(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

36/2026 FORU AGINDUA, APIRILAREN 17KOA, EKONOMIA ETA OGASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ S90 EREDUA ONESTEN BAITA (SOZIETATEEN GAINEKO ZERGAREN ETA ESTABLEZIMENDU IRAUNKORREI DAGOKIEN EZ-EGOILIARREN ERRENTAREN GAINEKO ZERGAREN AUTOLIKIDAZIORAKO EREDUA), 2025EKO URTARRILAREN 1ETIK ABENDUAREN 31RA BITARTE HASITAKO ZERGALDIETARAKO, ETA AITORPENAK AURKEZTEKO ARAUAK EMATEN BAITIRA

BON N.º 84 - 30/04/2026



Atariko

Sozietateen gaineko zergaren zergadunak, Sozietateen gaineko zerga arautzen duen abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen (hemendik aurrera, Zergari buruzko Foru Legea) 75. eta 76. artikuluetan ezarritakoarekin bat, beharturik daude zergaren aitorpena aurkeztera, haren tributu-zorra zehaztu eta ordaintzera, eta behar diren dokumentu eta egiaztagiriak aurkeztera, zerga arloan eskuduna den departamentuak finkatutako tokian eta moduan.

Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari dagokionez, zerga horren legearen testu bateginak (martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onetsiak) 21. artikuluan ezartzen duenez, establezimendu iraunkorrak beharturik daude zergaren aitorpena aurkeztera eta haren tributu-zorra zehaztu eta ordaintzera, Ogasuneko ministroak ezarritako agiriekin eta hark finkatutako tokian eta moduan. Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluari jarraikiz, gaikuntza hori Nafarroako Gobernuan tributuen arloko eskumena duen departamentuko titularrari ematen zaiola ulertu behar da.

Ondorioz, beharrezkoa da foru agindu hau ematea bi zerga horien autolikidaziorako S90 eredua onesteko, 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte hasitako zergaldietarako, eta baldintza orokorrak eta prozedura ezartzea aurkezpen elektronikoa egiteko eta dagokion sarrera egiteko.

Sozietateen gaineko zergarekin eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergarekin loturiko araudian aldaketa batzuk izan dira 2025ean hasitako zergaldietarako, eta S90 ereduari eragiten diote. Jarraian adierazten diren lege xedapenen barnean daude aldaketok.

Lehenik, aipatzekoa da urtarrilaren 14ko 10/2025 Errege Dekretua, 2025eko Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala onesten duena (EJSN-2025), zeinen xedea baita aipatu sailkapena eguneratzea ekonomia jarduera berriak islatze aldera. Ildo horretan, S90 ereduan entitatearen jarduera nagusiaren sailkapena adierazteko, 2025eko Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazional berria erabili behar da, hots, EJSN-2025 deiturikoa.

Bigarrenik, 18/2025 Foru Legea, abenduaren 22koa, talde multinazionalentzako eta talde nazional handientzako gutxieneko zergapetze-maila globala bermatzeko zerga osagarriari buruzkoa, Zergari buruzko Foru Legearen 23.1.b) artikulua aldatu duelako, 2023ko abenduaren 31tik aurrera hasitako zergaldietarako ondorioekin, ezarri baitu zerga osagarri berri hori ez dela kengarria sozietateen gaineko zergan.

Hirugarrenik, 11/2025 Foru Legea, urriaren 23koa, finantza-erakunde jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gaineko zergari buruzkoa, 13. artikuluan ezartzen baitu finantza-erakunde jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gaineko zerga berri hori ez dela kengarria ez sozietateen gaineko zergan, ezta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan ere. Ondorioz, S90 ereduan egokitzapen hori identifikatu beharra dago, berariazko zuzenka bat eginez irabazien eta galeren kontuaren emaitzan.

Laugarrenik, 20/2024 Foru Legea, abenduaren 26koa, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzen dituena, haren hirugarren artikuluak aldaketa batzuk sartzen baititu sozietateen gaineko zergan, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako.

