(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

7/1998 FORU LEGEA, ekainaren 1ekoa, Errepideko Hiriko Garraio Publikoa arautzen dueña Nota de Vigencia

BON N.º 67 - 05/06/1998



  I. TITULUA. Xedapen orokorrak


  II. TITULUA. Bidaiarien garraio publikoa

  I. KAPITULUA. Garraio erregularrak

  LEHEN SEKZIOA. Erabiltzaile guztientzako garraio erregular finkoa

  BIGARREN SEKZIOA. Aldi baterako garraio erregularrak

  HIRUGARREN SEKZIOA. Erabilera mugatuko garraio erregularrak

  II. KAPITULUA. Garraio bereziak

  LEHEN SEKZIOA. Garraio berezia bederatzi eserlekutik gorako ibilgailuetan

  BIGARREN SEKZIOA. Garraio berezia turismoko ibilgailuetan


  III. TITULUA. Zehapen araubidea


ZIOEN AZALPENA

Hiriko garraioari buruzko arautegia ezartzea oso-osorik Nafarroan barna diragaten garraioen arloan Foru Komunitateari ez besteri dagokion eskumena erabiltzearen ondoriozkoa da.

Hala ere, errepideko garraioak hain afera nahasiak dituenez, beharrezkoa da eskumen hori agintaritzako maila guztiekin zintzotasunez elkarlanean arituz erabiltzea. Hori dela eta, Autonomi Erkidegoek eta Estatuko Administrazioak garraio horren gorabehera komunak aurkeztu dituzte guztien lankidetzaren ondorio gisa, konstituzionaltasun blokeak eta garraioko lanbidedunen beharrek ezarririko eskumen mugapenarekiko begirunez.

Foru Lege honetan hiriko garraioaren alderdi komunak biltzen dira eta arlo horren antolaketa osoan sartzen.

Zehazki, hiriko garraio kontzeptuak erabateko begirunea du toki entitateek arlo horretan dituzten eskumenekin, horrekin bestelako arauzko aurrekarietatik bereiztu arren.

Hala ere, garraio mota guztien ohiko sailkapenei eutsi zaie, pentsatzen baita horrek laguntzen diola garraio sistemaren homogeneotasunari eta, orobat, zehapen araubidea horrela garraioari buruzko lehengo eta kasuan kasuko legeen parekotasunari atxikitzen zaio.

Azkenik, kontuan hartuz Nafarroako Udaletarako administrazio kontratazioari buruzko arautegia orohar aplikatzekoa dela, garraio zerbitzu publikoen kudeaketaren berezko gorabeherak bakarrik arautzen dira.

I. TITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Foru Lege hau Foru Komunitatean diragaten errepideko hiriko garraio publikoei aplikatuko zaie.

Foru Lege honen ondorioetarako,

a) "Errepideko garraioa" da arrodatzeko bide finkorik gabe eta energia hartzeko baliabide finkorik gabe dabiltzan automobiletan, hiriko edo hiriarteko lur gaineko edozein bidetan, delarik publikoa, delarik pribatua, egiten dena.

b) "Garraio publikoa" besteren kontu lansariaren truk egiten dena da.

2. artikulua.

Udalak eskudunak dira orohar bidaiarien garraio publikoko hiriko zerbitzuak antolatu, kudeatu, ikuskatu eta zehatzeko. Ondorio horietarako, hiriko zerbitzutzat jotzen dira osorik kasuan kasuko udalerrian barna diragatenak.

3. artikulua.

1. Udalek hiriko garraio publikoko zerbitzuei aplika dakiekeen tarifa-araubidea proposatuko diote Foru Komunitateko Administrazioan salneurrien alorrean eskudun den organoari, baimenen titularrak eta kontsumitzaile eta erabiltzaileak ordezkatzen dituzten elkarteei entzun ondoren.

2. Hiriko bidaiari-garraio publiko erregularrak, besteak beste, dirusarrera hauen bidez finantzatuko dira:

a) Zuzenean zerbitzuen erabiltzaileengandik lorturiko diru-bilketatik eta zerbitzu horiek ematen dituzten enpresen bestelako baliabideen ustiakuntzatik datozenen bidez.

b) Eskudun erakundeek horixe dutela helburu ezar litzaketen zerga-bilketen bidez.

c) Administrazio Publikoek egin litzaketen diru- ekarpenen bidez.

4. artikulua.

1. Errepideko hiriko bidaiari-garraio publikoak erregularrak edo bereziak izan daitezke.

Garraio erregularrak aldez aurretik ezarririko ibilbideen barruan, aldez aurretik finkaturiko egutegi eta ordutegiei jarraikiz, egiten direnak dira.

Garraio bereziak aldez aurretik ezarririko ibilbide, egutegi edo ordutegiei jarraiki gabe egiten direnak dira.

2. Aurreko idazatian aipatzen diren garraio erregularrak honakoak izan daitezke:

a) Jarraipenari dagokionez, finkoak edo aldi baterakoak.

Garraio erregular finkoak behar iraunkorrak betetzeko etenik gabe egiten direnak dira.

Aldi baterako garraio erregularrak salbuespenezko edo abaguneko trafikoa burutzea xede dutenak dira, aldi mugatu batez dirautenak. Hala ere, aldian-aldian gerta daitezke, hala nola, azoka eta merkatu egunetan edo antzekoetan.

b) Erabileragatik, erabiltzaile guztientzakoak edo erabilera mugatukoak izan daitezke:

Erabiltzaile guztientzako garraio erregularrak eskari orokorra betetzea xede dutenak dira, interesatu orok erabil ditzakeelarik.

