24/2026 FORU AGINDUA, MARTXOAREN 13KOA, EKONOMIA ETA OGASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, 2025EKO ZERGALDIARI DAGOZKION PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGAREN ETA ONDAREAREN GAINEKO ZERGAREN AUTOLIKIDAZIO EREDUAK ONESTEN DITUENA, ETA ARAUAK EMATEN DITUENA EREDU HORIEK AURKEZTEKO ETA DIRU-SARRERA EGITEKO
BON N.º 66 - 07/04/2026
I. ERANSKINA. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZa) inprimakiak. 2025eko zergaldia (F93 eredua, bete ezin dena)
II. ERANSKINA. Ondarearen gaineko zergaren inprimakia. 2025eko zergaldia (F83 eredua, bete ezin dena)
Ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 82.1 artikuluaren arabera, zerga horren menpeko errentak eskuratzen dituzten subjektu pasiboek zerga horri dagokion aitorpena aurkeztu eta sinatzeko betebeharra izanen dute; gainera, aitorpenik aurkeztu beharrik ez duten subjektu pasiboek ere aurkezten ahalko dute, baldin eta kuota likidoa gainditzen duten zatikako ordainketak egin badituzte edo kopuru horretatik gorako atxikipenak eta konturako sarrerak egin badituzte, dagokien zenbatekoa itzul dakien.
Aipatu testu bateginaren 82.2 artikuluan ezartzen denaren arabera, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak onesten ahalko du aitorpena egiteko modalitate erraztu edo berezien erabilera, aitorpenak aurkezteko modua, epeak, tokia eta inprimakiak ezartzen ahalko ditu, eta aitorpenarekin batera aurkeztu behar diren agiri eta frogagiriak zehazten ahalko ditu.
Bat etorriz testu bategin horren 83. artikuluak xedatutakoarekin (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuak onesten duen zergaren Erregelamenduaren 57. artikuluaren bidez garatua), zerga horren aitorpena egitera behartuta dauden subjektu pasiboek, beren aitorpena aurkezten dutenean, dagokien zerga-zorra zehaztu eta tributuen gaietan eskumena duen departamentuko titularrak finkatutako tokian, moduan eta epeetan ordaindu beharko dute. Gainera, aukera ematen da diru-sarrera zatikatzeko, interesik eta errekargurik gabe, erregelamendu bidez ezartzen den moduan.
Testu bategin horren 84. artikuluak ahalmena ematen dio Ekonomia eta Ogasun Departamentuari subjektu pasiboei autolikidazioaren proposamen bat bidaltzeko, departamentu horretako kontseilariak ezartzen dituen baldintzetan. Subjektu pasiboek errazago bete ditzaten beren zerga-betebeharrak, eta, bereziki, autolikidazio proposamenen ondoriozko ordainketak errazteko (proposamenen emaitza dela-eta diru-sarrera egin behar den kasuetan), proposamen positiboen ondoriozko zorren ordainketa helbideratuko da, bi alditan ordaintzeko -zenbatekoaren %50 aldi bakoitzean-, proposamenean bertan ageri den banku-kontuan eta foru agindu honetan ezarritako datetan. Dena dela, subjektu pasiboak proposamenaren ordainketa helbideratu nahi ez badu edo helbideratzeko kontua aldatu nahi badu, foru agindu honetan ezartzen dira ordainketaren helbideratzea deuseztatzeko edo aldatzeko beharrezkoak diren bideak.
Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio zerga arloko eskumena duen departamentuko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.
Hori horrela, Nafarroako Foru Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenak zerga arloko eskumena duen departamentuko kontseilariari baimena ematen dio, bere eskumenen barruan, foru dekretua garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
Eskumen horiek erabiliz, onesten da 2025eko zergaldiari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazio eredua.
Ondarearen gaineko zergari dagokionez, tributu hori arautzen duen azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen 36. artikuluaren arabera, subjektu pasiboek honako kasu hauetan aurkeztu behar dute aitorpena: haien zerga-kuota, zergari buruzko arauei jarraikiz zehaztua eta bidezkoak diren kenkariak eta hobariak aplikatu ondoren, ordaintzekoa dela ateratzen denean, edo, halaber, egoera hori ez izan arren, haien ondasun edo eskubideen balioa, zergari buruzko arauei jarraikiz zehaztua, 1.000.000 eurotik gorakoa denean.
Azkenik, lege testu horren 37. eta 38. artikuluen arabera, subjektu pasiboek, alde batetik, autolikidazioa egin eta dagokien zorraren zenbatekoa sartu behar dute Ekonomia eta Ogasun Departamentuak finkatzen dituen tokian, moduan, epeetan eta inprimakietan, eta, bestetik, agindutako agiri eta frogagiriak aurkeztu eta aitorpena sinatu behar dute.
Ekonomia eta Ogasun Departamentuak duen eskumen hori erabiliz, foru agindu honek Internet bidezko aurkezpen elektronikoa ezartzen du 2025eko zergaldiari dagozkion ondarearen gaineko zergen aitorpenak aurkezteko bide bakartzat, zeinak banaka aurkeztu beharko baitira.
