(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

20/2003 FORU LEGEA, martxoaren 25ekoa, Familia ugariei buruzkoa Nota de Vigencia

BON N.º 41 - 02/04/2003



  I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak


  II. KAPITULUA. Hezkuntzako neurriak


  III. KAPITULUA. Gizarte eta osasun neurriak


  IV. KAPITULUA. Etxebizitzaren arloko neurriak


  V. KAPITULUA. Zehapen araubidea


ZIOEN AZALPENA

Espainiako Konstituzioaren hirugarren kapituluak gizarte eta ekonomiaren arloko politika zuzendu behar duten oinarriak aipatzen ditu, eta 39.1 artikuluan ezartzen du botere publikoek ziurtatu behar dutela familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoa.

Konstituzioaren agindu horrek lotura zuzena izan behar du gure Konstituzioaren 9.2 artikuluan jasotzen denarekin; alegia, botere publikoen betebeharra dela beharrezkoak diren baldintzak sustatzea banakakoaren eta berau sartzen den taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eraginkorrak izan daitezen, horien betetasuna galarazten edo zailtzen duten eragozpenak kentzea eta politika, ekonomia, kultura eta gizartearen arloan hiritar guztiek parte har dezaten erraztea.

Dudarik gabe, familiak bizi diren errealitate sozio- ekonomikoa nabarmen aldatu da azken urteotan, baita ase beharreko premiak eta eskura dituzten bitartekoak ere, gehien bat familia larrien kasuan.

Bada kontuan hartu beharreko beste alderdi bat, familia ugariarentzako babestu beharra areagotzen duena, eskubide eta betebehar sozialen artean egon beharreko elkarrekikotasuna alegia. Bikote batek bere egoera lege ondorioetarako erregularizatzea erabakitzen denean gertatzen den bezala, harreman horrek eskubide eta betebehar sozial eta pertsonalak eragiten baititu, familiek seme-alabak dituztenean zenbait betebehar sortzen dira horiekiko eta gizartearekiko. Halaber, elkar eraginez, betebehar horiek duintasunez betetzeko ahalmena emanen dieten eskubide sozial batzuk ere izan behar dituzte.

Ezinbestekoa da neurri zehatz eta puntualez haratago joanen den politika orokorra egitea familiaren arloan. Ekonomiaren ikuspegi hutsetik aintzat hartu beharreko gaia da ekonomiaren hazkundea oso loturik dagoela giza kapitalarekin eta beronen prestakuntzarekin.

Giza kapitalaren ikuspuntutik hazten ez den gizartea erabateko porrotera bidean doa, baita ekonomiari dagokionez ere. Behar-beharrezkoa da horrenbestez botere publikoek babesa ematea horrelakorik gerta ez dadin aktiboki ahalegintzen direnei. Gizartearentzat onak diren jarduerak babesten baldin badira, soilik maila ekonomiari begira eta familiaren duintasuna iraintzeko asmorik gabe, halakoak diren familiak ere babestu beharko lirateke.

Beharrezkoa da zuzenketak egitea familien zuzeneko fiskalitatean, baina berehalako jarduketen helburua izan behar da familia horientzako zerbitzuen prestazioa hobetzea, zuzeneko laguntza ekonomikoen bitartez, zerbitzu publikoak eta pribatuak ere _irakaskuntza_ eskuratzeko erraztasunak emanez eta, batez ere, gastuak murrizten laguntzea.

Bereziki aurreikusi behar da, halaber, amatasunaren egoera orokorra _familiak beste seme-alaba batzuk dituen kasuan, zehazki_ , eta amatasuneko bajaren aldia luzatu egin behar da hiru urtetik beherako seme-alabak edukiz gero, etxeko laguntza eman, haurtzaindegiko zerbitzuak ere eskura jarri eta abar.

Nafarroako Parlamentuak 2002an onetsi zuen familiari laguntzeko plana, familia ugarien ezaugarri bereziak lege bidez arautzeko premia aurreikusten duena.

Nafarroan 7.500 titulu inguru izanen dira, eta horietatik 5.347k izanen dute indarra, gutxi gorabehera; aise froga daiteke, ordea, famili ugarien kopurua askoz handiagoa dela Foru Komunitatean, baina familiek ez dutela arrazoi handirik ikusten titulua eskuratu edo eskatzeko, ikusirik zein prestazio gutxi dakarren.

Familia ugaria izateagatik egun eskaintzen diren prestazioak, laburbilduta, irakaskuntza, garraioa, aisialdia eta horrelakoetarako laguntzak dira.

Beste autonomia erkidegoetan deskontuak egiten dira zerbitzu publikoetan, hala nola ur zerbitzuan, hiriko autobusetan, haurtzaindegietan, kanpalekuetan, osasun establezimenduetan. Gauza bera gertatzen da Europako beste herrialde batzuetan, batez ere Suedian, Alemanian, Luxenburgon, Belgikan eta Frantzian.