Batetik, ezohiko mozkinak berrinbertitzeagatik egiten den salbuespena, Zergari buruzko Foru Legearen 37. artikuluan araututakoa, handitu egin da, ekonomia jarduerari atxikiriko ondare-elementuen kostu bidezko eskualdaketagatik lorturiko errenta guztiei aplikatuko baitzaie; aurreko zergaldietan, aldiz, lortutako errenten %50rri bakarri aplikatzen zitzaion.

Zergari buruzko Foru Legearen 64.B).1 artikuluan arautzen den ibilgailu elektrikoetan edo hibrido entxufagarrietan eginiko inbertsioagatiko kenkariari dagokionez, batetik, turismoen (M1) eta furgoneten edo kamioi arinen (N1) erosketen kasuan, kenkariaren oinarriaren muga igo da, 32.000 eurotik 35.000 eurora, eta, bestetik, kendu egin da pedalei eragiteko motor elektrikozko laguntza duten bizikletak erosteagatiko kenkaria egiteko aukera.

Gainera, kenkari horren gehiegizko erabilera ekiditeko, ibilgailuak malgutasunezko edo aukera anitzeko finantzaketarako kontratuen bidez finantzatzen diren kasuan, kenkaria aplikatzeko baldintza da ibilgailuaren jabetza mantentzearen aukera hautatu izana. Eta aukera hori baliatzen ez denerako, aplikatutako zerga onura erragularizatzeko betebeharra ezartzen da.

Bestalde, hobetu egiten da potentzia handiko karga sistemetan egindako inbertsioagatiko kenkaria, Zergari buruzko Foru Legearen 64.B).2 artikuluan arautua, halako moduz non, batetik, 50 kW baino gehiagoko karga-tokiei ere 5 puntu handitzen baitzaie kenkariaren portzentajea eta, bestetik, kenkariaren oinarriaren muga igotzen baita 50 kW baino gehiagoko potentzia handiko karga-tokien inbertsioetan.

Azkenik, Zergari buruzko Foru Legearen hamazazpigarren xedapen gehigarriaren aplikazioa luzatzen da 2025eko zergaldian. Horrela, 2025ean, xedapen gehigarri horretan likidazio-oinarri negatiboen murriztapenerako ezarritako %50eko eta %25eko mugak aplikatuko zaizkie zergadunei, baldin eta zergaldia hasi aurreko hamabi hilabeteetan beren negozio zifraren zenbateko garbia hogei milioi edo gehiago bada, baina hirurogei milioi baino gutxiago, edo hirurogei milioi edo gehiago bada, hurrenez hurren.

Bosgarrenik, aintzat hartu behar da 22/2023 Foru Legea, abenduaren 26koa, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzen dituena, haren xedapen gehigarri bakarra zehazki, hartan ezarri baitzen, 2025. urterako, kultur mezenasgoko zerga pizgarriak aplikatuko zaizkiela "Santiago Ramón y Cajal ikerketa urtea 2022" aparteko interes publikoko gertakariarekin loturiko programa eta jardueren finantzaketan parte hartzen duten entitateei. Gainera, programa eta jarduera horiek lehentasunezkotzat hartuko dira, baldin eta irabazi-asmorik gabeko entitateek egiten badituzte eta maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuaren I. tituluan aurreikusitako zerga-araubidea aplikatzen badute, edo beste zerga-administrazio batean zerga-araubide baliokide bat aplikatzen badute, eta, hala, ehuneko bost puntu goratuko dira aplikatu beharreko kenkarien ehunekoak eta mugak.

Aldaketa horiek foru agindu honek onesten duen S90 ereduan islatzen dira.

Foru agindu honen bidez garatzen den erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2009 Foru Legean ezarritako printzipio hauek ere betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia.

Horregatik guztiagatik, Zergari buruzko Foru Legearen 75. eta 76. artikuluetan eta, halaber, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 21. artikuluan eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian ezarritako gaikuntzak baliatuz, honako hau,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. S90 eredua onestea.

Sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren autolikidaziorako S90 eredua onesten da, 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte hasitako zergaldietarako. Eranskinean dago haren edukia.

2. artikulua. Aitorpena egiteko betebeharra.

1. S90 eredua aurkeztera behartuta daude sozietateen gaineko zergaren zergadunak, zerga hori arautzen duen 26/2016 Foru Legearen 10. artikuluan aipaturikoak, baldin eta Nafarroako foru araudia aplikatzen badute, bat etorriz Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 18. artikuluan ezarritakoarekin.

2. Halaber, S90 eredua aurkeztera behartuta daude establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunak, Nafarroako foru araudia aplikatzen badute, bat etorriz Hitzarmen Ekonomikoaren 28. artikuluan ezarritakoarekin.

3. Zergadunek, baldin eta zergak bi administrazioei ordaindu behar badizkiete Hitzarmen Ekonomikoaren 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen badute, dagozkien autolikidazioak aurkeztu beharko dituzte 5.2 artikuluan xedatuari jarraikiz.

3. artikulua. Aitorpena aurkezteko epea eta moduak.

1. Zergadunek zergaldia bukatu eta hurrengo bosgarren hilabeteko lehenengo egunetik zazpigarren hilabeteko hogeita bosgarren egunera arteko epean aurkeztu beharko dute aitorpena, hala Nafarroako foru araudia, nola Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen dutenean.

Aurreko paragrafoan aipatzen denaren arabera, zergadunek, haien aitortzeko epea foru agindu honek indarra hartu eta hurrengo hogeita bosgarren egun naturala baino lehen amaitu bada, foru aginduak indarra hartu eta hurrengo hogeita bost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dute aitorpena.

2. Zergadun guztiek baliabide elektronikoak erabiliz aurkeztu behar dute nahitaez S90 eredua, zeinahi delarik eragiketen bolumena, 4. artikuluan ezarritako baldintza orokorrei eta 5. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

4. artikulua. Autolikidazioak elektronikoki aurkezteko baldintza orokorrak.

S90 eredua elektronikoki aurkezteko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Aitortzaileak eduki beharko du identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikorako sistema bat, eta Nafarroako Foru Ogasunak onartzen duen ziurtagiri elektroniko kualifikatu bat erabili, arloan indarra duen legediarekin bat etorriz.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude zerrendaturik, Interneteko helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

c) Bat etorriz 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin (130/2009 Foru Agindua, ekainaren 29koa, kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duena hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk, eta telematika bidez tramitatzeko tributu zorren ordainketa), aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate batek aurkezten badu eredua, identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikorako sistema bat eduki behar du, eta ziurtagiri elektroniko kualifikatu bat erabili, b) letran aipatzen den moduan.

d) Aitortzaileak edo, bidezkoa bada, aurkezle baimendunak, igorri beharreko aitorpena jasotzen duen fitxategia lortzeko, laguntza programa bat erabili beharko du aurretik. Laguntza programa hori Nafarroako Foru Ogasunak S90 ereduko aitorpenetarako prestatu duena edo formatu bereko fitxategi bat sortzen duen beste bat izan daiteke.

Fitxategi horien edukia Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian ezarritako erregistro-diseinuetara egokituko da (https://www.navarra.es/eu/ogasuna).

e) Aitortzaileak edo, kasua bada, aurkezle baimenduak aurkezpen elektroniko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko ditu. Arau horiek Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude ikusgai, Interneteko helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

5. artikulua. S90 ereduari dagozkion aitorpenak eta beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Internet bidez baliabide elektronikoak erabiliz aurkezteko prozedura.

1. S90 ereduari dagozkion aitorpenak Internet bidez baliabide elektronikoak erabiliz aurkezteko, Nafarroako Foru Ogasunak garatutako laguntza programarekin, prozesu honi jarraitu behar zaio:

1. Aitorpena laguntza programa erabiliz bete.

2. Betetako aitorpena baliozkotu.

3. Baliozkotutako aitorpena Internet bidez igorri. Igorpen berean aitorpen bat baino gehiago sar daiteke, betiere eredu eta zergaldi berekoak baldin badira.