Kontuan harturik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren 2025eko zergaldiko sortzapena egin dela, beharrezkoa da xedapen batzuk ematea autolikidazioen aurkezpena arautzeko, bai eta tributu zorrak ordaintzeko autolikidazio ereduak, moduak eta epeak ezartzeko eta subjektu pasiboen eskura jartzen diren autolikidaziorako proposamenen baldintzak xedatzeko ere.
Foru agindu honen bidez garatzen den erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritako printzipio hauek ere betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia.
Horrenbestez,
AGINTZEN DUT:
1. artikulua. Nor dagoen beharturik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztera.
1. Hitzarmen Ekonomikoaren 8. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ohiko bizilekua Nafarroan izan eta zerga honen menpeko errentak lortzen dituzten subjektu pasiboak behartuta daude 2025eko zergaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa aurkeztera.
2. Familia-unitatea osatzen duten subjektu pasiboek batera ordaintzen ahal dute zerga, eta baterako autolikidazioa aurkeztu, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren VI. tituluari jarraikiz (testu bategin hori ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horretarako, ezkontza-lotura edo bikote egonkorrarena frogatu beharko dute Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hogeita batgarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz; edo testu bategin horretan ezarritako baldintzak betetzen dituzten seme-alabak dituztela frogatu beharko dute, hala denean.
Baterako tributazioaren aukerak familia-unitateko kide guztiak hartu behar ditu. Haietako batek banako autolikidazioa aurkezten badu, gainerako kideek ere banaka egin beharko dute.
Familia-unitate bateko kide diren subjektu pasibo guztiek ez badute Nafarroan beren ohiko bizilekua eta baterako tributazioa aukeratzen badute, behartuta egonen dira autolikidazioa Foru Komunitatean aurkeztera lurralde horretan bizi bada likidazio-oinarri handiena duen unitateko kidea, likidazio-oinarria foru araudiari jarraituz kalkulatuta.
3. Familia-unitaterik osatzen ez duten subjektu pasiboak eta, familia-unitatea osatu arren, baterako zergapetzea aukeratzen ez dutenak ez daude aitorpena egitera beharturik errentak ondoko bideetatik soilik jaso badituzte:
a) Urtean 14.500 eurotik beherako lan-etekin osoak.
b) Kapital higigarriaren etekinak eta ondare-gehikuntzak, atxikipenaren edo konturako diru-sarreraren menpe daudenak, baldin eta bien artean, urtean eta osorik, 1.600 eurotik beherakoak badira.
Letra honetan xedatutakoa ez da aplikatuko inbertsio kolektiboko erakundeen akzioen eta partaidetzen eskualdaketek edo diru-itzulketek eragindako ondare-gehikuntzetan, haien atxikipen-oinarria zerga-oinarrian sartu beharreko zenbatekoaren arabera zehazterik ez dagoenean, bat etorriz Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuak onetsia) 80.2 artikuluan ezarritakoarekin.
4. Dena dela, autolikidazioa aurkezteko betebeharra ez izanik ere, subjektu pasiboek ezinbestean aurkeztu behar dute autolikidazioa kuota likidoa gainditzen duten atxikipenak eta konturako sarrerak edo zatikako ordainketak itzultzeko eskaera egin gogo badute.
2. artikulua. Nor dagoen beharturik ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkeztera.
Hitzarmen Ekonomikoaren 17. artikuluan xedatutakoaren arabera, betebehar pertsonala edo, bestela, betebehar erreala izateagatik zerga Foru Komunitatean ordaindu behar duten subjektu pasiboak behartuta daude ondarearen gaineko zergaren 2025eko zergaldiko autolikidazioa banaka aurkeztera, baldin eta tributu-kuota, zergari buruzko arauei jarraikiz zehaztua eta bidezkoak diren kenkariak edo hobariak aplikatu ondoren, ordaintzeko dela ateratzen bada, edo, halaber, egoera hori ez izan arren, haien ondasun edo eskubideen balioa, zergari buruzko arauei jarraikiz zehaztua, 1.000.000 eurotik gorakoa bada, Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.
3. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazio eredua eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazio eredua, 2025eko zergaldiari dagozkionak, onestea.
1. F-93 autolikidazio eredua onesten da, 2025eko zergaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona. Foru agindu honen I. eranskinean ageri da.
2. F-83 autolikidazio eredua onesten da, 2025eko zergaldiko ondarearen gaineko zergari dagokiona. Foru agindu honen II. eranskinean ageri da.
4. artikulua. Nola egin pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioa.
Autolikidazioak egitean, onetsitako F-93 eta F-83 autolikidazio ereduek eskatzen dituzten datu guztiak jaso behar dira, interesdunei eragiten dietenak. Hortaz, hala eskatzen duten lauki guztiek datuak izan beharko dituzte, interesdunen egoera pertsonalaren, ekonomikoaren eta ondare egoeraren araberakoak, informazioa ematekoak direnak barne.
5. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioa aurkezteko epea.
2025eko zergaldiari dagozkion pertsona fisikoen errentaren zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak 2026ko apirilaren 9tik ekainaren 25ra bitarte aurkeztu beharko dira, biak barne.
Aurreko paragrafoan zehaztutako epea bukatuta, 6. artikuluko b) eta c) letretan azaldutako modalitateen bidez baino ezin izanen dira aurkeztu pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak.
6. artikulua. Nola aurkeztu pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak honela aurkezten ahalko dira:
a) Nafarroako Foru Ogasunak igorritako autolikidazio proposamena berretsiz.
b) "Online errenta" modalitatea erabiliz, zeinaren bidez aurkezpen elektronikoa egiten baita Internet bidez.
c) Halaber, autolikidazioak egin eta aurkezteko beste programa batzuk erabiliz, soilik prozedura elektronikoen bitartez, baldin eta inprimakiek honako datu hauek jasotzen badituzte gutxienez: datu pertsonal, ekonomiko eta informatiboak, etekinak, ondare-gehikuntzak eta gutxitzeak, zerga-oinarriaren murrizketak, kenkariak kalkulatzeko beharrezkoak direnak eta zerga zehazteko beharrezkoak diren datu osagarri guztiak, F-93 autolikidazio ereduan deskribatutako laukietan eskatzen baitira. Aipatu diren beharrezko datu horietako batzuk autolikiodazioetan agertzen ez badira, Nafarroako Foru Ogasunak okerra zuzentzeko eskatzen ahalko du. Eskatutakoa ongi eta emandako epean betetzen bada, aurkeztutako autolikidazioa berretsiko da. Bestela, ez-aurkeztutzat jotzen ahalko da, indarra duen araudian ezarritako legezko ondorioekin.
d) Nafarroako Foru Ogasunaren bulegoetan autolikidazioak egiteko ematen den laguntza zerbitzuaren bidez.
e) Nafarroako Foru Ogasunak autolikidazioak egiteko telefonoz ematen duen laguntza zerbitzuaren bidez.
f) Entitate laguntzaileek autolikidazioak egiteko ematen duten laguntza zerbitzuaren bidez.
7. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak aurkeztea Nafarroako Foru Ogasunak igorritako autolikidazio proposamena berretsiz.
1. Subjektu pasiboek modalitate hau erabiltzen ahalko dute baldin eta Nafarroako Foru Ogasunak autolikidazio proposamen bat prestatu badie, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 84. artikuluan xedatutakoarekin bat.
2. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazio proposamenean, subjektu pasiboak 2025eko zergaldian izandako errentari buruzko datuak bildu beharko dira, eta proposamen hori zerga horren pean dauden subjektu pasibo guztien eskura jartzen ahalko da, familia-unitatea osatu edo ez.
3. Subjektu pasibo bati autolikidazio proposamena prestatu bazaio, Nafarroako Foru Ogasunaren web-orriaren bidez eskuratzen ahalko du (https://www.navarra.es/eu/ogasuna helbidean). Hortik, prestatu zaion autolikidazio proposamenaren edukia ikusi eta deskargatzen ahalko du.
4. Subjektu pasiboak uste badu autolikidazio proposamenean zuzen islatu dela zerga horren ondorioetarako duen tributu egoera, hurrengo apartatuetan adierazten den bezala berresten ahalko du. Kasu horretan, proposamenak aurkeztutako autolikidazio izaera izanen du, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 82., 83. eta 84. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.
5. Autolikidazio proposamenean diru kopuru bat zehazten bada ordaintzeko, proposamena berretsitzat hartuko da zorra oso-osorik ordaindutakoan edo, ordainketa zatikatzen bada, haren lehenbiziko zatia 16.2 artikuluan adierazitako epean ordaindutakoan. 5. artikuluan ezarritako epean diru kopuru hori ordaintzen ez bada edo Interneten bidez edo telefono bidez eskainitako prozedurak erabiliz proposamenari berariaz uko eginez gero, ulertuko da subjektu pasiboak ez duela berresten autolikidazio proposamen hori, eta, horrenbestez, dagokion autolikidazioa aurkeztu beharko du, horretara behartua badago, 6. artikuluan aurreikusitako beste modalitateetako baten arabera.
Proposamenaren arabera ordaindu beharreko diru kopurua bi zatitan helbideratuko da, bakoitza %50ekoa, 16.2 artikuluan ezarritako egunetan, autolikidazio proposamenean adierazitako banku-kontuan.
Subjektu pasiboak ordainketa modua aldatu eta bi zatitan ordaindu beharrean zati bakarrean ordaindu nahi badu, helbideratzeko kontua aldatu nahi badu edo zorraren ordainketa helbideratu nahi ez badu, honako baliabide hauek izanen ditu aldaketa horiek egiteko eta helbideratze hori deuseztatzeko: https://www.navarra.es/eu/ogasuna webgunea; telefonoz deitzea Nafarroako Foru Ogasunak kanpaina bitartean herritarrei kasu egiteko jartzen dituen zenbakietara; edo, bestela, erabiltzea ziurtagiri elektroniko kualifikatua, Cl@ve sinadura edo Nafarroako Foru Ogasunak egiaztapen digitalerako onartzen dituen gainerako prozedurak. Aldaketa horiek 2026ko ekainaren 26a baino lehen egin beharko dira.
6. Autolikidazio proposamenean "zero" kuota agertzen bada, hura berretsitzat hartuko da subjektu pasiboak ez badio berariaz uko egiten Interneten horretarako prest dauden prozedurak baliatuz, edo telefono bidez, 5. artikuluan adierazitako epean. Uko egiten badio eta autolikidazioa aurkeztera beharturik badago, dagokion autolikidazioa aurkeztu beharko du 6. artikuluan ezarritako beste modalitateren bat erabiliz.
