(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

18/2001 FORU LEGEA, uztailaren 5ekoa, Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortzen duena.

BON N.º 86 - 16/07/2001



  I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak


  II. KAPITULUA. Irrati eta telebistako zenbait programaren sustapena, banaketa eta ekoizpena


  III. KAPITULUA. Telebistako publizitatea, telesalmenta eta telebistako patrozinioa


  IV. KAPITULUA. Adingabeen babesa


  V. KAPITULUA. Ikusleek informazioa hartzeko eskubidea


  VI. KAPITULUA. Zehapenen araubideaz


  VII. KAPITULUA. Nafarroako Ikusentzunezkoen Kontseilua


Texto

SARRERA

I. Telekomunikazioen arloa liberalizatzeko prozesuak eta ikus-entzunezkoen arloko teknologiaren aurrerabide handiak nabarmen handitu dute soinuen eta telebista seinaleen irrati-hedapenerako zerbitzuen eskaintza, Estatuan nola autonomia erkidegoetan. Hortaz, ezinbestekoa da behar diren neurriak hartzea sortzen joanen diren premiak asetzeko, teknologia berriak erabiltzeak ezin gehiagoko inportantzia baitu bai ekonomia eta gizartearen arloan eta bai kulturaren eta aisiarenean, kontuan hartuta gaur egun komunikabideek gizarte osoan berebiziko eragina dutela. Beharrezkoa da beraz, komunikabide horien jarduera arautzea Nafarroako gizartearen aniztasunari babesteko.

II. Ikus-entzunezkoen sektoreak gaur duen araubide juridikoak urtarrilaren 10eko 4/1980 Legea du abiaburu, Irrati eta Telebistako Estatutuaren gainekoa, zeinak soinuen eta telebista seinalen irrati-hedapenari Estatuaren titulartasuneko zerbitzu publiko funtsezkoen itxura eman zion, Konstituzioko 128.2 artikuluak agintzen zuen bezala.

Ondoren, eta aipatutako legea garatzeko, zenbait lege eman dira, haietako asko partez nahiz osorik indargabetuak. Hona aipagarrienetako batzuk: Telebistako hirugarren kanala arautzen duen abenduaren 26ko 46/1983 Legea (esku ematen dio Gobernuari behar diren neurriak hartzeko Estatuaren titulartasuneko hirugarren kanal bat abiarazteko eta hura kontzesio-araubidean emateko autonomia erkidego bakoitzaren lurralde esparruan); 10/1998 Legea, maiatzaren 3koa, Telebista pribatuaren gainekoa (ezartzen du telebistaren zerbitzu publiko funtsezkoa besteren bidez kudeatuko dela, sozietate anonimoen kontu utzirik, administrazio-kontzesioaren araubidean); 37/1995 Legea, abenduaren 12koa, Satelite bidezko telekomunikazioei buruzkoa (ezartzen du zer araubide berariazko izanen duen zerbitzu horrek, publikotasuna galtzen baitu nazioarteko itun eta hitzarmenen araberako komunikazio-sateliteak erabiltzen direnean); 41/1995 Legea, abenduaren 22koa, Lurreko uhinen bidezko toki telebistari buruzkoa (aurreikusten du toki esparruko kanalak udalek zuzenean kudeatzea edo besteren bidez, administrazio-kontzesioaren araubidean kudeatzea, bai eta autonomia erkidegoek eskumena dutela kate-emisioak baimentzeko

42/1995 Legea, abenduaren 22koa, Kable bidezko telekomunikazioen gainekoa, eta 66/1997 Legea, abenduaren 30ekoa, Zerga, administrazio eta gizarte arloko neurrien gainekoa, zeinak bere 44. xedapen gehigarrian arautzen baitu soinuen irrati-hedapen digital lurrekoaren eta telebista digital lurrekoaren araubide juridikoa.

Lege testu horiek, maila apalagoko beste osagarrizko batzuek eta zenbait lege berariazkok (azaroaren 11ko 34/1988 Legea, kasu, Publizitateari buruzko Lege Orokorra), ezartzen dute soinuen eta telebista seinaleen irrati-hedapena gizarte komunikabideak direla, alderdi teknikoak ezertan eragotzi gabe, horiek honako testuetan arauturik baitaude, besteak beste: apirilaren 24ko Telekomunikazioei buruzko 11/1998 Lege Orokorra, zeinak, hala ere, ez duen indargabetzen aurreko 31/1987 Legea, abenduaren 18koa, Telekomunikazioak antolatzekoa, soinuen eta telebista seinaleen irrati-hedapenari dagokionez.

III. Nafarroako Foru Komunitatean, Espainiako Konstituzioak VIII. tituluko III. kapituluko 149.1-27 artikuluan agintzen duenaren arabera eta Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoko 55.1 artikuluak agintzen duenarekin bat, (zeinean ezartzen baita Nafarroari dagokiola soinuen eta telebista seinaleen irrati-hedapenaren araubideari buruzko legegintza garapena egin eta betearaztea, Irrati eta telebistaren estatutu juridikoa arautzeko Legeak ezarri bezalako kasu eta moduetan, honako foru lege hau ematen da, helburua delarik Nafarroako Foru Komunitatean ikus-entzunezko jardueraren araubide juridikoa arautzea, zein ere hedapen bide tekniko eta kudeaketa modu erabiltzen den.

Foru Lege honek uztailaren 12ko 25/1994 Legeak agintzen duena hartzen du abiapuntu, zeinak arautzen baitu nola eratxiki Espainiako ordenamendu juridikoari 89/552/EEE Zuzentaraua, estatu erkideek telebista seinaleen irrati-hedapeneko jardueraren gainean hartzen dituzten lege, erregelamendu eta administrazio xedapenak koordinatu beharraren gainekoa, ekainaren 7ko 22/1999 Legeak aldatua. Zuzentarau horrek Europako Kontseiluan 1989ko maiatzaren 5ean izenpetu zen mugaz gaineko telebistari buruzko Europako Hitzarmena du aurrekari, eta bertan esaten denez, telebista, egoera normaletan, zerbitzu bat da, zeinaren zirkulazio askea adierazpen askatasunaren oinarri orokorrenaren berariazko adierazpidea baita.

IV. Foru lege honek egitura hau du: zazpi kapitulu, lau xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen.

1. I. kapituluak, "Xedapen Orokorrez" ari dela, Legeak zer helburu dituen biltzen du, zer lurralde esparrutan aplikatzen den eta ikus-entzunezko jarduerak zer programazio irizpide bete behar dituen.

Lehenbizi, foru lege hau Nafarroako Foru Komunitateko lurraldeaz barneko soinuen eta telebista seinaleen irrati-hedapenen zerbitzuei aplikatuko zaie, zein ere zabalpen bide erabiltzen duten; horren barrenean zabalagoko estaldura duten komunikabideek berariaz Nafarroako lurraldera mugatuta egiten dituzten emisioak ere sartzen dira. Soinuen irrati-hedapen eta telebista zerbitzu hauei ere aplikatuko zaie: Nafarroako Foru Komunitateak berak zuzenean edo bere autonomia esparruan titulu gaitasun-emailea eman dien operadoreek egiten dituztenak.

Bigarrenik, Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko jarduerak pertsonen eskubide eta askatasunekiko begirunearen eta Konstituzioko printzipioen araberakoa beharko du, eta zehazkiago, Nafarroako Foru Komunitatearen nortasuna, instituzioak eta sinboloak errespetatu beharko ditu.

2. II. kapituluaren gaia da telebistako zenbait programaren sustapena eta banaketa.

Ekainaren 7ko 22/1999 Legeak autonomia erkidegoek beren ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatzeko eskumena dutela dio. Horri begira, oro har ezartzen da foru lege honek finkaturiko esparruan telebistako zerbitzu publikoa ematen duten entitateen urteko emisio denboraren ehuneko 10 Nafarroako lanen hedapenerako erreserbatuko dela.

Horrez gain, erreserbako denbora horren ehuneko 10eko erreserba ezartzen da Nafarroako ekoizle independienteen lanak emititzeko, eta lan horietako gehienak azken bost urtean eginikoak izan beharko dira.

Bestalde, lehenago aipatutako zuzentarauarekin bat, emisio denboratik kanpo daude albiste emanaldiak, kirol transmisioak, lehiaketak edo jokoak, publizitatea, zerbitzu interaktiboak eta teletestukoak eta jendearentzako zuzeneko eskaintzak, produktuak salerosi, errentan hartu edo zerbitzuak emateko.

3. III. kapituluak telebistako publizitatea eta telebistako patrozinioak hartzen ditu gai eta bai bata zein besteak erregulatzeko arauak ematen. Horrela bada, Publizitateari buruzko Lege Orokorrak agintzen duenaz gainera, finkatzen da zein kasutan joko den telebista bidezko publizitatea bidegabekotzat, eta bai debekatzen ere zenbait publizitate helburu, hala nola zigarroei eta gainerako tabako gaiei buruzkoa.

Edari alkoholikoen publizitatea irizpide hertsien azpian ezartzen da, eta zehazten da zein pertsona mota ezin hartuko dituen helburu (adingabekoak), zein mezu izanen diren debeku (arrakasta, errendimenduaren hobekuntza eta abar) eta zein xede ez diren bilatuko.

