(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

10/2005 FORU LEGEA, azaroaren 9koa, argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzkoa Nota de Vigencia

BON N.º 136 - 14/11/2005



  I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak


  II. KAPITULUA. Argiteria arautzeko araubidea


  III. KAPITULUA. Administrazio publikoen jarduerak


  IV. KAPITULUA. Araubide ekonomikoa


  V. KAPITULUA. Zehapenen araubidea


ZIOEN AZALPENA

Gaueko argiztapena, bere bilakaeraren eta garapenaren bitartez, lagungarri gertatu da bai herritarren segurtasuna bai bide-segurtasuna bermatzeko eta, orobat, merkataritza, produkzio, kirol eta jolas jarduerak garatzeko, orain zenbait urtera arte pentsaezina baitzen halakoetan aritzea gaueko zenbait ordutan.

Hala eta guztiz ere, izaki bizidunak, Lurrean agertu zirenetik, beren prozesu biologikoak eguna-gaua alternantziaren arabera egokitzen joan dira. Fenomeno horren pertzepzioa latitudearen arabera ezberdina denez, espezieak beren habitataren bereizitasunari egokitzen joan dira. Alternantzia horren nahasmenduak ezagutzen ez ditugun ondorioak dauzkaten distortsioak sortuko lituzke; izan ere, litekeena da espezie batzuk desagertzea eta gainerakoetarako egokitze exijentzia berriak sortzea.

Argi gehiegi jartzeak, proiektu fotometriko akastunek nahiz argiteriako instalazioen ustiaketa desegokiak funtsezko eragina izan dezakete zerua behatzeko baldintzetan, eta kontuan hartu behar da zerua, herritarrek galdu beharko ez luketen eta zientifikoki aztertzeko aukera egon beharko lukeen ondare bat den aldetik, babestu beharreko paisaia natural bat dela.

Bai zeruranzko zuzeneko argi-igorpenak, bai argitutako azaleretan islatutako erradiazioak hedatu eta atmosferan esekita dauden gas eta partikuletan islatzen direnean, gaueko distira argitsua sortzen dute, hartara, zeruaren hondo naturalaren distira areagotuz; horrekin, zeruko objektuen astronomia-behaketa zailagoa gertatzen da eta 'argi kutsadura' deitzen dena sortzen da.

Energia, halaber, garapen iraunkorra lortzeko faktore erabakigarria da. Energia eskariaren funtsezko zati bat energia elektrikoaren produkzioak etengabe gora egin izanari zor zaio. Argiteria publikoa eskari horren zati handi bat da, eta haren instalazioen tamainak, horrenbestez, behar bezalakoa izan behar du, energiaren arloan efizientzia eta kontsumoan aurrezkia sustatuz.

Energiaren kontsumo arduratsuak herritarren hezkuntza zibikoaren ezinbesteko atala izan beharko luke. Lehenbizi, energia kontsumoaren egungo eredua funtsean baliabide natural ez-berriztagarriak (ikatza, petrolioa edo uranioa) bihurtzean oinarritzen delako; horrenbestez, horiek xahutzeak haiek agortzeko denbora arintzen du eta etorkizuneko belaunaldiei haietaz gozatzeko aukera kentzen die. Era berean, energia bihurtzeko, garraiatzeko eta gero kontsumitzeko prozesuetan ingurumena larriki kutsatzen dituzten hondakinak sortzen direlako (erradioaktibitatea, euri azidoa, itsasoen kutsadura, ke toxikoek eragindako kutsadura atmosferikoa ...), eta oreka klimatikoa aldarazteko mehatxua dakartelako (CO² isurtzeen ondoriozko negutegi efektua).

Nafarroako energia aurrezteko planaren arabera, garapen iraunkorraren oinarrizko printzipioetako bat baliabideen erabilera efizientea da, eta, horrenbestez, efizientzia energetikoaren optimizazioa.

Ziklo biologikoen aldaketa ahal den guztian gutxitzeko, gaueko argien distira ahal den guztian gutxitzeko eta ahal den efizientzia energetiko handiena lortzeko, beharrezkoa da argiteria-instalazioek irizpide koherente eta arrazionalak betetzea.

