(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

13/2026 FORU LEGEA, UZTAILAREN 2KOA, ZEINAREN BIDEZ ALDATZEN BAITA 21/2005 FORU LEGEA, ABENDUAREN 29KOA, POLITIKA PUBLIKOAK ETA ZERBITZU PUBLIKOEN KALITATEA EBALUATZEARI BURUZKOA

BON N.º 135 - 13/07/2026



HITZAURREA

Nafarroako Parlamentuak 2005ean onetsi zuen politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeari buruzko Foru Legea.

Foru-lege horren bidez, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordea arautzen da, zeina sortu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kide anitzeko organo gisa, Nafarroako administrazio publikoen politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeaz arduratu dadin Nafarroako lurraldean. Organo hori, araua egin zen garaiko dinamikari jarraituz, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari atxiki zitzaion.

Atxikipen horrek zentzua galdu du, bi arrazoirengatik:

Batetik, politika publikoen eta zerbitzu publikoen kalitatearen ebaluazioa zeharkakotasunezkoa delako, eta esparru sektorial guztiei eragiten dielako; hori horrela, unitate guztien inplikazioa behar da ebaluazio horretan. Beraz, zentzua galdu du Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren zerbitzu bati atxikita egoteak, zeinaren xedea baita Nafarroako administrazio publikoen mendeko langileei prestakuntza ematea; lege-betebeharrengatik ezinbestekoa ez bada behintzat.

Bigarrenik, funtsezkoa delako administrazioek beren burua antolatzeko ahalmena izatea ahalik eta modurik onenean eman ahal izateko beren zerbitzuak eta gauzatu ahal izateko politika publikoak unean uneko egoeren arabera.

Ildo horretan, kontuan izan behar da 10/2023 Foru Dekretuak (Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren 10/2023 Foru Dekretua, abuztuaren 17koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena) 2. artikuluan xedatzen duela Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuak beteko dituela politika publikoak planifikatu, koordinatu eta ebaluatzeari dagokionez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen eskumenak.

Era berean, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuan xedatzen da, alde batetik, 1.3 b) artikuluan, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari esleitzen zaiola Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordearen lehendakaritza; eta, beste batetik, Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritza Nagusiari ematen zaizkio politika publikoen plangintza, koordinazio eta ebaluazioari dagozkion eskumenak.

Bestalde, lehen esandako arrazoiengatik, beharrezkoa da Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordearen osaera eguneratzea, kasu batzuetan desagertu egin direlako hura osatzen duten kideekin lotuta aipatzen diren unitateak edo erakundeak, edo zaharkituta gelditu direlako. Arrazoi horiek berek justifikatzen dute Batzordearen idazkaritza ere aldatzea.

Hori horrela, aldatu egiten dira Politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeari buruzko abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legearen 23. artikuluaren 3. eta 4. apartatuak.

Artikulu bakarra. Aldatu egiten da Politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeari buruzko abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legea.

Aldatu egiten dira foru-legearen 23. artikuluaren 3. eta 4. apartatuak, eta testu hau izanen dute aurrerantzean:

"3. Honela osatuko da Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Foru Batzordea:

a) Batzordeburua: Nafarroako Gobernuak erabaki bidez izendatuko du.

b) Batzordekideak:

-Politika publikoen plangintza, koordinazio eta ebaluazioari dagozkion eskumenak dituen departamentuaren ordezkari bat.

-Aurrekontuen arloko eskumenak dituen departamentuaren ordezkari bat.

-Toki-administrazioaren alorreko eskumenak dituen departamentuaren ordezkari bat.

-Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren edo berdintasunaren alorreko eskumenak dituen erakundearen ordezkari bat.

-Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko hiru ordezkari.

-Nafarroan kudeaketa-bikaintasunaren edo -kalitatearen alorrean erreferente den entitate edo fundazioaren ordezkari bat. Halako entitate edo fundazio batek baino gehiagok nahi badute Batzordean parte hartu, Nafarroan duten garrantzia eta lurralde-ezarpena hartuko dira kontuan hautaketa egitean.

-Foru Komunitatean langile-ordezkarien, enpresa-batzordeetako kideen eta administrazio publikoetako dagozkien organoetako kideen 100eko 10 edo gehiago ordezkatzen dituen erakunde sindikal bakoitzaren ordezkari bat, aipatutako adierazpen-esparru horien arteko guztizkoan kontuan hartuta ehuneko hori.

c) Idazkaria: funtzionario edo langile publiko bat, politika publikoen plangintza, koordinazio eta ebaluazioari dagozkion eskumenak dituen departamentuak izendatua.

Foru-dekretu bidez zabaldu ahalko da Batzordearen osaera, politika publikoen eta zerbitzu publikoen kalitatearen ebaluazioari zuzenean loturiko beste unitate edo entitate batzuk sartzeko.

Orobat, adituak edo entitateetako ordezkariak edo pertsonak gonbidatu ahalko ditu Batzordeak, landu beharreko gaia edo arloa zein den ikusita.

Politika publikoen plangintza, koordinazio eta ebaluazioari dagozkion eskumenak dituen departamentuaren titular den pertsonak eginen du Batzordeko kideen eta idazkariaren izendapena.

4. Bere xedeak bete daitezen, politika publikoen plangintza eta ebaluazioari dagozkion eskumenak dituen departamentuak eskuratzen dizkion bitarteko materialak eta giza baliabideak izanen ditu Batzordeak, hari atxikita egonen baita".

Xedapen gehigarri bakarra. Arauerreferentziak.

Politika publikoen ebaluazioa garatzen duten arau eta planetan Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari egiten zaizkion aipamenak politika publikoen plangintza, koordinazio eta ebaluazioari dagozkion eskumenak dituen departamentuari eginak direla ulertuko da.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauindargabetzea.

Indargabetu egiten dira foru-lege honetan ezarritakoarekin kontraesanean dauden maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapena. Indarra hartzea.

Foru-lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal |