(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

110/2005 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 5EKOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOKO KOORDINAZIO BATZORDEA ARAUTZEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 110 - 14/09/2005



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. KOORDINAZIO BATZORDEAREN EGINKIZUNAK


  III. KAPITULUA. GOBERNU BATZORDEKO KIDEEAK


  IV. KAPITULUA. KOORDINAZIO BATZORDEAREN FUNTZIONAMENDUA


Atariko

Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak 2005eko martxoaren 1ean hartu zuen indarra. Lege horrek, besteak beste, Nafarroako Gobernuari eta haren kideei zuzeneko laguntza eta sostengua emateko organoak arautzen ditu. Koordinazio Batzordearen sorrera, 18. artikuluan, nabarmentzekoa da. Izan ere, laguntza ikuspegi teknikotik eman behar dio Gobernuari.

Foru lege horretako zioen azalpenean adierazi bezala, Koordinazio Batzordeak bide emanen dio Nafarroako Gobernuari bere lan administratiboak alde batera uzteko eta horrela gehiago Foru Komunitatearen zuzendaritza-lan politikoetan aritzen ahalko da. Departamentuak koordinatzeko funtsezko organo bat ere izanen da. Horrek Administrazioaren ezaugarriak eta bakartasuna hobeki ezagutaraziko ditu, haren eginkizunak arlo edo unitate organikoetan bereiziak badira ere.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuak bere bilkuretan mintzagai dituen aferak eta aurkezten zaizkionak edo aztertzeko haren esku uzten direnak aztertzeko ardura duen organo kolegiatua bihurtzen du batzordea Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, eta Nafarroako Gobernuak onetsi beharreko erregelamenduzko xedapenetarako proiektuak teknikoki aztertzeko eginkizun garrantzitsua dagokio, dagokiokeen bestelako eginkizunik deusetan galarazi gabe. Foru legeak berak eztabaidatzeko eta laguntzeko gaitasuna ematen dio. Horregatik nabarmentzekoa da ezin izanen duela erabakirik hartu Nafarroako Gobernuak delegaturik.

Osaerari dagokionez, foru legeak ezartzen du, betiere, Gobernuko kontseilari-idazkaria izanen dela haren burua eta gutxienez ere Foru Komunitateko Administrazioko departamentu bakoitzeko zuzendari nagusiek edo idazkari tekniko nagusiek eta Nafarroako Gobernuaren Idazkaritzako titularrak osatuko dutela.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak Koordinazio Batzordea sortu eta haren oinarrizko osaera eta funtsezko eginkizunak zehazten ditu eta haren eginkizunei, osaerari eta funtzionamenduari buruzko arauetarako Nafarroako Gobernuaren foru dekretu batera jotzen du.

Foru dekretu honen xedea Koordinazio Batzordea arautu eta foru lege hartan aipatzen diren oinarrizko kontuak garatzea da.

Haren eduki zehatzari dagokionez, Koordinazio Batzordearen kontzeptuari eta izaera juridikoari buruzko orotariko xedapen batzuk biltzen ditu. Gero, haren eginkizunak garatzen ditu. Horien artean, hauexek dira nabarmentzekoak: Nafarroako Gobernuaren bilkuretan aztertu beharreko gaiak prestatzea, Nafarroako Gobernuak onetsi beharreko erregelamenduzko xedapenetarako proiektuak ikuspegi teknikotik aztertzea eta Nafarroako Gobernuko departementuen jarduna koordinatzea.

Halaber, Koordinazio Batzordearen osaera arautzen du. Foru legean berean aipatzen den aukera kontuan hartuz, erabaki da departamentu bakoitzeko idazkari tekniko nagusiek osatu dezatela.

Azkenik, eztabaidatzeko gaitasuna duenez, haren funtzionamendua behar den malgutasunaz egituratu da, haren buruak, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariak alegia, ezartzen dituen jarraibideekin bat.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bosteko irailaren bostean eginiko bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Koordinazio Batzordearen eginkizunak, osaera eta funtzionamendua arautzea da.

2. artikulua. Kontzeptua eta izaera juridikoa.

1. Koordinazio Batzordea Nafarroako Gobernuari laguntzeko organo kolegiatua da. Zuzenean Nafarroako kontseilari-idazkariaren menpe dago eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta foru dekretu honek ematen dizkioten eginkizunetan aritzen da.

2. Koordinazio Batzordeak ezin izanen du behin ere erabakirik hartu Nafarroako Gobernuak delegaturik.

II. KAPITULUA. KOORDINAZIO BATZORDEAREN EGINKIZUNAK

3. artikulua. Eginkizunak.

Koordinazio Batzordeak jarduteko esparrua orotarikoa da eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Gobernuak bere bilkuretan eztabaidatu behar dituen gaiak ikuspegi teknikotik aztertzea, salbu eta Nafarroako Gobernuko lehendakariak, beren berezitasun edo larritasunagatik, berak erabakirik edo kontseilariek eskaturik, zuzenean Gobernuaren esku uzten dituenak.