Argi iturrien gainean jardun beharko da, haiek baitira argia igortzen dutenak, luminarien goiko hemisferiorako igorpenak mugatuz eta errendimendu onena dutenak hautatuz; instalazioari dagokionez, nahi diren mailak erdiesteko ahal den eta argi-puntu gutxien ezarriko da, haiek energia-horniduran gertaturiko parametro elektrikoen aldaketengatik gainditu gabe; galtzadetako zoladura motei dagokienez, berriz, islatzeak goiko hemisferiora mugatu behar dira; halaber, kontuan hartu behar da gaueko ordu jakin batzuetan apaindurako argiak itzali egin behar direla, bai eta trafikoaren intentsitateak nabarmen behera egiten duen orduetan argi-mailak murriztu ere, uniformetasuna aldatu gabe, betiere erabiltzaileen segurtasuna bermatuta.

Halaber, instalazioen itzaltzea eta piztea egokiro erregulatzeko funtzionamendu araubide bat ezarri beharko da, hartara funtzionamendu aldiak behar gabe luza daitezen saihestuz; bestalde, hornidurako tentsioa egonkortzeko sistema bat ezarri beharko da, funtzionamenduan beharrik gabeko kontsumoak saihesteko eta trafikoren intentsitateak nabarmen behera egiten duen orduetan igorritako argi fluxua gutxitzeko; hartara, nabarmentzeko moduko energia aurrezpena lortuko da.

Sekula ez da ahaztu behar kanpoko argiteriak xede bat duela: herri bizitza atsegina sortzen laguntzea, istripuak gutxitzea, zirkulazioaren konforta eta arintasuna areagotzea, oinezkoarentzako ikusgarritasuna eta segurtasuna handitzea, inguruko eraikin eta ondasunen segurtasuna bermatzea eta eraikin eta monumentu batzuk nabarmentzea; baina ezin da ontzat jo, ezta ere, gaueko argiztapen gehiegizko edo akastun batek gaueko iluntasun aldien alternantzia naturala aldatzea, zeruaren ikusmira eragoztea eta behar gabeko energia kontsumo bat sortzea. Argiztapen arrazoizko batek dauden argi-beharrizanak beteko ditu, baina kutsadura eta behar den energia kontsumoa gutxituz.

Nafarroako Parlamentuak jada horri buruz hitz egin izan du, hain zuzen ere 2002ko otsailaren 28ko erabakia onetsi zuenean; haren bitartez, Gobernua premiatu zen "argiteria instalazio eta aparatuak arautzeko foru lege proiektu bat igor zezan", sor dezaketen argi-kutsaduraz denaz bezainbatean. Proiektuak ondoko helburuak izanen ditu: energia aurreztea, argia etxe-ingurunean sar dadin eragoztea, ahal den guztian baldintza naturalak errespetatzea eta zeruaren ikuspegian kutsadura saihestea. Horretarako, argiteriaren baldintzak arautuko dira, eta zaurgarritasunaren araberako lurralde-eremuen sailkapena eginen da. Administrazio publikoek egin beharrekoak ere ezarriko dira. Halaber, laguntzen eta zehapenen araubidea ezarriko da.

Arrazoi horiek guztiek, eta ingurua babestu beharra dela-eta herritarrak gero eta kontzientziatuagoak egoteak, justifikatu egiten dute gaueko argiztapen desegokiak planteatzen dituen arazoei eta hartatik ondorioztatzen diren argi-kutsadurako moduei erantzuteko mekanismoak foru lege honen bitartez arautzeko beharra, alde batera utzi gabe gaueko argiztapena funtsezko elementua dela herritarren segurtasunerako, bide segurtasunerako eta jendea bizi deneko aldeetako merkataritza-, turismo- eta jolas-jardueretarako. Betiere, gaueko argiteriaren arautze egokia lagungarri gertatuko da hiri eta herrietan jendearen bizi-kalitatea hobetzeko.

Espainiako Argiztapenaren Komiteak eta Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuak emandako gomendioei jarraituz, foru lege honek lurraldea zenbait eremutan banatzen du, onargarri gerta daitekeen argitasunaren ikuspuntutik bakoitzak dauzkan ezaugarri eta berezitasunen arabera, eta ezartzen ditu, alde batetik, onargarri gerta daitezkeen distira-intentsitateei eta argiteria diseinatzeari eta ezartzeari dagozkien alderdiak eta, bestetik, funtzionamendu ordutegiak.

Foru legeak, halaber, bilatzen dituen helburuak betetzeko administrazio publikoek dauzkaten betebeharrak ezartzen ditu, dauden argiteriak agindu berrietara egokitzeko balizko eragiketak laguntzeko behar diren laguntza ekonomikoak finkatzen ditu, behar den zehapen araubidea arautzen du eta, azkenik, herritarrak argi-kutsadurak planteatzen dituen ingurumen arazoak direla-eta kontzientziatzeko kanpainak egin daitezen bultzatzen du.

