(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

10/2026 FORU AGINDUA, OTSAILAREN 9KOA, HEZKUNTZAKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ ARAUTZEN DEN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN BATXILERGOKO TITULUA BESTE IRAKASKUNTZA BATZUETATIK LORTZEKO PROZEDURA, BATXILERGOKO JAKINTZAGAI KOMUNAK GAINDITZEAN

BON N.º 44 - 02/03/2026



ZIOEN AZALPENA

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 47. artikuluan dioenez, hezkuntza administrazioek ikasleei aukera eman behar diete aldi berean egiteko arteetako lanbide ikasketak eta Bigarren Hezkuntzakoak, eta horretarako behar diren neurriak hartzen ahalko dira ikasketen antolaketan.

Batxilergoaren gutxieneko antolamendua eta irakaskuntzak ezartzen dituen apirilaren 5eko 243/2022 Errege Dekretuak, 23. artikuluan, Batxilergoko titulua beste irakaskuntza batzuetatik lortzea arautzen du, eta xedatzen du Batxilergoko titulua lortzen ahalko dutela, Arteen modalitatean, baldin eta Batxilergoko jakintzagai komunak gainditu badituzte eta Arte Plastiko eta Diseinuko teknikariaren titulua badute edo musikako edo dantzako lanbide ikasketak gainditu badituzte, eta, modalitate Orokorrean, baldin eta Batxilergoko jakintzagai komunak gainditu badituzte eta Lanbide Heziketako teknikariaren titulua badute.

Nafarroako Gobernuak, lege organiko horrek ematen dion erantzukizuna bere gain hartuz, beste irakaskuntza batzuetatik Batxilergoko titulua lortzeko aukera ezarri zuen, Nafarroako Foru Komunitateko Batxilergoaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuko 22. artikuluan xedatutakoaren bidez.

Era berean, Hezkuntzako kontseilariak emaniko maiatzaren 10eko 45/2023 Foru Aginduan, Nafarroako Foru Komunitatean batxilergoan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko era arautzen duenenean, 18. artikuluan zehazki, Batxilergoko titulua beste irakaskuntza batzuetatik lortzeari loturiko zenbait alderdi jasotzen dira; besteak beste, ikasleek Batxilergoko titulua lortzeko aukera, Arteen modalitatean, baldin eta Batxilergoko jakintzagai komunak gainditu badituzte eta Arte Plastiko eta Diseinuko teknikariaren titulua badute edo musikako edo dantzako lanbide ikasketak gainditu badituzte, eta, modalitate Orokorrean, baldin eta Batxilergoko jakintzagai komunak gainditu badituzte eta Lanbide Heziketako teknikariaren titulua badute.

Aurreko guztia ikusita, beraz, bidezkoa da arau bidez garatzea Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko titulua beste irakaskuntza batzuetatik lortzeko prozedura, Batxilergoko jakintzagai komunak gainditu diren kasuan betiere, apirilaren 5eko 243/2022 Errege Dekretuan xedatutakoa betetzeko.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Eskola Kontseiluak nahitaezko txostena eman ondoren, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak baliatuta,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru agindu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko titulua beste irakaskuntza batzuetatik lortzeko prozedura arautzea, Batxilergoko jakintzagai komunak gainditu diren kasuan betiere.

2. Foru agindu honetan ezarritakoa Batxilergoko jakintzagai komunak gainditu, eta Lanbide Heziketako teknikariaren titulua edo Arte Plastiko eta Diseinuko teknikariaren titulua duten ikasleei aplikatuko zaie; bai eta Batxilergoko jakintzagai komunak gainditu eta musikako edo dantzako lanbide ikasketak gainditu dituzten ikasleei ere.

2. artikulua. Batxilergoko titulua eskuratu nahi duten ikasleen betekizunak, baldin eta Batxilergoko jakintzagai komunak bakarrik egiteko aukera baliatu nahi badute.

1. Batxilergoko irakaskuntzetan matrikulatutako ikasleek aukera izanen dute irakaskuntza horietako jakintzagai komunak bakarrik egiteko, baldin eta Lanbide Heziketako teknikariaren titulua edo Arte Plastiko eta Diseinuko teknikariaren titulua badute.

2. Era berean, aukera hori baliatzen ahalko dute musikako edo dantzako lanbide ikasketak gainditu dituzten ikasleek edo ikasketa horietako ikastaroren batean matrikulatuta daudenek.

3. artikulua. Batxilergoko jakintzagai komunak bakarrik ikasteko aukerari heltzeko eskabidea.

1. Aukera horri heldu nahi dioten ikasleek edo, adingabeak badira, haien gurasoek edo legezko ordezkariek dagokion eskaera egin beharko dute, ikasketa horiek egin behar dituen ikastetxeko zuzendariari zuzenduta.

2. Eskabideak data eta sinadura izan beharko zaizkio, eta inguruabar hauetako edozein egiaztatzen duen dokumentazioa erantsi beharko zaio:

a) Ikasleak Lanbide Heziketako teknikari titulua duela edo titulu hori jasotzeko tasak ordaindu dituela.

b) Ikasleak Arte Plastikoetako edo Diseinuko teknikari titulua duela edo titulu hori jasotzeko tasak ordaindu dituela.

c) Ikasleak musikako edo dantzako lanbide ikasketak gainditu dituela edo irakaskuntza horietako ikasmailaren batean matrikulatuta dagoela. Lehen kasuan, ikasleak ziurtatu egin beharko du musikako edo dantzako lanbide titulua duela edo titulu hori jasotzeko tasak ordaindu dituela. Musikako edo dantzako lanbide irakaskuntzetako ikasmailaren batean matrikulatuta dauden ikasleen kasuan, berriz, inguruabar hori egiaztatu beharko dute, irakaskuntza horietan matrikulatuta daudela egiaztatzen duten ziurtagirien bidez.

3. Ikasleak aurkeztutako ziurtagiriak espediente akademikoari erantsi beharko zaizkio.

4. Oro har, jakintzagai komunak bakarrik ikasteko aukerari heltzeko eskabidea Batxilergoko edozein ikasturteren hasieran aurkeztu beharko da, foru agindu honen 6. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe. Behin aukera horri helduta, modalitate horretan burutu beharko dute ikasturtea.

4. artikulua. Matrikulazioa.

1. Foru agindu honetako 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikasleek, Batxilergoko jakintzagai komunak bakarrik ikasteko aukerari heltzen badiote, dagokion ikasturteko jakintzagai komunetan matrikulatu beharko dute; lehen mailako ikasgai komunetan, bigarren mailako ikasgai komunetan edo, hala badagokio, lehen mailako gainditu gabeko jakintzagai komunetan eta bigarren mailako jakintzagai komunetan.

2. Jakintzagai komunetako matrikula Batxilergoa ematen duen Nafarroako Foru Komunitateko edozein ikastetxetan egiten ahalko da, ikastetxeak baimenduta dituen modalitateak edozein direla ere.

5. artikulua. Ebaluazioa, mailaz igotzea eta maila berean jarraitzea.

1. Batxilergoko jakintzagai komunak bakarrik egitea aukeratzen duten ikasleei, ebaluazioaren, mailaz igotzearen eta maila berean jarraitzearen ondorioetarako, Hezkuntza kontseilariak emaniko Nafarroako Foru Komunitatean batxilergoan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko era arautzen duen maiatzaren 10eko 45/2023 Foru Aginduan ezarritakoa aplikatuko zaie, foru agindu honen artikuluetan adierazitako salbuespenei kalterik egin gabe.

2. Ikasleek Batxilergoko jakintzagai komunak bakarrik egitea aukeratzen duten unetik aurrera, jakintzagai horiei dagozkien kalifikazioak soilik jaso beharko dira ebaluazio agirietan.

3. Lehen ikasmailaren azken ebaluazio arruntaren saioan, irakasle taldeak lehen ikasmailako jakintzagai komun guzti-guztiak gainditu dituzten ikasleak soilik igoko dituzte bigarren mailara, ez beste inor.

4. Lehen ikasmailaren azken ebaluazio bereziaren saioan, jakintzagai komun guztiak gainditu dituzten ikasleak edo, gehienez, bi jakintzagaitan ebaluazio negatiboa dutenak igoko dira hurrengo mailara, gako gaitasunen bereganatze maila eta garapen maila edozein direla ere.

