(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

39/2026 FORU AGINDUA, MAIATZAREN 12KOA, EKONOMIA ETA OGASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, 652 EREDUA ONESTEN DUENA (OINORDETZEN ETA DOHAINTZEN GAINEKO ZERGAREN BIZI-ASEGURUEN AUTOLIKIDAZIOA)

BON N.º 100 - 25/05/2026



  I. ERANSKINA. 652 EREDUA. OINORDETZEN ETA DOHAINTZEN GAINEKO ZERGAREN BIZIASEGURUEN AUTOLIKIDAZIOA OINORDETZEN ETA DOHAINTZEN GAINEKO ZERGAREN DATUAK652 EREDUA. OINORDETZEN GAINEKO ZERGA. BIZIASEGURUAK. AUTOLIKIDAZIOA


Atariko

Abenduaren 16ko 250/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren testu bateginaren 60. artikuluak xedatzen duenez, subjektu pasiboek, zergaren aitorpena aurkeztean, dagokion zerga-zorra zehaztu beharko dute, haren autolikidazioa egin eta zerga arloan eskumena duen departamentuaren titularrak ezartzen dituen leku, modu eta epeetan ordaindu.

Bestalde, testu bateginaren 58. artikuluak aukera ematen die bizi-aseguruko kontratuen onuradunei, aseguratuaren heriotzaren kasuan, zergaren autolikidazio partzial bat egiteko, bizi-aseguruak kobratzeko soilik, baldin eta kontratatzailea onuraduna ez den beste pertsona bat bada eta aseguratuak kontratatu badu edo aseguru kolektiboa bada. Gainera, aukera ematen da erregelamendu bidez garatu dadin autolikidazio horiek egiteko modua eta epeak.

Abuztuaren 28ko 103/2017 Foru Aginduak 652 eredua onetsi zuen (Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Oinordetzak. Bizi-aseguruak. Autolikidazioa), eta hura aurkezteko eta sarrera egiteko baldintza orokorrak eta prozedura arautzen ditu.

103/2017 Foru Agindua argitaratu zenetik egin diren garapen informatikoek aukera ematen dute aitorpen hori aurkezteko beste modalitate batzuk erabiltzeko. Funtsean, helburua da haiek elektronikoki betetzen eta aurkezten laguntzea, eta ziurtatzea zergadunak ereduak zerga administrazioak eskatutako informazio guztiarekin betetzen dituela.

Zehazki, ezartzen den modalitate berria "aurreaitorpena" izenekoa da: autolikidazioa online bete behar da, ondoren inprimatu, eta aurrez aurre aktibatu. Horrenbestez, jada ezin izanen da eredua hutsik inprimatu eta eskuz bete, ezta paperezko eredu ofiziala erabili ere. Desagertu eginen da, beraz, aurrez inprimatutako papera.

Beharrezkoa da, beraz, foru agindu hau ematea, 652 eredu berria onesteko, aukera egon dadin "aurreaitorpenaren" bitartez eredu hori aurkezteko, autolikidazioa ordaintzeko moduak eguneratzeko eta 103/2017 Foru Agindua indargabetzeko, hark arautzen baitzuen orain arte eredu hori.

Urtarrilaren 26ko 16/2004 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren Erregelamenduaren 50. artikuluaren arabera, subjektu pasiboek zergaren autolikidazioa aurkeztu beharko dute, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak berariaz onetsitako aitorpen-likidazio inprimakiaren ereduan.

Orobat, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio zerga arloko eskumena duen departamentuko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta foru lege horren 90. artikuluan aipatzen diren entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Foru agindu honen bidez garatzen den erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritako printzipio hauek ere betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. 652 eredua onestea.

652 eredua onesten da (Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Oinordetzak. Bizi-aseguruak. Autolikidazioa), I. eranskinean jasota dagoena.

2. artikulua. 652 eredua aurkeztu behar dutenak.

1. 652 eredua aurkeztera beharturik daude subjektu pasibo horiek zeinak beharturik baitaude, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera, oinordetzaren gaineko zerga autolikidatzera eta, kasua bada, diru-sarrera Nafarroako Foru Ogasunean egitera, bizi-aseguruko eragiketetarako, aseguratua hilez gero, betiere kontratatzailea ez baldin bada onuraduna, aseguratuak kontratatu badu edo aseguru kolektiboa bada.

2. Eredu honetako bizi-aseguruak ez dira "Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Oinordetzak. Aitorpena" izeneko 660 ereduan sartuko.