Beren edukiagatik, afera politikoak, Nafarroako Gobernuak egin beharreko izendapen eta kargu-uzte bereziki garrantzitsuak eta dominak, ohoreak eta goraipamenak ere gelditzen dira izapide horretatik kanpo.

b) Nafarroako Gobernuak onetsi beharreko erregelamenduzko xedapenetarako proiektuak ikuspegi teknikotik aztertzea.

c) Lege, administrazio eta prozedura arloetatik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen jarduna koordinatzea, maila bereko bestelako organoen eskurantzak deusetan galarazi gabe.

e) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen lan metodoak hobetzeko jarduerak aztertu eta proposatzea, unitate organiko eskudunak batera aritu beharreko arloetan ahalik eta batasun handienarekin, koordinaturik eta ezarririko jarraibideekin bat aritu ahal daitezen.

f) Nafarroako Gobernuak lege, erregelamendu edo erabakien bidez esleitzen dizkion beste eginkizunak.

III. KAPITULUA. GOBERNU BATZORDEKO KIDEEAK

4. artikulua. Osaera Nota de Vigencia.

1. Koordinazio Batzordeak kide hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, batzordeburua izanen dena.

b) Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, batzordeburuordea izanen dena.

c) Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuko zuzendaria, idazkaria izanen dena. Postua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, idazkariaren ordez batzordeburuak izendatzen duena arituko da.

d) Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia.

e) Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bakoitzeko idazkari tekniko nagusiak.

2. Koordinazio Batzordeko kideek eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Bilkuren deialdia aldez aurretik jasotzea, beharrezko informazioarekin batera.

b) Koordinazio Batzordearen bilkuretara joatea eta haietan parte hartzea. Bertaratze hori pertsonala eta delegaezina izanen da, galarazi gabe horiek ordezkatzea aplikatzekoa den araudiko xedapenekin bat.

c) Aztertutako gaiei buruz eta horiei dagokien dokumentazioari buruz sekretuaren betebeharra betetzea, baita Koordinazio Batzordeko kide izateari utzi eta gero ere.

d) Legozkiekeen beste ahalmen eta betebeharrak.

IV. KAPITULUA. KOORDINAZIO BATZORDEAREN FUNTZIONAMENDUA

5. artikulua. Bilkuren araubidea.

1. Ohiko izaeraz, Koordinazio Batzordea astero bilduko da, Nafarroako Gobernuaren kasuan kasuko ohiko bilkura egin baino lehen.

2. Izaera bereziaz, batzordeko buruak deitu adina aldiz biltzen ahalko da Koordinazio Batzordea.

3. Koordinazio Batzordea osatu eta haren bilerak egin ahal izateko, bertan buruak eta idazkariak edo haien ordezkoek eta, horiek barne, kideen erdiek egon beharko dute.

4. Koordinazio Batzordeko buruak behar den aldeaz dei eginen du ohiko bilkuretara eta baliabiderik egokienaren bidez gai zerrenda eta gaiei buruzko agiriak emanen zaizkie Koordinazio Batzordeko kide guztiei.

6. artikulua. Ohiko bilkuren gaizerrenda.

1. Koordinazio Batzordeko buruak ohiko bilkuretako gai zerrenda finkatuko du, atal hauetan egituratuko dena:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuetako kontseilariek proposaturik, hurrengo bilkuran Nafarroako Gobernuaren esku utzi behar diren gaien azterketa.

b) Hala komeni bada, eztabaidatu beharreko bestelako gaien azterketa.

c) Galdera eta erreguak.

2. Horretarako, Koordinazio Batzordeko buruak gai zerrendan sartu beharreko gaiak eta horiei buruzko agiriak Batzordearen funtzionamendu egokirako behar diren izapideez eta aldeaz kasuan kasuko departamentuetara igortzen direla bermatzen duen sistema bat ezarriko du.

7. artikulua. Bilkuren nondik norakoa.

1. Batzordeko buruak gai zerrendako gaiei buruzko eztabaidak zuzendu eta antolatuko ditu, eta aferak bideratuko, eta egoki iruditzen zaionean eten eta bukatutzat emanen ditu bilkurak.

Buruak bilkura etenez gero, zehaztuko du zer ordutan izanen duen segida, eta ondorio guztietarako bilkura bera eta bakarra dela ulertuko da.

2. Koordinazio Batzordearen bilkurak eztabaidatzeko dira eta bertan aztertzen diren gaiak ez dira bozkatuko.

3. Koordinazio Batzordeko buruak baimena ematen ahalko die Koordinazio Batzordeko kide ez direnei bilkuretara joateko. Pertsona horiek, kideek bezala, isiltasuna gorde beharko dute.

4. Buruak baloratuko ditu Koordinazio Batzordean aztertzen den gai bati buruz diren oinarrizko ezadostasun edo oharrak. Horrek, kasuan-kasuan, egokitzat jotzen dituen neurriak proposatu edo hartuko ditu.

5. Koordinazio Batzordeko idazkariak akta bat eginen du, non Koordinazio Batzordearen bilkura bakoitza egiten deneko denborari eta tokiari buruzko inguruabarrak, partaideen zerrenda, gai zerrenda eta, laburturik, eztabaidaturiko gaiak adieraziko baitira. Akta buruaren oniritzia duela izenpetuko da.

Azken xedapenetariko lehena. Arauetarako gaitasuna.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak agindu ditzan.

Azken xedapenetariko bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web