7. Autolikidazio proposamenean diru kopuru bat, itzuli beharrekoa, zehazten bada, hura berretsitzat hartuko da baldin eta, itzulketaren zenbatekoa jaso eta, 5. artikuluan adierazitako epean, subjektu pasiboak zerga honen autolikidazioa aurkezten ez badu edo proposamenari berariaz uko egiten ez badio, Interneten bidez edo telefono bidez ezarrita dauden prozedurak erabiliz. Proposamenari uko egin zaiola joko da subjektu pasiboak itzultzen duenean Nafarroako Foru Ogasunak itzulitako kopurua, 5. artikuluan ezartzen den epean. Proposamenari uko eginez gero, subjektu pasiboak berretsi gabe izanen du autolikidazio proposamena. Hasiera batean itzuli zaion diru kopurua itzuli beharko du eta beste autolikidazio bat aurkeztu beharko du, horretara behartua badago, 1.4 artikuluan ezarritakoa galarazi gabe.
Diru-itzulketa proposamenean bertan horretarako adierazitako kontuan eginen da, salbu eta itzuli beharreko diru kopurua subjektu pasiboak Nafarroako Foru Ogasunarekin dituen zorrekin konpentsatzen denean edo hirugarrenek enbargatzen dutenean. Bi kasuetan, Nafarroako Foru Ogasunak behar den moduan jakinaraziko dio konpentsazioa edo enbargoa zergapekoari.
8. Subjektu pasiboak, 7. apartatuan ezarri bezala autolikidazio proposameneko itzulketaren zenbatekoa jaso ondoren, autolikidazio bat aurkezten badu eta autolikidazio horrek, aurreko apartatuan xedatutakoaren arabera, proposamena indarrik gabe uzten badu, honela jokatuko da:
a) Aurkeztutako autolikidazioaren zenbatekoa zergadunari itzultzekoa denean:
1. Itzuli beharreko zenbatekoa jasotako itzulketa baino handiagoa bada, tributu arloko Administrazioak ofizioz itzuliko du aldea.
2. Itzuli beharreko zenbatekoa jasotako itzulketa baino txikiagoa bada, subjektu pasiboak aldea ordaindu beharko du 2026ko uztailaren 3ra arteko epean, egun hori barne. Horretarako Nafarroako Gobernuaren ordainketa-pasabidea (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Zergei-dagozkien-konturako-ordainketak?pageBackId=7565891) erabili beharko du (P44 eredua), baldin eta zorduntze-kontua pasabide horri atxikitako finantza entitate batean badauka.
Bide hori erabili ezean, zergapekoek inprimaki-sortzailera jo (https://hacienda.navarra.es/GImpresos/start.aspx) eta ordainketa-gutuna eskuratu beharko dute (710 eredua), Nafarroako Foru Ogasunaren laguntzaile diren finantza entitateetako batean ordaintzeko.
Kasu horretan ezin da ordainketa helbideratu.
3. Emaitza berbera bada, ez da inolako jarduketarik egin beharko.
b) Aurkeztutako autolikidazioaren zenbatekoa ordaintzekoa denean:
1. Subjektu pasiboak epe bakarrean helbideratzen badu ordainketa, oker egindako itzulketaren zenbatekoa gehi aurkeztutako autolikidazioan ordaintzeko ateratzen den diru kopurua kobratuko ditu tributu arloko Administrazioak, 2026ko uztailaren 3an.
2. Subjektu pasiboak bi epetan helbideratzen badu ordainketa, tributu arloko Administrazioak honela kobratuko du: 16.2 artikuluan adierazitako lehenengo epean, oker egindako itzulketaren zenbateko osoa gehi aurkeztutako autolikidazioan ordaintzeko ateratzen den zenbatekoaren %50. Bigarren epean, berriz, aurkeztutako autolikidazioan ordaintzeko ateratzen den zenbatekoaren gainerako %50a kobratuko du tributu arloko Administrazioak.
3. Subjektu pasiboak, zerga-zorra bankuan helbideratu ordez, ordaintzeko beste bide bat erabiltzea erabakitzen badu, 1. eta 2. ordinaletan adierazi diren baldintzen arabera jokatuko da ordainketaren zatikatzeari, zenbatekoei eta epeei dagokienez.
9. Itzultzeko emaitza duen proposamenari uko egin ondoren subjektu pasiboak autolikidaziorik aurkezten ez badu, Foru Ogasunak itzuli dion kopurua ordaindu beharko du 2026ko uztailaren 3ra arte, egun hori barne, Nafarroako Gobernuaren ordainketa-pasabidearen bitartez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Zergei-dagozkien-konturako-ordainketak?pageBackId=7565891, P44 eredua), baldin eta zorduntze-kontua pasabide horri atxikitako finantza entitate batean badauka.
Bide hori erabili ezean, zergapekoek inprimaki-sortzailera jo (https://hacienda.navarra.es/GImpresos/start.aspx) eta ordainketa-gutuna eskuratu beharko dute (710 eredua), Nafarroako Foru Ogasunaren laguntzaile diren finantza entitateetako batean ordaintzeko.
Kasu horretan ezin da ordainketa helbideratu.
8. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion autolikidazioak elektronikoki Internet bidez aurkeztea, "Online errenta" modalitatearen bidez.
Baliabide elektronikoen bitartez aurkeztuko dira modalitate horretako autolikidazioak, "Nafarroako errenta online" aplikazioa erabiliz, zeina Nafarroako Foru Ogasunak zergaren subjektu pasiboen eskura jartzen baitu https://www.navarra.es/eu/ogasuna helbidean.
9. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak aurkeztea Nafarroako Foru Ogasunaren bulegoetan autolikidazioak egiteko ematen den laguntza zerbitzuaren bidez.
1. Subjektu pasiboak erabakitzen badu autolikidazioa aurkeztea Nafarroako Foru Ogasunaren bulegoetan autolikidazioak egiteko ematen den laguntza zerbitzua baliatuz, eskaera egin beharko da telefonoz edo Internetez, https://www.navarra.es/eu/ogasuna web-orriaren bidez. Interesdunaren identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZa) eta identifikazio zenbaki pertsonala (PINa) eman beharko dira, edo ziurtagiri elektroniko kualifikatua, Cl@ve edo Nafarroako Foru Ogasunak onartzen duen beste edozein autentifikazio digitaleko prozedura erabili.
Zerbitzu hori 2026ko apirilaren 20tik ekainaren 25era bitartean emanen da. Foru Ogasunaren webgunean (https://www.navarra.es/eu/ogasuna) kontsultatzen ahalko da zein bulegotan emanen den zerbitzu hori.
2. Subjektu pasiboek ezin izanen dute pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa modalitate honen bidez aurkeztu honako egoeretako batean badaude:
a) 2025ean 100.000 eurotik gorako lan-etekin osoak badituzte.
b) 2025ean jarduera ekonomikoen etekinak badituzte, salbu eta etekin garbia zuzeneko zenbatespen bereziaren bidez zehazten denean.
c) 2025ean bi higiezin edo gehiago badituzte errentan, edo horien diru-sarrerak guztira, aurreko urtean aitortutako kapital higiezinaren etekin gisa, 24.000 eurotik gorakoak badira.
d) 2025ean bi eskualdaketa edo gehiago egin badituzte notario-protokolo bidez, 10.000 eurotik gorako zenbatekoarekin.
e) 2025ean, akzioen edo beste balore higigarri batzuen bi eskualdaketa egin badituzte eta horien balioa 10.000 eurotik gorakoa izan bada, edo bi eskualdaketa baino gehiago egin badituzte, edozein delarik ere haien zenbatekoa.
Baterako tributazioaren kasuetan, familia-unitateko kideetako edozein aurreko kasuren batean dagoela egiaztatzen bada, ezinezkoa izanen da familia-unitateko inork zerbitzua jasotzea.
3. Era berean, ezin izanen dute autolikidazioak aurkezteko modalitate hau erabili autolikidazioa jadanik 6. artikuluko b), c), e) edo f) letretan adierazitako modalitateen bidez aurkeztu duten subjektu pasiboek.
10. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak aurkeztea Nafarroako Foru Ogasunak autolikidazioak egiteko telefono bidez ematen duen laguntza zerbitzuaren bidez.
1. Nafarroako Foru Ogasunak autolikidazioak egiteko telefono bidez ematen duen laguntza zerbitzuaren bidezko modalitatea hautatu nahi duten subjektu pasiboek Internet bidez egin beharko dute horretarako eskaera, https://www.navarra.es/eu/ogasuna web-orrian. Horretarako, interesdunaren identifikazio fiskalaren zenbakia (IFKa) eta identifikazio zenbaki pertsonala (PINa) eman beharko dituzte, edo bestela, ziurtagiri elektroniko kualifikatua, Cl@ve sinadura edo Nafarroako Foru Ogasunak egiaztapen digitalerako onartzen dituen gainerako prozedurak erabili.
Zerbitzu hori 2026ko apirilaren 13tik ekainaren 25era bitarte emanen da.
2. Ezin izanen dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak aurkezteko modalitate honetaz baliatu 9.2 artikuluan zerrendatutako egoeraren batean dauden subjektu pasiboak, ezta autolikidazioa jadanik 6. artikuluko b), c), d) edo f) letretan adierazitako modalitateen bidez aurkeztu dutenak ere.
11. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak aurkeztea entitate laguntzaileek autolikidazioak egiteko ematen duten laguntza zerbitzuaren bidez.
Autolikidazioak egiteko laguntza zerbitzua ematen duten eta Nafarroako Foru Ogasunarekin elkarlanean diharduten entitate laguntzaileen bidez aurkezten ahalko dira autolikidazioak. Foru Ogasunaren https://www.navarra.es/eu/ogasuna web-orrian kontsulta daiteke zein diren zerbitzu hori ematen duten entitate laguntzaileak, baita zerbitzua emateko epeak eta baldintzak ere.
12. artikulua. Ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak aurkezteko moduak.
1. Ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak nahitaez bide elektronikotik aurkeztu beharko dira, Internet bidez.