Aski da aipatzea Suediako kasua, bertan familiari gizarte babesa emateko prestazioek ehuneko 12,7 egiten baitute, eta Alemanian eta Frantzian, berriz, ehuneko 8,1 eta; Espainian, ordea, ehuneko 0,9, Eurostaten datu ofizialen arabera. Eta ez ditugu aipatuko familiek seme- alaba bat jaiotzeagatik Frantzian, Alemanian edo Belgikan jasotzen dituzten prestazioak. Zilegi da esatea Nafarroako gizartearen errenta eta ongizatearen parametroak europarrak izanik, logikoa dirudiela familia ugariek ere europarren onura berdinak izatea.

Familia ugarien kopurua Nafarroan 18.800 da, familia ugariaren txartela dutenen kopurutik _5.347_ urruti samar dagoena; horrenbestez, familia ugariek 98.800 pertsona inguru hartzen dute, hau da, Nafarroako populazioaren ehuneko 20, gutxi gorabehera.

Horregatik guztiagatik beharrezkoa da egungo legeria, batez ere Familia ugariei buruzko ekainaren 19ko 25/1971 Legea, oinarritik aldatzea. Beharrezkoa da familia ugaria babesteko orain artekoa baino zuzenagoa izanen den legeria ematea. Nafarroak ezin du bazter utzi, haren eskumenen esparruan, familia ugariek behar duten babesa ematea, eta horrexegatik proposatzen da honen bidez arautzea.

Familien babes sozial, ekonomiko eta juridikoaren arloan beharrezkoa da botere publikoek familia ugarien babes- mailan funtsezko hobekuntzak ezartzea, laguntza eta zerbitzuak lehentasunez bideratuz zailtasun edo ahulezia larriena pairatzen duten familiei, hala nola: erditze anizkoitzetan jaiotako seme-alabak, familia-unitatearen askitasun ekonomikorik eza, familiako edozein kideren ezgaitasun frogatua, edo familia, gizarte eta kultura esparruetan urritasunak izatea.

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Foru lege honek familia ugarientzako laguntzaren erregulazioa ezartzen du. Laguntza hori gauzatzeko diru- laguntza berariazkoak eta sostengua emanen zaie familia ugariei hainbat esparrutan: hezkuntza, osasuna, etxebizitza, garraioa eta tratamendu fiskala.

2. Foru lege honek ezarritako laguntzak erregelamendu bidez ezarritako per capita errentaren arabera arautuko dira.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru lege honetako xedapenak nafarrak diren edo Foru Komunitatean bizi diren familia guztiei aplikatuko zaizkie, baldin eta legez ezarritako betebeharrak betetzen badituzte.

3. artikulua. Familia ugarien kontzeptua, baldintzak eta kategoriak Nota de Vigencia.

Familia ugarien kontzeptua, haien kideek halakotzat joak izateko eskubidea aitortzeko eta hari eusteko bete behar dituzten baldintzak eta haiek sailkatzeko kategoriak Estatuko oinarrizko legeetan ezarri direnak dira.

4. artikulua. Familia ugarien izaera aitortu, aldatu eta galtzea Nota de Vigencia.

1. Familia ugarien izaera horretarako emanen den titulu ofizial baten bidez frogatuko da. Titulu hori legezko betebeharrak betetzen direnean banatuko da, familia ugariaren aurrekoek, tutoreak, hartzaileak, zaindariak edo familia unitateko legezko gaitasuna duen beste kide batek eskaturik.

2. Familia ugarien titulua aldatu edo indargabetu beharko da familia unitateko kideen zenbatekoa edo titulua emateko baldintzak aldatzen direnean, kategoria hori galduz gero edo familia ugarien izaera galduz gero.

3. Familia ugarien izaera aitortu eta aldatzea, hura ziurtatzeko titulua ematea eta izaera galdu dela adieraztea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoen artetik arau bidez zehazten denari dagokio, kasu hauetan:

a) Eskatzailea Nafarroako Foru Komunitatean bizi denean.

b) Eskatzailea, familia unitatearen aurrekoetariko bat izan beharko duena, Nafarroako Foru Komunitatean bere kasa edo beste inoren kasa lanean ari denean, familia unitateko kideak Europako Batasuneko edo Europako Ekonomia Gunea osatzen duten beste estatuetako herritarrak direnean, Espainian bizi ez badira.

4. Aitortuak izateko eskabidea aurkeztu edo titulu ofiziala aldatzen denetik aurrera izanen dituzte ondorioak kasuan-kasuan familia ugariei dagozkien onurek.

5. Familia ugarien izaera aitortzen duen tituluak ondorioak sortuko ditu hura emateko baldintzak aldatzen ez direino.

5. artikulua. Familia ugarien titularren betebeharrak Nota de Vigencia.

1. Familia ugarien titulua aitorturik daukaten familia unitateak osatzen dituzten pertsonak beharturik daude, gehienez ere hiru hilabeteko epean, familian gertatzen den edozein aldaketa organo eskudunari jakinaraztera, aldaketa hori kontuan hartzekoa bada titulu horretarako eskubidea aldatu edo iraungitzeko.

2. Halaber, beharturik daude urtean urteko lehen hiru hilabeteetan familia unitateak aurreko urtean izaniko dirusarrerak adieraziko dituen aitorpena aurkeztera, Administrazioaren esku daudenean izan ezik, baldin eta dirusarrerak kontuan hartu badira familia ugaritzat jotzeko, kategoria berezian sailkatzeko sartzeko edo menpekotasun ekonomikoaren betebeharra frogatzeko.

6. artikulua. Familiaren Zuzendaritza Nagusia Nota de Vigencia.

Familiaren Zuzendaritza Nagusia familia ugarientzako zuzeneko eta zeharkako laguntzak zentralizatuko dituen organoa izanen da, eta foru lege honetan aurreikusiriko neurriak gauzatzeko behar diren baremoak eta prozedurak ezarriko ditu.

II. KAPITULUA. Hezkuntzako neurriak

7. artikulua. Babesekintza hezkuntza ez unibertsitarioan.

Familia ugarientzat baremo bereziak egonen dira hezkuntza ez-unibertsitarioko tarte guztietan, liburuetarako, eskola materialerako, jantokirako eta garraiorako laguntzak eta bekak emateko.

8. artikulua. Babesekintza unibertsitateko hezkuntzan.

Nafarroako Gobernuak erregelamenduz garatuko ditu unibertsitateko hezkuntzako beka berezien laguntzak familia ugarientzat, beka bereziak izanen baitituzte irakaskuntzako gastuei, joan-etorrietakoei eta lojamenduei aurre egiteko.

9. artikulua. Hobari sistema.

Nafarroako Gobernuak erregelamenduz garatuko du familia ugarientzako hobari sistema bat gizarte etxe, aterpe, udal kanpaleku eta aisialdiko lokaletako tarifetan, bai eta kultur ondasunetara, kirol eta aisiako jardueretara sartzeko tarifetan ere, Nafarroako administrazio publikoetako menpekoak izan eta Foru Komunitatean badira.

10. artikulua. Hobariak garraio publikoan eta eskolakoan.

Garraio publikoaren eta eskolakoaren erabileran hobariak ezarriko dira Nafarroako Foru Komunitatearen esparruko familia ugarietako kideen alde.

III. KAPITULUA. Gizarte eta osasun neurriak

11. artikulua. Babesekintza.

Nafarroako Gobernuak laguntzak ezarriko ditu familia ugarientzat, osasun tratamenduek _ortodontzia, entzumenekoak, oftalmologikoak, ortopedikoak, psikologikoak, pedagogikoak edo etxeko laguntzakoak_ eragindako gastuei aurre egiteko.

IV. KAPITULUA. Etxebizitzaren arloko neurriak

12. artikulua. Etxebizitzaren arloko babes jarduera.

Familia ugarientzat, Nafarroako Gobernuak erregelamendu bidez babes ofizialeko etxebizitzen erreserba bat ezarriko du, ezgaitasunen bat duten pertsonentzat finkatutakoaren modukoa; etxebizitza horien ezaugarriak eta azalera erabilgarria _90 metro koadro baino handiagoak izan ahalko dira_ zehaztuko dira bertan.

Deialdi publikoa eta baremoen aplikazioa aginduzkoa den babes ofizialeko etxebizitzen adjudikazioan, berariaz puntuatuko da familia ugaria izatea.

Nafarroako Gobernuak arautu eginen du familia ugariei ondoko arloetan hobariak ematea:

a) Lehendabiziko etxebizitzaren lurralde kontribuziorako, azalera handiagoa behar dutela kontuan hartuta, premia horrek familia ugarientzat kostua areagotzea ekarri gabe.

b) Babes ofizialeko eta prezio tasatuko etxebizitzak erosteko edo familiako kideen kopurua handitu delako azalera handiagoko etxebizitza batera aldatzeko maileguetako amortizazio eta interes kuotak.

c) Etxebizitzak zaharberritzeko edo/eta familiako kideen kopurua handitu delako etxebizitzaren azalera handitzeko lanak egiteko maileguetarako amortizazio eta interes kuotak.

V. KAPITULUA. Zehapen araubidea

13. artikulua. Zehapen araubidea Nota de Vigencia.

1. Foru lege honetan xedaturikoaren arau-hauste arinak hurrengo idatz-zatian aipatzen diren portaera eta gertaerak dira, iruzurra, errua edo zabarkeria hutsa dagoenean.