Foru lege honen aplikazioak baliagarri izan behar du gizarteak ingurunea zaindu eta babesteko hartzen duen konpromiso orokorrean aurrera egiteko, argiterien efizientzia energetikoa hobetzeko eta garapen iraunkorra lortzeko.

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honen helburua da kanpoko eta barruko argiteriaren instalazio eta elementuak arautzea, sor dezaketen argi-kutsadura eta haien efizientzia energetikoa direla eta. Nafarroako Foru Komunitatean dauden kanpoko argiteria instalazio berriek - publikoek zein pribatuek- bete behar dituzten baldintzak eta egun dauden instalazio desegokietan aplikatu beharreko zuzentze-neurriak ezarri nahi dira, instalazio horiek kontsumitzen duten energiaren erabilera efiziente eta arrazionalaren bitartez eta gaueko argi-distira murriztuz ingurumena babesteko; hori guztia, halere, ez da eragozpen izanen instalazio horiekin oinezkoak, ibilgailuak eta jabetzak argiztatzeko eta, beraz, horiei segurtasuna emateko.

2. artikulua. Helburuak.

Hona hemen foru lege honen helburuak:

a) Kanpoko argiterien efizientzia energetikoa sustatzea, energia aurreztuz, erabiltzaileen segurtasuna ezertan kaltetu gabe.

b) Gaueko orduetako baldintza naturalei ahal den guztian eustea, faunaren, floraren eta, oro har, ekosistemen onerako.

c) Etxeko ingurunean argia bidegabe sar dadin eragoztea eta, betiere, haren enbarazu eta kalteak gutxitzea.

d) Argi-kutsadurak zeruaren ikuspegian dauzkan eraginei aurrea hartu eta haiek zuzentzea.

e) Hondakinen kudeaketari eta substantzia arriskutsuen erabilerari buruzko Europako Zuzentaraua ekipo elektriko eta elektronikoetan betetzen laguntzea.

3. artikulua. Aplikazio esparrua.

Foru lege hau foru erkidegoaren esparruan aplikatuko da, instalazio berrietako kanpoko argiteriako proiektuetan, diseinuko txosten teknikoetan eta obretan, publikoetan nahiz pribatuetan, bai eta egun dauden argiteriak birmoldatu edo zabaltzeko proiektuetan ere.

4. artikulua. Definizioak.

1. Foru lege honen eraginetarako, beti, elektronikako hiztegian luminotekniari dagokion zatian dauden kontzeptuak erabiliko dira.

2. Ondorio horietarako, eta argiteriari eman behar zaion erabilerari dagokionez, honakoak ulertu behar dira:

a) Bideetako kanpoko argiteria: ibilgailuak ibiltzeko lekuena.

b) Oinezkoentzako kanpoko argiteria: pertsonak ibiltzeko lekuena.

c) Bideetako eta oinezkoentzako kanpoko argiteria: ibilgailuak eta pertsonak ibiltzeko lekua.

d) Apaindurarako kanpoko argiteria: helburu estetikoekin argiztatutako lekuena.

e) Industrietarako kanpoko argiteria: jarduera industrialetarako lekuena.

f) Merkataritza eta publizitaterako kanpoko argiteria: merkataritza edo publizitate jardueretarako lekuena.

g) Kirol eta josteta jardueretarako kanpoko argiteria: kirol edo josteta jardueretarako lekuena.

h) Segurtasuneko kanpoko argiteria: zaindu eta kontrolatu beharreko lekuena.

i) Eraikinetako kanpoko argiteria: jabetza pribatuko finka batekoak izanda ere eraikinetatik kanpokoak diren lekuena.

j) Ekipamenduetarako kanpoko argiteria: ekipamendu publiko nahiz pribatu batekoak izanda ere, eraikinez kanpokoak diren lekuena.

5. artikulua. Aplikaziorako salbuespenak.

1. Ondokoak egonen dira foru lege honetan finkaturiko betebeharrak betetzetik salbuetsirik, erregelamendu bidez ezartzen diren kasuetan eta norainokoarekin:

a) Aireportuak eta trenbide instalazioak.

b) Segurtasun indar eta gorputzen instalazioak eta instalazio militarrak.

c) Ibilgailu motordunak mugimenduan daudenean edo maniobratzen ari direnean.

d) Oro har, herritarren segurtasuna bermatzeko berariazko arauen bidez arauturiko argiztapena duten azpiegiturak.