3. artikulua. Aurkezteko eta ordaintzeko epea.

652. eredua sei hilabeteko epean aurkeztu eta, hala badagokio, ordaindu beharko da, sortzapen-datatik zenbatzen hasita. Heriotza Espainiatik kanpora gertatzen bada, hamar hilabeteko epea izanen da.

Hala ere, Zerga Administrazioak aurkezpen-epeak luza ditzake, aurreko paragrafoan aipatutako epe berdinetan.

Luzapen-eskaera 653 eredua aurkeztuz egin beharko da (Oinordetzen gaineko zerga. Aurkezteko epea luzatzeko edo geroratzeko eskaera), bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 23ko 130/2025 Foru Aginduarekin, zeinaren bidez eredua onesten baita.

4. artikulua. Aurkezteko modua.

1. Subjektu pasiboak honako modu hauetako edozein aukeratzen ahalko du 652 eredua aurkezteko:

a) Paperean (aurreaitorpena), bakar-bakarrik Nafarroako Foru Ogasunak horretarako garatu duen inprimaketa zerbitzua erabiliz sortzen dena.

Horretarako, Nafarroako Foru Ogasunak Interneteko atariaren bidez ematen duen inprimakia bete beharko da, eta ondoren inprimatu. Inprimakia (PDF formatuan) "aurreaitorpena" da eta ez du legezko baliorik aktibatzen ez den bitartean. Aktibatzeko, Nafarroako Foru Ogasuneko herritarren arretarako bulegoetan aurkeztu beharko da, behar bezala sinatuta eta 5. artikuluaren arabera bidezkoa den dokumentazioa erantsita.

Nafarroako Foru Ogasunak arreta pertsonalizatuko hainbat gune jarriko ditu hala eskatzen duten zergapekoen eskura, inprimakia online betetzen laguntzeko, zergapekoak Internet bidez bide elektronikoz aurkeztera behartuta ez badaude, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin. Zergapekoek horrela betetako inprimakiaren edukiaren erantzukizuna izanen dute.

"Aurreaitorpenean" inprimatutako datuek lehentasuna izanen dute eskuz eginiko aldaketa edo zuzenketen gainetik; aldaketa edo zuzenketa horiek ez dute ondoriorik izanen zerga administrazioarentzat.

b) Modu elektronikoan, Internet bidez, 6. eta 7. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.

2. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 1. artikuluak aipatzen dituen zergapeko guztiek Internet bidezko aurkezpen elektronikoa egin beharko dute. Foru agindu horren bidez arautzen dira aitorpen-likidazioak, autolikidazioak, urteko aitorpen-laburpenak, informazio-aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko araudiak eskatutako beste agiri batzuk baliabide telematikoen bidez aurkeztera behartzen duten kasuak.

5. artikulua. 652 ereduarekin aurkeztu beharreko agiriak.

Aitortzaileak honako agiri hauek erantsi beharko ditu autolikidazioarekin batera:

a) Kausatzailearen heriotza-ziurtagiria, Erregistro Zibilak emana.

b) Aseguru-etxearen ziurtagiria, honako hauek zehazten dituena: aseguru-hartzailea, aseguruduna, jaso beharreko zenbatekoa eta onuradunen nortasuna.

Ziurtagirian hartzailearen datuak agertzen ez badira, hura identifikatzen duen aseguru-poliza aurkezten ahalko da.

c) Aseguru polizak ez baditu zehazki eta berariaz aipatzen onuradunak, legezko jaraunsleengana jotzeko, beharrezkoa izanen da kausatzailearen testamentu-xedapenen kopia baimendua aurkeztea, halakorik balego, baita Azken Borondatezko Egintzen Erregistroaren egintzen ziurtagiria ere. Testamenturik gabeko oinordetzaren kasuan, jaraunsle-deklarazio judizial edo notario bidezkorik ez badago, ustezkoen zerrenda bat aurkeztu behar da, kausatzailearekin zer ahaidetasun duten adierazita.

2. Dokumentazio hori guztia eredua paperean edo bide elektronikoz aurkeztearekin batera aurkeztuko da.

6. artikulua. 652 eredua modu elektronikoan aurkezteko gaikuntza eta baldintza orokorrak.

1. Honako hauek aurkezten ahalko dute 652 eredua modu elektronikoan, Internet bidez:

a) Aurkezteko betebeharra dutenek edo, kasua bada, haien ordezkariek.

b) Zergen aplikazioan laguntzaile sozialen izaera duten pertsonek edo entitateek, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 90. artikuluan eta ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat (kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen foru agindua, hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk, eta telematika bidez tramitatzeko tributu zorren ordainketa).

Eredua aurkezten dutenek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen elektroniko hori egiteko behar diren arau teknikoak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuak daudenak, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean.

2. 652 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, baldintza orokor hauek bete beharko dira:

a) Eredua aurkezten duenak identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZa) eduki beharko du.

b) Aurkezpen elektronikoa uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintza orokorren arabera eginen da.

7. artikulua. 652 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko prozedura.

1. Honako hau izanen da autolikidazioa web-inprimaki bidez elektronikoki aurkezteko prozedura:

1. Sartu Ogasunarekin izapideak egiteko zerbitzura, Nafarroako Foru Ogasunaren web-orritik.

2. Zer autolikidazio eredu egin nahi den adierazi, eta hura aurkeztu ahal izateko beharrezkoak diren datu guztiak bete.

Web-inprimakiak 5. artikuluan aipatutako dokumentazioa eransteko aukera emanen du.

3. Zerga-zorra ordaindu, hala badagokio. Aitorpena aurkeztu aurretik, ordainketa izapidetu behar da. 8. artikuluan adierazitako moduan eginen da.

Ordainketa egin izana egiaztatzeko, ordainketa horri dagokion erreferentzia zenbaki osoa komunikatu beharko zaio Nafarroako Foru Ogasunari. Honako aukera hauek daude:

a) Ordainketa, dela norberaren izenean, dela hirugarrenen izenean egindakoa, ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan aurreikusita dauden bi modalitateetako edozeinetan, Nafarroako Zerga Ogasunaren ordainketa telematikoaren sistemari atxikitako finantza-entitate batean irekitako kontu batean zordunduz tramitatzen bada, aitorpena aurkezteko aplikazio telematikoak berak bideratuko du tramite hori, inprimakian beharrezkoak diren datuak betez eta Erreferentzia Zenbaki Osoa lortuz.

Sistema horren bidez Erreferentzia Zenbaki Osoa lortu eta txertatutakoan, aurkezleak aitorpena bidaliko du, eta ez da bestelako tramiterik egin beharko.

Nafarroako Zerga Ogasunaren ordainketa telematikoaren sistemari atxikitako finantza-entitateak zerga hau aurkezteko aplikazio telematikoan bertan agertzen dira.

b) Ordainketa Nafarroako Zerga Ogasunaren ordainketa telematikoko sistemari atxikitako finantza-entitate batean irekitako kontu batean zordunduz tramitatzen ez bada, Erreferentzia Zenbaki Osoa diru-bilketaren kudeaketan laguntzaile aritzen den gordailuko finantza-entitateak eman beharko du, dela bertaratuta, dela entitate horrek bere bezeroen eskura jartzen duen bitartekoa erabiliz. Erreferentzia Zenbaki Osoa horrela lortutakoan, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren aitorpenean (652 ereduan) agerrarazi beharko da, Nafarroako Zerga Ogasunari aurkeztu baino lehen.

Bigarren modalitate honetan Erreferentzia Zenbaki Osoa errazago lortu ahal izateko, zerga modu elektronikoan aurkezteko aplikazio informatikoak behar bezala betetako datuak biltzen dituen zirriborroa gordetzen utziko du, eta zirriborroaren zenbatekoa agertzen duen ordainagiria lortzen ahalko da. Ordainketa egin ondoren, zirriborro hori berreskuratzen ahalko da, eta gero aitorpen gisa tramitatu, Erreferentzia Zenbaki Osoa txertatu ondoren.

4. Aitorpena bidali. Bete eta gero, eta hala badagokio, autolikidazioa ordaindu ondoren, bidalketa baimenduko da.

Autolikidazioa zuzen egina bada, sistemak balioztatuko du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.

Autolikidazioa zuzen egina denean, aurkeztutako autolikidazioari esleitutako zenbakia jakinaraziko du sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, egiaztagiri gisa erabiltzeko.

8. artikulua. 652 eredua ordaintzeko moduak.

1. Autolikidazioaren ondoriozko zerga-zorra ordaindu beharko da Nafarroako Foru Ogasunaren diru-bilketaren kudeaketan laguntzen duen edozein finantza-entitatetan aurkeztu baino lehen, 772 ordainketa-gutuna erabiliz. Ordainketa-gutun hori honela lortzen ahal da:

a) Nafarroako Foru Ogasunak horretarako garatu duen eta Interneteko atarian eskuragarri dagoen inprimaketa zerbitzuaren bidez.

b) Zerga aurkezteko web-zerbitzuaren beraren bidez, bai "aurreaitorpena" egiteko, bai aurkezpen elektronikorako. Zerbitzu horrek aukera emanen du datuak behar bezala beteta dituen zirriborro bat gordetzeko eta zirriborroan agertzen den zenbatekoaren ordainketa-gutuna lortzeko.

Modu elektronikoan Internet bidez aurkeztutako autolikidazioetan, gainera, aurreikusirik dago ordainketa telematikoa egiteko aukera, web-inprimakia bete ondoren pantailan agertuko diren ordainketarako oharrei jarraikiz. Aukera hori erabiltzeko, finantza-entitateak Nafarroako Foru Ogasunaren ordainketa telematikoaren sistema erabili beharko du. Zerga hau aurkezteko web-zerbitzuan sistema hori duten finantza-entitateen zerrenda kontsultatzen ahal da.

2. 652 ereduaren aurkezpena Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian egiaztatzen ahalko da, egindako aitorpenen eta jakinarazpenen kontsulten izapidetik.

Izapide horretatik, ondorio guztietarako zergaren aurkezpenaren eta ordainketaren egiaztagiri gisa balioko duen dokumentu bat lortzen ahalko da.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauindargabetzea.

Indarrik gabe uzten da Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren abuztuaren 28ko 103/2017 Foru Agindua (haren bidez ezarri ziren aurkezpen moduak, aitorpena egiteko betebeharra, aurkezteko epea, ordainketa modua, dokumentazioaren aurkezpena eta baldintza orokorrak eta prozedurak, 652 eredua telematikoki aurkezteko -"Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Oinordetzak. Bizi-aseguruak. Autolikidazioa"-).

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta egun horretatik aurrera aurkezten diren aitorpenei aplikatuko zaie.

I. ERANSKINA. 652 EREDUA. OINORDETZEN ETA DOHAINTZEN GAINEKO ZERGAREN BIZI-ASEGURUEN AUTOLIKIDAZIOA OINORDETZEN ETA DOHAINTZEN GAINEKO ZERGAREN DATUAK652 EREDUA. OINORDETZEN GAINEKO ZERGA. BIZI-ASEGURUAK. AUTOLIKIDAZIOA

I. ERANSKINA

EKITALDIA: XXXX

SUBJEKTU PASIBOAREN DATUAK

IFZa: nahitaezko eremua.

Deiturak eta izena / sozietatearen izena: nahitaezko eremua.

15 laukitxoa Ahaidetasun-maila: nahitaezko eremua. Aukera hauetako bat adierazi beharko da:

6: ezkontide edo bikotekide egonkorra berariazko legediaren arabera.

7: aurreko edo ondorengo ahaideak, odol bidezkoak, adoptatzaileak edo adoptatuak.

1: ezkontza bidezko aurreko eta ondorengo ahaideak.

2: bigarren mailako alboko ahaideak.

3: hirugarren mailako alboko ahaideak.

4: laugarren mailako alboko ahaideak.

5: alboko ahaide urrunagokoak eta arrotzak.

KAUSATZAILEA

IFZa: nahitaezko eremua. Kausatzailearen identifikazio fiskaleko zenbakia jaso beharko da.

Deiturak eta izena: nahitaezko eremua.

1019 laukitxoa Heriotzaren eguna: nahitaezko eremua.

1011 laukitxoa Heriotzako herrialdea: nahitaezko eremua. Aukera hauetako bat adierazi beharko da:

Espainia.

Atzerria: Beste bat.

AGIRIAREN DATUAK

Fitxategiak erantsi: nahitaezko eremua. Foru Aginduaren 5. artikuluan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Baimendutako gehieneko tamaina: 20 MB. Baimendutako luzapenak: CSV, DOC, JPG, ODS, ODT, PDF, RTF, TIFF, TIF, TXT, XLS, XSLX, ZIP.

SORTZAPENA

2 laukitxoa Sortzapenaren data: eremu automatikoa. 1019 laukiarekin (Heriotza-data) bat dator.

BIZI-ASEGURUAK

153 laukitxoa Onuradunak jasotako zenbatekoak. Eremu automatikoa.

1403 laukitxoa Hartzailearen IFZa. Nahitaezko eremua.

Hartzailearen abizenak eta izena. Nahitaezko eremua.

1401 laukitxoa Aseguru entitatea. Nahitaezko eremua.

1402 laukitxoa Poliza zenbakia. Nahitaezko eremua.