Erabilera mugatuko garraio erregularrak erabiltzaile talde berezi batendako, eskola-ume, langile eta antzeko talde homogeneoendako, kasu, dira.

5. artikulua.

1. Hirigintza osakeragatik, kokaguneagatik edo jende kopuruagatik edo ekonomi eta gizarte inguruabarrengatik garraio sareen artean koordinazio arazoak dituzten Udal batzuen menpe dauden eskualde edo hiri multzoetan, Foru Komunitateko Administrazioak araubide berezia ezartzen ahalko du garraio sistema harmonikoa izan dadin bermatzeko.

2. Aurreko idazatian aurreikusten den helburua entitate publiko bat indarreko antolamenduan aurreikusiriko moduan sortuz lortzen ahalko da. Bertan, ukituriko udal edo entitateek hartuko dute parte eta kasuan kasuko eskualdeko garraio zerbitzuen antolamendu eta kudeaketa bakarra autonomiaz burutuko du edo delako antolamendu bakarra lehenagotik dagoen entitate publikoari esleitzen ahalko zaio, baldin eta Konstituzioak Udalei aitortzen dien autonomia behar bezala errespetatuko dela bermatzen bada.

3. Foru Komunitateko Administrazioak aurreko idazatian aipatzen diren udalez gaindiko entitateetako gobernu organoetan parte hartzen ahalko du, baldin eta haren eskumenak edo haren interesak ukitzen badira.

6. artikulua.

Hiriko bidaiari-garraioko zerbitzu publikoa emateko, turismoko ibilgailuetan egiten diren bidaiarien garraio-zerbitzuak direnean izan ezik, eskudun Udalaren aurrean betebehar hauek betetzen direla frogatu beharko da:

a) Pertsona fisikoa edo juridikoa izatea. Kasu honetan, merkataritzako sozietatea, lan sozietate anonimoa edo lan elkartuko kooperatiba izan beharko du.

b) Espainiako, Europako Batasuneko beste estatu bateko edo, Espainiak izenpeturiko nazioarteko tratatu edo hitzarmenetan xedaturikoaren arabera, betebehar hori ezin eskatu dakiokeen atzerriko beste estatu bateko hiritartasuna izatea.

c) Lanerako gaitasun, izen on eta diru-ahalmen baldintzak, beharrezkoak direnak, frogatzea.

d) Indarra duen legediak ezarri dituen zerga, lan, gizarte eta aseguru eginbeharrak betetzea.

e) Gaitasun-agirien motei buruz espreski ezartzen diren kasuan kasuko baldintzak betetzea, hala bada.

II. TITULUA. Bidaiarien garraio publikoa

I. KAPITULUA. Garraio erregularrak

LEHEN SEKZIOA. Erabiltzaile guztientzako garraio erregular finkoa

7. artikulua.

1. Erabiltzaile guztientzako garraio publiko erregular finkoak udal titulartasuneko zerbitzu publikoak dira eta kasuan-kasuan ezartzen diren betebeharrak betetzen dituzten hiritar guztiek eskubide berbera dute haiek erabiltzeko.

2. Aurreko idazatian aipatzen diren zerbitzuen kudeaketari dagokionez, Foru Lege honetan eta hori garatzen duten xedapenetan aurreikusten ez den guztian, administrazio kontratazioei buruzko arauei jarraikiko zaie.

8. artikulua.

1. Bidaiarien garraioko zerbitzu erregular finkoak Administrazioren ebazpenaren bidez ezarriko dira, non, orobat, zerbitzua emateko proiektua ere onetsiko baita.

2. Udalak onartu eginen du ebazpen hori, bai berak bai partikularrek hala erabakirik, kontuan hartuz garraioak gaur egun duen eta geroan izan lezakeen eskaria, horretarako dauden baliabideak eta ezarpen horrek ukitzen dituen edo hura ukitzen duten gainerako gizarte inguruabarrak ere.

9. artikulua.

Udalek bestelako hiriarteko zerbitzu erregularrek lehenagotik baimenduak dauzkaten trafikoekin baterakideak diren zerbitzu erregular finkoak edo aldi baterakoak ezartzeko, frogatu egin beharko da zerbitzua ez dela aski erabiltzaileen beharra egoki betetzeko eta, aldez aurretik, Foru Komunitateko Administrazioak bere oniritzia eman beharko du. Oniritzi hori emateko, bi zerbitzuen ustiakuntza koordinatzeko plana onesteko baldintza ezar lezake. Haren prestakuntzan, hiriarteko zerbitzu erregularraren kontzesioaren titularra den enpresari entzun beharko zaio.

Trafiko baterakidetzat joko dira geralekuen artean egiten direnak, horietan hiriarteko zerbitzuak baimena badu bidaiairiak hartu eta uzteko, baita geralekuetatik gertu dauden tokietan egiten direnak ere, horiek udalerri berean ez badaude ere.

10. artikulua.

Erabiltzaile guztientzako zerbitzu erregular finkoak, orohar, administrazio kontzesioa ematen zaion enpresak eginen ditu.

Hala ere, horretarako zioak daudenean, Udalak erabakitzen ahalko du ustiakuntza zerbitzu publikoak kudeatzeko administrazio kontratazioa arautzen duen legedian aurreikusten den beste edozein prozeduraren bidez burutzea.

Lehen aurreikusirikoa galarazi gabe, zerbitzu baten zuzeneko kudeaketa publikoa bidezkoa izanen da zeharkako kudeaketa haren izaerarako egokia ez denean, lortu nahi diren ekonomi edo gizarte helburuetarako balio ez duenean, edo interes publikoagatik edo ekonomi eta gizarte zioengatik beharrezkoa denean. Gorabehera horiek gertatzen direnean, Udalak zuzenean ematen ahalko ditu erabiltzaile guztientzako garraio publiko finkoko zerbitzuak. Horiek kudeatzeko enpresen kudeaketa publikoari buruz indarra duen legediak onartzen duen edozein figura erabiliko da.

11. artikulua.

1. Kontzesioak lehiaketa bidez esleituko dira, prozedura irekian.

Lehenagoko kontzesioen mugaeguna betetzen bada ere, modu berean jardunen da.

2. Zerbitzuak emateko proiektuak zuzenbide, ekonomi, teknika eta administrazio baldintzen pleguaren oinarritako balioko du. Hark oinarrizko zerbitzuak eta osagarriak bilduko ditu, eta ibilbideak, egin daitezkeen trafikoak, geralekuak, tarifa araubidea, ibilgailuen gutxieneko kopurua, horiek amortizatzeko gehieneko epea, hala bada, behar diren instalazio finkoak eta zerbitzua zehazten eta haren emanaldia osatzen duten gainerako inguruabarrak ere bai.

3. Aurreko idazatian aipatzen diren baldintza eta inguruabarrak gutxieneko betebehar gisa edo orientazio gisa ezartzen ahalko dira baldintza pleguetan. Enpresa lehiakideek, ezarririko mugen barruan, halakorik bada, kasuan kasuko pleguko baldintzak zehazten, gehitzen edo aldatzen duten eskaintzak aurkezten ahalko dituzte, baldin eta zerbitzuaren edo haren emanaldiaren funtsezko baldintzak aldatzen ez badira.

12. artikulua.

Kontzesioen iraupena baldintza pleguan ezarriko da, zerbitzuaren ezaugarri eta beharren arabera, ukituriko ondasunak amortizatzeko epeak kontuan hartuko direlarik. Iraupen hori, gutxienez ere, hamar urtekoa izanen da eta, gehienez ere, hogeita bostekoa. Kontzesioko epea bukatzen denean, zerbitzuaren ondorengo emanaldia zehazteko prozedura bukatu baino lehen, kontzesio-hartzaileak prozedura bukatu arte luzatuko du bere kudeaketa. Behin ere ez da beharturik egonen hamabi hilabete baino gehiagoz kudeaketa horretan irautera.

13. artikulua.

1. Lehiaketako baldintza pleguan, behar bezala ponderaturik eta goitik beherako hurrenkeran, esleipenaren abiapuntutako balio behar duten irizpide objektiboak ezarriko dira, hala nola tarifak, ibilgailuen abialdien kopurua, zerbitzua emateko eskainiriko plazen kopurua, ibilgailuen ezaugarriak, haien aintzinatasuna eta bestelako hobekuntzak.

2. Beti ere, diru-baldintza ausartegiak ezartzen dituzten eskaintzak, teknikoki egokiak ez direnak, edo behar bezala eta zehazki zerbitzua eta haren jarraipena bermatzen ez dutenak, ezetsi beharko dira.

Eskaintzen ausarkeria administrazio kontratazioari buruzko arautegian ezarririko irizpide objektiboei jarraikiz neurtuko da.

14. artikulua.

1. Zerbitzua kontratuan finkaturiko baldintzetan eman beharko da. Hark baldintza pleguak ezartzen dituenak bilduko ditu, esleipen-hartzaileak eskaini eta Udalak onartzen dituen zehaztapen edo aldaketak barne.

2. Erregelamendu bidez, edo kontratuan berean, zerbitzua hobeki kudeatzeko, enpresak, Udalari jakinarazirik, askatasunez alda ditzakeen inguruabarrak ezarriko dira. Udalak, interes publikoaren kontrakoak direnean, debekatzen ahalko ditu aldaketa horiek edo erabiliak izateko muga zehatzak ezartzen.

3. Udalak, ofizioz edo esleipen-hartzaileek edo erabiltzaileek eskaturik, emanaldiaren baldintzetako aldaketak, kontratuan ez aurreikusiak, onesten ahalko ditu, baita ibilbideen gehitze, gutxitze edo ordezteak ere, zerbitzua hobeki emateko beharrezkoak edo komenigarriak badira. Beti ere, beharturik egonen da kontzesioaren oreka ekonomikoa errespetatzera.

15. artikulua.

1. Justifikatzen duten interes publikoko arrazoi objektiboak daudenean, lehenagotik daudenak ez beste zerbitzu bat ezartzea bideragarria edo bidezkoa ez denean, Udalak, ofizioz edo alde batek eskaturik, kontzesioetako oreka ekonomikoa errespetatuz, erabakitzen ahalko du kasuan-kasuan kontzesioa izan duten zerbitzuak bateratzea, haien emanaldia enpresa batasuneko araubidean egin dadin.

Bateraturiko zerbitzuak aurrekoen iraungipena ekarriko duen beste kontzesio baten xede izanen dira. Irauteko epea, artikulu honetako 3. idazatian aipatzen den kasuan izan ezik, bateratzen diren zerbitzuei dagozkien kontzesioetan dirauten indarraldien eta kasuan kasuko trafikoen arabera finkatuko da. Faktore horiek aplikatzearen ondoriozko epea 100eko 20 gehitzen ahalko da.

2. Bateratu behar diren kontzesioak titular berarenak direnean, bateratzeko erabakiak berarekin ekarriko du bateraturiko kontzesioaren aldeko zuzeneko esleipena.

Zerbitzuak enpresa ezberdinei emaniko kontzesioei dagozkienean, ondoriozko kontzesioaren titulartasun bakar berria zehazteko prozedura arau hauei jarraikiko zaie:

a) Udalak kontzesio-hartzaileak gonbidatuko ditu behar diren transferentziak egitera, kontzesioa titular bakar batek izan dezan. Titular bakarra kontzesio-hartzaileetariko bat edo haiek guztiek edo haietariko batzuek osaturiko elkartea izan daiteke.

b) Sei hilabeteko epearen barrenean itunik lortzen ez bada, kontzesio-hartzaileen artean lehiaketa bat eginen da, zerbitzu sortu berrietarako aurreikusi bezala. Bertako gehieneko tarifa bateratzen diren kontzesiorik garestiena izanen da.

3. Kontzesioa aurreko idazatian aurreikusiriko prozeduretan esleitzen ez bada, beste lehiaketa bat eginen da, izan litezkeen lehiakideei dagokienez, inolako mugarik gabe, Foru Lege honetan ezarririko baldintza orokorrekin bat.

4. Kontzesio berriaren esleipen-hartzaile gertatzen ez diren aintzinako titularrei ordain bat emanen zaie eraginiko kalteengatik, administrazio kontratazioari buruzko arautegian xedaturikoarekin bat.

16. artikulua.

1. Kontzesioak administrazio kontratazioari buruzko arautegian ezarririko zioengatik iraungiko dira.

2. Halaber, kontzesioak iraungitzeko zioak izanen dira:

a) 27.5 artikuluan aurreikusiriko oinarrizko baldintzak ez betetzea.

b) 6. artikuluan aurreikusiriko betebeharrak galtzea.

BIGARREN SEKZIOA. Aldi baterako garraio erregularrak

17. artikulua.

1. Aldi baterako bidaiari-garraio erregulartzat hartuko dira:

1) Gutxi dirauten aldietan, hala nola, oporretan, urtaro batean eta aparteko azoka eta erakusketetan etenik gabe ematen direnak.

2) Urtean etenik baina aldian-aldian, hala nola, ohiko merkatu eta azoketan ematen direnak.

2. Aldi baterako zerbitzu erregularrak baino lehen, Udalak, ofizioz edo alde batek eskaturik, haren ezarpenari eta hartarako baldintzei buruz erabakia hartu beharko du. Ezarpena bakar-bakarrik erabakitzen ahalko da, garraio eskariaren aldi baterako edo aparteko izaeragatik, erabiltzaile guztientzako garraio zerbitzua ezartzeko beharra aski den moduan justifikaturik dagoenean, baldin eta gorabehera hauek gertatzen badira:

a) Kasuan kasuko garraio beharrak aski den moduan betetzen ahal dituen erabiltzaile guztientzako zerbitzu erregular finko baterakiderik ez dagonean.

b) Erabiltzaile guztientzako zerbitzu erregular finko baterakidea badago ere, bi baldintza hauetariko bat gertatzea:

1) Betetzekoak diren garraio beharretarako egokitzeak zerbitzu baterakidea ustiatzeko kasuan kasuko kontzesioan ezarririko baldintzetan funtsezko aldaketa ekartzea.

2) Betetzekoak diren garraio beharrak hain bereziak izatea, ezen komeni baita zerbitzu independiente bat ezartzea.

3. Horretarako gaitzen duen administrazio baimen berezia eskuratzen dutenek ez bestek egiten ahalko dituzte aldi baterako garraio erregularrak.

HIRUGARREN SEKZIOA. Erabilera mugatuko garraio erregularrak

18. artikulua.

1. Erabilera mugatuko bidaiari-garraio erregularrak egiteko, beharrezkoa izanen da aldez aurretik Udalak horretarako emanen duen baimen berezia lortzea.

Baimen hori aldez aurretik erabiltzaileen ordezkariekin garraioa kasuan kasuko kontratu edo aurrekontratuaren bidez hitzartua duten enpresei emanen zaie. Horretarako, zerbitzua emateko behar diren gauzazko baliabideak badauzkala frogatu beharko du.

2. Erabiltzaileen ordezkaritzat joko dira, haiekiko jarrera bereziaren arabera, garraiolariarekiko harremana bere gain hartzen dutenak, hala nola, ikastetxeetan eskudun diren administrazio organoak, ikastetxeen edo ekoizpen zentroen jabe edo zuzendariak, ikasleen gurasoen edo langileen elkarteen ordezkariak eta antzekoak.

3. Baimenetan ustiakuntzarako baldintza bereziak ezarriko dira eta erabiltzaileekiko kontratuak aipatzen duen eperako emanen dira.

II. KAPITULUA. Garraio bereziak

LEHEN SEKZIOA. Garraio berezia bederatzi eserlekutik gorako ibilgailuetan

19. artikulua.

Bederatzi eserlekutik gorako ibilgailuen bidezko hiriko bidaiari-garraio bereziko zerbitzuak emateko, beharrezkoa izanen da horretarako gaitasun-agiria aldez aurretik eskuratzea.

Horretarako dagoen arautegiaren arabera ematen diren hiriz gaindiko bidaiari-garraio berezirako baimenek gaitasuna emanen dute haiek dagozkion esparruan hiriko garraioa egiteko.

Udalek gaitasun-baimenak ematen ahalko dituzte garraio berezia bakar-bakarrik hiri barrurako diren eta bederatzi eserlekutik gorako ibilgailuetan egiteko.

BIGARREN SEKZIOA. Garraio berezia turismoko ibilgailuetan

20. artikulua Nota de Vigencia.

1. Hiriko bidaiari-garraioko zerbitzua turismo ibilgailuetan emateko, beharrezkoa da ibilgailuak helbidea dueneko Udalak gaitasun-lizentzia ematea aldez aurretik.

Hiriko garraioko zerbitzuak turismoko ibilgailuetan emateko udal lizentziak kategoria bakarrekoak izanen dira eta taxi-lizentziak izena izanen dute.

2. Udal lizentzia horiek emateko, beharrezkoa izanen da, eskudun Udalaren aurrean, betebehar hauek betetzen direla frogatzea:

a) Pertsona fisikoa izatea.

b) Espainiako, Europako Batasuneko beste estatu bateko edo, Espainiak izenpeturiko Nazioarteko tratatu edo Hitzarmenetan xedaturikoaren arabera, betebehar hori ezin eskatu dakiokeen atzerriko beste estatu bateko hiritartasuna izatea.

c) Indarra duen legediak ezarri dituen zerga, lan, gizarte eta aseguru eginbeharrak betetzea.

3. Turismoko ibilgailuen bidezko hiriko garraiorako udal lizentziak eman, erabili, aldatu eta iraungitzeko araubidea, baita zerbitzua ematekoa ere, Udalek horretarako emanen dituzten arauetara egokituko dira. Udalek Foru Komunitateko Administrazioak ezarririko arauei eutsi beharko diete.

Bereziki, Foru Komunitateko Administrazioak xedatzen ahalko du zenbat taxi-lizentzia ematen ahalko diren gehienez ere udalerri bakoitzean, bertan bizi den jendearen eta bestelako irizpide objektiboen arabera, garraio sistema orokorrak behar bezala jardutea bermatzeko beharrezkotzat jotzen duenean.

21. artikulua Nota de Vigencia.

1. Udal batzuetako garraio zerbitzuen artean harremana edo elkarrenganako eragina dagoenean, zerbitzu horien antolaketa egokiak haietariko bakoitzaren interesa gainditzen baldin badu, Foru Komunitateko Administrazioak Zerbitzuak Elkarrekin Emateko Barrutiak ezartzen ahalko ditu. Horietan behar bezala baimenduriko ibilgailuek eskumena izanen dute edozein zerbitzu emateko, dela hirikoa, dela hiriartekoa, baldin eta oso-osorik Barruti horien barruan burutzen bada, ibilgailuak helbidea dueneko udalerria gainditzen duenean edo hortik kanpo abiatzen denean ere bai.

2. Zerbitzuak Elkarrekin Emateko Barrutiak ezartzeko, gutxienez ere bertan sartu nahi diren Udalen bi herenen adostasun txostenaren beharra egonen da. Udal horiek, gainera, Barrutiko bizilagunen 100eko 75 bildu beharko dituzte, gutxienez ere.

Prozeduran taxi-lizentzien titularrak ordezkatzen dituzten elkarteei entzunen zaie.

3. Zerbitzuak Elkarrekin Emateko Barrutietan zerbitzuetarako gaitasun-baimenak Foru Administrazioak edo baimenei buruzko arauek izendatzen duten enteak banatuko ditu.

4. Halaber, Foru Komunitateko Administrazioa eskudun izanen da, arautegia orokorrari lotuz, zerbitzua arautu eta antolatzeko behar diren eginkizunak burutzeko.

III. TITULUA. Zehapen araubidea

22. artikulua.

1. Errepideko hiriko bidaiari-garraio publikoari buruzko arauak hausteagatik izan litekeen administrazio erantzukizuna hauei dagokie:

a) Administrazio kontzesio, baimen edo lizentziaren xede diren garraio edo jarduerak burutzen ari direlarik eginiko arau-hausteetan, kontzesio, baimen edo lizentziaren titularra den pertsona fisiko edo juridikoari.

b) Behar den administrazio agiriak babestu gabe eginiko garraio edo jarduerak burutzen ari direlarik eginiko arau-hausteetan, jardueraren titularra den pertsona fisiko edo juridikoari, edo ibilgailuaren jabeari.

c) Erabiltzaileek eta, orohar, lehengo idazatietan aipatu ez badira ere, errepideko hiriko bidaiari-garraioa arautzen duen legediak ukituriko jarduerak burutzen dituzten hirugarrenek eginiko arau-hausteetan, hautsiriko agindua dagokion pertsona fisiko edo juridikoari edo kasuan kasuko arauek espreski erantzukizuna eratxikitzen diotenari.

2. Foru Lege honetan aipatzen diren arau- hausteengatik administrazio erantzukizuna eskatuko da, zigor, trafiko edo lan legedia edo aplikatzekoak diren bestelakoak hausteagatik legokeena deustan galarazi gabe.

3. Administrazio erantzukizuna 1. idazatiak aipatzen dituen pertsona fisiko edo juridikoei eskatuko zaie, egitez arau-hausteak leporatzen ahal zaizkien pertsonen aurka bidezko diren ekintzak deustan galarazi gabe.

23. artikulua.

Errepideko hiriko bidaiari-garraio publikoari buruzko arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.

24. artikulua.

Arau-hauste oso larritzat joko dira:

a) Garraio publikoak behar den kontzesio, baimen edo lizentzia eduki gabe egitea.

Batera Foru Lege honetan arautzen diren kontzesio, baimen edo lizentzietariko bat beharrezkoa duten zerbitzuen emanaldia idazati honetan tipifikaturiko arau-haustean sartutzat jotzen da, bai bata edo bestea falta dutenean, bai biak falta dituztenean.

Baimena ez edukitzea, aurreko lerroetan xedatua xedatu, arau-hausleak administrazio baimena hartzeko betebeharrak betetzen dituenean, hots, berak eskura zezakeenean, 26. artikuluko a) letran aurreikusirikoaren arabera zehatuko da.

b) Bidaiari-garraioko zerbitzu erregularrak behar den lizentzia, kontzesio edo baimen bereziaren jabe izan gabe antolatu, ezarri edo burutzea, haiek emateko baliabideak norberarenak edo beste inorenak direlarik ere.

c) Ibilgailuan, ikusgai dagoen toki batean, baimenaren xede ez den garraio mota bateko ezaugarria eramatea.

d) Ikuskaritza zerbitzuen jarduketei uko egitea edo horiek oztopatzea, legez edo erregelamenduz haiei dagozkien eginkizunetan aritzea eragozteko. Horien artean daude ikuskaritza zerbitzuek edo, eskuordeturik dauzkaten eskumenak erabiliz, zuzenean garraioa zaintzen eta kontrolatzen duten agenteek emaniko aginduei jaramonik ez egitea eta, bereziki, legez aurreikusiriko kasuetan ibilgailuak geldiarazteko aginduak ez betetzea.

e) Beste inoren izenean luzaturiko gaitasun- agiriak erabiltzea. Arau-hauste horren erantzukizuna beste inoren administrazio agiriak darabiltzatenei ez ezik agiriak beren izenean dituztenei ere dagokie, salbu eta haiek baimendu gabe erabili direla frogatzen denean.

f) Kontzesiorako epea bukatu baino lehen kontzesioa eskutik uztea edo zerbitzuak geldiaraztea, Administrazioak bere oniritzia eman gabe eta horren berri jakin gabe.

g) Arau-hauste larriak, Foru Lege honetako 25. artikuluan aurreikusirikoaren arabera, errudunak, haiek egin baino lehenagoko hamabi hilabeteetan, administrazio bideko behin betiko ebazpenaren bidez, zehapena hartu duenean artikulu hartako letra berean tipifikaturiko beste arau- hausteagatik.

h) Kasuan kasuko ibilgailurako baimenduriko bidaiari kopurua baino bidaiari gehiago garraiatzea, soberan daudenak 100eko 30 edo gehiago direnean.

25. artikulua.

Arau-hauste larritzat jotzen dira:

a) Foru Lege honetan, hori garatzen duten xedapenetan edo Udalek lizentziak, kontzesioak edo baimenak emateko ezartzen dituzten xedapenetan aipaturikoez beste baldintzetan zerbitzuak ematea, salbu eta, 24. artikuluan xedaturikoarekin bat, arau-hauste oso larritzat jotzen denean.

b) Bidaiari-garraioko zerbitzu publikoak horretarako baimendurik ez dagoen pertsona fisiko edo juridikoaren bitartekaritza erabiliz ematea, Foru Lege honetako 24. artikuluko a) letran aurreikusirikoarekin bat, bitartekariari legokiokeen zehapena deustan galarazi gabe.

c) Ados jartzea baimendurik ez dagoen bitartekaritzan jardutean edo bestelako helburuetarako erabiltzen diren lokal edo saltoki publikoetan isilpeko zerbitzuetarako bileteak saltzean. Erantzukizuna lokala zertarako erabili eta horrexetako industria edo zerbitzuen titularrari dagokio.

d) Isilpeko zerbitzuetarako bileteak saltzea eta, orohar, baimendurik ez dauden zerbitzu edo jarduerekin bitartekari lanetan aritzea, bitartekaritzan aritzeko gaitasun-agiria eduki gabe, egon litekeen arau-hauste oso larria aintzat hartzea deustan galarazi gabe.

e) Tarifa araubidea ez betetzea.

f) Kasuan kasuko ibilgailurako baimenduriko bidaiari kopurua baino bidaiari gehiago garraiatzea, soberan daudenak 100eko 10 baino gehiago eta 100eko 30 baino gutxiago direnean.

g) Erabiltzaileek erreklamazioak aurkeztu behar dituzteneko nahitaezko liburua ez edukitzea, jendeak hori erabiltzeko eskubideari uko egitea edo eskubide hori oztopatzea, baita, ziorik gabe, liburu hartan jasotzen diren erreklamazio edo kexak Ikuskaritzari ezkutatzea edo berandu jakinaraztea ere.

h) Nahitaezko agirietan eskatzen diren datuetan huts edo gezur egitea.

i) Ziorik gabe, Administrazioak esku harturik, aldez aurretik ezarririko zerbitzuetako ordutegiak behin eta berriro ez betetzea.

j) Ikuskaritza zerbitzuen jarduketari uko egitea edo oztopatzea, 24. artikuluko d) letran aurreikusten diren gorabeherak gertatzen ez direnean.

k) Garraioa horretarako behar bezala baimendurik ez dauden garraiolari edo bitartekariekin kontratatzea, baldin eta, enpresaren kontratazioak, kasuan kasuko urtean edo aurrekoan, hamabost zerbitzu egin badu guztira.

l) Administrazio kontzesio edo baimena emateko 27.5 artikulan aurreikusten diren funtsezko baldintzak ez betetzea.

ll) Aurreko artikuluan aurreikusten den edozein arau-hauste, izaera, une edo inguruabarrengatik oso larritzat jo behar ez denean.

m) Arau-hauste arinak, Foru Lege honetako 26. artikuluan aurreikusirikoaren arabera, errudunak, haiek egin baino lehenagoko hamabi hilabeteetan, administrazio bideko behin betiko ebazpenaren bidez, zehapena hartu duenean artikulu hartako letra berean tipifikaturiko beste arau- hausteagatik.

n) Aurreko idazatietan aipatzen ez den beste edozein arau-hauste, errepideko hiriko bidaiari- garraioari buruzko arauek, Foru Lege honetako oinarriekin bat, larritzat jotzen dutena.

26. artikulua.

Arau-hauste arintzat joko dira:

a) Aldez aurretik lizentzia, kontzesioa edo baimena behar duten garraioak halakorik eduki gabe egitea, baldin eta hura eskuratzeko betebeharrak betetzen badira.

b) Garraio publikoak egitea horietarako legezko gaitasuna frogatzen duten agiri formalak ibilgailuan eraman gabe.

c) Baimenduriko garraio motari buruz indarra duen arautegian eskatzen diren ezaugarriak ibilgailuan, ikusgai den tokian, ez eramatea, edo horiek ikustea zaila den moduan eramatea, baita ezaugarri horiek behar ez bezala erabiltzea ere, Foru Lege honetako 24. artikuluko c) letran aurreikusirikoarekin bat oso huts larritzat jo behar denean izan ezik.

d) Kasuan kasuko ibilgailurako baimenduriko bidaiari kopurua baino bidaiari gehiago garraiatzea, soberan daudenak 100eko 10 baino gutxiago direnean.

e) Jendeak ezagut ditzan, ikusgai egon behar duten tarifa koadro, egutegi, ordutegi, ohar eta beste ez edukitzea.

f) Instalazio finkoetan eta ibilgailuetan poliziako arau orokorrak ez betetzea, aurreko artikuluetan aurreikusirikoarekin bat, ez-betetze hori arau-hauste oso larritzat edo larritzat jo behar denean izan ezik.

g) Erabiltzaileak gaizki tratatzea. Idazati honetan aipatzen den arau-haustea erabiltzaile eta kontsumitzaileen eskubideei buruzko arautegiak aipatzen dituen kasuak kontuan harturik zehatuko dira.

h) Erabiltzaileek Udalek hiriko bidaiari-garraio publikoko zerbitzua erabiltzeko ezartzen dituzten baldintzak ez betetzea.

i) 25. artikuluan aurreikusiriko edozein arau- hauste, izaera, une edo inguruabarrengatik larritzat jo behar ez denean.

j) Aurreko idazatietan aipatzen ez den beste edozein arau-hauste, errepideko hiriko bidaiari- garraioari buruzko arauek, Foru Lege honetako hastapenekin bat, arintzat jotzen dutena.

27. artikulua.

1. Arau-hauste arinak gehienez ere 46.000 pezetako isunez zehatuko dira; larriak, 46.001 pezetatik 230.000 pezeta bitarteko isunez eta oso larriak 230.001 pezetatik 460.000 pezeta bitarteko isunez. Ezartzen den zehapenaren zenbatekoa, aurreko lerroaldeko mugen barruan, arau-haustearen gizarte eraginaren, asmo maltzurraren, eraginiko kaltearen, halakorik bada, eta eginiko arau- hausteen kopuruaren arabera mailakatuko dira.

2. 24. artikuluko a), b) edo h) letretan aurreikusiriko arau-hausterik egiten bada, bidezko den diru-zehapena deustan galarazi gabe, garraioa egiten deneko ibilgailua prezintatzen ahalko da eta hari dagokion baimena bertan bera uzten, baita jarduerak egiten direneko lokala ixten ere, bi kasuetan urtebetez, gehienez ere.

24. artikuluko e) letran aurreikusiriko arau-hausteak, bidezko den diru bidezko zehapenaz gain, bere baimena ezeztatzea ere ekarriko du.

3. Foru Lege honetako 24. artikuluan aurreikusiriko arau-hausteen erantzuleak artikulu horretako idazati berean tipifikaturiko arau- hausteagatik, hori egin baino lehenagoko hamabi hilabeteetan, administrazio bideko behin betiko ebazpenaren bidez zehatuak izan direnean, arau- hausteak jarduera edo zerbitzuaren emanaldia babesten zuen administrazio baimena aldi baterako, gehienez ere urtebetez, bertan behera uztea ere ekarriko du berarekin. Hamabi hilabeteko epe horretan eginiko hirugarren edo ondorengo arau- hausteek berarekin ekarriko dute baimena aldi baterako edo behin betikoz kentzea. Epe hori kontatzeko, baimena aldi baterako bertan behera utzia zelako, jarduera ezin burutu izan deneko aldiak edo zerbitzua ezin eman izan denekoak ez dira aintzakotzat hartuko.

Zerbitzua emateko baimen berezia eta bidaiari- garraio berezirako gaitasun-baimena batera behar direnean, idazati honetan aipatzen dena baimen bereziari dagokionez bakarrik utziko da bertan behera, salbu eta garraio berezirako baimena harekin batera eman denean. Kasu horretan biak utziko dira bertan behera.

4. 24. artikuluko a), b) edo h) letretan edo 25. artikuluko f) idazatian aurreikusirikoaren bat salatu behar diren arau-hausteak gertatzen direnean, ibilgailua berehalaxe geldiarazteko agindua ematen ahalko da, harik eta arau-haustearen zioak desagertu arte. Erabiltzaileek ahalik eta endredu gutxien paira ditzaten behar diren neurriak hartzen ahalko ditu Administrazioak.

5. Foru Lege honetan arauturiko administrazio kontzesio eta baimenen funtsezko baldintzatzat joko dira:

a) Kontzesioei dagokienez:

-6. artikuluan ezarririko betebeharrei eustea.

-Zerbitzua burutzea.

-Zerbitzuak baimenduriko trafikoen arabera ematea.

-Zerbitzua kontzesio-hartzaileak berak ustiatzea, espreski baimenduriko lankidetza kasuetan izan ezik.

-Ezarririko geralekuak errespetatzea, baita ibilbidea, egutegia, ordutegia eta tarifak ere, ezinbesteko kasuetan edo ustekabean izan ezik.

-Kontratuan ezarri bezainbat abialdi egitea, baita hartan ezartzen diren gutxieneko ibilgailuak edukitzea ere. Ibilgailu horiek eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

b) Baimenei dagokienez:

-6. artikuluan ezarririko betebeharrei eustea.

-Ibilgailuak bidaiariak garraitzeko duen ahalmen osoa kontratatzea.

-Zerbitzua baimenaren xede den ibilgailuaz ematea eta horrek eskatzen ahal diren teknika eta segurtasun baldintzak betetzea.

6. Foru Lege honen arabera ezartzen ahal diren zehapenak deustan galarazi gabe, administrazio kontzesio edo baimenen funtsezko baldintzak behin eta berriro ez betetzeak edo larriki ez betetzeak kontzesioa iraungitzea edo baimena bertan behera uztea ekartzen ahalko du, fidantza galdurik, hala bada.

28. artikulua.

24.artikuluko g) letran eta 25. artikuluko n) letran aurreikusten diren larriagotzeak kasu hauetan baizik ez dira aplikatzekoak izanen:

a) Arau-hausteak administrazio kontzesio edo baimen beraren xede diren zerbitzuak ematen edo jarduerak burutzen ari direlarik egin direnean.

b) Arau-hausteak zerbitzu edo jarduera horietarako gaitasun-agiria eduki gabe egin direnean, baldin eta haiek zerbitzu edo jarduera bera burutzean gertatu badira, hots, gaitasun-agiri bakarraren babesean eman beharko zirenak.

c) Arau-hausteak errudun berari egozten ahal zaizkionean, Foru Lege honetako 22. artikuluko 1. idazatiko c) letrak aipatzen dituenen artetik.

29. artikulua.

Arau-hauste oso larriak, gertatu eta hiru urte pasata iraungiko dira; larriak, bi urte pasata eta arinak, urte bat pasata.

30. artikulua.

Zehapen prozedura ebazteko gehieneko epea urtebetekoa izanen da, hasten denetik aurrera.

Epe hori ebazpenik eman gabe bukaturik, prozedura iraungitzat joko da eta artxibatu eginen dira haren jarduketak. Arau-haustea iraungi izan ez balitz, beste zehapen prozedura bati ekin lekioke.

31. artikulua.

1. Foru Lege honetan aurreikusiriko zehapenak ezartzeko eskumena legez edo erregelamenduz eskuordeturik daukaten udal organoei dagokie.

Zehapen horiek ezarri eta betearazteko prozedura administrazio prozedurari buruzko arauei jarraikiko zaie.

2. Behin betiko ebazpenaren bidez ezarririko diru bidezko zehapenak ordaintzea ezinbesteko baldintza izanen da oniritzia eman ahal izateko, baita hiriko garraioa egiteko gaitasun-agiriak eskualdatzeko administrazio baimena jasotzeko ere.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena. Bestelako garraio motak.

Salgaien garraioari eta bidaiarien garraio pribatu osagarriari buruzko udal eskumenak hiriko zirkulazio eta trafikoan izan dezaketen eraginari buruzko gorabeheretara mugatuko dira.

Bigarrena. Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordea.

Hiri garraiori dagokionez, azaroaren 18ko 511/1991 Foru Dekretuak eman zizkion eginkizunak izanen ditu Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeak.

Hirugarrena. Osagarritasuna.

Foru Lege honetan edo hori garatzeko emaniko arauetan aurreikusirik ez dagoen guztian, Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren hiriarteko garraioetarako indarra duen araubide juridikoa izanen da hirikoei osagarritasunez aplikatzekoa, haien izaera bereziarekin bateragarri den guztian.

Aplikatzekoak diren arau orokorrak errespetatuz, Udalek arau bereziak ezartzen ahalko dituzte hiriko bidaiari-garraioko zerbitzuei dagokienez.

Laugarrena. Zenbatekoak gaurkotzea.

Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari Foru Lege honetan ezarririko diru-zenbatekoak gaurkotzeko, diruaren eros-balioaren aldaketetara egokitzeko, Nafarroako kontsumorako prezioen indizearen arabera.

Bosgarrena. Baimenduriko ikasleen eta langileen garraioko enpresen urteroko oroitidazkia.

Baimenduriko langileen eta langileen garraioko enpresek urteroko oroit-idazkia aurkeztuko diote baimena eman dien entitateari, eginiko zerbitzuari buruzkoa izanen dena. Oroit-idazki horrek gutxienez ere hauxe jaso beharko du: izandako istripuak, zerbitzuaren titularrak edo kontsumitzaile- elkarteek aurkezturiko erreklamazioak eta zerbitzua hobetzeko iradokizunak. Txostenari gehitu eginen zaio kontrataturiko aseguruen kopia kautotua, egindako trafiko- eta segurtasun-kontrolak, toki- zergen ordainketa eta komenigarri jotzen diren bestelako dokumentuak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena. Arauak emateko gaikuntza.

Nafarroako Gobernuak Foru Lege hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak emanen ditu.

Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru Lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut; Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko ekainaren batean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma

Iragarkiaren kodea: A9804864

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web