(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

140/2003 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 16KOA, AURRETIAZKO BORONDATEEN ERREGISTROA ARAUTZEN DUENA.

BON N.º 81 - 30/06/2003



  1. ERANSKINA. FITXATEGIAREN IZENA: AURRETIAZKO BORONDATEEN AGIRIAK


Atariko

Gaixoaren autonomia eta informazio nahiz agiri klinikoen alorreko eskubide eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Legeak, bere 11. artikuluan, Aurretiazko Jarraibideei buruz hitz egin eta haien definizioa egiten du: pertsona batek aurretik bere borondatea adierazteko modua da, borondate hori adierazteko gauza ez den egoeraren bat iristen denean bete egin dadin bere nahia. Borondatea osasun zainketei eta tratamenduei buruzkoa da, baita, heriotzaren ondoren, bere gorputzeko organoen helburuei buruzkoa ere. Horretarako, bada, osasun zerbitzu bakoitzak behar den prozedura arautu behar du pertsona bakoitzaren aurretiazko jarraibideak bete daitezen ziurtatzeko. Jarrabide horiek, betiere, idatziz adieraziak egonen dira.

Nafarroan, bestalde, maiatzaren 6ko 11/2002 Foru Legeak gaixoaren zenbait eskubide arautu zituen, hain zuzen ere aurretiazko borondateak egitekoa eta informazioa eta agiri klinikoak eskuratzekoa. Legearen 9. artikuluan esaten denez gaixoek eskubidea dute aurretiazko borondateen adierazpen-agiri bat egiteko, zenbait baldintzaren ondorioz haiek berek adierazi ezin dituen egoeran bere osasun laguntzaren ardura duen sendagileak edo profesional-taldeak kontuan har ditzan.

Laburbilduz, aurretiazko borondateen agiriak arautzea aurrerapauso garrantzitsua da pertsonaren autonomia errespetatzeko bidean, erabakitzeko aukera ematen baitio gaixoari gero batean egoera jakin batean egoten denean hartu nahi dituen, edo hartu nahi ez dituen, osasun jarduketei buruz. Elementu lagungarri edo erabakigarriak dituen tresna bat ere eskaintzen die arautze honek osasun laguntzari buruzko erabakiak hartu behar dituzten profesionalei, errazagoa izanen baita jakitea zein den gaixoaren nahia, baldin eta, osasun laguntza eman behar zaion unean, horrelakorik nahi duen ala ez adierazteko moduan ez badago.

Foru dekretu honen bidez aipatu legeen garapena egiten da partez. Abian jarriko den tresnari esker herritarrek idatziz agertarazten ahal dute, aipatu lege arau-emaileen arabera, zein diren beren aurretiazko nahiak. Aldi berean, lagungarria izanen da osasun arloko profesionalentzat, osasun laguntza ematen ari direnean bidea izanen baitute gaixoei dagozkien eskubide guztiak hobeki errespetatzeko, kasu honetan aurretik adierazitako borondateei dagokienez. Horrek ez du esan nahi, jakina, helburu berak lortze aldera beste neurri batzuek beren eragina izan ez dezaketenik.

Aurretiazko borondateen agirietan diren datuen ezaugarriak eta garrantzia ikusita, hartzen diren neurriak indarra duen legeriari lotuko zaizkio beti, gehien bat datuen isilpekotasuna, segurtasuna eta babesa bermatzearren.

Nafarroako Kontseiluak, 2003ko maiatzaren 26ko bilkuran, foru dekretu honen aldeko txostena eman du, edukia indarra duten legeei lotzen zaiela iritzita.

Hori horrela, Osasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko ekainaren hamaseian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Aurretiazko Borondateen Nafarroako Erregistroa sortzen da, Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiari atxikia. Bertan inskribatuko dira, agiri-egileak eskaturik, aurretiazko borondateen agiriak, notario aurrean edo lekukoen aurrean egin ala ez.

2. artikulua. Aurretiazko Borondateen Erregistroaren helburuak.

Aurretiazko Borondateen Nafarroako Erregistroak helburu hauek ditu:

a) Aurretiazko borondateen agiriak bildu eta gordetzea, herritarrek inskripzioa eskatuta.

b) Eskatzen duten osasun-profesionalek aurretiazko borondateen agiri inskribatuak ikusi eta kontsultatu ahal izatea, eroso eta laster. Horri dagokionez, azaroaren 14ko 41/2002 Foru Legean, maiatzaren 6ko 11/2002 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoa beteko da.

3. artikulua. Inskripzioa egiteko prozedura.

1. Aurretiazko Borondateen Nafarroako Erregistroan inskripzioa egiteko prozedura honela hasten da: agiriaren egileak eskaera egin behar dio, idatziz, Osasun Departamentuari, foru dekretu honetan aurreikusitakoari jarraikiz.

2. Aurretiazko borondateen agiria lekukoen aurrean egin bada, erregistroan inskribatzeko eskaera-orriarekin batera jatorrizko dokumentua aukeztu beharko da, eta harekin batera agiri-egilearen eta lekuko-lana egiten duten pertsona guztien nortasun agiriaren edo pasaportearen kopia konpultsatua.

3. Aurretiazko borondateen agiria aldez aurretik notario batek baimendua bada, kopia kautotu bat aurkeztuko da agiria erregistroan inskribatzeko eskaerarekin batera.

4. Aurretiazko Borondateen Nafarroako Erregistroan inskribatu gogo den agiriak, ezinbestean, datu hauek izanen ditu:

a) Agiri-egilearen izena, deiturak, NANa, helbidea eta telefonoa, baita lekukoenak ere, halakorik baldin badago. Halaber, notario aurrean egin bada, ordezkarien datuak eta agiria egin zuen notarioarenak.

b) Aurretiazko borondateen aitormena.

Aurretiazko borondateen agirian, inskribatzeko aurkezten den agirian, ohar bat jar liteke esanez agiri-egilea organo edo ehunen emailea dela, eta agiri-egileak nahi badu, zein duen donazioaren helburua.

4. artikulua. Inskripzioa.

1. Aurretiazko Borondateen Nafarroako Erregistroan inskripzioa egiteko baimena ematea edo ukatzea Osasun Departamentuari dagokio. Aurretiazko borondateen agiria emateko ezarri diren tramite legalak ez betetzea da inskripzioa ukatzeko arrazoi bakarra. Ukatuz gero, arrazoiak zein diren esanen da.

2. Erregistroko inskripzioa berehalakoa da baldin eta aurretiazko borondateen agiria notario bidez emana bada, betiere agiriaren egilea identifikatu ondoren.

3. Aurretiazko borondateen agiria lekukoen aurrean egin bada, Erregistroaren arduradunak agiri-egilearen eta lekukoen adina zein den kontrolatuko du eta begiratuko du agirian horien guztien sinadura dagoela, eta beharrezkoa balitz, bertan dela agiri-egilearen emantzipazioa frogatzen duen agiria.

4. Aurretiazko Borondateen Erregistroan inskripzioa egiteak berarekin dakar aurretiazko borondateen agiria foru dekretu honen 5. artikuluak aurreikusten duen fitxategi automatizatuaren sartzea.

5. Aurretiazko borondateen aitormenaren helburu diren sendagile edo profesional-taldeek ez dituzte kontuan hartuko legeen kontra dauden jarraibideak, ez eta praktika kliniko onaren kontrakoak edo unean uneko ezagupen zientifikoen kontrakoak edo egileak agiria egiteko unean aurreikusitako kasuarekin bat ez datozenak.

5. artikulua. Fitxategi automatizatua.

Aurretiazko Borondateen Agiriak izeneko fitxategi automatizatua sortu da. Fitxategi honen ezaugarriak foru dekretu honen 1. eranskinean ezarritakoak dira.

6. artikulua. Aurretiazko Borondateen Erregistroan nola sartu.

1. Pertsona hauek dute sarbidea Aurretiazko Borondateen Erregistroan agiria kontsultatzeko: agiria egin zuenak, erregistratutako agirian aipatzen diren ordezkariek, agiriaren egilearen ordezkari legalak, halakorik baldin badago, eta agiriaren egilearentzako osasun laguntzaren ardura duen sendagileak edo profesional-taldeko kide batek.

2. Lanpostuaren ezaugarriak direla-eta, Aurretiazko Borondateen Erregistroko agiriak ikusteko eskubidea duten pertsonak behartuak daude beti beren lanaren ondorioz dakizkiten datuak isilpean gordetzera.

7. artikulua. Aurretiazko borondateak nola eguneratu edo aldatu.

1. Aurretiazko borondateak osorik edo partez aldatzen ahal ditu, edonoiz, adierazi zituen pertsonak. Horretarako, lehenbiziko agiria egiteko erabili zen prozedura bera erabiliko da. Partez aldatzen bada agiria, argi eta garbi adierazi beharko da zein den aldatu nahi den zatia, eta nola nahi den gelditzea.

2. Bestalde, aurretiazko borondateen agirian diren identifikazio datuak ere eguneratzen edo aldatzen ahal ditu, edonoiz, agiria egin zuen pertsonak. Horretarako, idatziz eskatu beharko zaio Erregistroaren arduradunari.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa

Behar diren baliabide tekniko eta antolamenduzkoak izan ahala, Aurretiazko Borondateen Erregistrora sarrera bide telematikoen bitartez eginen da, betiere sistema teknikoren batek aspektuok ziurtatzen baditu: informazioa hartu behar duenaren identifikazioa, ematen den informazioa zuzena eta osoa dela, ematen den informazioa gorde egiten dela, informazioa eskatu dela eta noiz eskatu den erregistratua gelditzen dela, eta datuak isilpean gelditzen direla.

Bigarrena

Osasun Departamentuak lankidetza-hitzarmenak sinatzen ahal ditu Nafarroako Notarioen Elkargo Ofizialarekin, aurretiazko borondateen agiriak, notarioak baimenduak, modu telematikoan bidal daitezen errazteko, betiere agiriaren egileak adierazia badu Aurretiazko Borondateen Erregistroan sartu nahi duela eta notarioak horrela dela agertarazten badu.

Hirugarrena

Maiatzaren 6ko 11/2002 Foru Legearen Hirugarren Xedapen Gehigarrian aurreikusitako prestakuntza-ekintzen barrenean, Osasun Departamentuak zenbait gida eta jarduera berariazko eginen ditu aurretiazko borondateen agiria nola egiten den eta Aurretiazko Borondateen Nafarroako Erregistroan nola sartu azaltzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa

Arau honen ondorioz sortzen den fitxategi automatizatuaren ezaugarriak aldatzeko prozedura uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuan aurreikusitakoa da.

Bigarrena

Ahalmena ematen zaio Osasun kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak agindu ditzan.

Hirugarrena

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

1. ERANSKINA. FITXATEGIAREN IZENA: AURRETIAZKO BORONDATEEN AGIRIAK

1. ERANSKINA

a) Fitxategiaren xedea eta aurreikusitako erabilerak.

Aurretiazko borondateen agiriak, maiatzaren 6ko 11/2002 Foru Legeari jarraikiz eginak, erregistratu eta artxibatzea. Artxibo hau gaixoaren osasun laguntzaz arduratzen diren profesionalek edo profesional-taldeek erabiliko dute, eritasunen baten ondorioz gaixoak erabakitzeko moduan ez dagoenean.

b) Ukitutako norbanakoak edo taldeak.

Aurretiazko borondateak adierazi eta erregistroan utzi nahi dituen edonor.

c) Datuak biltzeko prozedura:

Eskatzailearen borondatez, agiri-egileak Osasun Departamentuari idatziz eskatuta.

d) Fitxategiaren oinarrizko antolamendua eta bertan sartuko diren datu pertsonalak.

Identifikazio datuak:

NAN/IFZ

Izen-deiturak

Helbidea

Telefonoa

Identifikazio pertsonalerako kodea (CIPNA)

Datu pertsonalak:

Non eta noiz jaioa

Sexua

Egoera zibila

Familiaren datuak

Ordezkariaren identifikazio datuak

e) Datu pertsonalen lagapena.

Aurretiazko borondateen agiria egin duten gaixoen ardura duten sendagileak eta osasun arloko profesional taldeak.

Beste Autonomia Erkidegoetako edo Estatuko Administrazioko antzeko erregistroak.

Helburua estatistika eta ikerketa duten beste entitate batzuk, 15/1999 Lege Organikoan aurreikusitako baldintzetan.

Lagapena babesten duen araua:

Maiatzaren 6ko 11/2002 Foru Legea eta azaroaren 14ko 41/2002 Legea.

f) Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa.

Osasun Departamentuko Osasun Laguntzaren Zerbitzua.

g) Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eskubidea zein unitatetan erabili:

Osasun Departamentuko Osasun Laguntzaren Zerbitzuan.

h) Segurtasun neurriak: Altua.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web