14/2026 FORU LEGEA, UZTAILAREN 2KOA, ZEINAREN BIDEZ ALDATZEN BAITA 10/2010 FORU LEGEA, MAIATZAREN 10EKOA, NAFARROAN ETXEBIZITZA IZATEKO ESKUBIDEARI BURUZKOA
BON N.º 135 - 13/07/2026
Nafarroako etxebizitza babestuen araubide juridikoaren erregulazioak bilakaera mailakatua izan du, babes publikoaren egonkortasuna eta iraunkortasuna sendotzera bideratua, etxebizitza duin eta ordainerrazaren lorbidea bermatzeko eta espekulazio-dinamiketatik at egonen den parke bat gordetzeko.
Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 43. artikuluak ezartzen du gaur egun etxebizitza babestuen babes-araubideak izaera mugagabea duela, eta eragotzi egiten du haiek deskalifikatzea. Babestutako etxebizitza ordainerrazen parke bat Nafarroako Foru Komunitatean sustatzeko uztailaren 1eko 20/2022 Foru Legeak ezarri zuen xedapen hori.
Erreforma horren aurretik, aldi baterako zenbait babes-araubide ezarriak zituen Nafarroako araudiak. Esate baterako, Nafarroako etxebizitzen babes publikoari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legeak, oro har, hogeita hamar urteko iraupena ezartzen zuen, behin betiko kalifikaziotik aurrera, eta, gainera, epe espezifikoak ezartzen zituen errentamendu babestuko modalitate jakinetarako.
Gerora, 10/2010 Foru Legeak eutsi egin zion hogeita hamar urteko iraupen horri jabetza-araubidean eta eros-aukeradun errentamenduko araubidean kalifikatutako etxebizitza babestuentzat; aldiz, hamabost urteko iraupena ezartzen zuen errentamendu-araubidean kalifikatutako etxebizitzen babes-araubiderako.
Geroago egindako erreformen bidez handituz joan zen pixkanaka babes publikoaren iraupena. Bereziki, izaera mugagabea ezarri zen erabilera-lagapeneko etxebizitzen babeserako, azalera-eskubideekin lotutako egoeretarako izan ezik, eta hirurogeita bost urteko iraupena ezarri zen 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera kalifikatutako sustapen publiko jakinentzat.
Azkenik, 20/2022 Foru Legeak orokortu egin zuen etxebizitza babestuen babes-araubidearen izaera mugagabea.
Arau-bilakaera horren ondorioz, babes-epe desberdinak dituzten etxebizitza babestuen sustapenak daude gaur egun Nafarroan, behin betiko kalifikazio jaso zuten unearen eta une hartan indarrean zegoen araubide juridikoaren araberakoak baitira epe horiek.
Foru-lege honen xedea da Nafarroako etxebizitza babestuen parkearen egonkortasuna eta iraunkortasuna sendotzea.
Xede horrekin, hasteko, kendu egiten da 10/2010 Foru Legearen 7. artikuluaren 10. apartatua; hartara, aurrerantzean ezin izan dira salmentara bideratu errentamendu-araubidean edo errentamendu eroserrazeko araubidean kalifikatutako etxebizitza babestuak behin betiko kalifikazioa kasu zutenetik hogeita bat urte igarotzen direnean.
Arauketa berri honekin, etxebizitza horiek errentamendu-araubidean jarraitu beharko dute, eta, horrela, alokairuko etxebizitza babestuen parke egonkor bat finkatuko da, eta haren eginkizun soziala indartuko.
Aldaketa hori aplikatzekoa izanen zaie errentamendu-araubidean nahiz errentamendu eroserrazeko araubidean kalifikatutako etxebizitza babestuen sustapen guztiei, haien behin betiko kalifikazioa edonoiz egin zelarik ere.
Bigarrenik, aldatu egiten da 49. artikuluaren 1. apartatua; paragrafo berri bat gehitzen zaio lehentasunez erosi eta atzera eskuratzeko eskubidea etxebizitza babestu deskalifikatuetara eta haien eranskinetara hedatze aldera baldintza jakinetan.
Azkenik, indargabetu egiten da Babestutako etxebizitza ordainerrazen parke bat Nafarroako Foru Komunitatean sustatzeko uztailaren 1eko 20/2022 Foru Legearen lehen xedapen iragankorra. Xedapen horrek espediente jakinetara mugatzen zuen babes-araubide mugagabearen aplikazioa: behin-behineko kalifikazioaren eskabidea foru-lege horrek indarra hartu baino geroagokoa zuten espedienteetara soilik, zehazki.
Xedapen hori indargabetzearen xedea da ahalbidetzea 10/2010 Foru Legearen 43. artikuluan aurreikusitako iraupen mugagabea aplikatzea errentamendu-araubidean edo errentamendu eroserrazeko araubidean kalifikatutako etxebizitza babestuei, foru-lege honek indarra hartzean indarreko babes-epea dutenei, haien behin betiko kalifikazioa edonoizkoa izanik ere, xedapen iragankor bakarrean aurreikusitako moduan.
Horrela, sustatu nahi da etxebizitza eroserraza izaten jarraitzea Nafarroako etxebizitza-merkatuan, parke babestu erabilgarria murriztea dakarten deskalifikazio-prozesuan ekiditea eta, horrela, etxebizitza babestuaren eginkizun soziala sendotzea.
Artikulu bakarra. Aldatu egiten da Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea.
Bat. Kendu egiten da Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 7. artikuluaren 10. apartatua.
Bi. Aldatu egiten da 49. artikuluaren 1. apartatua, eta testu hau izanen du aurrerantzean:
"1. Salmenta prezioa eta errenta mugatuak dituzten etxebizitza babestuetan eta, orobat, haien eranskinetan, Nafarroako Gobernuak lehentasunez erosteko eskubidea eta atzera eskuratzeko eskubidea erabiltzen ahalko ditu kostu bidezko lehenengo eta ondorengo inter vivos eskualdatzeetan.
Eta berdin deskalifikatuak izan diren etxebizitza babestuetan eta, orobat, haien eranskinetan, baldin eta eskualdatzearen unean edukitzaile handi baten titulartasunekoak badira eta tentsiopeko etxebizitza-merkatu aitortutako zona batean badaude, dagokien babes-araubidea bukatu eta hurrengo hamar urteetan egiten diren kostu bidezko lehenengo eta ondorengo inter vivos eskualdatzeetan".
Xedapen iragankor bakarra. Aplikatzekoa den araubidea.
1. Foru-lege honen artikulu bakarrean aurreikusi bezala Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 7. artikuluaren 10. apartatua kentzeak eraginen dituen ondorioak aplikatzekoak izanen zaizkie errentamendu-araubidean nahiz errentamendu eroserrazeko araubidean kalifikatutako etxebizitza babestuen sustapen guztiei, haien behin betiko kalifikazioa edonoiz egin zelarik ere.
2. Errentamendu-araubideko eta errentamendu eroserrazeko araubideko etxebizitza babestuak, foru-lege honek indarra hartzean indarreko babes-araubidea dutenak, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 43. artikuluan aurreikusitako iraupen mugagabearen mende geldituko dira, haien behin betiko kalifikazioa edonoiz egin zelarik ere.
Xedapen indargabetzaile bakarra
Indargabetu egiten dira foru-lege honetan xedatutakoarekin kontraesanean dauden maila bereko nahiz txikiagoko xedapen guztiak eta, zehazki, Babestutako etxebizitza ordainerrazen parke bat Nafarroako Foru Komunitatean sustatzeko uztailaren 1eko 20/2022 Foru Legearen lehen xedapen iragankorra.
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru-lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.