2. Honela egin daiteke aurkezpen elektronikoa:
a) F-83 ereduaren inprimakia betez webgunean, 18. artikuluan zehaztutako prozedurari jarraikiz.
b) Autolikidazioak egin eta aurkezteko beste programa batzuk erabiliz, soilik prozedura elektronikoak erabiliz gero, baldin eta inprimakiek honako datu hauek jasotzen badituzte gutxienez: datu pertsonal, ekonomiko eta informatiboak, zerga-oinarria, kenkariak kalkulatzeko beharrezkoak direnak, eta ondoriozko zorra zehazteko beharrezkoak diren datu osagarri guztiak, F-83 autolikidazio ereduan deskribatutako laukietan eskatzen baitira. Aipatu diren beharrezko datu horietako batzuk autolikiodazioetan agertzen ez badira, Nafarroako Foru Ogasunak okerra zuzentzeko eskatzen ahalko du. Eskatutakoa ongi eta emandako epean betetzen bada, aurkeztutako autolikidazioa berretsiko da. Bestela, ez-aurkeztutzat jotzen ahalko da, indarra duen araudian ezarritako legezko ondorioekin.
13. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioari dagozkion agiriak.
1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboak behartuta egonen dira gordetzera, zergaren preskripzio epeak dirauen bitartean, beren autolikidazioetan sartu beharreko mota guztietako eragiketa, errenta, gastu, sarrera, murriztapen eta kenkarien agiri eta frogagiriak.
2. Artikulu honetan ezarritakoa galarazi gabe, kuotako kenkariak eta gastuak justifikatzerakoan jarraibide izanen dira fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsia; ekainaren 12ko 228/2007 Foru Agindua, fakturazio telematikoari eta fakturak baliabide elektronikoetan gordetzeari buruzko zenbait xedapen garatzen dituena; eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren otsailaren 5eko 17/2021 Foru Agindua, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren erregistro liburuak eramateko modua arautzen duena.
3. Oro har, subjektu pasiboak ez daude behartuta 1. apartatuan aipatutako agiri eta frogagiriak Nafarroako Foru Ogasunaren esku uztera, erakunde horrek berariaz eskatzen duenean izan ezik; hori hala izanen da, aitorpena berrikusi, likidatu eta ikuskatzeko edo diru-bilketa egiteko indarreko arauak betez edo beste edozein administrazio prozedurari jarraikiz, hura ebaztea edo instruitzea bere eskumenekoa bada.
Bereziki, ibilgailu elektriko edo hibrido entxufagarrietan egindako inbertsioak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko du subjektu pasiboak. Halaber, etxebizitza alokatzeagatiko kenkarien ondorioetarako, subjektu pasiboek bitarteko elektronikoen bidez egindako ordainketen frogagiriak aurkeztu beharko dituzte, bat etorriz Hiri-errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 17.3 artikuluan xedatutakoarekin.
Gainera, eta autolikidazioak arinago berrikusi ahal izateko, aitortutako datuak bat ez datozenean autolikidazioa egiteko programak autolikidazioan sartutako datuekin, subjektu pasiboek bidezkotzat jotzen duten dokumentazioa aurkezten ahalko dute aldea justifikatzeko. Hori guztia deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Ogasunak apartatu honetan jasotakoaren araberako dokumentazioa eskatu ahal izatea.
Dokumentazioa, ahal dela, "Agiriak eranstea" aplikazioaren bidez aurkeztuko da, Interneteko helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/agiriak-eranstea-aurretik-aurkeztutako-aitorpen-bati.
14. artikulua. Ondarearen gaineko zergaren autolikidazioari dagozkion agiriak.
Autolikidazioetan subjektu pasiboek beraiei dagozkien datu guztiak jarri beharko dituzte, eta autolikidazioan azaltzen diren datu horiei buruzko agiriak eta frogagiriak gorde beharko dituzte zergaren preskripzio epean.
15. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak, itzultzeko emaitza dutenak.
1. Aurkeztutako autolikidazioak diru kopuru bat itzultzea zehazten duenean, autolikidazio horretan xede horretarako adierazitako kontuan eginen da itzulketa hori.
2. Itzuli beharreko zenbatekoa aurrez aurkeztutako autolikidazio batengatik jasotako itzulketa baino txikiagoa bada, subjektu pasiboak aldea ordaindu beharko du 2026ko uztailaren 3ra arteko epean, egun hori barne. Horretarako Nafarroako Gobernuaren ordainketa-pasabidea (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Zergei-dagozkien-konturako-ordainketak?pageBackId=7565891) erabili beharko du (P44 eredua), baldin eta zorduntze-kontua pasabide horri atxikitako finantza entitate batean badauka.
Ordainketa-pasabideari atxikitako finantza entitateen zerrenda hemen kontsultatzen ahal da: https://www.navarra.es/eu/ogasuna/ordaintzeko-egokiak-diren-banku-erakundeak?pageBackId=5792266.
Bide hori erabili ezean, zergapekoek inprimaki-sortzailera jo (https://hacienda.navarra.es/GImpresos/start.aspx) eta ordainketa-gutuna eskuratu beharko dute (710 eredua), Nafarroako Foru Ogasunaren laguntzaile diren finantza entitateetako batean ordaintzeko.
Kasu horretan, ezin da ordainketaren itzulketa helbideratu.
3. Zendutako subjektu pasiboei dagokien 2025eko zergaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren itzulketa, haien errentak baterako modalitatean aurkeztutako aitorpen batean jaso ez badira, modu automatikoan eginen du Nafarroako Foru Ogasunak, baldin eta itzulketa egiteko erabili beharreko banku-kontuaren titular bakarra kausatzailea dela ageri bada Nafarroako Foru Ogasunak daukan informazioan.
Aurreko paragrafoan adierazitakoaz bestelako kasuetan itzulketa egin dadin, aldez aurretik frogatu beharko da aurkeztu egin dela kausatzailearen heriotzaren ondorioz sortutako oinordetzen gaineko zergaren autolikidazioa.
Inguruabar hori egiaztatu eta gero, itzuli beharreko kopuru osoa banku-kontu batean sartuko da, baldin eta Nafarroako Foru Ogasunean jasorik badago banku-kontu horren titular bakarrak kausatzailearen oinordeko guztiak direla. Bestela, jaraunsle bakoitzak banku-kontu bat jakinarazi beharko dio Diru-bilketa Zerbitzuari, jarauntsian duen partaidetzaren arabera dagokion zenbatekoa bertan ordain diezaioten.
Aurreko paragrafoan aipatutako itzulketa egiteko behar den informazioa Nafarroako Foru Ogasunaren esku ez badago, Diru-bilketa Zerbitzuak jaraunsleei edo jaraunstera deituei errekerimendua eginen die oinordetzaren gaineko zergaren autolikidazioak eta itzulketa egiteko banku-kontuen titulartasunaren egiaztagiriak aurkez ditzaten. Nafarroako Foru Ogasunak ez du itzulketarik ordainduko eskatutako dokumentazioa aurkeztu arte.
16. artikulua. Nola ordaindu pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren zorrak. Zergazorra zatikatzea eta ordainketa helbideratzea.
1. Honela ordaintzen ahalko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazio positiboen ondoriozko zenbatekoa:
a) Ordainketa helbideratuz, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 15eko 51/2024 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat.
Ordaintzeko modu hori erabiltzen ahalko da, bakar-bakarrik, baldin eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren edo ondarearen gaineko zergaren autolikidazioa borondatezko epearen barruan aurkezten bada, hots, 2026ko apirilaren 9tik ekainaren 25era arte, biak barne.
b) Nafarroako Gobernuaren ordainketa-pasabidearen bitartez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Zergei-dagozkien-konturako-ordainketak?pageBackId=7565891,%20Modelo%20P44), baldin eta zorduntze-kontua pasabide horri atxikitako finantza entitate batekoa bada.
Ordainketa-pasabideari atxikitako finantza entitateen zerrenda hemen kontsultatzen ahal da: https://www.navarra.es/eu/ogasuna/ordaintzeko-egokiak-diren-banku-erakundeak?pageBackId=5792266.
c) Ordainketa-gutunen bidez (710 eredua, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, eta 711 eredua, ondarearen gaineko zerga), Nafarroako Foru Ogasunaren laguntzaile diren finantza entitateetako batean ordaintzeko.
Ordainketa-gutun horiek lortzeko, inprimaki-sortzailera jo beharko da (https://hacienda.navarra.es/GImpresos/start.aspx).
Ezin izanen da ordaindu banku transferentzia bidez.
2. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazio positiboen ondoriozko zerga-zorra 2026ko uztailaren 3ra arte ordainduko da.
Nolanahi ere, ordainketa hori bi zatitan egin daiteke, interes eta errekargurik gabe: lehenbizikoa, zorraren %50, 2026ko uztailaren 3ra arte, eta bigarren zatia, gainerakoa, 2026ko azaroaren 20a arte, biak barne.
Zatika ordaintzeko aukera horretaz baliatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da subjektu pasiboek autolikidazioa aurkeztea 5. artikuluan ezarritako epearen barrenean, eta lehenengo zatiari dagokion ordainketa aurreko paragrafoan aipatu epearen barrenean egitea.
Nolanahi ere, Sozietateen gaineko Zergaren abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, ekintzaile izaera duten enpresaburu eta profesionalek aukera izanen dute, aldez aurretik eskatuta, 2027ko ekainaren 25era arte geroratzeko (egun hori barne) pertsona fisikoen errentaren gaineko 2025eko zergaldiko zergagatik ordaindu beharreko kuotaren zatiaren ordainketa, jarduera ekintzailearen etekin garbiei proportzioan dagokiena, bermerik jarri behar izan gabe eta berandutze-interesik sortu gabe. Halakoetan, geroratzen den kuota zatiak gutxitu eginen du apartatu honen lehen paragrafoak aipatzen duen ordaindu beharreko kuota.
17. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak aurkezteko baldintzak eta prozedura.
1. Baldintza hauek bete behar dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak aurkezteko:
a) Autolikidazioan agertzen diren subjektu pasibo guztiek beren identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZa) eduki eta adierazi beharko dute. Horrez gainera, gutxieneko familiarrengatik kenkari bat aplikatzea eragiten duten pertsona guztien IFZa adierazi beharko da, bai eta, erabaki judizial baten edo notario-eskritura baten ondorioz, ordaintzen diren urteko mantenu-sarien xede diren seme-alaben IFZa ere.
b) Bai aitortzailea, bai haren ezkontidea edo bikotekide egonkorra -baterako aitorpena eginez gero-, beren identifikazio zenbaki pertsonalaren (PINa) bidez autentifikatu beharko dira, edo ziurtagiri elektroniko kualifikatua edo Cl@ve erabiliz, edo Nafarroako Foru Ogasunak autentifikazio digitalerako onartutako beste edozein prozeduraren bidez.
Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira, Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian; Interneteko https://www.navarra.es/eu/ogasuna helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.
c) Halaber, aitortzaileek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak, zeinak Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian ikusgai baitaude, Interneteko https://www.navarra.es/eu/ogasuna helbidean.
2. Hauxe da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak elektronikoki aurkezteko prozedura:
1. Behin aplikazioa irekita, aitortzailea eta, hala badagokio, haren ezkontidea edo bikotekide egonkorra 1. apartatuan aipatutako moduan autentifikatuko dira.
2. Nortasuna autentifikatu ondoren, eskatutako autolikidazioari dagokion informazioa erakutsiko da. Erabiltzaileak nahi izanez gero, informazio hori aldatzen ahalko du, programak erakusten dituen errentez bestelakoak sartu behar baditu.
3. Autolikidazioa bukatutakoan, igorriko du, programak horretarako eskatzen dituen datuak bete eta gero.
4. Autolikidazioa onartzen bada, elektronikoki baliozkotutako F-93 autolikidazioaren kopia bat gorde eta inprimatzen ahalko da, eta bertan aurkezpen data jasoko da.
5. Aurkeztutakoa onartzen ez bada, atzemandako erroreen deskribapena agertuko da pantailan. Kasu horretan, akatsak zuzendu beharko dira eta berriz aurkeztu beharko da.
18. artikulua. Ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak aurkezteko baldintzak eta prozedura.
1. Honako baldintza hauek bete beharko dira ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak aurkezteko:
a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZa) eduki beharko du.
b) Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Foru Ogasunak onartua, gaiari buruzko legeriak ezartzen duen moduan, edo Cl@ve identifikazio elektronikorako sistema, edo bere identifikazio pertsonalerako zenbakia (PINa), Nafarroako Foru Ogasunak emana, nortasuna frogatu ahal izateko.
Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira, Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian; Interneteko https://www.navarra.es/eu/ogasuna helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.
c) Halaber, aurkezleek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak, zeinak Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian ikusgai baitaude, Interneteko https://www.navarra.es/eu/ogasuna helbidean.
2. F-83 ereduaren Internet bidezko aurkezpen elektronikoa egiteko, web formularioa erabiliz, prozedura hau erabiliko da:
1. Ogasunarekiko tramiteen zerbitzura jo, helbide honen bidez: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.
2. Egin nahi den aitorpenaren eredua hautatu (F-83), eta aitorpena aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.
3. Autolikidazioa bukatutakoan, igorri beharko da, programak horretarako eskatzen dituen datuak bete eta gero.
4. Autolikidazioa onartzen bada, sistemak autolikidazioari esleitutako zenbakia jakinaraziko du, eta elektronikoki baliozkotutako F-83 autolikidazioaren kopia bat gorde eta inprimatzen ahalko da, aurkezpen data jasoko duena.
5. Aurkeztutakoa onartzen ez bada, atzemandako erroreen deskribapena agertuko da pantailan. Kasu horretan, akatsak zuzendu beharko dira eta berriz aurkeztu beharko da.
19. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak aurkezteko gaikuntza.
1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak honela aurkezten ahalko dira:
a) Norberaren izenean.
b) Aitortzaileek behar bezala baimendutako pertsonaren bidez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiz. Kasu horretan, ordezkaria ziurtagiri elektroniko kualifikatuaren bidez identifikatu beharko da.
c) Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abuztuaren 8ko 83/2022 Foru Aginduan araututako borondatezko ordezkaritzaren erroldan inskribatutako ordezkari baten bidez.
2. Zendutako pertsonen autolikidazioak aurkeztea.
6. artikuluko b), d) eta e) letretan aurreikusitako kasuetan, zendutako pertsonen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak mortis causa oinordekoek aurkezten ahalko dituzte, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren otsailaren 14ko 19/2025 Foru Aginduan araututako erroldan inskribatuta badaude.
Aipatutako erroldan inskribatutako mortis causa oinordekoek zendutako pertsonen ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak ere aurkezten ahalko dituzte.
Xedapen Gehigarri Bakarra. Kausatzailearen alargunak aurkeztea zendutako pertsonen autolikidazioak.
6.b) artikuluan zehaztutako kasuan, kausatzailearen alargunak aurkezten ahalko ditu zendutako pertsonen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak.
Kausatzailearen alargunak zendutako pertsonen ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak ere aurkezten ahalko ditu.
Kausatzailearen alargunak aurkeztu ahal izateko, beharrezkoa izanen da oinordekoen erroldan inor ez egotea inskribatuta kausatzailearen oinordeko gisa.
Autolikidazioak aurkeztuz gero, ulertuko da alargunak erantzukizunez aitortzen duela ahalmen zibila duela izapidea egiteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
I. ERANSKINA. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZa) inprimakiak. 2025eko zergaldia (F-93 eredua, bete ezin dena)
II. ERANSKINA. Ondarearen gaineko zergaren inprimakia. 2025eko zergaldia (F-83 eredua, bete ezin dena)