2. Hala eta guztiz ere, salbuespen kasuetan, Nafarroako Gobernuak horren ardura duten erakundeekin itunak sinatuko ditu foru lege honen helburuetatik ahal den eta gehien -esparru horietako jarduerarekin bateragarriak direnak- lortzeko.

3. Foru lege honen aplikazio esparrutik kanpo gelditzen da administrazio baimena edo kontrol administratiboko beste era batzuetako baimena duten jardueretako errekuntzek sorturiko argia, argitzeko helburua ez badute.

II. KAPITULUA. Argiteria arautzeko araubidea

6. artikulua. Zonifikazioa.

1. Foru lege hau aplikatzeko, lurraldea argi-kutsaduraren zaurgarritasunaren araberako eremutan banatuko da.

2. Lurraldearen eremuen araberako banaketa hori erregelamendu bidez ezarriko da, eta ondoko zonifikazioaren araberakoa izanen da:

a) E1 eremua: Naturgune babestuen sarean sarturiko eremuak edo babes berezia behar duten lurralde esparruetakoak, dauzkaten ezaugarri naturalak edo balio astronomiko berezia direla-eta, haietan distira txikiena baizik ezin baita onartu.

b) E2 eremua: distira txikia baizik onartzen ez duten lurralde esparruetan sarturiko eremuak, oro har hirietako etxebizitza-eremuetatik edo industria eremuetatik kanpo daudenak.

c) E3 eremua: distira ertaina baizik onartzen ez duten lurralde esparruetan sarturiko eremuak, oro har hirietako etxebizitza-guneetan.

d) E4 eremua: oro har, gaueko ordu-tartean jarduera handia duten etxebizitza-guneak eta merkataritza-guneak biltzen dituzten hiri eremuak.

e) Erreferentzia-guneak: Balio astronomiko edo natural berezietatik hurbil dauden guneak; horietako bakoitzarentzat, araupetze berezia ezarriko da. Eremu bakoitzeko argiztatze-beharrizanak erreferentzia-gunearekiko distantziaren arabera ezarriko dira.

3. Udalek zonifikazio propioa ezarriko dute beren udalerrian, betiere 2. idatz-zatiaren arabera onetsitako babes-mailari eutsirik, salbu eta justifikaturiko arrazoiak ematen badira, erregelamendu bidez araututakoaren arabera.

7. artikulua. Mugak eta debekuak.

1. Instalaturiko goi-hemisferioaren fluxua, 6. artikuluaren indarrez ezarritako eremuei aplikatzekoa, erregelamendu bidez arautuko da, 4.2 artikuluan zehazturiko erabilera guztietarako eta erregelamendu bidez zehazten den beste edozeinetarako.

2. 4.2 artikuluan zehazturiko berariazko erabileretako bakoitzarentzat, erregelamendu bidez ezarriko dira argi maila gehienekoak, nazioarteko gomendioak kontuan harturik, aipatu gomendioak aldatuz gero argi maila gehieneko haietan ere behar den egokitzapena egiteko mekanismoekin.

3. Gaueko ordutegian funtzionatu behar duten argiteriak instalatzeko proiektuak haien beharra justifikatzeko txosten batekin batera aurkeztuko dira.

4. 2. idatz-zatiaren arabera ezarritako argi maila gehienekoak ere barruko argiteriari ere aplikatuko zaizkio, baldin eta kanporako bidegabeko argi-sartzea gertatzen bada.

5. Ondokoak debekaturik daude:

a) Goi-hemisferioaren fluxua igorritakoaren 100eko 20 baino gehiago duten luminariak, interes bereziko argiterien kasuetan izan ezik, erregelamendu bidez zehaztutakoaren arabera.

b) Ohiko proiektagailu edo proiektagailu laserren bitartez plano horizontaletik gora emititzen duten argi-iturriak, salbu eta interes historiko berezia duten elementuak argitzen dituztenean, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.

c) Gaueko publizitateko aire-tresna eta -gailuak.

d) Eski pisten argiztapen iraunkorra.

e) Instalazioen argiztapena, 3. idatz-zatiak exijitzen duen zioen txostenik ez dagoenean.

8. artikulua. Argiztapen instalazio eta aparatuen ezaugarriak.

1. Argiztapen instalazio eta aparatuak argi-kutsadurari aurrea hartzeko eta energiaren aurrezpena, erabilera egokia eta aprobetxamendua errazteko moduan diseinatu eta instalatu beharko dira, eta horretarako behar diren osagaiak izanen dituzte.

2. Argiztapen aparatuei aplikatzekoak zaizkien betebeharrak erregelamendu bidez ezarriko dira, betiere 6. artikuluan ezarritako eremuen arabera, bidezkoa bada, eta 7. artikuluan ezarritako gehieneko mugekin, bereziki ondokoei dagokienez:

a) Luminarien okerdura eta norabidea, itxieraren ezaugarriak eta haietan pantailak jartzeko beharra, instalaturiko goi-hemisferioko fluxu gehienezkoak eta itsutzeak eta argia bidegabe sartzea saihesteko.

b) Erabili beharreko edo erabilera nagusiko lanpara motak.

c) Argi-fluxua argiteria mugatuko ordutegian erregulatzeko sistemak, bidezkoa bada, eta, betiere, elikaduraren tentsioaren egonkortzea bai modu nominalean bai murriztuan, instalazioak efizienteak izan daitezen eta erabilera egokia ahalbidetu dezaten.

d) Ekipoak estatikoak izanen dira eta irteerako tentsioa egonkortuko dute, hala modu nominalean nola murriztuan; sarrerako tentsioa 230 V _ 100eko 7 ingurukoa izanen da, _ 100eko 2ko perdoia izanen duela, eta era horretan argiztapen maila, modu uniformean, 100eko 50 bitarte murrizteko modua izanen da; hori dena, betiere, linearen hasieran.

3. 1 eta 2. idatz-zatietan xedatuaren arabera osagaien, deseinuaren, instalazioaren, horizontalarekiko ezarpen angeluaren eta efizientzia energetikoaren aldetik ezarritako baldintzak betetzen dituzten kanpoko argiteriako aparatuek bereizgarri homologatu baten bitartez kreditatzen ahal dute argi-kutsadura saihesteko eta energia aurrezteko beren nolakotasuna.

4. Behar diren mantentze programak eginen dira argiztapenerako instalazio eta aparatuen ezaugarriak kontserbatzeko.

5. Aurrezpen energetikoaren irizpideei jarraituz, kanpoko argiterietan lehentasuna eman behar zaio presio handiko sodio-lurrunezko (PHSL) lanparak eta presio txikiko sodio-lurrunezko (PTSL) lanparak erabiltzeari. Lanpara horiek merkurio-lurrunezko lanparen ordez erabili beharko dira argiteria publikoa berritzeko prozesuetan, eta instalaturiko potentzia murriztera jo behar da. Hartara, hondakin arriskutsu eta toxikoen sorrera gutxituko da, lanparen erabilera-bizitzari amaiera emandakoan.

Halaber, tentsioa egonkortzeko eta gutxitzeko ekipoen instalazioa sustatuko da; izan ere, ekipo horiek, hornidurako gaintentsioak saihestean, efizienteago bihurtuko dute instalazioa eta haien erabilera egokia bideratuko dute.

9. artikulua. Zoletako ezaugarri fotometrikoak.

1. Ehundura, labainketarako erresistentzia, gainazalaren drainatzea eta abarren aldetik eraikuntza-ezaugarriak, osaketa eta exekuzio-sistema egokiak diren guztietan, gomendagarria da trafiko-bideetako galtzadetan argiteria publikoko instalazioetarako islatze-ezaugarri eta propietate egokiak dituzten zolak erabiltzea.

2. Horrenbestez, bideragarria den guztietan, gomendagarria da trafiko-bideetako galtzadetan luminantzia-koefiziente ertaina edo ahal den eta handiena duten zolak jartzea, betiere ispilu-faktore txikiarekin.

10. artikulua. Urtaroen araubidea eta argiteriaren erabileraren ordutegiak.

1. Argi naturala dagoen orduetan, ondokoekin lotura duten instalazioak baizik ez dira piztuko:"

a) Segurtasun arrazoiengatiko argiztapena.

b) Kaleak, bideak eta pasabideak argiztatzeko, eta, horretarako erabiltzen diren bitartean, ekipamendu eta aparkaleku eremuak argitzatzeko.

c) Merkataritza, industria, nekazaritza, kirol edo josteta erabileretarako, jarduerak dirauen bitartean.

d) Justifikaturiko arrazoiengatik; erregelamendu bidez zehaztu beharko dira horiek, eta 7.3 artikuluak exijitzen duen txostenean zehaztuta agertu beharko dute.

