal dezan.

III. KAPITULUA. BANAKETA

10. artikulua. Banaketa bidez sortzea.

Lurralde esparru handiagoko elkargo batetik banatu eta Nafarroako Lanbide Elkargo bat sortzea Foru Dekretu bidez eginen da, betiere Erregelamendu honetan ezarritako prozedurari jarraikiz.

11. artikulua. Hasiera.

Lurralde esparru handiagoko elkargo batetik banatzeko prozedura, bi modutara has daiteke, bai elkargo interesatuak bere Estatutuetan ezarritakoarekin bat hartutako erabakiaren bidez, bai banaketaren kausa den lurraldeari atxikitako kideek erabateko gehiengoaz eskatuta.

12. artikulua. Elkargo interesatuak tramitazioa egitea.

1. Baldin eta banatzeko ekimena Elkargo interesatuarena bada, eta elkargoaren erabakiak ez badira Estatutuen edo legearen araberakoak, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak hori jakinaraziko dio ukitutako elkargoari, okerra zuzen dezan. Zuzendu eta gero, aipatutako Departamentuak espedientea igorriko die ukitutako Elkargoei eta Elkargoen Kontseiluei, hilabeteko epean informazioa eman dezaten. Epe hori ageriko adierazpenik gabe igarotzen bada, banaketaren aldeko adierazpentzat joko da.

2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak proposaturik, Nafarroako Gobernuak Foru Dekretu bidez onetsiko du banaketa. Foru Dekretu hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

13. artikulua. Elkargoko kideen ekimenez hasitako tramitazioa.

1. Baldin eta banatzeko ekimena elkargo kideena bada, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari igorriko zaio eskaera, ondoko hauek erantsirik:

a) Delako Elkargoak emandako ziurtagiria, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldeari atxikitako kideak zein diren agertzen duena.

b) Banatzeko arrazoiak azaltzen dituen txostena, Elkargo berri baten beharra izateko kausak azaltzen dituena, eta ekonomi bideragarritasunaren azterlana dakarrena.

c) Konpromisoa, banaketatik eratorritako ondare-kargei aurre eginen zaiela.

2. Banaketak ukitutako Elkarteari edo Elkarteen Kontseiluari igorriko zaie espedientea, egoki juzkatzen dituzten alegazioak egin ditzaten, hilabeteko epean.

Behin alegazioak ebatzita, Nafarroako Gobernuak -Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak proposaturik- onetsi eginen du banaketa, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko den Foru Dekretu baten bidez.

IV. KAPITULUA. BATEGITEA, BEREGANATZEA, IZENA ALDATZEA ETA DESEGITEA

14. artikulua. Bategiteko, bereganatzeko edo izena aldatzeko prozedura hastea.

1. Ukitutako Lanbide Elkargoen eskabideak -beren Estatutuetan zehaztutako eran egindakoak- hasiko du bategiteko, bereganatzeko edo izena aldatzeko prozedura.

2. Elkargoen erabakiak ez badira Estatutuen edo Legearen araberakoak, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak horren berri emanen die ukitutako Elkargoei eta Elkargoen Kontseiluei, okerrak zuzen ditzaten.

15. artikulua. Bategitea, bereganatzea edo izena aldatzea nola tramitatuko den.

1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak espedientea igorriko die ukitutako Elkargoei eta Elkargoen Kontseiluei, egoki iruditzen zaiena alegatu edo informa dezaten, gehienez ere hilabeteko epean. Epe hori ageriko adierazpenik gabe igarotzen bada, bategitearen, bereganatzearen edo izena aldatzearen aldeko adierazpentzat joko da.

2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak proposaturik, Nafarroako Gobernuak, bidezko iruditzen bazaio, Bategin, bereganatu edo izena aldatzeko Foru Dekretua onetsiko du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

16. artikulua. Desegiteko prozedura.

1. Lanbide Elkargo bat desegiteko -Legeak ez badu ezer zehazten, eta bateginez zein bereganatuz gertatutako desegiteak galarazi gabe-, Elkargo interesatuaren akordioa beharko da, bere Estatutuetan zehaztutako eran hartua, eta, gainera, Nafarroako Gobernuak onestea Foru Dekretu bidez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak proposaturik eta aldez aurretik, Kontseilurik badago, Elkargoen Kontseiluei entzunik.

2. Elkargo bat desegiteko arauak zehaztu eginen ditu desegite horrek dakartzan ondorio juridikoak; ondarea, eskubideak eta obligazioak likidatzeko prozedura ezarriko du, eta, gerakinik badago, horren zertarakoa finkatu, Elkargoaren Estatutuekin eta aplikatzekoa den araudiarekin bat.

V. KAPITULUA. LANBIDE ELKARGOEN NAFARROAKO KONTSEILUAK

17. artikulua. Jarduera esparrua.

1. Titulazio ofizial beraren inguruko Lanbide Elkargoek, baldin eta beren jarduera esparrua Nafarroako Foru Komunitateko lurraldearen zati bat bada, Lanbide Elkargoen Nafarroako Kontseilua eratu ahalko dute.

18. artikulua. Izaera juridikoa.

1. Lanbide Elkargoen Nafarroako Kontseiluak zuzenbide publikoko erakundeak dira, nortasun juridiko propioa dute eta, halaber, beren helburuak betetzeko ahalmen osoa.

2. Lanbide Elkargoen Nafarroako Kontseiluek lankidetza- eta koordinazio-harremanak izan ahalko dituzte dagozkien Kontseilu Nagusiekin, beren gain dauzkaten helburuak iristearren.

19. artikulua. Kontseiluak nola sortu.

1. Lanbide Elkargoen Nafarroako Kontseiluak Foru Lege baten bidez sortuko dira.

2. Lanbide Elkargoen Nafarroako Kontseiluak sortzeko ekimena, lanbide bereko Elkargoen Gobernu Batzordeari edo Zuzendaritzari dagokio, eta, sortu ahal izateko, lanbide bereko Nafarroako Elkargo guztiek horren aldeko erabakia hartu beharko dute.

3. Sortzeko ekimena izanda gero, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak proposaturik, lege proiektu bat onetsiko du, eta proiektu hori Nafarroako Parlamentura igorriko da, hark onets dezan.

20. artikulua. Iraungitzea.

Lanbide Elkargoen Nafarroako Kontseiluak iraungitzeko erabakia Kontseiluak berak hartuko du, beren Estatutuetan zehaztutako eran hartu ere. Iraungitzea Nafarroako Gobernuaren Foru Dekretu baten bidez eginen da, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak proposaturik, iraungitzeak ukitutako Elkargoei entzun ondoren.

VI. KAPITULUA. LANBIDE ELKARGOEN ESTATUTUAK

21. artikulua. Ordenamendu juridikoaren mendean.

1. Lanbide Elkargoek estatutuak egin eta onesterakoan izanen dute muga bakarra zera izanen da, Lanbide Elkargoei buruzko Foru Legean eta ordenamendu juridikoan xedatutakoa. Lanbide Elkargoen Estatutuak aldatzeko baldintzak, haiek onesteko ezarritakoak berak izanen dira.

2. Betiere, Estatutuek ziurtatu egin beharko dute beren barne egitura eta funtzionatzeko era demokratikoak direla.

3. Elkargoen Estatutuek ezin izanen dituzte eduki lanbide lehia baztertzen edo mugatzen duten xedapenak.

VII. KAPITULUA. LANBIDE ELKARGOEN ETA ELKARGOEN KONTSEILUEN ERREGISTROA

22. artikulua. Izena ematea.

1. Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan -Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikita baitago-, lurralde esparrua Nafarroako Foru Komunitatea duten Lanbide Elkargoek eta Elkargoen Kontseiluek eman ahalko dute izena.

2. Legetasun arrazoiak direla medio, baina ez bestela, arrazoiak emanez ukatu ahalko da izena emateko datuak sartzea, Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan.

23. artikulua. Edukia.

Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan izena ematean, honakook adieraziko dira:

a) Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen izena eta helbidea; Nafarroan izanen dute horiek beren jarduera esparrua.

b) Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Estatutuak, eta horien aldaketak.

c) Haien organoen Barne Araubideko Erregelamenduak.

d) Elkargoak eta Kontseiluak sortu, bategin, bereganatu, desegin edo horien izena aldatzeari buruzko datuak.

e) Legez, Nafarroako Elkargoek eta Kontseiluek lurralde esparru desberdineko beste batzuekin edo Nafarroako Administrazio Publikoekin sinatzen ahal dituzten hitzarmenak eta akordioak.

f) Elkargoetako eta Kontseiluetako organoen osaera zein den, une bakoitzean.

24. artikulua. Inskribitzeko prozedura.

1. Ukitutako Nafarroako Lanbide Elkargoetako eta Elkargoen Kontseiluetako gobernu organoek dute bidezko ahalmena, Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskribitzea bultzatzeko.

2. Inskribitzeko modukoak diren egintzak gertatzen direnetik aitzina, hilabeteko epea izanen da Erregistroan inskribitzeko.

3. Lanbide Elkargoek edo Elkargoen Kontseiluek onetsitako Estatutuak -edo horien aldaketak- Erregistroan inskribitu nahi badira, Elkargoak edo Elkargoen Kontseiluak igorri egin beharko ditu Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusira. Hala, organo horretako titularrak, Departamentuan horretako eskua duen organoak legetasun kalifikazioa egin ondoren, aginduko du Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskribitzeko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko.

4. Baldin eta estatutuen edo haien aldaketaren legetasunari buruzko txostena kontrakoa bada, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak aginduko du Lanbide Elkargoari edo Kontseiluari itzultzeko, ikusitako hutsak zuzendu direla ziurta dezaten, hamar eguneko epean; eta itzultzean adieraziko zaie ezen, halakorik egiten ez badute, bertan behera utzitzat joko dela eskaera, eta bestelako izapiderik gabe artxibatu eginen dela.

5. Onetsitako Estatutuak edo haien aldaketak aipatutako Departamentuan sartu, eta hiru hilabete igarotzen badira ageriko ebazpenik -aurreko bi idatz-zatiei jarraiki- eman gabe, inskripzioa formalizatutzat joko da. Zernahi dela, inoiz ere ez dira inskribitutzat joko legetasunari aurka egiten dioten Estatutuen edo aldaketen Lanbide Elkargoak edo Elkargoen Kontseiluak.

25. artikulua. Erregistroa nola antolatuko den.

1. Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroa -Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikirik baitago- Araubide Juridiko eta Administratiboaren Zerbitzuaren mendean egonen da Nota de Vigencia.

2. Erregistroak -beharbada, euskarri informatiko egokiren bat erabiliz- honela antolatuko du dokumentazioa:

a) Egunez eguneko liburua, non idatziko baita, sarrera-ordenari zehazki atxikirik, inskripzioa egiteko eskaerak noiz aurkeztu ziren, eta zer agiri erantsi ziren.

b) Inskripzioen liburua, normalizaturiko orrialde zenbakidunak izanen dituena; klabe bat egonen da Erregistroan inskribitutako Lanbide Elkargo edo Elkargoen Kontseilu bakoitzeko. Idazpenak egin eta zenbaki bat emanen zaie, ordena kronologikoari jarraiki. Hala, inskripzio zenbakiak bi osagai izanen ditu: Lanbide Elkargoari edo Elkargoen Kontseiluari dagokion klabea, eta, hari erantsita, izendapen zenbakia.

c) Aurkibidea, non agertuko baitira, alfabetoaren arabera ordenaturik, Erregistroan izena emandako Lanbide Elkargoak eta Elkargoen Kontseiluak. Izenarekin batera, klabea eta dagokion orrialdearen zenbakia agertuko dira.

3. Erregistroak Eranskina izanen du, banan-banako artxibo bat, non agertuko baitira Lanbide Elkargo edo Elkargoen Kontseilu bakoitzaren Estatutuak eta haien aldaketak, eta, halaber, inskribitutako egintzei buruzko gainerako dokumentazioa eta eskabideekin batera aurkeztutako dokumentazioa.

26. artikulua. Publizitatea.

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 37. artikuluari lotuko zaio Lanbide Elkargoen Erregistrora jotzeko eskubidea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena

Erregelamendu hau aplikatzeko arau zehatzagoak eman ahalko ditu Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak.

Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web