(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

72/2005 FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 9KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOEN ZERBITZUEN GUTUNAK ARAUTZEN DITUENA.

BON N.º 66 - 03/06/2005



Atariko

Nafarroako Gobernuak lortu nahi dituen helburu nagusien artetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen modernizazioa dago, Nafarroako gizartearen eskakizunei, gizarte demokratiko eta aurreratua baita, erantzun ahal izateko.

Administrazio Publikoa modernizatuko bada, lan metodoak aldatu behar dira, herritarren beharrak ahalik eta hobekien betetzea xede izan behar dute eta. Hori horrela, Zerbitzuen Gutunak deritzenek garrantzi berezia dute, Administrazio Publikoak eman beharreko zerbitzuak eta hark herritarrekin bere gain hartzen dituen konpromisoak zehatz-mehatz adierazten baitituzte.

Zerbitzuen Gutunen bidez kalitate hobea lortu nahi da zerbitzu publikoak ematerakoan, erraztasun, gardentasun, arintasun, eraginkortasun eta eragimen handia lortzearren.

Horien legezko oinarria Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean datza, 13. artikuluan, zerbitzu publikoak erabiltzeko modua arautzen baitu, 14. artikuluan, herritarrei argibideak hartzeko eskubidea aitortzen baitie eta 15. artikuluan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ematen dituen orotariko argibideak arautzen baititu.

Europako administrazioetan, Estatuko Administrazio Nagusian eta autonomia erkidego eta udal batzuetan Zerbitzuen Gutunak zabaldu dira, administrazioa modernizatzeko tresna bat baitira, zerbitzuen kalitatea hobetzeko eta Administrazioa herritarrengana hurbiltzeko balio duena. Beraz, Nafarroako Komunitateko Administrazioak ez du joera horretatik aparte gelditu behar.

Herritarrek, zerbitzu publikoen erabiltzaileak diren aldetik, administrazio publikoetatik hartzen dituzten zerbitzuak hobeki ezagutzeko eta zerbitzu horiek kalitate hobeaz lortzeko duten bidezko asmoa gauzatzeko aukera izan behar dute. Zerbitzuen Gutunen bidez, erabiltzaileak aurretik zer zerbitzu mota espero dezaketen jakiteko moduan egonen dira eta orobat zein diren eskaturiko zerbitzuaren kalitatearen konpromisoak.

Beraz, zerbitzu publikoak kudeatzeko kalitatearen neurri hauek kontuan hartuz, beharrezkotzat jo da Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako departamentuetan administrazioa modernizatzeko tresna hau sartzea. Horretarako, orotariko arau batzuk ezarri dira. Unitate organiko bakoitzari abian jartzeko aski den beregaintasuna utziko zaio.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak eta Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bosteko maiatzaren bederatziko bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Helburua eta aplikazio eremua.

Foru dekretu honen xedea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek prestatzen dituzten Zerbitzuen Gutunak arautzea da.

2. artikulua. Zerbitzuen Gutunen definizioa eta izaera.

1. Zerbitzuen Gutunak jendeak eskuratzen ahal dituen agiriak dira. Horien bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek eta haren menpeko erakunde autonomoek ematen dituzten zerbitzu publikoez herritarrei argibideak eskaintzen dizkiete eta zerbitzu horiek emateko konpromiso eta adierazleak zehazten dituzte.

2. Zerbitzuen Gutunak Administrazio Publikoak bere zerbitzu publikoak hobeki burutzeko hartzen dituen borondatezko konpromisoak dira. Ez dira xedapen arau-emaileak eta ez dute ondorio lotzailerik sortzen.

3. artikulua. Egitura eta edukia.

Zerbitzuen Gutunek argi eta garbi adieraziko dituzte beren edukiak, herritarrendako ulergarria den moduan. Haien edukiak kontu hauek bilduko ditu:

1. Orotarikoak:

a) Zerbitzuen Gutunak prestatzen dituen organo edo erakundearen bereizgarriak.

b) Burutzen dituen organo edo erakundearen helburu eta eskumenen azaleko deskripzioa.

c) Emaniko zerbitzuen deskripzioa.

d) Herritarrek eta erabiltzaileek zerbitzuak hobetzeko lagundu edo parte hartzeko moduak.

e) Prestazioei eta zerbitzuei buruzko arauen zerrenda.

f) Iradokizunak eta erreklamazioak aurkezteko sistema.

2. Ematen diren zerbitzuei buruz hartzen diren konpromisoak, hala nola:

a) Prozedurak izapidatu edo zerbitzuak emateko epeei buruz.

b) Orotariko eta banakako komunikazio eta informaziorako tresnei buruz.

c) Jendeari laguntzeko ordu eta tokiei buruz.

d) Zerbitzuak eskuratzeko modua erraztu eta haiek emateko modua hobetzeko jarraibideei buruz.

e) Konpromisoen betetze-maila ebaluatzeko adierazleei buruz.

3. Osagarriak:

a) Zerbitzu bakoitza ematen duten bulego guztien helbide, telefono zenbaki eta webguneak.

b) Zerbitzuen Gutunaz arduratzen den unitatearen helbide, telefono zenbaki eta webgunea.

c) Kudeaturiko zerbitzuen zabalkunderako bestelako argibideen aipamena.

d) Ematen diren zerbitzuei buruzko bestelako argibide interesgarriak.

4. artikulua. Prestakuntza eta kudeaketa.

1. Zerbitzuen Gutunak departamentu edo erakunde autonomo bakoitzean prestatu eta kudeatuko dira, zuzendaritzako organo nagusiak zuzendurik. Haien esparrua departamentu edo organo osoa izanen da edo haien menpeko unitateak, egokitzat jotzen denaren arabera.

Sustatzen dituen organoak aldian-aldian, bidezkotzat jotzen den aldearekin, begiratu eta kontrolatuko ditu Zerbitzuen Gutunak.

Zerbitzuen Gutunen batasuna eta irudi korporatiboa bermatzeko, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak, foru agindu baten bidez, orotariko arauak ematen ahalko ditu gutunen deseinaz, egituraz, formatuaz eta bestelako ezaugarriez. Foru agindu hura izapidatzeko antolaketa administratiboaren eskudun den unitateak emanen du txostena.

2. Gutunak prestatzeko, unitate interesatu bakoitzak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Nafarroako Administrazio Publikoen Modernizazio eta Azterlanetarako Zerbitzuari aholkuak eskatzen ahalko dizkio.

5. artikulua. Onespena eta zabalpena.

1. Departamentu edo erakunde autonomo bakoitzeko goi mailako organo betearazleak onetsiko ditu Zerbitzuen Gutunak, ebazpen baten bidez. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, orok jakin dezan.

2. Organo edo erakunde bakoitzak bere Zerbitzuen Gutuna zabaltzeko eragingarritzat jotzen dituen ekintzak buruko ditu eta bermatuko du erabiltzaileek ezagut ahal ditzatela, informatikako sistemen bidez edo jendea hartzeko bulego administratibo guztietan.

3. Organo edo erakunde bakoitza arduratuko da Zerbitzuen Gutunak eguneratzen eta zabaltzen.

Azken xedapenetariko lehena

Baimena ematen zaie Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari eta Ekonomia eta Ogasun kontseilariari, foru dekretu hau betearazi eta garatzeko xedapen eta neurriak eman ditzaten, nork bere eskumenen barruan.

Azken xedapenetariko bigarrena

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web