2. Gauez kanpoan egiten diren ekitaldi berezi, jai, feria, kirol edo kultur jardueretarako, udalek argiteriaren araubide propioa erregulatu beharko dute; araubide horrek bateragarri egin beharko ditu argi-kutsaduraren prebentzioa eta energiaren aurreztea eta gertakarietatik ondorioztaturiko beharrak.

3. Kale eta bideetako argiak gutxitu eginen dira, argi-iturriek igorritako fluxua jaitsiz, herritarren jarduera eta trafikoaren intentsitatea nabarmen txikiagoak diren gaueko orduetan.

4. Kanpoko argiteriaren urtaro-araubiderako eta erabiltzeko ordutegietarako irizpide orokorrak erregelamendu bidez arautuko dira. Arautzeak kontuan hartuko ditu 1., 2. eta 3. idatz-zatietan aipaturiko xehetasunak, eta finkatu eginen ditu monumentuen edo kultur intereseko, interes historikoko eta interes turistiko bereziko elementu batzuen argiztapenerako argiteria mugatuko ordutegian aplikatzekoak diren baldintzak.

5. Artikulu honetan ezarritakoa aplikatuko zaie, halaber, barneko argiteriei, jabetza publikokoei nahiz jabetza pribatukoei, baldin eta argia kanpora bidegabe ateratzen bada.

III. KAPITULUA. Administrazio publikoen jarduerak

11. artikulua. Administrazio publikoen betebeharrak.

Administrazio publikoek, beren eskumenen arloan, ondokoa bete eta betearaziko dute:

a) Argiteriek argia ahal den eta modu eraginkor eta efizienteenean zabaltzea eta ahal den energia kopuru txikiena erabiltzea argiteria irizpideak betetzeko.

b) Erabiltzen diren luminariak itxiak edo pantailadunak izanen dira, 7. eta 8. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Jartzen diren kanpoko argiteriak, ahal den guztietan, argi- kutsadura saihesteko eta energia aurrezteko beren gaitasuna kreditatua duten eta gaitasun horri luzaroan eusteko moduan dauden elementuekin eginen dira, 8.3 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

d) Argiterien osagaiak argiztaturiko eremuaren erabileren ezaugarrietara egokituko zaizkie, eta ahal den guztietan uhin luzeko luzerako espektro ikusgarriaren eremuan emitituko dute.

e) Kale eta bideetako argiterietan fluxua jaistea hiriko jarduerak eta trafikoaren intentsitateak nabarmen behera egiten duten orduetan, betiere segurtasuna galdu gabe.

f) Argiteriak itzalirik egonen dira argiteria mugatuko ordutegian, beharrezkoak ez direnean.

g) Argiztapenerako instalazio eta aparatuetan behar den mantentze-lana eginen da, haien ezaugarriak kontserbatzeko.

12. artikulua. Administrazioaren eskuhartzearen araubidea.

1. Kanpoko argiteriaren ezaugarriak, foru lege honek eta hura garatzen duten arauek xedatuari egokituak, obra eta jarduera lizentziaren eskariarekin aurkeztu beharreko eranskinetako proiektu teknikoetan jaso beharko dira, eta urbanizazio proiektuetan, zeinetan, udalaren erabakiaren aurretik, Nafarroako Gobernuaren kasuko departamentuak nahitaez txostena eman beharko baitu horri buruz.

2. 1. idatz-zatiak ezarritakoa barneko argiteriei ere izanen zaie aplikatzekoa, baldin eta kanpo aldera bidegabe ateratzen badira.

13. artikulua. Kontratazio administratiborako irizpideak.

1. Administrazio publikoek obra, zerbitzu eta horniduren klausula administratiboetako pleguetan kanpoko argiteriak nahitaez bete beharreko baldintzak jasoko dituzte, argi-kutsadurari aurrea hartu eta hura zuzentzeko foru lege honetan eta hura garatzeko arauetan ezarritako irizpideei egokitzeko. Irizpide horiek faktura bidezko kontratazioetan ere bete beharko dira.

2. 8.3. artikuluak argi-aparatuetarako aipatzen dituen bereizgarri homologatuek kreditatzen dute, kontratazio administratiboari begira, 1. idatz-zatian finkaturiko betebeharrak betetzen dituztela.

3. Argiteria mugatuko ordutegian argiztapena behar duten eraikin, instalazio eta etxebizitzetarako beharrizan hori justifikatzen duen txostena aurkeztu behar da administrazio publiko eskudunari. Betiere, argiteria proiektua gutxienez ere argi-kutsadurari aurrea hartzeko eta efizientzia energetikoa lortzeko irizpideei ahal den guztian egokitu beharko zaie.