5. Jakintzagai komun guztiak gainditu gabe bigarren mailara igotzen diren ikasleek lehen mailan gainditu ez dituzten jakintzagai komunetan ere matrikulatu beharko dute, gainditu gabeko jakintzagai komuntzat joko baitira.

6. Bigarren mailara igotzeko aurrez aipatu diren baldintzak betetzen ez direnean, ikasleak beste urte bat emanen du lehen mailan, eta berriz matrikulatuko da ikasmaila horretako jakintzagai komun guztietan.

7. Ikasleek maila bera behar adina aldiz egiten ahalko dute, mailaz igotzeko eta/edo titulatzeko baldintzak aplikatuz, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 10eko foru agindu honen 3. artikuluan xedatutakoa errespetatuz, betiere.

8. Bigarren ikasturtea burutzean, Batxilergoko jakintzagai komun guztiak gainditu ez dituzten eta, horrenbestez, titulua lortzeko proposatu ez diren ikasleek aukera izanen dute kalifikazio negatiboko jakintzagai komunetan matrikulatzeko, gainditutako jakintzagaiak berriro egin behar izanik gabe, etapa honetarako ezarritako iraupena errespetatuz, betiere. Nolanahi ere, eta Batxilergoko bigarren mailan urtebete gehiago egoteari dagokionez, Hezkuntza kontseilariaren maiatzaren 10eko 45/2023 Foru Aginduaren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoa beteko da, kontuan hartuta artikulu horretan Batxilergoko jakintzagaiei buruz egiten diren aipamen guztiak etapa horretako jakintzagai komuntzat hartu beharko direla.

6. artikulua. Batxilergoko modalitate batetik jakintzagai komunak bakarrik egiteko aukerara aldatzea.

1. Batxilergoko ikasketak modalitate batean hasi eta gerora jakintzagai komunak bakarrik egitera igaro nahi badute, ikasleek aldaketa hori eskatzen ahalko dute, etapa horretako bi ikasturteetako edozeinetan, foru lege honen 2. Artikuluan ezarritako betekizunak betetzen badituzte.

2. Ohiko moduan, aldaketa ikasturte berri bat hastean eginen da, eta ikasleak jakintzagai komunetan bakarrik matrikulatu beharko du. Edonola ere, irakasle taldeak aurreko ikasturtean mailaz igotzeari edo errepikatu beharrari buruz hartutako erabakia aplikatuko da, betiere. Horretarako, dagokion eskabidea aurkeztu beharko da, foru agindu honetako 3. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan xedatutako baldintzak betez.

3. Salbuespen gisa, aldaketa aukera hori gauzatu nahi den ikasturteko apirilaren 30era arte egiten ahalko da. Horretarako, dagokion eskabidea aurkeztu beharko da, foru agindu honetako 3. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan xedatutako baldintzak betez. Une horretatik aurrera, ikasleek alde batera utziko dituzte komunak ez diren jakintzagaiak, eta, beraz, ez dira jakintzagai horietako eskoletara joanen.

4. Edozein kasutan, aldaketa egin ondoren, ikasleek jakintzagai komunak bakarrik ikasteko aukeran burutu beharko dute ikasturtea.

7. artikulua. Batxilergoko titulua beste irakaskuntza batzuetatik lortzea, Batxilergoko jakintzagai komunak gaindituz.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Batxilergoaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 29ko 72/2022 Foru Dekretuaren 22. artikuluaren arabera, ikasleek beste irakaskuntza batzuetatik lortzen ahalko dute Batxilergoko titulua, Batxilergoko jakintzagai komunak gaindituz gero.

2. Aurreko apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako, ondoren adierazitako ikasleek lortzen ahalko dute Batxilergoko titulua, Batxilergoko jakintzagai komunak gainditzean:

a) Lanbide Heziketako teknikari titulua dutenek edo titulu hori jasotzeko tasak ordaindu dituztenek. Ikasle horiek modalitate Orokorrean lortuko dute titulua.

b) Arte Plastikoetako edo Diseinuko teknikari titulua dutenek edo titulu hori jasotzeko tasak ordaindu dituztenak. Ikasle horiek Arteen modalitate lortuko dute titulua.

c) Musikako edo Dantzako lanbide titulua dutenek edo titulu hori jasotzeko tasak ordaindu dituztenek. Ikasle horiek Arteen modalitate lortuko dute titulua.