Zenbait arau finkatzen ere dira erregulatzeko zenbat denbora eman daitekeen publizitaterako eta telesalmentarako, eta telebista patrozinioaren arauak ere ematen ditu.

4. IV. kapituluak adingabeak telebista programazioaren osotasunean nola babestu hartzen du gai, haien garapen fisiko, mental eta moral egokia babestu beharrez; V. kapituluak ikusleek telebistako programazioa aurrez jakiteko duten eskubidea aipatzen du. Kapitulu horren barnean, beharkizun berri bat ageri da, alegia, programazioa telebistako operadoreen web orrian egotearena, horrelakorik badute, eta berdin operadoreek eskainitako telebista kanalen izaerari dagokion informaziorako.

5. VI. kapituluak, eta ekainaren 7ko 22/1999 Legeak autonomia erkidegoei ematen dien zehapen eskumena lagun, ezartzen du zer zehapen araubide izanen den eta bai zehapenak zer gradutan jarriko diren eta zer ondorio izanen dituzten ere; Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua izanen da ikuskaritza, kontrol eta zehapen arloetako organo eskuduna.

6. Azkenik, VII. kapituluan Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortzen da, aginte-gune independiente gisa, Nafarroako ikus-entzunezkoen sektoreko edukiei erreparatzeko, irudia eta soinua transmititzeko zein ere bide erabiltzen diren gaurko teknologia berriak ikus-entzunezkoen programazioa eta informazio saioak zabaltzeko ematen dituen aukeretatik. Ikus-entzunezkoen Kontseilua Nafarroako Parlamentuak hautatzen du eta, besteak beste, zehapen arloko eskumenak ditu; soinuen eta telebista seinaleen irrati-hedapeneko zerbitzuak emateko titulu gaitasun-emaileak ematearen inguruko aldeko txostena ematen du edo Gobernuari itzultzen dio, beste modu batean aurkezteko, eta ikus-entzunezko komunikabideak inskribatu beharreko erregistroa kudeatzen du.

Hortaz, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak ikus-entzunezkoen gaineko agintea izanen du Nafarroan, eta lege indardunak, bai Europakoak nola Espainiakoak, bete daitezen begiratzeko ardura ere izanen du. Begiratuko du ere komunikabideetan, bai barnez eta bai kanpoz aniztasuna egon dadin, informazioa objetiboa eta gardena izan eta zintzotasunez eman dadin, eta informazio bideek zerbitzu publikoa emateko duten eginkizuna bete dadin.

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Helburua

Foru lege honek honako helburuak ditu:

1. Nafarroako Foru Komunitatean ezartzea soinuen eta telebista seinaleen emisioak modu librean hedatu eta jasotzea bermatuko duen araubide juridikoa, zein ere den hedapenerako bide teknikoa eta emisio horiek kudeatzeko modua.

2. Telebistako ekoizpen batzuen sustapena.

3. Telebistako publizitatea arautzea, era eta modu guztietan.

4. Telebistako patrozinioa erregulatzea.

5. Erabiltzaileen interes bidezkoak defendatzea eta bereziki adingabekoenak, haien garapen fisiko, mental eta moral egokia babesteko.

6. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortzea.

Hori dena, ezertan galarazi gabe publizitate, osasun, medikamentu eta kontsumitzaile eta erabiltzaileak babestearen gaineko legeak aplikatzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Foru Lege hau Nafarroako Foru Komunitateko lurraldeaz barneko soinuen eta telebistako seinaleen irrati-hedapeneko zerbitzuei aplikatuko zaie, zein ere zabalpen bide erabiltzen duten; horren barrenean zabalagoko estaldura duten komunikabideek berariaz Nafarroako lurraldera mugaturik egiten dituzten emisioak ere sartzen dira. Soinuen eta telebistako seinaleen irrati-hedapeneko zerbitzuei ere aplikatuko zaie, Nafarroako Foru Komunitateak berak zuzenean edo bere autonomia esparruan titulu gaitasun-emailea eman dien operadoreek egiten dituztenei.

2. Foru lege honen II. kapitulua ez zaie aplikatuko sare nazional bateko kide ez diren toki estaldurako telebista emisioei.

3. artikulua. Programazioaren printzipioak.

Soinuen eta telebistako seinaleen irrati-hedapeneko zerbitzuak ematen dituzten entitateen edo kontzesio-hartzaileen emisioak honako printzipio hauen mende egonen dira:

a) Pertsonen duintasuna, haren eskubideak eta haren nortasunaren garapen librea errespetatzea, askatasun ideologikoa, kulturala, soziala, erlijiosoa eta kultukoa bermatuz, eta pentsaera, ideiak eta iritziak libreki adierazi, zabaldu, jakinarazi edo jasotzeko eskubidea, oinarrizko eskubide eta askatasun horiek arautzen dituzten lege organikoak ezarririkoak izanik muga bakarrak.

b) Espainiako Konstituzioa eta Foru Komunitateko arau indardunak mamitzen dituzten printzipio eta baloreak errespetatzea; haien artean aipatzekoak dira pertsonen ohorea, intimitatea, norbere irudia, izen ona eta bizitza pribatua errespetatu beharra eta bai Konstituzioak aitortzen eta segurtatzen dituen eskubide eta libertateak.

c) Nafarroako Foru Komunitateko nortasuna, instituzioak eta sinboloak errespetatzea, eta beraz Foru Komunitateko lurraldea noiznahi errealitate independiente eta berezitu gisa aurkeztea, bai grafikoki eta bai deskripzioetan, ordenamendu

d) Aniztasun politiko, juridiko, erlijiozko, sozial, kultural, ideologiko eta linguistikoa errespetatzea.

e) Informazioaren objektibotasuna, egiazkotasuna eta inpartzialtasuna begiratzea, eta bai informazioa eta iritzia ongi bereiztea, iritziak nork ematen dituen ongi identifikatzea eta iritzi horiek libre adierazten uztea, Espainiako Konstituzioaren 20. artikuluko 4. idatz-zatiko mugen barrenean.

f) Gazteak eta haurrak babestea, lege indardunek agintzen dutenaren arabera.

g) Foru Komunitateko interesak defendatzea, hartarako hemengo gizarte taldeen parte-hartzea bultzatuz, esparru horretan kultura eta bizikidetasuna sustatu, bultzatu eta defendatzea helburu.

h) Legearen aurreko berdintasunaren printzipioa errespetatzea, eta jaiotzaz, arrazaz, sexuz, erlijioz, iritziz edo inolako egoera edo ingurabar pertsonal nahiz sozialengatik diskriminaziorik ez izatea.

II. KAPITULUA. Irrati eta telebistako zenbait programaren sustapena, banaketa eta ekoizpena

4. artikulua. Nafarroako lanak.

1. Telebistako operadoreek emisio denboraren ehuneko 10 erreserbatu beharko dute Nafarroako ikus-entzunezko lanen zabalpenerako.

2. Nafarroako lanak izanen dira jatorria Nafarroako Foru Komunitatean dutenak, partaide diren egile, aktore, teknikari edo bestelako langileen ehuneko 51 Foru Komunitateko lurraldean bizi baldin badira.

Lan horiek ondoko baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

a) Foru Komunitatean ezarritako ekoizle batek edo gehiagok eginak izatea.

b) Ekoizpena Foru Komunitatean ezarritako ekoizle batek edo batzuek gainbegiratu eta kontrolatua izatea.

c) Batzuen arteko ekoizpenaren kasuan, hura ez badute Foru Komunitatetik kanpo ezarritako ekoizle batek edo batzuek kontrolatzen, ekoizpenaren kostu osoa Foru Komunitatean ezarritako ekoizleen diruaz finantzatzea, zati handienean.

3. Aurreko idatz-zatiari jarraikiz nafarrak ez diren lanak, baina haien partaide diren aktore, egile, teknikari edo bestelako langileen ehuneko 51 Foru Komunitatean bizi baldin badira, Nafarroako lanak izanen dira Nafarroako ekoizleen kontribuzioa ekoizpenaren kostu osoan zenbatekoa den, horren arabera.

5. artikulua. Nafarroako lanak, ekoizle independienteenak.

Telebistako operadoreek, aurreko artikuluko 1. idatz-zatian ezarritako denboraren barrenean, emisioa denbora osoaren ehuneko 10, gutxienez, erreserbatuko dute telebista entitateekin zerikusirik ez duten ekoizle independienteek eginiko nafar lanetarako; lan horien erdia baino gehiagok azken bost urtean egina beharko du izan.

6. artikulua. Denboran ez sartzea.

1. Kapitulu honen aurreko artikuluen ondorioetarako ez dira emisio denboran sartuko albiste emanaldiak, kirol transmisioak, lehiaketak edo jokoak, publizitatea, telesamenta eta zerbitzu interaktiboak eta teletestukoak.

2. Ondorio horietarako ere, operadore baten telebista emisioetarako ordainketa zerbitzuak, eskaintza zehatz baten barrenean, batera eta bereizi ezinik, kontratatzen badira, artikulu horien xedapenak emisio denbora osoari aplikatuko zaizkio.

III. KAPITULUA. Telebistako publizitatea, telesalmenta eta telebistako patrozinioa

7. artikulua. Zer publizitate eta telesalmenta ez diren zilegi.

1. Publizitateari buruzko azaroaren 11ko 34/1988 Legeko 3. artikuluak aipatzen dituen publizitate moduez gain, honakoak ere ez dira behin ere zilegi izanen: giza osasunerako edo segurtasunerako kalte diren jokaerak bultzatzen dituzten telesalmenta eta publizitatea, edo ingurumenerako kalte direnak, pertsonen duintasunari edo haien sinismen erlijioso nahiz politikoei zor zaien errespetua hondatzen dutenak edo pertsonak jaiotzaz, arrazaz, sexuz, erlijioz, nazionalitatez, iritziz edo beste edonolako inguruabar pertsonal nahiz sozialengatik diskriminatzen dituztenak.

2. Orobat, ez dira zilegi izanen indarkeria edo jokaera antisozialak bultzatzen dituzten telesalmenta eta publizitatea, beldurra edo sineskeria erabiltzen dutenak, edo abusuak, arinkeriak, utzikeriak edo portaera agresiboak susta ditzaketenak.

3. Debeku izanen dira ere pertsonak nahiz animaliak krudelki edo gaizki tratatzera bultzatzen duten telesalmenta edo publizitatea, edo ondasun kultural nahiz naturalak suntsitzera.

4. Era berean, legezkoa da berariaz produktuen edo zerbitzuen publizitatea egitea espero diren emaitzetarako duten eraginkortasuna froga kontrastatuen bidez frogatzerik ez badago.

5. Halaber, legezkoa da profesionalen edo haien ordez aritzen diren aktoreen gomendioetan edo iritzietan oinarritutako publizitatea, horien jarduera iragarritako produktu edo zerbitzuaren arloarekin zerikusia badu eta aginte printzipioa erabiltzen bada.

6. Azkenik, orobat ez da zilegi ibilgailuen potentzia edo haiekin erdiets daitekeen abiadura nabarmentzen duen publizitatea, ez eta bide segurtasunerako arriskutsuak diren jokabideak, azkar joatea, adibidez, bultzatzen dituena ere.

7. Publizitateak eta telesalmentak ez dute erabiliko teknika subliminalik; publizitate subliminaltzat hartuko dira Publizitateari buruzko aipatu Lege Orokorrean jasotzen diren elementuak.

8. artikulua. Zer publizitate eta telesalmenta diren debeku.

1. Publizitateari buruzko azaroaren 11ko 34/1988 Lege Orokorreko 8. artikuluak agintzen duenaz gain, honako publizitate eta telesalmenta ere debeku dira telebistan:

a) Zigarroak eta gainerako tabako produktuak zuzen nahiz zeharbidez saltzeko publizitate eta telesalmenta mota guztiak.

b) Nahitaez mediku errezeta behar duten medimakentu eta tratamentu medikoen publizitate eta telesalmenta zuzen nahiz zeharbideko guztiak.

c) Funtsean edo gehienbat eduki politikoa duen publizitatea, edo eite horretako helburuak iritsi nahi dituena, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak eta Nafarroako Parlamentuko Hauteskundeak arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legeak agintzen dutena ezertan galarazi gabe.

d) Medikamentu, tratamentu mediko eta sendagaien telesalmenta.

2. Publizitate eta telesalmenta disimulatuak debeku dira.

9. artikulua. Edari alkoholikoen publizitate eta telesalmenta.

1. Debeku dira alkohol etilikoaren portzentajea ehuneko 20koa baino handiaoa duten edariak zuzen nahiz zeharbidez saltzeko publizitate eta telesalmenta mota guztiak.

2. Gainerako edari alkoholikoen publizitate eta telesalmentak honako printzipio hauek begiratu behar ditu:

a) Adingabeak ezin hartuko ditu berariaz helburutzat, eta ez ditu edari alkoholikoak hartzen ari direla aurkeztuko.

b) Alkohol kontsumoa eta gorputz errendimendua edo ibilgailu gidatzearen hobekuntza ez dira loturik aurkeztuko; ez da aditzera emango alkohol kontsumoak arrakasta sozial edo sexuala ekartzen duela, ez eta sujerituko ere edari alkoholikoek efektu sendagarria edo lasaigarria dutela, edo problemak konpontzeko bide bat direla.

c) Ez dute bultzatuko alkohola neurriz gain kontsumitzera; alkoholik ez edateari ez diote irudi negatiborik erantsiko, eta ez dute aipatuko alkoholduna izatea edari baten ontasuntzat.

10. artikulua. Publizitatea eta telesamentako iragarkien identifikazioa eta kokaera.

1. Publizitate eta telesalmenta erraz antzemateko modukoak izanen dira eta argiro bereiziko dira programetatik, hartarako bide optiko nahiz akustikoak erabiliz.

2. Publizitate eta telesalmentako iragarkiak bateraturik emitituko dira. Salbuespenez baizik ez da emitituko publizitate eta telesalmenta irakargi bakarturik.

3. Publizitate eta telesalmentako iragarkiak programen artean tartekatuko dira.

Hala ere, hurrengo artikuluan agintzen denarekin bat, zilegi izanen da ere publizitate eta telesalmentako iragarkiak sartzea programetan tartekaturik, betiere horrek programen batasunari kalte egiten ez badie, haien kalitate edo balioa beheratzen ez badu eta tartekaldi horiek egiteko programaren etenaldi naturalak erabiltzen badira, iraupena eta nolakotasuna kontuan hartuta, eta inoiz ere kasuko programetako titularren eskubideei eraso gabe.

4. Publirreportajeak, telepromozioak eta oro har telebista iragarkiez besteko publizitate moduak emititzen badira, iragarki horiek beren ezaugarriengatik programazio direla sinistarazi badiezaiokete ikusleari, denbora guztian eta erraz irakurtzeko moduan "publizitatea" hitza daraman ohar grafikoa jarriko zaio gainean.

5. Kirol saioetan zilegi izanen da publizitate eta telesalmentako iragarkiak sartzea, gainezarririko elementu grafikoak edo beste edozein irudi tratamendu erabiliz, baina emititzen den gertaeraren bilakaera geldirik dagoen uneetan bakarrik, non eta gertaeraren ikuspena trabatzen ez den eta gainezarririko elementu grafikoek pantailaren seiren bat baino gehiago hartzen ez duen.

Mezu horiek testu idatziak baizik ez dira izanen eta ez dute izanen beste inolako irudi erreal nahiz bizidunik, markaren logotipo estatikoa besterik.

11. artikulua. Arau bereziak.

1. Zati beregainak dituzten programetan, zati horien artean baizik ez da zilegi izanen publizitate eta telesalmentako iragarkiak sartzea.

2. Kirolari buruzko edo antzeko egitura duten gertaera edo ikuskizunei buruzko emisio edo programetan, beren osagaien artean denbora zerbait badute, tarte horietan baizik ez da zilegi izanen publizitate eta telesalmentako iragarkiak sartzea.

Aurreko lerroaldean esan den ez bezalako kirol saioetan, artikulu honetako 3. idatz-zatiko lehenbiziko idatz-zatian finkatu den araua hartuko da aintzat; ez da zilegi izanen, ordea, saioa interes handieneko uneetan etetea publizitate eta telesalmentako iragarkiak emititzeko.

Zilegi izanen da ere publizitate eta telesalmentako iragarkiak kirol saioetan sartzea saioko gertakizuna geldirik dagoen uneetan, betiere geldialdi horrek iraupen programatua badu.

3. Aurreko lerroaldean esan den ez bezalako programetan, publizitate eta telesalmentako iragarkiak sartzeko geldialdien artean gutxienez hogei minutuko denbora izanen da, hurrengo lerroaldeetan agintzen dena ezertan galarazi gabe.

Zilegi izanen da programa baten aurreko nahiz ondoko publizitatea eta telesalmenta emititu denetik programan bertan publizitatea sartzeko lehen nahiz azken etenaldira arteko denbora hogei minutu baino gutxiagokoa izatea.

Programan behin gehienez, zilegi izanen da publizitate eta telesalmentarako bi etenaldiren arteko denbora hogei minutu baino gutxiagokoa izatea; ez, ordea, hamabost minutu baino gutxiagokoa, programako berezko etenaldiak errespetatzeko.

4. Zilegi izanen da ikus-entzunezko obrak, film luzeak adibidez, berrogeita bost minutu baino gehiagoko iraupen programatua dutenak, berrogeita bost minutuko aldi osoan behin etetea, eta beste etenaldi bat ere izanen da zilegi emisioaren iraupen programatu osoak arestian aipatu denbora-tarte horietako bitatik edo gehiagotatik gutxienez hogei minutu gora egiten badu. Etenaldi horiek obraren osotasuna eta balioa begiratuz eginen dira eta ez da zilegi obrari kreditu tituluak, hasierakoak zein akaberakoak, kentzea, ez eta jatorrizko iraupena eten edo moztea, abiadura biziagotuz.

Idatz-zati honetan agintzen denetik kanpo uzten dira telesailak, serialak eta entretenimenduko emisioak, horiei artikulu honetako gainerako idatz-zatietan agindutakoa aplikatuko baitzaie, hala tokatzen bada.

5. Ez da zilegi izanen informazio saioak, dokumentalak, erlijiozkoak edo haurrentzakoak publizitate eta telesalmenta sartzeko etetea, non eta iraupen programatua hogeita hamar minutu baino gehiagokoa ez den, zeren horretara artikulu honetako 1., 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritakoa aplikatuko baita.

