(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

29/2026 FORU AGINDUA, MARTXOAREN 27KOA, EKONOMIA ETA OGASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ ZEHAZTEN BAITIRA ENERGIA BERRIZTAGARRIEN INSTALAZIOETAN ETA KARGA-SISTEMETAN EGINDAKO INBERTSIOENGATIKO KENKARIEN OINARRIA OSATZEN DUTEN GASTUAK, PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGAN ETA SOZIETATEEN GAINEKO ZERGAN APLIKATZEKOAK

BON N.º 84 - 30/04/2026



Atariko

Energiaren arloan eskumena duen organoak emandako txostena behar duten ingurumen-kenkarien segurtasun juridikoa areagotze aldera, Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzen dituen abenduaren 26ko 20/2024 Foru Legeak zehazten duenez, foru agindu bidez zehazten ahalko dira kenkariak izan ditzaketen eta, beraz, kenkariaren oinarri gisa dagokion txostenean jaso daitezkeen gastuak.

Horrela, 20/2024 Foru Legeak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 62.12.e) eta 62.14.d) artikuluak aldatzen ditu (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), bai eta Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 64.A).5 eta 64.B). 2.d) artikuluak ere.

Gaikuntza hori erabiliz, foru agindu honek zehazten du zer gastu sar daitezkeen energia berriztagarrien instalazioetan eta karga-sistemetan egindako inbertsioengatiko kenkarien oinarrian. Horrez gain, zehazten ditu, testuari argitasun handiagoa emate aldera, inbertsioari lotutako gastuak, zeinak kenkari-oinarritik kanpo geratzen baitira, ez direlako ezinbestekotzat jotzen kenkari horien bidez sustatutako helburuak lortzeko.

Halaber, ezartzen dira energiaren arloan eskumena duen organoak eman beharreko nahitaezko txostena eskatzeko modua eta prozedura. Txosten horrek subjektu pasiboak edo zergadunak egindako inbertsioen zenbatekoa frogatuko du, eta kenkariaren oinarria zehaztuko.

Foru agindu honen bidez garatzen den erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 129. artikuluan ezarritako printzipio hauek betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, sinpletasun eta efizientzia, eta irisgarritasuna.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 62.12.e) eta 62.14.d) artikuluetan eta Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 64.A).5 eta 64.B). 2.d) artikuluetan emandako gaikuntzarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Energia berriztagarrien instalazioetan egindako inbertsioengatiko kenkariaren oinarria.

1. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 62.12 artikuluan (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen) eta Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 64.A) artikuluan zehaztutako kenkariaren oinarria honako gastu hauek osatuko dute, zeinak zuzenean lotuta baitaude erabilera termikorako eta elektrizitatea sortzeko iturri berriztagarrietatik sortutako energia erabiltzen duten instalazioekin:

a) c) letran aurreikusitakoez bestelako ondasun higigarrietako edo higiezinetako inbertsioa.

b) Indarreko araudiaren arabera autokontsumorako erabiltzen diren energia elektrikoa sortzeko instalazioetan, instalazioa banaketa-sarearekin konektatzeko behar diren inbertsioak.

c) Pergoletako edo markesinetako inbertsioak, a) eta b) letretan kontuan hartutako zenbatekoen baturaren %20ra arte.

d) Proiektua diseinatu eta idazteko eta obra zuzentzeko gastuak, bai eta sarbide- eta konexio-baimenak eta dagozkion administrazio-baimenak lortzeko gastuak eta, egoki bada, instalazioak erregistratzeko beharrezkoak diren gastuak ere. Gastu horiek a), b) eta c) letretan aintzat hartutako zenbatekoen baturaren %10eko mugara arte zenbatuko dira.

Muga hori ez da aplikatuko honako kasu hauetan:

1. Indarreko araudiaren arabera autokontsumorako erabiltzen diren energia elektrikoa sortzeko instalazioak, 10 kW-eko potentzia edo txikiagoa dutenak, bai eta potentzia hori bera duten eta saretik isolatuta dauden autokontsumorako instalazioak ere.

2. Autokontsumo kolektiboko instalazioak.

3. Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 1027/2007 Errege Dekretuaren 15.1.c) artikuluan jasotako instalazio termikoak.

2. Honako hauek ez dira sartuko energia berriztagarrien instalazioetan egindako inbertsioengatiko kenkariaren oinarrian:

a) Zerbitzuan dagoen sarearen banaketa- edo garraio-sareko instalazioak indartu, egokitu edo eraberritzeko inbertsioak, beharrezkoak direnak energia elektrikoa sortzeko instalazio berriak sartzeko.

b) Instalazio termikoetan:

1. Instalazioaren banaketa-sareekin lotutako inbertsioak.

2. Igorgailu termikoak (berokuntza, hozkuntza eta klimatizazioa) ordeztu edo aldatzeko inbertsioak.

c) Instalazioen mantentze-lanen gastuak.

2. artikulua. Energia berriztagarrien instalazioetan egindako inbertsioengatiko kenkaria frogatzeko txostena.

1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboek eta sozietateen gaineko zergaren zergadunek, energia berriztagarrien instalazioetan egindako inbertsioengatiko kenkaria aplikatu nahi badute, energiaren arloan eskumena duen organoari eskatu beharko diote txostena egin dezan honako hauei buruz: egindako inbertsioak zenbatekoa (1.1 artikuluan deskribatutako inbertsioak izanen dira), funtzionatzen hasi den data eta instalazioak aplikatu beharreko araudi teknikoaren arabera jarri direla zerbitzuan, bai eta aplikatu beharreko kenkari-ehunekoak ere.

2. Energia berriztagarrien instalazioak dagokien erregistroan inskribatu behar badira edo haien ustiapen baimena lortu behar bada, eskaera eginen da inskripzioa egin edo baimena lortu ondotik, egoki denaren arabera.

3. Eskaera bide elektronikoz aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren webgunean gaitutako tramitearen bidez.

Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) 1.1 artikuluan aipatzen diren inbertsioak eta gastuak justifikatzen dituzten fakturen fotokopiak. Fakturak kontzeptu horien arabera zehaztu eta banakatuko dira.

b) Aurreko fakturak ordaindu izanaren frogagiriak (banku-agiriak edo hartze-agiriak).

c) Egindako instalazioaren eta hura osatzen duten elementuen argazkiak.

d) Instalazioak ez badu erregistrorik eta/edo baimenik behar, osagaien fitxa teknikoak.

e) Aerotermia instalazioen kasuan, bero ponpa bultzatzeko erabilitako energia iturri berriztagarrietatik datorrela frogatzen duen dokumentua. Dokumentu hori honako hau izanen da: %100 jatorri berriztagarria bermatzen duen hornidura elektrikoko kontratua, edo jatorri berriztagarriko iturri primarioa duen lotutako autokontsumoko instalazioaren behe-tentsioko erregistro-zenbakia.

Energiaren arloan eskumena duen organoak txostena egiteko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein dokumentu eskatzen ahalko du.

3. artikulua. Kargasistemetan egindako inbertsioagatiko kenkariaren oinarria.

1. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 62.14 artikuluan eta Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 64.B).2 artikuluan zehaztutako kenkariaren oinarria honako gastu hauek osatuko dute, zeinak zuzenean lotuta baitaude karga-sistemetako inbertsioekin:

a) Honako hauetan egindako inbertsioa: karga-azpiegitura bera, obra zibila, instalazioa edo edozein elementu elektrikoren eguneratzea, transformadorearena barne.

b) Erdi-tentsioko banaketa-sarera, ebakitze eta eraldatze zentroetara eta hargunera konektatzeko inbertsioak, baldin beharrezkoak badira karga-azpiegitura sarera edo tokiko elektrizitate-ekoizpen edo -biltegiratze unitatera konektatzeko.

c) Lehenagotik dauden jabetza horizontaleko eraikinetako aparkaleku kolektiboetan, Eraikingintzaren Kode Teknikoaren arabera nahitaezkoa ez den ibilgailu elektrikoak kargatzeko aurreinstalazio elektrikoan egindako inbertsioa, eremu komunitarioetatik doan kanalizazio nagusia paratuta (hodiak, kanalak, erretiluak, etab.), halako moduz non handik deribazioak egiten ahalko baitira aparkaleku-plazetako karga-estazioetaraino, abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretuak onetsitako Behe-tentsioko Erregelamendu Elektronikoaren ITC-BT-52 jarraibide tekniko osagarrian ezartzen den bezala.

d) Proiektua diseinatu eta idazteko eta obra zuzentzeko gastuak, bai eta sarbide- eta konexio-baimenak eta dagozkion administrazio-baimenak lortzeko gastuak eta, egoki bada, instalazioak erregistratzeko beharrezkoak diren gastuak ere. Gastu horiek a), b) eta c) letretan aintzat hartutako zenbatekoen baturaren %10eko mugara arte zenbatuko dira.

Muga hori ez da aplikatuko karga-puntuaren potentzia 22 kW-ekoa edo txikiagoa bada.

2. Honako hauek ez dira sartuko karga-sistemetan egindako inbertsioengatiko kenkariaren oinarrian:

a) Konpainia elektrikoek kontsumitzaileei (azken erabiltzaileak edo karga-kudeatzaileak) emandako kontagailu adimendunak instalatzeko inbertsioa.

b) Zerbitzuan dagoen sarearen banaketa- edo garraio-sareko indartu, egokitu edo eraberritzeko inbertsioak, instalazio berriak sartzeko beharrezkoak direnak.

c) Instalazioen mantentze-lanen gastuak.

4. artikulua. Kargasistemetan egindako inbertsioengatiko kenkaria frogatzen duen txostena.

1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboek eta sozietateen gaineko zergaren zergadunek, energia berriztagarrien instalazioetan egindako inbertsioengatiko kenkaria aplikatu nahi badute, energiaren arloan eskumena duen organoari eskatu beharko diote txostena egin dezan honako hauei buruz: egindako inbertsioen zenbatekoa (3.1 artikuluan deskribatutako inbertsioak izanen dira) eta aplikatu beharreko kenkari-ehunekoak.

2. Eskaera eginen da energia berriztagarrien instalazioak dagokien erregistroan inskribatu ondotik edo haien ustiapen-baimena lortu ondotik, egoki denaren arabera.

3. Eskaera bide elektronikoz aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren webgunean gaitutako tramitearen bidez.

Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) 3.1 artikuluan aipatzen diren inbertsioak eta gastuak justifikatzen dituzten fakturen fotokopiak. Fakturak kontzeptu horien arabera zehaztu eta banakatuko dira.

b) Aurreko fakturak ordaindu izanaren frogagiriak (banku-agiriak edo hartze-agiriak).

c) Egindako instalazioaren eta hura osatzen duten elementuen argazkiak.

Energiaren arloan eskumena duen organoak txostena egiteko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein dokumentu eskatzen ahalko du.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal |