(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

32/2026 FORU AGINDUA, APIRILAREN 1EKOA, EKONOMIA ETA OGASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, JARRAITU BEHARREKO PROZEDURA ARAUTZEN DUENA MARTXOAREN 20KO 7/2026 ERREGE LEGE-DEKRETUAREN BIDEZ EZARRITAKO ALDI BATERAKO LAGUNTZA BEREZIAK KUDEATU ETA ORDAINTZEKO, ZEINEN HELBURUA BAITA ORDAINTZEN LAGUNTZEA, ALDE BATETIK, NEKAZARITZAKO EKOIZLEEK KONTSUMITZEN DUTEN GASOLIOAREN PREZIOA, ETA, BESTETIK, HIDROKARBUROEN GAINEKO ZERGAREN ZATI BAT ITZULTZEKO ESKUBIDEA DUTEN IBILGAILUEN TITULARREK KONTSUMITZEN DUTEN GASOLIOAREN PREZIOA

BON N.º 69 - 10/04/2026



Atariko

Ekialde Ertaineko Krisiari Erantzuteko Plan Integrala onesten duen martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege-dekretuaren 46. artikuluak laguntza bat ezartzen du nekazaritzako ekoizleek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa ordaintzeko.

Aldi baterako laguntza berezi hori zuzenduta dago nekazaritzan -baratzezaintza, abeltzaintza eta basogintza barne- erregai gisa gasolioa erabiltzen duten pertsona fisiko edo juridikoei eta entitateei (erregai horri Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 50.1 artikuluaren 1.4 epigrafeko zerga-tasa dagokio), eta haren asmoa da konpentsatzea Irango gerrak sortutako egoeraren ondorioz erregaien prezioak izan duen garestitzeak ekar dezakeen kostuen igoera.

38/1992 Legearen 52 ter artikuluan ezarritakoaren arabera aurreko paragrafoan adierazitako ustiategien pertsona edo entitate titularrak izanen dira laguntza horien onuradunak.

Laguntza honen onuradunek 38/1992 Legearen 52 ter artikuluan eta hura garatzeko araudian ezarritako betebehar guztiak bete beharko dituzte.

Bestalde, 7/2026 Errege Lege-dekretuaren 55. artikuluak laguntza bat ezartzen du hidrokarburoen gaineko zergaren zati bat itzultzeko eskubidea duten ibilgailuen titularrek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa ordaintzen laguntzeko.

Aldi baterako laguntza berezi hori zuzenduta dago Zerga Bereziei buruzko 38/1992 Legearen 52 bis artikuluan ezarritako hidrokarburoen gaineko zergaren zati bat itzultzeko eskubidea duten ibilgailuen titularrei, eta laguntzaren helburua da petrolio-produktuen kostuak handitu izanak -Ekialde Hurbileko gatazkaren ondorioz- errepide-garraioari eragin dion kaltea arintzea.

Laguntza horren onuradun izanen dira 38/1992 Legearen 52 bis.2 artikuluan adierazitako ibilgailuen titularrak, hidrokarburoen gaineko zergaren zati bat itzultzeko eskubidea badute beren titulartasuneko ibilgailuen motorretan erregai gisa erabili den erabilera orokorreko gasolioagatik.

Laguntza honen onuradunek 38/1992 Legearen 52 bis artikuluan eta hura garatzeko araudian ezarritako betebehar guztiak bete beharko dituzte.

Aipatutako 7/2026 Errege Lege-dekretuaren arabera, Foru Administrazioa da laguntza hauek tramitatzeko eta kudeatzeko eskumena duena egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean duten pertsona eta entitateei dagokienez.

Nafarroako Gobernuak 2026ko apirilaren 1ean hartutako Erabakiaren bidez ezartzen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagokiola Ekialde Ertaineko Krisiari Erantzuteko Plan Integrala onesten duen martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege-dekretuaren 46. eta 55. artikuluetan aipatzen diren laguntzak kudeatzeko eta izapidetzeko eskumena. Egokitzat jotzen da departamentu horren egituraren barruan arlo horren eskumena hartuko duen unitatea Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoa izatea.

Horiek horrela, foru agindu honen bidez arautzen da 7/2026 Errege Lege-dekretuaren arabera Nafarroako Foru Komunitateari dagozkion laguntzak kudeatzeko eta ordaintzeko prozedura.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.e) artikuluaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Bat. Xedea eta aplikazio eremua.

Foru agindu honen xedea da behar den prozedura arautzea martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege-dekretuaren 46. eta 55. artikuluen bidez ezarritako aldi baterako laguntza bereziak kudeatu eta ordaintzeko, zeinen helburua baita ordaintzen laguntzea, alde batetik, nekazaritzako ekoizleek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa, eta, bestetik, hidrokarburoen gaineko zergaren zati bat itzultzeko eskubidea duten ibilgailuen titularrek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa, betiere onuradunen egoitza fiskala Nafarroan baldin badago.