Horretarako, familia unitateko edozein kide izanen da erruduna, arau-haustetzat jotzen den portaeraren bat egiten badu.

2. Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

a) Honakoak dira arau-hauste arinak:

a.1) Organo eskudunari gehienez ere hiru hilabeteko epean familian gertatzen den edozein aldaketa ez jakinaraztea, titulurako eskubidea aldatu edo iraungitzeko kontuan hartzekoa bada.

a.2) Foru lege honetako 5. artikuluko 2. idatz-zatian xedatu bezala, familia unitateak aurreko urtean izaniko dirusarreren aitorpena urtean urteko lehen hiru hilabeteetan organo eskudunari ez aurkeztea.

b) Arau-hauste larriak:

b.1) Hiru arau-hauste arin egitea zehapen irmoa gertatu denean.

b.2) Familia ugarien izaera lortu edo mantentzeko legeak eskatzen diren betebehar edo baldintzetan datuak ezkutatu edo gezurrak egitea.

b.3) Familia ugarien titulu ofiziala faltsifikatzea.

b.4) Tituluak honek babesturik ez dauden beste pertsona batzuei uztea.

b.5) Familia ugarien titulu ofiziala eduki edo behar bezala ez erabiltzea edo gehiegikeriaz erabiltzea edo bestela kasuan-kasuan bidezko dena baino kategoria goragokoa duen titulua.

c) Bi arau-hauste larri edo gehiago egitea, zehapen irmoa gertatuz gero, oso arau-hauste larria izanen da.

3. Izan litezkeen bestelako erantzukizunak deusetan galarazi gabe, hona hemen aurreko idatz-zatian aipatzen diren arau-hausteak egiten dituzten pertsonei ezartzen ahalko zaizkien zehapenak:

a) Arau-hauste arinengatik:

a.1) Banakako gaztigua, idatziz.

a.2) Familia ugarien tituluaren onuradunei dagokien edozein eskubide gehienez ere hilabetez bertan behera uztea.

b) Arau-hauste larriengatik.

b.1) Familia ugarien tituluaren onuradunei dagokien edozein eskubide hilabete batetik sei hilabetera bitarte bertan behera uztea.

b.2) Familia ugarien tituluaren onuradunei dagokien edozein eskubide sei hilabetetik bi urtera bitarte bertan behera uztea.

c) Arau-hauste oso larriengatik.

c.1) Familia ugarien tituluaren onuradunei dagokien edozein eskubide sei hilabetetik bi urte bitarte bertan behera uztea.

c.2) Onuradun izaera galtzea".

4. Ezarri beharreko zehapenak mailakatzeko, familia ugarien titulua erabiltzean lorturiko onuraren izaera eta zenbatekoa hartuko da kontuan.

LEHENBIZIKO XEDAPEN GEHIGARRIA. Familiaren Zuzendaritza Nagusia sortzea.

Familiaren Zuzendaritza Nagusia sortzen da; Nafarroako Gobernuak ezarriko ditu, erregelamendu bidez, haren eginkizunak eta mendekotasun organikoa. Familiaren Zuzendaritza Nagusiak bete beharko dituen eginkizunen artean, lehentasuna emanen zaio Nafarroako Foru Komunitateko Familiari laguntzeko departamentu arteko plana abiarazi eta koordinatzeari, bai eta foru lege honetan aurreikusiriko neurri guztiak eta ondoren erregelamenduz eginen den garapena ere.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Neurriak garatzea.

Foru lege honetan bildutako neurriak garatzeko, Nafarroako Gobernuak kontuan hartuko ditu, familia ugarien seme-alaben kopurua eta per capita errentaz gain, beste inguruabar batzuk ere, hala nola familia-unitateko edozein kideren ezgaitasuna eta familia behartsuen ahulezia-egoera.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten xedapen guztiak

AZKEN XEDAPENETAN LEHENBIZIKOA. Neurri fiskalak.

Nafarroako Gobernuak foru lege proiektu bat igorriko du Nafarroako Parlamentura, familia ugarientzako sostengu eta sustapenerako neurri fiskal batzuk aurreikusiko dituena familia hauen fiskalitatea hobetzeko zenbait alderditan, hala nola, familia ugariei aplikatu beharreko zerga arintzeak, ibilgailuen gaineko zergak eta abar.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA. Erregelamendu garapena.

Nafarroako Gobernuak, sei hilabeteko epean, foru lege honek ezarritakoak aplikatu eta garatzeko behar diren erregelamenduak emanen ditu.

AZKEN XEDAPENETAN HIRUGARRENA. Indarrean sartzea.

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta 2003ko urtarrilaren 1etik aitzina sortuko ditu ondorio ekonomikoak.

Nik, Nafarroako foru eraentza birrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta hiruko martxoaren hogeita bostean._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0303307

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web