1404 laukitxoa Aseguru mota. Nahitaezko eremua. Adierazi beharko da:

Aseguru kolektiboa.

Aseguru indibiduala.

1405 laukitxoa Jasotzeko modua. Nahitaezko eremua. Adierazi beharko da:

Kapitala.

Biziarteko errenta.

Aldi baterako errenta. Aldi baterako errentaren kasuan, urte kopurua adierazi beharko da 1407 laukian.

1408 laukia. Check motako laukia. Lauki hau soilik bete beharko da ahaidetasun-maila 1, 2, 3, 4 edo 5 bada eta aseguruaren kontratazio-data 1992ko ekainaren 24a baino lehenagokoa bada. 1408 laukia markatuz gero, honako hau ere adierazi beharko da:

1406 laukitxoa Kontratazio data.

4540 laukitxoa Jaso beharreko zenbatekoa. Nahitaezko eremua.

AUTOLIKIDAZIOA

201 laukitxoa Lotu gabea. Aukerako eremua. Lauki hori markatuz gero, 660 laukian arau-oinarria adierazi beharko da, bat etorriz abenduaren 16ko 250/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren testu bateginaren 9. artikuluaren arabera. Arau-oinarria hauetako bat izanen da:

Subjektu pasiboa pertsona juridikoa.

Pentsio-planak eta PFEZaren Foru Legearen 14.2.a) artikuluan araututako beste kasu batzuk.

Hartzekodun batek jasotako kopuruak, aurreko zor baten berme gisara gauzatu zen bizi-aseguruko kontratu baten onuradun den aldetik.

203 laukitxoa Preskripzioa. Aukerako eremua.

458 laukitxoa Jaraunspena gehitzea. Aukerako eremua. Laukia markatu behar da jaraunspena gehitzen den kasuan, baldin eta lehenago aurkeztu bada kausatzaile eta subjektu pasibo berari buruzko autolikidazioren bat. Aukera hori markatuz gero, honako hauek adierazi beharko dira:

212 laukia: Nahitaezko eremua. Osatzen den aurreko autolikidazioaren zenbakia.

209 laukia: Osatzen den aurreko autolikidazioa aurkeztu den data.

1420 laukia: Aurreko jaraunspenen zerga-oinarria.

459 laukitxoa Aurkezteko epea luzatua. Aukerako eremua.

708 laukia. Nahitaezko eremua. Eskaera-zenbakia.

709 laukitxoa Eskaeraren data.

169 laukitxoa Salbuespena. Eremu automatikoa.

20 laukitxoa Zerga-oinarria (153+1420-169). Eremu automatikoa.

22 laukitxoa Murriztapena. Eremu automatikoa.

30 laukitxoa Likidazio-oinarria (20-22). Eremu automatikoa.

28 laukitxoa Likidazio oinarria %0,80an: eremu automatikoa.

29 laukitxoa Likidazio-oinarritik gorakoa, tarifara doitua (30-28). Eremu automatikoa.

31 laukitxoa Karga-tasa. Eremu automatikoa.

33 laukitxoa Kuota osoa. Eremu automatikoa.

32 laukitxoa Kuota osoa, tarifara doitua. Eremu automatikoa.

38 laukitxoa Kuota osoa, guztira (32 + 33). Eremu automatikoa.

43 laukitxoa Zerga-ezarpen bikoitzagatiko kenkaria: Aukerako eremua.

35 laukitxoa Aurreko kuoten kenkaria: aukerako eremua.

40 laukitxoa Kuota garbia (38 - 43 - 35). Eremu automatikoa.

50 LAUKIA SARTZEKOA, GUZTIRA. Eremu automatikoa.

KUOTA OSOA TARIFARA DOITZEA

129 laukitxoa Likidazio-oinarria, tarifara doitua. Eremu automatikoa.

133 laukitxoa Tarteari tarifa aplikatzearen ondoriozko kuota. Eremu automatikoa.

134 laukitxoa Aurreko tarteari tarifa aplikatzearen ondoriozko kuota. Eremu automatikoa.

135 laukitxoa Kuoten arteko aldea (133-134). Eremu automatikoa.

136 laukitxoa Aurreko tartearen likidazio oinarriaren muga. Eremu automatikoa.

138 laukitxoa Likidazio-oinarrien arteko aldea, tarifara doitua. Eremu automatikoa.

320 laukitxoa Kuotako murrizketa (135-137). Eremu automatikoa.

320 LAUKIA KUOTA OSOA, TARIFARA DOITUA (133-138). Eremu automatikoa.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal |