(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

30/2026 FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 27KOA, ZEINAREN BIDEZ ERRADIOLOGIAKO ARLO KLINIKOAREN EGITURA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN BAITIRA

BON N.º 109 - 05/06/2026



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. ERRADIOLOGIAKO ARLO KLINIKOAREN EGITURA ETA ANTOLAMENDUA


ZIOEN AZALPENA

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen oinarrizko printzipioek herritarrak jartzen dituzte erdigunean, haientzat kalitatezko osasun zerbitzu integral, parekide eta efizientea emateko konpromisoa harturik. Halaber, aitortzen denez, hori posible izan dadin beharrezkoa da osasun sistema deszentralizatu bat, profesionalen eta erabiltzaileen parte-hartze zabala duena.

Deszentralizazio hori, baina, lurralde kohesioarekin uztartu beharra dago, behar bezalako osasun arreta jasotzea bermatuta egon dadin Nafarroa osoan, bizitokia zein den gorabehera.

Bestalde, antolamendu prozesuan, jarraitutasuna eman nahi zaio osasun-langileen parte-hartze zabalari, arretari dagokionez duten erantzukizun handiarekin bat baitator. Antolamenduzko autonomia eta osasun baliabideak zentzuz erabiltzearen erantzukizuna bateragarri egitea, horra kudeaketa klinikoak aurrean duen erronka. Izan ere, formula horren bidez bermatzen ahalko da osasungintzako profesionalen eskudantzien eta erantzukizunen arteko koherentzia.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuan, arlo klinikoak arautzen dira: diziplina eta estamentu anitzeko unitate organikoak dira, era autonomoan antolatzen direnak laguntza mediko-kirurgikoak eta zaintzakoak emateko, pazienteen profil zehatz bat ardatz harturik. Zehazten da, halaber, arlo kliniko horiek osatzeko eta haien eraketa lehenesteko orduan, kasuan kasuko Nafarroako Osasun Planean ezarritako osasun estrategiekin dagoen koherentzia hartuko dela kontuan, besteak beste.

Kontuan harturik, batetik, iragan den denbora eta arlo kardiologikoan lortutako esperientzia, eta, bestetik, erradiologiaren arloa bultzatu eta sustatu beharra, bai kudeaketarako autonomiari dagokionez bai bere jarduketa esparruko lidergo teknikoari dagokionez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren iritziz, komeni da arestian aipatu arloa berriro arautzea. Hala, arauketa berri horren ondorioz, Erradiologiako Arlo Klinikoa izanen da, eta, hartan, gaur egun dauden langileak mantenduko dira, profesionalek partaidetza eta erantzukizun osoz jardun dezaten arreta integrala emateko, Foru Komunitate osoan, proba erradiologikoak eta/edo proben ondoriozko diagnostikorako laguntza behar dituztenei. Hori lortzeko, egitura malgu eta dinamiko baten alde egin da, diziplina anitzeko unitate funtzionalez osatua; unitate horiek arreta prozesuari begiratuko diote, eta etengabe egokituko dira hala medikuen nola pazienteen eskari eta behar aldakorrei.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita seiko maiatzaren hogeita zazpiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Erradiologia Arlo Klinikoaren egitura eta funtzionamendua arautzea.

2. artikulua. Erradiologiako Arlo Klinikoaren konfigurazioa.

1. Erradiologiako Arlo Klinikoa diziplina anitzeko unitate organiko bat da, eginkizunei dagokienez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzaren mende dagoena; funtzionalki era autonomoan antolatzen diren giza baliabideek eta bitarteko materialek osatzen dute, erabiltzaileei kalitatezko zerbitzu integrala emateko. Osasun arloko emaitzen eta erabilitako baliabideen kudeaketa efizientearen erantzule da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzailearen aurrean.

Ospitaleen mendekotasun organikoa dela-eta egin beharreko koordinazioa egiteko, ospitaleetako zuzendariek parte hartuko dute arloko zuzendaritza batzordean.

2. Erradiologiako Arlo Klinikoak, urtero, kudeaketa klinikorako berariazko itun bat eginen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzailearekin, eta hartan zehaztuko dituzte aurrekontu klinikoak eta ematen dituen zerbitzuen jardun-, kalitate- eta kostu-konpromisoak. Kudeaketa klinikorako itun hori urtero ebaluatuko da, eta haren emaitza, ondorio hauetarako hartuko da kontuan, besteak beste:

a) Zehazteko Erradiologiako Arlo Klinikoaren finantzaketa publikoaren proposamena, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aurrekontuen aurreproiektuaren zirriborroan sartu beharrekoa.

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako oro har ezartzen diren pizgarri sistemak aplikatzeko.

3. artikulua. Erradiologiako Arlo Klinikoaren eginkizunak.

Erradiologiako Arlo Klinikoaren helburua da bermatzea kalitatezko arreta integral eta efizientea ematen dela proba erradiologikoen bidezko laguntza eta/edo diagnostikorako laguntza behar duen edozein arlotan, eta horretarako, eginkizun hauek izanen ditu:

1. Arretari dagokionez:

a) Proba erradiologikoak planifikatzea, egitea eta txostenak egitea.

b) Hirugarren mailako erreferentziazko zerbitzu bakarra izatea, proba erradiologikoei dagokienez, Nafarroako osasun eskualde osoarentzat, bai eta arretarako hitzarmena duten autonomia erkidego mugakideentzat ere.

c) Etengabeko arreta bermatzea, 24 orduz, proba erradiologikoei dagokienez, Nafarroako sare publikoko hiru ospitaletan.

d) Arreta arloko adostasun teknikoak sustatzea eta zabaltzea Nafarroako esparru erradiologikoan jarduten duten espezialista guztien artean, bai eta oinarrizko osasun laguntzako profesionalen artean ere.

e) Bideratze-prozedurak eta -zirkuituak ezartzea eta, beharrezkoa denean, premia duten pazienteak itunpeko ospitaleetara bidaltzeko baimena ematea.

2. Irakaskuntzari dagokionez:

a) Irakaskuntzako akreditazioa eta espezialisten prestakuntza egokia bermatzea.

b) Nafarroako unibertsitateekin lan egitea osasun arloko profesionalen gradu aurreko prestakuntzan.

c) Etengabeko prestakuntzako programa garatzea, urtero, Erradiologiako Arlo Klinikoko langile guztientzat, barne harturik lurralde esparruko ospitale guztietako profesionalak.

d) Oinarrizko osasun laguntzako langileen etengabeko prestakuntzako programetan parte-hartze aktiboa izatea.

3. Ikerketari dagokionez:

a) Ikerketa- eta berrikuntza-ildoak garatzea arlo estrategikoetan.

b) Ikerketa multizentrikoak sustatzea Erradiologiako Arlo Klinikoari lotutako espezialisten parte-hartzearekin.

c) Prestazioak eta teknikak etengabe hobetu eta ebaluatzeko prozesuak sustatzea.

4. Erradiologiako Arlo Klinikoak, horretarako esleituko zaizkion langileez eta baliabideez baliatuz, honako eginkizun hauek beteko ditu bere eremuan, Nafarroako ospitaleetako langileriaren zuzendaritzekin eta administrazioaren eta zerbitzu orokorren zuzendaritzekin koordinatuta: pazienteen harrera, sostengu administratiboa, informazioa eta kontrola, osasun laguntzarena eta ekonomikoa.

II. KAPITULUA. ERRADIOLOGIAKO ARLO KLINIKOAREN EGITURA ETA ANTOLAMENDUA

4. artikulua. Erradiologiako Arlo Klinikoaren kudeaketa organoak.

Honako organo hauek kudeatuko dute Erradiologiako Arlo Klinikoa:

- Arlo klinikoko zuzendaria.

- Erradiologia arloko zuzendaritza batzordea.

- Batzorde betearazlea.

5. artikulua. Erradiologiako Arlo Klinikoko zuzendariaren kargua betetzeko modua.

Osasun Departamentuko titularrak libreki izendatuko eta kargutik kenduko du Erradiologiako Arlo Klinikoko zuzendaria, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzaileak proposaturik; izendatutakoa honako baldintza hauek betetzen dituen profesionala izan beharko da:

a) Fakultatibo espezialistaren titulua edukitzea.

b) Erradiologiako Arlo Klinikoan jardutea profesionalki, eta jarduneko zerbitzuan egotea.

c) Erradiologian profesionalki jarduten, gutxienez 2 urteko benetako esperientzia izatea.

6. artikulua. Erradiologiako Arlo Klinikoko zuzendariaren eginkizunak.

1. Erradiologiako Arlo Klinikoko zuzendariak bere gain hartzen du arlo klinikoko zerbitzu eta jarduera tekniko-asistentzialak zuzendu eta kudeatzeko erantzukizun gorena, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzaren mende arituko da, zuzenean, eginkizunei dagokienez.

2. Esleituta dauzkan osasun laguntzako lanak ez ezik, eta burutzek esleituta dauzkaten zuzendaritza teknikoko ahalmenak ukatu gabe, arlo klinikoko zuzendariak honako eskumen hauek ere hartuko ditu bere gain:

a) Batzorde betearazlea eta zuzendaritza batzordea zuzentzea eta haien buru izatea.

b) Erradiologiako Arlo Klinikoari atxikitako unitateen jarduerak eta helburuak antolatu, zuzendu eta ebaluatzea, beste batzuekin batera.

c) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzak ezartzen dituen jarraibideak eta arauak betetzea eta betearaztea.

d) Lankidetzan aritzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzarekin, urtero arloko kudeaketa klinikorako helburuak ebaluatzeko eta kudeaketa itunak egiteko ospitaleekin.

e) Kudeaketa klinikorako berariazko helburuak ezarri eta ebaluatzea, urtero, arlo klinikoari atxikitako unitateetako arduradunekin.

f) Aipatu arlo klinikoari atxikitako unitateen arduradunak ebaluatzea, eta lortutako emaitzen berri ematea.

g) Efizientzia eta kalitatea ebaluatu eta kontrolatzeko balio duen informazio sistema sortu eta mantentzea.

h) Zerbitzuen berrikuntza, etengabeko hobekuntza eta kalitatearen ebaluazioa bultzatzea, eta pazientearentzako laguntzaren jarraipena bermatzea.

i) Nafarroako ospitaleetako zuzendariei aholku ematea, etengabe, egoki jotzen dituen hobekuntza oro proposatuz.

j) Baliabideen esleipena aldatzea arlo klinikoko unitateen artean.

k) Jarduerak koordinatzea Nafarroako ospitaleetako zuzendariekin, eta berariazko lankidetza hitzarmenak egitea ospitaleen eta arlo klinikoaren beraren funtzionamendurako estrategikoak diren arloetarako.

l) Pazientearentzako osasun laguntza integralari dagozkion funtzionamendu prozedurak eta arauak ezarri eta administratzea.

m) Pazienteak beste espezialista bati atxikitzeko proposatzea, aurrez esleitutakoa ez den beste bati atxiki nahi zaionean, bat etorriz abuztuaren 3ko 241/1993 Foru Dekretuarekin. Foru dekretu hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko oinarrizko osasun laguntzako medikuek mediku espezialista aukeratzeko ahalmenari eta osasun laguntza espezializatuaren arreta eta jarraipen pertsonalizatuari buruzkoa da.

n) Paziente batzuk itunpeko ospitaletara bideratzeko baimena ematea proposatzea, arlo klinikoaren laguntza mailako aukerak gainditzen direnenean.

o) Arlo klinikoari lotutako beste eginkizun batzuk, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzaileak berariaz esleitzen dizkionak.

3. Langileen arloan, arlo klinikoko zuzendariak eskumen hauek izanen ditu:

a) Arlo klinikoari atxikitako langileen burua izatea.

b) Arlo klinikoari atxikitako langileen jarduera, lan eta eginkizunak zuzendu eta koordinatzea.

c) Arlo klinikoaren esparruan, langileak atxikitzeko proposamenak egitea, zerbitzu beharrak direla-eta edo antolaketa hobetzeko egokia denean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko araudian xedatutakoaren babesean.

d) Arlo klinikoari atxikitako langileei produktibitate osagarria ordaintzeko baimena proposatzea, organo eskudunak esleipenerako ezarritako irizpideekin bat.

e) Arlo klinikoaren ikerketa-, berrikuntza- eta irakaskuntza-programa prestatzea.

7. artikulua. Erradiologiako Arloko zuzendaritza batzordearen osaera eta eginkizunak.

1. Erradiologiako Arloko zuzendaritza batzordea honako hauek osatuko dute:

- Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriari Osasun Laguntza emateko zuzendaria; buru arituko da, eta kalitatezko botoa izanen du.

- Erradiologiako Arlo Klinikoko zuzendaria; idazkaria izanen da.

- Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko kudeatzailea, edo hark eskuordetzen duena.

- Tuterako Osasun Barrutiko kudeatzailea, edo hark eskuordetzen duena.

- Lizarrako Osasun Barrutiko kudeatzailea, edo hark eskuordetzen duena.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzailea, edo hark eskuordetzen duena.

Horiez gain, batzordeburuak eskatuta, beste profesional batzuk ere joaten ahalko dira bilkuretara, hizpide izanen duten gaiko aditu gisa.

2. Erradiologiako Arloko zuzendaritza batzordea urtean bitan bilduko da, gutxienez.

3. Erradiologiako Arloko zuzendaritza batzordeak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Foru Komunitatean arreta erradiologikoa garatzeko ildo estrategikoak eta helburu asistentzial zein estrukturalak aztertzea, berrikustea eta onestea.

b) Arreta erradiologikoaren jarraipena erraztea, pazienteak bideratzeko irizpideak finkatuz Nafarroako ospitaleen artean.

c) Nafarroako Foru Komunitatearen esparruko arreta erradiologikoa ebaluatzea, antolatzea, koordinatzea eta zuzentzea, arreta erradiologiko integrala emanez, betiere ekitatea lehentasunezko helburu gisa harturik.

d) Antolamenduzko aldaketak proposatzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko edozein zentrotan, arreta erradiologikoaren esparruan betiere, antolamendu sistema orekatua mantentzeko, sistemak une oro erantzun diezaien gizartearen eta profesionalen eskariei, hau da, sistemak pazientea jar dezan erdigunean, eta arreta, irakaskuntza eta ikerketa uztar ditzan, lehiakorra izanen bada.

e) Kudeaketa klinikorako helburuen ebaluazioa egitea, urtero, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentro guztietan, jarraipena egitea itxarote-zerrendak murrizteko helburuei eta beste helburu batzuk ezartzea zentroetako zuzendariekin batera.

f) Behar diren inbertsioak proposatzea, bermatzeko arreta erradiologikoko prestazioen erabilera ekitatiboa dela.

8. artikulua. Erradiologiako Arlo Klinikoari atxikitako unitateak.

Erradiologiako Arlo Klinikoari atxikiko zaizkio honako unitate organiko hauek:

- Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Erradiologia Zerbitzua, honako unitate hauek barne:

- Larrialdietako Erradiologia Atala.

- Neurorradiologia Atala.

- Bularretako Erradiologia Atala.

- Erradiologia Kardiobaskularraren Atala.

- Erradiologia Pediatrikoaren Atala.

- Erradiologia Muskuloeskeletikoaren Atala.

- Bularraldeko Erradiologia Atala.

- Sabelaldeko Erradiologia Atala.

- Reina Sofía ospitaleko Erradiologia Atala.

- García Orcoyen ospitaleko Erradiologia Atala.

9. artikulua. Zainketen langileen eta harrerako koordinazioa.

Osasun arloko koordinazio lanak egiteko pertsona bat izendatzen ahalko da, zainketen esparrurako eta harrera esparrurako, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzura sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko araudian ezarritako baldintzetan.

10. artikulua. Batzorde betearazlearen osaera eta eginkizunak.

1. Erradiologiako Arlo Klinikoko batzorde betearazlea honako hauek osatuko dute:

- Erradiologiako Arlo Klinikoko zuzendaria, burua izanen dena.

- NOUko Erradiologia Zerbitzuko burua, ez bada arlo klinikoko zuzendaria.

- Larrialdietako Erradiologia Ataleko burua.

- Neurorradiologia Ataleko burua.

- Bularretako Erradiologia Ataleko burua.

- Erradiologia Baskularraren Ataleko burua.

- Erradiologia Pediatrikoaren Ataleko burua.

- Erradiologia Muskuloeskeletikoaren Ataleko burua.

- Bularraldeko Erradiologia Ataleko burua.

- Sabelaldeko Erradiologia Ataleko burua.

- Reina Sofía ospitaleko Erradiologia Ataleko burua.

- García Orcoyen ospitaleko Erradiologia Ataleko burua.

- Zainketetako langileen koordinatzailea.

- Harrerako koordinatzailea.

Era berean, beste batzuek ere parte hartzen ahalko dute bilkuretan, hitzarekin baina boto gabe, aholku emateko, inguruabarrak direla-eta komeni denean.

2. Erradiologiako Arlo Klinikoko batzorde betearazlea astean behin bilduko da, eta idazkari bat izendatuko du, kideen artetik; halaber, bere barne funtzionamendurako erregelamendua ezartzen ahalko du.

3. Erradiologiako Arlo Klinikoko batzorde betearazleak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Jardunbide kliniko egokien protokoloak eta gidak onestea.

b) Arlo Klinikoko unitateen funtzionamendu ordutegia proposatzea.

c) Arlo Klinikoaren ikerkuntza eta irakaskuntza programa onestea.

d) Arlo Klinikoaren urteko helburuak prestatzen parte hartzea, eta onestea arlo klinikoa kudeatzeko ituna, urtero sinatu beharrekoa.

e) Arlo Klinikoaren urteko ebaluazio txostenaren prestaketan parte hartzea.

f) Produktibitate osagarriak esleitzeko proposamenen berri ematea arlo klinikoko kideei; proposamen horiek arlo klinikoko zuzendariak eginen ditu.

g) Arlo klinikoko zuzendariari aholku ematea galdetzen dizkion gai guztietan.

11. artikulua. Erradiologiako Arlo Klinikoaren antolamendu funtzionala.

Eginkizunei dagokienez, Erradiologiako Arlo Klinikoa era malguan eta prozesu kliniko-erradiologikora bideratuta antolatuko da, eta osasun eta gizarte ingurunearen behar eta eskakizun aldakorrei egokitzeko moldaketak eginen dira une oro. Nolanahi ere, organo eskudunak konfiguratuko ditu laguntza unitateak eta unitate funtzionalak, batzorde betearazleak proposaturik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriari Osasun Laguntza emateko zuzendariaren aldez aurreko adostasuna dagoela.

Nolanahi ere, unitate funtzionalak edo laguntza unitateak konfiguratzeak ez du eraginen eremu funtzionalean unitate organikoak sortzea edo aldatzea.

Lehenbiziko xedapen gehigarria. Irakaskuntzako, ikerketako eta berrikuntzako jarduerak.

Erradiologiako espezialistek, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan edo Tuterako Reina Sofía zein Lizarrako García Orcoyen ospitaleetan lan egiten badute, bete-betean parte hartuko dute Erradiologiako Arlo Klinikoak garatzen dituen irakaskuntzako, ikerketako eta berrikuntzako jardueretan, eta Erradiologiako Arlo Klinikoak adostu eta ezarritako irizpide teknikoekin bat jardunen dute.

Bigarren xedapen gehigarria. Laguntzako teknikariak.

Arlo kliniko honetako eginkizunak garatzeko, zilegi izanen da administrazio lanetan laguntzeko eta berariazko kudeaketarako teknikarien laguntza izatea; harrerako edo harreraren koordinazioko eginkizunak ere hartzen ahalko dituzte beren gain.

Xedapen indargabetzaile bakarra

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehenbizikoa. Aldatzea 84/2008 Foru Dekretua, uztailaren 15ekoa, OsasunbideaNafarroako Osasun Zerbitzuko Kirurgiako Arlo Funtzionala sortu eta arautu duena.

Zazpigarren xedapen gehigarria eransten zaio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kirurgiako Arlo Funtzionala sortu eta arautu zuen uztailaren 15eko 84/2008 Foru Dekretuari; honako testu hau izanen du:

"Zazpigarren xedapen gehigarria.-Arloaren atxikipena eta mendekotasuna.

Ospitaleguneko kudeatzailetzarekiko atxikipena eta mendekotasuna aipatzen den guztietan, ulertuko da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari dagozkiola".

Azken xedapenetako bigarrena. Aldatzea 71/2008 Foru Dekretua, ekainaren 3koa, Arlo Kliniko Kardiologikoaren egitura eta funtzionamendua arautzen dituena.

Hirugarren xedapen gehigarria eransten zaio Arlo Kliniko Kardiologikoaren egitura eta funtzionamendua arautzen dituen ekainaren 23ko 71/2008 Foru Dekretuari; honako testu hau izanen du:

"Hirugarren xedapen gehigarria.-Arloaren atxikipena eta mendekotasuna.

Ospitaleguneko kudeatzailetzarekiko atxikipena eta mendekotasuna aipatzen den guztietan, ulertuko da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari dagozkiola".

Azken xedapenetako hirugarrena. Ahalmena ematea.

Ahalmena ematen zaio Osasun arloan eskuduna den departamentuko titularrari behar diren xedapenak eman ditzan foru dekretu hau aplikatu eta garatzeko.

Azken xedapenetako laugarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal |