9/2026 FORU DEKRETUA, OTSAILAREN 11KOA, ZEINAREN BIDEZ ARAUTZEN BAITIRA NAFARROAKO TOKI ENTITATEEK EMATEN DITUZTEN ZERBITZUEN BENETAKO KOSTUA KALKULATZEKO BETEBEHARRA ETA INFORMAZIOA EMATEKO EPEAK
BON N.º 40 - 24/02/2026
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
II. KAPITULUA. BENETAKO KOSTUA KALKULATZEKO PRINTZIPIOAK ETA JARRAIBIDEAK
III. KAPITULUA. PUBLIZITATEA
Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, 116 ter artikuluan, zeina Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Jasangarritasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak erantsi baitzuen, oinarrizko zenbait irizpide jasotzen ditu toki entitateek ematen dituzten zerbitzuen benetako kostua kalkulatzeko.
Irizpide horietan aipatzen da zein den neurri horren aplikazio eremu objektiboa, zein informazio iturri hartuko den oinarri gisa kalkulua egiteko eta zer publizitate egin behar zaion kalkuluari, tokiko kudeaketa publikoan efizientziaren eta gardentasunaren printzipioak betetzeko xedean sakontze aldera.
Hori horrela, manu horrek xedatzen duenez, toki entitate guztiek, ematen dituzten zerbitzu guzti-guztiei dagokienez, urte bakoitzeko azaroaren 1a baino lehen kalkulatu beharko dute bakoitzaren benetako kostua. Horretarako, informazio iturri gisa hartu beharko da aurre-aurreko ekitaldiko aurrekontu orokorraren likidazioa eta, hala badagokio, lotutako edo mendeko entitateen urteko kontu onetsienak.
Bestetik, Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Jasangarritasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legearen bigarren xedapen gehigarriak esaten du, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 116 ter artikuluak xedatzen duenarekin bat, ezen Nafarroako Foru Komunitateak, batetik, Nafarroako toki entitateek ematen dituzten zerbitzuen benetako kostua kalkulatzeko irizpideak garatuko dituela eta, bestetik, kostu horren berri jasoko duela.
Ondorioz, beharrezkoa da foru dekretu hau onestea, apirilaren 2ko 7/1985 Legean ezarritako agindua betetzeko, arautegi sistematiko bat ezarrita. Sei artikuluk, xedapen iragankor batek eta bi azken xedapenek osatzen dute.
Foru dekretu honek gaikuntza ematen dio toki administrazioaren arloko eskumena duen departamentuaren titularrari behar diren xedapen guztiak eman ditzan, bertan ezarritakoa garatu eta gauzatzeko.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutakoarekin bat, foru dekretu honen proiektua prestatzean kontuan hartu dira artikulu horretan jasotzen diren erregulazio onerako printzipioak. Zehazki, beharrarena eta eraginkortasunarena, proportzionaltasunarena, segurtasun juridikoarena, bai eta gardentasunarena eta efizientziarena ere.
Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren irizpenaren arabera, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita seiko otsailaren hamaikako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
Foru dekretu honen xedea da arautzea nola kalkulatu behar den Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateek ematen dituzten zerbitzuen benetako kostua eta zein diren informazioa emateko epeak. Izan ere, garatzen du Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 116 ter artikuluan ezarritakoa eta Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Jasangarritasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legearen bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa.
2. artikulua. Aplikazio eremua.
Nafarroako toki entitateek kalkulatu egin beharko dute, foru dekretu honetan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoaren arabera, ematen dituzten zerbitzu guztien benetako kostua -zuzenean ematen dituztenena zein lotutako edo mendeko entitate eta erakundeen bidez ematen dituztenena-, bat etorrita Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean ezarritakoarekin.
II. KAPITULUA. BENETAKO KOSTUA KALKULATZEKO PRINTZIPIOAK ETA JARRAIBIDEAK
3. artikulua. Zerbitzuen benetako kostua kalkulatzea.
Arau hau aplikatzekoa zaien entitateek ematen dituzten zerbitzuen benetako kostua kalkulatzeko, haietako bakoitzarentzat, aplikatu beharko dira foru dekretu honetan eta hura garatzeko araudian jasotako irizpideak. Kostu hori bi osagai hauek batuta aterako da: zerbitzuen zuzeneko kostuak, zerbitzu bati soilik lotuak, eta zerbitzuen zeharkako kostuak, ezin direnak zerbitzu jakin batekin identifikatu eta, beraz, banaketa-gako bat behar dutenak zerbitzuei egozteko.
4. artikulua. Zerbitzuen sailkapena.
Zerbitzuak honela sailkatuko dira:
a) Zerbitzu ez-finalistak: Zerbitzu finalistak emateko behar diren zerbitzu lagungarriak. Entitatearen funtzionamendurako ezinbesteko sostengua dira. Bi mota daude: zerbitzu osagarriak eta zerbitzu orokor edo zeharkakoak.
a.1) Zerbitzu osagarriak: entitateko beste zerbitzu batzuei laguntzeko zereginak betetzen dituzte eta, kostuaren eraketari berehala eragiten ez badiote ere, beharrezkotzat jotzen dira zerbitzuak behar bezala betetzeko.
a.2) Zerbitzu orokor edo zeharkakoak: entitatearen zuzendaritza orokorrarekin eta antolaketarekin loturikoak dira. Entitateen teknoegiturako gastuak dira, entitatearen funtzionamendua ahalbidetzen duten jarduera administratiboak edo orokorrak egiten baitituzte. Zerbitzu horren kostu osoa banatu beharko da zerbitzu finalista barne-hartzaileen eta jarduerarik gabeko zerbitzuen artean, zeharkako kostuen kontzeptu gisa.
b) Zerbitzu finalistak: xede jakin bat dute, eta guztien artean entitatearen prestazioen katalogoa osatzen dute. Bi mota daude: barne-hartzaileak eta ez direnak barne-hartzaileak.
b.1) Zerbitzu finalista barne-hartzaileak: Zeharkako kostuak barne hartzen dituzte.
b.2) Barne-hartzaileak ez diren zerbitzu finalistak: Ez dute zeharkako kosturik barne hartzen, lan-karga txikia ekartzen dietelako, edo batere ez, zerbitzu orokor edo zeharkakoei.
5. artikulua. Zerbitzuaren benetako kostua kalkulatzeko metodoa.
Zerbitzuen benetako kostua, betebeharra duten entitateek ematen dituzten zerbitzuetako bakoitzarena, kostu-kontzeptu hauek gehituta zehazten da:
a) Zerbitzuaren kostu operatiboa: zerbitzua operatiboa izateko behar diren kostuak biltzen ditu. Atal honetan sartzen dira:
a.1) Zerbitzuko langile operatiboen kostuak.
a.2) Zerbitzuaren kostu arruntak.
a.3) Zerbitzuaren amortizazio kostuak.
b) Zerbitzuko administrazio eta kudeaketa jardueren kostuak: Zerbitzuari dagozkion zuzendaritza, kudeaketa eta laguntza zereginak betetzen dituzten langileen gastuak.
c) Zerbitzuaren zeharkako kostua: zerbitzu orokor edo zeharkakoen kostutik egozten zaion ehunekoa.
Zerbitzuaren kostu funtzionala honela definitzen da: zerbitzuaren kostu operatiboaren eta zerbitzuko administrazio eta kudeaketa jardueren kostuen batura.
Zerbitzuaren kostu osoa honela definitzen da: zerbitzuaren kostu funtzionalaren eta zerbitzuaren zeharkako kostuaren batura.
III. KAPITULUA. PUBLIZITATEA
6. artikulua. Informazioa ematea eta publizitatea.
1. Nafarroako toki entitateek, urtero, azaroaren 1a baino lehen, ematen dituzten zerbitzu guzti-guztien benetako kostuari buruzko informazioa igorriko dute, bakoitzarena zehaztuz, foru dekretu honetan eta hura garatzeko araudian ezarritakoaren arabera.
2. Informazioa igortzeko betebeharrak betetzeko, bitarteko elektronikoak eta informazio sistemak erabiliko dira, toki administrazioaren arloko eskumena duen departamentuko zuzendaritza nagusiak gaitzen eta ezartzen dituenak, ohar teknikoen bitartez. Horretarako, benetako kostuaren espedienteak elektronikoki igortzeko behar diren mekanismoak gaituko dira.
3. Jasotako informazioan oinarrituta, Nafarroako Gobernuak bere web-atarian argitaratuko du, urtero, abenduaren 1a baino lehen, Nafarroako toki entitateek eta haiei atxikitako partzuergoek ematen dituzten zerbitzuen benetako kostua.
Xedapen iragankor bakarra. Benetako kostua argitaratzea.
Lehenbiziko informazio igorpena, zeina 6. artikuluaren arabera egin beharko baitute betebeharra duten entitateek, 2026ko ekitaldiari buruzkoa izanen da eta 2027ko azaroaren 1a baino lehen egin behar da.
Azken xedapenetako lehena. Arauak emateko gaikuntza.
Toki administrazioaren arloko eskumena duen departamentuaren titularrari gaikuntza ematen zaio behar diren xedapen guztiak eman ditzan, foru dekretu honetan ezarritakoa garatu eta gauzatzeko, bereziki, benetako kostua kalkulatzeko irizpideak eta metodologia finkatzearekin loturikoak.
Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.
Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.