Bi. Aldi baterako laguntza berezia, nekazaritzako ekoizleek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa ordaintzen laguntzeko.

1. 7/2026 Errege Lege-dekretuaren 46. artikuluan ezarritako betebeharrak bete eta egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean duten pertsona edo entitateen laguntza eskaera Nafarroako Foru Ogasunean aurkeztutzat joko da honako hau aurkeztuz gero 2026ko apirilaren 1etik aurrera: hidrokarburoen gaineko zerga itzultzeko eskaera, nekazaritzan eta abeltzaintzan erabilitako gasolioari dagokionez, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren maiatzaren 17ko 47/2010 Foru Aginduan ezarritakoarekin, haren bidez ezarri baitzen gasolioa erosteagatik nekazariek edo abeltzainek hidrokarburoen gaineko zergaren kontura jasandako kuoten zati baten itzulketa egiteko prozedura.

Aldi berean eta batera tramitatuko dira laguntza kudeatzeko prozedura eta nekazaritzan eta abeltzaintzan erabilitako gasolioari dagokionez hidrokarburoen gaineko zergaren zati bat itzultzeko tramitatutako prozedura; itzulketa partzial hori ezarrita dago Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 52 ter artikuluan eta hura garatzeko araudian.

2. Laguntza banku transferentzia bidez ordainduko da, 38/1992 Legearen 52 ter artikuluan ezarritako hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa zein kontutan ordaintzea agintzen den, kontu horretan.

3. Martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege-dekretuaren 46. artikuluan ezarritakoaren arabera, eskaera aurkezteko epea amaitu eta sei hilabetean ez bada dirulaguntza eman eta ordaindu, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko da. Ustezko ezespen horren aurka berraztertzeko errekurtsoa eta erreklamazio ekonomiko-administratiboa jartzen ahalko dira, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean ezarritakoari jarraikiz.

Hiru. Aldi baterako laguntza berezia, hidrokarburoen gaineko zergaren zati bat itzultzeko eskubidea duten ibilgailuen titularrek kontsumitutako gasolioaren prezioa ordaintzen laguntzeko.

1. Egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izanik 7/2026 Errege Lege-dekretuaren 55. artikuluan ezarritako laguntzak eskatzen dituztenek 38/1992 Legearen 52 bis artikuluan eta hura garatzen duen araudian ezarritako betebehar guztiak bete beharko dituzte, bai eta Ekonomia eta Ogasuneko azaroaren 24ko 118/2022 Foru Aginduan ezarritakoak ere, haren bidez ezarri baitzen erabilera profesionaleko gasolioagatik hidrokarburoen gaineko zergaren zati bat itzultzeko prozedura.

2. Laguntza eskuratzeko baldintza izanen da txikizkako salmentarako instalazioetan erositako gasolioa ordaintzeko eragiketetan 118/2022 Foru Aginduan araututako gasolio profesionaleko txartelak erabiltzea.

Gasolio profesionaleko txartelak gasolioa eskuratzeko berariazko ordainbide gisa erabiltzea hartuko da laguntza eskaeratzat.

Gasolioaren hornidura 118/2022 Foru Aginduaren 2.9 artikuluan aipatzen diren norberaren kontsumorako instalazioetan egiten denean, laguntza jasotzeko, instalazioaren titularrak bete beharko ditu hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa (38/1992 Legearen 52 bis artikuluan ezarria) kudeatzen duen foru agindu horretan ezarritako baldintza eta betebeharrak.

3. Aldi berean eta batera tramitatuko dira laguntza kudeatzeko prozedura eta erabilera profesionaleko gasolioagatik ordaindutako hidrokarburoen gaineko zergaren zati bat itzultzeko tramitatutako prozedura.

4. Hilabete natural bakoitza bukatutakoan, administrazio eskudunak laguntzaren zenbatekoa kalkulatuko du, eta, kasua bada, hura ordaintzea erabakiko du.

5. Laguntza banku transferentzia bidez ordainduko da, onuradunak zein kontu adierazi zuen gasolio profesionalagatik egiten diren itzulketen onuradunen eta haien titulartasuneko ibilgailuen erroldan izena emateko eskaeran, kontu horretan.

6. Martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege-dekretuaren 55. artikuluan ezarritakoaren arabera, gasolioa eskuratu zen hilabete naturala bukatu eta sei hilabetean ez bada dirulaguntza eman eta ordaindu, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko da. Ustezko ezespen horren aurka berraztertzeko errekurtsoa eta erreklamazio ekonomiko-administratiboa jartzen ahalko dira, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean ezarritakoari jarraikiz.

Lau. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra, eta 2026ko martxoaren 22tik aurrera izanen ditu ondorioak.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web