12/2026 FORU LEGEA, UZTAILAREN 2KOA, ZEINAREN BIDEZ ALDATZEN BAITA 5/2007 FORU LEGEA, MARTXOAREN 23KOA, NAFARROAKO ERREPIDEEI BURUZKOA
BON N.º 135 - 13/07/2026
Gaur egun, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen 9. artikuluak, errepideetako eremu funtzionalei eta zerbitzukoei buruzkoak, ez ditu esanbidez errepideetako eremu funtzional eta zerbitzuko gisa barne hartzen errepide alboetako bizikleta-bideak eta ziklo eta oinezkoentzako bideak.
Gure gizarte osoaren funtsezko helburua da ingurumen-hobekuntza lortzea bizikletaren erabilera sustatuz, mugikortasun jasangarriko modua den heinean; hori horrela, bizikleta gero eta gehiago erabiltzen denez eguneroko mugikortasunerako zein jolas-, kirol- eta lan-xedeetarako, nabarmen handitu da gure geografiako bizikleta-bideen kilometro-kopurua.
Hori guztia kontuan hartuta, justifikatuta dago errepide alboetako bizikleta-bideak eta ziklo eta oinezkoentzako bideak berariaz aipatzea, errepideekin batera gauzatu eta mantendu daitezen, erabiltzaileen segurtasun, erosotasun eta arreta egokiaren mesederako, eta, era berean, Nafarroako errepide sareko gainerako zirkulazioaren funtzionamendu onaren mesederako.
Beste alde batetik, 40. artikulua aldatzen da, bizikleta-bideen eremuetan baimentzen ahal diren erabilerei dagokienez, halako moldez non baldintzaz salbuetsita geldituko baita zuhaitzak landatzeko debekua eremu funtzionalean bizikleta-bide bat edo ziklo eta oinezkoentzako bide bat dagoen kasuetarako.
Azkenik, xedapen gehigarri berri bat eransten da, lerrokatuta egonen dena 899/2025 Errege Dekretuaren (899/2025 Errege Dekretua, urriaren 9koa, Errepideetako Erregelamendu Orokorra onesten duena) hirugarren xedapen gehigarriarekin. Haren bidez, modua emanen da bazterbideak erabiltzeko bizikleta-bideak egiteko.
Hori horrela, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legea aldatzen da:
Artikulu bakarra. Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legea aldatzea.
Honela aldatzen da Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legea:
Bat. 9. artikulua aldatzen da, eta paragrafo berri bat gehitzen zaio haren 2. apartatuari, honako testu honekin:
"9.artikulua. Errepideetako eremu funtzionalak eta zerbitzukoak.
1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eremu funtzionalak eta zerbitzukoak ezarri ahal ditu, bideen jabari publikoan sartuak, beharrezkoak iritziz gero errepideen zainketa eta ustiaketarako, erabiltzaileentzako erosotasuna eta arreta egokiak izateko eta Nafarroako errepide sareko zirkulazioaren funtzionamendu onerako.
2. Eremu horietan zainketa eta ustiaketa zentro operatiboak paratu ahalko dira, ibilgailuak ikuskatu eta pisatzeko tokiak, autobus geltokiak, erregaiak hornitzeko instalazioak, atsedenguneak eta antzeko zerbitzuak.
Eremu funtzional eta zerbitzukotzat hartuko dira, halaber, Nafarroako Foru Komunitateko garraio eta komunikazioen sistema orokorra antolatu, hobetu edo erregularizatzeko lurrek edo instalazioek osatzen dituzten azpiegitura osagarriak, hala nola geltokiak, zentroak, trukerako guneak, aparkaleku gomendatuak eta antzeko beste edozein.
Orobat, eremu funtzional eta zerbitzukotzat joko dira eta bide-jabari publikoan integratuta egonen dira errepide alboetako bizikleta-bideak eta ziklo eta oinezkoentzako bideak.
3. Eremu funtzionalak eta zerbitzukoak mugatzeko irizpideak aurreko artikuluan errepideetarako erabili diren berberak izanen dira".
Bi. 29. artikulua aldatzen da, testu berria emanez 2. apartatuari; testu hau izanen du aurrerantzean:
"29.artikulua. Kontzeptua eta edukia.
1. Bideen jabari publikoaren ustiaketan zaintze eta mantentze lanak sarturik daude, bai eta horien babesa, erabilera hobea eta aprobetxamendua helburu dituztenak ere.
2. Zaintze eta mantentze lanetan bideen jabari publikoko ondasunen egoera ona babesteko behar diren jarduerak daude sarturik, barne hartuta haren eremu funtzional eta zerbitzukoen parte diren bizikleta-bideak eta ziklo eta oinezkoentzako bideak.
3. Babes ekintzen xedea bideen jabari publikoari kaltea edo galera ekartzen dioten jarduerak saihestea da, eta halaber Nafarroako errepide sarearen funtzionaltasuna eta bide segurtasuna.
4. Errepideen erabilera eta aprobetxamendu egokia hauxe dela ulertzen da: errepideak segurtasun eta erosotasun baldintza onenetan erabiltzen laguntzea xede duten jarduketak. Ondorio horietarako, honakoak hartzen ditu bere baitan: informazio eta seinalizazioaren arloetako esku-hartzeak, babes eremuetako sarbideen eta erabileren antolaketa, eta ingurumen arloko lehengoratze edo babes jarduketak, beharrezkoak badira edo araudi sektorialean ezarririk badaude".
Hiru. Aldatu egiten da 40. artikuluaren 4. apartatua, eta testu hau izanen du aurrerantzean:
"4. Ezin izanen da zuhaitz landaketarik baimendu, salbu eta eremu funtzionalean bizikleta-bideren bat edo ziklo eta oinezkoentzako bideren bat badago. Kasu horretan, errepideen arloan eskumena duen departamentuak landaketak baimentzen ahalko ditu, betiere metro batetik gorako distantziara bizikleta-bidearen edo ziklo eta oinezkoentzako bidearen lur-berdinketaren kanpoko ertzetik, eta honako distantzia hauek errespetatuz errepidearen lur-berdinketaren kanpoko lerrotik:
a) Autobide, autobia eta bikoiztutako bideetan: zortzi metro.
b) Errepide konbentzional eta prestazio handikoetan: hiru metro".
Lau. Xedapen gehigarri berri bat gehitzen da:
"Bosgarren xedapen gehigarria.-Bizikleta-bideak eta ziklo eta oinezkoentzako bideak.
1. Mugikortasun jasangarriaren arloko eskumenak dituen departamentuak bizikletazko mugikortasuneko ekimenak sustatuko ditu Nafarroako errepide sarearen esparruan, bateragarri eginez azpiegiturak gauzatzea sare jarraitu eta seguru bat sortzeko, zeinak balioko baitu hiriko, hiri-periferiako eta hiriarteko mugikortasunerako. Orobat, aipatutako departamentuak administrazio publiko eskudunekiko lankidetza sustatuko du, arlo honetako politiken koherentzia bermatze aldera.
2. Errei anitzeko errepideetan eta eguneko batezbesteko intentsitatea txikia duten errepideetan, bereziki egoki jotzen bada horietan bizikleta-ibilbide bat sortzea edo lehendik dagoen bati jarraipena ematea, zilegi izanen da lehendik dauden bazterbideak murriztea edo kentzea Nafarroako errepide sareko errepideen alboetan bizikleta-bideak eta ziklo eta oinezkoentzako bideak gauzatzeko; betiere, justifikatuta ez direla kaltetzen ez bide-segurtasuneko baldintzak ez errepidearen ustiaketa egokia".
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru-lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.