3. Hezkuntza kontseilariak maiatzaren 10ean emaniko 45/2023 Foru Aginduarekin bat etorriz, Batxilergoko titulua lortzeko proposatutako ikasle orok idatziz jasota eduki beharko du, hala eskatzen duen ebaluazio dokumentu bakoitzean, etapako gako gaitasun bakoitzean bereganatze eta garapen maila nahikoa lortu duela, foru agindu honen 11. artikuluan aipatutako kategorien arabera.

4. Foru agindu honen 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, Batxilergoko modalitate batetik jakintzagai komunak bakarrik egiteko aukerara aldatzen diren ikasleen kasuan, aldaketaren egunera arte egindako jakintzagai ez-komunen kalifikazioak ez dira kontuan hartuko artikulu honen 7. apartatuan aipatzen den Batxilergoko tituluaren nota kalkulatzeko.

5. Batxilergoko jakintzagai komun guztiak gaindituta ez dituzten ikasleak ez dira inolaz ere Batxilergoko titulua lortzeko proposatzen ahalko, eta ez zaie aplikatzen ahalko Hezkuntza kontseilariaren maiatzaren 10eko 45/2023 Foru Aginduaren 15.6 artikuluan ezarritakoa, gainditu gabeko jakintzagai komun bat izanez gero proposamen hori egiteko aukerari buruzkoa.

6. Titulua lortzeko, honako hauek bakarrik proposatzen ahalko dira: bigarren ikasmailaren hondarrean jakintzagai komun guztiak gainditu dituzten eta Lanbide Heziketako teknikari titulua, Arte Plastiko eta Diseinuko teknikari titulua edo Musikako edo Dantzako lanbide titulua duten ikasleak, edo titulu horietako edozein emateko tasak ordaindu dituztenak.

7. Ikasle horien Batxilergoko tituluan ageri den nota haztapen hauen arteko batuketa eginez lortuko da:

a) Batxilergoko jakintzagai komunetan lortutako kalifikazioen batez bestekoaren %60.

b) Titulua lortzeko erabiltzen diren ikasketetan lortutako batez besteko notaren %40, irakaskuntza horiek antolatzeko araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kalkulatuta.

8. Titulua eskuratzeko behar diren baldintzak benetan betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa, ikasleak eman beharrekoa, ikaslearen espediente akademikoari erantsi beharko zaio.

8. artikulua. Unibertsitatera sartzeko proba.

Foru agindu honetan ezarritakoaren arabera batxilergoko titulua lortzen duten ikasleek graduko unibertsitate ikasketa ofizialetarako sarrera proba egin ahalko dute, indarra duen araudian ezarritako baldintzekin.

9. artikulua. Jakintzagai komunak bakarrik egiteko aukeratik Batxilergoko edozein modalitate egiteko aukerara aldatzea.

1. Jakintzagai komunak bakarrik ikasten ari direla, aukera hori bertan behera uztea eta Batxilergoko edozein modalitate edo, hala badagokio, bide egiteko aukerari heltzea aukeratzen duten ikasleek, oro har, ikastetxeko zuzendariari eskatu beharko diote aldaketa hori, ikasturte berriko matrikula egitean, eta, nolanahi ere, irakasle taldeak aurreko ikasturtean hartutako erabakia aplikatu beharko da, mailaz igotzeari edo maila errepikatzeari dagokionez. Adingabeko ikasleen kasuan, eskaera beren gurasoen edo legezko ordezkariek egin beharko dute.

2. Salbuespenez, eta denbora epe horren osagarri gisa, ikasleek aukera horri heltzen ahalko diote, gehienez ere urriaren 15era arte, betiere, aldaketa horren ondorioz ez bada gorabeherarik sortzen Hezkuntza Departamentuak ikasturterako aurrez ezarritako hezkuntza plangintzan.

3. Ondorio guztietarako, aldaketa hori modalitate edo bide aldaketa gisa ulertu beharko da, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 10eko 45/2023 Foru Aginduaren 17. artikuluan xedatutakoaren arabera.

4. Edozein kasutan, behin aldaketa eginda, ikasleek hautatu duten modalitatean edo, hala badagokio, hautatu duten bidean burutu beharko dute ikasturtea.

Lehenengo xedapen gehigarria. Ikasleen baimen eskaera, ikastetxean egoteko, jakintzagai komunak ematen ez diren eskola aldietan.

1. Foru agindu honetan ezarritakoa aplikatuta Batxilergoko jakintzagai komunak bakarrik egiten ari diren ikasleek aukera izanen dute ikastetxean egoteko, jakintzagai komunak ematen ez diren eskola aldietan.

2. Horretarako, aukera hori baliatu nahi duten ikasleek edo, adingabeak badira, beren gurasoek edo legezko ordezkariek berariaz eskatu beharko diote ikastetxeko zuzendariari.

3. Ikastetxeko ikasketa buruari dagokio espazio egokiak prestatzea jakintzagai komunak ematen ez diren eskola aldietan ikastetxean egotea aurrez eta berariaz eskatu duten ikasleei, bai eta ikasle horiei arreta emateko prozedura egokiak ezartzea ere.

Bigarren xedapen gehigarria. Musikako edo dantzako lanbide ikasketak gerora, Batxilergoko jakintzagai komunak gainditu ondoren, gainditzen dituzten ikasleak.

1. Beste irakaskuntza batzuetatik batxilergoko titulua lortzeko aukerari helduta, musikako edo dantzako lanbide ikasketak gainditu ez dituzten ikasleek, eta, beraz, titulurako proposatu ezin izan direnek, gerora lortzen ahalko dute titulua, Arteen modalitatean, xedapen honetan jasotakoa kontuan hartuta.

2. Ikasleek edo, adingabeak badira, beren gurasoek edo legezko ordezkariek Batxilergoko ikasketak burutu zituzten ikastetxera joan beharko dute titulua eman diezaieten eskatzeko. Eskaerarekin batera, interesdunek ziurtatu egin beharko dute badutela musikako edo dantzako lanbide titulua, edo titulu hori jasotzeko tasak ordaindu dituztela.

3. Ikastetxeak, behin baldintza guztiak betetzen direla egiaztatzen duenean -Batxilergoko jakintzagai komunak gainditzea eta dagokion titulua izatea edo tasak ordaindu izatea-, Batxilergoko Arteen modalitateko titulua emateko proposamena egin beharko du, eta proposamen horretan adieraziko du tituluaren nota, foru agindu honen 7.7 artikuluan ezarritakoaren arabera kalkulatuta. Inguruabar hori idatziz jasoko da bai ikaslearen espediente akademikoan bai historia akademikoan, behar bezala eguneratzeko. Era berean, ikasleak aurkeztutako ziurtagiriak espediente akademikoari erantsi beharko zaizkio.

Hirugarren xedapen gehigarria. Batxilergoko titulua lortzeko proposatuak izan ez arren, Batxilergoko jakintzagai komunak gainditzean beste irakaskuntza batzuetatik titulua eskuratu nahi duten ikasleak.

1. Ikasketak edozein modalitatetan edo, hala badagokio, bidetan egin ondoren Batxilergoko titulua lortzeko proposatuak izan ez diren ikasleek aukera izanen dute titulu hori beste irakaskuntza batzuetatik eskuratzeko, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Batxilergoko jakintzagai komun guztiak gainditu izatea.

b) Lanbide Heziketako teknikariaren titulua, Arte Plastiko eta Diseinuko teknikariaren titulua edo Musikako edo Dantzako lanbide titulua izatea, edo titulu horietako edozein jasotzeko tasak ordaindu izatea.

2. Aurreko apartatuan ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikasleek Batxilergoko titulua lortuko dute, honako modalitate hauetan:

a) Lanbide Heziketako teknikari titulua dutenek edo titulu hori jasotzeko tasak ordaindu dituztenek, Batxilergoko modalitate Orokorrean.

b) Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikari titulua dutenek edo titulu hori jasotzeko tasak ordaindu dituztenek, Batxilergoko Arteen modalitatean.

c) Musikako edo Dantzako lanbide titulua dutenek edo titulu hori jasotzeko tasak ordaindu dituztenek, Batxilergoko Arteen modalitatean.

3. Ikasleek edo, adingabeak badira, beren gurasoek edo legezko ordezkariek Batxilergoko ikasketak burutu zituzten ikastetxera joan beharko dute, kasuan kasuan dagokien titulua eman diezaieten eskatzeko. Eskabidearekin batera, interesdunek egiaztatu beharko dute xedapen honen 1. apartatuan ezarritako baldintzak benetan betetzen dituztela.

4. Ikastetxeak, behin baldintza guztiak betetzen direla egiaztatzen duenean -Batxilergoko jakintzagai komunak gainditzea eta dagokion titulua izatea edo tasak ordaindu izatea-, Batxilergoko titulua emateko proposamena egin beharko du, dagokion modalitatean, eta proposamen horretan adieraziko du tituluaren nota, foru agindu honen 7.7 artikuluan ezarritakoaren arabera kalkulatuta. Inguruabar hori idatziz jasoko da bai ikaslearen espediente akademikoan bai historia akademikoan, behar bezala eguneratzeko. Era berean, ikasleak aurkeztutako ziurtagiriak espediente akademikoari erantsi beharko zaizkio.

Laugarren xedapen gehigarria. Ohorezko aipamena eta ohorezko matrikula Batxilergoko jakintzagai komunetan.

Foru agindu honen aplikazio eremuan jasotako ikasleei menturaz emanen zaizkien ohorezko aipamen eta matrikulei dagokienez, Hezkuntza kontseilariaren maiatzaren 10eko 45/2023 Foru Aginduaren 19. artikuluan xedatutakoa beteko da.

Bosgarren xedapen gehigarria. Ikastetxeen aholkularitza.

Ikastetxeetako zuzendaritza taldeek bermatuko dute informazio eta aholkularitza egokia emanen dietela ikasleei eta, adingabeak izanez gero, haien gurasoei edo legezko ordezkariei, foru agindu honetan xedatutako guztiari buruz.

Seigarren xedapen gehigarria. Informazio eskuragarri eta ulergarria.

Ikastetxeek foru agindu honetan jasotakoari dagokionez familiei eta ikasleei helarazten dieten informazio edo komunikazio oro modu argi eta ulergarrian aurkeztu beharko da, kasu bakoitzean behar diren irisgarritasun unibertsaleko neurriak bermatuz.

Seigarren xedapen gehigarria. Helduen Hezkuntza.

Foru agindu honetan araututakoa aplikatuko zaie aginduaren xede diren ikasketetan Helduen Hezkuntzan diharduten ikasleei ere, alde batera utzi gabe haien egoera berezietara eta Hezkuntza Departamentuak xedatutakora egokitu beharra, hala nola horri buruz ematen diren jarraibideak.

Zortzigarren xedapen gehigarria. Berezitasunak.

Foru agindu honen xedeari eta aplikazioari loturiko alderdien edozein berezitasun, arauan jasoa ez bada, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eta Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak ebatziko dute, elkarrekin.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indargabetu egin dira foru agindu honetan ezarritakoaren aurkako maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena. Aldaketa, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 10eko 45/2023 Foru Aginduan. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko era arautzen da.

1. Aipatutako foru aginduaren 9. artikuluko 6. apartatua aldatu da (Banako desberdintasunei arreta jartzea). Testu hau izanen du:

"6. Era berean, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek, etapako ikasturte bat edo biak egiteko, bakoitzaren matrikula bi jakintzagai bloketan zatitzen ahalko dute, eta horiek urte akademiko desberdinetan eginen dituzte. Neurri hau, halaber, behar bezala frogatutako osasun arazo larriak dituzten ikasleei aplikatzen ahal zaie. Etapan jarraitzeari dagokionez, ikasmaila bat, bi urte akademikotan zatitu arren, etapan emandako urte bakartzat hartuko da. Jarraitu beharreko prozedurak honako hauek bete beharko ditu:

a) Neurri horri heldu nahi dioten ikasleek edo, adingabeak badira, haien gurasoek edo legezko ordezkariek ikastetxeko zuzendaritzari eskatu beharko diote, dagozkion osasun agiriak erantsita, osasun arazo larrien kasu guztietan.

b) Ikastetxeko zuzendariak dagokion proposamena bidali beharko dio Ikasketak Antolatzeko Atalari, neurri hori hartzeko arrazoia justifikatuz.

c) Zuzendaritza nagusi eskudunak ebatziko du, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak egindako txostenari jarraituz. Txosten hori Hezkuntzako Departamentuko Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzuak eta Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak aurkeztutako txostenetan oinarrituko da."

2. Aipatutako foru aginduaren 14. artikuluko 2. eta 3. apartatua aldatzen dira (Batxilergoko irakasgaien arteko jarraitasuna). Testu hau izanen dute:

"2. Hala ere, modalitate edo bide beraren barruan, ikasleak bigarren mailako jakintzagaian matrikulatzen ahalko dira lehen mailako jakintzagaia egin gabe, baldin eta jakintzagaia ematen duten irakasleek uste badute bigarren mailako jakintzagaia probetxuz jarraitu ahal izateko beharrezko baldintzak betetzen dituztela, koordinazio didaktikoko dagokion departamentuak ezartzen dituen jarraibideen arabera. Horretarako, departamentuek diseinatutako maila probak barne hartzen ahalko dira. Era berean, aukera hori gauzatu ahal izateko, bermatuta geratu beharko da aplikatzekoa zaion Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 26ko 67/2022 Foru Aginduaren eranskinean xedatutakoa betetzen dela, inola ere ezin izan dadin murriztu modalitate espazioaren eta hautagarritasun espazioaren barruan egin beharreko jakintzagaien kopurua.

3. Ikasleak matrikulatu aurretik, dagokion didaktika departamentuko buruak ikaslearen eskaera baietsi edo ezetsiko duen adierazten duen txosten bat egin beharko du. Txosten hori egindakoan, honako aukera hauek izanen dira:

a) Txostena aldekoa bada, ikasleak aukera izanen du bigarren ikasmailako jakintzagaian matrikulatzeko, lehen ikasturtekoa eta, beraz, hartan matrikulatzeko beharrik gabe, betiere ziurtatuta geratzen bada bete egiten duela Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 26ko 67/2022 Foru Aginduaren eranskinean xedatutakotik dagokiona betetzen dela, inola ere ezin izan dadin murriztu modalitate espazioaren eta hautagarritasun espazioaren barruan egin beharreko jakintzagaien kopurua.

b) Txostena ezestekoa bada, ikasleak bi aukera izanen ditu: ez egitea erabaki, eta, ondorioz, dagokion bigarren mailako jakintzagaian matrikulatzeko aukera baztertu, edo egin, gainditu gabeko jakintzagai gisa. Hala ere, horrek ez ditu bigarren mailara igotzeko baldintzak aldatuko. Ikasleak irakasgaia egitea erabakitzen badu, horren azken kalifikazioa lehen mailako gainditu gabekoen ebaluazio arrunteko aktan agertu beharko da. Azken kalifikazio hori negatiboa bada, ikasleak gainditu gabekoen aparteko deialdira aurkeztu beharko du, eta lortutako kalifikazioa gainditu gabekoen ebaluazio bereziaren aktan agertuko da. Azken kalifikazio hori kontuan hartuko da Batxilergoko batez besteko nota kalkulatzeko."

3. Ezabatu egiten da foru agindu horren 17. artikuluko 6. apartatua (Modalitatea edo bidea aldatzea).

4. Apartatu bat gehitzen zaio 17. artikuluari (Modalitatea edo bidea aldatzea), 8. apartatua. Testu hau izanen du:

"8. Artikulu honetan xedatutakoa foru agindu honetako 18. artikuluan aipatzen diren ikasleei ere aplikatuko zaie, baldin eta, jakintzagai komunak bakarrik ikasten ari direla, aukera hori bertan behera uzten badute eta Batxilergoko edozein modalitateri edo,hala badagokio edozein bideri heltzea aukeratzen badute."

Azken xedapenetako bigarrena. Indarrean sartzea.

Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web