Aitorpena igorri ondoren, sistemak erantzunen eginen du ordainagiri zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emateko. Gero, igorpena baliozkotu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

2. Baldin eta zergadunek bi administrazioei ordaintzen badizkiete zergak, Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren arabera, eta Nafarroakoaz besteko araubidea aplikatzen badute, autolikidazioak honela aurkeztuko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitatean aurkeztu behar diren aitorpenak lortzeko, zergadunek Zerga Administrazioko Estatu Agentzian edo Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunetan aurkeztutako aitorpenaren kopia bat gordeko dute, administrazio horiek eredu bakoitzarentzat zehazten dituzten erregistro-diseinuetara egokitutako fitxategi informatiko batean.

b) Fitxategi informatiko hori Nafarroako Foru Ogasunean aurkeztu beharko dute, prozesu honi jarraituz:

1. Jo "Sozietateen gaineko zergaren fitxategien aurkezpena: araudi erkidea" izapidera, Nafarroako ataritik, helbide honen bidez: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

2. Egin beharreko aitorpenaren araudia eta eredua aukeratu, eta fitxategia inportatu.

3. Inportazioa egin ondoren, igortzeko aukera erabili.

Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatuko du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.

Lotea igorri ondoren, sistemak erantzun eginen du ordainagiri zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emateko. Gero, igorpena baliozkotu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

c) Sarrera egiteko edo autolikidazioaren ondoriozko itzulketa eskatzeko, 7. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan, hurrenez hurren, azaldutako moduetako edozein erabiliko da.

3. Bide elektronikoa erabiliz igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat antzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

6. artikulua. S90 ereduari dagozkion aitorpenekin batera aurkeztu beharreko dokumentu eta egiaztagiriak.

S90 ereduari dagokion aitorpenarekin batera beste agiri batzuk aurkeztu behar dituzten zergadunek, betebehar hori betetzeko, aitorpena egiteko epearen barnean erantsi beharko dituzte aipatu agiriak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz.

Zergadunek dokumentazio horren urtea eta erregistro zenbakia jarriko dituzte zergaren aitorpenean, horretarako prestatuta dauden laukitxoetan. Era berean, lauki horiek erabiltzen ahalko dituzte bertan adierazteko aitorpenerako dokumentazio osagarria beren kabuz aurkezten dutela.

Ikerketa eta garapen eta berrikuntza teknologikoko jarduerak egiteagatiko kenkaria, Zergari buruzko Foru Legearen 61.7 artikuluan aipatutakoa, justifikatzeko agiriak aurkezteko, Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian eskuragarri jarriko den inprimakia erabiliko da.

7. artikulua. Nola egiten diren zergazorraren sarrera edo autolikidazioaren ondoriozko zenbatekoaren itzulketa.

1. Bide hauetatik ordaintzen ahalko da sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren autolikidazio positiboen ondoriozko zenbatekoa:

a) Ordainketa helbideratuta izanda Nafarroako Foru Ogasunaren diru-bilketaren kudeaketan laguntzen duen edozein finantza-erakundetan irekitako kontu batean, betiere zergaldia urte naturalarekin bat badator.

b) Nafarroako Gobernuaren ordainketa pasabidea erabilita (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Zergei-dagozkien-konturako-ordainketak?pageBackId=7565891, P44 eredua), baldin eta zorduntze-kontua pasabide horri atxikitako finantza-erakunde batekoa bada.

Ordainketa pasabideari atxikitako finantza-erakundeen zerrenda hemen kontsultatzen ahal da: https://www.navarra.es/eu/ogasuna/ordaintzeko-egokiak-diren-banku-erakundeak.

c) 712 ereduko ordainketa-gutunaren bidez, zeina beharrezkoa baita Nafarroako Foru Ogasunaren finantza-erakunde laguntzaile batean ordaintzeko.

Ordainketa-gutun hori lortzeko, inprimaki-sortzailera jo beharko da (https://hacienda.navarra.es/GImpresos/start.aspx).

Ezin izanen da ordaindu banku transferentzia bidez.

2. Egindako autolikidaziotik dirua itzultzeko ateratzen bada, aitorpenak horretarako duen atalean adierazi beharko da zein erakunde eta kontutan ordaindu behar den itzulketa.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek 2026ko apirilaren 30ean hartuko du indarra.

S90 EREDUA.-Sozietateen gaineko zerga eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal |