(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

112/1997 FORU DEKRETUA, APIRILAREN 21EKOA, NAFARROAKO KOOPERATIBEN ERREGISTROAREN ANTOLAMENDU ETA FUNTZIONAMENDUAREN ARAUBIDEA ONESTEN DUENA.

BON N.º 54 - 05/05/1997



  I. KAPITULUA. NAFARROAKO KOOPERATIBEN ERREGISTROAREN IZAERA, EGINKIZUNAK ETA ERAGINKORTASUNA


  II. KAPITULUA. NAFARROAKO KOOPERATIBEN ERREGISTROAREN FUNTZIONAMENDUA


  III. KAPITULUA. SOZIETATE KOOPERATIBOEK ERREGISTROAN UTZI BEHAR DUTEN DOKUMENTAZIOA ETA INSKRIBATU DAITEZKEEN EGINTZAK


Atariko

Nafarroako Kooperatibei buruzko uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legeak ematen dituen zioen adierazpenean Legearen lehentasunezko helburuak finkatzen ditu eta horien artean "Nafarroako Kooperatiben Erregistroaren eginkizun eta eskumenak zabaltzea, administratuaren zerbitzurako izan dadin".

Zabaltze horren ondorioz, Foru Lege horren eraginpeko sozietateek beharkizun gehiago dituzte erregistratzeko orduan, honakoak alegia:

-Kooperatiben helburu sozialak betetzeko asmoz, aipatu Legearen 75. artikuluan xedatutakoaren arabera, kooperatiben artean sinatzen diren akordioak Erregistroan inskribatzea.

-Hamar bazkide baino gutxiago izanik, Zuzendaritza Kontseiluaren ordez administratzaile bakar bat izatea erabakitzen duten kooperatibek hura izendatu, kargutik kendu eta errebokatzeko erabakiak inskribatzea.

-Erregistroan urteko kontuen gordailu egitea, entitatearen Batzarre Orokorrak onetsi eta gero, balantzea, irabazi-galeren kontua eta jardueren memoria barne direlarik.

-Entitatearen dokumentazioa eginbidetzea, behar bezala ordenaturik eta eguneraturik eraman beharko duena, Nafarroako Kooperatibei buruzko Foru Legearen 53. artikuluan zehaztu bezala.

Berrikuntza horien ondorioz, Nafarroako Kooperatiben Erregistroaren orain arteko jardunbidea nabarmen aldatuko da. Hortaz, beharrezkoa da kooperatibak erregistratzeko sistema sendotzea, hori baita arau honen oinarrizko helburua.

Bestalde, aipatu Foru Legeak azken xedapenetan lehenean, 81. artikuluari dagokionez, eskumena ematen dio Nafarroako Gobernuari, Kooperatiben Kontseiluaren txostena jaso ondoren, Nafarroako Kooperatiben Erregistroaren antolamendu eta funtzioamenduaren araubidea ezartzeko.

Horrenbestez, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko apirilaren hogeita batean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. NAFARROAKO KOOPERATIBEN ERREGISTROAREN IZAERA, EGINKIZUNAK ETA ERAGINKORTASUNA

1. artikulua . Izaera.

Nafarroako Kooperatibei buruzko uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legearen I. Tituluan aipatzen den Nafarroako Kooperatiben Erregistroa administrazio zerbitzu publiko eta doakoa da, Nafarroako Lan Zuzendaritza Nagusiaren menpe. Haren helburua da kooperatiben munduko erregistro lanak egitea.

2. artikulua . Eskumena.

Nafarroako Kooperatiben Erregistroak eskumena du Foru Dekretu honetan zehazten diren eginkizunak burutzeko, Nafarroako Kooperatibei buruzko uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legearen eragin eremuaren barruan dauden kooperatibei dagokienez.

3. artikulua . Eginkizunak.

Nafarroako Kooperatiben Erregistroak eginkizun hauek izanen ditu:

1. Nafarroako Kooperatibei buruzko uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legeari eta Foru Dekretu honetan bildutako arauei jarraikiz, erregistro liburuetan agertu beharreko egintzak kalifikatu, inskribatu eta ziurtatzea.

2. Erregistro liburuan idazpena egin ondoren, ekitaldi ekonomiko bakoitzeko kontuen gordailu egitea, hala nola kooperatiben barne- araudiaren Erregelamendua eta, kooperatiba banatu eta kontuen likidazioa egiten denean, entitatearen trafikoari buruzko liburu eta agiriena.

3. Sozietate kooperatiboen liburuak eginbidetzea, Nafarroako Kooperatibei buruzko Foru Legearen 53. artikuluan aginduta dagoen bezala.

4. Erregistroko datuei buruzko estatistikak egitea.

5. Administratuek bere eskumeneko gaiei buruz egiten dizkieten kontsultei erantzutea eta jarduketa eremu horretan eskatzen dizkioten izaera orokorreko ziurtagiriak luzatzea.

6. Indarra duen legediari jarraikiz, esleitzen zaizkion gainerakoak.

4. artikulua . Erregistroaren eraginkortasuna.

Nafarroako Kooperatiben Erregistroa eraginkorra izanen da, bere jarduera legezkotasunaren, publikotasun material eta formalaren, legitimazioaren eta segidako traktuaren irizpideetan oinarritzen den heinean.

5. artikulua . Legezkotasuna.

1. Irizpide honen arabera, Nafarroako Kooperatiben Erregistroak juridikoki kalifikatuko ditu aurkezten diren agiri guztiak, inskribatu baino lehen.

2. Nafarroako Kooperatiben Erregistroak egin beharreko agirien kalifikazioa orokorra eta bakarra izanen da, baina aldi berean, mugatua, ondoren erregistroan inskribatu behar baitira.

6. artikulua . Publikotasun formala.

Nafarroako Kooperatiben Erregistroa erregistro publikoa izanen da. Horren edukia aztertzeko bidea pertsona fisiko eta juridiko guztiek izanen dute, hori aztertzeko interesa azaltzen baldin badute, erregistroko organo horren arduradunari igorri beharreko idazkiaren bidez nahi duen informazioa zehaztuz.

7. artikulua . Publikotasun materiala.

Publikotasun materialaren irizpidea aplikatzearen ondorioz, Erregistroko liburuen edukia ororen jakingai dago eta, hortaz, ezin izanen da argudiatu ez dela ezagutzen.

Horren ondorioz, egintza bat ez dela inskribatu ez dakiten fede oneko hirugarren pertsonak babestuko dira, egintzak ondoriorik ekarriko ez dielako, eta ez-egitearen arduradunak ezinen du inskripzio-falta horren ondorioz bere aldekorik ezer eskatu.

8. artikulua . Legitimazioa.

Legitimazioaren irizpide honen ondorioz, Nafarroako Kooperatiben Erregistroan egiten diren idazpenak zehatzak eta baliozkoak direla ulertu behar da. Ez-zuzentasuna adierazi edo idazpena baliogabetzeko beste idazpen bat egiten ez den artean, ondorio guztiak izanen ditu, baina datu-aldaketa horren ondorioz ezin izanen da kalterik eragin, erregistroko lehenbiziko datuetan oinarrituz, fede onez jokatzen duten hirugarren pertsonek eskuratu dituzten eskubideetan.

9. artikulua . Segidako traktua.

Segidako traktuaren irizpideak honako ondorioak ekarriko dizkio Nafarroako Kooperatiben Erregistroari:

-Sozietate Kooperatiba guztiek egin beharreko lehen idazpena eraketari dagokiona izanen da. Horrenbestez, entitate bati buruzko daturik ezin izanen da inskribatu, baldin eta aurretik entitate horren eraketa inskribatu ez baldin bada.

-Zuzendaritza Kontseiluko kideak, administratzaile bakarra edo kontu-ikuskatzaileak aldatzen badira, egintza horren idazpena egin aitzin, derrigorrezkoa izanen da horien aurretik ari zirenen izendapenari dagokiona egina izatea.

-Emandako ahalordeak aldatu, errebokatu edo kentzeko idazpena egiteko, derrigorrezkoa izanen da ahalorde horiek emateko idazpena egina izatea.

-Orohar, egintza jakin baten ondorio diren beste batzuk inskribatu ahal izateko, beharrezkoa izanen da lehengo horiek inskribatuak izatea.

10. artikulua . Erregistro liburuak.

1. Nafarroako Kooperatiben Erregistroak honako liburu hauek eraman beharko ditu behar bezala sailkatu eta eguneratuak:

a) Egunerokoa.

b) Sozietate kooperatiboak inskribatzeko liburua.

c) Elkarte kooperatiboak inskribatzeko liburua.

2. Horrez gain, honako hauek izanen ditu:

a) Urteko kontuen gordailuen fitxategia.

b) Sozietate kooperatiboen liburuetako eginbideen fitxategia.

3. Antolaketa eta Informazio Sistemen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako Gobernuko Lan Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan, behar diren aurretiazko azterlanak eginen ditu, aurreko bi zenbakietan aipatu diren liburu eta fitxategiak betetzeko lanetarako sistema informatikoak progresiboki ezar daitezen eta, ezarri ondotik, behar bezala erabil daitezen begiratu du.

Azterlan horiek Foru Dekretu honek indarra hartzearekin batera hasiko dira, Nafarroako Kooperatibei buruzko uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legearen 19. artikuluan xedatutakoa finkatu den epean bete ahal izateko.

11. artikulua . Eguneroko liburua.

1. Eguneroko liburuan Erregistroan sartu eta ateratzen den dokumentazio guztia agertuko da. Liburuko orri guztiak zenbaturik egonen dira, hurrenkeran.

2. Orrialde bakoitza zutabetan banatuko da eta bertan honako datu hauek bildu beharko dira:

a) Bazterreko oharrak.

b) Sarrerako erregistro orokorreko zenbakia (SIGE).

c) Idazpenaren zenbakia.

d) Data: eguna, hilabetea eta urtea.

e) Idazpenak.

3. Erregistroari atxikitako langileek bete beharko dute eguneroko liburua, eguneko lanaldia bukatzean, egun horretan jaso eta igorri diren agiri guztien idazpena eginez.

12. artikulua . Sozietate kooperatiboak inskribatzeko liburua.

1. Sozietate kooperatiboak inskribatzeko Liburuko orriak banakatzeko modukoak izanen dira.

2. Orri horiek laukitxoak izanen dituzte, honako datuok idazteko adinakoak:

a) Eskuineko goiko angeluan: inskripzio zenbakia eta, halaber, Lan Ministerioak zuen Sozietate Kooperatiboen Erregistro Berezian zuena, inskribatuta bazegoen.

b) Goiko aldean eta ezkerretik eskuinera jarrita:

-Entitatearen izena.

-Hasierako helbide soziala.

-Herria.

-Eraketaren idazpenaren eguna.

-Entitate mota.

-Esparrua.

-Hasierako bazkide kopurua.

-Gutxieneko kapital soziala.

-Banatu, likidatu eta iraungitzeko egoerak.

c) Orrialdeko beste zatian, zutabetan sailkaturik, honako hauek idazteko tokia: oharrak, eguna, idazpenaren zenbakia eta eraketaren idazpenak.

13. artikulua . Elkarte koperatiboak inskribatzeko liburua.

Liburu honen egitura eta ezaugarriak Sozietate kooperatiboak inskribatzeko liburuarenak bezalakoak izanen dira, aurreko artikuluan adierazitakoak, baina hasierako bazkideen kopuruaren ordez elkartu edo federatu diren entitateen kopurua jarri beharko da.

14. artikulua . Urteko kontuen gordailuen fitxategia.

1. Urteko kontuen gordailuen fitxategia fitxez osatua izanen da, urte naturaletan multzokatuak, eta bertan adierazi beharko da entitate horiek zenbatetaraino bete duten Nafarroako Kooperatibei buruzko uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legearen 17.3.a) artikuluan azalduriko beharkizuna.

2. Fitxa horietako bakoitzak honako atal hauek izanen ditu:

a) Entitatearen izena.

b) Entitatearen inskripzio zenbakia.

c) Helbide soziala.

d) Erregistroan noiz eman zuen izena.

e) Kontuak zein ekitaldi ekonomikotakoak diren.

f) Aurkeztu diren agiriak: balantzea, irabazi-galeren kontuak eta jardueren memoria.

g) Gordailua zein egunetan egiten den eta idazpenaren zenbakia.

15. artikulua . Liburuetako eginbideen fitxategia.

1. Liburuetako eginbideen fitxategia ere fitxez osatua izanen da, urte naturaletan multzokatuak halaber, eta bertan adierazi beharko da sozietate kooperatiboek bete dutela Nafarroako Kooperatibei buruzko uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legearen 53.2 artikuluan azalduriko beharkizuna.

2. Fitxa bakoitzean honako atal hauek adierazi beharko dira, Nafarroako Kooperatiben Erregistroko langileek bete ditzaten:

a) Entitatearen izena.

b) Entitatearen inskripzio zenbakia.

c) Helbide soziala.

d) Erregistroan noiz eman zuen izena.

e) Eginbidearen data.

f) Uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legearen 53.1 artikuluari jarraikiz, eginbidetu beharreko liburuen zerrenda, egin direnak adierazteko laukitxoak jarriz.

g) Eginbidetu ondoren liburuak emateko modua, hartzen dituen pertsonaren izen-abizenak eta NAN zenbakia, eguna eta tokia.

16. artikulua . Idazpen motak.

1. Foru Dekretu honetako 12.1. artikuluan adierazitako liburuetan honako idazpen hauek eginen dira:

a) Inskripzioak.

b) Behin-behineko idazpenak.

c) Iraungipenak.

2. Horretaz gain, beharrezko diren oharrak ere idatz daitezke.

17. artikulua . Idazpenen edukia.

Inskribatu edo iraungitzeko idazpen guztietan eta behin-behineko idazpenetan, laburki, honako datu hauek eman beharko dira:

a) Idazpena noiz egin den.

b) Idazpenaren zenbakia.

c) Zein egintzari dagokion.

d) Inskribatzen den egintza zein agiri-motatan oinarritzen den.

e) Gainerako orri-sorten aipamena, horien zenbakia eta urtea adierazita, Erregistroko artxiboan aurkitu ahal izateko.

f) Erregistroko funtzionario arduradunaren sinadura.

18. artikulua . Akatsen zuzenketa.

1. Foru Dekretu honetako 17. artikuluan aurreikusten diren idazpenen batean egiten diren akatsak zuzentzeko beharrezkoa izanen da beste zuzenketa-idazpen bat egitea, dagokion ordena-zenbakia izanen duena. Hortaz, akatsak ezin izanen dira zuzendu zuzenketa, zirriborro edo urraduren bidez.

2. Beti ere, zuzenketa-idazpenean honako datu hauek idatzi beharko dira:

a) Zein idazpenetan eta zein lerrotan egin den akatsa.

b) Aldatu behar diren hitzak edo kontzeptuak.

c) Gaizki emandako hitz edo kontzeptuen ordez zer jarri behar den.

d) Gaizki emandako idazpena zuzendu dela aitortzea.

II. KAPITULUA. NAFARROAKO KOOPERATIBEN ERREGISTROAREN FUNTZIONAMENDUA

19. artikulua . Kalifikazioaren helburua eta esparrua.

1. Legezkotasunaren printzipioa aplikatzearen ondorioz egiten den agirien kalifikazioa aldian-aldian indarra duen legeriaren arabera eginen da eta bere baitan hartuko ditu agiriaren formaren legezkotasuna, haren baliozkotasuna, edukiaren eraginkortasuna eta luzatzen duten pertsonen legitimazioa.

2. Administrazioaren ekonomia eta eraginkortasuna hobetzeko asmoz, aurreko zenbakian aipatu tituluak kalifikatzeko, agiri pribatuak aurkeztu ahalko dira, beti ere bi ale ekarriz, deusetan galarazi gabe gero publiko bihurtzea, indarra duen antolamendu juridikoaren arabera, inskribatu ahal izateko izaera hori ematea derrigorrezkoa baldin bada.

20. artikulua . Akats zuzengarrien ohartarazpena.

Kalifikazioa egindakoan, Nafarroako Kooperatiben Erregistroko arduradunak aurkezturiko agirietan akatsen bat antzematen badu, hala formazkoa nola edukian, eskatzaileari jakinaraziko dio idatziz, 30 laneguneko epean zuzen dezakeela ohartaraziz. Epe horretan zuzenketarik egiten ez bada, Kooperatiben Erregistroak artxibatuko du espedientea, besterik gabe.

21. artikulua . Kalifikazioaren ebazpena.

1. Lan Zuzendaritza Nagusiak inskribatu gogo den dokumentazioa kalifikatzearen aldeko administrazio ebazpena emanen du, Nafarroako Kooperatiben Erregistroak, juridikoki aztertu ondoren, zuzenbidearen araberakoa dela adierazten badu.

2. Dokumentazioa aztertu eta Erregistroko organo horrek konpondu ezin diren akatsak antzematen baditu Lan Zuzendaritza Nagusiak hori deklaratzeko ebazpena emanen du eta, hortaz, titulu hori ezin izanen da inskribatu.

3. Kasu biotan, administrazio ebazpena arrazoitua izanen da eta horren kontra helegite arrunta jarri ahalko da Nafarroako Gobernuan, administrazio bideari amaiera emanen diona. Ondoren, administrazioarekiko jurisdikziora jo ahalko da, indarra duen antolamendu juridikoaren arabera.

4. Kalifikazioaren eskaera aurkeztu eta hurrengo bi hilabete naturaletan eman beharko da ebazpena. Aurreko artikuluan adierazitako akatsen berri emateko idazkia bidaltzen bada, epe hori eten eginen da, idazkiaren egunetik dokumentazio zuzendua aurkezten den arte. Ebazpenarekin batera, dokumentuaren kopia bat igorriko da, orri guztietan zigilatua, eta aldeko kalifikazioaren eginbidea erakusten duena, halakorik bada.

5. Aipatu epe horretan Administrazioak ebazpen berariazkorik ematen ez badu, kalifikazioa ukatu dela ulertu beharko da.

Dena den, Administrazioak espediente guztiak ebatzi beharko ditu berariaz, ofizioz edo interesatuak eskaturik.

22. artikulua . Inskripzioa.

1. Eratzeko bidean dauden sozietate kooperatiboek edo horien sustatzaileek, aldeko kalifikazioa lortu ondoren, hiru hilabeteko epea izanen dute kalifikazioaren jakinarazpena egiten denetik Kooperatiben Erregistroan eskritura publikoaren lehen kopia eta beste kopia arrunt bat aurkezteko, legeak eskatzen duen kasuetan.

2. Epe horretan dokumentazio publiko hori aurkezten ez bada, Nafarroako Kooperatiben Erregistroak espedientea artxibatuko du.

3. Kasuan kasuko liburuan inskripzioa egindakoan, agiri publikoaren lehen kopia itzuliko zaio eskatzaileari, inskripzioaren oharra duena eta Erregistroko arduradunak sinatua.

23. artikulua . Erregistroaren publikotasuna.

1. Nafarroako Kooperatiben Erregistroaren publikotasuna egiteko honako bide hauek erabil daitezke:

-Liburuak eta orri-sortak erakustea, erregistroko funtzionarioari eskatuz.

-Ziurtagiriak luzatzea.

-Informazio oharpen soilak luzatzea.

-Fotokopia kautotuak luzatzea.

2. Goiko zenbakian aipatu egintzetan, Nafarroako Kooperatiben Erregistroa saiatuko da ahalik eta lasterren ebazten, eskakizunei ematen zaien sarrera zenbakiaren arabera.

III. KAPITULUA. SOZIETATE KOOPERATIBOEK ERREGISTROAN UTZI BEHAR DUTEN DOKUMENTAZIOA ETA INSKRIBATU DAITEZKEEN EGINTZAK

24. artikulua . Derrigorrez inskribatu beharreko egintzak.

1. Entitateek honako egintza hauek inskribatu beharko dituzte derrigorrez Nafarroako Kooperatiben Erregistroan:

a) Eraketa.

b) Bategitea eta bereizketa.

c) Deskalifikazioa.

d) Disoluzioa eta likidazioa.

e) Estatutuen aldaketa eta egokitzapena.

f) Kudeaketa eta administrazio arloetako ahalordeak ematea, horien zuzenketa, errebokazioa eta eskualdaketa.

g) Zuzendaritza Kontseiluko kideen eta administratzaile bakarraren izendapena, kargu-uztea eta errebokazioa, baita kontuhartzaileena eta kontu desegite prozesuko bazkide likidatzaileena ere.

h) Sozietatearen helbide aldaketa.

i) Nafarroako Kooperatibei buruzko uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legearen 75. artikuluak aipatzen dituen kooperatiben arteko hitzarmenak.

2. Aurreko zenbakian aipatu egintzez gain, Nafarroako Kooperatiben Erregistroan derrigorrez inskribatu beharko dira Sozietate Kooperatiboen izaera aldatzeko egintzak, merkataritzakoa edo zibila bihurtzeko eta alderantziz, Kooperatibei buruzko apirilaren 2ko 3/1987 Lege Orokorraren 3. xedapen gehigarrian eta Erantzukizun Mugatuko Sozietateei buruzko martxoaren 23ko 2/1995 Legearen 87. artikuluan eta ondokoetan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte eta han ezarritako prozedurari jarraikiz.

3. Lehenengo idazati horretako a), b), c), d), e) eta f) letretan adierazitako egintzen inskripzioa eta artikulu honetako bigarren idazatian agertzen direnena, eginen da alde interesatuaren eskaeraz eta horretarako aurkeztu beharko ditu egintza horri dagokion eskritura publikoaren kopia baimendua eta kopia arrunta. Ofizioz ere egin daiteke, eratzekoa denean salbu, ebazpen judizial edo administratiboaren ondorioz.

4. Halaber, g), h) eta i) letretako egintzak inskribatzeko nahikoa izanen da ziurtagiri bat, Zuzendaritza Kontseiluko idazkariak eta buruak sinatua, edo administratzaile bakarrak sinatua bestela, notarioak egiaztatuak edo Nafarroako Kooperatiben Erregistroaren arduradunak edo entitatearen helbidea zein udalerritan dagoen udal edo kontzeju horretako idazkariak kautotua.

5. Sozietate Kooperatibo batek izaera aldatzearekin batera, edozein motatakoa izanik ere, aurkeztu zen eskritura publikoan oinarriturik egindako idazpen guztiak utziko dira baliorik gabe.

25. artikulua . Nahi izanez gero, inskribatu daitezkeen egintzak.

Kooperatibako zuzendaria, Baliabideen Batzordeko kideak eta entitateko estatutuen arabera sortu eta araututako beste edozein organotako kideak izendatzeko egintzak inskribatzea aukeran izanen da.

26. artikulua . Gordailu egiteko egintzak.

1. Nafarroako Kooperatiben Erregistroan nahitaez aurkeztu beharko dira, inskripzio liburuan dagokion idazpena eginez, honakoak, publikotasun formala emateko ondorioetarako:

a) Ekitaldi ekonomiko bakoitzeko kontuak, entitateko Batzarre Orokorrak onartuak, balantzearekin, irabazi- galeren kontuarekin eta jarduera memoriarekin batera, aldian-aldian indarra duen arauteriari jarraikiz prestatuak.

b) Entitatearen trafikoari buruzko liburuak eta dokumentazioa, likidazioa egiten denean.

c) Entitatearen barne-araudiak.

2. Gordailu egintzen erregistro-idazpena egiteko, horri dagokion dokumentazioarekin batera, ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, Foru Dekretu honen 24. artikuluko laugarren idazatian eskatzen diren baldintzekin.

3. Kooperatiben Erregistroak ez du artikulu honetako lehen idazatian aipatu dokumentazioaren edukia kalifikatuko, bai ordea gordailu egiten deneko dokumentazioaren forma eta baliozkotasuna eta egintzan parte hartzen duten pertsonen legitimazioa.

Xedapen Gehigarriak Lehena

Nafarroako Kooperatibei buruzko Foru Legean, Foru Dekretu honetan edo horren garapen arauetan zehaztu gabe gelditu diren prozedura alderdietan administrazio prozedurari buruzko arau orokorrei jarraikiko zaie.

Xedapen Gehigarriak Bigarrena

Foru Dekretu honen ondorioetarako, Nafarroako Kooperatiben Erregistroko arduraduna Lan Zuzendaritza Nagusiko Ekonomia Sozialaren atalburua izanen da.

Xedapen Gehigarriak Hirugarrena

Enplegu eta Ekonomia Sozialaren Zerbitzuak eska diezaieke Nafarroako Kooperatiben Erregistroan dauden sozietate kooperatiboei behar dituen datuak eman diezazkion, estatistikak egiteko ondorioetarako.

Xedapen Iragankorra

Foru Dekretu honetako 12. artikuluko 3. idazatian adierazi den prozedura informatikoak erabat funtzionatzen hasi bitartean, Erregistroak orain arte erabili duen sistemako liburuak eguneraturik eta ordenaturik eraman beharko ditu.

Azken Xedapenak Lehena

Ahalmena ematen zaio Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari Foru Dekretu hau behar bezala aplikatu eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenak Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko apirilaren hogeita batean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Ramón Bultó Llevat.

Iragarkiaren kodea: A9703739

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web