14. artikulua. Funts publikoez finantzaturiko eraikinak.

Funts publikoez finantzaturiko eraikin, instalazio eta etxebizitzetako kanpoko argiteriako proiektuak nahitaez foru lege honek argi-kutsadurari buruz eta efizientzia energetikoari buruz ezarritako prebentzio irizpideei egokituko zaizkie.

IV. KAPITULUA. Araubide ekonomikoa

15. artikulua. Laguntzen araubidea.

1. Foru lege honen aginduetatik kanpo dauden kanpoko argiteria desegokien egokitzea sustatzeko laguntzen lerro berariazkoak ezarriko dira.

2. 1. idatz-zatian aipaturiko laguntzak emateko lehentasunezko irizpidea izanen da kasuko argiteria E1 eremu bat edo erreferentzia-gune bat izatea.

3. 1. idatz-zatiak aipatzen dituen laguntzak jasotzeko eskariekin batera, instalazioaren eta dagokion aurrekontuko aldaketaren proiektu teknikoa aurkeztu beharko dira, bai eta instalazio bakoitzaren amortizazioari buruzko banakako balorazioa eta epea ere.

V. KAPITULUA. Zehapenen araubidea

16. artikulua. Zehatzeko moduko arauhausteak.

Arau-hauste administratiboa dira foru lege honetan ezarritako betebeharrei aurka egiten dioten egiteak eta ez-egiteak, hurrengo artikuluan ezarritako sailkapenaren eta graduazioaren arabera.

17. artikulua. Tipifikazioa.

1. Ondoko egiteak eta ez-egiteak arau-hauste arinak dira:

a) Bi ordu bitarte, argiteriaren erabilerari buruzko ordutegi-araubidea urratzea.

b) Goi-hemisferioaren fluxua igorritakoaren 100eko 20 eta 100eko 30 bitarte izatea.

c) Egitez edo ez egitez foru lege honetako edo bera garatuko duten arauetako determinazioak urratzea, arau-hauste larri edo oso larriak ez diren bitartean.

d) Luminaria edo argi-iturriak instalatzea 7.5. artikuluko a) eta b) letretan ezarritakoaren aurka.

2. Ondoko egiteak eta ez-egiteak arau-hauste larriak dira:

a) Bi ordu baino gehiagoz argiteriaren erabilerari buruzko ordutegi-araubidea urratzea.

b) Goi-hemisferioaren fluxuak, igorritakoaren 100eko 30 gainditzea.

c) Foru lege honetan eta hura garatzeko arauetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten argiztapen-aparatuak instalatzea.

d) Dagoen kanpoko argiteria aldatzea, haren intentsitatea, espektroa edo instalaturiko goi-hemisferioaren fluxua aldaraziz, eta, horrela, foru lege honetan edo hura garatzeko arauetan ezarritako baldintzak urratzea.

e) E1 eremuaren barruan edo erreferentzia-gune batean arau-hauste arin bat egitea.

f) Administrazioaren kontrol eta ikuskapen jarduera oztopatzea.

g) Urtebeteko epean bi arau-hauste arin edo gehiago egitea.

3. Ondoko egiteak eta ez-egiteak arau-hauste oso larriak dira:

a) Arau-hauste larri bat egitea baldin eta inguruneari kalte handia egiten badio, erregelamenduz ezarri beharreko balorazioaren arabera.

b) E1 eremuaren barruan edo erreferentzia-gune batean arau-hauste larri bat egitea.

c) Urtebeteko epean bi arau-hauste larri edo gehiago egitea.

18. artikulua. Zehapenen zenbatekoa.

1. Arau-hauste arinak 150 eta 600 euro bitarteko isunaz zehatuko dira.

2. Arau-hauste larriak 601 eta 3.000 euro bitarteko isunaz zehatuko dira.

3. Arau-hauste oso larriak 3.001 eta 60.000 euro bitarteko isunaz zehatuko dira.

4. Arau-hauste larrien edo oso larrien kasuan, eta foru lege honetan ezartzen diren helburuak betetzea ziurtatzeko bidezkoa bada, isunarekin batera ondoko zehapenetakoren bat jarri ahalko da:

a) Instalazioak behin betiko, erabat edo partzialki ixtea.

b) Instalazioak aldi batez, erabat edo partzialki ixtea, gehienez bost urtez.

c) Baimena kentzea edo bertan behera uztea, gehienez bost urtez.