6. Ez da zilegi izanen publizitate eta telesalmentarik sartzea erlijio zerbitzuen emisioetan.

7. Iraupen programatua" esaten denean, artikulu honek agintzen dituenei begira, zera ulertu behar da: programak edo obrak irauten duen denbora tarte osoa, programan edo obran dauden publizitate tarteak barne direla.

8. Publizitate eta telesalmentako iragarkietarako denbora tarteetan, seinalea emititzeko baldintza teknikoek betiere errespetatuko dituzte kasuko zabalpen-bideari aplikatzeko zaion arau teknikoak ezartzen dituen parametroak. Telebista seinalea emititzeko gaitu diren operadoreek behar diren neurriak hartu beharko dituzte jatorrizko seinaleak tratatzeko prozesuek ez dezaten sortu ikuslearen belarrian soinu mailako gora salto nabarmenik aurre-aurreko emisioaren aldean.

9. Foru lege honi dagokionez, uztailaren 12ko 25/1994 legeko 3. artikuluak ezartzen dituen definizioak aplikatuko dira (lege hori ekainaren 7ko 22/1999 Legeak aldatu zuen).

12. artikulua. Publizitate eta telesalmentarako emisio denbora.

1. Edonolako publizitatea eta telesalmenta emititzeko denbora, artikulu honetako 3. idatz-zatian araututako telesalmenta saioak kanpo direla, ez da osotara izanen eguneko emisioaren ehuneko hogei baino gehiagokoa.

Publizitate iragarkiak sartzeko emisio denbora ez da izanen eguneko emisioaren ehuneko hamabost baino gehiagokoa.

2. Egunaren zatiketako ordu natural bakoitzean, edonolako publizitate eta telesalmentako iragarkiak sartzeko denbora ez da izanen hamazazpi minutu baino gehiagokoa.

Muga hori begiratuz, publizitate eta telesalmentako iragarkiak sartzeko denbora, autopromozioa kanpo dela, ez da izanen aldi bereko hamabi minutu baino gehiagokoa.

3. Telebista kanal bakoitzak zilegi izanen du gehienez egunean hiru orduko telesalmenta saioak emititzea. Saio horiek gutxienez hamabost minutuko iraupen etengabea izanen dute eta telesalmentakotzat identifikatuko dira, erabat argiro, seinale optiko nahiz akustikoak erabiliz.

Telesalmenta hutsekoa ez den telebista kanal batek egunean gehienez zortzi telesalmenta saio emititu ditzake.

4. artikulu honi begira, ez dira publizitatetzat hartuko zerbitzu publikoko iragarkiak, ez ongintza kutsukoak, dohainik emititzen direnak, eta ez telebista operadoreak bere programen gainean egiten dituenak.

13. artikulua. Publizitate eta telesalmenta kanalak.

1. 12. artikuluan telesalmentari jartzen zaizkion denbora mugak ez zaizkie aplikatuko telesalmenta hutserako diren kanalei.

Kanal horiek zilegi izanen dute publizitatea emititzea foru lege honetan ezarri bezalako muga eta baldintzetan. Ez zaie, ordea, aplikatuko 12. artikuluko 2. idatz-zatian aurreikusten dena.

Idatz-zati honetan aurreikusten den araubidea aplikatu ahal izateko, aipatu kanalek ez dute zilegi izanen publizitate eta telesalmentaz bestelako programarik emititzea.

2. 12. artikuluan publizitateari jartzen zaizkion denbora mugak ez zaizkio aplikatuko kanaleko titularraren produktu edo zerbitzuak sustatzeko publizitateari, hartan soilik aritzen diren kanaletan.

Kanal horiek zilegi izanen dute besteren publizitatea ere emititzea, foru lege honetan oro har publizitaterako ezarri bezalako muga eta baldintzetan.

Idatz-zati honetan agindutakoa aplikatu ahal izateko, klase hartako kanalek ez dute zilegi izanen autopromozioa eta besterentzako publizitateaz besteko programarik emititzea.

14. artikulua. Telebista patrozinioa.

1. Patroziniopeko telebista programek honako baldintzok bete beharko dituzte:

a) Patrozinioa eta patrozinadorea argiro identifikatuko dira, haien izena, logotipoa, marka edo bestelako igargarriak agertuz emisioaren hasieran, bukaeran edo bietan.

Patrozinioa eta patrozinadorea publizitateko etenaldietan ere argiro identifikatuko dira eta bai patroziniopeko programan zehar ere, noizean behin eta programaren garapena trabatu gabe.

Identifikazio horretan ez da zilegi izanen publizitate mezurik sartzea patronizadorearen nahiz hirugarren baten produktu edo zerbitzuak erosi edo kontratatzea zuzen nahiz zeharbidez bultzatzeko asmoarekin.

b) Ez da zilegi izanen patronizadoreak patroziniopeko emisio baten edukia eta programazioa halako moduan moldatzea non telebista operadorearen beregaintasun editorialak kalte hartzen duen, eta ez du bere produktu edo zerbitzuak nahiz hirugarren batenak haien sustapen-aipu zehatzak eginaz eros edo kontratarazteko moduko mezurik izanen, salbu eta publizitate eta telesalmentarako denboran, 10 eta 11. artikuluetan arautu bezala.

2. Foru lege honetako 7 eta 8. artikuluek aginduta publizitate debekua duten produktu-zerbitzuak egin edo ematea jarduera nagusia duten pertsona fisiko nahiz juridikoek ez dute zilegi izanen telebistako programak patronizatzea. Hala ere, zilegi izanen da medikamentuak, sendagaiak edo tratamendu medikoak egin, banatu edo saltzen aritzen diren entitateek telebistako programak patronizatzea, non eta programa horietan patrozinio entitatearen izena besterik aipatzen ez den, bere produktu edo zerbitzuak ezertarako azaldu gabe.

3. Ez da zilegi izanen eguneroko berri saiorik edo gaurkotasun politikoko programarik patronizatzea. Programa horiek izan ditzaketen zatiak ere ezin izanen dira patrozinatu, kirol eta eguraldi berriei buruzkoak izan ezik.

4. Telebistako patronizadorea identifikatzeko denbora tarteak, artikulu honetako 1 a) idatz-zatiak aipatu dituenak, ez dira kontatuko 12. artikuluan aipatu diren publizitate denbora gehienekoa kalkulatzeko.

IV. KAPITULUA. Adingabeen babesa

15. artikulua. Adingabeak publizitate eta telesalmentatik babestu beharra.

1. Telebista bidezko publizitateak ez du irudi edo mezurik edukiko adingabekoen gorputzari edo moraltasunari kalte egiteko modukorik. Hartarako, honako printzipiook begiratuko dira:

a) Ez ditu adingabekoak haien eskarmentu faltaz edo sinesberatasunaz baliatuz bultzatuko produktu edo zerbitzu bat erostera, eta ez beren guraso edo tutoreei nahiz hirugarren baten guraso edo tutoreei, kasuko zerbitzu edo produktuak erosaraztera.

b) Inoiz ez da baliatuko haurrek gurasoengan edo irakasleengan izaten duten konfiantza bereziaz, ez eta haurrentzako programen profesional batengan edo fikzio pertsonaje batengan izaten dutenaz ere.

c) Ez da zilegi izanen, behar adinako arrazoirik ez dela, haurrak egoera arriskutsu batean aurkeztea.

d) Jostailuen publizitate eta telesalmentaren kasuan, ez dute ideia okerrik sortuko jostailu horien ezaugarrien edo segurtasunaren gainean eta ez haurrak jostailu horiek beren buruari nahiz besteri kalte egin gabe erabiltzeko behar dituen trebetasunen gainean.

2. Telesalmentak 1. idatz-zatian aipatzen diren baldintzak beteko ditu eta gainera ez ditu adingabekoak bultzatuko produktu eta ondasunak zuzenean erosi nahiz alokatzera edo zerbitzuak kontratatzera.

16. artikulua. Adingabeak programazioaren aurrean babestu beharra.

1. Telebista saioetan ez da zilegi izanen inolako agerraldi nahiz mezurik sartzea adingabekoen gorputzaren, gogoaren edo moralaren garapenari kalte larria egiteko modukorik, ez eta jaiotza, arraza, sexua, erlijioa, nazionalitatea, iritzia edo inolako inguruabar pertsonal nahiz sozialengatik gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzeko moduko programarik.

2. Aurreko debekuan sartu gabe adingabekoen gorputzaren, gogoaren edo moralaren garapenari kalte egiteko modukoak diren programak emititzea gaueko hamarretatik biharamuneko seiak arte baizik ez da zilegi izanen, eta igarbide optikoak eta akustikoak erabiliz emanen da aditzera.

Programa horiek kodifikatu gabe emititzen direnean, bistazko sinbolo baten bidez identifikatuko dira irauten duten guztian.

Xedapen hori programazio horren publizitate, telesalmenta eta promoziorako emisioei ere aplikatuko zaie.

3. Telebista programa bakoitzaren hasieran eta publizitate eta telesalmentako iragarkien etenaldi bakoitzaren ondotik berriz hastean ere, bide optiko nahiz akustikoak erabiliz adieraziko zaie ikusleei ondoko programa adingabekoentzat egokia den ala ez.

Filmen kasuan, kalifikazio hori zine aretoetarako nahiz etxean ikusteko bideo-grabazioaren merkaturako filmok izan duten bera izanen da, beren berariazko araudiaren arabera. Hori ez da eragozpen izanen telebista operadoreek kalifikazio hori osatzeko ohar zehatzagoekin adingabekoen guraso edo tutoreak jakineanago egon daitezen. Gainerako programetan, operadoreei dagokie, bakarka edo elkar harturik, beren emisioak kalifikatzea.

Foru legeak indarra hartzen duenetik hiru hilabetera, telebistako operadoreek adostasunik lortu ez badute kalifikazio horiek aurkezteko sistema bateratu bat ezartzeko, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak funtzionamendua ziurtatzeko behar diren arauen gaineko proposamen loteslea eginen dio Nafarroako Gobernuari.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa Estatuko administrazioak harturiko oinarrizko neurrien osagarri edo gehigarri direnei baizik ez dagokie.

V. KAPITULUA. Ikusleek informazioa hartzeko eskubidea

17. artikulua. Informazioa hartzeko eskubidea.

1. Uztailaren 19ko 26/1984 legeko 2.1.d) artikuluak agintzen duenarekin bat (Kontsumitzaile eta Erabiltzaileak Defendatzeko Lege Orokorra), teleikusleek eskubidea dute, erabiltzaile diren partez, behar bezain lehenagotik jakiteko zer telebista programazio egonen den, filmak eta ikuskizunen transmisioa ere barne direla.

2. Aurreko lerroaldean aipatu den informaziorako eskubide hori betearazteko, telebista operadoreek programazioa emititu baino gutxienez hamaika egun lehenago jarri beharko dute jendaurrean beren eguneroko programazioa. Programazio horretan argi adierazi beharko dira alderdi hauek: saio bakoitza noiz hasiko den, haren iraupena, saio mota, saioaren izena eta telesailen kasuan kapituluaren izena eta zenbakia edo luzemetraiaren izena, bai eta saioaren edukiaren deskripzioa ere. Era berean, saioa berria ez bada, hala adierazi beharko da, eta askotan eman beharreko saioa denean, eta horrela programaturik baldin badago, noiz eta zein ordutan emanen den.

3. Internet-en "world wide web" zerbitzua duten telebista operadoreek web orrian jarri beharko dute eguneko programazioa, erabiltzaile guztiek kontsultatzeko moduan, aurreko idatz-zatian esandako moduan, orrialde nagusian kokaturiko lotura irakurterraz batekin.

4. Ez da zilegi izanen iragarritako programazioan aldaketak egitea ez bada telebista operadorearen nahiaz kanpoko gertaerengatik, programazioa jendaurrean jartzean ezin igarri zitzaienengatik.

5. Sarbide baldintzatuko telebista operadoreek edo telekomunikazio sareetakoek, telebistaren hedapen zerbitzua emateko gaitutakoek, eta oro har, foru lege honetan xedatutakoaren esparruan telebistako hedapen zerbitzua emateko titulu gaitasun-emailea duten guztiek, aginduzkoa izanen dute eskaintzen dituzten telebista kanal guzti-guztien ezaugarrien berri ematea, eta adierazi beharko dute kanal horiek beraienak edo hirugarren batek emanak diren eta, azken kasu horretan, zein den horien edizio-arduraduna. Halaber, jatorrizko emisioa beste bide batetik egiten duen kanal baten erretransmisioa den jakinarazi beharko da, eta kasu horretan, horren edizio-arduraduna foru lege honetan xedatutakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitatearen jurisdikzioan dagoen ala ez adierazi beharko da.

Informazio hori uneoro eguneratu beharko da eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluari igorri beharko zaio, lege honetan aurreikusirik dauden ikuskaritza eta kontrol eskumenak dituen aldetik. Artikulu honen hirugarren idatz-zatian ezartzen denarekin bat, informazio horrek ere ikusleek "world wide web" zerbitzua duten operadoreen web orrian kontsultatzeko moduan egon beharko du.

VI. KAPITULUA. Zehapenen araubideaz

18. artikulua. Subjektu pasiboak, kontrol eta zehapenerako eskumenak eta zehatzeko prozedura.

1. Kapitulu honetan ezartzen den zehapen araubidea foru lege honetako 2. artikuluan aipatu zerbitzuak ematen dituzten operadore publiko nahiz pribatuei aplikatuko zaie.

2. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluari dagokio kontrola eta ikuskapena egiteko eskumena, foru lege honetan agintzen dena bete dadin segurtatzeko. Hala tokatzen bada, berak tramitatuko ditu kasuko zehapen prozedurak eta tokatzen diren zehapenak ezarriko ditu, foru lege honetako 2. artikuluan aipatu zerbitzuei dagokienez.

3. Zehatzeko prozedura hasi baino lehen, zilegi izanen da, gertaerak argitzeko, aurretiazko informazio aldi bat ireki dadila agintzea, kasu konkretuaren zer nolakoak ikertu eta zehapen prozedura hasi behar den ala ez den erabakitzeko.

Zilegi izanen da aurretiazko informazio hori erreserbatua izatea, eta ez da hilabete batetik goiti luzatuko, non eta espresuki erabakitzen ez den beste epe jakin baterako edo batzuetarako luzatzea.

4. Prozedura, betiere, ofizioz hasiko du Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak, alderdi batek eskatuta Gobernuaren edo administrazio prozedura erkideak araututakoari jarraikiz horretarako zilegitasuna duen edozeinen ekimenez, edo salakuntzaren bidez.

Zehapen espedientea hasten duen ebazpenak egintzetarako instruktorea izendatuko du eta ustezko arau-hausleari jakinaraziko zaio eta, salatzailerik izan bada, hari ere bai.

5. Instruktoreak kargu plegu bat idatzi eta ustezko arau-hausleari jakinaraziko zaio. Hark hamabost egun balioduneko epea izanen du bere eskubideen alde bidezko iruditzen zaizkion alegazioak egiteko eta datuak, informazioak edo dokumentuak aurkezteko, bai eta kasurako iruditzen zaion froga proposatzeko.

Karguen pleguan beti honako jakingaiak ezarriko dira:

a) Ustezko arau-hausleen identifikazioa.

b) Gertaera egiaztatuak, arau-hausteak tipifikatzeko eta zehapenak mailakatzeko ardurako direnak azpimarraturik.

c) Ustezko arau-haustea, hautsitako araua edo arauak zein diren zehazturik.

d) Zehapenik tokatzen bada, zein zehapen, zenbatekoa den eta zein mailakoa den.

e) Zein organok duen prozedura ebazteko eskumena eta zein arauk ematen dion eskumen hori.

6. Espedientatuak bere borondatez aitortzen badu erruduna dela, instruktoreak espedientea igorriko dio, ebazpena eman dezan, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluari, ezertan galarazi gabe tramitatzen segitzea, iruzur zantzu arrazoizkorik badago edo beste pertsona edo entitate errudunen bat isilpean geratu diren susmoa badago, edo prozedura hasteak sortu duen kontua ororen interesekoa bada.

7. Behar adina froga eginen dira ofizioz edo ustezko arau-hausleak eskatuta onartuko dira gertatutakoak eta erantzunbeharrak finkatzeko. Gertaerekin duten loturagatik azken ebazpena ustezko arau-hauslearen alde aldatu ezin duten frogak soilik ukatu ahalko dira.

Froga teknikoek, eta interesatuek proposatzen dituzten peritu txosten kontraesankor nahiz ebazleek eten eginen dute prozedura ebazteko epearen kontaketa, egin artean eta emaitzak espedienteari erantsi artean.

8. Alegazioak aurkezteko epea iragan, frogarik egin behar bada frogak egin, eta beharrezko irizten zaien eginbideak egin ondoren ere instruktoreak, karguen plegua jakinarazpenean zen bezala mantentzen badu, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluari pasatuko dio espedientea, eta horrek emanen kasurako ebazpena edo, hala tokatzen bada, instruktoreari aginduko egin ditzala beharrezko iruditzen zaizkion eginbide osagarriak.

Egindako alegazio eta frogen ondorioz gertaera berririk edo bestelakorik azaltzen bada, edo karguen pleguan aipatzen dena baino larriagoko kalifikazioa sortzen bada, instruktoreak kargu plegu berria eginen du bide den zehapenarekin eta interesatuari jakinaraziko dio, hark hamabost egun balioduneko epean bidezko iruditzen zaion guztia alega dezan.

Aurreko lerroaldean agindu denetik kanpo uzten dira gertaera berriak edo arau-haustearen nahiz zehapenaren kalifikazio berriak alegazioen edo espedientean interesatuak hala eskatuta egindako frogen ondoriozkoak diren kasuak, ezarri beharreko zehapena hasiera batean proposatutakoa baino larriagoa ez denean.

9. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak ebazpena emanen du, arrazoiak aipatuz, eta espedientean sortutako kontu guztiak ebatziko.

Ez da zilegi izanen prozeduran barna egiaztatu direnak beste gertaerarik onartzea ebazpenean, nahiz eta beste balorazio juridiko bat ematen zaien.

Zehatzeko prozedurari akabera emateko ebazpenak, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 89.3 artikuluan aipatzen diren elementuak ez ezik, egindako frogen balorazioa ere edukiko du, halakorik izan bada, bereziki erabakiaren oinarri izan diren frogena; finkatuko du gertaerak zein izan diren, hala tokatzen bada arau-hauslea/k nor izan den/diren, zer arau-hauste egin den eta zer zehapen ezartzen zaion/zaien.

Aipatuko du ere arau-hausleari aldatutako egoera lehengoratzeko agindu behar zaion ala ez.

Ebazpena administrazio bidea bukatzen duenean betearazi ahal izanen da. Ebazpenean, hala tokatzen bada, behar diren aurreneurriak hartuko dira betearazi artean ebazpenaren eraginkortasuna segurtatzeko.

10. Zehapena luzeenez hilabeteko epean ordainduko da, administrazio bidean irmotu eta biharamunetik kontatzen hasita.

11. Zehatzeko ebazpena eman eta jakinarazteko luzeeneko epea hiru hilabetekoa izanen da. Espedientea hasi zuen organoak emandako ebazpen arrazoitu batez, epe hori beste hiru hilabetez, gehienez ere, luzatu ahal izanen da, espedientea hasi zuen ebazpena eman zen egunetik kontatuta.

Agintea aitortu zaien funtzionarioek emandako ikuskapen aktak dokumentu publikoak izanen dira eta hortaz bertan jasotzen diren gertaeren gainean berezko egia eta froga-indarra aitortuko zaie, besterik frogatzen ez den artean.

12. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak zilegi izanen du operadore publiko edo pribatuei beren eginkizunerako behar dituzten datuak eskatzea.

Hartarako, soinuzko irrati zabalpen eta telebistako operadore guztiek lehen emisiotik hiru urtetan eduki beharko dituzte artxibaturik emititu diren programa guztiak, bai eta publizitate eta telesalmenta ere, eta haien gaineko datuak erregistratu.

Modu horretan eskuratutako informazioa isilpekoa izanen da, eta ez da foru lege honetan aurreikusitako helburuez bestetarako erabiltzerik izanen.

13. Honako preskripzio arauok aplikatuko dira:

a) Foru lege honetan arautzen diren arau-hausteek honela preskribituko dute: oso larriek hiru urteren buruan; larriek urtebeteren buruan, eta arinek sei hilabeteren buruan.

b) Arau-hausteen preskripzio epea haustea egin den egunetik hasiko da kontatzen. Interesatua jakinean dela zehapen prozedura hasteak eten eginen du preskripzio epea. Berriz hasiko da kontatzen zehapen espedientea hilabetetik gora geldirik egoten bada ustezko arau-hausleari ezin egozteko moduko arrazoiengatik.

c) Arau-hauste jarraitua izan bada, araua haustez bukatzen denean hasiko da kontatzen preskripzio epea.

d) Huts oso larrien zehapenek hiru urteren buruan preskribituko dute, huts larrienek bi urteren buruan eta arinenek urtebeteren buruan. Zehapenen preskripzio epea, zehapena ezartzen duen ebazpena irmotu eta biharamunetik hasiko da kontatzen. Interesatua jakinean dela betearazte prozedura hasteak preskripzioa etenen du, eta berriz hasiko da prozedura hori hilabetetik gora geldirik egoten bada arau-hausleari ezin egozteko moduko arrazoiengatik.

19. artikulua. Arauhausteak eta zehapenak.

1. Foru lege honetan arautzen den zehapen ahalmena erabiltzeko, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko IX. tituluak ezartzen dituen printzipioak hartuko dira aintzat.

2. Honakoak dira arau-hauste arinak:

a) Foru lege honen ondoriozko edozein obligazio eta betebehar ez betetzea, larritzat edo oso larritzat kalifikatzen ez direnean.

b) Foru lege honen irispideko zerbitzuen kontzesioak gobernatzeko arauek kontseziodunei ezartzen dizkieten baldintzak ez betetzea, ez betetze horrek kontzesioen funtsezko baldintzei erasaten ez badie.

3. Honakoak dira arau-hauste larriak:

a) Foru lege honetako II, III eta V. kapituluetan ezarritakoa ez betetzea.

b) 3. artikuluan jasotako printzipioak urratzea, salbu eta a) eta b) letretan ezarritakoak.

c) Identifikazio seinale faltsu edo engainagarriak emititzea.

d) Urtebeteko epean bi arau-hauste arin edo gehiago egitea, ebazpen irmoaren bidez hala direla ezarri baldin bada.

e) Foru lege honen eremuko zerbitzuen kontzesioak erregulatzen dituzten arauek kontzesio-hartzaileei ezartzen ditzkieten baldintzak ez betetzea, kontzesioen funtsezko baldintzei dagozkien ez-betetzeak direnean.

4. Honakoak dira arau-hauste oso larriak:

a) 3. artikuluko a) eta b) letretan jasotako printzipioak urratzea.

b) Programazioko betebeharrak eta publizitatea emititzeko mugak eta betekizunak behin eta berriz urratzea.

c) Ohorearen eta norberaren intimitate eta irudiaren eskubideari eta zuzentzeko eskubideari buruzko indarreko arauak, eta lekuak talde politiko eta sozialen artean banatzeari, hauteskunde kanpainei eta sondeoak hedatzeari buruzko arauak urratzea, ebazpen irmo batez deklaratua.

d) Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren ikuskaritza-ahalmenak gauzatzea eragozten, zailtzen edo atzeratzen duten uko, erresistentzia edo oztopoak.

e) Foru lege honen IV. kapituluan ezarritakoa ez betetzea.

f) Foru lege honen aplikazio eremuko jarduerak edo zerbitzuak betetzea horretarako gaitzen duen aginduzko titulua izan gabe.

g) Urtebeteko epean bi arau-hauste larri edo gehiago egitea, ebazpen irmoaren bidez hala direla ezarri baldin bada.

5. Arau-hausteak honela zehatuko dira:

a) Arinak 100.000 eta 5.000.000 pezeta bitarteko isunarekin (601,1-30.050,60 euro). Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak zilegi izanen du, halaber, gehienez astebetean emisioak edo programazioaren parte bat eteteko erabakitzea.

b) Larriak 5.000.001 eta 15.000.000 pezeta bitarteko isunarekin (30.050,61-90.151,81 euro). Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak zilegi izanen du, halaber, gehienez astebetean emisioak edo programazioaren parte bat eteteko erabakitzea.

c) Oso larriak 15.000.001 eta 50.000.000 pezeta bitarteko isunarekin (90.151,82-300.506,05 euro).

6. Arau-hauste oso larrietan, inguruabarrak zein izan diren, zilegi izanen da soinuen eta telebista seinaleen irrati-hedapeneko zerbitzua emateko titulu gaitasun-emailearen balioa etetea, eta arau-haustea berriz gertatuz gero titulua baliogabetzea ere bai, inolako kalteordainik hartzeko eskubiderik gabe.

7. Betiere, ezarri behar den zehapenaren kopurua esandako muga horien artean mailakatzeko, honako faktoreak hartuko dira aintzat, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 131.3 artikuluak agintzen duenaz gain:

a) Arau-hausteak gizartean zer oihartzun izan duen.

b) Arau-hausleak zer probetxu atera duen zehatzen den gertaeratik.

c) Ez betetzea zeinen larria izan den.

VII. KAPITULUA. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua

20. artikulua. Nafarroako Ikusentzunezkoen Kontseilua sortzea.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortzen da, Konstituzioaren balore eta printzipioak bermatu eta sustatzeaz eta bereziki aniztasuna, gazteria eta haurrak babesteaz arduratuko den organo independentea izan dadin.

2. Gizarte komunikazioaren erabiltzaileen eskubideak bermatzeaz arduratu behar den organoa denez, ikus-entzunezko komunikabideen titulartasunean gardentasuna nagusi izatea begiratuko du; horrekin batera, ikus-entzunezkoen industriaren interesen eta interes sozio-kulturalen artean organo bitartekariaren lanak beteko ditu.

3. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak Nafarroako ikus-entzunezkoen sektorean ekoizpena, programazioa eta publizitatea erregulatzen duten legeak, erregelamenduak eta beste edozein arau betetzen dela zaintzeko eskumena izanen du.

21. artikulua. Izaera eta araubide juridikoa.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua zuzenbide publikoko entea da, nortasun juridiko propioa du, administrazio publikoekiko mendekotasunik gabe dihardu bere eginkizunetan, gaitasun osoarekin eta autonomia organiko eta funtzionalarekin.

Foru lege honetan eta aplikatzekoak diren gainerako lege xedapenetan ezarririk dagoena hartzen du araubide, bai eta haren estatutu organiko eta funtzionamendukoa ere.

2. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren, Guztiendako Administrazio Prozeduraren eta Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren oinarrizko arauei jarraikiz beteko ditu bere eginkizunak.

22. artikulua. Jarduteko eremua eta egoitza.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak foru lege honen aplikazio eremuan jarduten du bere eginkizunetan.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak Iruñean dauka egoitza.

23. artikulua. Osaera.

1. Kontseiluak zazpi kide izanen ditu:

a) Bost kide Nafarroako Parlamentuak bere kideen bi herenen gehiengoaren bidez hautatuak ikus-entzunezkoen, kulturaren, unibertsitatearen edo elkarteen arloan merezimendu aitortuak dituzten eta Nafarroako aniztasun ideologikoaren isla diren pertsonen artean.

b) Beste kideak Nafarroako Gobernuak hautatuko ditu, ikus-entzunezkoen, kulturaren, unibertsitatearen edo elkarteen arloan merezimendu aitortuak dituzten pertsonen artean hautatuak.

2. Parlamentuko taldeek izendaturiko izangaiak, Biltzarreko Osoko Bilkurak hautatu baino lehen, dagokion batzordean agertuko dira, erregelamenduan ezarritako moduan, parlamentariek haien merezimendu profesionalen berri izan dezaten.

3. Hautatuak izan ondoren Nafarroako Gobernuak izendatuko ditu Kontseiluko kideak.

4. Kontseiluko burua kontseilukideen artean hautatuko da, bi herenen aldeko botoarekin, Kontseilua eratzeko bilkuran; bilkura horretan kontseilukide zaharrena arituko da buru. Kontseiluko burua, horrela hautaturikoa, Nafarroako Gobernuko Lehendakariak izendatuko du.

Kontseiluko buruak buruordea izendatu ahalko du, kontseiluko kideen artean, haren esku utzitako eginkizunak beteko ditu eta Kontseiluko buruaren ordez arituko da hura ez badago edo gaixorik dagoenean.

5. Kontseiluko idazkaria kontseilukideen artetik hautatuko da, kontseiluburua hautatzeko erabilitako prozedura berarekin.

Idazkariak kargua utzi edo lekuturik nahiz eririk badago, kontseilukide gaztenak eginen ditu haren ordezkoak beste idazkari bat hautatu edo hura ordeztu beharraren arrazoia itzali arte.

6. Kontseilukideak ezin izanen dira behin baino gehiagotan hautatu.

7. Kontseiluko kideak ez dira inongo aginduzko manuren menpe egonen. Ez dute inongo aginteren jarraibiderik hartuko eta autonomiaz eta norberaren irizpideei jarraikiz beteko dituzte beraien eginkizunak.

8. Kontseiluburuaren kargualdia, betiere, sei urtekoa izanen da. Beste kideen kargualdia ere sei urtekoa izanen da baina bi urtetik kide horien hirutik bat berrituko da.

9. Kontseilukideak, izendatu eta hurrengo hogeita hamar egun naturaletan jabetuko dira karguaz, zin edo promes eginaz noiznahi Nafarroako Foru Eraentza begiratuko dutela, Konstituzioari eta legeei men eginen dietela eta karguko eginbideak zintzo beteko dituztela.

24. artikulua. Kontseiluko buruak eta kideek kidetasuna uztea.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko kideek ondoko arrazoiren batengatik utziko dute kargua:

a) Kargualdia bukatzea.

b) Kideak berak uztea.

c) Hiltzea.

d) Karguan aritzeko ezintasun iraunkorra.

e) Izendatu eta gerora bateraezintasuna edo kargu publikoetan aritzeko debekua sortzea.

f) Doluzko delitu batengatik epai irmo baten bidez kondena hartzea.

2. Kargu-uzte aurreratuek, non eta ez den kargualdia bukatu delako, sortutako hutsa Nafarroako Parlamentuak beteko du, 23. artikuluan ezarritako moduan. Era horretan izendaturikoaren kargualdia gainerako kontseilukideena bukatzen den une berean bukatuko da.

25. artikulua. Bateraezintasunak.

1. Indarra duen beste edozein arauk aginduta izan ditzaketen bateraezintasunez gain, Nafarroako Ikus-entzunezkoen honakoekin ere ezin bateratuko da kontseilukidea izatea:

a) Nafarroako Gobernuko kidea edo goi karguduna.

b) Europar Batasunean, Estatuan, autonomia erkidegoetan eta udal-kontzejuetan kargudun hautetsia izatea.

c) Alderdi politikoetan, sindikatuetan edo enpresa-buruen erakundeetan zuzendaritza kargua izatea.

d) Fiskal edo epaile karreran jardunean egotea.

e) Zuzen nahiz zeharbidez edonolako komunikabideetan interesa duen enpresa batean edozein zuzendaritza kargu izatea eta bai publizitate enpresa batean edo ikus-entzunezko edukiak produzitzeko batean.

f) Komunikazio edo publizitate enpresetan, komunikabideetan, irrati edo ikus-entzunezkoen ekoizpeneko enpresetan partaidetza sozialaren edo akzioen 100eko 5 baino gehiago -berez nahiz ordezkatze edo ahalordetze bidez- jabetzan edo titularitatean izatea.

2. Bateraezintasun horietakoren bat dutenek bi hilabete izanen dituzte beren egoerak lege honetan ezarritakora egokitzeko. Bestela, Kontseiluak bateraezintasuna dutela adieraziko du, kideen bi herenek hala erabakita.

26. artikulua. Eskumenak.

1. Kontseiluaren eginkizunak hauexek izanen dira:

a) Ikus-entzunezkoen sistemaren lege eta arauen inguruko gaietan, bai eta sistema horren mota tekniko guztietan eta lurralde mailan dauden egoeraz eta aurreikuspenez aholkua ematea Gobernuari eta Nafarroako Parlamentuari. Txostenak eta irizpenak modutzea bere borondatez nahiz hala eskatzen badute Nafarroako Gobernuak, Parlamentuko Eledunen Batzarrak, Parlamentuko bi taldek edo foru parlamentarien bostenak.

b) Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak zehapen ahalmena du, ikus-entzunezko komunikazioa eta publizitatea arautzen duten legeek, foru lege honetan Kontseilurako ezarritako jarduketa esparruari eta eginkizunei dagokienez, Nafarroako Gobernuari emandakoa. Hortaz, Kontseiluak foru lege honetan aurreikusitakoa betetzen dela bermatzeko, kontrol eta ikuskaritzan arituko da eta, kasua denean, foru lege honen 2. artikuluan sartutako zerbitzuei dagokienez, zehapen prozedurak tramitatu eta zehapenak ezarriko ditu.

c) Soinuzko irrati zabalpen eta telebistako zerbitzuen kontzesioa adjudikatzeko lehiaketa bakoitzean, deialdia egin baino lehen, Gobernuak prestatu duen baldintza pleguari buruz nahitaezko aldeko txostena egitea edo Gobernuari itzultzea beste modu batean aurkez dezan.

d) Irrati zabalpen eta telebistako emisorak kudeatzeko eraukipenak emateko lehiaketetan, nahitaezko baiezko txostena egitea, edo Gobernuari itzultzea beste modu batean aurkezteko, lizitatzaileen akziodun-osaeraren gainean, sektore horretan aniztasuna eta konpetentzia librea segurtatzeko, hedabideak esku gutxitan kontzentratzea eta gailentasunezko abusuak eragozteko. Kontzesioak berritzeko eskaeren gainean ere emanen du txostena, eraukipenen enpresa titularren kapital soziala aldatzeko espediente Nafarroako Gobernuak baimendu behar dituenen gainean eta kontzesioak eskualdatzeko espedienteen gainean.

e) Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak Nafarroako administrazio publikoek ikus-entzunezko komunikabideekin izenpeturiko akordioen berri izanen du, komunikabide horiek, zuzenean edo zeharka, dirulaguntza publikoak jaso edo titularitate edo jabetza publikoko ondasun edo zerbitzuak erabiltzen dituztenean kasuan.

f) Nafarroako Administrazio Publikoen eta komunikabideen arteko lankidetza hitzarmenak -egungoak eta etorkizunekoak-kontrolatu eta haren jarraipena egitea.

g) Komunikabideetako publizitate instituzionalaren kopuruak kontrolatu eta haien jarraipena egitea.

h) Nafarroako Parlamentuari urtero aurkeztea txosten bat, aurreko aldian izandako jarduera azaldu eta ikus-entzunezkoen sistemaren garapena, arazoak eta zailtasunak ebaluatzeko, arreta berezia eskainiz edukiei eta horien artean, aniztasuna, hezkuntza, haurrak, gazteak eta pertsonen duintasunarekin zerikusia dutenei.

i) Ikus-entzunezkoen sistemari buruzko azterlanak egitea.

j) Gutxiengoen eskubideak, haurrak, gazteak eta pertsonen duintasuna babestea, programazioan eta publizitatearen edukietan.

k) Hutsegiteak zuzentzeko eskubideaz baliatu ahal izateko eta kontraprogramazioa saihesteko arbitraje edo bitartekaritza lanak betetzea, ahalmenen gaineko hitzarmena izenpetu ondotik, haren estatutu organiko eta funtzionamendukoak ezarritako moduan.

l) Begiratzea ikus-entzunezko sektorea gobernatzen duen araudiak agintzen duena bete dadin eta araudiaren oinarri diren printzipioak errespeta daitezen: bereziki, aniztasun politika, gizarte, erlijio, kultura eta pentsamenduaren alorreko aniztasuna segurtatzea eta Nafarroan ikus-entzunezko sistema osoan hizkuntza eta kultura aniztasuna zaintzea.

m) Begiratzea, haren eskumenen esparruan, Europako Batasunaren arauak bete daitezen begiratzea, bereziki mugarik gabeko telebistari dagokion arloan, eta bai nazioarteko itunek ikus-entzunezko hedabideen gainean agintzen dutena ere.

n) Ikus-entzunezko hedabide publiko nahiz pribatuei esleitu zaizkien zerbitzu publiko eginkizunak bete daitezen begiratzea.

ñ) Eskumena duen irrati eta telebistako emisioetan sustatzea Konstituziotik heldu diren eskubideak betetzen direla gai hauen inguruan: aniztasuna, jaiotze, arraza, sexu, erlijio edo ideologia dela-eta pertsonen kontrako diskriminaziorik ez izatea, bai eta haur edo gazteentzat kaltegarriak izan daitezkeen saioen kokaerari dagokionez ere, legez ezarritako babes-ordutegietatik kanpo.

o) Ikus-entzunezkoen sektorean autoerregulazio arauak har daitezen sustatzea.

p) Kontseiluaren estatutu organiko eta funtzionamendukoa onetsi eta hala tokatzen bada, aldatzea.

q) Operadoreei aholkua eta informazioa ematea beren eskumenen eremuan legeak bete daitezela segurtatzeko, eta ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen erabiltzaileen egiten dituzten kexen berri ematea.

r) Iragarki-egileei eta ikus-entzunezko enpresei eskatzea, bere borondatez nahiz interesatuek eskatuta, bidegabeko publizitatea kentzeko edo aldatzeko.

s) Foru lege honek aitortzen dituen eskurantzen barrenean, behar diren neurriak hartzea publizitatean edo programazioan giza duintasunaren eta berdintasunaren kontrako mezu edo edukiak sartu eta zabaltzearen ondorioak berdintzeko; bereziki mezu edo eduki horiek haur edo gazte jendearen entzun orduetan emititu badira.

t) Herritar elkarteen eta teleikusle zein erabiltzaileen kexak eta eskaerak jasotzea eta sektore horiekin harreman etengabea eta erraza izatea.

u) Legeak esleitzen dizkion beste guztiak.

2. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak, haren eginkizunak betetzeko, txostenak eskatu ahalko dizkio maiatzaren 17ko 168/1999 Foru Dekretuaren bitartez sortutako Telekomunikazioen Kontseilu Aholku-emaileari eta martxoaren 4ko 2/1985 Foru legearen bitartez sortutako Espainiako Irrati-telebistaren Kontseilu Aholku-emaileari. Halaber, Kontseiluak kontsultatu nahi dituen aferetan jakintza tekniko nabarmena duten beste erakunde, entitate edo pertsona batzuen laguntza eskatu ahal izanen du.

3. Haren eskumenak betetzeko, Kontseiluak proposamen edo gomendio, errekerimendu, txosten, ikuskaritza eta kontrol eta zehapen ahalmenak ditu bere gain. Kontseiluaren erabakiek amaiera ematen diote administrazio bideari.

4. Kontseiluak zilegitasuna du jurisdikzio arruntean mota guztietako ekintza prozesalak betetzeko, eta berariaz, Publizitateari buruzko lege orokorrean araututako eten eta zuzenketa ekintza betetzekoa.

5. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren eskumenen artean dago begiratzea ikus-entzunezkoen komunikabideen jabetzan gardentasuna izatea, foru lege honetan erregulatzen den moduan.

27. artikulua. Kontseiluaren funtzionamendua.

1. Kontseiluaren gobernu eta erabaki organoa osoko bilkura da, Kontseiluko buruak, kideek eta idazkariak osaturik.

2. Kontseiluko burua Kontseiluaren legezko ordezkaria da, eta Kontseiluaren osoko bilkuraren bileren deialdiak egin eta horietan buru aritzeko ahalmenak ditu. Buruaren ahalmenak horiek izanik ere, Kontseiluaren osoko bilkurarako deia eginen da kideetako lauek gutxienez hala eskatzen badute.

3. Kontseiluaren osoko bilkura balioaz eratzeko, kideetatik erdia gehi bat, gutxienez, bertaratu beharko dira. Kontseiluaren erabaki guztiak osoko bilkuran hartu behar dira, eta beharrezkoak dira kideen erabateko gehiengoaren aldeko botoak Kontseiluaren estatutu organiko eta funtzionamendukoa onartu eta aldatzeko, telebista edo irratiko emisioen lizentziak esleitzeari dagokion edozein erabaki hartzeko, zehapen oso larriak ezartzeko eta urteko txostena onartzeko.

4. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua foru lege honek indarra hartu eta lau hilabeteko epean eratuko da.

28. artikulua. Gardentasuna ikusentzunezko komunikabideen titulartasunean.

1. Ikus-entzunezko komunikazioa xede duten sozietateen akzioak, partaidetzak edo titulu baliokideak izendunak izan beharko dira eta sozietate bakoitzaren akziodunen liburuan inskribatu beharko dira, eta halaber foru lege honetan horretarako sortzen den Erregistroan.

2. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren aurretiazko baimena beharko dute aurreko idatz-zatian aipatzen diren akzioak eskualdatu, erabili edo zergapetzea eragiten duten ekintza eta negozio judiriko guztiek, bai eta akzioen, partaidetzen edo titulu baliokideen lagapenak edo lagapenaren hitz emateak ere, baldin eta haien ondorioa ikus-entzunezko komunikazioa xede duen enpresa baten akzioak zuzenean edo zeharka erostea bada.

29. artikulua. Ikusentzunezko komunikabideen titulartasunaren erregistroa sortzea.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak ikus-entzunezko komunikabideen titulartasunaren erregistro bat sortuko du.

Erregistro horretan kontzesioa edo baimena inskribatu beharko da, horien titular diren sozietateekin batera, eskritura eta estatutuak ere erantsirik.

2. Sozietate titularren eskrituraren edo estatutuen edozein aldaketaren berri eman beharko zaio erregistroari, eta halaber administrazio organoen osaketa ere. Inguruabar horiek Merkataritzako Erregistroan inskribatu ahal izateko beharrezkoa izanen da aldez aurretik Ikus-entzunezko komunikabideen titulartasunaren erregistroari haien berri eman izana.

3. Aurreko artikuluan araututako egintza edo negozio juridikoak ere erregistro horretan inskribatu beharko dira.

4. Erregistro horren funtzionamendua Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren estatutu organiko eta funtzionamendukoan arautuko da.

30. artikulua. Diru ordainak.

1. Kontseilukideek eskubidea izanen dute erregelamenduz ezartzen diren dietak eta ordainak jasotzeko kontseiluaren lan bileretan parte hartzeagatik. Horrez gain, kontseilukide guztiek eskubidea izanen dute irizpenetarako txostenak egiteagatik ezartzen diren diru ordainak jasotzeko.

2. Aurreko idatz-zatian ezarritako diru ordainak Kontseiluak agindutako lanetan parte hartzen duten adituek ere jasoko dituzte.

31. artikulua. Araubide ekonomiko finantzarioa.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari aplikatzeko zaion araubide ekonomiko finantzario beraren menpe egonen da.

Kontseiluak bere urteko aurrekontuaren aurreproiektua itxuratuko du, programa beregain gisa sar dadin Nafarroako aurrekontu orokorren foru legearen proiektuan.

32. artikulua. Kontseiluko langileak.

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak bere plantilla organikoa prestatuko du. Langileak deialdi publikoaren bidez hautatu eta kontratatuko dira Gobernuak, publizitate, merezimendu eta gaitasunaren printzipioei jarraikiz.

2. Kontseiluan zehapen espedienteak irekitzen aritzen diren langileek funtzionarioak izan beharko dute eta eginkizun horietan ari dela, aginte publikoaren izaera izanen du.

3. Kontseiluaren zerbitzuko langileek lan-kontratuko harremana dute Kontseiluarekin, aurreko idatz-zatian ezarritako berezitasuna izan ezik.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Nafarroako Gobernuak Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak jardun ahal izateko behar diren kredituak sortuko ditu, Kontseiluak Nafarroako aurrekontu orokorren gastu egoeran bere programa ez duen artean.

Bigarrena.-Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak langileak eta baliabide materialak beretzen dituen arte, Nafarroako Gobernuak Kontseiluak egoki jarduteko behar diren baliabideak esleituko dizkio.

Hirugarrena.-Foru lege honek Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluari ematen dizkion kontrol eginkizunak ez zaizkie aplikatuko udal titularitateko irratien bitartez egiten diren frekuentzia modulatudun uhin metrikoetako soinu bidezko irrati zabalkunde zerbitzuei, horien gaineko kontrola udalaren osoko bilkuraren esku baitago, soinu bidezko irrati zabalkunderako udal irratien antolaketa eta kontrolari buruzko 11/1991 Legearen 4. artikulua ezarritakorekin bat.

Laugarrena.-Foru lege honen II. kapituluan jasotako betebeharrak uztailaren 12ko 25/1994 Legearen II. kapituluan ezarritakoen osagarriak dira, foru lege honen menpeko telebista operadoreek azken hauek ere bete beharko baitituzte.

XEDAPEN IRAGANKORRA

1. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua hurrengo idatz-zatian xedatu bezala eginen ditu lehenbiziko bi berritze partzialak.

2. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluko kideak lehenbizikoz izendatu eta bi urtera, Kontseiluan bertan zozketa egin eta haren arabera izendatuko dira kargua utzi eta ordeztu behar diren kideak. Beste bi urte iraganik orobat eginen da lehenbizikoan ordeztu ez diren kideekin. Geroztik, foru lege honetako 23. artikuluak agintzen duena hartuko da aintzat.

3. Xedapen iragankor honetan aipatu diren berritze partzialak ez zaizkio kontseiluburuari aplikatuko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geldituko dira foru lege honi kontra egiten dioten maila bereko nahiz apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Esku ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege hau garatu, bete eta aplikatzeko behar diren xedapenak emateko.

Bigarrena.-Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta bateko uztailaren bostean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0107236

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web