19. artikulua. Organo eskudunak.

1. Foru lege honetan ezarritakoa betetzea eta betearaztea erregelamenduz zer administraziori esleitzen zaion, administrazio horrek izanen du foru lege honetako agindu eta betebeharrak hautsi diren ikuskatzeko eta salatzeko eskumena.

2. Era berean, ikuskapena eta salaketa egin duen administrazioa izanen da, hasieran, erregelamenduz ezarriko den zehapen-prozedura abian jartzeko eskumena izanen duena.

3. Edonola ere, foru lege honen arabera oso larriak diren arau-hausteetan, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuarena izanen da zehapen-prozedura abian jartzeko eta tramitatzeko eskumena.

20. artikulua. Zehapen araubidea igortzea.

Aurreko artikuluetan espresuki jasoa ez den guztian Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehendik dauden kanpoko argiteria desegokiak

Foru lege hau indarrean sartzen denean lehendik dauden kanpoko argiteria desegokiek beren baldintza teknikoei eutsi ahal izanen diete, lehen xedapen iragankorrean ezarritako moduan, baina foru lege honetan eta hura garatzeko arauetan ordutegi-erabileretarako zehazten den araubideari egokitu beharko zaizkio.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Kanpoko argiteria aldatzea

Foru lege hau indarrean sartu ondoren kanpoko argiterian aldaketa garrantzitsuren bat egiten bada intentsitatean edo instalaturiko goi-hemisferioaren fluxuan eragina duenik, foru lege honetan eta hura garatzeko arauetan ezarritakoei egokitu beharko da.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Argitasun naturalean eragindako asaldurak

Foru lege honen erregelamendu-garapenak kontuan hartu beharko ditu, foru legeak ezarritako baldintza eta printzipioekin bat, giza jarduerak eta argiteriaren instalazioek argitasun naturalean eragindako asaldurak, era askotako argi-kutsadurak ekar ditzaketenak.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Lehendik dauden kanpoko argiteriak egokitzea

Foru lege hau indarrean sartzen denean ezarrita dauden kanpoko argiteriak foru lege honetan eta hura garatzeko arauetan ezarritakoei egokitu beharko zaizkie erregelamendu bidez finkaturiko epeetan; epe horiek sekula ezin izanen dira izan zortzi urte baino luzeagoak, indarrean sartzen direnetik aurrera kontatzen hasita, eta, betiere, ondoko irizpideei jarraituz ezarri beharko dira.

a) Argiteriaren erabilerak.

b) Argiteria kokatuta dagoen eremuaren sailkapena.

c) Argiteriak ingurumenean eta herritarrengan sortzen dituen kalteak.

d) Aurrera eraman behar diren erreformen zenbaterainokoa.

e) Argiteriaren efizientzia energetikoa.

f) Egokitzearen kostu ekonomikoak.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Toki entitatearekiko lankidetza

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua, 15. artikuluan arauturiko laguntzen araubidearen eta bidezko diren beste aurrekontu-mekanismoen bitartez, toki entitateekin batera arituko da lanean argiteria publikoak foru lege honetan ezarritakoei egokitzeko.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

13. 3 artikulua betetzeko epea

Foru lege honetako 13.3 artikuluan ezarritako betebeharra legeak indarra hartu eta urtebeteko epean eskatuko da.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Zabalkunde kanpainak

Ingurumenaren arloko departamentu eskudunak herritarrei zuzendutako zabalkunde eta kontzientziazio kanpainak sustatuko ditu argi-kutsadurak sortzen dituen arazoei buruz.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Erregelamendu-garapena

Nafarroako Gobernuak foru lege honen erregelamendu-garapena sei hilabeteko epean eginen du.

AZKEN XEDAPENETAN HIRUGARRENA

Isunak gaurkotzea

Ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru dekretu bidez foru lege honetan finkaturiko isunak gaurkotzeko, kontsumorako prezioen indizearen aldaketei egokitzeko.

AZKEN XEDAPENETAN LAUGARRENA

Bereizgarri homologatua

Foru lege honen erregelamendu-garapena egiteko azken xedapenetako bigarrenean ezartzen den epean, departamentu eskudunak 8.3. artikuluan aipatzen den bereizgarri homologatua emateko behar diren baldintzak ezarriko ditu.

AZKEN XEDAPENETAN BOSGARRENA

Indarrean sartzea

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta hiru hilabeteko epean hartuko du indarra.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2005eko azaroaren 9an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F0522013

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web